ZUZENTZAILEA, IKUSTEZINA ZAIGUN BESTE ESKUA


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Irakurtzen eta entzuten ditugun lanen atzean idazlearen edo kazetariaren eskua ez ezik, sarritan, ikustezina zaigun beste esku bat ere egon ohi da: zuzentzailearena, hain zuzen.

Kazetaritzan, literaturan nahiz ikusentzunezko ekoizpenetan zuzentzailearen lana ezinbestekoa da, baldin eta kalitatezko produktuak nahi baditugu. Horiek lapsusik edo akatsik gabekoak izan daitezen, garrantzitsua da egilearenak ez diren beste begi batzuen lana ere. Gramatika akatsak, ortografikoak, komunztadurari dagozkienak, testuaren ulergarritasuna zailtzen duten esaldiak... Horiek guztiak harrapatzeko moduko begiekin irakurtzen dituzte lanak zuzentzaileek.
Gaur egun, euskaraz zuzen eta egoki lan egiteko baliabide gehiago eta oinarri sendoagoak ditugu duela hamarkada batzuk baino. Horrek hizkuntza estandarrari lagundu diola uste du Susa argitaletxeko zuzentzaileak, Mikel Elorzak. Hala ere, estandar hori guztiek ez dutela menperatzea lortu, eta oraindik ere euskarak bizi duen egoerak "traba" batzuk sortzen dituela dio. "Nik uste dut, ulergarritasunarekin dugula arazorik handiena, batez ere, prentsan. Izan ere, literaturan, azken finean, idazleek nahi dutena bilatzen dute eta gauzak nahita egiten dituzte".
Mikel Elorza ARGIA aldizkarian hasi zen zuzentzaile lanetan duela hamar bat urte. Garai hartantxe hasi zen Susa argitaletxeko liburuak zuzentzen ere. Beraz, bi motatako egileen testuak pasa dira Elorzaren eskuetatik, eta milaka iradokizun eman ditu urte hauetan guztietan. Bere ustez, testuek hobera egin dute: "Lehen baino askoz ere gehiago idazten da bai literaturan, bai prentsan, eta, gutxieneko media jende gehiagok ematen duela esango nuke".
Irene Arraras «Euskaldunon Egunkaria»ko zuzentzailea da. Hamaika urte daramatza horretan eta bere ustez ere akatsik sarrienak eta larrienak joskerari lotutakoak eta testuaren egokitasunari dagozkienak dira. Ortografia eta gramatika arau guztiak bete arren, testu bat bere zuzentasunean irakurtezina, ulergaitza, izan daitekeela dio. "Nire ustez, testu bat idazterakoan, buruan izan behar dugun lehenengo gauza hartzailea da, eta beretzat gaitza baldin bada hori irakurtzea, nahiz eta gramatika arau guztiak bete, testu horrek ez du balio".
Bai literaturan, bai kazetaritza idatzian, produktuak zuzentasuna behar du. Elorzaren iritziz, biek duten oinarrizko ezaugarria da hori. Baina zuzentzaileak zenbat eta gehiago sakondu bere lanean, orduan eta lan txukunagoak egingo direla dio. Irene Arrarasen iritziz, ortografia eta gramatika akatsak garrantzitsuak dira oso: "Ezin dugu onartu ‘leiho’ gaizki idaztea. Zer gertatuko litzateke ‘El Pais’ egunkariko kazetari batek ventana b-rekin idatziko balu? Hurrengo egunean leihotik behera botako lukete. Bada, euskarak eta euskaldunok beste horrenbeste merezi dugu: errespetua". Halaber, hortik aurrera egin behar dugula uste du, "hizkuntzak bizitasuna eta grazia behar du".
Literaturan, txukun eta ondo idatzita egotea edo ahal bada errepikapenik ez egotearen ardura idazleari dagokio, eta zuzentzailea zenbait gomendio eta aholku ematera mugatu ohi da. "Azkenean, erabakia idazlearena da. Nik esan diezaieket nola jarriko nukeen, edo hiztegiak zer esaten duen, baina ez dugu ahaztu behar hizkuntza idazleek ere egiten dutela, eta sarritan nahita ihes egiten dietela hiztegiak edo gramatikak markatzen dituzten hesiei", azaldu digu Susako zuzentzaileak. Dauden arauak kontuan hartzen dituzte, baina literatura askoz ere libreagoa da eta estiloa idazleak berak markatu ohi du. Elorzaren iritziz, eskatzen den zuzentasuna guztientzat berdintsua da, baina hortik aurrera badira literaturako liburu batzuetan lekua duten forma dialektalak eta bestelako forma batzuk ere. Kazetaritzan, ordea, arauek pisu handiagoa dute.


Denbora mugarri.

