Espainiako Estatuan Melitón Manzanas komisarioa izan zen torturatzaile gisa famatu zen lehena; diktadura garaian. Trantsizio garaian berriz, 1976an, Amparo Arangoari eginiko torturaren zantzuak agertu ziren lehenbiziko aldiz «Zeruko Argiak» argitara emandako argazkietan. Ezagutzen diren frogengatik, demokrazia ezarri zenetik torturaren praktikak ez du etenik izan. Torturaren segimendua eta salaketa burutzen duten taldeek, tortura legezko bermearen urraketa sistematikotzat jotzen dute. Estatuak torturatzaileekiko inpunitatea bermatzen jarraitzen du, azken hogeita bost urteetan torturapean edo haren eraginez hildakoak asko izaki: Joxe Arregi, Esteban Muruetagoiena, Mikel Zabalza, Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzi izan dira kasu entzutetsuenak. Salaketek jarraitzen dute eta azken bi urteetan Iratxe Sorzabal, Unai Romano eta Juan Karlos Subijanaren kasuek herritarren gogoa astintu dute. Torturaren lekukotasun grafikoek, berriz ere, agerian utzi dute torturaren praktika ukaezina.
HEDABIDEEN JOKABIDEA.
Demokrazia ezarri ostean, torturaren informazioaren tratamendua zeharo aldatu zen estatuko komunikabideen aldetik. «El Pais» bezalako egunkaria batek, kasu, zalantzan jarri du torturaren praktika. Oraindik orain, tortura «Errealitatea edo propaganda» ote den galdetzen zuen erreportaje batean. Unai Romanoren argazkiak ezagutu ostean burutua zen erreportajea, baina ez zituen azgazkiak publikatu. Halaber, ez Unai Romano ez Iratxe Sorzabal ez Juan Karlos Subijanaren argazkiak ez dira zabaldu estatuko ezein hedabidetan, bakar batean ere ez.
Unai Romanoren kasuan, Estatuko komunikabideen gehiengo handia ez zen ondorengo esalditik haratago joan: «Admitida a tramite una denucia por torturas». Unai Romanoren abokatuak, Juan Karlos Ioldik, honela ikusi du jarrera hau: «Salaketa guztiak hartzen dira aintzakotzat noski, kontua da, prozesua aurrera joan ahala, ea artxibatzen den ala ez. Hori izan zen hedabide espainolek jaso zuten guztia, batere lotsarik gabe».
Euskal Herrian zabaltzen den Espainiako talde editorialen prentsak bere berezitasunak ditu Ioldiren iritziz. Esate baterako, «El Correo» eta «El Diario Vasco» egunkariek modu ezberdinean jokatu zuten Iratxe Sorzabalen kasuan. «El Diario Vasco»k «El Correo»k baino jarrera duinago bat erakutsi izan zuela diosku, «Horrek duen konnotazioarekin, jakina. Bakoitzak badaki non ari den. Sorzabalen kasuan, Guardia Zibilak Iratxek burutu omen zituen balizko delituak filtratu zituen prentsara. ‘El Correo’k titularretara eraman zituen oihartzun izugarria sorraraziz». Gero -Ioldiren hitzetan-, Iratxe Sorzabal torturatua agertzen zuten argazkiak argitara eman zirenean, hedabide hauek ez zituzten publikatu eta lau lerroetan hauxe besterik ez zuten esan: «Denunciadas presuntas torturas». Hartara, prentsa honek errugabetasun printzipioa gorde zuen Sorzabal torturatu zuten guardia zibilentzat. Beste hainbeste gertatu zen Unai Romanoren kasuan.
TATek, hedabide hauek gatazkaren ondorioz izaten diren gainontzeko giza eskubideen urraketei ematen dieten tratamendu bera nahi luke tortura kasuentzat. Ioldiren ustez, alde bateko nahiz besteko kasuek tratamendu berdina izango balute, beharbada ez litzateke tortura desagertuko, baina pauso handia emango litzateke. Bere ustez, Unai Romanoren aurpegia ETAren atentatu baten ondoriozko argazkia izan balitz zalaparta izugarria sorrarazi izango zuen. Torturaren ondorioz izan denez, Estatuak praktikatzen duen biolentziaren lekukotasuna, ez du lekurik ez oihartzunik izan.
ATXILOTUA IZAN AURRETIKO SEGIMENDUA.
Pertsona torturatu batek mediku forensearen aurrean salaketa aurkeztu bitartean prozesu luzea bizi izan du. TATen ustez, atxilotuak poliziak kontrolatuak izaten dira, atxilotuen agendak eta telefono zenbakien segimendua egina dute aldez aurretik. Polizia ezberdinak ehunka pertsonei buruzko informazioa bilduz doaz, eta halako batean, hauetako batzuk atxilotzea erabakitzen dute. Pertsona horien inguruko pertsonen datuak dituzte: ezkondua den, seme-alabak dituen, gurasoak bizi ote diren, aiton-amonak zenduak dauden... Beren puntu ahulenak aztertzen dituzte: banandua dagoen edo ez, kasu. Neska edo mutil laguna baldin badu, beren harremanak ezagutzen dituzte. Neska edo mutil lagunik ez badute, tortura fisikoa gehiago lantzen dute, bestela psikologikoa. Iholdiren esanetan, atxilotuak eta bere ingurukoak ez dira segimendu hauez konturatzen komisaldegira eramanak izan arte. Normalki ez dute pertsona bat atxilotzen bere datuak ezagutu gabe.
