Orain hamar urte lehendabiziko ipuin bilduma argitaratu nuenean "hondartzarako moduko liburua" idatzi nuela esatea bururatu zitzaidan. Ez nuen definitzeko era egokiagorik aurkitu. Ez nuen esan nahi horrekin nire ustez txarra zenik edo inoren atentziorik merezi ez zuenik. Errazkerian idatzitakoa zenik ere ez. Hondartzan neuk irakurtzen dudan eran irakurtzeko aproposa iruditzen zitzaidala, besterik ez. Hamar urte geroago hondartzarako liburuen bila joan naiz zenbait editore, idazle eta kazetarirengana. Eta gauza bat argi dago: oraindik ez dago ondo ikusia liburu bat hondartzarako modukoa dela esatea.
Arazoa, berez, ez dago hondartzan. Beno, hondartzan ere bai, gehienek erantzun baitidate hondartza ez dela oso toki egokia irakurtzeko. Batetik, jende gehiegi, umeak jolasean, hondarra eta bustitzeko arriskua dituelako berarekin, eta bestetik, irakurtzeko postura erosoa aurkitzea nekeza delako. Baina arazo nagusia hondartzarako liburuak beharko lukeen ezaugarrietako batek sortzen du: arintasunak. Arina beharko bailuke, izatekotan, hondartzarako liburuak. Horretan, gehienak ados.
ZENBAT BURU HAINBAT ABURU.
«Euskaldunon Egunkaria»n literaturaz arduratzen den Juan Luis Zabalak oso garbi dauka zer den hondartzarako liburu bat: "Ahalegin handirik gabe irakur litekeen hura, arina, bigarren irakurraldirik eskatzen ez duena eta segituan ulertzen dena". Nahiz, bere ustez, hondartzan ere era guztietako irakurketak egin litezkeen. Badu gutxiespen zentzu bat, azken urteotan dena nahastu egin delako. "Badago aurreiritzi bat liburu arinen kontra, eta bestalde, arintasuna, gaur egun era guztietako idazleek erreibindikatzen dute". Juan Luis Zabalaren iritziz, literatura denbora pasa hartzen duen jendea ere behar da eta bada. "Nik nahiago nuke literatura arin asko egotea euskaraz ere eta irakurleak hondartzarako liburuak ere euskaraz irakurtzea". Arina, bide batez, ez da ulertu behar pisu gutxikoa bezala, askotan arinena izaten baita mardulena: "Zenbat eta luzeagoa, liburuan sartu eta segitzea are errazagoa; hasteak berez ematen duen alferkeria errazago gainditzen da". Horregatik iruditzen zaio errazagoa nobela arinak topatzea, adibidez, ipuin arinak baino.
Alberdaniako Inazio Mujika Iraolak, berriz, egokiago ikusten ditu hondartzarako ipuin liburuak edo nobela laburrak, poliziakoak, adibidez. Eta arin-sakon edo beste edozein sailkapenen gainetik beti egongo dira "buruhauste handirik nahi ez duten irakurleak eta bestelakoak". Hori bai, esan beharrik ere ez irakurgai arinak ere ona behar duela izan. "Ez zara apropos liburu txar bat aukeratzera joango. Hasi eta txarra izatea beste gauza bat da, arintasunarekin zerikusirik ez duena".
Susako Gorka Arresek arin erantzun dit: "Liburuak ez dira inorako, ez hondartzarako, ez mendirako. Nik ez dut irakurtzen hondartzan eta ez nioke inori gomendatuko hondartzan irakurtzea. Hondartzarako toalla da". Liburuak sailkatzearen kontrakoa da bera. Asmo komertzialak besterik ez ditu ikusten sailkapen horien atzean eta ez dago liburu erraz edo zailik, arin edo astunik. "Liburu guztiek atentzio berezia merezi dute".
Txalapartako Gari Berasaluzeren iritziz ere ez dago hondartzarako libururik "mesanotxeko libururik ez dagoen bezala. Norberaren gustuak erabakitzen du liburu bat edo beste hautatzea, ez tokiak". Halere, aitorpen bat: bai, orain eramaten du liburua hondartzara. "Garai batean ez; oso maniatikoa nintzen; liburu-objektua oso gogoko nuen", dio Berasaluzek. Eta gogoratzen da behin "Babilonia" lagun bati utzi eta hondarrez josita itzuli zionean, zer nolako amorrazioa hartu zuen. Gaur egun irakurtzen du hondartzan ere, antioju beltz eta guzti «oso inkomodoa egiten zaion arren". Azkeneko etzanaldian nobela oso bat irakurri zuen, hasi eta buka. Baina hura ez zuen hondartzarako aukeratu, irakurri egin behar zuelako eraman zuen hondartzara.
Iñaki Aldekoak, Ereingoak, literaturzale amorratu eta irakurle arruntaren arteko bereizketa egiten du. Bere ustez, literaturzaleak aurkitzen den egoeraren arabera, beti edukiko du liburu bat harako. "Nik adibidez, hondartzarako gutun liburuak, elkarrizketa-liburuak, kronikak aukeratzen ditut". Irakurtzea entretenimentu bezala bakarrik bizi duenak ondo daki nora doan hondartzara doanean "eta irakurketa eten eta atzera berriro txertatzeko arazorik ekarriko ez dion liburua aukeratuko du: nahikoa erraza, narrazio lineala, gogoeta handirik gabea, sakontasun gehiegirik gabea". Halere, konbentzitua dago "hondartzarako liburua" definizioak baduela zentzu gutxieslea: "Banidade intelektualetik sortutakoa dela uste dut, kultura hierarkizatzetik datorrena". Berari bere lanen bat hala izendatzea, hondartzarako lan bezala sailkatzea, zoragarria irudituko litzaioke gaur egun, «eta nori ez?". Aldekoak ordea, susmo bat agertzen du amaitzeko: "Halere, uda aldean euskal liburuak desagertu egiten dira, ezta? Hondartzaraino ez dakit iristen ote diren".
LIBURU ARINAK.
Hondartzak dituen eragozpen guztien gainetik, hondartzan ere irakurtzen du Felipe Juaristik, «El Diario Vasco»n liburuen iruzkinak egiten dituen idazleak. "Trapezio batean zintzilik ere irakurri egingo nuke", aitortzen du Juaristik. Eta hondartzan zein egoeratan irakurtzen den kontuan izanda nahiago ditu hondartzarako liburu "arinak, konzentrazio handirik eskatzen ez dutenak, akzioa dutenak, dialogo askokoak, halabeharrez irakurtzeari tarteka utzi arren, gero jarraitzeko errazak direnak". Erraz hitzean geratu da «hondartzarako liburu»etatik abiatuta: "Errazak ematen duten liburuak dira, erraz idatzita daudela ematen dutenak; eman esan dut, ez erraz idatzitakoak". Gero eta aukera gehiago dagoela uste du literatura arin eta kalitate onekotik. Eta jakina, horiek edozein tokitan irakurtzeko modukoak omen dira, hondartzaz gain.
Konzentrazio hitza Elkarlaneaneko Xabier Mendigurenek ere erabili du «hondartzarako liburu»ek zer definitzen duten esaterakoan: "Irakurtzeko orduan konzentrazio maila txikiagoa eskatzen dutenak dira, arinagoak, eta hori berez ona da". Bere ustez «hondartzarako liburuak» eta ez direnak, denak osagarriak dira. Definitzeko era bera "hondartzarakoa, etiketa gutxieslea da, batetik, eta kontrakoa, bestetik, etiketa komertzial bezala ere erabiltzen delako. Bi aldeak ditu, beraz". Baikorra da bera, gero eta aukera gehiago dagoela ikusten duen aldetik. "Orain gutxi entzuten nion idazle bati euskaraz kontsumoko literatura gehiegi eta sakon gutxiegi dagoela; beste askori entzuten diet literatura aspergarriegia dela euskarazkoa, eta bestetik, gutxiegi dagoela, eta denek dute arrazoi: norberaren gustuko gutxiegi izaten da beti". Editore bezala bi eratako literatura iruditzen zaio onargarria, nahiz ez duen uste muga editoreek jarri behar dutenik. Eta ez dago ados, "niri hau ez zait gustatzen, beraz, hau txarra da" esaten duenarekin. «Hondartzarako liburu»ez galdetuta, kontsumokoez eta sakonez eta aspergarriez erantzuten duen arren, badaki zertaz ari den Xabier Mendigurenek ere: "Nik baditut hondartzarako liburuak: gazteentzat-eta idatzi izan ditudanak, adibidez, apropos idatzi ditut horrela: kontaketa linealarekin, aurrera jarraitzeko tira egiten duten elementuekin". Eta poztu egingo litzatekeela esaten du, norbaitek bere liburu bat hondartzarako modukoa dela esango balio, "horrek esan nahi lukeelako ondo pasa duela; ez nuke gaizki hartuko".
Halere, itxura guztien arabera, ez lukete idazle guztiek ondo hartuko bere libururen bat «hondartzarako liburu» izenez bataiatzea. Galdeketa arin jasan duten ia denak idazleak direla kontuan izanda, esan diet batzuei arin-arin erantzungo ote lidaketen zein liburu den gomendagarria aurten hondartzarako, pentsatuta, hondartzara joateko moduko giroa iristen denean -iristen bada- etorriko zaidala lagunen bat, urtero bezala, hondartzara zein liburu eraman dezakeen galdetzera. Lagun horiek inolako aurreiritzirik gabe, inolako asmo gutxieslerik gabe egiten dute galdera. Hondartzara joateko asmoa dutelako eta urte osoan denborarik ez eta hondartzarako egun horietan izango dutelako esku artean liburu bat izateko eta disfrutatzeko egokiera. Besterik gabe.
Hiru erantzun jaso ditut. Euskaraz argitaratu berri diren lanen artean bik "Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan" (Alberdania) aipatu didate hondartzarako irakurketa apropos bezala. Batek, Pablo Sastreren "Leuropa" (Susa). Eta seguru nago, beste guztien artetik liburu horiek aukeratzeko orduan arin hitzaren zentzu bakarra izan dutela gogoan erantzun didatenek: arin=erraz jasotzen dena, eta ez pisu edo astuntasun gutxikoa, larria ez dena, heldutasunik gabea edo behar den ardura gabe egina.
Arin-arin esanda, arinetik arinera ere aldea baitago