DUELA 20.000 URTEKO PICASSOAK

Paleolitoko gizakiak egindako artelanak begiratzeak beti sortzen du halako zirrara, harridura eta beldur antzeko zerbait nahasita. Gaurko gizakia txundituta gelditzen da haitzuloak diren leku misteriotsu eta irreal horietan bertan, gure arbasoek errito sakratuak eta zeremonia ezezagunak egiten zituztela pentsatzean, gu gauden toki berean, baina milaka urte lehenago. Munduko lehenengo artista haien lanak begien aurrean edukitzea hunkigarria dela ezin uka.

Duela hainbat urte, ez zen uste haitzuloetan aurkitutako artelanak Harri Aroko gizon edo emakumeek eginak izan zitezkeenik. Hain animalia irudi dotoreak, naturalak eta teknika aurreratuaz marraztuak, ondoegi eginak ziruditen gizaki paleolitikoek eginak izateko. Geroago eginak zirela uste zen. Haitzuloetako pinturen antzinatasunaz, aurkikuntza berriekin eta datazio teknikekin konbentzitu zen mundu zientifikoa. Aurkitu diren irudirik zaharrenak duela 35.000 (erraz esaten da...) urtekoak dira. Irudiaren espresioa homo sapiens sapiens edo Cromagnon gizakiarena da bakarrik, gaurko gizakia dena. Bere aurreko arbasoak, Neanderthal gizakiak, ez zuen arte espresiorik erabili inoiz. Sinboloen bidez komunikatzeko gaitasuna homo sapiens sapiens-ek hasi zuen.
Eta lehenengo artista haiez eta beren artelanez pentsatzen jarrita, hamaika galdera egiten dizkio gaurko gizakiak bere buruari: zergatik hasi ote ziren egun batez, glaziazio garaiko gizakiak irudien bidez espresatzen? Zergatik sartzen ote ziren kobetara, pasabide zailetatik barna, sakonenean irudiak egitera? Pertsona bakar batek egiten zituen edo gizatalde osoak kobetara joaten ziren beren zeremoniak egitera? Nork margotzen zituen? Gizonek, emakumeek, haurrek? Edozein pertsonak, edo aztiek? Eta zertarako margotzen zuten? Eta bestalde, zergatik, haitzuloak leku askotan egonda ere, margotutako kobak batez ere Frantzia hegoaldean, Euskal Herrian eta Espainia iparraldean daude? Zertarako? Nola? Zergatik?... Galdera hauetako asko erantzun gabe dago oraindik.

Gizakiaren eboluzioa.

Egun badakigu kreazioa ez zela bat-batekoa izan: gizakia ez zela duela hainbat urte ezerezetik sortu, ezta mago baten kapelatik, urte askotan zehar sinetsi izan zen bezala. Gaurko gizakia garapen-prozesu luze baten emaitza da, beheragoko maila batetik eboluzionatuz sortu zen. Gure iraganari buruzko nahiko ideia zehatza dugu gaur, baina ez behin-betikoa: balizko aurkikuntza berri batek goitik behera alda ditzake gaurko teoriak. Dena dela, zer dakigu egun gure iraganaz?
4 edo 5 mila milioi urteko bizitza duen gure planetan, bizia modu primarioan sortu zen lehenengo. Duela 500 bat milioi urte ornodunak lurrean zabaldu ziren. Lehenengo primateak duela 70 milioi urte agertu ziren eta gizakiaren agerpena "berriki" gertatu da: duela 2-3 milioi urte. Neanderthal gizakia izan zen, duela 150.000-35.000 urte, "pentsatzen" hasi zen lehena: nolabaiteko sentimendu erlijiosoa zuela dirudi, hildakoak ehorzten baitzituen. Baina artearen lehen adierazpenak aurkitu ahal izateko Goi Paleolitora (duela 35.000-8.000 urte) "bakarrik" jo behar da. Garai honetan Neanderthal gizakiak Cromagnoni bide ematen dio: egungo gizakiaren erabateko antza duen lehenengoa.
Goi Paleolitoaren amaieran, kulturaren bilakaera mantso baina etengabea dator, Mesolitoari bide emanez (8.000-5.000 urte k.a.). Ordura arte, adierazpen artistiko paleolitikoak batasun geografiko eta kronologiko bat osatzen zuten, baina hortik aurrera, Europan zehar kultura gune ezberdinak garatu ziren, bakoitza bere nortasunarekin, arte mota oso desberdinak sortuz. Horien artean, aipagarria da Levanteko horma-artea.

Paleolitoko artea

. Lan honetan mendebaldeko Europari begiratuko diogu, eremu kronologiko eta geografiko zehatz batean kokatuko gara: Paleolitoan mendebaldeko Europan garatutako lehenengo artea arakatuko dugu. Arte paleolitikoa bi adierazpen mota nagusitan banatu ohi da, batetik haitzulo eta harpeetako paretetan egindakoa (horma-artea), eta bestetik, euskarri askean egindakoa, hezur batean, harri batean, tresna edo objektuetan (arte higigarria). Lan honetan hormetako artelanen inguruan arituko gara, haitzuloetan egin ziren lehenengo artelanez.
Historiaurreko artearen kronologia, lekutze geografikoa eta interpretazio desberdinak, neurri batean behin-behinekoak dira, eta horrela ulertu behar dira. Izan ere, pinturadun koba berri baten aurkikuntzak, beharbada, baieztatu egin ditzake orain onartuak dauden planteamenduak, edo agian aldatu.
Paretetako artea Goi Paleolitoan agertu zen. Lehenengo arte espresioak emakumearen sexualitatearen errepresentazioak dira. Cromagnon gizakiak, duela 35.000 urte, emakume aluak marrazten zituen arrokan edo beste gainazal batzuetan. Duela 29.000 bat urte, lehenengo arte higigarria agertu zen: venus deitu diren emakume irudi txikiak, emankortasunaren sinbolo gisa interpretatu direnak. 10.000 bat urtetan zehar irudi hauek dominatu zuten espresio artistikoa. Iruditxo hauek ia Europa osoan aurkitu dira, Errusiatik mendebaldeko Atlantikoraino. Paretetako artea duela 23.000 urte agertu zen gutxi gora-behera, eta zona batean kontzentratua: area franko-kantauriarra deitu dena. Horma artearen lan gehienak duela 17.000 eta 12.000 urte artean eginak dira, Madeleine aldia deiturikoan. Urte kopuru hauek aipatzerakoan erraza da denboraren perspektiba galtzea. Horrela, askotan ez gara ohartzen gu denboran gertuago gaudela Madeleine aroko artista haietatik, beraiek duela 30.000 urte baino gehiago lehenengo irudiak sortu zituzten beren arbasoengandik baino.