Atxiloketak goizaldean izaten dira, indarrez. Atea bota, pertsonaren inguruan izua sortzeko. Legearen arabera pertsona hauei beren eskubideak irakurri behar zaizkie, baina hau ez da behin ere egiten. Poliziak kaputxarekin azaltzen dira jende aurrean, eta legeak ezer gutxi balio du orduan. Pertsona bat bakarrik harrapatzen badute, denbora irabazteko eta informazioa ateratzeko, bidaian jipoitzen hasten dira: poltsa jarriz, barrabilak edo alua estutzen. Izan ere, kuartela urrun dagoen kasuan, operazioa bertan behera gelditzeak kezkatzen bide ditu poliziak.
Komisaldegian, polizien eskuetatik iragan ondoren, hauek forensearen aurrean zer esan behar duen kontuan hartzeko esaten dioten atxilotuari, neurtzeko, berauek ondoan baitaude. Atxilotuaren segurtasun eza hainbestekoa denez, atxilotuak forensea bera egiazkoa ote den zalantzan jartzen du. TATen ustez joera hau oso normala da. Polizi onaren rola jokatzen duenak, epailearen aurrean zer esan behar duen azaltzen dio hitzez hitz atxilotuari. Gainontzekoan, libre geratuz gero, berriz etorriko dela mehatxatuz agurtzen dute.
Prozesu honek berealdiko garrantzia du prozesu penala gauzatzerakoan. Izan ere, esaterako, atxilotua tratu txarren zantzuez autoinkulpatzen bada, defentsako abokatuak jadanik ez du ezer egiterik. Gainera, beste pertsonei buruz esandakoek ere balio dute. TATen ustez, egungo sistemaren ondorioz, ehunka pertsona kondenatuta dago torturaren bitartez ateratako deklarazioak direla medio.
BEHATOKIA NAZIOARTE MAILAN.
Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia tortura salaketak nazioarte mailan zabaltzeko sortu zen iaz, eta TATen txostenak bideratzen ditu hainbat erakundetara. Nazio Batuen Erakundea (NBE) da horietako bat. Europako NBEren egoitza Geneva dago (Suitza) eta orain arte Euskal Herrian salaturiko torturen kasuekiko elkartasun zabala erakutsi du. NBEn errelatore edo kontalari berezia dago. Behatokiko Julen Arsuaga abokatuaren esanetan, berau independentziaz jokatzen saiatzen da eta abisu bat jasotakoan arreta handia jartzen du.
Behatokia bi modura hurbiltzen da batzorde honengana. Deialdi larri bat burutuz, batetik, eta orduan NBEko batzordeak bidaia edo misio berezi bat antolatzen du kasua aztertzeko. Normalki, batzordea estatuko gobernuarengana zuzentzen da lehenbizi. Bestetik, adierazpen askatasunaren urraketak ematen direnean, berauek salaketa txostenen bidez helarazten zaizkio NBEko kontalari nagusiari. Halaber, epaile edo abokatu batek ez badu independentzia printzipioaren arabera lan egiten, kasu hauek aztertzeko kontalariak daude.
Julen Arsuagak zehaztu digu NBEko Giza Eskubideen batzordearen jarrera: «Jarrera ona da. Agindu bat helarazten baldin bazaie betetzen dute. Gurekiko konfiantza dute, baina kasu bati sinesgarritasun gehiago emango diote, baldin ganorazko lan bat egiten badugu, etengabe eta era egonkor batean. Seriotasun bat ikusten ari dira gure txostenekin. Orain gutxi arte, gatazkan dauden aldeetako baten salaketak baino ez zituzten ezagutzen; Estatuarenak, alegia. Behatokitik beste aldearen salaketak agertzen saiatzen ari gara orain».
Behatokiak azken bi urte hauetan erakutsitako datuen arabera, Espainiako estatuan torturaren aztarnak edo elementuak daudela uste du Genevako Giza Eskubideen Batzordeak. Halaber, Estrasburgoko Europako Kontseilua Espainian ematen ari diren giza eskubideen urraketei gero eta segimendu zehatzagoa egiten ari zaio. Torturaren Prebentziorako Batzordeak (CPT) egiten du segimendua eta erabateko sinesgarritasuna du Arsuagaren iritziz. CPTk Behatokiak helarazitako txostenen kasuak baieztatzeko bisitak burutzen ditu: «Oraingoz Espainiako Estatuan torturaren aztarnak daudela jabetu dira. Espainiako Gobernuak ez ditu betetzen beraiek egiten dituzten gomendioak. CPTkoek nolabaiteko interesa edo nahia antzeman dute tortura kasuak estaltzeko. Hasteko ez da gutxi».
ESPAINIAKO ESTATUAREN JARRERA.
Torturaren estaltze hau ezagututa, nola zuritzen ote du Espainiako Gobernuak torturaren arazoa, ordea? Espainiako jarrera adibide baten bitartez azaldu digu Arsuagak. Nazio Batuetako CAT delakoak, tortura kasuak direla-eta, Kolonbiako Gobernuari zerbait esaten dioenean, gobernu horrek hartzen duen jarrera hauxe da: «Guk arazo politiko larria daukagu eta nazioarteko komunitatean arazo hau konpontzeko laguntza eskatzen dugu. Gatazkaren konponketak hainbat giza eskubideren urraketa desagertzea ahalbidetu baitezake». Espainiako Estatuak, berriz, bestelako jarrera hau erakusten du: «Torturaren praktika gezurra da. Salaketek ez dute zentzurik, informazio txar baten ondorioz eginak dira. Espainian ez dago inolako gatazkarik ez giza eskubideen urraketarik, giza eskubideen urraketa gatazkaren beste aldeak egiten du soilik. Gure desprestigioa eta salaketen sinesgarritasuna ezabatzen saiatzen da».
Jarrera horrek noiz arte iraun dezake, ordea? Izan ere, Espainiako Gobernuak horrela segitzekotan, bere kontrako jarrerak indartu baino ez du egiten nazioarteko erakundeetan. Itxuraz, Espainiako Gobernua bere kalterako jarrera bat indartzen ari da. Gatazkaren aurrean jarrera politiko bat hartzen ez duen neurrian, gatazkaren ondorioz segurtasun indarrek burutzen dituzten giza eskubideen urraketak gero eta nabarmenago gelditzen ari dira.
Jarraian, gizarte mailan torturarekiko dagoen sentsibilitatea izan dugu hizpide Behatokiko kide honekin. Bere ustez, gatazkaren ondorioz sortzen diren gaiek gatazkaren egoeraren araberako abiadura hartzen dute, eta neurri batean, ekimen eta lanaren poderioz gizartea gehiago sentsibilizatzen da. Duela bi urte, giza eskubideen arloan presoen sakabanaketa izan zen gai nagusia, gizartea giza eskubideen urraketa salatzeko prest izan zen. Gaur egun, arrazoiak arrazoi, eta agian gatazka beste parametro batzutan ematen ari delako, torturaren gaiak munta handiagoa hartu du eta presoen eskubideen aldarrikapena ordezkatu nolabait. Julen Arsuagak bi egoerak desberdindu dizkigu hala ere: «Sakabanetarekin amaitzea gatazka desblokeatzeko borondate oneko keinu bat bezala planteatu zen. Orain, gatazka gordinago bihurtu den uneon, agian, bateon batek pentsa lezake tortura gaia gainditu behar dela gatazka gainditzeko. Guk ordea, uneon, printzipioz, gatazka humanizatzeko ekimen bat bezala ikusten dugu torturaren deuseztapena».
Azkenik, AEBetan torturaren inguruan eztabaida oso interesgarriak ematen ari direla adierazi digu gure solaskideak. Euskal Herriko Behatokia eta Irlandako Batzordea elkarrekin ari dira. Talde hau, AEBn bizi zen Ramon Aldasoro errefuxiatuaren estradizioan inplikatu zen lehenbiziko aldiz, eta azkeneko atxikimenduek oso ondorio baikorrak izan dituzte. Noam Chomsky eta hainbat intelektualek giza eskubideen urraketa salatu dute. Espainiako Javier Ruperez enbaxadoreari torturaren kasuak helarazi zizkioten, eta honek Espainiako Gobernuaren jarrera babestu zuenez, gogor kritikatu zuten. Joan den urtera arte ez zen honelako jarrerarik agertu, orain, ordea, jarrera hauek sendotzen ari dira AEBn. Espainiako Estatuan torturarik ez dagoen leloak indar apur bat galdu du nonbait. Julen Arsuagaren iritziz, giza eskubideen hutsuneak eta urraketak gero eta handiagoak dira eta torturaren inpunitatea gero eta nabarmenago agertu da Estatuan nahiz nazioarte mailan.
Zentzu honetan ulertu behar da ere Amnesty Internationalen (AI) jarrera. Orain arte AIren jarrera nahiko leuna izan da, Behatokiak landuriko «2001eko txostena» ikusi ondoren, erakunde honen inplikazioa aldatu da. TATek eta Behatokiak Iratxe Sorzabal, Unai Romano eta Juan Karlos Subijanaren kasuei buruz helarazitako informazioak AIk lehen zituen zalantzak uxatu ditu, antza. AIk beti salatu ditu tortura kasuak, baina gatazkaren polarizazioa dela medio torturaren gaia saihesten zuen nolabait. Espainako kasuez arduratzen den AIko Guillen Flemingek honela hitz egin du berriki Espainiako Gobernuaren jarreraz: «Azkeneko tortura kasuen aurrean Espainiako Gobernuak ez digu ganorazko erantzunik eman. Areago, ez du onartzen bi aldeak gatazkaren maila berean kokatzea» .