GETXOKO KARRAMARROA AURRERAKA DABIL


2021eko uztailaren 20an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Ibilaldiaren antolatzaileek milaka herritar -iaz, 120.000 lagun bildu ziren Bilboko Abusun- espero dituzte igandean Getxon egingo den Ibilaldian. Urte osoan eginiko lanak bere fruituak eman ditzan, egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek. Izan ere, denetarik da zazpi kilometro eta erdiko luzera duen eta sei gune ezberdinetan banatua dagoen ibilbidean. Algortako San Nikolas plazan gonbidatuei harrera egin ostean, 10:00etan irekiko da ofizialki 2002ko Ibilaldiko ibilbidea. Bertan, Getxoko eta San Nikolas ikastolako argazkien erakusketa, txistu kontzertua eta herri bazkaria egingo dira, besteak beste. Gainera, 11:30ean, antzerkigintzan euskara bultzatzeagatik aitzindariak izan diren pertsona eta taldeak omenduko ditu Bizkaiko Ikastolen Elkarteak. Hain justu, Daniel Landart, Agustin Zubikarai, Jean Louis Davant, Pierre Paul Berzaitz, Battitta Urruti, Jones Casanove eta Pantxo Irigarai. Antzerki taldeei dagokienez, berriz, Kukubiltxo, Maskarada, Txo, Intxixu, Goaz, Antxieta, Taupada, Ekekei, Txontxongilo eta Xirristi-Mirristi.

Getxoko Andramarin -Getxo zaharra bezala ere ezagutzen da gune hau- herri kirolez, pilota partidez, fanfarrez eta Txan Magoaren fantasiaz gozatzeko aukera izango da. Trikitilari eta txistulariak ere ariko dira gune honetan.
Altxerrotan egingo diren ekitaldiei txalapartaren txakun hotsak emango die hasiera, 10:00etan. Gero, egunean zehar, dantzari eta bertsolarien emanaldiak, antzerkia eta folk musikako kontzertuak egingo dira.

Gazteei begira eginiko egitaraua osatu dute antolatzaileek hondartzan kokatua dagoen Arrigunaga gunean. Skatean ibili, surfa egin, ur motorren erakustaldia ikusi eta Izenik Ez, Ehiztari Beltzak, Zurkaitz, Ken Zazpi eta Berri Txarrak taldeek eskainiko duten kontzertuaz gozatzeko aukera izango da Arrigunagan.
Portu Zaharrean, besteak beste, 3.500 pertsonentzako marmitakoa prestatuko du Geugaz Jan Bizkaiko elkarte gastronomikoak. Gainera, umeei zuzenduriko tailerrak, puzgarriak eta jolasak eta Kiki, Koko eta Flash pailazoen emanaldiak izango dira. Gune honetan euskal kanten erakustaldia egingo du Euskal Kantuzaleen Elkarteak eta Afrikako doinuak Getxoraino ekarriko ditu Las Hijas del Sol taldeak.

Azkenik, saharauiar kanpalekua egongo da Ereagako hondartzan. Urte osoan ikastolaz-ikastola bilduriko materiala -boligrafoak, gomak...- emango dio bertan Ikastolen Elkarteko kide batek Sahara herriko ordezkari bati.
Hamabost pertsonez -guraso, ikastolako profesional eta ikasle ohiak- osatutako lan taldea arduratu da Ibilaldi aurreko ekitaldiak eta eguneko egitaraua antolatzeaz. Talde honetako partaide izan da Gotzon Muneta, eta, bere esanetan, "euskara herritarra da eta, ondorioz, egin dugun ibilbidea ere guztiz herritarra da. Izan ere, euskarak baserrietan bai baina kalean ere egon behar duela uste dugu". Horrenbestez, Ibilaldi egun aurretik antolatu dituzten ekitaldien artean, Ibilarte izenekoa nabarmendu du Munetak. Ibilarte izeneko arte salmenta erakusketan azken berrogeita hamar urteetako hirurogeita hamar artista baino gehiagoren obrak elkartu dituzte, tartean, Oteiza, Basterretxea eta Txillidarenak. Gotzon Munetaren arabera, "Ibilarte ere horren -euskarak leku guztietan egon behar duenaren- adierazle da, herri kirolez gain, horrelako ekitaldiak ere euskaraz egin daitezkeela erakutsi baitugu". Ibilaldiari begira egin diren beste ekitaldien artean, Lehenengo Pilota-Ibilaldi txapelketa nabarmendu du Munetak. San Nikolas ikastolari lotua dagoen Mikel Etxegia pilotari ohiak antolatu du txapelketa hau, eta, bertan, Xala, Lasa eta Olaizola lehenaren moduko pilotariek hartu dute parte. Gainera, urte osoan zehar antzerki emanaldiak, bertsolariak, kontzertuak... egin dira Ibilaldi aurreko ekitaldi gisa.

Ibilaldiari begira antolatu diren ekitaldietan "baliabide propioak" erabili direla nabarmendu du Gotzon Munetak. Esaterako, igandean Ibilaldian parte hartuko duten surflarien artean, San Nikolas ikastolan ikasi zuen Kepa Acero suflari ezaguna arituko da; Ibilaldiko kantua San Nikolas ikastolako ikasle ohi Jone Etxaindiak eta Gaizka Elosegik sortu dute... Horrenbestez, "gauza duin eta serioak ikastolako baliabideekin egiteko gauza izan garela erakutsi nahi izan dugu", Munetaren hitzetan.
Ibilaldia aurrera atera dadin, bi mila eta bostehun lagun inguru ibiliko dira igandean lan eta lan. Antolatzaileek, Getxora garraio publikoz joateko deia egin dute. Ildo honetan, Bilboko metroak Ibilaldiko ibildean zehar bost geltoki dituela jakinarazi dute.


karramarroaren konpainia.

Karramarroa da 2002ko Ibilaldiaren logoa eta "Lotu barik" leloa. Bilboko A+L Comunicación enpresako langile Adolfo Lasarte arduratu da aurtengo logoa egiteaz. Bere helburua, aukera ezberdinak eskaintzen zituen irudi dinamikoa egitea zen. Horrenbestez, karramarro bat marraztu zuen. Izan ere, karramarroak logo ezberdinak egiteko aukera eskaintzen du, eta, gainera, kostaldearekin -kasu honetan Getxorekin- identifikatzen da. Karramarroak eskaintzen dituen aukera guztiez baliatuko dira Ibilaldiko antolatzaileak igandean, eta, horrela, gune bakoitzean dauden ekitaldi nagusien arabera egokituko dute karramarroa. Adibidez, gune batean jateko aukera bada, karramarroa platera batekin azalduko da, kirol ekitaldiak badira, baloi bat izango du alboan eta gune horretako ekitaldi garrantzitsuenak kontzertuak badira, esku-artean gitarra bat duela azalduko da 2002ko Ibilaldiko logoa.

Leloari dagokionez, bi esanahi ditu "Lotu barik" esaldiak. Getxoko hizkeran gelditu gabe esan nahi du eta horrenbestez, "ikastolen mugimendua ez dela gelditzen" adieraziko dute antolatzaileek. Euskara batuan lotu gabe esan nahi du, eta, horrela, ikastolek ateak zabalik dituztela, "hezkuntza modelo irekia eskaintzen dutela" jakinaraziko dute.


San Nikolas ikastola.

