ETORKIZUNA HAUTS ARTEAN


2007ko otsailaren 21an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Mendebaldeko Saharari buruz ezer esan baino lehen errefuxiatuen kanpamenduak zein gune geografikotan dauden azpimarratu behar da. Bertara iristeko Aljeriako Tindufeko aireportu militarrean hartu behar da lurra. Handik, Mauritaniatik hasi eta Egiptoraino doan errepide estuan sartu eta ordu erdi eta gero Smarako wilayara (hemen probintzia dena) iritsi gara, Tindufeko Hammadara. Baina Nazio Batuetako Segurtasun Batzordearen arabera erreferenduma egin bitartean lurralde honek ez du jaberik eta hori erabakiorra da sahararren bizimoduaren egoera ulertzeko. Lurraren jabe ez direnez ezin dute ez azpiegitura minimorik sortu ez eta bertan dauden aberastasun naturalak ustiatu. Eta behin-behineko egoera hau 25 urte luzatu da.

Mendebaldeko Saharako lurrak dituen 266.000 kilometro koadroetatik erdia baino gehiago basamortua da. Luze-zabalera honen hirutik bi Marokok kontrolatzen du eta gelditzen dena Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) esku dago. Estatu bereko bi alde hauek Marokoko gobernuak Hassan II.aren garaian eraiki zuen 2.000 kilometro baino luzeagoko harresi batek zatikatzen ditu eta 120.000 soldadu marokoar daude kontrolatzeko. Harresi honek zatikatzen ditu sahararrek alde okupatu eta alde askatua deitzen dituztenak. Marokok kontrolatzen duen lurra da Mendebaldeko Saharako aberatsena, han dira arrantza kalak, ustezko petrolio eta gas poltsak eta potasio meategiak ere. Errefuxiatuentzako geratzen dira harriak, area, beroa, hotza, eta ur falta, basamortua alegia.
Egoera honetan bizi dira 200 bat mila lagun kanpamenduetan, basamortuan barrena nomada modura bizi diren beste 30 bat mila lagunak batu gabe.
Guk Tindufetik Smarara jo genuen (Saharako leku izen berak dituzte Aljeriako kanpamenduek). Gauez iristeak beti zirrara berezia sortzen du ez baitakizu ez nondik ez eta nora zoazen. Gau itxia zen eta bero egiten zuen, 25 gradu, aljeriar soldaduen kontrolak igaro eta gero SEADko gobernuak jarritako kamioiak eta autobusak hartu eta Saharan lehen gaua egin genuen kanpamendura tripili-trapala eraman gintuzten. Aireporturako itzulerakoa, egunez egin genuenez, laburragoa iruditu zitzaigun, Kataluniako gobernuak emandako autobus zahar batean baino 4x4 Jeep Cherokeen egin genuelako agian. Goizaldeko lauak ziren baina sahararrak han ziren gure zain haymara eraman eta afaria emateko. Jende honen artean astebete egin ondoren ulertzen da zergatik herri honek horrelako ospea duen. Ez dute beraientzako otordu guztiak egiteko jaki adina, baina bisitariek egunero izaten dute bai ganbelu haragia, ahuntza, patatak, arroza edota ogia jateko.
Lur lehor honetan ez dago ezer asko landatzerik nahiz eta nazioarteko laguntzari esker hainbat baratze antolatu duten. Murtziako Gobernuz Kanpoko Erakunde bati esker Bojadorren adibidez tipulak, porruak, azenarioak, tomateak eta patatak jasotzen dituzte baita meloiak eta sandiak ere. Horrek, hala ere, ez du asetzen herri honen beharra. Laguntza humanitarioaren menpe bizi dira, batez ere Errefuxiatuentzako Nazio Batuetako Goi Mandataritzaren (ACNUR), Gurutze Gorriko Nazioarteko Komitearen (CICR), Elikagaien Mundurako Programaren (PMA) eta saharar herriaren aldeko komiteen laguntzari esker. Mundu osoan zabaldurik daude komite hauek, baina indar gehien dutenak Espainiakoak dira.

ESPAINIARENA ETA MAROKORENA.

1975a arte Mendebaldeko Sahara Espainiaren menpe zegoen. Kanariar Irlak defendatu asmoz Espainiako gobernua inguruko lurrak kontrolatzen ahalegindu zen eta segurtasun korridore hori egiteko beharrezkoa zuen Sahara kontrolatzea. Herrialde nomada hau indarpean jartzea ez zitzaion zailegi suertatu Espainiako gobernuari, baina Nazio Batuek 1950-60an martxan jarri zuten ekimenari esker Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio prozesua hasi zen. 1974an Francoren gobernuak Mendebaldeko Sahararako autonomia onartu zuen, Gobernua antolatu zen eta legalki lur hauek eta bertan dauden aberastasunak sahararrenak direla onartu zen. Maroko, ordea, erabaki honen kontra azaldu zen eta hemen hasi ziren Sahararen arazoak. Arabiar Ligan estatu askoren laguntza lortu zuen Marokok eta espainiarrek alde egin eta gero lurra zatikatzea erabaki zuten.
Eta ordutik egoera horretan dira. Hassan II.a erregeak antolatu zuen Martxa Berdearen ondoren Madrilen erabateko deskolonizazio prozesua sinatu zen Maroko eta Espainiaren artean, baina sinadura horretan ez zen Mendebaldeko Sahararen autodeterminaziorako eskubideari buruz erreferentzi bakarra egin. Espainiak, Amerikako Estatu Batuen eta Frantziaren babesa zuten Mauritania eta Marokori eman zizkien eskubide osoak.
Han, Francoren garaian soldadu izandako asko ezagutu dugu. Belaunaldi hori ez da oraindik galdu eta asko dira, Madrileko gobernutik pentsioa jasotzen dutenak. Deskolonizazio prozesu honi buruz hitz egiterakoan guztiek gauza bera errepikatzen ziguten: "Espainiaren zor historikoa ikaragarria da, 1975eko akordio hartan beste jarrera bat izan balu, autodeterminazio eskubidea nonbait islatu izan balitz, ez zen horrelako sufrimendurik izango". Eguzkia atera eta Smara kanpamendua lehendabizikoz ikusi genuenean oso gogorra iruditu zitzaigun. Edozein tokitara begiratuta ere basamortua besterik ez zen ikusten eta ezerezaren erdian hogei bat mila laguni babesa ematen dioten hayma edo kanpadenda piloa. Hango eraikin bakarrak ofizialak dira, bisitarientzako harrera gunea, eskola edo madrassa, haurtzaindegia eta komunikabide zentroa.
Hau ez zen, hala ere, gure bidaian topatuko genuen tokirik latzena. Lehendabizikoz Smara ikusi eta ezagutu genuenean, bertako xehetasunen berri eman zigutenean, ez genuen ezta pentsatu ere egiten espediziokook egoera okerragoren batean inor biziko zenik. Ikusi ahal izan genuenez, Smarara iristeko komunikabideak halamodukoak izan arren, errepidea badute, telefonoa eta argi indarra ez zaie falta eta Rabuni hiriburu administratibora joan-etorri ibiltzeko ez dago arazo gehiegirik. Basamortuan barrena egin ahala erosotasun hauek guztiak galtzen joaten dira, ordea. Eta horretaz Smaratik Dakhlarako bidea, zehatz-mehatz Bojadorrerakoa hartu genuenean konturatu ginen. 180 kilometro egin behar izan genituen inolako errepiderik gabe, bost orduz batera eta bestera ustez inolako erreferentziarik gabe, baina gure gidariak ez zuen ez seinale ez stopik behar...
Nahi baino beranduago iritsi ginen Bojadorrera eta orduan konturatu ginen esaten zigutenaz, hura bai basamortua, oraindik lehorragoa, oraindik beroagoa eta zakarragoa. Bertako alkatearekin egoteko izan genuen aukeran egunez egun bizi duten errealitateaz jabetzeko parada izan genuen. Udan beroa ikaragarria da, 50 gradutara iristen dira eta neguko gauetan berriz 0 azpiko tenperaturak izaten dituzte, zorionez ura badute nahiz eta kanalizazio egokirik ez izan eta batera eta bestera ibili behar haymetara ura eramateko. Klimaren gogortasunari beste wilayetatik urrun bizitzeak dituen gabeziak gehitzen zaizkio. Familiaz familia ematen den laguntza alde batera utzita SEADko gobernuak kontrolatzen du Mendebaldeko Saharara iristen den laguntza humanitario guztia. Gobernuak biltzen du, beharren arabera banatzen saiatzen da eta horrela alde guztietara iritsiko denaren segurtasuna dute. Hala ere, ezberdintasun egoerak ematen dira. Bojador da horren adibide. Ez dago argi indarrik, nola egin 190 kilometroko sarea behin-behinekotasunean bizi diren lur honetan? Ez dago ez komunik ere, baina honek bere azalpena badu: dagoen ur poltsa lurretik metro gutxira dago eta komunak egiteko zuloak irekitzen hasiz gero ura kutsatu egingo litzateke. Ia ez dago autorik eta daudenak edo militarren eskutan edo pribilegiatu gutxi batzuen eskuetan daude eta horrek arazo sakonago batera eramaten gaitu, edozein paper, edozein dokumentu egiteko Rabuniko hiriburu administratibora jo behar baitute.
Egoera honetan bizi direla zaila da zer nolako antolaketa administratiboa duten ulertzea. SEADek lan ikaragarria egin du, ez bakarrik laguntza humanitarioa banatzen, baita kontzientzia nazionala, kultura mantentzen ere. Ez dira Mauritaniakoak, ez dira marokoarrak, sahararrak dira eta hori oso present dute. Helduek, Hammada honetarako bidaia triste hura egin zutenek, gogoan dute oraindik zer nolako sufrimendua jasan zuten eta askoren ustez hauek desagertzearekin batera saharar herriaren kontzientzia nazionala desagertzen joango da. Ezta gutxiagorik ere. Belaunaldi berriek zer diren, non dauden argi dute eta hori eskolaren bitartez lortu du Gobernuak. Hezkuntza derrigorrezkoa da errefuxiatuen kanpamenduetan eta haur guztiek dute eskolaratzeko aukera. Ikasketak 6-7 urterekin hasten dituzte eta curriculumean hassania, sahararren hizkuntzaz gain, gaztelera, historia, matematikak eta edozein haurrek ikasiko lituzkeen irakasgaiak dituzte. Haur eta gazte hauen ikasketen jarraipena ziurtatu asmoz, gainera, SEADko gobernua Aljeriako gobernuarekin akordio batera iritsi zen orain urte batzuk. Saharar eskoletan haurrek lortzen duten ziurtagiria Aljeriako Hezkuntza sisteman baliagarria zaie, bigarren zikloa egiteko ateak irekitzen dizkiete, barnetegietan hartzen dituzte, mantenua ordaindu eta unibertsitaterako bidea errazten diete. Maila goreneko ikasketekin jarraitu nahi izanez gero Kuban eta Libian aukera gehiago dituzte. Eta ziklo honen emaitzak begi bistakoak dira, sahararrak ziren irakasle, erizain, ingeniari eta mekaniko asko ezagutu baikenituen.
Mendebaldeko Saharak nazioarteko instituzioen errespetua irabazi du. 1991n Baker planari esker su-etena sinatu eta gizartea berreraikitzen hasi ziren eta honekin batera bai Nazio Batuei baita ordura arte etsai zuten Marokori bakea nahi zutela frogatu zieten. Ordutik ez dute tirorik jo eta ez dute gerrara joan nahi, Nazio Batuetako Segurtasun Batzordean eman diren mugimenduek, ordea, besterik esaten dute. Amerikako Estatu Batuak eta Frantzia autonomiaren aldekoak dira, dantzan dabilen beste aukera bat lurraldea zatikatzearena da eta ez bata ez bestea ez dute onartzen sahararrek. Erreferenduma da bide bakarra eta horretarako egindako errolda errespetatzea besterik ez dute eskatzen. Hori egin ezean, argi dute, armak hartu eta gerrara joango direla. Kontuak kontu 27 urte daramatzate basamortu beldurgarri hartan, ezerezetik atera dute aurrera egiteko indarra eta, gerrara joatea egoera okertzea bada ere, ez daude beste 27 urte egoera horretan jarraitzeko prest. Gerra egin zutenek uste osoa dute, baita haurrek eta nola ez baita gizarte honetako motoreek ere, emakumeek


Azkenak
Urriaren 7ko gertakariak ikertzeari uko egin dio Israelgo parlamentuak

Oposizioko taldeek proposatutako ikerketa batzorde ofiziala ez da aurrera atera, boz gutxiren aldearekin. Arrazoi ugari daude gobernuko kideek gertaerak ikertu nahi ez izateko.


Xabier Atristain presoa baldintzapeko askatasunean geratu da

Hamahiru urte pasa ditu preso Atristainek, iragan abendutik hirugarren graduan zegoen eta martxoaz geroztik zigorra etxean betetzen ari zen kontrol telematikoarekin.


Desesperazioz RN bozkatu dutenak konbentzitzean datza ezkerraren erronka nagusia

Hirugarren kokatu bada ere, pozik izatekoa badu eskuin muturreko RNk: inoiz baino azkarrago da Frantziako Legebiltzarrean –2017an zortzi diputatu zituen, 2022an 88 eta orain 143–. Bere hauteslegoa azkarki emendatuz doan heinean, anitzez zabalagoa du oinarria:... [+]


Baionako bestetan jipoitu zuten 58 urteko gizon bat hil da

Jipoia uztailaren 11ko gauean izan zen Euskaldunen plazan, eta biktima gauean bertan ospitaleratu zuten Euskal Kostaldeko Ospitalean, Baionako prokuradore Jerome Bourrierrek informatu duenez. Atxilotutako gizona behin-behineko espetxealdian dago, Baionako fiskaltzak eskatuta,... [+]


Gasteiz Antzokia irekiko dute ostegunean Izaskun Arrue Kulturgune izenarekin

Ostegunean, 18:15ean irekiko dute Izaskun Arrue Kulturgunea (IAK), Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea batuko dituen egitasmoa. Ekainean udalarekin 2024ko hitzarmena sinatu zuenetik Lazarraga Kultur Elkarteak lehenbailehen ireki nahi izan du kultur-gunea. Irekiera ekitaldiaren... [+]


Eibar.org-eko blog komunitateak 20 urte bete ditu

20 urte bete ditu gaur-edo gure blog-komunitateak, Eibar.org webguneko blogak. Interneteko euskal munduaren historia txikiaren parte bat. 1998an Eibartarrak posta-zerrenda sortu zen. 1998-2000 tartean, halaber, webgune probisional estatiko gisa ibili zen martxan Eibar.org-en... [+]


Ostegun honetan aukeratuko dute Frantziako Legebiltzarrerako presidentea

Sei hautagai dira Frantziako Legebiltzarrerako presidente izateko lehian –ezkerretik bat, Macronen aldeko bi, eskuinetik bat, eskuin muturretik beste bat eta independente bat–. Horrez gain, dozenaka eragilek deiturik, FHB Fronte Herritar Berriaren garaipenaren... [+]


Mondragonen gidaritza hartu du Pello Rodriguezek, taldearen lehiakortasuna ardatz duela

Bilboko Euskalduna jauregian egindako urteroko kongresuan Mondragoneko lehendakariaren errelebo aldaketa irudikatu dute, orain arte taldeko buru izandako Iñigo Ucinek eta hemendik aurrera kargu hori hartuko duen Pello Rodriguezek. Horrez gain, hurrengo urteetarako bide... [+]


Israelek zortzi zibil hil ditu Libanon azken bi egunetan

Horietatik hiru haur siriarrak ziren, eta haien etxearen kanpoaldean jolasean zeudela hil dituzte, NBEak gaitzetsi duenez. Hezbollahk mehatxu egin du Israelgo zonalde berriei eraso egingo diela, Israelek azken egunetan Libanon egindako hilketen ondoren.


Mateo Balbuena borrokalari komunista hil da, 110 urterekin

1934ko Asturiasko Iraultzan, Eusko Gudarostean eta militar faxisten kontrako gerran aritu zen Lezaman bizi zen komunista amorratu eta aktiboa.


Eraso sexistei begira Baionako Herriko Etxeak duen jarrera salatu dute feministek

Baionako festetan errepikaturiko eraso sexistei dagokienez Herriko Etxeak politika eta erantzun eskasak bideratu izana salatu du Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak. Herriko kontseiluaren batzarrera sartzen saiatu dira 30 bat lagun, baina ateak hetsirik kausitu dituzte.


Kaleko Afari Solidarioak taldeak botako du txupina Donostiako Aste Nagusi Piratan

'Jalgi belak mastara, eta euskara plazara!' lelopean ospatuko dute Donostiako Aste Nagusi Pirata, abuztuaren 10etik 18ra. 


Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako

Sei urte ditu. Gustura ari zen da dantzan. Baina gurasoek jakinarazi digute utzi egingo duela dantza. Arrazoia? Eskolan burla egiten diote lagunek dantzan aritzeagatik. Sei urte. Eta dagoeneko genero estereotipoen indarkeria sufritzen. Nahikoa da! Gurasoak, eskolak, irakasleak,... [+]


Eguneraketa berriak daude