OTOITZ DOINUAK GREGORIANOZ


2021eko uztailaren 20an
Otoitz kantua da gregorianoa, latinez idatzia eta eliz, komentu zein monasterioetan abestua. Duela gizalde asko sortu bazen ere, Euskal Herriko hainbat tokitan oraindik bizirik dirauen musika mota da. "Cantate domino" lana Easo Abesbatzako Capella Gregoriana taldeak grabatu du, Aita Javier Irastortza O.S.B-k (Ordo Sancti Benedicti) gidatutako koroak. "Kanpotik ikusita gregorianoak hilda dagoen musika mota dirudi. Hori, ordea, ez da egia. Abesbatza asko eta askok abesten ditu horrelako kantuak, eta jai eta liturgia askotan jarraitzen da aspaldiko ohitura hau", dio Elkarlaneaneko Anjel Valdések. Eliz musikaren inguruan hainbat lan argitaratu izan dira aurretik. Duela hiru urte, adibidez, diskoetxe donostiarrak Ereski Abesbatzak grabatutako lan bat kaleratu zuen. Bestalde, Valdésen iritziz, hauxe da gregorianoen inguruan plazaratu duten bildumarik konpletoena. "Ereski Abesbatzarekin kaleratu genuena oso disko polita da eta interpretazioa oso egokia da. Baina lan honekin beste maila batera iritsi gara, batez ere lan oso konpletoa delako", dio Valdések. Gainera, luzera begira produktu iraunkorra izango dela uste dute diskoetxekoek.


Garai Bakoitzak Bere Kantua Du. Lau diskoz osatutako bilduma da "Cantate domino". Kanta gehienak VIII eta IX. mendeetakoak dira. Lehenengo hiru CDtan urteko garai zehatz batean abestu ohi diren kantak biltzen dira: "Puer natus" izenekoan, Eguberri garaiko abestiak; "Attende domine"n Garizuma eta Aste Santukoak; eta "Gaude Maria" izenekoan Ama Birjinaren egunetako kultoaren errepertorioa. "Pange lingua" tituludun lanean, berriz, gregoriano herrikoiaren abestiak jasotzen dira, herri fededunak edo eliz koroak kantatzen zuena eta oraindik zenbait elizatan entzun daitekeena. CD bakoitzak, gainera, CD-ROM bat eskaintzen du latinezko hitzen itzulpenekin, euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. Lau diskoekin batera gregorianoen bilduma honetan liburuxka bat ere eskaintzen du Elkarlanean argitaletxeak. Kanta bakoitzaren latinezko hitzak, partiturak eta garai bakoitza kokatzen duen txostena jasotzen da bertan. Guztia Aita Javier Irastortzaren eskutik. Anjel Valdésen iritziz, gregorianoa musika herrikoia da eta Euskal Herrian nahiko hedatua dago: "Beste musika herrikoi batzuek, trikitixak, esaterako, askoz ere jarraitzaile gehiago ditu. Hala ere, publiko oso fidela du gregorianoak". Duela urte batzuk Sony diskoetxeak Silos-eko monjeek grabatutako lanarekin sekulako salmenta zifrak lortu zituen. "Cantate domino" ezin da orduko lan harekin alderatu, Valdesen esanetan:"Gu beste maila bateko konpainia gara, lurralde eremu txikiagoan mugitzen gara. Orduan, gure publiko potentziala ere txikiagoa da, noski". Bestalde, diskoetxearen helburuak aurreikusitakoaren arabera betetzen ari dira. Kanpotik, batez ere, hedabide espezializatuetatik jaso dituzte eskakizunak, Radio Nacional de Españatik (Radio Clásica), kasurako. Eta horixe da, hain zuzen ere, kanpora begira argitaletxeak duen jomuga: leku berezituetara heltzea eta Fnac edo El Corte Inglés bezalako gune komertzialetan izatea. Urte baten buruan mila ale inguru saltzea espero dute Elkarlaneanekoek.

Grabaketa Neketsua. Ez da Capella Gregoriana Easok disko bat grabatzen duen estraineko aldia. Bai, ordea, estudioan egiten duen lehena. Aurretik bi lan zuzenean grabatu dituzte eta beste bi diskotan ere parte hartu dute abesbatza ezberdinekin. Lazkaoko koroak aspalditik zuen disko bat grabatzeko asmoa. Eta ahalegina ere egin zuten, baina, ez zuten zorte handirik izan. Orduan, Elkarlanean argitaletxearengana jotzea erabaki zuten. Diskoetxe donostiarrak gustura hartu zuen proposamena. Baina baldintza bat jarri zuen: lau CDtako bilduma bat kaleratzea. Aita Javierrek esan digunez, lau CD eta gehiago grabatzeko errepertorioa zuten, hala eta guztiz ere, erronka garrantzitsua zen. Gregorianoa "a capella" abesten den kantu mota da, hau da, ahotsa da abestian parte hartzen duen instrumentu bakarra. Bestalde, urteak pasa ahala zenbaitetan instrumentuez lagundua izan da. Lazkaon entseatzen duen koroak organoa sartu du kantu batzuetan. Gregorianoa "a capella" bakarrik abestu behar dela esaten duen jende asko dago. Aita Javier, ordea, zenbaitetan organua sartzearen aldekoa da: "Solesmes-en, gregorianoaren Mecan, organoa erabiltzen dute, baita beste hainbat tokitan ere. Nabarmendu gabe erabiltzen bada, lagungarria da". Joan den urteko martxoan hasi eta urrian amaitutako grabaketa lana Elkar estudioan burutu zuten Jean Phocas teknikari zutela. "Ostiralero lau orduko grabaketak egiten hasi ginen, baina estudioaren beste konpromiso batzuk zirela eta ezin izan genuen jarraipen bat izan", dio Aita Javier Irastortzak. Horren ondorioz, neketsua izan da grabaketa prozesua. Izan ere, hogeita bi pertsonako koroa saio guztietarako biltzea ez baita lan erraza. Nahasketa izan da, ordea, Anjel Valdésen ustez betebeharrik gogorrena. Hogeita bost kanta baino gehiago ditu CD bakoitzak. Abesti bakoitzetik hamar-hamabost hartualdi egin ziren eta horiek guztietatik bakarra aukeratu behar zuten. Horrez gain, zenbait abesti editatuak izan dira hartualdi ezberdinetako zatiak hautatu eta elkartuz. "Editajea oso lan eroa da eta Aita Javierrek estudioko lana bere eguneroko betebeharrekin konbinatu behar izan du. Gogorra izan da, baina azkenean denok pozik eta gustura gelditu gara", jakinarazi digu Valdések. Aita Javier Irastortzaren ustez, otoitzerako giroa sortzea da lan honen helburu nagusia: "Ez da nahikoa ongi grabatua eta ongi abestua dagoen diskoa kaleratu dugula entzutea. Teknikoki ongi kantatua ez badago ere, otoitz giroa sortzen badu nahikoa da niretzat".
Zazpi Urte. Capella Easo Gregoriana, Easo Abesbatzaren koroetako bat da. Taldea 1995ean sortu zen eta orduz geroztik ostiralero Lazkaoko beneditarren monasterioan entseatzen dute Aita Javier Irastortza O.S.B.-ren zuzendaritzapean. "Te Deum" bat izan zen koro hau sortzeko aitzakia, Easo Abesbatzak kantu hau abesteko intentzioa agertu baitzuen. "Te Deum"a polifoniazko kantu bat da, hau da, nota ezberdinak abesten dira batera. Bestalde, gregorianoa den zati bat ere badu. Baina, garai hartan Easo Abesbatzak ez zuen gregorianoa abesten zuen talderik. "Easo Abesbatzean seminarista izandako partaide bat zegoen eta taldea sortzeaz bera arduratuko zela esan zuen. Hamabi pertsonako taldetxo bat sortu eta nigana jo zuten zuzendaritza lanak egiteko eskatuz", dio Aita Javierrek. "Te Deum"a prestatu, grabatu eta pozik eta gogotsu zeudenez, taldearekin aurrera egitea pentsatu zuten. Gaur egun hogeita bi pertsonak osatzen dute Capella Gregoriana Easo Abesbatza. Kristautasunaren barruan sortutako kantu mota da gregorianoa. Gaur egun, batez ere, moja eta elizgizonek abesten dutelako dirau bizirik. Gizonez osatutako koroa da hau eta zuzendaria da abadea den bakarra. Beste partaide guztiak ezkonduak dira. Hala eta guztiz ere, askok seminarioan ikasi zuten, eta apaiz izandako bat edo beste ere bada.
Aita Javier ordiziarrak Frantziako Solesmes monasterioan egin zituen gregoriano ikasketak. Solesmes Le Mans eta Paris artean dagoen herri txiki bat da. Aita Javier bezala, beneditarra da monasterioan eta bere eliz eginkizun nagusia meza ondo prestatzea da. Guztia gregorianoz egiten dute eta mundu osoko jendea bertaratzen da egunero beren kantu eta otoitzak entzutera. "Gure ofizioa latinez egiten genuen eta latinez gregorianoa soilik abesten zen", diosku Aita Javierrek. Gregorianoa kantatzerakoan ahots askok parte hartu arren, guztiek nota berdina abesten dute aldi berean. Polifonia oso monasterio gutxitan lantzen da. Bartzelonako Monserrat monasterioan, adibidez, ahotsetara abesteko ohitura handia dago. Abatetxe honek XII. mendetik du gregorianoaz gain, polifonia ere lantzeko ohitura.
Garai batean Euskal Herrian asko kantatzen zen musika mota hau. Kanta batzuk euskaraz abesten ziren eta beste batzuk latinez. Ez ziren kanta asko, baina dezentetan errepikatzen ziren. "Aingeruen meza", kasurako, ingandero kantatzen zen. Horrez gain, parrokia bakoitzak normalean bere koroa izaten zuen eta polifonia lantzeaz gain, gregorianoa ere abesten zuten. "Nire koinatua arabarra da eta bere herriko apaizarekin igandero meza osoa gregorianoz abesten zuten. Astero, gainera, meza ezberdina kantatzen zuten", diosku Aita Javierrek. Azken berrogei urte hauetan, ordea, pixkanaka-pixkanaka galtzen joan da ohitura hau. Erroman, Vatikanoko Bigarren Kontzilioan eliz kantuetan herriko hizkuntza erabiltzen hasteko erabakia hartu zuten. Ondorioz, eta gregorianoa latinez abesten denez, emeki-emeki elizkizunetako errepertoriotik kentzen hasi ziren. Egin izan dira gregorianoen doinuak gazteleraz edo euskaraz abesteko frogak. Bestalde, Aita Javierren ustez, ez dira ongi gelditzen: "Goratzarreak edo himnoak abestu izan ditugu euskaraz, baina ez dira gregoriano puroak". Gaur egun parrokia gutxitan kantatzen da gregorianoa. Aita Javierrek esan digunez, parrokiako apaizaren araberakoa ere izan ohi da gregorianoa abestea. Lazkaoko beneditarren monasterioan egunero abesten dute zerbait, herriko mojek ere abesten dute tarteka, eta Arabako Estibalitz eta Nafarroako Leireko monasterioetan ere gregorianoa kantatzeko ohitura dute

VIII. mendean sortutako kanta mota
Gaur egun Erroma da erlijio katolikoaren zentroa. Antzina, ordea, Eliza bakoitza autonomoa zen. Erromako Elizak bere kantuak zituen, Galiako Elizak bereak eta Toledoko Elizak beste hainbeste. VIII. mendean Galiako erregeak eskatuta, Erromako Aita Santua Parisera joan zen bere liturgia liburu eta kantoreekin. Bilera horretan bi kantuak batzea erabaki zuten. Erromako hitzak eta doinua onartu ziren eta musikaren apainduretaz galiarrak arduratu ziren. Nahasketa horren ondorioz sortu zen gregorianoa. Izena Gregorio Deunaren omenez jarri zioten. Ehun urte lehenago hil zen beneditarra zen Gregorio Deuna, eliz munduan oso ezaguna eta musikan iaioa


Azkenak
Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Gernikako gaztetxe zaharra hartu dute berriro, itxi eta hamar urtera

Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]


Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


Daniel Noboa eskuindarra gailendu da Ekuadorko hauteskundeetan, eta oposizioak iruzurra salatu du

Bozen lehen itzulian pare-parean geratu ostean, inkesta gehienek aurreikusten zutena baino tarte handiagoa atera dio egungo presidenteak Luisa González hautagai correistari. Oposizioak "iruzurra" salatu eta botoak berriz zenbatzea eskatu du.


Analisia
Balantzaka gerrarantz

Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]


‘Oztopoen gainetik askatasunera’: Ernaik manifestaziora deitu du apirilaren 17an

Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko eta "eskuin erreakzionarioaren ofentsibari aurre egiteko" batuko dira. Egun horretarako Euskal Preso Politikoen alde antolatua zuten hitzaldia eta ekitaldia salatu du UPNk, eta hura zelatatzeko agindu du Espainiako Audientzia... [+]


Lau maki, 1947 eta 1948 urteetan Donostian erailak

Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.


2025-04-14 | Uriola.eus
Gerra finantzatzeari uko egiteko zerga desobedientziaren ekimena abian da

Ekimenak bakea eta justizia soziala sustatzeko proiektuak finantzatzea du helburu. Sustatzaile diren gizarte mugimenduek mezu argi bat bidali diete gobernuei eta armagintza industriari: "Ez dugu gerraren konplize izan nahi".


Analisia
Mikrofonoak antzokietan

"Eskatu txanda eta egingo dugu bat zurekin", esan dio estudioetatik ari den esatari prestu eta animatuak Bilboko kaleetan dabilen berriemaile gazteari. Aurkezlea entzuleei zuzendu zaie segituan. "Bien bitartean, Iruñera goaz...". Han zabaldu dute linea... [+]


Jardin bat zuretzat, Hipatia

Hainbat lorpen kolektiboan soilik egin daitezkeela esaten denean, lerro artean joan ohi da behin kolektiboan pentsatu, gogoetatu eta eztabaidatu ondotik heldu ohi direla, heltzekotan. Baina zerbait lortzeko, ezinbestekoa da pentsatzen jartzea. Ez baitira gauzak besterik gabe... [+]


Euskal armagintza industria eztabaidagai (I)
Industria militarrari buruz Jaurlaritzak eta Zedarriak enpresari foroak planteatutako eztabaida irekitzen

Urtearen hasieran, Zedarriak taldeak "defentsaren" industriari buruzko "eztabaida irekitzearen" alde egin zuen publikoki (baita nuklearrari buruz ere), eta Eusko Jaurlaritzak berehala egin du bat horrekin. Lehenik, Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia... [+]


Semaforoa gorri, etsaien engainagarri

Gaur aurkezten dugun intsektuaren izen zientifikoak, besteak beste, bi gauza azaltzen dizkigu: alde batetik, gorria dela (ez erabat) eta ez duela hegorik. Okerrak ez dira biak ala biak, baina gorria ez da bere kolorazio bakarra, eta hegoak ere izan baditu, baina beraien tamaina... [+]


2025-04-14 | Jakoba Errekondo
Bizi Baratzearen lurreko ekosistema oparoa

Apirilak asaba zaharrengana garamatza. Apirila urte osoaren gakoa izango da. Lurrak antolatzea, ongarriketa osatzea, haziak plantatzea, pardak, makilak, sareak, lokarriak atontzea… Hamaikatxo lan bada, sasoi berrirako urratsik handiena, gero uda eta udazkena azkurriz eta... [+]


Eguneraketa berriak daude