2002ko Ibilaldia antolatzeaz arduratu den Getxoko San Nikolas ikastolak iragan luzea du, 40 urte beteko baititu datorren urtean. Hain justu, Hego Euskal Herrian frankismoa bizi-bizirik zela eratu zuten bederatzi familiak San Nikolas Irakaskuntza Zentroa. Bertan ikasten hasi ziren hamabi ikasleak gela bakarrean biltzen ziren, irakasle bakarra -Begoña Abaitua- baitzegoen orduan San Nikolasen. Urteak pasa ahala, San Nikolas Irakaskuntza Zentroa indartu egin zen, eta, horrela, 1968. urtean zortzi ikasgela betetzen zituzten berrehun eta bi ikaslek ikasten zuten San Nikolasen. Ikasle kopurua gehitzean, egoitza berri baten bila hasi ziren Getxoko ikastolako arduradunak. Lehenik, Getxoko Alangoeta kaleko etxe batean kokatu ziren eta Bidebarri kaleko lokal batean gero.
1969. urtera arte Irakaskuntza Libreko Zentroa zen San Nikolas. Ondorioz, euskaraz ikasten zuten bertako ikasleek baina azterketak gaztelaniaz egin behar izaten zituzten. 1969ko ekainaren 11n Lehen Irakaskuntza Zentro ez ofizial izendatu zuten.
Urtebetera, irakaskuntza zentro kooperatiba gisa erregistratu zen orduan 338 ikasle zituen San Nikolas ikastetxea. Ikasle kopurua gehitzearekin bat ikastolako eskaintzak ere handitzen joan ziren. Esaterako, 1970-71 ikasturtean, Algortako Hezetasuna auzoan lur sail bat erosi zuten San Nikolas ikastolako arduradunek, horrela, ordura arte egoitza ezberdinetan egoten ziren ikasle, irakasle eta gurasoak eraikin berean biltzeko asmoz. Horrenbestez, hemezortzi ikasgelaz, liburutegiaz, gimnasioaz, jolastokiaz eta administrazio bulegoez osaturiko eraikuntza eraiki zuten.
60ko hamarkadan sorturiko egitasmoa, apurka-apurka, indartzen zihoan eta urtetik urtera ikasle gehiagok ikasten zuen San Nikolasen.
1976-77 ikasturtean BBBko taldea sortu zen. Urtebete beranduago, bi urteko haurrei zuzenduriko haurtzaindegia eratu zen. Ikastolak jada hartua zuen martxa geldiezina zen eta 1981-82 ikasturtean, 1.490 ikasle zeuden San Nikolas ikastolan ikasten.
Azken hogei urteetan zerbitzu eskaintza handitu egin du San Nikolas ikastolak. Orain, esaterako, autobusa, jantokia eta haurtzaindegia eskaintzeaz gain, ikastetxez kanpoko ekintzak bultzatzen ditu San Nikolasek: esku pilota, futbola, bertsolaritza, musika...
Ikastolako arduradunek jakinarazi dutenez, "azken urteotan, gure zentroaren inbertsio politikaren ezaugarria zuhurtzia izan da. Honen arrazoia, hasierako ziurgabetasuna zen, gure ikastola publikoa izatea posible baitzen baina sare pribatuan egotea erabaki genuen, irakaskuntza lehiakorrak mantentzeko gure ahaleginean". Sare pribatuan gelditzeko erabakia 1993. urtean hartu zuten.
Egun, bi eraikin ditu San Nikolasek. Bata Haur Hezkuntzarako eta bestea Lehen Hezkuntzarako eta DBH-rako. Guztira, 600 familiatako 900 ikasle inguruk ikasten du San Nikolas ikastolan.
Azken urte hauetan obra garrantzitsuak egin dira San Nikolasen. Egun, 1,2 milioi euro baino gehiagoko kredituari egin behar dio aurre Algortako ikastolak eta igandean Ibilaldian aterako den dirutzaren zati bat kreditu hau ordaintzeko izango da.
Teknologia berrien alorrean ere asko indartu da San Nikolas, Gotzon Munetaren arabera, "gela informatiko garrantzitsua baitugu".
Gainera, Mundilab egitasmoan sartua dagoen Getxoko ikastetxe bakarra da San Nikolas. Egitasmo honetan herri ezberdinetako ikastetxeek hartzen dute parte eta integrazioa eta elkartasuna moduko baloreak zabaltzea du helburu. Horretarako, teknologia berriak erabiltzen dituzte.
San Nikolas ikastolako arduradunek orain duten helburu nagusia, hezkuntza eskaintza sendotzea da, horrela, kalitatezko euskal aukera lehiakorra eskaintzeko.
San Nikolas ikastolak beste bi bider egin du Ibilaldia antolatzeko eskaera: 1998an eta 1999an. Ikastolako arduradunek adierazi dutenez, "Ibilaldi baten antolakuntza eskatzeko gure erabaki hau hartu badugu, gure zentroan burutzen ari garen plangintzak Bizkaiko Ikastolen Federakundearen eta Bizkaiko Ikastolen laguntza merezi duela uste dugulako da. Plangintza hori burutu ahal izateko onartu den kuoten gehikuntza ahalegin handia da kooperatibakideentzat, apustu garbia egin dugularik ikastola modura irauteko gure proiektuaren etorkizunaren alde". Izan ere, LOGSEren eskakizunak bete eta bere irakaskuntza euskaraz eskaintzen zuten ikastetxeekiko lehiakorrak izateko, 1997. urtean San Nikolaseko arduradunek ikastolaren berritze eta handitze plangintza egin zuten.
San Nikolas ikastolako zuzendari Josu Elortegiren arabera, Ibilaldia antolatzean bi helburu nagusi lortu nahi dituzte San Nikolas ikastolako arduradunek: "Alde batetik, Ibilaldia antolatu duten ikastola guztiek izan dutena, ekonomikoa, gure proiektua aurrera eramateko behar dugun diru iturri bat izatea. Beste aldetik, ikastola osatzen dugun guztion, guraso, ikasle, irakasle, ikasle ohi, kooperatibista ohi, eta beste lagun askoren kohesioa bilatzea, Ibilaldia ez ezik Ikastolak dituen beste proiektu askori ere ekiteko ezinbestekoa dena".


Irakaskuntzan A eredua nagusi.

Getxon, guztira, 21 ikastetxe daude: 11 publiko eta 10 pribatu. Getxoko Udalak emaniko datuen arabera, ikasleen %56,4 ikastetxe publikoetan ari da ikasten eta gainerakoak pribatuetan. Ikasle gehien dituen zentroa San Nikolas ikastola da (ikasleen %10,3). Jarraian, Julio Caro Baroja institutua (ikasleen %9,69rekin) eta Aixerrota institutua (%9,55ekin) daude.
Ereduei dagokienez datu kezkagarriak dira Getxon. Izan ere, Getxoko ikasleen %45,3k A ereduan (gaztelania hutsean) ikasten du, eta, soilik %38, 6k D ereduan (euskaraz). B ereduan, berriz, %16k ikasten du.
Datuak zehaztuz, 2000-2001 ikasturtean, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ikasi zuten ikasleen artean D eredua zen nagusi (%46,4 eta %45,7, hurrenez hurren). DBHn eta Batxillergoan, berriz, A eredua da nagusi. Lanbide Heziketan, ikasleen %2k baino ez zuen D ereduan ikasi eta gainontzeko ikasleak (%98) A ereduan zebiltzan 2000-2001 ikasturtean.


Getxon erdaldun zaharrak erdia baino gehiago.

XIX. mendearen bukaera aldera hasi zen euskara galtzen Getxon. Hala ere, azken urteetan euskaldunen kopuruak hazkunde nabarmena izan du bertan. Getxoko Udaleko Euskara sailak utziriko datuen arabera, 1996. urtean Getxoko biztanleen erdia baino gehiago (%57,9) erdaldun elebakarrak ziren, beraz, gehiengoak ez zekien euskaraz hitz egiten. Euskaldunak, biztanleen %19,3 ziren eta elebidun hartzaileak, berriz, %22,8.
Hala ere, 1981 eta 1996 urteen artean erdaldun elebakarren beherakada handia izan zen (%69,8tik %57,9ra).
Gainera, azken urteetan euskaldunen kopuruak nabarmen egin du gora Getxon. 1981ean Getxoko biztanleen %10 zen euskalduna eta 1996an %19,3. Horrenbestez, 1981 eta 1996 urteen artean, euskarak %35eko hazkundea izan zuen Getxon.
1996ko datuen arabera, biztanleko euskaldun gehien dituen auzoa Andra Mari da (%26,5). Algortan, berriz, herritarren %22,5 da euskalduna. Algorta da, ordea, Getxon biztanle gehien dituen auzoa, beraz, bertan bizi dira Getxoko euskaldun gehienak (1996. urtean 8.027 lagun), hain justu, Getxoko euskaldunen erdia baino gehiago. Areeta eta Neguri auzoetan, aldiz, euskaldunen portzentajea txikia da.
Urteei dagokienez, 20 urte baino gutxiagokoen artean euskaldunak erdaldun elebakarrak baino gehiago dira. Izan ere, azken urteetan erdaldun elebakarren portzentajeak behera egin du Getxon.
Ama hizkuntzari dagokionez, 1996ko erroldako datuak kontuan hartuz, Getxoko biztanleen erdia baino gehiago (%56,9) erdaldun zaharrak dira. Euskaldunei dagokienez, gehienak euskaldun berriak dira. Getxotarren %11 dira euskaldun berriak eta euskaldunen %57. Euskaldun zaharren konpurua, berriz, oso txikia da Getxon, biztanleen %5,1.
Hizkuntza bilakaerari dagokionez, adinak behera egin ahala erdaldun elebakarren beherakadarekin batera, euskaldun berriek gora egin dute. Izan ere, euskaldun berrien hazkundea areagotu egiten da 30 urte baino gutxiago dituztenen artean.
Etorkizunari begira, Getxon eginiko azterketa baten arabera, euskaldunen kopurua bikoiztu egin daiteke datozen urteetan. Horrela, datu itxaropentsuenek 2006 urte ingururako Getxoko biztanleriaren %50 euskalduna izan daitekeela aurreikusten dute. Azterketa hau Begira izeneko tresna informatikoaren bidez egin dute.
1996. urtean eginiko azterketaren arabera, euskaldun zaharrak dira etxean euskara gehien erabiltzen dutenak. Euskaldun zaharren artean %35,6k nagusiki euskara erabiltzen du etxean eta %31k gaztelaniaz hitz egiten du. Jatorrizko elebidunen artean, berriz, gehienek (%56k) bi hizkuntzak -euskara eta gaztelania- erabiltzen dituzte etxean. Gainerako taldeetan, gaztelania da nagusi. Beste datu esanguratsu bat, etxeko euskaldunen dentsitatea edozein izanda ere, Getxoko biztanleek etxean nagusiki gaztelania erabiltzen dutela da.


Euskara taldeak eta "Uk" hilabetekaria.

Getxon euskara pixkanaka-pixkanaka normalizatu dadin talde ezberdinak ari dira lanean. Euskalgintza elkarteen artean Bizarra Lepoan, Boluntzarreta eta Algortako Bertso Eskola aipa daitezke.
Bizarra Lepoan euskara elkarteak euskara bultzatzea du helburu. Horretarako, euskal giroa berpiztea ezinbestekotzat jotzen du, eta, ondorioz, euskarazko kultur ekintzak bultzatzen ditu, besteak beste.
Boluntzarretak, besteak beste, "Uk" euskarazko herri aldizkaria argitaratzen du hilabetero. "Uk" hilabetekariak 3.000 aleko tirada du eta Uribe Kostan banatzen da. Algortako Bertso Eskolak, berriz, bertsozaletasuna bultzatzea du helburu. Azken urteetan bertso eskolaz kanpoko ekitaldi ugari bultzatu ditu Getxoko Udalarekin elkarlanean.
Aipagarria da ere, Getxon euskararen erabilera bultzatzeko helburua duen Egizu programa dagoela martxan. Egizu izeneko egitasmoa euskara dakitenei edo ikasten ari direnei zuzendua dago eta hitzaldi, tailer, ikastaro, kontzertuak... antolatzen ditu euskaraz hitz egiteko. Egizu egitasmoaren bultzatzaileak Getxoko Udala, Getxoko Euskaltegiak eta Bizarra Lepoan euskara elkartea dira.


1.518 getxotar euskara ikasten.

Getxon euskarak izan duen bilakaeran zer esan handia izan dute euskalduntze eta alfabetatze taldeek. 2000-2001 ikasturtean, 1.518 ikasle aritu ziren euskara ikasten Getxon dauden hiru euskaltegietan. Ikasle gehien AEKren Lauaxeta euskaltegian aritu ziren (744 lagun). 538 ikasle aritu ziren Getxoko udal euskaltegian euskara ikasten eta 236 lagun Jose Antonio Agirre euskaltegi federatu gabean.
Euskaltegietan euskara ikasten aritu diren ikasleen bilakaerari dagokionez, 1994. urteaz geroztik ikasleen kopuruak gora egin du eta azken bost ikasturteetan 1.500 ikasleen bueltan ibili da.
Ikasmailei dagokienez, ikasle gehienak lehenengo 6 urratsetan daude. Maila ertainetan geroz eta ikasle gutxiago dago eta goiko mailetan, berriz, urtetik urtera ikasle gehiago dago

Algorta, Andra Mari, Areeta, Neguri eta Erromo
Bizkaiko ipar-mendebaldean dago kokatua Getxo eta 85.000 biztanle ditu. Bost herrigunek osatzen dute Getxo: Algorta (herriburua), Andra Mari, Areeta, Neguri eta Erromok.

XIX. mendearen erdialdera arte baserritarrak ziren nagusi Getxon. 1870 urte ingurura, ordea, Areeta auzoa sortu zen Getxon. Dirudunek uda pasatzera joateko etxeak, bainuetxeak, kasinoa, hotelak... eraiki zituzten Areetan. Horrenbestez, XIX. mendearen amaiera aldera, Bilboko goi burgesia hasi zen bizitzen Getxon, Algorta inguruko hondartzak egokitu eta udako etxeez eta luxuzko eraikuntzez osaturiko auzoa osatzeko. 1903. urtean Neguri elkartea sortu zuten bertan etxea zuten aberatsek. XIX. mendearen erdialdetik aurrera aberatsen bizileku ziren auzoen inguruetan langile auzoak sortu ziren. Horrela, Getxoko populazioa, pixkana-pixkana, hazten joan zen


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Getxo
Itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua geldiarazteko manifestazioa egin dute Getxon

Zapatuan, ehunka herritarrek parte hartu zuten Bizkaiko Foru Aldundiak itsasadarraren azpian egin gura duen tunelaren proiektua geldiarazteko exijitzeko manifestazioan. Subflubiala Ez plataformako deitzaileek 500 parte-hartzaile inguru zenbatu zituzten Getxoko Itzubaltzeta/Romoko... [+]


2024-05-30 | Hiruka .eus
Adingabeen sexu-erasoak salatzeko bide seguru eta eraginkorrak aldarrikatu dituzte Getxon

Europa ikastetxeko sexu-abusuak salatzeko eta umeei eta euren senideei babesa adierazteko elkarretaratze jendetsua egin dute asteazkenean, Getxon, Malakate parkean. Algortako Mugimendu Feministak deituta, deitoratu dute haurren kontrako indarkeria ez dela anomalia bat, eta... [+]


Irakasle baten sexu abusuak salatu dituzte Getxoko eskola bateko lau familiak

Adingabeetako bati ospitalean sexu eraso zantzuak aurkitu ostean heldu dira salaketak. Segurtasun Sailak jakinarazi du ikerketa abiatu duela eta lau salaketa jarri direla. Getxoko Europa ikastetxeak adierazi du irakaslea “zentrotik apartatu” duela eta... [+]


Sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote ertzain bati, atxilotuta zuten emakume bati eraso egiteagatik

Erasoa frogatu dute polizia-etxeko bideo-grabazioei esker. Ebazpenaren arabera, agenteak emakumea “gehiegikeria argiz” heldu eta eraso egin zion. 12.400 euro ordaindu beharko dizkio ertzainak emakumeari kalte-moralengatik.


2023-09-26 | ARGIA
“Silviak tortura poliziala salatu zuen eta orain Jaurlaritzak haren aurkako kondena neurrigabea eskatzen du”

Jatorriz boliviarra den Getxoko emakume batek Ertzaintzaren eraso arrazista jasan zuela, emakumearen salaketari ertzainek kontrasalaketa jarri ziotela eta orain Jaurlaritzak, autoritatearen aurkako atentatua leporatuz, emakumearen aurkako zazpi urteko kartzela zigorra eskatzen... [+]


Jon Garcia Ormaza psikiatra
“Gomendagarria da suizidioaz galdetzea, epaiketarik egin gabe”

2021an, Getxo ZUrt! egitasmoa sortu zuten Getxoko Jon Garcia psikiatrak eta Fundación Doble Sonrisa-ko Naomi Hasson erizainak, suizidioaren prebentzioan lagunduko zuen proiektu bat aurrera eramateko xedeagaz. Bi urte geroago, egitasmoa inoiz baino aktiboago dago, eta,... [+]


Getxoko HAPOari jarritako helegiteen erantzunak non dauden galdetu dute dozenaka auzokidek

Getxoko hainbat herritarrek ia 2.000 helegite aurkeztu zituzten orain dela lau hilabete Udalak aurkeztutako HAPOa egokitzeko. Ordutik, baina, gobernu-taldearen erantzunik jaso ez dutela deitoratu dute eta, horregatik, dozenaka auzokide Udalaren Hirigintza zerbitzua hartzen duen... [+]


Bizkaiko Correoseko beharginek “gehiegizko” lan-kargak eta zerbitzuaren prekaritatea salatu dituzte

Bizkaiko Correosen ordezkaritza duten CCOO-ESK-UGT-LAB-CSIF sindikatuek eta langileek egunotan deitoratu dute Correosek eskaintzen duen posta-zerbitzua "gero eta gehiago hondatzen ari dela". Salatu dute narriadura hori kontratazio murrizketen, prekarietatearen... [+]


Nagusien Etxea eraistearen aurkako protestek jarraitzen dute Getxon

Otsailaren 13an hasi zituzten Getxoko Itzulbaltzeta auzoko Ibar Nagusien Etxea eta Gaztetxea izandako eraikina eraisteko lanak. Biharamunean protesta egitera hurbildu ziren eraistearen aurkako herritarrak, eta ordutik protestek ez dute etenik izan. Asteartean, eraikina erdi... [+]


2023-02-20 | ARGIA
Nagusien Etxea eta Gaztetxea izandako eraikina eraisteko lanak hasi dira Getxon

Getxoko Itzubaltzeta auzoko Lope de Vega kaleko 12. zenbakiaren eraistea oztopatzeko protesten ondorioz, giroa tenkatu zen pasa den astean. Igandean mobilizazioa egin zuten auzoan, eraistea geldi zezaten eskatzeko eta aurreko egunetako Poliziaren indarkeria salatzeko... [+]


Azken bi egunetan hainbat pertsona zauritu ditu Ertzaintzak Getxon, tartean Hiruka hedabideko kazetari bat

Asteartean hainbat pertsona bildu ziren Getxoko Lope de Vega kaleko 12. zenbakiaren aurrean, eraikina eraisteko lanak oztopatzeko asmoz. Poliziaren oldarraldiaren ondorioz, hamar bat pertsonak jo behar izan zuten osasun zerbitzuetara, tartean, lanean ari zen Hodei Torres... [+]


Atxilotu bat eta hainbat zauritu Getxon, Nagusien Etxea eta Gaztetxea izandako eraikinaren eraistea galarazteko protestetan

Getxoko Erromo auzoko Lope de Vega kaleko 12. zenbakia eraisteko lanak hasi dituzte, eta herritarrak protestan ari dira goizean goizetik, eraisketa gelditzen saiatuz. Eraikina Ibar Nagusien Etxea eta Gaztetxea zen harik eta udalak kanporatu zituen arte, eta hainbat dira eraikina... [+]


Lope de Vegako eraikinak eraistearen aurkako borrokak indarra erakutsi du Getxoko Itzubaltzeta/Romon

Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakian dauden eraikinak babestearen aldeko plataformak deituta, auzokideek manifestazio jendetsua egin zuten domekan. "Berriro ere, argi geratu da auzoa eraikin hauen kontserbazioaren alde dagoela, Getxoko Udalak eta Bizkaiko... [+]


Eguneraketa berriak daude