MCC-K FAKTURAZIOA ETA IRABAZIAK BIKOIZTU NAHI DITU


2007ko otsailaren 21ean
MCCk edo Mondragon Korporazio Kooperatiboak 2001eko ekitaldia ixtearekin batera osatu du 2001-2004 Plan Estrategikoaren lehen urtea. Iazko bigarren seihilekoan moteldu egin zenez ekonomia, uste baino zifra apalxeagoak izan dituzte azkenean, baina, hala ere, MCCko Jesus Catania lehendakariak adierazi duenez, ez dituzte aldatuko planean seinalatu zituzten helburuak. Erakundeko arduradunen iritziz, aurreikusi baino urrixeagoa izango da 2002. urtea, baina ziur daude 2003 eta 2004 urteetan iritsiko direla markatu zituzten mailetara.

MCCren 2001-2004 planean markatzen denez, 2001eko nahiz 2002ko emaitzak gorabehera, erakundeak ia bikoiztu egin nahi ditu egitamuaren azken urterako, hots, 2004rako, bai arlo industrialeko eta banaketako fakturazioa (14.000 milioi euro), bai mozkinak (ia 800 milioi euro), bai produkzio zentroak (23 zeuzkan 2000. urtean eta 57 izan nahi ditu 2004an). Epea amaitu aurretik, 69.700 lagun ingurutsuko plantilla osatzea ere espero du.
2001EKO EKITALDIA, USTE BAINO URRIXEAGOA. Barruko nahiz kanpoko ekonomiaren hazkunde ez hain handiak baldintzatu du 2001eko ekitaldia, baina, nolanahi ere, MCCk jakin du egoera horretara moldatzen. Arduradunek diotenez, nahiz eta eskaeran merkatuko baldintza txarrak nabaritu dituzten, nahiko hedapen handia lortu dute barruko zein kanpoko salmentetan. Horrez gainera, aski ongi bete zaizkie enplegua sortzeko eta nazioartera zabaltzeko markatu zituzten helburuak.
Hiru talde hartzen ditu MCC korporazioak: industriakoa, banaketakoa eta finantza-aseguruetakoa. Lehen bi taldeei dagokienez, ondoko zifra hauek ageri dira 2001. urtean. MCCk, iaz, 8.028 milioi eurotik gorako salmenta egin zuen; 2000. urtean, 7.065 milioi eurotik gorakoa. Hortaz, %13,6 inguruko igoera guztira, nahiz eta %17ko aurreikuspenera heldu gabe gelditu. Iazko inbertsioetan, bestalde, 907 milioi eurotara iritsi zen: 2000n baino %22,9 gehiago. Irabaziei gagozkiela, berriz, 2000koak baino urrixeagoak dira 2001ekoak. Ondoz ondo, 405 bat milioi euro 2000n eta 400 bat 2001ean.
Pertsonalaren saileko datuek erakusten dutenez, MCCk 59.827 enplegatu zeuzkan 2001ean eta 53.377 2000n: %12,1 inguru hazi da plantilla, beraz. Bestela esanda, 6.450 lanpostu sortu zituen iazko urtean. Atal horretan, bestalde, hauxe da azpimarratzekoa: 2001. urtearen bukaeran, 5.725 enplegatu zeuzkan atzerriko sozietate afiliatuetan (1.060 langile gehiago urtebeteren buruan; %23 inguruko hazkundea, ehunekoetan adieraziz gero).

TALDE INDUSTRIALA.

Talde osoari, oro har, okertu egin zitzaizkion egoera ekonomikoaren adierazleak, 2001. urtean barrena. Dena dela, egoera zertxobait normalizatu zitzaion zantzuak ere nabaritu zituen urteko azken hilabeteetan. Taldearen barruan, ekipamenduko ondasunak eta automobilgintzako osagaiak eta ekipamenduak fabrikatzen dituztenek atera zuten etekin onena. Lehen kasuan, makina-tresnen produkzioak barruko sektorean marka hautsi zuelako gertatu zen; bigarrenean, berriz, beste negozio unitate batzuk martxan jarri zituztelako. Talde industrial honek 3.428 milioi euroko salmenta kontabilizatu zuen 2001ean; 2000n baino %8,1 gehiago saldu zuen, beraz.
Iaz, ingeniaritzako eta ekipamenduko ondasunetako dibisioak eta automobilgintzakoak izan zuten hedapen dinamikoena, %20tik gora hazi baitzen salmenta, hala batean, nola bestean. Zifretan adierazita, 316 milioi euroko salmenta eta 737 milioi eurokoa izan zuten, hurrenez hurren. Horien ondotik, makina-tresnen dibisioa gailendu zen hazkunde bizkorrean, 175 milioi euroko salmenta kontabilizatu baitzuen (%16,3ko igoera, 2000. urtearekin konparatuta).
Kanpoko merkatuetako iazko salmentei dagokienez, makina-tresnetako eta automobilgintzako dibisioak ageri zaizkigu gailurrean. 2000. urtearekin alderatuz gero, %35eko igoera eta %29,5ekoa izan dute, ondoz ondo. Automobilgintzaren kasuan, esportazio propioekin batera, Erresuma Batuko eta Hego Amerikako (Brasilgo instalazio berriak barne) produkzio zentroek saldutakoa hartu behar da kontuan.

FINANTZEN TALDEA.

Lau jarduera biltzen ditu MCCko finantzen taldeak. Zeinek bere ezaugarriak dituen arren, elkarren artean ondo erlazionaturik daude, finantzetako nahiz merkataritzako funtzioetan batera aritzeko. Horrela, Euskadiko Kutxak jarduten du bankuen alorrean, Aroleasingek eramaten ditu finantzetako errentamenduak eta Lagun Aro arduratzen da MCCko taldeen prebisio sozialaz nahiz partikularren aseguruez.
Euskadiko Kutxa, iazko urteari oro har erreparatuta, nahiko gustura gelditu zen emaitzekin, batik bat bere betiko negozioari dagozkienekin, nahiz eta zailtasun dezente izan zuen aurreikusitako irabazien muga iristeko. Alde horretatik, %12,4 igo zitzaien bitartekotzako marjina, 2000tik 2001era, eta bistan gelditu zen betiko negozioaren finkotasuna. Ekitaldietako irabazia, aldiz, %3 jaitsi zitzaien 2000tik 2001era, 107 milioi eurotan gelditu baitzitzaien azkenean. Euskadiko Kutxaren kasuan, aurreko urteetan bezala, baliabide propioen maila handia da nabarmentzekoa, eta, horien barruan, kontsolidatzekoen multzokoena. Iazko ekitaldia itxitakoan, 923 milioi eurokoak ziren baliabide propioak, eta 426 milioi eurotako superabita erakusten dute, Espainiako Bankuak eskatzen duenarekin konparatuz gero.
Iazko ekitaldiaren bukaeran, 114 kooperatibatako 25.950 mutualista zeuzkan Lagun Arok. Inoiz ez bezalako hazkundea izan zuen 2001. urtean: 1.715 mutualista gehiago erregistratu zituen. Iaz, 41 milioi euro baliatu zituen banaketako prestazioan edo epe laburreko prestazioan, eta honako behar hauek babesteko erabili zuen diru gehientsuena: aldi bateko ezintasunak (21 milioi euro, totalaren %46,2) eta osasun zerbitzuak (16 milioi euro, totalaren %36,34).
Aseguruen arloko nahaste handiak gorabehera, oso etekin ona izan zuen iaz Lagun Aro konpainiak. Guztira, 144 milioi euroko diru sarrera kontabilizatu zuen. Hortaz, %16ko igoera izan zuen 2000ko ekitalditik 2001ekora. Aseguruetako primei dagokienez, 109 milioi euroko diru sarrera erregistratu zuen (%26,5eko igoera, beraz). Azkenik, primengatiko igoera konpainiaka banatuz gero, %20koa izan zuen Lagun Arok eta %45ekoa Lagun Aro Bizitzak

Eroskik hedatzen segituko du: 9 hipermerkatu eta 100 supermerkatu ire kiko ditu aurten
MCC taldeko banaketa taldeak, hots, Eroskik, penintsula guztian tokia hartzen segitu zuen iazko urte osoan eta 2002an ere berdin jokatzeko asmoa du. Aurreikusitakoaren arabera, bederatzi hipermerkatu eta ehun supermerkatu eta denda zabalduko ditu urtea bukatu aurretik. Jomuga betez gero, honenbesteko azpiegitura izango du Eroskik, 2002aren amaieran: Eroski edo Maxi izeneko 64 hipermerkatu, Consum izeneko 800 supermerkatutik gora, Charter izeneko 624 autozerbitzutik gora, 25 cash&carry, 246 bidaia agentziatik gora, 33tik gora gasolindegi, Forum izeneko 10 kirol dendatik gora eta 84 perfumeriatik gora.

Horrelaxe da iazko ekitaldiko emaitzak aurkeztean Constan Dacosta lehendakariak eman zuen informazioaren argitan. Eroskik 4.579,6 milioi euroko salmenta kontsolidatuekin itxi zuen 2001eko ekitaldia (2000n baino %8,79 gehiago). Zifra horri 5.373 milioi euro erantsi behar zaizkio, taldearen salmentako zentraleko "kate aliatuen" operazioak kontuan hartzen badira. Zergak pagatu osteko irabazi garbiei erreparatuz gero, Eroskik 80,5 milioi euro irabazi zituen 2001eko ekitaldian, hau da, 2000n baino %12,6 gehiago. Inbertsioetan, berriz, %35eko hazkundea izan zuen epe horretan: 557,7 milioi euroko mugara iritsi zen. Eroskiren plantilla ere nabarmen hazi da urtez urte. Iaz, 27.701 enplegatu zeuzkan ekitaldia itxi zuen garaian.
Elikagaien negozio nagusiaren inguruko negozio espezializatuak indartu nahi ditu Eroskik. Estrategia horren erakusgarri dira Forum markako kirol dendak eta antzina ez dela erosi duen 84 perfumeriako katea, zein, hain zuzen, marka bakar baten barruan antolatu ondoren, hedatzen hasi nahi baitu uda igaro eta gero.
Salmentako beste zerbitzu bat hedatzeko asmotan ere badabiltza Eroskiko arduradunak. Urte osoko eta 24 orduko zerbitzua izango litzateke. Kaleko saltokiak izango lirateke, 200 produktu izango lituzketen makinak (alkohola izan ezik) eta ordaintxartelez bakarrik funtzionatuko luketenak. Dagoeneko, Iruñean ari dira esperimentatzen, eta, emaitza ona izanez gero, Espainia guztian jarriko lituzkete


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude