Zer behar da disko jartzailea izateko? Gogoa. Euskal Herrian musika estilo batzuk gutxi entzuten dira, alde horretatik oso mugatuak gaude. Niri gustatzen zaidan musika ez da normalean irratietan, tabernetan, kontzertuetan... entzuten. Baina gainerakoek musika hori ezagutu dezaten nahi dut. Hori behar da musika jartzeko, musika gustatzea eta musika hori zabaltzeko nahia.
Gero, teknikoki oso gauza gutxi behar da. Mundu honetan standarda biniloa da, eta nik badakit CDa erabiltzeagatik, jende askok bigarren mailakoa kontsidera nazakela. Gaizki ikusia dago hori. Nik ez diot horrelako garrantziarik ematen. Entzuten denari, bafleetatik ateratzen denari ematen diot garrantzia.
Zein estiloko musika jartzen duzu?
Estilo ezberdinak nahasten ditut nik, eta hori ez da batere ohikoa. Disko jartzailea normalean estilo batean zentratu ohi da, techno, house... oso erritmo markatuak dira, nahasketak egiteko erraztasuna ematen dutenak. Hor beste eztabaida bat dago, musika estiloena. Non dago estilo batetik besterako muga? Geroz eta zailagoa da bereizten, nahasketarako joera gero eta nabarmenagoa baita. Nik jartzen dudanari musika beltza esaten diot, estilo horiek guztiek oinarriak beltzek egindako musikan dituztelako.
Toki ezberdinetan aritzen zara, tabernetan, festetan...
Disko jartzaile batzuek sesioa aurrez prestatuta eramaten dute. Ondo iruditzen zait aurretiko lan hori, eskaini nahi duzuna garbi izatea. Baina nik ez dut inoiz horrelakorik egiten. Disko mordoa hartuta joaten naiz eta entzuleen arabera, tokiaren arabera, giroaren arabera musika bat edo bestea jarriko dut. Ez dakit nongo gaztetxean edo txoznan, agian jendea ez dago ohituta zuk jarriko diozun musikara. Ez da gauza bera herriko festetan musika jartzea edo edozein ostegunetan aritzea, ez da gauza bera gaueko 23:00etan edo goizeko 03:00etan hastea.
Txoznak aipatu dituzu. Badirudi DJak diskotekekin lotzen ditugula eta txoznetan aldiz beti musika berbera eta kalitate kaskarrez entzutera ohituta gaudela.
Nekatuta nengoen txoznetan musika berdina entzuteaz. Duela bost urte hasi ginen Hernaniko San Juanetan Molotoff irratiak ipintzen duen txoznan beste musika batzuei ere aukera ematen. Apustua musika zabalagoaren alde egin genuen, baina baita soinu kalitatearen eta txoznaren beraren espazioa eta itxura zaintzearen aldekoa ere.
Esperimentua ongi atera al da?
Sekulako arrakasta izan du.
Eta beste tokietan hasi al dira horretan?
Txoznetan musika jartzeko Pasai Antxotik, Elorriotik... deitu izan didate. Txoznetan aukera zabaldu behar da. Eta jendeak eskertzen du, gehiengoak behintzat.
Eta gainerako gutxiengoak zer dio?
Oraindik aurreiritzi ugari dago musika mota batzuen inguruan. Rocketik kanpo dagoen edozer, musika elektronikoaren kutsua badu, jendeak berehala bakailu bezala eta, beraz, gizarte eredu batekin identifikatzen du. Behin mutil bat etorri zitzaidan goizeko hiruretan, sekulako atxurrarekin, «zuen musikak jendea desmobilizatzen du» esanez. Jendeak sinplifikatzera jotzen du. Eta oso sailkapen errazak egiten ditu: rocka ona da, gogorra, alternatiboa, errebindikatiboa, gazte musika... Musika elektronikoa bakailua da, desmobilizatzailea, drogatzera bultzatzen duena eta, beraz, txarra. Musikak ez du inor drogak hartzera bultzatzen.
Disko jartzaileen munduan zer aldatua badago, beraz.
Aurkezpena esaterako. Karteletan beti jartzen dute zein musika talde arituko den eta zein estilo lantzen duen. Ondoren «DJak» jartzen dute, besterik gabe. Eta nik jartzen dudan musikak eta ez dakit zein diskotekako DJak jartzen duenak ez dute zerikusirik. Gero, jende askok gu bere musika jartzeko gaudela uste du, batzuk euren diskoa eskutan dutela etortzen zaizkizu hura jartzeko eskatuz. Jendea ez da konturatzen horrek min handia egin dezakeela. Gauza asko dago aldatzeko, baina ni pozik nago orokorrean oso harrera ona izan dudalako, jendeak jartzen dudan musikaz galdetzen didalako.
Dirurik ematen al du honek?
Hor status ezberdinak daude. Nire kasuan ez du dirurik ematen. Eta ez dut horregatik egiten, baina garbi daukat musika jartzearen truke diru sari bat egon behar dela, gastuak estaltzeko gutxienez: toki batetik bestera mugitu behar duzu, soinu ekipo bat behar duzu, ez dira batere merkeak eta gainera asko sufritzen dute... Gustukoa izanda ere, lan gogorra da. Gaueko orduetan ari zara, horrek dakarren guztiarekin.
Eta zer dakar horrek?
Nik askotan goizeko zazpitan bukatu eta, bi ordu lo eginda lanera joan behar dut. Arriskutsua da gainera, gauean bizio asko baitago. Festa, musika eta droga elkarrekin doaz. Droga ez da txarra, egiten duzun erabilpena da arazoa. Baina zuk gustura egon behar duzu, bestela hori zuk jartzen duzun musikan nabaritu egingo delako. Arriskutsua da eta gauzak oso garbi izan behar dituzu