BIDEOKLIPAK EGITEA LUXUA DENEAN


2021eko uztailaren 27an
Betidanik single-a izan da, normalean abesti batez osatutako diskoa, diskoetxeek musika banden lan berriak promozionatzeko bide nagusia. Kanta berdina irrati guztietara bidaltzen dute eta modu horretan denek abesti berdinarekin lan egiten dute. Hortaz, jendeak lehen notak entzun orduko badaki zein talde eta zein abesti entzuten ari den. Taldeak ezagutarazteko bide moduan, batez ere, 80ko hamarkadan hasi ziren bideoklipak egiten. Gaur egun, Euskal Herrian diskoetxe eta banda gutxi ausartzen dira promozio bide hori jorratzen. Sortzaileak ere, bideoklip egileak, urriak dira eta normalean ez dira lan horretara zehazki dedikatzen. Horixe da, hain zuzen ere, Iñaki Beraetxe eta Iñigo Kintana edota Asier Altuna eta Telmo Esnalen kasua. Beraetxek eta Kintanak hobby bezala dute bideoklipak egitearena. Orain arte zenbait labur egin dute, eta sariak jaso dituzte gainera. Dokumental txiki bat ere egin dute. Bestalde, oraingoz bideoklip bakarra egin dute, berriki gainera. Sen taldearen «Metropolian» abestiarena. Asier Altuna eta Telmo Esnalen kasua ere antzerakoa da. Asier Altuna ETBko «Sorginen Laratza» programako errealizadorea da eta azkeneko Korrikarako abestiaren bideoklipa egin zuen Telmo Esnalekin batera. Kantak «Big Beñat» zuen izena eta Fermin Muguruzak abestu zuen. Hasiera bateko asmoa telebistarako Korrikaren bideo promozional bat egitea zen. Azkenean bideoklipa ere argitaratu zen.


Bideoklip Gutxi Euskaraz.

Zarama taldearen garaitik egin izan dira bideoklipak Euskal Herrian. Oso gutxi, ordea. Euskaraz abesten dutenen artean Uga, Hemendik At, eta orain Sen edo Baneteuanba dira azken urteotan zerbait argitaratzen ausartu direnak. Bestalde, Asier Altuna bergararrak dioen bezala, talde guztiek dute bideoklip domestiko bat. Izan ere, beti dago mundu hori gustuko duen ezagun edo lagunen bat. Dena dela, euskarazko diskoak argitaratzen dituzten diskoetxeek normalean ez dute taldea promozionatzeko urrats hori ematen. Joseina Etxeberriak, Euskadi Gazteako esatariak eta ETBko Eklipsea programako aurkezleak dioen bezala, «kasik ez baitago horretarako merkaturik». Eklipsean diskoetxeetatik heltzen zaizkien euskal bideoklip guztiak jartzen dituzte. «Herri mailako telebistek ere emititzen dituzte, baina hortik aurrera ez dago beste irtenbiderik», dio Etxeberriak. Hortaz, euskal diskoetxeei ez zaie interesatzen ia diskoak bezain beste kosta diezaiekeen produktu bat ekoiztea. Izan ere, ia ez baitute material hori argitaratu ahal izateko biderik.


Manolo Gil eta Enrique Urdanoz.

Manolo Gil eta Enrique Urdanoz nafarrek aski ongi ezagutzen dute mundu hau. Urdanoz telebista mundutik dator, Manolo Gilek, aldiz, errealizadore lanak bere kasa ikasi zituen. Gilek taberna bat zuen Iruñean eta antolatutako kontzertuak kamera txiki batez grabatzen zituen. Gero zuzeneko haiek tabernan bertan emititzen zituen. Garai hartan Gilek Kortatu eta Barricada bezalako taldeen diskoak diseinatzen zituen. Une hartan ezagutu zuen Urdanoz, berarekin elkartu eta bideoklipak egiten hastea denbora gutxiko kontua izan zen. Dagoeneko hamahiru urte daramatzate mundu honetan murgilduta. Urte horietan guztietan ehun eta hogeita bost bideoklip inguru egin dituzte. Euskal Herriko bandei dagokienez, besteak beste, Kortatu, Barricada, Delirium Tremens, Zarama eta Hertzainak taldeekin lan egin dute. Estatu mailan, aldiz, beste batzuen artean Tam Tam Go eta Rosana izan dituzte bidelagun. Bestalde, Gil eta Urdanoz ez dira estatu mailako artistekin asetu eta nazioarteko musikariekin grabatzeko jauzia ere eman dute. Izan ere, Andrés Calamaro argentinarrarekin eta Compay Segundo kubatarrarekin ere lan egin baitute. Manolo Gil eta Enrique Urdanozek sari dezente irabazi dituzte egindako lanekin. Gasteizko Bideo Musikalen Jaialdian bost sari ihardetsi dituzte, lau Negu Gorriak taldearen abestiekin eta beste bat Cojón Prieto y Los Huajalotes taldearen kanta batekin. Pasa den urtean Grammy Latinoetarako nominatuak izan ziren La Oreja de Van Gogh taldearen «Paris» bideoagatik. Orain gutxi, aldiz, Seguridad Social talde valentziarraren azken diskoko abesti baten bideoa egin dute. Eta orain gau eta egun buru-belarri sartuta daude Bartzelonan bizi den Lucrecia kubatarraren bideo berria egiten. Manolo Gilen ustez, gaur egun duela urte batzuk baino zailtasun gehiago daude bideoklipak ekoizteko. «Merkatua oso dibertsifikatuta dago, hogei mila ale saltzen dituzten musika talde gutxi daude eta kasu horietan izaten da errentagarria bideoklipa», diosku Gilek. Nafarraren esanetan, Euskal Telebistak horrelako lanak ikusteko programa gehiago sortu beharko lituzke. Izan ere, Gilek dionez, hori baita diskoetxeek horrelako lanetan ez inbertitzearen arrazoi nagusia, ez dagoela materiala non argitaratzerik, alegia.


Extremoduro, Fito y Los Fitipaldis...

Zarama taldearen «Bostak bat» bezalako abestiak bideoklipeatuz murgildu zen Mikel Clemente bizkaitarra mundu honetan. Ikasketaz kazetaria da Clemente. Unibertsitatean zegoela Euskal Telebistan hasi zen gidoilari lanetan. Eta bertan eman zituen lehen urratsak editatzen. «Aurrenekoz nuen bideo aparailu bat nire begien aurrean, betacamaren gurpilari eman nion eta aluzinatu egin nuen», dio Clementek. Bilbotarraren esanetan, gaur egun bere lana hiru esparru ezberdinetan banatzen da, guztiak ere ikusentzunezkoak: telebistarako produktuak, bideoklipak eta dokumentalak. Azken alor hau da, hain zuzen ere, gehien atsegin duena. Sari dezente jaso ditu, gainera, egindako lanengatik. Euskal Telebistan, adibidez, «Doctor Livingstone, supongo» programan lan egin zuen. Zinean, ordea, making off deritzonak egiten ditu. Alegia, filmeen errodajeak azaltzen dituzten bideoak egiten ditu. Esparru horretan, kasurako, Ibarretxe anaiekin egin du lan. Eta berak egin zuen Alex de la Iglesiaren «El día de la bestia» filmaren making offa. Hala eta guztiz ere, bideoklipak egitea dibertigarria dela uste du. «Niretzat bideoklipa bizitzeko dirua irabaztearen eta sormenaren artean dago», diosku errealizadore bizkaitarrak. Azken bost hilabeteetan, gainera, gelditu gabe dabil Megavideo, Clementeren lan taldea. Bizkaitar hauek izan dira Kepa Junkeraren «Bok-Spok» kantaren bideoa muntatu dutenak. Orduz geroztik, ekainetik, Extremoduro taldearekin bi lan egin dituzte eta hirugarren bat egitekotan dabiltza; Fito y Los Fitipaldis taldearekin ere bi egin dituzte eta hirugarrena egitera doaz orain; eta horrez gain, Siniestro Total talde galiziarraren kanta batekin ere badihardute. Duela urte batzuk, gainera, SGAEk ematen dituen Premios de la Música saria jaso zuten Extremoduroren «So payaso» kantaren bideoklipagatik. «Ni bideoklipak egiten hasi nintzenean boom bat egon zen, telebista pribatuak sortu ziren eta lan asko argitaratzen zituzten. Baina serioago hasi ginenean merkatuak beherantz jo zuen», esaten du Clementek. Bizkaitarraren esanetan, memento hartan Los Cuarenta Principales-en monopolioa heldu zen. Hortaz, zerrendetan agertzen ziren taldeen lanak soilik argitaratzen ziren. Lan oso gutxi egin zuten garaia izan zen hura. «Eta lan egiten zenuenean, agian, okerrago zen, gero egindako produktua ez baitzen inon ikusten eta diskoetxeek ilusioa galtzen zuten», dio bilbotarrak. Mikel Clementeren ustez, gaur egun egoera aldatzen ari da. DVDa sortu da eta banda asko eta askok bideoak musikarekin batera CDan sartzen ditu. Clementeren iritziz, «modu horretan ziur zaleek bideoa ikusteko parada izango dutela. Lehen, ordea, bideoklipak ikusi gura zituzten eta ezin zuten». Satelite bidezko telebistak ere lagundu dio ikusentzute esparru honi, egun osoan bideoklipak emititzen dituzten kateak baitaude eta herri mailako telebistek ere bultzada eman diote.


Kamera eta editatzeko mahaia.

Bideo kamera eta irudiak muntatzeko mahaia dira bideoklip bat egiteko oinarrizko tresnak. Hortik aurrera diruaren arabera baliabide gehiago erabiltzeko aukera izango du bideo egileak. Manolo Gil eta Enrique Urdanozek bi muturrak ezagutu dituzte: batzuetan baliabide minimoekin egin dute lan; beste batzuetan, aldiz, garabiak eta helikopteroak ere erabili dituzte. Manolo Gil errealizadore nafarraren arabera, hilabete bat da bideoklip bat egiteko eperik egokiena. Eta ekoizpena film txiki baten edo labur baten antzekoa da. Normalean diskoetxearen deia da guztiaren abiapuntua. Musikariek errealizadoreei abestia aurkezten diete eta guztia martxan jartzen da. Manolo Gilen esanetan, musika taldeen %5ak proposatzen du ideiaren bat. Beste guztiek denbora epe batera esku artean proiektu bat edukitzea nahi izaten dute: gidoi bat, story board bat... Klipean zer eta nola kontatuko den adostu eta gero, diskoetxearekin aurrekontuak erabakitzen dira. Errodaje datak zehazten dira, lokalizazioak hautatzen dira, grabatzeko baimenak eskatzen dira, klipean parte hartuko duten aktore edo figuranteekin harremanetan jartzen dira... Gilen arabera, denboraz ibiliz gero, bi edo hiru egun erabiliko lirateke errodajea egiteko eta beste hamabost bat post-produkziorako. Bestalde, nafarrak onartzen du kasu askotan aste batean egin behar izaten dela lan guztia. Prozesu hori guztia aurrera eramateko kamerak eta edizio gelak behar dituztenez, errealizadoreak ikusentzuteko enpresekin edo partikularrekin jartzen dira harremanetan. Enrique Urdanoz eta Manolo Gilen kasuan, Urdanozen enpresa, ITP, arduratzen da baliabide tekniko guztietaz.
Iñaki Beraetxe eta Iñigo Kintanak bezalaxe, Manolo Gilek eta Enrique Urdanozek story board bat egiten dute hasieran. Mikel Clementek, ordea, urrats hori alde batera utzi du eta zuzenean akziora pasatzen da. Clementeren hitzetan, story board-ak, besteak beste, diskoetxea eta taldea zure proiektua ona dela konbentzitzeko balio du. «Story board-a erabilgarria da. Gure kasuan zuzendari laguntzaileak egingo luke lan hori, baina oso ongi konektatzen dugunez albo batera uzten dugu», dio bilbotarrak. Clemente hasieratik taldearekin jartzen da harremanetan, hitz egin, nahi dutena buruan behar bezala irudikatu eta aurrera jotzen du


Azkenak
Naziek deportaturikoen oroimena, diru-zorro batean

1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.


Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Gernikako gaztetxe zaharra hartu dute berriro, itxi eta hamar urtera

Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]


Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


Daniel Noboa eskuindarra gailendu da Ekuadorko hauteskundeetan, eta oposizioak iruzurra salatu du

Bozen lehen itzulian pare-parean geratu ostean, inkesta gehienek aurreikusten zutena baino tarte handiagoa atera dio egungo presidenteak Luisa González hautagai correistari. Oposizioak "iruzurra" salatu eta botoak berriz zenbatzea eskatu du.


Analisia
Balantzaka gerrarantz

Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]


‘Oztopoen gainetik askatasunera’: Ernaik manifestaziora deitu du apirilaren 17an

Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko eta "eskuin erreakzionarioaren ofentsibari aurre egiteko" batuko dira. Egun horretarako Euskal Preso Politikoen alde antolatua zuten hitzaldia eta ekitaldia salatu du UPNk, eta hura zelatatzeko agindu du Espainiako Audientzia... [+]


Lau maki, 1947 eta 1948 urteetan Donostian erailak

Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.


2025-04-14 | Uriola.eus
Gerra finantzatzeari uko egiteko zerga desobedientziaren ekimena abian da

Ekimenak bakea eta justizia soziala sustatzeko proiektuak finantzatzea du helburu. Sustatzaile diren gizarte mugimenduek mezu argi bat bidali diete gobernuei eta armagintza industriari: "Ez dugu gerraren konplize izan nahi".


Jardin bat zuretzat, Hipatia

Hainbat lorpen kolektiboan soilik egin daitezkeela esaten denean, lerro artean joan ohi da behin kolektiboan pentsatu, gogoetatu eta eztabaidatu ondotik heldu ohi direla, heltzekotan. Baina zerbait lortzeko, ezinbestekoa da pentsatzen jartzea. Ez baitira gauzak besterik gabe... [+]


Analisia
Mikrofonoak antzokietan

"Eskatu txanda eta egingo dugu bat zurekin", esan dio estudioetatik ari den esatari prestu eta animatuak Bilboko kaleetan dabilen berriemaile gazteari. Aurkezlea entzuleei zuzendu zaie segituan. "Bien bitartean, Iruñera goaz...". Han zabaldu dute linea... [+]


Euskal armagintza industria eztabaidagai (I)
Industria militarrari buruz Jaurlaritzak eta Zedarriak enpresari foroak planteatutako eztabaida irekitzen

Urtearen hasieran, Zedarriak taldeak "defentsaren" industriari buruzko "eztabaida irekitzearen" alde egin zuen publikoki (baita nuklearrari buruz ere), eta Eusko Jaurlaritzak berehala egin du bat horrekin. Lehenik, Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia... [+]


Gu ere lugorri

Sendabelarrak non bildu galdetuz idazten didate eta bide bazterrei erreparatzeko esan ohi diet. Erromantizismoak kalte egin digu bizitzako esparru askotan eta hemen ere bai, sendabelarrak ez baitaude mendi tontorretik gertu dauden bide zidorretan (bakarrik), ezta kostatik bertan... [+]


Eguneraketa berriak daude