Baserrirako hasi zinen segan, eta gerora sega probatan sartu. Orduko entrenamenduak eta gaurkoak ez dira berdinak izango...
Herri kirolak nahiko marjinalak dira, eta bazterketa horren barruan, sega oraindik marjinalagoa da. Baina jendea hasi da prestakuntzari garrantzia ematen, eta gaurko segalariek prestatzailea izaten dute. Gimnasioan jarduten du askok, eta batzuk hondartzan ere entrenatzen dute neguan, fondoa eta posturak hartzeko. Bada neguan arraunlariekin entrenatu denik ere. Arraunean, minutuko 36-37 arraunkada ematen dira, eta segan ere hainbeste kolpe behar dira. Erritmoa hartzeko ez da txarra arraunera hurbiltzea, orain, posturatan ez du zerikusirik: arraunean atzera bota behar duzu gorputza, segan berriz beti aurrera.
Ze gaitasun fisiko behar dira segarako?
Segarako besotan ez da hainbeste indarrik behar, aizkoran bezala. Indar eta esfortzu aldetik, aizkora askozaz ere gogorragoa da. Sasoian eta entrenatuta egon behar duzu aizkoran aritzeko. Aldiz, edozein amonak hartuko dizu sega txikia eta ttarraka-ttarraka, bere erritmoan, baina txukun moztuko dizu zelaia.
Segan denbora luzean irauteko fondoa behar duzu. Hanketan indar dezente behar duzu, uste dena baino gehiago, hankak tentsioan baitaude beti. Gainera bizkarra makurtuta eraman behar da eta lepoa gora begira, eta azkenean lepagainak gogor gogor eginda bukatzen du.
Zer diferentzia dago, etxean edo lehiaketan segan egiteko moduan?
Etxeko modalitatea izaten da gerria altuago eta eskuineko hanka normalean aurreraxeago duzula. Etxeko segak ahoa motzaxeagoa eta kirtena luzeagoa izaten du. Lehiaketakoak, berriz, kirtena motzagoa eta segaren ahoa luzeagoa izaten du, hankak parera jarri behar dira edo ezkerra aurreraxeago, zerorri ere aurrerantz makurtuago zaudela. Estilo horretan askozaz ere gehiago agoantatzen duzu.
Zein dira segan aritzeko postura txarrak?
Bada kolpe zabar xamar bat emateko ohitura, nik «aterrizajeko kolpea» esaten diodana. Normalean bi metro eta erdikoa izaten da maila normala, alegia bi metro eta erdiko zabalerarekin eramaten dugula ebakitzen ari garen lerroa. Zer gertatzen da "aterrizajeko" kolpearekin? Batzuk sega sartzen dutela goitik behera, eta mailaren beste aldean behetik gora ateratzen dutela, eta azkenean, mailaren alde banatara belarra pilatzen dela, moztu gabea. Oso ohitura txarra da, azken urteetan asko zabaldu dena, azkarrago aurreratzeagatik. Horrek ekarri du zelaia zabarrago uztea, eta jakina, tradizioko ikuslearentzat hori ez da kuxidadea. Kirol mailan ondo prestatua dago jendea, baina ohitura hori medio azkenean gauzak ez dira behar liratekeen tajuz egiten.
Nazioarteko lehiaketatan, berriz, xuxen moztea puntuatzen omen da...
Halaxe da. Nazioarteko Lehiaketatan ez da neurtzen zenbat kilo moztu dituzun. Han neurtzen dena da zeinek denbora gutxiagoan ebaki hainbesteko saila, baina gainera zeinek txukunago ebaki. Azkar eta ondo egitea da kontua. Nola neurtzen duten hori? Herrialde bakoitzak bere epailea du, eta epaile horiek denek puntuatu egiten dute segalari bakoitzaren lana, alegia zenbateraino txukun ebaki duen saila. Zure denbora errealari penalizazio horiek gehitu, eta horrela lortzen da azken puntuazioa. Beraz, proba horietan postu on bat lortu nahi duenak, minutu eta erdiren barruan moztu behar ditu 100 metro koadroak. Baina askotan azkarrenak ez du irabazten, ebakitzeko kalitatea izaten da irabazlea erabakitzen duena.
Nazioarteko lehiaketatan ikaragarri ondo ebakitzen da belarra, eta geure erronka hori dela uste dut: Euskal Herrian, nola edo hala, ia maila horretan ebakitzea lortu behar dugu.
Belarra mozteko xuxentasun horretan, hango sega motak zerikusirik ba al du?
Agian badu zerikusirik. Alpetar herrietako sega azalagoa da, meharragoa eta oso etzana. Beraz kasik lurra ukitu gabe joaten da. Baina hala ere norberak behar du jakinduri pixka bat, dena ez du segak egiten. Belar sare-sarea bada, xamurra bada, nik hango sega nahiago; baina belar zatarra baldin bada hemengoa hobe.
Makinak hasi omen dira belar biltzaile lana egiten. Zer alde on eta txar ekarriko lituzke horrek?
Belar biltzaile taldeak askotan lurra, harri koskorrak eta ebaki gabeko belarrak biltzen dituzte. Beraz, makinarekin seguru asko justuagoa litzateke emaitza. Baina zein du alde txarra? Geuk ere probatu artean ez genekien: jendearen builak eta tranparen saltsa horrek ere asko balio duela. Segalariarentzat ere alde ederra bere biltzaile taldea eramanda: taldean lagunak eramaten ditu, eta hor sortzen den animu hori, txispa hori akabo. Gainera makina darabiltenak oso onak behar dute izan, gainerakoan denbora asko behar baitu. Makinak ateratzen duen hotsa da beste traba. Eta proba baino bi egun lehenago euria egin badu, pentsa zelaiko lokatzetan nola moldatuko den makina.
Gaur txapelketa eta lehiaketak daude asko. Lehen biren arteko desafioa izaten zen, dirua poltsikotik jarrita. Gaur ere dirua jokoan jartzeak jende gehiago ekarriko luke?
Ezetz esango nuke. Pilotan ere ikusten duzu: dirua jokatzen da, eta horrek badu bere tiradizoa alde batetik. Baina dirua jartzen duena badakigu zer jende den, eta hori ez da sobrebaloratu behar ere. Agian kirolaria motibatzeko edo presionatzeko balioko du, ez dakit. Neronek pertsonalki ez dut jokatzen. Hori bai, askotan bi segalariren arteko apustua egin ahal izateko herriak dirua jarri behar izaten du, segalariak dena ezin du-eta jarri, eta halakoetan taldean biltzen gara diruz laguntzeko. Baina ez dut uste apusturik jokatu ezean benetako lehiarik ez dagoenik. Ikusi besterik ez dago gazte jendea ez dela inguratzen, ezta apustua tartean denean ere, eta kirol maila jaitsi egin dela. Nire ustez diruak ez du hainbeste erakartzen, erronkak berak bai.
Dirua jokoan dagoen tokian, tongorako arriskua ere izaten da...
Herri kiroletan tongoak egongo ziren, baina esaten dena baino gutxiago. Beste edozein kiroletan hainbeste eta gehiago topatuko duzu. Azken batean, herri kiroletan jokatzen dena baino gehiago kobratzen du Taugres-eko jokalari batek. Gerta liteke segalari batek finalaurrekoan dena ez ematea eta finalerako indarrak gordetzea, eta halakoetan jendea haserretu egiten da; baina gehiago da estrategia kontua, tongoa baino.
Dopina kirol denetan egon da, baita herri kiroletan ere...
Bai, asko. Pentsa ezazu, idi gizajoek ere hartu izan dute-eta! Ez da oraingo kontua. Garai batean ere, bitaminak-eta ematen zizkieten idiei, whisky pixka bat ere bai, ardoa edo patxarana, eta azkenean sutan jartzen zituzten proba baino ordu erdi lehenago. Ba omen zen probalari bat, sekula medikutara joaten ez zena. Gizon hura farmazian sartzen zenerako, denek bazekiten zer medizina klaseren bila zihoan!
Oraingo probatan, askotan segalariak berak eskatzen du dopinaren froga. Mitxelena eta Erasunek, esaterako, uztailean duten desafiorako, kontratuan dopin froga egiteko eskatu dute. Dirua jokoan egoteak ere behartzen du pixka bat dopinga kontrolatu nahi izatera.
Herri kirolak marjinalak direla esan duzu, eta sega horietan marjinalena kasik. Zergatik etorri da gainbehera?
Gaur egun, nazioarteko beste kirol masiboen aurrean, herri kirolak txiki gelditzen dira, itzala egiten diete beste kirol "handiek". Bestalde, herri kirolak ikuskizun eremuan gelditu direla iruditzen zait, akaso erakustaldiek hartu dutelako indarra. Eta erakustaldiak ondo daude, baina joera horra eramatea arriskutsua da. Seriotasuna galtzen du. Lehiakortasunean irabazi behar dugu, eta horretarako derrigorrezkoa da elite aldera jotzea prestakuntzan, antolamenduan, eta denean. Bestela kirol mailari ezingo diogu eutsi. Aizkoran, orain dela 25 urteko errendimenduaren erdira ere ez gara ailegatzen.
Eta segan? Lehengo errendimenduari eusten zaio?
Zaila da kalkulatzen. Orduan adina metro mozten dira gaur eta gehiago ere bai. Bakarrik, orduan ez zela likidorik isurtzen zelaira, simaurra botatzen zen. Gainera urtean bi aldiz mozten zen belazea, eta gaur egun lau aldiz igual, eta belarra zenbat eta gehiagotan moztu orduan eta xamurragoa izaten da. Sega ere aldatu egin da: orain 80 zentimetro ditu, eta orduan 60 zentimetro. Ni Eleuterio Tapiarekin-eta aritu nintzen ikasten, eta orduan sega haiekin maila txikiagoak egiten ziren, asko agoantatuta. Zaila da orduko garaiekin konparatzea, belarrak asko egiten du, eta sega ere ezberdina zen.
Gizartea kaletartu egin da. Gaur egun segan jarraituko duenik aurkitzen erraza al dago?
Segalari berriak sortzea bada zailagoa, baina bestalde, joan deneko boladan kaletar jendea sartu da segan. Entrenatzeko tokia bilatzea da lehen baino askoz konplikatuagoa: baserrietan makinarekin belar bolak egiten direneko honetan, segalari bakarrak ez du nora joanik. Belar bola batek 800 kilo inguru pisatzen ditu. Zuk ekitaldi bakoitzeko bi edo hiru belar bola egin ditzakezu, ez gehiago, eta gaur egunean makinari deitzen zaionerako 30-40 bola egin behar izaten dira, bestela baserritarrarentzat ez baita errentagarria. Orduan, nola ametituko zaitu baserritar batek, bi belar bola egiteko? Guk egiten duguna da 6-7 lagun bildu, eta hartara ordu eta erdian askoz gehiago ebakitzen dugu. Gainerakoan oso zaila da. Eta makinaz gain, pentsa leku ordekatan industriak eta eraikuntzak zer abiadura hartu duen... non jardunik ez dago.
Gazteak erakartzea falta omen da...
Hor daukagu erronka latza, erreleboa prestatzen. Adibidez, datorren urtean Euskal Herrian antolatu behar da Nazioarteko Lehiaketa, eta zirkuitu horretan hasi ginenak bagabiltza antolatzeko gogoz, baina gainerakoan... Tira, gazteak badatoz, baina beste ikuspegi batekin, uste dut ez dutela berdin bizi. Guk Nazioartekoan aurkitu dugu toki bat, benetan on asko ekartzen diguna. Bi batzarretan izan gara, Bavarian, eta han ere hemengo kezka berdina dagoela konturatu gara. Suitza, Alemania, Frantzia, eta lurralde horiek denak pentsa nekazaritza aldetik zer pisutsuak diren. Baina han ere kezka zabaldu da, jada makinaria hasi baita bere erakustazokak zabaltzen, eta nekazal kultura pikutara joateko arriskua omen dute. Guk naziotasunaren kezka dugu, eta haiek ez dute halako arazorik; baina haien beldurra nekazal kultura galtzea da.
Nazioarteko Lehiaketa, jendea erakartzeko bide bat izan daiteke...
Ez dakit Nazioarteko Lehiaketak hemen jendea erakarriko duen. Herri kirolen federazioari, behintzat, axola gutxi izan zaio gu harantz joaten garen edo haiek badatozen. Gero hasi dira pixka bat arduratzen, eguna jada gainera datorrelako. Diru asko behar da antolatzeko, gu ari gara batera eta bestera mugitzen, baina zaila dago. Igual jendeak ez dio ikusten guk aurkitzen diogun balioa: Nazioarteko Lehiaketa horietan herri bezala agertzeko aukera dugu, beti euskaraz hitz egiteko aukera dugu, ikurriña jartzen dugu... Politikoen irudirako ere mesedetan izaten da, alegia politika ez dela aitzakia guri ez laguntzeko. Antolakuntzan Tiroleko bertako lehendakaria dago; Ibarretxe bera segan aritu zen behin, eta herrietako diputatu, lehendakari eta kargudun denak bildu ziren.
Beste tokietan nola bizi dituzte Nazioarteko Lehiaketak?
Han mila lagun inguru biltzen dira. Turismoa erakartzeko ere aprobetxatzen dute, desfileak ere izaten baitira, bakoitza bere herrialdeko jantziekin eta musikarekin. Hemen Behobia korritzera ateratzen direnak bezalaxe ateratzen da han jende asko segan: probatzera animatu eta sartu zelaira! Gero elkarte txikietan ere biltzen dira; kuota ordaindu, eta elkarte bertakoek urtero antolatzen dituzte lehiaketak, afariren bat edo beste ere bai... ez da hemen bezala.
Han arazorik izan duzue euskaldun bezala agertzeko?
Inongorik ez. Zazpi urteotan milaka jendek ezagutu gaitu, eta jada oso jende gutxik galdetzen digu nongoak garen. Antolatzaileek, berriz, Euskal Herritar bezala har zaitzaten, gauza bat da garrantzitsua: gaiari buelta gutxi ematea. Eta adibide bat jarriko dizut: Finlandian geunden. Goizeko 9etan (lehiaketa goizeko 10etan hastekoa zen), gutako bat etorri zen, esanaz: "piper potoa jarri dute". Nola moldatu guk hura? Itzultzaile bat bagenuen, eta hari azaldu genion ez ginela identifikatuta sentitzen bandera horrekin, eta abar. Bere bidez antolatzaileekin hitz egin, eta ez zioten inportantzia gehiegirik eman nonbait, eta jarri egin zuten. Gainera, noiz jarriko, eta proba hastear zela! Orduantxe jaitsi zuten piper potoa eta ikurrina igo. Guk mementoan ere ez genion inportantziarik eman, ez ginen txaloka hasi. Halako xehetasunekin, askotan prentsan sekulako zarata ateratzen dugu, eta azkenean lortzen duguna da antolatzaileek susmo txarrak hartu eta kontrako jarrera hartzea, badaezpada