KULTUR POLITIKAK ZIRT EDO ZART EGIN BEHARREAN

  • Garapen Eskeman berealdiko bi atal daude: hizkuntza politika eta kulturatalak. Hizkuntza politikari nolabaiteko irtenbide bat ematen ari zaion bitartean, herriko kultur elkarteak eta ekimenak bideratuko lituzkeen premiazko politikakomun bat bideratu beharrean dago.

2021eko uztailaren 20an
Garapen Eskeman hizkuntzarena da atal bereziena. Garapen Kontseiluak Hautetsien Kontseiluari hizkuntzari buruzko proiektuak bideratzeko atal berezi hau sortzea proposatu zion, hots, Hizkuntza Kontseiluaren gauzapena ekarri zuena. Frantziako instituzioek ez zuten argi ikusten atal hori gauzatzea, gaur gaurkoz, legeak ez baitie hizkuntza gutxituei eskumenik aitortzen. Hori da oraindik ere gainditu beharreko koska.

Hizkuntza Kontseiluak hartu zuen funtzio berezi hori. Hautetsi Kontseiluaren eta Garapen Kontseiluaren arteko harremanak hobekiago koordinatzeko Garapen Kontseiluko talde kudeatzailea handitu zen hartara. Battitta Boloki zen Garapen Kontseiluko zuzendaria ordura arte, eta harrezkero, bigarren zuzendari bat dauka talde honek: Jean Claude Iriart. Honela azaldu digute biek hizkuntza politika atalaren bilakaera: «Legeak ez du hizkuntza txikituei buruzko politika bat aurreikusten, baina ez du erraiten ere populu hauek ez dutela deus egiten ahal. Hartara, instituzioei elkarren artean aritzea proposatu genien egitura berezi hau sortzeko. Estatuko, erregio eta departamenduko instituzioek onartu zuten». Hizkuntza Kontseilua Euskal Herriaren izenean muntaturiko ‘sindikatu’ bat da, emeki-emeki hizkuntza politika bat sortzen joanen dena, bi zuzendarien ustez.
Hizkuntz politikak berebiziko munta dauka. Hitzarmen Berezia indarrean jarri arte ez zen batere landu izan. Harrezkero, ordea, Gidaritza Batzordeak hainbat proiektu martxan ezarri ditu, baita hitzarmenean aurreikusita dagoen diruaren parte garrantzitsua erabiltzen hasi ere.


821.544 EURO ZORTZI ARLOTAN.

Gidaritza Batzordeak joan den apirilean burutu zuen azken bileran aurrekontuaren (400,231 milioi euro) %21,5 erabili dituela eman zuen aditzera, hau da, 86,03 milioi euro inbertitu dira dagoeneko. Hizkuntza Kontseiluak hamar arlo aurreikusia ditu bere plangintzan proiektuentzako. Gidaritza Batzordeak 821.544 euro banatu zituen zortzi arlotan gauzatzen ari diren proiektuak bultzatzeko, hots, aurreikusita dagoen diruaren %22. Arlorik arlo, hauek dira euskararen normalizazioa lortu aldera erabili izan diren diru kopuruak: Hizkuntza Kontseilua sortzeko 142.387 euro zuzenduak daude eta 91.469 erabili dira dagoeneko: %64. Euskal Irakaskuntzari buruzko informazioa sustatzeko 74.242 euro aurreikusita daude eta 52.137 euro erabiliak dira: %73. Eskola inguruko ekintzen arlorako 93.805 euroetatik 41.161: %64. AEK edota formakuntza jarraikirako 177.908 eurotik 77.748: %44. Euskaltzaindiaren ikerlan programarako 173.133 eurotik 128.209: %72. Iker sailaren egoitza sustatzeko aurreikusitako 112.812 euroak erabili dira, hots, %100. Euskarazko ikastresnen ekoizpenerako 266.785 euroetatik 116.797: %44. Euskal Irratiek 131.563 euro aurreikusia dute eta 106.714 erabili dute: %81. Euskal Telebistaren zabalkuntzarako 60.979 eurotik 30.489: %50. Azkena, hamargarrena, hedagailu teknologia berriak delako arloari dagokio, euskara Internet sarean sartzeko aurreikusia. Arlo hau ez da finkatua orainokoan, eta beraz, ez da batere dirurik eman.



PLAN ESTRATEGIKOA.

Arestian aipaturiko arlo hauekin batera Hizkuntza Kontseilua plan estrategikoa lantzen ari da hizkuntz politika zehatza bermatzeko. Plan estrategiko honek inkesta soziologikoa izan du abiapuntu. Euskal Herriko lehen inkesta 1991ean burutu zen, bigarrena 1996an, bost urtero egiten da. Iparraldean, III. inkesta aurtengo urtarrila eta otsailaren artean burutua izan zen. 1.600 pertsona galdetuak izan ziren: 600 BAM barrutian, 500 Lapurdi barnealdean, eta beste 500 Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Iparraldean, inkestaren ardura Hizkuntza Kontseiluaren esku izan da. Kontseiluko Eguzki Urteaga idazkari nagusia mintzatu zaigu honetaz: «Lehen emaitzak ekain honetan ezagutaraziko ditugu, Gasteizen. Balorazioa, berriz, irail edo urria aldean burutuko dugu. Inkesta berriak, ziur aski, 1996an agertu zituen joera gehienak baieztatuko ditu. Inportanteena orain zer-nolako segimendu mota emanen zaion ikustea da. Perspektiba horretatik, Hizkuntza Kontseiluaren egitasmoa plan estrategikoa gauzatzea da».


KULTURAREN ATALA, ZAILA.

Kultura atala ez da oso garatua izan orain arte. Sei proiektu biltzen ditu, baina aurreikusitako diruaren %9 baino ez da erabilia izan orainokoan: 1. proiektuak Euskal Herriko ondareak antolatzea xede du, Baionako Euskal Museoa eta Irisarriko Ospitale etxean oinarritua. 2.ak kultur ondareak teknologia berrien bidez hedatzea. 3.ak departamenduko Artxiboen politika gauzatzea. Gaia zaila da, zuzendarien esanetan gai politikoa baita. Artxiboen kudeaketa departamenduaren eskumen gisa ikusia dago-eta. 4.a Santiago bidearen atontzeko da eta 5. proiektua gaskoi kulturaz arduratzen da. Azkenik, 6. proiektuak herri elkarteak eta zentro profesionalen arteko kultur politika komun bat eratzea du xede. Atal hau zailena da inondik ere. Itsasaldeko hirietan eta barnealdeko herrietan ari diren elkarteen arteko lan komuna gauzatzeko xedez planteatua baita. Barnealdeko kultur elkarteek zailtasun ekonomikoak izan dituzte betidanik eta administrazioarekiko harremanak ez dira onak izan beren egitasmoak finkatzeko orduan.
Zuberoako Uhaitza, Hazparneko Eihartzea eta Izurako Haize Berri elkarteek Garapen Eskemaren hasierako egituraketan parte hartu zuten. Donibane Garaziko Garazikus elkartea gehitu behar zaie hauei egun. Elkarte hauek kultur bizitza sostengatzen dute barnealdean. Garapen Kontseiluak Hitzarmen Berezia gauzatu ondoren harremanak finkatu nahi ditu elkarte hauekin. Uneon, barnealdeko elkarteek daramaten kultur lanari buruzko azterketa bat ari da egiten, elkarte hauekin batera proiektu komun bat garatzeko.
Bestalde, hiriko kultur zentro profesionalak daude: «Biarritz Culture» eta Baionako «Scène Nationale», kasu. Hauen artean Uztaritzeko EKE dago. EKEk kulturaren kudeaketa hartzen du oro har, baina tokian tokiko elkarteen ekimen guztiak ez dira agertzen bere programazioan. Arestian aipaturiko lau elkarteek beren dinamika propioa dute. Garapen Kontseiluko zuzendariek afera honela ikusten dute: «Barnealdeko kultur elkarte horietako partaideak uzkur azaltzen dira. Gure xedea beren proiektuak proiektu orokor batean uztartzea da. Alta, asmo hori ‘konkurrentzia’ gisa ikusten dute. Azterketa bat burutzen ari gara eta laster ezagutuko ditugu emaitzak». Proiektu hau burutzeko, 5.259.491 euro aurreikusita daude.

EIHARTZEA ETA UHAITZA.

Lau elkarte hauetako bi kidekin mintzatu gara Hitzarmen Bereziaren ondoko garai honetaz. Pantxix Bidart Eihartzeako kidea da: «Gu itsasaldeko kultur zentroek irentsiak izateko beldur gara, ez ote garen bigarren maila batean geldituko-edo». Pantxix Bidarten esanetan, Hitzarmen Bereziaren karietara kultur ikuskizunentzako hainbat areto eraikiak izan dira, eta orain areto horiek biziarazteko kultur programazioak osatu behar dituzte. Areto horiek kulturaren emanaldiak eskaintzeko sortuak dira, baina, batez ere, hiri handietan ekoizturiko ikuskizunentzako leku izanen direla uste du. Herrietako kultur taldeen sorkuntza lanak onak izanik ere, ez ote diren bazter geldituko, galdetzen du. Bere hitzetan, erronkak ikuskizunak barnealdean eta itsasaldean eskaintzea izan behar luke: «Kostaldeko aretoek ez dituzte kontuan hartzen barnealdean ekoizten diren kultur emanaldiak, programetan konpainia profesionalak agertzen dira batez ere. Bestelako urratsik ez da eman orainokoan. Gu dudakor gara Garapen Kontseilutik heldu den gogoeta horrekiko. Horretan ari gara, baina ez dakigu sartu behar ote garen beraiek egiten dizkiguten proposamenetan. Irudi du beren eskaintzaren bidez, kultur etxe hauen zeregina bere gain hartu nahi dutela. Funtsean, eztabaida hauxe da: aitzinatzean elkarrekin aritu behar dugu? Hots, haien diru laguntza onartu edo bakoitzak bere bidean segitu?».
Zuberoako Uhaitza kultur etxea 22 elkartez osatu da. Garai zailak bizi ondoren, dinamika berri eta itxaropentsu bat hasi berri du. Kultur etxe honetako Mixel Etxekopar kidearen esanetan, elkarteak lehenengo helburu berberak atxikitzen dituen arren, Uhaitzaren funtzionamendua aldatu da. Alta, Hitzarmen Berezia garai berean gauzatu da eta Garapen Kontseilutik proiektu komun eta berria garatzeko eskaintza heldu zaie: «Gu dudakor gara. Beren asmoak errespetatzen ditugu, baina sobera handiak dira guretzat. Guk, kultur munduan, hemengo kargudunekin izan ditugun esperientziak ez dira onak izan, eta are gutxiago itsasaldeko hiri handietakoekin. Haiek dute ahalmen eta diru gehien. Orain arteko harremana zaila izan da, edo harreman eza hobeki erranik. Baionako antzokiarekin edo Miarritzeko kultur elkartearekin, kasu, harreman gaitzak izan ditugu. Hemendik abiaturiko dinamika kulturalak oso gaizki hartuak izan dira historikoki. Funtsean ez dugu mintzakidetzarik antolatu, eta orain ez da proiektu komun bat garatzea aise izanen. Hala ere, aldi berean, irekiak eta baikor gara proposamena aztertzeko»

Eguzki Urteaga, Hizkuntza Kontseiluko idazkari nagusia
Eguzki Urteaga, Hizkuntza Kontseiluko idazkari nagusia
Frantziako Estatuan hizkuntza gutxituak ez dira ofizialak. Nola garatu daiteke euskararentzako hizkuntza politika bat administrazio honen barnean?

Hitzarmen Berezia planteamendu honetatik abiatu da: Ipar Euskal Herrian ez dago politika linguistiko bat funtzionamenduan ezartzeko -eskuduntzak dituen- instituziorik, ez dago Kultura edo Hizkuntza Ministeriorik. Alabaina, bertako instituzioei ezerk ez die debekatzen euskararen aldeko politika bat antolatzea. Hitzarmen Bereziaren barnean garatzen ari den hizkuntza politika planteamendu honetatik abiatu da. Orduan, definitu gabeko esparru juridiko horretan ari gara lanean.

Zer da Obragintza Publikoa?
Obragintza Publikoa Hitzarmen Bereziaren ondorioz sorturiko esparru horretan ari den egitasmoa da, oso egitura orijinala da. Obragintza Publikoa maila ezberdinetako instituzio ezberdinek osatua, Estatutik hasita, Erregioak, Departamenduak eta Herriko Etxeek osatua. Obragintza Publikoaren lehen bi zereginak hauek dira: bere egitura finkatzea, eta instituzio hauek benetako politika linguistikoa beren gain har dezaten. Hori litzateke gaurko esparru juridikoan politika linguistiko bat abian jartzeko soluziobidea.

Egiturarik gabeko «instituzio» bat dela esan daiteke?
Oraingoz egitura informal bat da. Lurralde Antolaketa eta Garapen Eskema kudeatzen duen taldea da bere oinarria, Jean Claude Iriart eta Battitta Boloki zuzendariak dituena. Formarik gabeko instituzio honetan, eragile ezberdinak elkartzen dira proiektu ezberdinak finantzatu ahal diren erabakitzeko, eta baiezkoan, hitzarmen bat adosten da.
Teorian Obragintza Publikoa da finantzamenduaren kudeaketa daramana, baina finantzamendua Estatuari, Erregioari, Departamendua eta Herriko Etxeei eskatzen zaie, modu berezi batez eskatu ere. Gaur egun ez dauka izateko fisikorik, gorputz hezurdura bat da, artean, berau, nolabait, osatzen edo betetzen ari da.

Bide honetatik berezko eskumenak izango lituzkeen instituzio bat gauza al liteke?
Hizkuntza Kontseiluaren administrazio kontseilua Obragintza Publikoan dago, eta hau lau elkargok osatua dago, lehendabiziko elkargoa botere publikoak osatua delarik. Gorputz hori bete ahala instituzio bat gauza liteke agian, urteen poderioz. Hau da, zuzendariaren figura sortu liteke, baita egitura egonkor bat ere. Finean, euskalgintzan diharduten eragileek mintzakidetza zehatz eta bakar bat izan dezaten.

Zer-nolako harremana dago egun euskalgintzako elkarteen eta botere publikoen artean?
Horri erantzuteko, azken hogeita bost urteetako harremana zein izan den kontuan hartu behar da. Elkarte eta botere publikoen arteko harremana oso gatazkatsua izan da, tentsioz beterikoa. Ondorioz mesfidantza gisako bat sortu da, eta dago. Pixkanaka elkarlana gauzatzen hasi da, Hitzarmen Berezia lehen gauzapen honen adierazpena da. Baina dena ez dago konponduta, hitz egiten jarraitu behar dugu, proiektu komunak aurrera eramanez, hitz batez esanda: eraikitzen.

n Zein da asmo hori gauzatu dadin gakoa? Nola jokatu behar du Hizkuntza Kontseiluak bitartekaritza horretan?
Bi modutara bereziki: alde batetik, elkarte eta botere publikoen arteko harremanak bideratzen, gatazkak sortzen diren kasuetan bitartekaritza lana proposatzen. Bestetik, eragile guztiak koordinatzen hasi behar dugu, bakoitzaren egitekoa zein den ezagutzeko. Gaur egun, egitura asko dago, eta maiz, haien egitekoak gurutzatzen dira eta elkarri traba egiten diote, horrek gatazkak eta eraginkortasun eza eragiten ditu. Une honetan koordinazio eta bitartekaritza hori burutzen ari gara

Jakes Bortairu, AEKko kidea
Jakes Bortairu, AEKko kidea
Antolakuntza Eskema sortu (1992. urtea) eta Garapen Kontseiluak bideratu duen Hitzarmen Berezia (2000. urtea) bitarteko denboraldi honen emaitza konkretuak aztertuz gero, bilana argi ilunez betea dugu. Hizkuntzari dagokionez, adibidez, ez da dudarik aintzinamendu garrantzitsuak gertatu direla, euskaltzaleen mobilizazio eta presioa tarteko. Hizkuntza politika, lurraldeko garapen orekatu bati begira, beste atalen ondoan onartu eta aitortua izan da. Horren gogoetatzeko elkargunea sortu da (Hizkuntza Kontseilua) eta diru laguntza berriak emanak izan zaizkie euskararen alde ari diren elkarte batzuei. Aldiz, erakunde publikoen aldetik hizkuntz politika hori deliberatzeko egitura eskas da oraindik, eta beren esku dauden neurri konkretu guziak ez dira bideratu. Diru laguntzak minimoetan gelditzen dira, euskarari berdintasun tratamendua eskaintzetik oso urrun. Estrategikoa den hezkuntza sisteman urrats mugatuak eman dira eta mende honen hasieran Iparraldeko haurren gehiengo zabalak ez du gure hizkuntzaren berri eskola denboran. Azkenik, euskara «legez kanpo» gelditzen da oraino, inolako babes ofizialik gabe eta euskaldunen hizkuntz eskubideek ukatuak jarraitzen dute.

Baina, bilana egiterakoan, prozesuak berak eragin dituen hainbat bilakaera politiko ere kontutan hartu behar dira. Alabaina Antolakuntza Eskeman parte hartu dutenek ariketa didaktikoan murgilduak egon dira eta askoren ikusmoldea aldatuz joan da. Lehen aldikotz jende ainitzentzat, Ipar Euskal Herria azterketa koadroa eta proiektu orokor baten esparrua izan da. Lurraldea, nortasun kolektiboa -eta euskara bereziki- eta garapen orekatua arras lotuak agertu dira hausnarketa guztian zehar. Horrez gain, etorkizuneko ildo estrategikoak definitzerakoan, horien bideratzeko baliabide politiko eta ekonomikoen gaiarekin topo egin dute partaide guztiek. Horrela, instituzioaren gaia (departamendua edo beste) albora ezina bihurtu da, ez ordu arte abertzaleen eskakizun gisa soilik, baizik eta behar konkretu bezala.
Galdera bat zintzilik gelditzen da halere: Antolakuntza Eskemak- eta oro har, prozesu osoak- zer funtzio bete izan duten Ipar Euskal Herriko bizi politikoan. Poderearen eta Iparraldeko klase politikoaren aldetik, beste aldaketa sakonagoak -Ipar Euskal Herriaren berezko instituzioa, besteak beste- saihesteko pentsatu eta kudeatua izan da: jendarteko hainbat sektore gogoetaldi eta egituretan inplikatu, denbora irabazi eta ahal bezain gauza gutti aldatu. Beste batzuen aldetik, berriz, energia eta indar ainitz xahutuak izan dira urrats ttipi eta lorpen didaktikoen bide honetan. Iritsi garen puntura iritsita, alde bakoitzak erdipurdiko balorazioa egiten ahal du. Irekitzen den fase honetan, ezagutu ditugun hautsi-mautsiek ba ote dute etorkizunik?


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude