Egungo egunean, Hego Euskal Herriko aurrezki kutxek arreta handiagoa jartzen diote hedatzeari fusionatzeari baino. Dakigula, lehengoan daude oraingoz Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioaren barruko lau aurrezki kutxetatik hiru (BBK, Kutxa eta Vital) fusionatzeko proiektuak. Hedatze-kontuan, ordea, Euskal Herrian ez ezik, Euskal Herritik kanpo ere gogoz ari dira ahalegintzen. Dagoeneko, bulegoen %20 dauzkate hemendik kanpo. Antza denez, Espainian barrena zabaltzeko estrategia daukate orain indarrean, eta horixe ondorioztatzen da lau kutxetako arduradunek, nork bere erakundearen urteko batzarrean, 2001eko ekitaldiaz adierazitakoetatik. Bestalde, joera bertsua azaldu zuten Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioko buruek azkeneko agerraldian.
Geldialdi horrek, nonbait, zerikusi handia du EAEko gaurko egoera politikoarekin, zeren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru kutxak berak ere ez baitaude bere osoan EAJren kontrolpean. Egungo egunean, PPk kontrolatzen du Arabako Vital Kutxa, eta alderdi horrek ez du entzun ere egin nahi fusio konturik. Era berean, gainerako kutxek ere badituzte fusioa atzeratzeko arrazoiak. Hala lehengo legegintzaldian, nola oraingoan, EAJren gobernuak helburu izan du EAEko kutxak fusionatzea, baina oraingoz ez dirudi bide horren alde ezer askorik egingo duenik.
Kutxako Fernando Spagnolo lehendakaria da, gaur egun, Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioko lehendakaria, eta duela gutxi egin zuen federazioaren emaitzak aurkezteko agerraldia. Azalpenen artean, honako hau esan zuen: "Gure kasuan, fusio proiektuak ez dira beste erakunde batzuentzat bezain presazkoak». Eta, aurrera egin ahala, bestalde, azken urte hauetan, ez dutela ezertxo ere aurreratu egiaztatu zuen fusio-proiektuetan. Adierazpen horri, berriz, beste hau erantsi zion: "Gure kutxek bi modutan eutsi diote neurriari: hedatzeko sistema baliatuta eta zorro industrialetan parte hartuz, zeinetan bikoitza izan baita emaitzen kontua, sektorekoekin konparatuta".
Oso bestelakoa da Nafarroako Kutxaren (CAN) egoera, eta guztiz baztertuta dago kutxa hori Hego Euskal Herriko beste kutxekin fusionatzea. Gaurko esparru juridiko-politikoak eta esparru hori UPNren kontrolekoa izateak ezinezko egiten dute fusioa. Horrenbestez, EAEko aurrezki kutxak bakarrik hartzen ditu fusioaren aldeko apustuak.
HAZKUNDE EZBERDINA.
Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioaren barruko BBK, Kutxa, Vital eta CAN kutxek 506,56 milioi euroko irabazi garbia izan zuten 2001. urtean, 2000n baino %7,8 inguru handiagoa. 2001eko ekitaldian, dena dela, kredituen inbertsioetan izan zuten hazkunde handiena, 19.786 milioi euroko mugara iritsi baitziren: 2000n baino %12,2 inguru gorago geratu ziren. Etxebizitzak finantzatzeko kreditu hipotekarioek ere ageriko haziera izan zuten: %23 ingurukoa. Azkenik, kutxen obra sozialetako inbertsioek egin zuten gora bista-bistan: 113,4 milioi euro guztira, 2000n baino %23 gehiago.
Iazko ekitaldiaren amaieran, 6.131 laguneko plantilla zeukaten Hego Euskal Herriko lau kutxek (2000n baino 300 langile gehiago), 904 bulego (2000n baino 34 gehiago) eta Hego Euskal Herriko kutxazain automatikoen %40aren kontrola. Hauxe da, bestalde, azpimarratzeko moduko beste datu bat: Hego Euskal Herritik kanpo dago federazioaren bulegoen %20.
Nahiz eta 2001eko bigarren seihilekoan ekonomiaren hazkundea dezente moteldu, emaitza aski positiboekin eta kredituetako inbertsioen hazkunde nabarmenarekin itxi zuten 2001eko ekitaldia Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioko kutxek. Bistan denez, erritmo oso onean hazi ziren kutxen bi negozio tradiziozkoenak: baliabideen erakartzea eta kreditu-emateak. Alde horretatik, Hego Euskal Herriko kutxek 33.000 milioi euro zituzten bezeroen baliabideetan, 2001. urteko ekitaldia itxitakoan: 2000n baino %9,4 gehiago. Atal horretan, %13an hazi ziren pentsio-funtsak eta %6 inguruan inbertsiokoak. Ondo hazi zen, berebat, kreditu-emateen jarduera: %12,2an, oro har. Etxebizitza finantzatzeko kreditu hipotekarioak, berriz, askoz ehuneko handiagoan hazi ziren: %22,8an geratu ziren azkenean.
Ondoko taulan ikusten den moduan, Hego Euskal Herriko aurrezki kutxek ez zuten irabazi berdina izan 2001. urtean. Lau kutxen hazkunde globala %7,84koa izan zen, hots, 506,6 milioi eurokoa, baina ez hala, ordea, banakakoa. Datu hori garbi ondorioztatzen da batzuen eta besteen memorien irakurketatik. Nafarroako CAN kutxari, adibidez, urritu egin zitzaizkion mozkinak: 51,3 milioi euroko irabazia izan zuenez gero, %3,37an gutxitu zitzaion etekina. Bizkaiko BBK-k, aldiz, 260,3 milioi euroko irabazia izan zuen (%13,60ko hazkundea), Arabako Vital Kutxak 42 milioi eurokoa (%9ko hazkundea) eta Gipuzkoako Kutxak 153 milioi eurokoa (%2,60ko hazkundea).
KAUDIMEN MAILA HANDIA.
Erlazio zuzenekoak izaten dira erakundeen baliabide propioen maila eta berme koefizientea, eta erlazio horrek, era berean, kaudimen maila erakusten du. Legezko izaera dela kausa, aurrezki kutxek ezin dituzte beren baliabide propioak indartu, mailegatzeko funtsak merkatuan eskatuta akzioak jaulkiz adibidez; bai, ordea, bankuek. Horregatik, hain zuzen, baliabide propioen maila handiak determinatzen du Hego Euskal Herriko aurrezki kutxen kaudimena, eta horixe ondorioztatzen da beren 2001eko memoria bateratuan. Iazko ekitaldia itxitakoan, 4.178,3 milioi euroko baliabide propioak zeuzkan Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioak. Beraz, %14,7ko berme ratioa daukate guztira, legezko %8ko gutxienekoa baino dezentez handiagoa, eta, hain zuzen ere, berme koefiziente handi horixe da hemengo aurrezki kutxek hirugarrenen aurrean daukaten kaudimen maila handiaren adierazgarri. Azken zortzi urte hauetan, oso bilakaera ona izan dute baliabide propioetan: 1.701 milioi euro 1994an, 2.641,3 milioi euro 1997an eta 4.178,3 milioi euro 2001ean