Funtsean, helburua bera den arren, zuzentzeko oso modu desberdinak dira prentsak eta literaturak eskatzen dituztenak. Denbora da Irene Arraras eta Mikel Elorzaren ustez, zuzenketa bakoitza baldintzatzen duena. "Egunkarietan beti ibiltzen gara txirrindulariak erlojupekoetan bezala; ahal den azkarren, ahal den ondoen. Baina, esaera zaharrak dioen bezala: ondo eta azkar, usoak hegan", adierazi digu Irenek. Denbora mugatua izanik, deigarriena zuzentzen dute, batez ere, ortografia eta gramatika. Izan ere, zaila da hain azkar eginez gero, kohesioari edo koherentziari erreparatzea. "Horrelakoak ere geroz eta gehiago zuzentzen ditugu, baina testua gaizki antolatuta dagoenean, egoki jartzeko denbora behar izaten da, eta, zoritxarrez, nekez egin daiteke hori. Berez, ordea, hori da zuzenketaren alderik interesgarriena eta beharrezkoa".
Egunkarietako zuzenketa lanean tentsio handiko orduak jasan behar izaten dituzte egunero. Arratsaldeko zazpietatik gaueko hamaikak arte "eromena" izaten dela kontatu digu Arrarasek. Testu gehienak orduan jasotzen dituzte, eta kazetariek ere orduantxe argitu nahi izaten dituzte beren zalantzak. «Euskaldunon Egunkaria»n, kazetariek beren testuak amaitu orduko, barne-sare baten bidez orri osoak igortzen dizkiete zuzentzaileei. Eta haiek elementu nagusiak begiratzen dituzte (titularrak, tartekiak, leihoak, argazki oinak...), izan ere, askotan ez dute testu osoa irakurtzeko astirik izaten.
Elorzak bi zuzenketa moduak ezagutzeko aukera izan du, baina literaturan gusturago aritu dela aitortu digu: "Prentsak duen berehalakotasunak asko eragiten du egin dezakegun lanean, ezin diogu behar adina denbora eskaini. Nahiz eta literatura zuzentzen ari naizenean ez ohartu kontatzen duen horrekin, literatura irakurtzeak beste plazer bat ematen du".





Ahozko hizkuntza zuzentzen.

Lehen aipatutakoez gain, bada zuzenketak eskatzen dituen beste esparru bat ere: ikusentzunezko ekoizpenena, hain zuzen. Gidoiak ez ezik, aktoreek ere zuzentzaileenetik pasa behar izaten dute antzeztokian edo pantaila aurrean agertu aurretik. Gauza bera gertatzen da bikoizketa behar duten produktuekin ere.
Lan horiek guztiak oso gertutik ezagutzen ditu Beatriz Zabalondok. Euskal Telebistako zenbait telesailetan euskara-zuzentzaile izan aurretik, urteak eman ditu bikoizketetarako lanak eta antzezlanak itzultzen eta zuzentzen. Orain, aktoreen eta bikoizleen hizkera zuzentzen ere badihardu. "Aktoreei gidoian jartzen duena nola esan beharko luketen adierazten diegu, eta idatzitako esamolderen bat ez bazaie erraz ateratzen, hori erraztea edo berenganatzea da gure lana; idatzitakoa ahozkora hurbiltzea", azaldu digu.
«Hasi berriak» eta «Teilatupean» telesailetan ibili da Zabalondo. Orain, «Kilker dema» sailaren bigarren denboraldian jardungo du. Gisa horretako barne produkzioetan, produktorek gidoilari talde bat izaten dute. Horren koordinatzaileak azken gainbegiratua ematen die gidoiei, fikzioaren edo istorioaren haria zuzenduz. Euskara-zuzentzaile lana, batez ere, ETBk berak jartzen duen zuzentzailearen esku geratzen da. "Lehendabizi, gidoiak irakurtzen ditugu ahozko euskara egokira moldatuz, behar izanez gero. Ondoren, aktoreei ematen dizkiegu ikas ditzaten". Hala ere, entseguetan lan handia egiten dute aktoreek ikasi dutena ondo bideratzen: "Askotan aktoreek gidoiak irakurri ostean, beste proposamen batzuk ekartzen dituzte, eta guk ezin diegu esateko modu bakarra agindu. Beren proposamenak zuzenak diren edo ez ikusi eta horiek bideratzea dagokigu". Baina lana, batez ere, gidoiak ahozko moldeetara egokitzen izaten dutela dio. Gauza bera modu askotara esan daiteke, eta beraz, erregistroak, giroak, pertsonaia motak... hori guztia kontuan hartu behar izaten dute pertsonaiek koherentzia izan dezaten.
Bestalde, hitz egiterakoan erdal munduarekin dugun morrontzarekin hausteko lan handia egin behar dugula uste du Beatriz Zabalondok. Konparazioak egiterakoan, adibidez, Hegoaldean gaztelaniazko erreferentzietara oso erraz jotzen dugula dio. "Agian, gazteen artean oso erraz erabiltzen da gaztelaniazko gallunbo hitza, baina ez dut uste premiarik dagoenik euskaraz hitz hori erabiltzeko, eta zabaltzeko. Kontu handiz jokatu behar da; ez zentsore lana egiteko, bai ordea, gauzak bi aldiz pentsatzeko". Gauza horiek gurera ekartzeko lan handia dago.

Zailtasunak zailtasun, guztiak bat datoz euskarazko ekoizpenak hobetu egin direla esatean. Hala ere, bidean aurrera egin behar dela diote


Azkenak
Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude