«Euskalgintzan egiak edo egi parte batzuk kontatzen has gintezke»

Zure lehen nobela kaleratu berri duzu: «Odolbildua». Istorioa nola doan korapilatzen deigarri egin zaigu, baita pertsonaien pisua ere...

Jolas bezala asko gustatzen zait istorioa korapilatzea, konplexutasuna lortzea. Narrazioan zerbait gustatzen ez bazait, pertsonaia lauak eta istorio lauak dira. Kasu honetan, istorioaren ari narratiboa oso argi neukan idazten hasi aurretik. Bigarren mailako pertsonaia ia guztiak, berriz, nobela idatzi ahala sortzen joan dira. Zergatik? Pertsonaia beraren nortasun eta konplexutasun hori, beste pertsonaiekiko harremanean eraiki nahi nuelako. Harreman dialektiko bat badago hor, niri ez baitzaizkit pertsonaia isolatuak gustatzen. Ez nituen deskripzio bidez agertu nahi pertsonaiak, eta ez nituen psikologikoki deskribatu nahi; egiten eta esaten zutenaren bidez agertu nahi nituen, alegia, elkarrizketen eta ekintzaren beraren bidez. Beraz, azkenean pertsonaia batek gorputza hartzen doan neurrian eragiten die inguruko pertsonaiei ere.

n Eta zergatik kokatu duzu istorioa 50eko hamarkadan, eta zergatik Nerbioi bazterretako herrietan?
Egia da istorio hori bera, aldaketak sartuta, koka zitekeela gaur egunean eta beste edozein portutan; istorioa kontrabandoaren inguruan korapiltzen da, eta kontrabandoa beti egon da, eta toki guztietan. Egia da, baita ere, nahiz eta istorioa fikzioa izan, fikzio horrek balio duela gaurko errealitateko gauzak islatzeko, eta ez 1950eko Portugaleteko errealitatea bakarrik. Baina hori ez da batere kontzientea izan. Nobela honek ez du mezurik, edo ez dut mezu jakin bat eman izan nahi behintzat. Nik bakarrik kontatu nahi nuen niri erakargarri egiten zitzaidan istorio bat.
Zergatik, orduan, 50eko hamarkada eta zergatik Portugalete? Galdera hori erantzuten ikasi dut argitaratu ondoko elkarrizketetan, ze nik ez nuen modu kontziente batean aukeratu. Agian erronkatik bazuen zerbait: justu nik ezagutu ez nuen garai eta kokagune geografiko bat aukeratuta, nire buruari zailago jartzen nion nobela idaztearen apustua. Horrek dokumentazio lana eskatzen zidan, eta baita halako autosugestio lan bat ere, idazteko aurrena nire burua garai eta toki hartan kokatu behar bainuen. Jendeari fikzio bat, gainera urruna dena kokapen aldetik, sinesgarri egin ahal izateko, lehenengo zeure buruarentzat sinesgarri izatea lortu behar duzu. Polita izan zen hori. Erronka izateaz gain, kokapen tenporala eta geografikoa nolabait esateko "birjina" izatea bera ere gustagarria egin zitzaidan.

n Altzakoa zara, Pasaiako portua gertu gelditzen zaizu… Pixka bat etxekoia ere bazitzaizun nobelan azaltzen duzun portuetako giro hori?
Altzako auzo batekoa naiz, Herrerakoa. Eta Herrerak Pasaiako portuaren puska bat hartzen zuen justu ni haurra nintzela, eta haurtzarotik oso portu zalea izan naiz. Baina ez arrantza portu txikien zalea, fuel mantxa eta burdin metatuz jositako "zikinkeriazko" portu zalea baizik. Arrantzatzen genituen arrainek jaterakoan fuel usaina zuten. Zapore bezala ez zait gustatzen, baina ingurune bezala asko maite dut. Alde horretatik egon daiteke nolabaiteko antzekotasuna Nerbioi edo Abra inguruko portu horiekiko.

Kazetari ere izan zara, justu ARGIAren garai gogorrenetan hasi zinen...
Nik ez dut «kazetari» izan naizen sentsaziorik. Hainbat kazetaritza proiektutan murgildu izan naiz, eta objektiboki kazetari lana ere egin dut, baina inoiz ez naiz bokazioz kazetari izan.
Argian sartu nintzenean, euskal kulturako jendearen artean iritzi orokorra zen euskal prentsak ez zuela etorkizunik, prentsa elebiduna zela etorkizuna. Gainera, hainbat sektoretatik esaten zitzaigun onena ixtea zela. Gure proiektua, euskal prentsak merezi zuela eta bere lekua bazuela frogatzen saiatzea zen. Hori izan zen motibazio nagusia. Ez zegoen dirurik, sekulako zuloa zegoen, eta beraz biziraupen proiektu bat izan zen, eta ez besterik.
Nik bizi-esperientzia aldetik baloratzen ditut hamar urte haiek, eta gerora nire bizitzarako markatu nauela uste dut. Bizitzako zirkunstantziek talde lan zoragarri bat jarri zidaten, eta pribilegiatua sentitzen naiz. Oso pertsona interesgarriak izan nituen inguruan, eta horrek ere badakar oso urte intentsoak bizi izana, eta pertsona bezala ekarpen asko eta etengabeak jasotzeko aukera eduki izana. Gaur ere asko betetzen nau talde lanak, eta jakiteak taldean ez gaudela lan egiteko bakarrik, gainera badaudela elkarrekin ditugun sentimendu edo sentsazio batzuk, edo gauzak egiteko gogo konpartitu bat. Asko zor diot gauzak egiteko modu horri, eta naizenaren parte onak, baldin baditut, neurri handi batean horri esker dira.

Esperientzia hartatik, produkzio prozesuaren urrats guztiak ere ikasi zenituen…
Jende gutxi geunden eta denetik egiten genuen guztiok: kazetari idatzizkoa, maketazioa, argazkiak atera, errebelatu, gero fotokonposatu, inprentara eraman, aleei harpidedunei bidaltzeko etiketak jarri… Zure burua ohitu egiten duzu denetik pixka bat ikastera, eta niretzat balio handikoa da hori. Inoiz ez zara argazkilari on bihurtzen, ez maketatzaile on bihurtzen, baina denetatik ikasten duzu eta gustua hartu ere bai. Momentu hartan guk kontrolatzen genituen prozesu produktiboaren urrats guztiak. Eta horrek markatu egin ninduen, gerora ere gauza guztietan horixe egitea gustatu zait. Alegia, nik egiten ditudan gauzatan zenbat eta bitartekari gutxiago, eta zenbat eta azpikontrata gutxiago, niretzat hobe. Horrek merkatuaren mekanismoak ezagutzen eta klabeak non dauden ulertzen laguntzen duelako. Literaturan ere, Susa argitaletxearen inguruan, beti jarrera bera izan dut nire baitan. Liburu bat idaztearekin ez zait nahikoa; nahiz lerdokeria bat izan, liburu horiek banatzailearengana eramateko kaxetan nola sartzen dituzten ikustea ere gustatzen zait, edo auto-edizioaren teknologiak nola funtzionatzen duen jakitea.

n Espezializazioa behar den honetan, irudipena dugu jada jendeak ez duela proiektua bizi, nor bere produkzio atalera mugatzen dela…
Niri prozesu guztia ahalik eta gehien kontrolatzea gustatzen zait, baina hori ona da niretzat, zoriontsu izaten laguntzen didalako. Baina argi dut horrek ez duela zertan funtzionatu beste jendearentzat. Inplikazioari dagokionean, nik uste gaur egun "normala" dela (edo baduela bere alde logikoa) jendea gutxiago inplikatzea lanera sartzen den lekuetan. Enpresatan jada egitura guztia muntatua dago, eta gainera gero eta modu bertikalagoetan muntatzen direnez egitura horiek, zaila da muturra sartzea. Guk oso erraz eduki genuen inplikazio hura, dena egiteko baitzegoen. Dirurik ez zegoen apenas, baina egiteko aukera behintzat bai. Gainera, bizitzeko gastuetarako diru beharra ere gero eta handiagoa da, eta dirua kontratu txukun baten bidez egiteko modua, berriz, murriztu egin da.

Gaur hainbeste entzuten den belaunaldi berriaren "militantzia falta" hori nola ikusten duzu?
Justu «militantzia» eta «profesionaltasuna» kontzeptuekin gertatzen zaidana da ez dakidala kontzeptu horiekin jendeak zer ulertzen duen. Agian izango da orain 20 urte guk oso modu polemikoan bizi izan genuelako «militantziaren» eta «profesionaltasunaren» artean ustez dagoen kontraesana. Orduan leloa zen euskal kulturak profesionalak behar zituela, eta ez militanteak. Eta azkenean, baina urte askoren ondoren, nik atera nuen ondorioa zen, batzuek behintzat «militantzia» deitzen ziotela ez kobratzeari edo soldata kaxkarra kobratzeari. Eta nik uste dut ez daukala zerikusirik, edo ez lukeela zerikusirik izan behar «militantzia» eta «profesionaltasunaren» istorio horrek soldatarekin. Soldatarenak lan baldintza kontuak dira, eta lan baldintzak borrokatzeko plataforma niretzat ez da eztabaida kulturala, eztabaida sindikala da, nahiz eta elkarrekin lotuta dagoen guztia. Ez dut uste memento honetan militantzia gutxiago dagoenik. Nik edozein herritan ikusten dut jendea kartelak jartzen, edo ez dakit zer mahainguru, kontzertu edo bertso saio antolatzen, eta jende hori guztia militantea da. Gero eta gutxiago daudenak «ageriko militanteak» dira. Orain 20 urte militante guztiak medioetan agertzen ginen, eta uste dut orain militantzia sozializatu egin dela. Egia den bezala, orain «ageriko agenteen» artean edo argazkietan agertzen den jendearen artean behar bada militantzia galdu dela. Baina orokorrean, nik dudan inpresioa justu kontrakoa da: ezkutukoa izan arren, askoz ere militante gehiago dagoela gaur egun duela 20 urte baino.

Profesionaltasuna zerekin lotzen duzu?
Gauzak txukun eta gero eta txukunago egiteko autoexigentzia konpromisoarekin. Autoexigentzia hori baldin baduzu, berezko ondorioa zure lanaren etengabeko hobekuntza da, eta ofizioa ere gero eta gehiago ezagutzea. Kontzientzia hori edukitzea ezinbestekoa da profesionala izateko, batez ere zerbitzu bat eskaini behar baduzu. Alegia, batez ere zure lana nola egiten duzunaren baitan publikoak gauza hobea edo kaxkarragoa jasoko badu.

Askotan, euskalgintzan eremu berdinean lanean ari direnek, elkarrekin muturka bukatu dute. Zer gertatzen da herri honetan?
Hasteko, euskal kulturaren inguruko gauzek badute faktore distortsionatzaile bat. Gatazkak, eta dibortzioak, eta haserrealdiak, toki eta maila guztietan daude. Baina euskal kulturaren barruan edo "euskalgintza"ren barruan gertatzen direnean, gainera bozgorailu efektua dute. Zergatik? Enpresa, proiektu edo pertsona horiek jendaurrean daudelako beti, komunikabide eta abarren bidez. Eta beti jendaurrean egoteak berak, eramaten zaitu beti itxurak gorde nahi izatera, eta gainera aldamenekoarekin zarena baino adiskideagoa zarenaren itxura eman nahi izatera. Horrek halako "simulakro" efektu bat sortu du. Ez nuke esango gezur asko daudenik gure artean, gezurrak ere toki guztietan baitaude. Baina nire ustez, euskal kulturgintza eta euskalgintza komunikabideetatik bakarrik ezagutzen duenak, errealitatearekin zerikusi gutxi daukan irudi bat du.
Ondo iruditzen zait, gainera, euskal kulturak eta euskalgintzak bere bertsio ofiziala izatea, denek bezala. Baina iruditzen zait, sektorean gabiltzanak bilduta barrurako diagnostiko bat egiten jartzen garenean ere, kanpora begira muntatzen den «simulakro» edo bertsio ofizial hori mantendu egiten dela. Horixe da gainditu behar litzatekeena: gure artean hitz egiten dugunean, behar bada egiak edo egi parte batzuk kontatzen hasi gintezke. Trapu zahar guztiak, jada gatazka ere sozializatu egin denean bakarrik atera izan dira.
Trapu zahar horiek gero eta gehiago daude gainera, arrazoi sinple batengatik: euskal kultura eta euskalgintzako gauzak gero eta industriago dira, enpresak gero eta egituratuagoak daude, gero eta soldata gehiago daude, eta beraz enpresa horiek zorrak kitatzea lortu egin behar dute. Alegia, gure artean konpetentzia garbia dagoela. Arazoa da hortaz ez dela hitz egiten, ezta pribatuan ere, eta barku bereko marinelak bagina bezalako itxura mantentzen saiatzen garela.

Elkarrekin esparru berean lan egitea zaila ikusten duzu, beraz...
Elkarrekin benetan gauzak egiteko (ez agiri bat sinatzeko, egitasmo zehatz baten inguruan indarrak biltzeko baizik), nire ustez ezinbesteko baldintza bat dago: konfiantza. Konfiantzak ez du esan nahi berdin pentsatzen dugunik, edo konforme gaudenik gauza erdietan ere. Konfiantzak esan nahi du ni fidatzen naizela zurekin, eta badakidala inoiz-edo dirua kendu behar badidazu abisatu egingo didazula, ez didazula azpijokorik egingo. Memento honetan, nik konfiantza deitzen diodan hori ere ez dago. Beraz, mesfidantzaren gainean elkarlana muntatzea bidea gaizki abiatzea dela uste dut. Hasteko konfiantza da agente ezberdinen artean lortu behar dena, hainbat gezur edo bertsio ofizial benetan ez direla hala onartuta, eta elkarren konpetentzia garela onartuta.

Jaurlaritzak euskalgintzarekiko bideratu behar duen kultur politikak, nolakoa behar luke izan?
Beti aipatzen den "kultur proiektu nazionala" eta halako planifikazioetarako bi baldintza bete beharko liratekeela uste dut: bata, gizarte sektoreen arteko biltzea da, lehen aipatutako baldintzen pean. Bigarren baldintza, instituzio publiko eta gizarte sektoreen arteko uztarketa da. Ez naiz inoiz kargu publiko batean egon, eta kanpotik ikusita beti iruditu zait agintean dagoenak jende xehearen sentimendu edo sentsazioarekin bat egiteak oso zaila izan behar duela. Eta oso gutxitan egiten dute bat. Sentiberatasun hori da klabea. Jakina, horretarako ere garrantzitsua da interlokuzioa garbi edukitzea. Une honetan ere interlokuzio hori osatu gabe dagoela esango nuke. Agintariek eta gobernuak oso erreza dute hilabete baten buruan jendearen arteko istiluak sortaraztea, hala komeni baldin bazaie. Aski dute bati ematea eta besteari ez, euren artean saltsa pizteko. Horrelakoetan frogatzen da gizarte sektoreen artean dagoen kohesio eskasa.

Teknologia berriekiko apustua egin izan duzu beti; askok, berriz, hasiera batean atzera egiten dute. Zergatik jarrera hori?
Neronen esperientziatik ikasi dudalako teknologiek zer alde on dituzten. ARGIAk ekonomikoki aurrera egitea lortu bazuen, teknologiari esker izan zen. Taldean sartu nintzenean, edizioa, fotokonposizioa eta gauza guzti horiek kanpoan egiten ziren, azpikontratatuta alegia, eta oso teknologia garestia zen gainera. Guri egokitu zitzaigun, urteetan, autoedizio teknologien sartzea eta garatzea. Horrek asko merketu zuen prozesu guztia. Nik lilura hura bizi izan nuen, eta batez ereteknologiaren alde ona begiratzen lagundu zidan. Noski alde txarra badutela teknologia guztiek, baina alde onak eduki baditzakete, nire ahalegin handienak emango ditut alde on horiek nire egitasmoetarako baliatzen.

Internetek eskaintzen dituen aukerak baliatzen asmatu al dugu?
Urte batzuen ondoren, nire inpresioa da ez garela Internetek dituen aukerak baliatzen ari. Nire ikuspegitik, Internetek zerbait eskaini badezake, bestela jendearen eskura egongo ez liratekeen edukiak plazaratzea da: literatura, artea, prentsa… ondarea, oro har, eta baita sorkuntza berriak ere. Alegia, zerbait erakusteko baduzu eta argitaletxe batera bazoaz, %90 kasuetan ezetz esango dizute, ez dela errentagarria. Baina zerorrek zure orri edo gunetxoa jartzeko aukera izan dezakezu, Interneten gauzak argitaratzea oso «merkea» baita, liburu bat inprimategira eramateak duen kostuarekin konparatuta. Nik uste nuen jendeak horixe egingo zuela, baina jendeak ez du egiten. Egia da Internet diru-sarrerarik ematen ez duen argitalpen modu bat dela, eta hori alde txar bat da. Baina era berean, hain justu diru sarrerarik ez duenez, aukera ematen dizu gauzak egiteko, zure web gunean zenbat bisita lortuko dituzun erreparatzen egon gabe. Alegia, arrakasta kuantitatiboki neurtzetik (zenbat saltzen duzun), kualitatiboki neurtzerako saltoa ematea eskaintzen duela Internetek. Esaterako, web gune batek egunean 20 sarrera baldin baditu, baina sartzen diren 20 horientzat Interneten dagoen web gunerik onena baldin bada, niri hori objektiboki oso gune interesgarria iruditzen zait. Literaturaren kasuan, poesiak irakurle gutxiago ditu narratibak baino. Baina behar bada, inoiz idazle izango diren irakurle gehiago dago poesia irakurleen artean, narratiba irakurleen artean baino. Beraz, kualitatiboki oso «errentagarria» izan liteke poesia, nahiz kuantitatiboki gutxik irakurri.
Bestalde, argitalpen modu bakoitzak bere funtzio sozialak izaten ditu. Nik zortedunak garela sentitzen dut, memento honetan gure esku dagoelako Interneten argitaratzeak zer funtzio sozial bete ditzakeen zehaztea. Geronek esperimentatu eta definitu dezakegu zein izan daitekeen medio horrek betetzen duen funtzioa. Figurak sortu beharko ditugu; adibide baterako, "editore elektroniko" bat zer den zehaztu beharko da. Niretzat zirraragarria da prozesu horretan parte hartzea, baina orohar, funtzioen garapen hori nahiko geldirik dagoela iruditzen zait.

Internetek ez du dirurik ematen. Posible izango da, Interneteko edukien garapena egitura enpresarial batean oinarritzea?
Nik gaur egun oso zaila ikusten dut, eta gainera bilakaera ikusita badirudi gero eta zailagoa izango dela. Internetek ez baitu diru-sarrerarik, diru-laguntzena ez bada. Une honetan gehiago sinesten dut hobby planteamenduan. Alegia, ni nire eroak narama, eta nire eroa da ez dakit zer eta egin egingo dut. Baina hori, ikusten denez, ez dago modan; ez Interneten eta ez beste gauza askotan

- Jaio: Altzan, 1960. urtean.
- Bizi: Hernanin.
- Idazlea eta Internet eta multimediako ikerlea.
- Euskal Filologiako ikasketak egin zituen, Donostiako EUTG-n.
- Prentsa idatzian: 1980. urtean, «Zeruko Argia» zena «Argia» bihurtu zenean, prioektuaren eusleetako bat izan zen, baita bertako kazetari ere. Proiektu beraren ildotik, Antza Imprimategiaren sorreran produkzio-burua izan zen. «Euskaldunon Egunkaria»ren sorreran, produkzio-burua izan zen.
- Internet eta multimedia: Euskal Herriko lehenengotako CD-ROMaren egilea, «Euskal Herria y la libertad» izenekoa, Txalapartaren eskutik. Geroztik beste hainbat egin ditu, haurrentzat «Txirri, Mirri eta Txiribiton»en CD-ROMa, esaterako. Gaur egun, euskara ordenagailu bidez tratatzeko teknologiatako ikerlea da, Ametzagaiña taldean.
- Literatura: Susa argitaletxearen eta beronen literatur aldizkariaren sortzaileetako bat izan da. Argitalpenak: «Haizearen itzalak» poesian (Hordago, 1980), «Ipurtargi Beltza» (Joxemi Zumalaberekin batera egindako poema eta ipuin liburua. Susa, 1983), «Gerraondoko poesiaren historia» (Elkar-AEK, 1983), eta «Odolbildua» nobela (Susa, 2002).

Duela urte mordoxka, artean 20 urte bete gabe nengoelarik, bidaia hippy samarra egin genuen lagun batek eta biok: trenetan polizoi, auto-stop eta abar. Halako batean, Sevillara iritsi gara eta hantxe gaude, bertako tren-geltokiko hall nagusian, gitarra besoetan eta armonika ezpainetan, diru-bilketan kantu kantari. Ordubete pasatxo, marmolezko toki erraldoi hartako beste muturrean zegoen atso behartsu bat (diru eske ari zen hura ere), jaiki eta gugana hurbildu zen. Pezeta bat utzi zuen, pezeta bakar bat, gure aurrean txanpon biltzaile genuen gitarraren fundan. Zirrara itzela egin zidan, baina orduan uste nuena baino itzelagoa behar zuen, bestela gaur ez nukeen gogoratuko eta.

1983an, ARGIAn lan eta lan. Joxemi Zumalaberekin «Ipurtargi beltza» poema eta ipuin liburua kaleratu berri zuen.

Doinua: Iparragirre abila dela
Talde lanaren onurak eta
Interneten panazea,
Argia eta Egunkaria,
nondik ez zaude pasea.
Berdin du zertan hasi,
egin ahala ikasi,
soka da oso luzea,
idazle ere probatu duzu,
zein da hurrengo fasea?


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude