FRANTZIAKO GOBERNURA MAKURTZEN EZ DEN HATSA


2021eko uztailaren 28an
Senpereko aintzira Herri Urrats festaren lekuko izanen da beste behin ere; aurtengoa XIX. ekitaldia izaki. Ipar Euskal Herriko Seaska ikastolen konfederazioak, euskararen aldeko urrats berriak eman aldera, ohiko ingurumaria eta egitarau oparoa apailatu ditu dagoeneko. «Hizkuntza herriaren hatsa» lemari jarraikiz, lelo lagungarria eta aproposa urrats berriak emateko nonbait, ehunka euskaltzale abian dira engoitik:«Kulturak gaitu euskaldun egiten, eta kultura ulertzeko, zabaltzeko, ondokoei emateko, hizkuntza behar da. Kultura bakoitzak doakion hizkuntza badu, gure kasuan euskara bihotza, hatsa eta bizia da», azaldu digu Jesus Arzallus bertsolariak eta leloaren asmatzaileak.

KIROLARIEN HATSA.

Euskara biziko bada, euskal hiztun kirolzaleen hatsa beharko du. Aurtengo Herri Urratsen antolatzaileek Iparraldeko 18 kirolari bildu dituzte -Maritxu Housset, Cécile Housset, Beñat Intxauspe, Philippe eta Francis Karrikart, Sébastien Gonzalez, Patrick Ozafrain, Bixente Fagoaga, Daniel Larretxea, Iban Abadie, Mika Etxeberri, Pepito Elhorga, Amaiur Alfaro, Didier Mundutegi, Nicolas Bachoffer, Serge Betsen, Jean Michel Gonzalez, Imanol Harinordoki- kanturako hatsa eman dezaten.
Kirolari hauek -pilotariak, errugbilariak eta itsasturiak, besteak beste- hitzaren eta musikaren sortzaile onak izan dituzte lagun. Mattin Irigoien idazleak kirolariei egoki doazkien eleak asmatu ditu. «Hizkuntza hau ipurdiz gora» dio kantuaren izenburuak. Zergatik ote?: «Euskara hizkuntza bat da eta bere eginbehar printzipala komunikazioa ahalbidetzea da. Horretarako bizi behar du, bizi behar baina, burdina lantzen den gisara: berotu, bihurdikatu, mehatu, jo, moldatu… Zangoz edo ipurdiz goratu behar dugu, eta horrela, menturaz, gure bizian txertatuko da». Horra, Irigoienen arrazoia.
Izenburuak dioenez, egileak kantuaren zenbait hitz -ipurdiz goiti paratu aldera- gibelekoz aitzina idatzi ditu. Hizkuntza molde honi «Verlan» deritzo. Oskorri taldeak, beraz, ele hauek aireratzeko doinu berezi bat asmatu behar izan du. Zaila ote da «Verlan» hizkuntzan musika jartzea eta kantatzea?:«Ez gaude ohituta honelako jokoetan sartzen, atzekoz aurrera kantatzea guretzako nahiko bitxia izan da. Baina, bereziki zaila kantarientzako izan da, guk musika baizik ez dugu egin», zehaztu digu Oskorriko Natxo de Felipe kantariak.
Kirolarien partehartzea ez da horretan gelditu, ordea. Kantari gisa aritzeaz gainera, kirolariek Xabi Iriarte eta Pascal Indo bideogileen esanetara jarri behar izan dute, Herri Urratsera deitzen duen bideokliparen irudietako aktore lana ere burutzeko.
Hitzen idatz moldea berezia izan bada, halaxe izan da ere hitzen doinua. Oskorri taldeak Biarnoko musika tradizionala hautatu du aurtengo Herri Urrats festarako:«Musikak ez du nazionalitaterik. Musika hau -gure auzoko gaskoien musika- aproposa izan zitekeela pentsatu genuen, gaskoiek eta euskaldunek kulturalki harreman handiak baititugu», erran digu Natxo de Felipek.



SEASKA LAU HAIZETARA.

Euskara ez da berez hizkuntza ahula. Hitz egokiak eta moldagarriak baditu ukan kanturako. Euskara lau haizetara jarriko dituen hiztunak behar ditu, ordea. Seaskako ordezkariek «Seaska lau haizetara» lema ere plazaratu dute aurtengo ekitaldiaren karietara, baita beren asmoak irudikatu eta hedatzeko logo berri bat sortu ere:«Hizkuntzaren hatsak oldar berri bat ematen dio geldia dagoen lauburuari, honek mugiarazten du ilora, udaberriko lorea sorrarazteko», aditzera eman du Patrice Rouleau bere egileak.
Haize errota honek udaberriko loreak aireratzen dituen gisara, ikasle berriak loratu nahi ditu Herri Urratsen karietara: «Ez dugu orainokoan botere publikoengandik espero dugun sostengu ekonomikoa ukan, haatik, Hazparne eta Donibane Garaziko ikastolentzako egoitza berrien proiektua hasia dugu moldatzen jadanik, etorkizunean sinesten dugun lekukotasun gisara. Alabaina, lau hizkuntza irakasten duen hezkuntz sistema honen betebeharra botere publikoen esku ere izan behar delakoan gaude. Anartean, jakin dezaten ez dugula geldirik egonen. Seaskak, haur eta ikasle berriei harrera on eta baldintza modernoak bermatzeko ardura beregain hartzen segituko baitu», adierazi du Seaskak.
Honezkero, hogeita hamahiru urteko bizialdia duen elkarte honek 23 ikastola eta 2.000 ikasle biltzen ditu bere hezkuntza sisteman. 1969an, zortzi ikasle bakarreko gela batekin hasi zen Seaskak, gaur egun, 19 ikastola biltzen ditu Ama Eskola eta Lehen Mailako irakaskuntzarako. Bigarren Mailako hiru kolegio eta Lizeo bat, bestalde. Ama Eskolatik hasita, hizkuntz murgiltze ereduan ari dira ikasleak, eta geroko mailetan Hegoaldeko D ereduaren antzeko hezkuntz programa lantzen dute. 1994az geroztik, ikastola hauetan guztietan ari diren irakasleek Frantziako Hezkunde Ministerioarekin kontratua dute.
Izan ere, 1994an gauzatu zen, Seaskaren eta Frantziako Hezkunde Nazionalaren arteko negoziazioen ondorioz, protokolozko akordioa deitua. Akordioak irakasle guztien konkurtsoa aurrera ateratzeko balio izan du. Tokian tokiko ikastolek eskola pribatu izaeraren jabetza eskuratu dute. Ikastola guztiek irakasleen kontratu publikoa erdietsi dute, kontratua gelaka gauzatzen delarik, gelako ikasle kopuru zehatz eta irakasle bakoitzeko. Eskubide hori indarrean dago betirako.
Kontratu hau aldatzeko era bakarra, gela horiek guztiak eskola publikoaren sarean sartzea da. Hots, Seaskak sare publikoaren estatutuak sinatzea besterik ez luke behar, eta ikastolen konfederazio hau desagertuko litzateke eskola publikoa bihurtzeko. Gisa horretara, irakaskuntzaren kudeaketa osoa -eskola, kolegio eta lizeoaren eraikinak eta kudeaketa- estatuaren esku izango litzakeelarik.

2000TIK NEGOZIAZIOAK ETENDA DAUDE.

2000. urtean, protokolozko akordioak iraun zuen sei urteen ondoren, Seaskari estaturtu publiko bat ekarri beharko lioketen negoziazioei ekin zioten bi aldeek, berriz ere: «Bulegoan sartu nintzenean hasiak ziren Hezkunde Ministerioarekin negoziaketak. Lehen bilkura uztailaren 20an izan zen eta azkena abenduaren 27an. Harrezkero, azaldu genizkien desadostasunen ondotik, ez gaituzte deitu. Nahiz guk -Seaskako bulegoak- Hezkunde Ministerioari idatzi diogun...», azaldu digu Mixel Etxeberri lehendakariak.
Seaskako ikastola bakoitzak bere eskola estatutua dauka, eskola pribatu kristauek duten bezalakoa. Kontratua gauzatzeko eredua eskola hauek duten bera da. Estatutu hori pribatua da eta mugatua, ordea. Orain, berriz, estatutu hori zabalduz, Seaskak bere estatutu propioa erdietsi nahi du. Estatutu pribatu mugatu bat izatetik estatutu publiko bat izatera iragan nahi du ikastolen konfederazioak. Hezkuntz Ministerioak, ordea, bere ereduaren arabera, Seaska sare publikoan integratzea nahi du:«Guk D ereduaren babes juridikoa nahi dugu, ez dadila ukitua izan inongo legearen aitzakiaz. Bestalde, guk ez dugu gurasoak eguneroko hezkuntzan sartzea nahi, geletako pedagogian, baina gurasoek hezkuntzaren orientabideak ezagutzea eta segitzea nahi dugu, gure ereduaren ikerketaren eta garapenaren segimendua egin dezaten, halaber, ikastetxeen garapena ere beren esku izanez. Horiek onartuz gero, Seaskak onartuko luke sare publikoan sartzea», argitu digu Mixel Etxeberrik.
Horretarako baina, Frantziako Estatuak hizkuntza gutxituen arazoa trenkatu behar du lehenbizi, hizkuntz gutxituak ez baitira ofizialak, ez euskara ez besteak ere. Honela segitzen du Seaskako lehendakariak:«Haiek gure eskolak sare pribatuan integratu nahi dituzte. Ados. Aski dute gure eredua sare publikoan integratzea eta eskaintzea. Hori da gakoa hizkuntza gutxituak bizi duten kinka larritik ateratzeko. Eguneroko bizitzan hizkuntza biziak eta eraginkorrak garatu nahi badute, badakite zer egin behar duten, horra hor laxatu beharreko korapiloa».

HEMERETZIGARRENEZ, SENPEREN BETIERE.

Urteak joan urteak jin, Seaskak bere estatutu publikoa erdietsi bitartean, Seaskako ikastolek hemeretzigarrenekoz ospatuko dute Herri Urrats festa. Aurten ere, aintzirara hurbilduko direnek ohiko egitarau oparoa aurkituko dute Euskal Herriko zazpi eskualde historikoen izena daramaten guneetan. Halaber, EKEk antolaturiko «Kantuketan» erakusketa ikusgai izanen da maiatzaren 1etik 17ra bitartean. Heldu den urtean, 2003an, Herri Urratsen hogeigarren ekitaldia burutuko da, eta lema asmatzeko lehiaketa antolatua izan da. Bestalde, Ipar Euskal Herriko ikastolen urteko festa nagusia gero eta txukunago antolatu aldera, antolatzaileek ekimen berriak ezartzen dituzte urtetik urtera. Aurtengo ekimen berriaren bitartez, Bizi Garbia izenburua darama, bisitariek utziko dituzten hondakinak bilduko dira. Seaska eta Senpere eskualdeko bederatzi herrien sindikatuaren arteko elkarlanean, beirak, paperak eta plastikoak bereizteko ontziak ezarriko dira festa garatzen den gune nagusietan:«Ikastolen konfederazioa osatzen duten guraso guztien izenean, bai festa aitzinetik bai ondotik lanean aritzen diren guzti-guztiak eskertu nahi ditut. Herri Urrats festaren antolaketa ez litzateke posible izanen Seaskaren eskutik, baldin eta euskalgintzan ari den kolektibo osoaren sostengua ukanen ez bagenu», erran digu azkenik Mixel Etxeberrik

Seaskako Kontseilu Nagusiak «Egoitzak» batzordea, elkarte autonomoa izan dadila erabaki du berriki. Orain arte, lekuan lekuko ikastolak ziren eraikinen jabeak, ordea, hemendik aitzina eraikiko diren egoitzak, Egoitzak batzordearenak izanen dira. Gisa honetara, eraikin berriak Seaskaren jabetasun publikoa izatera pasako dira.
Frantziako Estatuaren aldetiko onarpen osoa erdiesten ez duen bitartean, hots, bere irakaskuntzaren eredua jaso lezakeen estatutu propio baten jabe ez den bitartean -edota lekuan lekuko botere publikoek ikastolen eraikuntza bere gain hartzen ez duen bitartean-, Seaskak eraikinen finantzazioa bere gain hartuko du.
Zentzu honetan, Kontseiluak bi ikastola berri eraikitzea erabaki du heldu den urtearen bukaerako: Hazparnen eta Donibane Garazin. Hastapen batean, bertako botere publikoekin batera (Donapaleuko ikastolaren eraikuntzaren antzean) eraikitzea asmoa bazuten ere, azkenean, zazpi urteko negoziazioek deusik ekarri ez dutenez, «Egoitzak» batzordeak ikastola berriak bere kasa eraikitzea deliberatu du. Proiektua hasteko, Eusko Jaurlaritzaren 558.941,28 euroko laguntza eskuratu du egitasmoak, aurrekontua 1, 67 milioi eurokoa izaki. Aurrekontua osatzeko behar den gainontzeko diruaren parte bat, aurtengo Herri Urrats festan bilduko den parte bat izanen delarik.
Seaskak erronka handiak ditu oraindik ere eraikinen eremuan, Kolegioei nahiz Lizeoari dagokienean, kasu. Kanboko Xalbador kolegioa eraiki ondoren, Ziburuko Larzabal kolegioarentzako eraikin propio bat ukaitea du xede. Kolegio honek iaz osatu zituen bigarren mailako gela guztiak eta 200 ikasleek egoitza alokatu batean dihardute. Donaixtiko Manex Erdozaintzi kolegioak, berriz, heldu den urtean osatuko ditu bere lau gelak, bertako 170 ikasleek ere beren egoitza propioa izatea nahiko lukete etorkizunean. Oraingoz baina, Parisko elkarte baten udako egoitza batean burutzen dituzte beren ikasketak.
Lizeo mailan ere halaxe ari dira. Seaskako lizeoan ari diren ikasleek administrazioaren Baionako Saint Jacques Rousseau ikastetxean burutzen dituzte beren ikasketak. Ikasle kopurua goiti doa, alabaina, Seaskak erdietsi nahi duen estatu publiko propioa izan bitartean, bere ikastolen egoitzak berak eraiki beharko ditu

«Hezkuntz Ministerioak egungo legea baino ez du nahi gure irakaskuntz arako»
Heldu den uztailean bigarren urtea beteko duzu Seaskako lehendakari karguan. Zertan dira estatutu publikoa lortzea xede duten Seaska eta Hezkuntz Ministerioaren arteko negoziazioak?

Negoziazioak geldituak dira. Izan ere, Hezkuntz Ministerioak Seaskari egiten dioen eskaintza bakarra sare publikoaren hezkuntz sisteman integratzea da. Hau da, ministerioak egungo legea aplikatzea baino ez du nahi. Eskaintza bera egin die ere beste herrialde eta hizkuntz gutxituetako eskolei: Kataluniako Bressola, Okzitaniako Calandreta, Alsaziako ABCM eta Bretainiako Diwan-i.

Diwanek, ordea, aitzina segitu du negoziazioetan.
Diwanek akordio gisako protokolo bat onartu zuen, betiere, indarrean dagoen legean oinarrituta. Akordio hau testu «zirkular» bat besterik ez da, ministerioaren nahia agertzen duena bereziki. Funtsean, legeak agintzen duenari aitzi egiteko ahalmenik gabea. Guk ez genuen testua onartu, Seaskaren nortasuna, hezkuntz moldea eta filosofia ukatzen zituelako. Protokolo akordio hori sinatu izan bagenu Seaska desagertuko litzateke. Ministerioak Seaska guraso elkarte bat izatea nahi du, ahalmen kontsultatiboak besterik izanen ez dituen elkartea.

Diwan akordio horrekin konformatu da, irudiz.
Hezkuntz Ministerioaren goi-kontseiluak ez ditu onartzen arestian aipatutako eskolen izaera eta nortasuna agertzen dituzten estatutuak. Diwan-ek ahalmen kontsultatibo horien bidez aitzina egin nahi izan du estatutu bat erdiesteko. Alabaina, akordioa gauzatzen hasi orduko, ministerioak D ereduaren hainbat gaitasun -Diwanen kasuan ari naiz- ezabatu du Errepublikako hizkuntza frantsesa dela argudiatuz. Diwanek onartu du testu hori, haatik, Diwaneko lehen biltzarrean, kideen %80k lehen testua onartu bazuen ere, azkenekoan, kideen %53k baino ez du onartu.

Bestalde, zertan dira Seaskaren eta sare publikoan ari den Ikas-Bi elkartearen arteko harremanak?
Azken urteetan, sare publikoko irakasleen gehiengo batek aitortzen duenez, lantzen ari diren euskarazko eredua ez da aski; beren ereduaren bidez haurrek ez dutela euskarazko hezkuntza bereganatzen onartzen dute. Onarpen hori, berez, aurrerapauso bat da euskarak bizi duen kinka larritik ateratzen laguntzeko.

D eredua hobesten hasiak al dira, nolabait?
D ereduari buruzko eztabaida plazaratu dute, bederen. Sektore batek murgiltze eredua ere landu nahi luke. Eskola elebakarra onartzen ez duten bitartean -frantsesa, alegia-, bere tipian, euskarak leku gehiago hartzen du.

Laneko harremanak ba al dituzue?
Arlo batzuetan bai, baina ez denetan. Garapen Kontseiluan elkarrekin ari gara euskararen aldeko sentsibilizazio kanpainetan. Inspekzio Akademiatik pasa behar diren hainbat ekimen lantzen dugu elkarrekin, eta baikorra da. Alabaina, Ikas-Bik beste erakundeetan bete beharko lukeen lana bazter utzia du: Ikas, Euskal Konfederazioan edo Hizkunz Kontseiluan, kasu. Eta hori tamalgarria da


ASTEKARIA
2002ko maiatzaren 12a
Azoka
Azkenak
Kutxa Banku Fundazioa ez da ados agertu Arriolaren adierazpenekin: “Euskara ez da oztopo”

Kutxa Banku Fundazioak adierazi du Kutxabankeko presidentearen adierazpenek ez dutela fundazioaren pentsamoldea islatzen, "Hizkuntza aniztasuna beti da aberastasun iturri, nekez izan daiteke oztopo", argudiatu dute.


Lineal A idazkunik luzeena

Lineal A duela 4.800-4.500 urte erabilitako idazkera minoikoa da. Berriki, Kretako Knossos jauregi ezagunean, bolizko objektu berezi bat aurkitu dute, ziurrenik zeremonia-zetro gisa erabiliko zutena. Objektuak bi idazkun ditu; bata, kirtenean, laburragoa da eta aurkitutako... [+]


Gizonak frontera, emakumeak zubira

Londres, 1944. Dorothy izeneko emakume bati argazkiak atera zizkioten Waterloo zubian soldatze lanak egiten ari zela. Dorothyri buruz izena beste daturik ez daukagu, baina duela hamar urte arte hori ere ez genekien. Argazki sorta 2015ean topatu zuen Christine Wall... [+]


Resako aztarnategia Andosillan
Ebroko muga zaharraren lorratzetan

Nafarroako Erriberako Andosilla herrian, sorpresa ugari ematen ari den indusketa arkeologikoa egiten ari dira Aranzadiko arkeologoak eta herritar boluntario taldeak. Resako aztarnategian orain arte oso ezezaguna zaigun Goi Erdi Aroko gizarteak hobeto ulertzeko aztarnak aurkitu... [+]


Pippi Kaltzaluzek 80 urte bete ditu, beti bezain iraultzaile

Pippi Kaltzaluzeren istorioak lehenengoz kaleratu zirenetik 80 urte bete direla-eta, leku berezia eskaini diote Boloniako Nazioarteko Haur eta Gazte Liburu Azokan. Azkarra, independentea, errebeldea, lotsagabea, menderakaitza, apur bat basatia, sormen handikoa, ausarta eta... [+]


Trans Pertsonen Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak jarriko ditu abian Osakidetzak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako trans pertsonei zuzendutako protokolo asistentziala eguneratzea da helburua. Lehen Mailako Arretako Taldeak (LMAT), trans pertsonentzako Lehen Mailako Arretako Zerbitzu berriak (tLMAZ) eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean dagoen Genero... [+]


Osakidetzako datuen kontraesanak: itxaron-zerrendak behera, herritarren kexak gora?

Jaurlaritzak ziurtatu du itxaron-zerrendak bi hilabetetik behera jaitsi direla azken hiruhilekoan. Manu Lezertua EAEko arartekoak, berriz, beste datu bat nabarmendu du herritarren kexei buruzko urteko txostenean: Osakidetzari dagozkion kexak %70 igo dira, eta batez ere... [+]


“Neutrotzat aurkezten dena, egiaz, ideologia nagusiaren konplizea da”

Gozamen aparta bezain deskribatzeko zaila dakar, norbaiten hitzak irakurri edo entzun ostean, zera pentsatzeak: “Horixe zen neu aurreko hartan azaltzen saiatu nintzena!”. Idazlea eta itzultzailea da María Reimóndez, eta galegoz aritzen da, hizkuntza... [+]


Unibertsitate pribatuak sortzeko baldintzak gogortu nahi ditu Espainiako Gobernuak

Ugaritu diren “txiringito pribatuei” muga jartzeko asmoz, unibertsitate berriak sortzeko baldintzak gogortu nahi ditu Espainiako Gobernuak. Euskal Herrian polemika artean jaio zen azken unibertsitate pribatuak adibidez, Gasteizko Euneizek, gaur gaurkoz ez ditu... [+]


2025-04-02 | Cira Crespo
Espainiako bandera

Juan Bautista Bilbao Batxi idazleak barku batean egiten zuen lan, eta bere bidaietako kronikak bidaltzen zituen Euzkadi egunkarira. Horri esker, XX. mende hasierako mundu osoko kronika interesgarriak ditugu, euskaraz. 1915eko ekainean, hain zuzen, Murtzian egin zuen... [+]


Segurtasuna, etorkinak eta beldurra

Segurtasun falta dagoen irudipena handitu dela azaldu du Eustaten azken txostenak. Gurean, Trapagaranen, Segurtasuna orain, delinkuenteen aurka manifestaziora deitu dute herritar batzuek.

Bi izan dira sentsazio hori zabaltzeko arrazoiak. Batetik, udalak Udaltzaingoaren... [+]


Haurtzaroaren denbora

Haurtzaroaren amaiera eleberri distopikoa idatzi zuen Arthur Clarkek, 1953. urtean: jolasteari utzi dion gizarte baten deskribapena. Eta ez al da bereziki haurtzaroa jolasteko garaia? Jolasteko, harritzeko, ikusmiratzeko eta galdera biziak egiteko unea. Ulertzeko tartea zabalik... [+]


2025-04-02 | Castillo Suárez
Erantzunak

Badira etxebizitzak saltzeko atarietara harpidetuta daudenak, etxe bat erosi nahiko luketelako. Tarteka etxeak ikusteko hitzorduak ere egiten dituzte, eta seguru nago saltzaileak badakiela pertsona horiek ez dutela etxea erosiko, ez bisitan etxeari aurkitzen dizkioten baina... [+]


Eguneraketa berriak daude