GURE ORKESTRETAKO ARTISTA LANGILEAK

  • Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa ospakizunetan murgildu dira aurten. Batak laurogei urte egin ditu. Hogei bete ditu besteak. Zein da bietan errepikatzen den eta Iruñeko Pablo Sarasate Orkestran, Baionako Kostaldekoan eta Euskal Herriko Gazte Orkestran ere ematen den ezaugarria? Musika eta musikariak. Azken hauek gabe ez legoke musikarik, eta musikaririk gabe zail da orkestrarik irudikatzea. Hain zuzen azken horiei erreparatu diegu hurrengo lerroetan. Entsegu orduak, zuzendariekiko harremanak, euren arteko gorabeherak eta sentipenak jorratu ditugu, musika notarik gabe ordea.
Bilboko Orkestra Sinfonikoak 1922ko martxoaren 8an eskaini zuen lehenengo kontzertua. Aurten, duela 80 urte bezala, Arriaga antzokian bildu dira urtemuga ospatzeko. Orkestrako zuzendari izan zen Aranbarriren doinuek, Bernaolarenek eta Dvorakenek hartu zuten Bilboko antzokia joan den martxoaren 8an. Adinekoa izan arren, espiritu gaztea eta nekaezina erakusten du BOSek. Horren adierazgarri dira urtemugaren egunean bertan inauguratu zuten webgunea (www.bilbaorkestra.com), eta datorren hilean Orkestraren historiari buruz argitaratuko duten lana.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, berriz, urteurren eguna Bartzelonan igaro du, apirilaren 20an Moneoren auditorio berrian kontzertu bikaina eskainiz. Hala ere, ospakizunak ez dira egun horietara mugatu, izan ere, denboraldi oparoa prestatu dute. Madrilen izan dira dagoeneko, eta udan Alemaniako musika jaialdirik garrantzitsuenera gonbidatu dituzte, Schleswig-Holstein jaialdira, hain zuzen. Nazioartean egingo duten zortzigarren bira izango da hori. Baina horrez gain, euskal konpositoreen lanekin disko bilduma bat ari da osatzen EOS, eta aurten, Francisco Escuderoren doinuekin disko bikoitza atera dute.
Urteen poderioz, 80 urteko aitona 20 urteko biloba bezain gazte sentitzen da, eta biloba aitona bezain heldu. Egun EOSen zuzendari den German Ormazabalen hitzetan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa gaztea baina ondo finkatutakoa da: "Hogei urte ez dira asko orkestra batentzat, baina nahikoa bai izaera propioa izan dezan eta Estatu mailan erreferente sinfonikoa dela ziurtatzeko".
Laurogei urte ere ez dira alferrik igaro BOSentzat. Espainiako Orkestrarik zaharrenetarikoak atzera begiratu eta oso bestelako garaiak gogoratzen ditu. Hasiera batean musikari izateak beste lan batzuk egitea ere eskatzen zien Orkestrako kideei, hilaren bukaerara iritsi nahi bazuten. Musikari askok lan sinfonikoez gain, klubetan eta beste hainbat lekutan jo behar izaten zuten. Patronatoa sortzean hasi ziren gauzak aldatzen, eta gaur egun, beste edozein langilek dituen abantailak dituzte musikariek. BOSeko prentsa arduradun Iñigo Zubizarretak adierazi digunez, aldaketarik handiena profesionalizazioan eta musikarien jatorrian eman da: "Hasiera batean guztiak hemengoak ziren, baina 80ko hamarkadan Europa Ekialdeko musikariak mundu guztiko orkestratara gerturatzen hasi ziren, eta Bilbokora ere ugari etorri ziren".
Ara Cividian hamarkada hartan, 1985ean, etorri zen Errumaniatik Bilboko Orkestra Sinfonikora. "Hogeita zortzi urte nituela etorri nintzen. Errumanian kontserbatorio nagusiko ikasketak amaitu eta hango orkestra sinfonikoan bost bat urte eman nituen, baina pixkanaka hura behera zihoala ohartu nintzen eta handik irtetea erabaki nuen", adierazi digu. Bilboko Orkestra Sinfonikoak bizi izan dituen gorabeherak gertutik ezagutu ditu eta egoerak hobera egin duela dio: "Garai batean maila oso ona izan zuen, baina gero dezente jaitsi zen, eta orain berriz hobetzen ari gara. Musikari gazteak sartzeak ere lagundu du".
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa 80ko hamarkadan (1982an) sortu zen eta nabarmena da bereziki garai hartan sartu ziren musikari atzerritarren presentzia. Ara Cividian bezala, Karl Francis Pipkin ere 1985ean etorri zen Euskal Herrira eta bera da EOSeko ipar amerikar bakarra. Bere iritziz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa ere asko aldatu da: "Orain gazteagoa da, kontzertuetan eta afinazioan kalitate hobea lortu du, eta horretan zuzendariak zerikusi handia du".
Gilbert Varga eta Christian Mandeal dira EOSeko zuzendari artistikoak, eta Juanjo Mena BOSekoa. Orokorrean musikariek haiekin duten harremana nahiko hotza dela diote, baina miresten dituzte. "Gilbert Varga oso zuzendari ona da, hotza eta gogorra, baina lanera etorri da hona, ez lagunak egitera", esan digu Pipkinek. Ortzi Oihartzabal EOSeko kidea ere bat dator berarekin: "Izugarri eskatzen digu eta biziki serioa da, baina zuzendari batek errespetuz mintzatu behar du musikariekin eta profesionalki zerbait interesgarria eman behar digu".

Iritzi kontrajarriak daude ordea. Izan ere, azken hilabeteetan Euskadiko Orkestrako hainbat kidek komunikabideetara jo zuen jasaten zuten «jazarpen psikologikoa» salatzeko. Orduan agerian utzi zenez, EOSeko musikari ugarik entseguetara lasaigarriak hartuta joan behar izaten zuen. Jose Miguel Martinez klarinete joleak eta EOSeko batzordeko presidente ohiak esan digunez, Orkestraren zuzendaritza instituzionaletik eta zuzendaritza artistikotik hainbat presio jasan behar izan dute. «Hobekuntza artistiko bat lortu nahi izan dute musikariak presionatuz. Eta horrela, epe motzera emaitza onak lortzen dira, baina luzera, musikarien bajak etorri dira». Hain zuzen ere, Martinezek esan digunez, arrazoi psikologikoak eta fisikoak direla medio, musikari askok hartu behar izan dute baja. Jazarpen horren adibide da, hogeita hamar urtetan lehenengo biolina izan den eta hamazazpi urtetan EOSen jardun duen musikaria. Kontzertu batean bakarka jotzen aritu ondoren, kamerinora deituta, «Zure solo horrek negar gura sortu dit», esan zion Gilbert Vargak. Hitz horien guztien ondoren, berriz ere eszenategira bueltatu behar izan zuen.
Komunikabideetan sortutako zalapartaren ondoren, Vargak berak barkamena eskatu omen zien musikariei, «eta literalki esan zigun batzuetan burua galtzen zuela, eta tratamendu baten pean zegoela», aitortu digu Martinezek.
Musikarien eta zuzendarien arteko harremana zaila izan da beti, Euskadiko Orkestran behintzat. Baina arazoak larritu egin ziren German Ormazabal eta Gilbert Vargasen zuzendaritzapean. Egun, Kulturako Sailburuarekin hitz egin eta gero, harremanak baretu egin omen dira.

BELAUNALDI BERRIEK ALDAKETA DAKARTE.

Miren Elosegi EOSeko prentsa arduradunaren ustez, Orkestra sortu zenean Euskal Herrian musika hezkuntzaren maila ez zen Europako beste hainbat herrialdetakoa bezain ona. Orain izugarri hobetu dela dio, eta horren lekuko dira Ortzi Oihartzabal edota Oihana Kontxeso, iazko abuztuan postua lortu zuten bi gazte euskaldun. "Baina hasieran bestelakoa zen egoera eta atzerritar dezentek atera zuten plaza; poloniar eta frantses asko sartu ziren garai hartan", adierazi digu. Bere ustez, musika hezkuntzak urrats handiak eman ditu baina Europa Ekialdeko herrialdeekin alderatuz gero, alde handi samarra nabari dela dio. Iñigo Zubizarreta, BOSeko prentsa arduradunaren iritziz ere, "gauzak aldatzen doaz; egunetik egunera gure ikasleen mailak gora egin du eta, batez beste, orkestran lanean hasten diren gazte berrien artean erdia baino gehiago izango dira etxekoak".
Etxekoen artean, Alberto Urretxo 29 urteko arrasatearra dago BOSen. 1998an lortu zuen postua, eta tronboi bakarlaria da gaur egun. Donostiako eta Baionako kontserbatorioetan egin zituen ikasketak eta Estatu Batuetan ere ibili zen. Bere ustez, Europan, oro har, hobeto prestatzen dituzte musikariak. "Nahiz eta hemengo musikariek geroz eta maila hobea eman, atzerritarrak hobeto prestatuta daudela uste dut", adierazi digu.
Dena dela, Miren Elosegiren ustez, guztia ez da maila kontua, izan ere, orkestra gehienak bertako eta atzerriko musikariek osatzen dituzte. "Musikaria mundu zabalekoa da eta hasieratik daki batetik besterako bizimodura egokitu beharko duela, horrekin bizi da, eta badaki ez dakiela non amaituko duen".
Hilabete honetan bertan hutsik geratu diren hainbat postu betetzeko lehiaketa egin dute EOSen, eta hainbat atzerritarren artean Sao Pauloko neska batek hartu du parte. Normalean, postua lortzen duenari urtebeteko jarraipena egiten diote plaza behin betirako eman aurretik. Hala ere, sartzeko frogak nahiko gogorrak direla esan digu Karl Pipkinek: "Nik zortea izan nuen, baina jende asko dago bere titulua besapean duela lan bila. Musika tresnarekin gogor entseatzeaz gain, psikologikoki ondo prestatuta etorri beharra dago, bestela...".
Alberto Urretxok Euskadiko Orkestra Sinfonikoan estra gisa jardun zuen hainbat urtean, eta duela lau urte atera zuen plaza BOSen. Zorte ona izan duela dio, eta berarekin bat dator Ortzi Oihartzabal ere. 26 urteko baionarra Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikari gazteenetarikoa da. Iazko abuztuan sartu zen, baina aurretik Londresen jardun zuen ikasten, eta etxera itzuli aurretik, Madrilen, Espainiako Orkestra Nazionalean, egin zuen lan. Atzerrian gustura ibili dela dio, baina etxean behin betirako lanpostua izateak lasaitasuna ematen dio.
Lasaitasun hori ordea, euskal musikari gazte gutxik lortzen du egun. Hainbat iturrik aitortu digunez, lehiaketetan kanpotarra izatea hobesten da sarri. Eta horrelako kasuak ezagunak omen dira. Jose Miguel Martinezek esan digunez, «orain aste batzuk lehiaketa publikoan Irungo musikari batek eta frantses batek puntuazio bera lortu zuten. Baina frantsesa aukeratu zuten. Eta hori askotan gertatu da». Kataluniako Orkestrarekin alderatuz adibidez, aldeak nabarmenak dira. Hangoak, lehiaketetan bertakoa izatea hobesten du. Arrazoiengatik galdetuta, Martinezek zera aitortu digu: «Kanpotar askok ez dute orkestra eurena bezala sentitzen. Hemengoek berriz lan hobekuntzak eskatzen dituzte, orkestraren maila igo nahi dute, eta abar».
Arazo bat gehitzen zaio gainera, plaza lortzeko berezko zailtasun horri. Orkestran dabiltzan gazteetako asko ordezkapenak egiten dabiltza, eta sarri, Aldi Baterako Lan Enpresek kontratatuta. Beraz, askok, etsita, Espainia mailan beste orkestretara jotzen dute azkenean.

ENTSEGUAK.

Eguneroko lanak diziplina handia eskatzen die musikariei. Egunean lau edo sei bat orduz entseatzen dute orkestrarekin, eta gero, bakoitzak bere kasa landu behar izaten du etxean. "Ez da musika tresna jotzea bakarrik, irakurtzea eta musika entzutea lagungarria da, eta horrez gain, eskalak eta eguneroko entseguetan lantzen ez ditugun beste hainbat gauza ere landu behar dugu", adierazi digu Urretxok.
EOSen kasuan, astebete ematen dute egunero entseatzen eta hurrengo aste osoa Gasteizen, Bilbon, Iruñean eta Donostian ematen dituzten kontzertuei eskaintzen diete. Oihartzabalen iritziz, errutina batean sartzen dira eta musika lanbide gisa hartzen dute. Karl Pipkinentzat ordea, lan hori plazerra da: "Aste Santuan hamabost egun libre izan ditugu, eta izugarrizko gogoa nuen berriz ekiteko; oso gustura sentitzen naiz entseguetan; obratik obrarako tarteetan xuxurlaka eta txisteak kontatzen ibili ohi gara, giro ona dago gure artean".
Haizezko sekziokoen eta harizkoen arteko harremana ona omen da, baina beren artean trufan ere ibiltzen dira eta horien jomuga biolak direla diote Ortzik eta Karlek. "Biola oso tresna berezia da; inoiz ez doa melodiarekin batera eta nahiko ezatsegina da bakarrik entzuteko. Baina zein abantaila du biolak bibolinaren aldean? Sutan gehiago irauten duela".

MUSIKAK BATZEN DITU.

Eguneroko lanak eta orkestra hauetan sortzen diren arazoak gorabehera, musikak batzen ditu guztiak. Alberto Urretxorentzat musika bizitza da. "Adierazpide bat da; uneoro garatu nahi dudan zerbait. Barruan daramagu, eta kanporatzeko beharra sentitzen dugu. Antzerkian edo beste edozein arte adierazpenetan bezala, norbaitek zerbait esateko gogoa duenean bide bat aurkitzen du horretarako, gurea musika da". Ara bat dator berarekin: "Hitzak nahikoa indar ez duenean, musika irteten da, hitzen bidez komunikatu ezin den zerbait da". Karl Pipkinentzat, berriz, erronka bat da, batzuetan obra zailak jo behar izaten dituzte eta ondo egiteak izugarri asetzen duela dio.
Musika klasikoa da orkestra sinfonikoetan gehien lantzen dutena. Malher, Bach, Mozart, Strauss, Brahams, Stravinsky, Schumman, Bernstain... Eta unearen eta gorputzaldiaren arabera bat edo bestea interpretatu nahi izaten dutela dio Karlek. Berak oso gustuko du Leonard Bernstainen "West side story", eta hori jotzeak izugarri alaitzen eta lasaitzen duela dio. Ortzi Oihartzabalek Colin Davis miresten du izugarri.
Musikari hauek etxean dituzten disko sorten artean ordea denetariko musika aurki dezakegu. Alberto Urretxok, esaterako, jazza, brassa, eta euskal musika asko entzuten du. Musikoek irekiak izan behar dutela uste du, "musikaz gozatzen dugu eta badugu sentsibilitate bat, agian, musikari ez denak garatu ez duena".
Musikarekiko lotura horrek orkestratik kanpo beste zerbait egitera bultzatu ditu musikari asko. Ortzi Oihartzabal, adibidez, Lapurdiko Zapozain taldean ibilia da. Eta Karl Pipkinek salsa talde batean teklatua jotzen du.
Orkestren barruan ere hainbat talde txiki sortu direla diote bi orkestretako prentsa buruek. Askotan kamera taldeak sortzen dira, eta orkestratik bertatik bultzatzen dira ekintza horiek. Garrantzitsua deritzote hirukoteak, boskoteak eta abar antolatzeari; lan sinfonikoetatik at, beste musika mota batean sakontzeko aukera ematen baitu horrek.
Elosegi eta Zubizarretaren iritziz, urte hauetan bi orkestren inguruan oinarri sendoa osatu da eta musikariek ekarpen izugarria egin dute

EOSen zenbakigrafia
Hogei urteko historian, 2.000 kontzertu baino gehiago eskaini ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Emanaldi horietara, 1.752.000 ikusle inguru hurbildu dira. Euren jarraitzaileetatik, egun, 6.000 dira abonatuak.
Orkestraren gidaritzak badu meritua, baina horrez gain, kopuru horiek musikarien lanari zor zaizkie. Baina nolakoak dira musikari hauek? EOSekoei dagokienez, batez beste 41 urte dituzte, zaharrenak 60 ditu eta gazteenak 26. %65 atzerritarra da eta euskal herritarra berriz, %35. %25 da emakumezkoa eta %75 gizonezkoa. Ezaugarri hauek dituzten musikariek osatutako orkestrak 20 disko inguru plazaratu ditu

Mundu guztiko Bilboko orkestra
Euskal Herrian dauden orkestren mestizajearen lekuko, laurogei urte dituen Bilboko Orkestra Sinfonikoa dugu. Bertan, 15 errumaniar, 19 poloniar, 8 britainiar, 3 italiar, 38 euskaldun eta espainiar, 2 argentinar eta Uruguaiko, Estatu Batuetako, Txileko, Peruko, Kolonbiako, Boliviako, Islandiako, Eslovakiako, Alemaniako eta Frantziako musikari bana dago. Bitxia da gainera, errumaniar eta poloniar gehienak biolin joleak direla.

Adinez zaharrenetarikoa den orkestrak, 65 urte egiteke duen musikaria du denetatik helduena. Gazteenak berriz, 24 ditu

Bertako konpositoreak kutunenak
Moda kontuek ez dute leku handirik orkestra sinfonikoetan. Boladak izaten dira konpositoreen urtemugek eraginda, baina gehiagorik ez.

Orkestra bakoitzak bere obrak aukeratzen ditu urteko programa osatzeko, eta, oro har, konpositore berrien eta klasikoen arteko oreka bilatzen saiatzen dira. Horrez gain, bakoitzak bere herrialdeko konpositoreen lanak interpretatzen ditu. Bilboko Orkestra Sinfonikoa, adibidez, euskal musikariei eta konpositoreei eman dien tratamentuak nabarmendu du beti.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ere estreinaldietan euskal konpositoreen lanak jo ohi ditu, eta bi urtetik behin, euskal konpositoreren bati obra bat enkargatzen dio. Gero, horrekin diskoa grabatu ohi dute dokumentu gisa gordetzeko. 1997an hasi zuen EOSek euskal konpositoreen bilduma, eta dagoeneko, Jesus Guridi, Jose Mari Usandizaga, Jesus Aranbarri (BOSeko zuzendari izandakoa), Andres Isasi eta Francisco Eskuderoren lanekin disko bana argitaratu dute.
EOSek urtean, batez beste, 175 obra interpretatu ohi ditu, eta 50 bat programa osatzen ditu. Programak hainbat obraz osatutako emanaldiak izaten dira. Normalean, astebetean lantzen dituzte hiriburuz hiriburu kontzertuak eskainiz.
Hogei urte hauetan hamaikatxo konpositore eta obra landu dituzte, baina badira batzuk Orkestraren konpositore kutunak bihurtzen ari direnak, besteak beste, Guridi, Arriaga, Beethoven, Mozart, Ravel, Schubert, Schumann, Strauss, Usandizaga...
Obra klasikoak dira gehien lantzen dituztenak bi orkestratan, baina gauza berriak sartzen ere saiatzen direla esan digute. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak larunbatetan egiten dituen Miramongo Eguerdien zikloan gauza berriak egiten saiatzen direla esan digu Miren Elosegik: «Aurten, adibidez, bi estreinaldi egin dituzte: Anton Garcia Abrili enkargatutakoa eta Gonzalo Tejadaren ‘Fiesta de Luna’». Horrez gain, Javier Perez Azpeitiak sarri kolaboratzen du EOSen, eta, besteak beste, zine-mutua eta musika uztartzen dituen obra bat prestatu du aurten. "Eguerdietan gauza politak egiten dira hemen, esperimentatzeko aukera izaten da, eta alde horretatik gure musikariak asko mugitzen dira", azaldu digu

Gure orkestren historia luzeak
EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA: AGENDA GAINEZKA

Lehenbiziko entsegua 1982ko apirilean burutu zuten musikariek. Jaurlaritzaren magaleko orkestraren aurkezpen ofiziala, ordea, urte bereko San Joan egunean egin zen Irunen. Hurrengo urtean uholdeek kaltetutakoei laguntza emateko asmoz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Bartzelonan kontzertu bat eskaini zuen, eta baita Espainiako hiri nagusienetan ere. Estraineko bira honek, orkestra jaioberria ezagutzera emateko balio izan zuen. Halaber, musika klasikoak berebiziko indarra duen Alemania eta Austria bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten musikari, zuzendari eta enparauek.

1986an europarlamentariek ere Euskadiko Orkestra Sinfonikoaz gozatzeko aukera izan zuten, jaioberria zen Europako Parlamentuko irekiera ekitaldian musikari euskalherritarrek kontzertua eskaini baitzuten.
Agian orain arteko emanaldirik garrantzitsuena 2000n Buenos Aireseko Teatro Colónen eskainitakoa izan zen. Adituek diotenez, zortzi pisuko eta 110 palkoko antzerki zahar hau da musikaren "katedrala". EOSeko musikariek argi zuten gau hartan froga zail bat gainditu beharko zutela. Biharamunean Argentinako egunkari nagusienek kontzertua goraipatu zuten
ARRIAGA ANTZOKITIK EUSKALDUNA JAUREGIRA
1922ko martxoan Bilboko Orkestra Sinfonikoak aurkezpen ofiziala egin zuen Arriagan. Hasieratik diru kontuek buruhauste franko eragin zuten, erakunde publikoek jarritako dirua eta abonatu bakoitzak ordaindu 3,50 pezetak nahikoak ez zirelako, eta beraz aberatsen borondatearen esku egon zen.
Jesús Arámbarrik hogeita hamar urte baino ez zituen orkestra zuzentzeari ekiterakoan, eta orduan bizi izan ziren garairik goxoenak, kontzertu berezietan Rubinstein estatubatuarrak eta Maurice Ravel lapurtarrak batuta hartu eta musikari bizkaitarrak zuzentzeraino. Baina joan den mendeko 30eko hamarkadako egoera sozio-politikoa gaiztotutakoan BOSek berak ere igarri egin zuen. Apirilaren laugarrenean, BOSek azken kontzertua eskaini zuen faxistak Bizkaiko hiriburuan sartu aurretik.
Gerra osteko Bilboko lehen alkate José María Careagak BOS udal orkestra bihurtzea agindu zuen, eta 1939ko apirilaren 25ean aldi berriko estraineko kontzertua eskaini zuten Euskal Herritik alde egin behar izan ez zuten musikariek.
Joan zen gizaldiko 70eko hamarkada ez zen batere gozoa izan, diru sarrerak inoiz baino murritzagoak zirelako eta soldatak ordaintzeko arazo larriak zituztenez, hogeita bost musikarik orkestra utzi zuten. Areago, urteak ziren orkestrarako musikariak prestatzeaz arduratzen zen Bizkaiko Musika Eskolak ez zuela fruiturik ematen.
Behin egoera baretuta, 1985.ean gaztetxoei zuzendutako kontzertu didaktikoei ekin zion BOSek, Euskal Herrian eta Espainian aitzindariak alor honetan. Halaber, zenbait disko grabatu zituen. Udalak eta Foru Aldundiak osatzen duten Patronatoari esker, egun Juanjo Menak zuzentzen duen orkestrak profesionalizazioaren bideari ekin dio
PABLO SARASATE, ZAHARRENETAN ZAHARRENA
1879an sortua, egun Euskal Herriko eta Espainiako orkestrarik zaharrena da. Hasieran Santa Zezilia Orkestra deitzen zioten, baina gero sortzaileen artean izandako Pablo Sarasate biolin jolearen omenez izena aldatu zuten. Hasieratik irakasle eta musikari bikainez osatutakoa. Musikariek Joaquín Maya izan zuten zuzendari musikal, eta batez ere sanferminetan eskaini zituzten emanaldiak.
1997an Pablo Sarasate Fundazioa sortu zuten orkestraren kudeaketaz arduratzeko, eta bertan Nafarroako Gobernuko, Iruñeko udaleko eta Santa Zezilia Kontzertu Elkarteko ordezkariak aritzen dira. Pablo Sarasate Orkestrak denboraldi bakoitzeko laurogei bat kontzertu eskaintzen ditu, eta Espainiako orkestra onenen artean dago. Ostegunero eta ostiralero nahi duen orok orkestra nafarra entzuteko aukera du Gayarre antzokian. Era berean, zortzi eta hamabost urteko haurrei zuzenduriko emanaldiak eskaintzen ditu, txikienei Ravel lapurtarraren, Beethoven nahiz Stravinskyren lanak hurbiltzeko asmoz
BAIONAKO ORKESTRA: MUSIKA GOSEA ASETZEN
Lapurdiko kostaldean musika klasikoarekiko zaletasuna handia dela soma daiteke, agian Maurice Ravelek eta Igor F. Stravinskyk konposaturiko lanei esker. Aditu askoren ustez, Ravel ziburutarra izan da Euskal Herriak inoiz eman duen musikaririk finena. Stravinskyri, Miarritze hiri polita iruditu eta bertan idatzi zituen hainbat musika lan.
Zaletasun honetaz oharturik-edo, Baiona, Angelu, Miarritze, Donibane Lohizune eta Hendaiako musikazale zenbaitek orkestra eratu zuten 1975ean. Xabier Delettek hartu zuen musikariak zuzentzeko ardura orain bost urte, eta Mozart orkestra bat eratu zuen, hau da, 35 lagunez osatutako taldea. Hala, jo behar duten tokien ezaugarri fisikoetara egokitu daitezke. Gainera, talde txikiak aproposagoak dira barroko garaiko obrak eskaintzeko. Hala ere, obra erromantikoak eskaintzen dituztenean, musikarien kopurua bikoizten da, eta abesbatzaren bat lagun izaten dute. Izan ere, Baionako Orkestrak eskaintzen duen egitaraua oso anitza da, operak eta lan garaikideak ere prestatzen baititu, Philippe Chamouard nahiz Peio Cabalette musikagileek batuta eragin bitartean.
Baiona eta Bilboko orkestrek aspalditik harreman estuak dituzte, eta baita estutu ere BOSn hiru urtez aritu Gorka Roblesek Baionakoaren lehendakari kargua hartu zuenetik
EUSKAL HERRIKO GAZTE ORKESTRA
Euskal musikari gazte askok 1997an sortu Euskal Herriko Gazte Orkestran jotzea amesten dute. Bertan 16 eta 27 urte bitarteko musikariek soilik parte har dezakete, eta urteroko berriketen ondoren, 95 musikari geratzen dira. Izan ere, froga gogor batzuen ondorioz, orkestrara kide berriak sartzen dira. Beste batzuek, ordea, utzi behar izaten dute.
Gabonetan eta udan, hiru aste igarotzen dituzte elkarrekin. Nazioartetik etorritako irakasleen aholkuak entzun eta, azken astean, Hego Euskal Herriko lau hiriburutan eta herri batzuetan kontzertuak eskaintzen dituzte. Espainia aldera ere osteraren bat egina dute, Ciudad Realera, hain zuzen. Guridi, Garbizu eta Wagnerren zenbait obra taularatu dute dagoeneko. Gazteok Donostian orain 34 urte jaiotako Juan José Ocón dute zuzendari

Irudi polit baten atzean
Musikarako eta musikagatik bizi diren musikarien irudia polita da zinez. Baina horren atzean makina bat arazo dago, tarteka agerian gelditzen dena.

Hori da orain hilabete batzuk Euskadiko Orkestra Sinfonikoan gertatu zena. Orduan Orkestrako Batzordeak komunikabideen aurrean salatu zuen «jazarpen psikologiko» bat jasaten ari zirela bai zuzendaritza instituzionaletik (German Ormazabal) bai zuzendaritza artistikotik (Gilbert Varga).
Adibide ugari aipatu digu Jose Miguel Martinez batzordeko presidente ohiak. Esaterako, dentistan zita izateagatik entsegu batera joan ez zen musikariak zuzendariaren karta bat jaso zuenekoa. «Presioaren bidez maila artistikoa igotzen saiatu dira. Baina ezin duzu talde bat osasuntsu mantendu, torturatzen baduzu», adierazi digu Martinezek. Presio mediatikoaren eta kultur sailburuarekin izandako harremanen bitartez, egoera lasaitzea lortu dute. Batzordeak Gilbert Vargari kontratua ez berritzea eskatzen zuen, baina beste hiru urterako luzatu diote. Gertatutakoarengatik barkamena eskatu zien zuzendariak musikariei, eta arazo psikologikoak zituela onartu zuen. Horren guztiaren atzean, zera omen dago: «Postu artistikoak ezaugarri politikoko pertsonekin bete direla. Arazoa ez da gure zuzendariak txarrak direla, baizik eta lan horretarako gai ez direla».
Ezkutuan mantentzen den beste hainbat arazo bada ordea. Esaterako, EOSek urtean 300-400 obra kontratu egiten ditu, hauetako gehienak astebete eta bi aste bitarteko eperako. Martinezek dioenez, Euskadiko Orkestra erdi mailako orkestra bat da, baina orkestra handiago baten egitaraua egiten du. Horretarako horrelako kontratuak egiten dituzte, sarri, euskal musikari gazteei. Iturri batzuen arabera gainera, kontratu horiek Aldi Baterako Lan Enpresen bitartez egiten dira.
Hainbat gazte saiatzen da plazak ateratzen lehiaketa publikoetan. Jakin dugunez ordea, lehiaketetan puntuazio bera lortuta ere, Euskal Herritik kanpoko musikariei eskaintzen zaie postua, hemengoei eskaini beharrean. Iturri berdinen arabera, hori epaimahaietan Orkestrako kideak daudelako gertatzen da, eta horietako asko ez da euskal herritarra. Arrazoi batengatik edo bestearengatik, ondorioa bera da: gazte askok Espainiako orkestretara jotzen dutela, izan ere, Martinezek dioenez, «inon ez dituzte musikariak hemen bezain gaizki zaintzen»


Azkenak
2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


Siriako Arabiar Errepublikaren amaiera

Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]


2024-12-20 | Sonia González
DSBEren ‘humilladeroa’

Betidanik begitandu zait esanguratsuagoa han-hemenka topa daitezkeen guruztokiei gazteleraz esaten zaien modua: humilladero. Ez al da guruztoki edo santutxo izen nahiko light, zuri edo haragoko konnotaziorik gabekoa? Azken batez, bertatik pasatzen zen oro umiliatu behar zen... [+]


2024-12-20 | Hiruki Larroxa
Irribarre egin, murtxikatu eta isildu

Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago,... [+]


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Eguneraketa berriak daude