Bihotz franko-kantauriarra.

Arte paleolitikoa ia Europa osoan zabaltzen da, iberiar penintsulatik Errusiaraino aurkitu da. Horma-arteak eta arte higigarriak, bakoitzak, hedapen mota geografiko ezberdina du hala ere: arte higigarriaren aztarnategiak ia Europa osoan dauden bitartean, horma-artea haitzulo ugari dituzten lurralde bakan batzuetan agertu da. Baina pinturadun kobazuloak ez daude kobazuloak dauden leku guztietan. Inguru nagusi batean kontzentratuak daude: penintsula iberiarraren iparraldean eta Frantziako erdialde eta hegoaldean. Italiako hegoaldean eta penintsula iberiarraren hegoaldean ere badira margotutako kobak, baina haitzulo kopuruagatik eta bertako lanen kalitateagatik, zona franko-kantauriarra (Kantabria, Euskal Herria, Pirinioak, Dordoina, Lot) nabarmena da. Espainia, Euskal Herria eta Frantzian haitzulo kontzentrazio nagusi hau egotearen zioa ezin da gainontzeko lurraldeetan koba egokiak ez egotean arrazoitu, izan ere, haitzuloz jositako inguru bertsuak daude Europako beste lurralde batzuetan ere: Karpatoak, Alpeak, Ural mendiak.
Europan Paleolitoko pintura eta grabatuak dituzten berrehundik gora haitzulo ezagutzen dira egun. Horietatik 180 bat (%85), aipatutako bihotz franko-kantauriarrean kokatzen dira, eta zonalde horretan daude, gainera, arte paleolitikoaren maisulan kontsideratzen diren kobak: Altamira, Lascaux, Niaux, Ekain... Haitzulo dekoratu esanguratsuak badaude penintsula iberiarraren hegoaldean (Escoural, Casares, La Pileta...) eta Italian ere bai (Levanzo, Romanelli, Addaura...). Europako ekialdean bakarra aurkitu da: Kapova haitzuloa, Errusiako Ural mendietan.

Arte paleolitikoaren gaiak

. Arte paleolitikoa, bai horma-artea eta bai arte higigarria, animaliei buruzkoa da batez ere: animaliak dira gehien agertzen den gaia, eta beti, perfilez marraztuak. Gizaki paleolitikoek ez zituzten paisajeak, landare edo zuhaitzak marraztu, animaliak baizik. Eta animalien artean gehien agertzen direnak zaldiak eta bisonteak dira. Gutxiago agertzen dira oreinak, zezenak, mamutak eta ahuntz edo basahuntzak. Are arraroagoak dira hartzak, elur-oreinak, lehoiak, errinozeronteak, basurdeak eta uroak (zezen primitibo basatia). Azkenik, txori eta arrainen adibide gutxi batzuk aurkitu dira. Koba batzuetan badaude hibridoak diren animaliak edo animalia fantastiko ezezagunak.
Tamaina oso desberdinetan egindako animaliak egoten dira batera, normalean, itxuraz behintzat, animalia guztiak desordenatuta eta nahastuta. Errepresentazio paleolitikoak ez dira antolatzen gaurko parametroen arabera: irudi batzuk bertikalean eginak daude, edo okertuta.
Paleolitoko pinturak, grabatuak, erliebeak eta eskulturak aurkitu dira. Beltza eta gorria dira pinturan gehien erabili diren koloreak, baita okrea ere. Ez da aurkitu urdin edo berderik. Kolore ezberdinak tonu ezberdinetako lur edo mineralak nahastuz lortzen ziren, animalia koipearekin nahastuta eta noizbait beste elementu organikoren bat gehituta, intsektuak normalean.
Beste gai nagusi bat zeinuak edo sinbolo eskematikoak dira, batzuk konplexuak, beste batzuk trazu sinplekoak. Geziak, sareak, etxolak edo ezkutuak bezala interpretatu izan dira, baina asko interpretaziorik gabe daude oraindik. Ikertzaile batzuk ilargi edo eguzki egutegi bezala interpretatu dituzte. Askotan animali irudien ondoan edo gainean aurkitzen dira.
Aluen irudiak ugariak dira, batzuk emakumearen gorputzarekin batera, beste batzuk gorputzik gabe, alua bakarrik. Giza irudien artean, ezagunak dira venus deitu diren tamaina txikiko estatuatxoak. Titi, ipurdi eta aldaka exageratuak dituzte, eta burua, eskuak eta hankak atentzio gutxirekin eginak edo egin gabeak. Hormetan ere topatu dira halako emakumeen irudiak.
Oso arraroak dira, aitzitik, gizonen irudiak. Orain arteko teoriek ez dute esplikatu zergatik dauden gizon irudiak nahita gaizki eginak, itxura deformeekin, animali irudiek izaten duten errealismo eta naturaltasunik gabe. Gainera, gizonen irudien kopuru handi batean, ezaugarri humanoak eta animalienak nahasten dira. Antropomorfoak deitu dira irudi hauek. Animalien adar edo buztanekin batera, beti dute gizakiarena den ezaugarriren bat, eta maskara edo animalia-larruekin jantzita agertzen dira. Adibide ezagunena Les Trois Frères kobako "Aztia" da. Irudi hauek aztien irudiak bezala interpretatu izan dira.
Ikertzaile askorengan zirrara eragin duen gaietako bat eskuen irudiak dira, nolabait lehenengo artista haien benetako arrasto zuzena baitira. Esku positiboak eta negatiboak daude. Esku positiboa eskua pinturaz estali eta horman presionatuz lortzen da. Negatiboak berriz arte paleolitikoan arrunta ez den teknika batez eginak dira: eskua horman jarri eta bere gainera ahoz edo zerbatana batez pintura putz eginez. Eskuen irudiak koba gutxitan daude. Adibide nagusia Gargaseko koba da. Eskuen irudiei buruzko jakin-mina are gehiago pizten duten datu batzuk daude gainera: haitzuloetan aurkitu diren esku gehienak ezkerrak dira, eta asko eta asko, emakumeenak eta haurrenak. Gainera, asko ez daude osorik, behatz batzuei zatiak falta zaizkie, baina behatz potoloa beti osorik ageri da. Mutilazio horiek esplikatu nahian, teoria ezberdinak plazaratu dira: glaziazio garaia zenez, izozteengatik behatz zatiak galtzen zituztela; zorigaitz garaietan behatzak nahita mozten zituztela, izpirituak lasaitzeko errito gisa; edo eskua margotzerakoan nahita tolesten zituztela behatz batzuk. Zergatik edo zertarako ez dakigu, esan izan da zeinuen lengoaia edo kode bat dela.

Zergatik margotzen zuten?

Denbora askoan uste izan zen horma-artea, gizaki paleolitikoak bere eguneroko ingurunearen dekoraziorako egiten zuela. Ez zen uste garai hartako gizakiak bizitza erlijioso edo zeremoniala zuenik. Teoria honen arabera, Paleolitoan aisialdirako denbora asko zeukan gizakiak, naturak errekurtso ugari ematen zituelako, eta oinarrizko beharrak erraz betetzen zirelako. Horrela, artea aisialditik sortu zen, irudi eta objektuak sortzearen plazer hutsetik. Baina, esan dugunez, haitzuloetan ez da margorik topatu gizakiak eguneroko bizitza egiten zuen lekuetan (kobetako sarrera aldean bizi ziren, egunaren argia iristen zen lekuan), baizik eta leizeetako alderdi ezkutu eta iristeko zailetan, eta askotan bistara ez dauden lekuetan. Haitzuloen barruan aurkitu izan dira garai hartan erabilitako koipe-lanpara asko, baina, bitxia da, inoiz ez dela aurkitu halako pasadizo gorde eta zail batean galdurik edo kanpora ezin itzuliz gelditutako "artista" haietako baten eskeletoa.
Ikertzaileak kobetako irudiek esanahi sakonagoa zutela pentsatzen hasi ziren. Teoria berriek Paleolitoko gizartea era desberdinean ikusten dute: garai hartan ez zegoen bizimodu errazik, horrenbeste denbora pasan aritzeko, elikagaien bilaketa konstantea baizik. Bizimodua ez zen hain lasaia. Horrela, animalien irudi batzuetan zauri edo geziak bezala interpretatu diren markak ageri dira. Ehiza gehiago lortu ahal izateko zeremonia magiko baten parte zen hori paretetan margotzea. Beste batzuetan animalien sabelak handituak ageri dira, umedun dauden animaliak adierazi nahian bezala.
Horma-artearen ikertzaile garrantzitsuena Henri Breuil izan zen 1930 eta 1950 artean. Breuilen ustez, horma-arte paleolitikoa ehizerako magiaren adierazpena zen: animalia horman irudikatuz eta ondoren sinbolikoki zaurituz, bere gainean gezi edo lantza bat jarriz, naturaz gaindiko ahalmenak martxan jarri eta ehizean arrakasta ziurtatzen zen.
Arte paleolitikoaren interpretazio berriago bat totemismoan oinarritu da, hau da, gizatalde batek animalia jakin bat (totem bat) bere arbaso mitiko gisa errekonozitzearen ideia. Tribu eta klanetan oinarritutako gizarte antolakuntza batean, tribu edo klan bakoitza bere totem-ak bereizten zuen, eta kobetako hormetan gizatalde bakoitzak bere animalia totemikoak irudikatzen zituen.
1960 hamarkadan interpretazio berri gehiago agertu zen, André Leroi-Gourhan ikertzailearen eskutik. Leroi-Gourhanek irudi desberdinen kokapenak eta beren arteko erlazioak ikertu zituen. Esan dugu animali irudien gehiengoa zaldi eta bisonteak direla. Gainera bi animaliak beti elkarrekin agertzen dira, eta hori, maskulino eta femeninoaren arteko erlazioaren errepresentazio bezala interpretatu zen. Irudi paleolitikoak bi kontzeptu desberdin eta kontrajarrien elaborazioaren ondorio dira, eta irudikatutako animali eta zeinuak kontzeptu bati edo besteari dagozkio. Zaldia eta bisontea, hurrenez hurren, printzipio maskulinoa eta femeninoa dira, eta aurreko teorien arabera geziak, lantzak, etxolak edo ezkutuak zirenak, sinbolo maskulino eta femeninoak dira.
Orokorrean, gaur egun onartzen da arte paleolitikoa sistema erritual konplexu baten parte zela, Paleolitoko sinesmen-munduaren parte. Hala ere, horma-artearen inguruko ikerketak irudien eduki eta esanahi posibleetan zentratu dira batik bat, eta, askotan, haitzuloen barruan kulto-zeremoniak eta dantza erritualak egiten zirela adierazten duten beste hainbat datu daudela ahaztu izan da. Datu hauek, pinturek ez bezala, toki bakan batzuetan iraun dute, izan ere, kobetako lehenengo ikertzaileek bertako lur heze eta batzuetan biguna zapaldu zuten, nahi gabe milaka urtetan han egondako arrastoak hondatuz: zeremonia haiek egiten zituzten pertsonen oinatzez ari gara. Le Tuc d'Audoubert koban mantendu dira horrelako oin arrasto batzuk: bertako aretoetako batean sei pertsonen oinatzak aurkitu dira, denak haurrenak, eta dantza baten pausoen itxuran daude eginak. Niauxeko kobaren alderdi ezkutu batean 500 oinatz baino gehiago aurkitu dira, haurrenak eta helduenak nahastuta. Arrasto horiek dauden tokira iristeko bidea izugarri zaila da, lurrazpiko hiru aintzira igaro behar baitira lehenago.

