Eusko Alkartasuneko kide batekin mintzatzean, hirugarren bide politikoaren aukeraz galdetzeak tiratzen du, ordea. EAJ eta Batasunaren arteko espazio hori gauzagarria ikusten ote den galdetu diogu Onintza Lasari: «Bizi dugun gatazka politikoari irtenbide bat emateko espazio hori behar bezain beste ireki behar dela uste dut. Baina berau gauzatzeko, EAtik giza eskubideen premisatik abiatzen gara. Abertzale erradikalak bezain demokratikoak garen bitartean, bide horretan barrena lan egin daitekeela uste dugu. Bide horretatik lanean aritzea baikorra eta beharrezkoa da. Betiere, helburuak eta bideak zeintzuk diren argi planteatuz, bide demokratikoak alegia».
Aste honetan, urte bat betetzen da EAEko hauteskundeak burutu zirenetik. Zein da Eusko Jaurlaritzak daraman politikaz zure balorazioa?
Hauteskundeetara eraman zen programak bere bidea segitzen du, eta pixkanaka bada ere -oraindik ez dira lau urteak bete- pausuak ematen ari gara. Aurrekontuak onartzeaz gain, esate baterako, bakearen aldeko eta autogobernuari buruz monografiko bana burutu dugu Eusko Legebiltzarrean. Oraindik ere ikustear dago zer eman dezakeen honek guztiak.
Maiatzaren 13ko hauteskundeen garaipena gogoratzen bada ere, komeni da berauek burutu aurretiko egoera zein zen gogoratzea: hauteskundeak erreferendum moduko bat izan ziren, Euskadi eta Espainiaren arteko plebiszitu bat, nolabait. Orduan, horiek horrela, ekimenak aurrera eramaten ari dira. Herritarrei gehiago egitea gustatuko litzaiekeela? Jakina. Baina zoritxarrez, bizi dugun egoeran ezin da gauza gehiago egin; edo ondo egin, behintzat.
Juan Jose Ibarretxek ez bide du autodeterminazioari buruzko erreferenduma egitea posible ikusten. Zuk erreferenduma edo kontsulta egiteko aukera ikusten duzu? Noiz eta nola planteatu beharko litzateke?
Nola ez dakit, baina planteatu beharra dagoela argi dago.
Legealdi honetan?
Baldintzak ematen direnean. Kontuan hartu behar dugu ez garela egoera normalizatu batean bizi. Ez gaude, alde batetik, zoritxarrez, biolentzia egoera batean bizi garelako, ezin dugu hori ahaztu. ETAren ekintzek herri honetako bizitza deformatzen dute erabat, hori horrela den bitartean zaila da kontsulta bat egitea. Beste aldetik, beste muturrean PP eta Espainiako Gobernua etengabeko erasoan ari zaizkigu egunero. Komunikabideen gehiegizko erabilera egiten dute egunero, Espainiako hedabideek burutzen duten manipulazioa erabateko da. Zentzu honetan, EAri ez zaio bere diskurtsoa ahalbidetzen uzten, gure mezua ez da garbiki iristen, gure proposamenak desitxuratuak eta okertuak azaltzen dira. Egoera sozial honetan ezin diegu gure mezua eta planteamendua garbi azaldu herritarrei, hitz batez, gure arrazoinamenduak agertu. Zaila da kontsulta bat egitea.
n Beraz, aukerarik ez kontsultarako?
Une honetan ez dut ikusten, baina komeni da berandu baino lehen egitea. Hala ere, gogora dezagun, autodeterminazioa herri honi dagokion eskubide bat dela. Beraz, kontsulta egiteko zein galdera egin behar den plantea daiteke, baina autodeterminazioari buruzko eztabaida antzua da. Eskubideak, dira edo ez dira. Kasu honetan, autodeterminazioa herri honen eskubidea da. Ez dugu eskubide hori noiz aitortuko zaigun zain egon beharrik.
ELAk bere proposamena egin du, eta autodeterminazioari buruzko galdeketa posible ikusten du epe laburrean. Gainera, ez du derrigorrezkoa ikusten distentsioa ematea.
Nik begi onez ikusten dut ELAren proposamena, oso balorazio ona egiten dut proposamenaz. Guk proposatzen duguna agertzen du, hau da, egungo marko juridikoak ez du gehiagorako ematen, eta aurrera egin behar dugu. Bide demokratikoak hobesten ditu, eta horretarako jendearen gehiengoaren babesa lortzeko pausuak emateko beharra aipatzen du. Hala ere, aurreko esperientzietatik ikasi behar dugu eta helburuak lortzeko pausuak nola eman ondo pentsatu beharko dugu. Ezin dugu, berriz ere, esaterako, kontsulta bat burutu, irudikerietan gelditzeko. Lizarra-Garaziko Akordioaren bidean ez genuen asmatu, eta ez genuke, berriz ere, halako kontsulta bat zapuzgarria izatea nahi.
Lizarra-Garaziko Akordioaz geroztiko aroa bigarren trantsizio gisa ulertzen al da zure ustez? Edo ez, prozesu hura eten egin zen eta kito?
Orain denari trantsizio esaten zaio, ez dakit egokia den. Egia da, Lizarra-Garaziko Akordioak herria ukitu zuela, jendeak aurrera egiteko modua ikusi zuen, esperantza bat piztu zitzaion. Ordea, aukera hura bat-batean zapuztean -erantzule zuzena ETA izan zelarik- jendea eta herria lekuz kanpo geratu zen, eskema hautsi zen, nolabait. Ezin dugu amore eman, hala ere. Ez dakit trantsizioa den, agian prozesu bat bezala ikusi beharko genuke, tunel baten barruan gaudela, argia beste muturrean dagoela eta argi hori topatzera irits gaitezkeela pentsatu.
Pausuak ematen ari dira horretarako?
EAEko azken hauteskundeetakoa berealdiko unea izan zen prozesu honetan. PP, PSE-EE eta Batasunaren gogoeta ekarri beharko lukete emaitza haiek. Gizarteak zer nahi duen ikusi behar dute: herrigintzari bai, bakeari bai, eta herri bezala gure eskubideak onartzeari ere bai. Inposiziorik ez, ez ETAren aldetik ez alderdi espainolisten aldetik. Eskema hori argitzen eta indartzen bada, aurrera egingo dugu prozesu honetan.
Artean, prozesua nahasia agertzen da. EAJk PSErengana hurbiltzearen alde egiten duen bitartean. Zuek, berriz, AB, Aralar, Zutik eta Batzarre aldera hurbiltzen ari zaretela ematen du.
Lehenbizi, zehazpen bat. EA ez da AB, Aralar, Zutik eta Batzarrerengana hurbildu. EAk betidanik defendatu izan ditu alderdi horiekin sinatu duen agiriaren printzipioak. Gu ez gara mugitu, gerturatu direnak besteak izan dira. Hori garrantzitsua da azpimarratzea. Izan ere, guk bere horretan mantentzen ditugu gure jarrerak, gu ez gara inorengana joan, ez ditugu gure tesiak aldatu. Oso pozik ikusten dugu beste talde batzuk gurekin bat egitea, pixkanaka bada ere.
n Zuk zeuk EAJrekin eta ezker abertzaleko taldeen artean aukeratu beharko bazenu, zeinen alde egingo zenuke?
Nik alderdi independentista eta gure herria munduan herri bat izateko eskubidearen defentsa egiten duenaren alde egingo dut, betiere, hori lortzeko bide demokratikoak argi dituenarekin.
Hori EAJ al da?
Hori beraiek esan eta erakutsi behar dute. Nik ez dakit. Nik dakidana da, hori argi eta garbi jasotzen dela gure estatutuetan.
Beste aukera argiago ikusten duzu, agian?
Gauzak ez dira txuri edo beltz. Gu AB, Aralar, Zutik eta Batzarrerekin orain hasi gara lanean. Horrek ez du esan nahi beste alderdiekiko bideak itxiak daudenik akordioetara iristeko. Ahalik eta jende gehiagorekin batzea hobe bake prozesua indartzeko. Ekimen horretan ez dauden alderdiek atea irekita daukate, baina argi izanik zein bidean ari garen.
Eudelen mozioaren inguruan gertatu denaz zer iritzi duzu? Batasuna baztertzeko akordio bat al da, finean?
Zein da kontua? Testuak eta agiriak onartu behar al dira alderdi bat kanpoan ez uzteko edo alderdi bakoitzak gogoeta egin dezan? Hau da, inorekin konpontzen ez bazara, problema zu zarela pentsatu behar duzu. EAk Eudelek dioena defenditzen du. Batasunak bera baztertzeko asmoa dagoela dio. Baina ez da horrela. Agiria aniztasunaren defentsan egin da, giza eta bizitza eskubidearen urraketa pairatzen duenarekiko elkartasunean. Orduan, ETAren biolentzia agertzen da, baina baita torturaren salaketa edo eskubide guztien aldeko jarrera indartzea ere. Bere burua agirian kokatzen ez duenak bere arazoak ditu.
Baina, antza, arazoa testuen interpretazioan datza. Gauza bat dira hitzak eta erabilera beste bat. Testu horren arabera alkatetzak kenduko al zaizkio Batasunari?
Hori da kontua, testuaren interpretazioetan dago gakoa. Baina, dirudienez, alderdiek akordioak hartzen dituzte beren diskurtso politikoen alde egiteko, beren jarraitzaileak beren alde hurbiltzeko. Ez dugu ahaztu behar, oraingo agiria joan den otsailean burutu zen bileraren ondorengoa dela. Batasunak esaten du agiri honek berauek baztertzeko egina dela eta bere legez kanpo jartze horrekin lotzen du. Diskurtsoak, finean, alderdikerietan erortzen dira, Batasunaren nahiz PPren aldetik. Azken hauek sinatu bai, baina Alderdien Segurtasun bilerara ez dira joaten. Orduan, hemen bakoitzak bere erara agertzen du akordioa, hori da tristeena. Gauzak agiriak esaten duen araberakoak dira. Bakea, demokrazia eta aniztasunaren aldeko defentsa egiten duen agiri bat da. Bakoitzak ez du zergatik egin behar bere aldeko interpretazioa. Ez da etikoa