Haitzuloz haitzulo.

Esan dugu Paleolitoko horma-artea zona franko-kantauriarrean kontzentratzen dela. Atal honetan horma-irudiko koba garrantzitsuenak bisitatuko ditugu. Haitzulo horietako arte-lanak zeuk ikusi nahi badituzu, historiaurrekoak izan gabe, bisita turistikoentzat prestatuta dauden beste hainbat koba ere aipatzeko aprobetxatuko dugu.

Euskal Herria.

Euskal Herrian hamar bat dira Paleolitoko arte espresio hauek dituzten kobak. Madeleine aldiko pinturak dira denak, Venta Laperrakoak izan ezik. Arte higigarria aldiz, Aranzadik eta Barandiaranek burututako hainbat eta hainbat indusketetan aurkitu da; Paleolitoko hezurrak, xaflak, adarrak, uharriak landuz egindako arte-lan ugari topatu zituzten Euskal Herriko haitzulo ezberdinetan: Ermitia eta Urteaga (Deba), Lumentxa (Lekeitio), Bolinkoba (Abadino).
Mendebaldetik ekialdera, pinturaz apaindutako haitzuloak honakoak dira:
Venta Laperra: Euskal Herriko horma-artearen lehen aurkikuntza izan zen Venta Laperrakoa, 1904an. Karrantzan dago. Aurignac aldikoak dira koba honetako grabatuak; Euskal Herrian ezagutzen diren horma-artelanik zaharrenak dira.
Arenatza: Arenatza haitzuloko arte-gunea 1973an P.M. Gorrotxategik aurkitu zuen, Galdamesen. Gorriz margotuak izan ziren irudi guztiak, marrak marrazteko tanpoi teknika erabiliz, margoa jarraierarik gabe ezarriz, alegia. Nahiko gaizki kontserbatuak daude.
Santimamiñe: Kortezubin dago, Ereñozar mendiaren magalean. Santimamiñe haitzuloko pinturak 1916an aurkitu ziren. Arte higigarriko objektuak ere aurkitu ziren koban egindako indusketetan. Altxerri eta Ekaingoarekin batera, Euskal Herriko hiru santutegi nagusietako bat da. Irudiak grabatuak edo beltzez egindakoak dira. Haitzuloa aspalditik dago turismoari irekia.
Ekain: Ekaingo haitzuloa aurkikuntza oso garrantzitsua izan zen, 1969an. Debako lurretan dago, baina Zestoako herrigunetik hurbilago. Hauxe da Euskal Herri osoko horma-arte gunerik garrantzitsu eta ederrena.
Zaldien aztarnategi handia bezala ezagutzen da Ekain, izan ere, irudien artean zaldiak baitira nagusi. Gainera, bisonteak, ahuntzak, oreinak, hartzak, bi errinozeronte izan daitezkeenak eta bi arrain daude. Batzuk beltzez margotuak daude, beste batzuk gorriz eta beltzez. Grabatua ere erabili zen.
Haitzuloaren sarrera aspaldi eroritako harri bloke handiek oztopatzen zuten, eta horrela mantendu ziren irudiak milaka urtetan. Ekaingo pinturak aurkitu zituzten bi lagunek, sarrerako harriak kendu ondoren, haitzulo barruan lehen metroak ibili eta segidan, zaldien panel handia ikusi zuten beren aurrean. Sentitu zuten harridura, zirrara eta hunkipena halakoak izan ziren, ez zirela koban barrurago segitzera ausartu, eta egun hartan bertan eman zioten aurkikuntzaren berri Joxe Migel Barandiarani eta Jesus Altunari. Handik egun pare batera, deskubrimenduaren balioa zela eta, ate bat jarri zitzaion sarrerari. Aurkitu zen une beretik Aranzadi Zientzia Elkarteak hartu duen kontuari esker, irudiak ondo kontserbaturik aurkitzen dira. Etorkizunean ere hala izan dadin, benetako pinturen erreplika egiten ari dira publiko zabalari erakusgai jarri asmoz.
Altxerri: Oriotik Aiarako bidean dago, eta 1963an aurkitu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko kide batzuek. Irudi gehien duen haitzuloa da. Animalien irudiak ez diren zeinu eta marra gehien duena ere bai. Altxerriko haitzuloan gehien erabili zen teknika grabaketa da. Grabatua eta margoa biak batera erabiltzeak santutegi honi teknika aberastasun itxura ematen dio.
Alkerdi: 1939an Norbert Casteretek Alkerdi haitzuloko hormetan marrazki grabatuak aurkitu zituen. Handik 30 urtetara, arte higigarrizko zenbait pieza aurkitu zituen leku berean. Nafarroako Urdazubi herrian dago. Oso haitzulo txikia da.
Isturitze eta Otsozelaia: Nafarroa Behereko Isturitze eta Donamartiri herrien arteko lurretan daude. Bisitei irekiak daude. Mendiska alderik-alde zeharkatzen duten bi haitzulo ezberdin dira izatez, bata bestearen gainean, garai batean Arberua ibaiak zulatuak. Erreka hirugarren haitzulo bat zulatzen ari da gaur. Euskal Herriko aztarnategi paleolitiko garrantzitsuenetakoa den honetan, arte higigarrizko objektuak aurkitu ziren lehenik (txirulak, hezur xafla apainduak, makila zulatuak...), eta 1928an, jadanik ezaguna zen haitzuloan, horma-artea ere aurkitu zen. Irudiak ildo sakoneko grabaketaz, ia behe erliebean eginak dira guztiak, Euskal Herrian beste inon gertatzen ez den bezala. Aipagarria da badirela negatiboan egindako eskuen irudiak ere: Euskal Herrian aurkitu ziren lehendabizikoak.
Etxeberriko karbia, Xaxixiloaga eta Sinhikoleko karbia: Gamere-Zihiga eta Altzürükü herrietako lurretan daude, Zuberoan. Elkarrengandik oso gertu daude hirurak. Margoa, beltza zein gorria, eta behatzez buztinetan egindako grabaketa erabili ziren.
Euskal Herrian, aipatutakoez gainera, badira historiaurrekoak ez diren haitzulo asko. Turismoari begira atonduak daude Pozalaguako haitzuloa (Karrantza), eta Zugarramurdi, Sara eta Urdazubiko lezeak. Arrikrutz-eko koba (Oñati) urte honen amaierarako bisita turistikoetarako irekiko dela aurreikusten da.



Kantabria.


Altamira (Santillana del Mar): Dudarik gabe, inguru honetako haitzulo garrantzitsu eta ederrena da Altamira. 1879an, Marcelino Sanz de Sautuolak bere alaba txikia eraman zuen kobara eta honek "begira, aitatxo, idiak!" esan zion aitari, haitzuloaren sabaian zeuden irudiak seinalatuz. Garai hartan, irudien antzinatasunari buruzko eztabaida bizia sortu zen, eta 1902 arte ez zen onartu bertako irudi ederrak historiaurrekoak zirenik. Geroztik, Altamira mundu mailako ospea duen historiaurreko santutegi kontsideratu da. Bisonte, zaldi, orein eta abarren irudiak daude kolore anitzetan eginak. Antropomorfoak eta zeinu abstraktuak ere badaude, baita negatiboan egindako eskuak ere. Gainera, behatzak pareta buztintsuetatik pasaz egindako lerro paraleloak aurkitu dira, ziur aski koba honetako irudi zaharrenak. Grabatuak ere badaude.
Altamirak Paleolitoko garai ezberdinetako artelanak ditu. Paleolitoaren bukaeran, kobaren sarrera era naturalean itxita geratu zen harri-jausi baten eraginez, joan den mendean aurkitu zen arte. Benetako koba bisita daiteke, pertsona multzo txikietan, baina urte eta erdi edo bi urteko itxaron zerrenda dago. Horren ordez, koba originalaren erreplika bisita daiteke, museo batean integratua dagoena.
Puente Viesgoko kobak: Monte Castillo deituriko mendian historiaurreko artelanak gordetzen dituzten haitzulo sistema bat dago. Horietatik batzuk bisitei irekiak daude. Las Monedas haitzuloa Monte Castilloko koba ikusgarriena da, dituen estalaktita eta formazio geologikoengatik, eta bisitak egiteko irekia dago. Bertan animalia askoren irudiak daude, denak beltzez margotuak. El Castillo haitzuloa ere bisita daiteke. 1903an aurkitu zen. Errepresentazio, teknika eta kolore anitzak erabili ziren bertako irudiak egiteko. Zeinu abstraktuak, animalien eta eskuen irudiak daude, Altamirakoen estilokoak. La Pasiega haitzuloan animalia irudi ugari aurkitu dira, arrain irudi bat ere bai. Grabatu ugari ere dago. Las Chimeneasen, berriz, beltzez marraztutako animalia irudiak eta buztinezko grabatuak daude, irudi abstraktu batzuk ere bai. Azken bi koba hauek ez daude publikoari irekiak.
La Garma (Omoño, Ribamontan al Monte): Kantabriako koba ezezagunenetakoa da La Garma. Bertako pintura paleolitikoak 1995ean aurkitu ziren. Horrez gainera, La Garman balio handiko aurkikuntzak egin dira, milaka urtetan zehar bertan jendea bizi izan zelako. 100.000 urteko historiaren arrastoak daude koba honetan. Pertsonen ehorzketen arrastoak daude, eta elefante, tigre eta lehoien hondakinak aurkitu dira.
Altamira, Puente Viesgo eta La Garmakoaz gain Chufin (Riclionesetik gertu), Covalanas (Ramales de la Victoria), Santian (Arce, Santanderretik Torrelavegarako bidean), Hornos de la Peña (San Felices de Buelna) eta Tito Bustillo (Asturias) haitzuloak dira aipagarriak.

Ariège eta Pirinioak.

Estatu frantses osoan, ehundik gora turismorako prestatutako koba, sima eta lurpeko erreka daude, eta horietatik laurdena historiaurreko guneak dira. Estatu espainiarrean ez bezala, "lurpeko turismoa" esplotazio turistikoaren parte garrantzitsu bat gehiago da, gainerako errekurtsoak bezalakoa. Europan, lurpeko turismoan Frantzia da lehena, eta mundu mailan, arlo honetako beste bi potentzien parean dago: AEB eta Txina.
Pirinioetan, historiaurreko pinturak dituzten haitzulo gehienak Ariège eskualdean daude.
Niaux (Tarascon sur Ariègetik gertu): Altamira, Lascaux eta Ekain haitzuloekin batera, Niaux maisulan handienetako bat da. Madeleine aldikoak dira bertako irudiak, duela 13.000 bat urtekoak. Irudi ederrenak Salon Noir delakoan aurkitzen dira, eta leku hori bakarrik dago bisitei irekia, pinturak honda ez daitezen arau zorrotzak jarraituz ordea. Haitzuloan ez da argi elektrikorik instalatu, kontserbazio arrazoiengatik. Traza beltzez eta errealismo handiz egindako animali marrazkiak daude. Bisonteak dira gehien agertzen direnak, batzuetan lantzaz zaurituak; zaldiak, basahuntzak, oreinak eta arrain batzuk ere badaude eta, azkenik, mustelido baten (erbinude, igaraba, marta edo antzeko animaliaren bat) irudikapen bat, munduan ezagutzen den bakarra. Publikoari itxiak dauden beste zati batzuetan, gorriz margotutako zeinu ugari aurkitu da, baita buztinetan egindako grabatuak ere. Niauxeko sarrera zeharo ikusgarria da eta eraikuntza futurista bat dago bertan. Salon Noireko irudien erreplika Tarascon sur Ariègeko Historiaurreko Artearen Parkean ikus daiteke.
Bédeilhac (Tarascon sur Ariège inguruan): Dimentsio izugarrietako aretoak ditu haitzulo honek. Mende luzeetan izan zen gizatalde ezberdinen babesleku, Paleolitotik hasi eta Erdi Aroraino. Haitzuloaren sarbide erraza dela eta, tresna, arma eta bestelako historiaurreko objektu asko altxor biltzaile partikularrek eraman eta munduan zehar barreiatuak daude. Bigarren mundu gerran biltegi gisa erabili zen, zoruaren kontserbazioa hondatzeko erarik onena... Baina ia mirakuluz, Bédeilhacek horma-artearen lan gehienak kontserbatu ahal izan ditu. Haitzuloaren lurrean bertan, buztinez modelatutako irudi bitxiak aurkitu ziren. Grabatuak, bi koloretan egindako marrazkiak, errepresentazio sexualak eta eskuen irudiak aurkitu dira.
Gargas (Montréjeautik gertu). Eskuen santutegia da Gargas-eko haitzuloa. Negatiboan egindako 231 esku daude koba honen hormetan, asko mutilatuak, animalia grabatuez gainera. Duela 27.000 urteko lanak dira, beraz, gainerako haitzuloetakoak baino zaharragoak.
Grotte de Marsoulas (Salies du Salat): Haitzuloetako ohiko animali irudiak ditu, grabatuak eta margotuak, baita esplikaziorik gabeko zeinu asko ere. Hainbat antropomorforen irudiak ere badaude, karikatura itxurako gizaki irudiak.
Publikoari irekitako haitzuloez gainera, badaude aurkikuntza garrantzitsuak eman dituzten beste haitzulo batzuk: Le Tuc d'Audoubert koban, buztinez modelatutako bi bisonte eder topatu ziren. Les Trois Frères haitzuloa, bertako hormetako "Aztia" deituriko antropomorfoak egin du ezagun, erdi gizaki erdi animalia dena. Montespanen berriz, hartz baten estatua bat aurkitu zen, metro bat baino gehiagoko luzerakoa, lurrean buztinez modelatutako animalia irudiez gainera. Le Portel haitzuloan, zaldi eta bisonteen irudiak daude. Zaldietako baten hanken irudikapenak mugimendua adierazten du, Madeleine aroko artean ohikoa ez dena. Lau koba hauek ez daude bisitei irekiak.
Horma-irudiz apaindutako haitzuloez gainera, inguru berean badira aztarnategi garrantzitsu batzuk, bisita turistikoetarako irekiak. Le Mas d'Azil izen bereko herriaren ondoan dago, St. Gironsetik 20 bat kilometrora. Azil aldiari izena eman zion aztarnategia da. Erreka bezalaxe, errepidea ere kobaren barrutik pasatzen da, benetan leku bitxia eta ikusgarria bihurtuz. Grotte de la Vache, berriz, Niaux ondoan dagoen haitzulo txiki bat da. Aztarnategi garrantzitsua da. Arte higigarriko objektu ugari aurkitu dira haitzulo honetan, arpoiak, orratzak, tresna grabatuak... hezur piloaz gainera. Haitzulo eta aztarnategiez gainera, Tarascon-sur-Ariège herrian historiaurrearen parke tematikoa bisita daiteke. Ariège ingurura bidaia eginez gero, merezi du Foixeko gaztelua bisitatzea, eta inguru honetan dauden gotorleku kataroak. Horietatik Montségur da ezagunena.
Pirinioetan badira historiaurrekoak ez diren beste koba ugari, bisitak egiteko prestatuak. Lombrives Tarascon-sur-Ariège-tik gertu dago, traktore batek tiratutako trentxo batek koba sarreraraino eramaten zaitu, eta koba barruan ibilaldi desberdinak egin daitezke, formazio ederrak ikusteko. Foixen Labouiche lurrazpiko erreka, txalupan zeharka daiteke. Bestalde, Lourdes inguruan Betharrameko haitzulo turistiko ezagunak trenez eta txalupaz bisitatzen dira. Inguru berean daude Grotte de Sarrazins eta Grottes du Loup. Bagnères de Bigorre-n Medouseko haitzuloak daude, eta Lannemezandik gertu, Aure haranaren sarreran, Gouffre d'Esparros.


Périgord eta inguruak.

Périgord (Dordoina) eta bere inguruko beste eskualdeetan, horma-irudiak dituzten kobak eta historiaurreko aztarnategiak ugariak dira, baina batez ere, Vézère ibaiaren bailaran kontzentratzen dira horietako asko. Gehienak publikoari irekiak daude.
Honako haitzuloak, Paleolitoko irudiz apainduak guztiak, Vézère bailaran daude, elkarrengandik oso gertu, eta bisita turistikoetarako prestatuak daude:
Lascaux: Lascaux Périgordeko pinturadun koba garrantzitsuena da, benetako maisulana; agian, ezagutzen den haitzulo dekoratu ederrena. 1940an aurkitu zuten mutiko batzuek. Montignaceko gaztelua lurpeko pasabide batek Lascauxrekin komunikatzen zuela zioen legenda batek, eta pasabide hartan omen zegoen altxor baten bila sartu ziren. Bestelako altxorra topatu zuten ordea: Lascauxko irudi ikusgarriak aurkitu zituzten. Madeleine aldiaren hasierakoak dira, duela 17.000 bat urtekoak. Haitzulo originala itxita dago 1963tik, bisitarien presentziak eragiten zuen hondatzea gerarazteko. Gaur bisitatzeko prestatua dagoena haren erreplika da, kobatik 200 metrotara, baina jakitun dagoenak bakarrik esango luke kopia bat dela. Zezenen aretoa deitzen den lekuan, lau zezen handi daude, ihesi doazela diruditen zaldi eta oreinen ondoan. Badago animalia imaginario bat edo azti bat izan daitekeen irudi bat: orein buztana, bisonte konkorra, bi adar eta giza hankak ditu. Bestalde, buruekin zirkulu bat osatzen duten behi multzoa dago, gorriz margotuak hauek. Oreinak eta bisonteak ere badaude, eta zaldien artean, hankaz gora erorita bezala dagoen bat dago. Kobaren beste leku batean, felinoak irudikatzen dituzten grabatu batzuk daude. Badira esplikazio zaileko irudi arraro batzuk, adibidez, tripak kanpoan dituela dirudien bisonte zauritu bat, makila batean zulatutako hegazti bat, eta, biziki ongi marraztutako animali irudiekin kontrastean karikatura moduan marraztutako gizaki irudi bat, biluzik eta zakila tente duela... oraingoz interpretaziorik gabe dauden irudiak dira.
Rouffignac: Haitzulo handi hau XVI. mendetik bisitatzen da. 150 bat mamuten irudiak daude bertan. Gainera, errinozeronteak, bisonteak, zaldiak, basahuntzak eta lau giza irudi daude. Irudi hauetako batzuk ikus daitezke, kobaren barruan tren elektrikoz egiten den ibilbidean zehar. Hartzen bizilekua izan zela erakusten duten arrastoak daude, paretetan atzaparrekin egindako arramazkak, esaterako.
Bara-Bahau: Animalien irudiak ditu, zaldiak, oreinak, basahuntzak, hartzak eta beste, grabatuak.
Saint Cirq: Saint Cirq-eko haitzuloa bertan dauden bi giza irudiengatik da ezaguna. Horietako bat gizon baten irudikapena da eta aurpegi humanoa dauka, horma-arte paleolitikoan ez ohikoa dena. Horrez gainera, animaliak irudikatzen dituzten grabatuak daude.
Font-de-Gaume: Grabatuak eta kolore anitzeko pinturak daude, kalitate estetiko handikoak. Animali irudiak eta zeinuak daude.
Segidan aipatuko ditugun hauek ere koba interesgarriak dira: Les Combarelles, Bernifal, Abri du Poisson, Le Cap Blanc, Villars, Teyjat.
Aipatutakoez gainera, Vézère inguruan publikoari irekiak ez dauden beste hainbat haitzulo apaindu dago. Aztarnategiak ere ugariak dira, batzuk bisitetarako prestatuak eta irekiak: La Ferrassie, La Madeleine, Laugerie Haute eta Laugerie Basse, Le Moustier, Castelmerle, Abri Pataud eta abar.
Les Eyzies herrian Historiaurrearen Museo Nazionala dago. Inguruetan beste hainbat museo dago, eta historiaurreko gizakia nola bizi zen erakustea helburu duten hainbat parke tematiko ere bai. Bestalde, historiaurrekoak ez diren koba ederrak daude ikusteko: Grottes de Carpe Diem eta Le Grand Roc eta Gouffre de Prumeyssac.
Lot departamenduan, turistentzat irekia dago zenbait historiaurreko haitzulo: Pech-Merle (Cahors inguruan). Haitzulo honetatik gertu, beste dozena bat koba daude. Grotte des Merveilles Rocamadouretik gertu dago. Cougnac kobako hormek (Gourdon inguruan) mamutak eta bestelako animalien irudiak dituzte.
Historiaurrekoak ez diren beste leize batzuk daude Rocamadour inguruan, bisitarientzat prestatuak: Gouffre de Padirac eta Lacave.
Dordoina eta Lot eskualdeetatik aldenduta, badira historiaurreko koba gehiago: Cosqueren haitzuloa Mediterraneoko kostaldean dago, Marsellatik gertu. Haitzuloa ez da bisitagarria. Bestalde, Pair-non-pair Bordele hiriaren iparraldean dago. Badira, Iberiar Penintsularen hegoaldean, koba gutxi batzuk: Escoural (Portugal), Los Casares kobak (Guadalajara). La Pileta izenekoa (Ronda, Malaga), Las Palomas (Tarifa) eta Nerjako koba (Malaga)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Paleolitoa
Venus ez zen jaio Willendorfen

Willendorf (Austria), 1908. Wachau bailarako aztarnategi batean, Josef Szombathy arkeologoak emakumezko baten estatua antropomorfo txiki bat aurkitu zuen, 11 cm ingurukoa, harrian zizelkatua eta okre gorriz tindatua.

Orduz geroztik, Paleolitoko venusik ezagunena da, eta... [+]


Izturitze eta Otsozelaiako lezeak: Gazteluko muinoko historiaurreko altxorra
Urteak igaro ahala gero eta gehiago badakigu, aberasten gara eta gure jakintza hori zuzentzen dugu. Ezer ez da geldirik egoten, dena aldatu eta higitu egiten da, mugimendu horrek liluratzen gaituen bitartean. Hori da Gazteluko muinoaren barnean gordetzen den altxorrak eskaintzen... [+]

Jesus Altuna: «Iragana hainbeste hondatu gabe ere eraiki dezakegu etorkizuna»
Zientzialari ilezuri, jakintsu eta atseginaren klitxea betetzen du Jesus Altunak. Hamarretik gora daki, baina harrokeriarik gabe ari da. Patxadan eta gozo mintzo da, arrazoiaren indarrez, eta autoritatez. Plazer da berarekin hitz egitea, zentzuz eta senez jarduteko dohaina... [+]

Liztor habiak, labar artea datatzeko

1891n nekazari batek Gwion estiloko hainbat labar pintura aurkitu zituen Kimberlyn (Australia).


Paleolitoko grabatuak Tarragonan

Font Major kobazuloa (Tarragona, Katalunia) 1853an aurkitu zuten eta urte asko dira bertan arkeologoak lanean ari direla.


Jostorratzak baino lehen

Izturitze duela 21.000-29.000 urte. Gravettiar aroan Izturitzeko kobazuloan bizi ziren gizakiek suharrizko tresna asko utzi zituzten.


Ekain, bilatua eta aurkitua

Deba (Gipuzkoa), 1969ko ekainaren 1a. Zestoako mugan, Izarraitzen magalean, kobazulo baten sarrera aurkitu zuten Rafael Rezabal eta Andoni Albizurik.


88.000 urteko hatz zati baten garrantzia

El Nefud basamortuan (Saudi Arabia) , Al Wusta izeneko aztarnategian, Homo Sapiens espeziearen hatz fosilizatu bat aurkitu dute eta, uranio serieen bidez, Max Planck Giza Historiaren Zientzia Institutuak 88.000 urtetan datatu du.


Historiaurreko grabatu “paregabeak” aurkitu dituzte Lekeitioko Armintza koban

Bizkaiko Aldundiaren esanetan duela 14.000 urteko grabatu multzoak "kalitate tekniko argia" du eta berezia da irudiak "oso argi" ikusten direlako.


Alkerdi koben ondoan dagoen meatzeko lanak behin betiko geratzeko eskatu du Aranzadik

Zientzia elkartearen ustez haitzuloan historiaurreko aztarna gehiago aurkitzeko “aukera handiak” daude eta eremu osoa babestu behar da.


2016-09-01 | Erran .eus
Paleolito garaiko grabatu berriak aurkitu dituzte Urdazubiko Alkerdi lezeetan

Orain artean ezezagunak ziren eta Nafarroan aurkitutako zaharrenak lirateke. Hori dela eta, Aranzadik leize ondoko harrobiko jarduerarekin ez jarraitzea gomendatu du.


2016-08-29 | Erran .eus
Arriskuan daude Urdazubiko leizeetako historiaurreko grabatuak, harrobi bateko obren erruz

SOS Alkerdi, Urdazubiko ondarea babesteko plataformak Berroberria, Alkerdi eta Zelaieta inguruko leize babestuetan gertatzen ari dena ezagutarazi du. Gune horretan dago gaur arte ezagutzen den Nafarroako labar arte paleolitikoaren kokaera bakarra. Haien gainean harrobi bat dago;... [+]


Berriatuako Udala “harrituta”, Atxurra kobako aurkikuntzaren berri prentsaren bidez izan duelako

Asteartean aurkeztu zuen Bizkaiko Aldundiak paleolitiko 70 pintura eta grabaturen aurkikuntza. Berriatuako Udalak ez du inolako informazio edo berririk izan orain arte.


2014-05-29 | Ibon Larrazabal
Longyouko haitzuloak

1992an Shiyan Beicun herritik hurbil, Txinako Zheijang probintzian, herritar batek Longyouko haitzuloak aurkitu zituen. Urez beterik zeuden eta horregatik naturak sorturiko leize nahiz haitzuloak zirela uste izan zen hasieran, baina urez hustu ondoren gizakiak eraikitakoak... [+]


Lumentzako labarren sekretu guztiak

Zergatik arkeologoak orain arte ez dira ohartu bi bisonte erraldoi begira zituztela? Lekeitioko kobazuloaren hormetan aurkituko margolanen xehetasun eta irudi gehiago dakarzkigu hona.


Eguneraketa berriak daude