Ikas-Bi Ipar Euskal Herri osoan ari den elkartea izanagatik, bere zabalkundea hiru «eskualdetan» bereizi daiteke. Lehen eskualdea, Urdazubi ibaiaren ingurumarietan koka daiteke. Elkartea Sara herrian sortu zen 1983an eta Donibane Lohizune, Ziburu, Azkaine, Urruña eta Hendaia herrietan zabaldu da gehienbat gaur egun arte. Bertan bizi da ikasle kopuru handiena, baita -herri handiak izan arren- euskaldunena ere. Bigarren eskualdea, Iparraldeko «barnealdea» deitua da: Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Eremu zabal horretan, Ikas-Bik zabalkunde zaila izan zuen hastapenean. Bertako gurasoek ez zuten beren seme-alabak eskola elebidunetan aritzerik nahi, ez baitzuten ulertzen, konparazione, matematikak euskaraz eman zitezkeenik. Kostata baina, emeki-emeki, gela elebidunak zabalduz joan ziren. Azken bost urteotan, berriz, «aurreiritzi» hura nolabait gainditu da eta poliki garatu da irakaskuntza elebiduna. Familiako euskararen transmisioa galtzen zela oharturik, kontzientziatze gisako bat eman bide da bertako herritarren artean. Donibane Garazi eta Bidarraiko eskolak, kasu, elebidunak dira. Hirugarren «eskualdea», garrantzi handikoa, BAM (Baiona-Angelu-Miarritze) hiri barrutia da. Bertako populazioa arrunt hirikoa da, hiritarrek herritar kontzientzia galdua dute, eta -batzuren iritziz- eskola publikoetako irakasleek -zuzendariek bereziki- elebitasunaren garapena lagundu baino oztopatu egiten dute.
HIRU SAREEN ARTEKO ELKARLANA. Ikas-Bi sortu zenean, Seaskari lehia egiteko sortua zela zabaldu zen gizartean; Seaskaren tokia hartzeko, hots. Mixel Estebanek, Ikas-Bi Gurasoen elkartearen lehendakariak, argitu digu alderdi hau:«Gaur egun, begi bistan dago hori ez dela horrela. Hiru sareak garatzen diren eskualdeetan eskola osagarriak direla ageri da. Seaska ikastola, Euskal Haziak -eskola katolikoak- eta eskola publikoetako euskarazko irakaskuntza goiti ari da».
Ikas-Biko ordezkari honen ustez, azken urteotan azpimarratzeko fenomeno sozial gisako bat garatu da lehen «eskualdean»: eskolatik kanpo garatzen diren kirol, musika edota antzerki aktibitatetan elkarrekin eta euskaraz aritu ohi dira hiru eskoletako ikasleak. Hendaia eta Donibane Lohizune herrietan, kasu, ikasle aktiboen herenak euskaraz ikasten baitu. Egoera soziala aldatuz joan da eskualde honetan, eta, inoiz baino indar gehiagoz, egungo euskararen iraupenak hiru sareen arteko elkarlana eskatzen du.
Sare bakoitzak bere pedagogia eta nortasuna atxikitzen ditu, lehiarik ez dago eta garai batean elkarri zioten mesfidantza gainditu dute, antza. Alabaina, eskolen arteko harremanak gehiago sakondu behar direla aitortzen dute hiru eskoletako ordezkariek. BAM distrituan, halabeharrez eta ezinbestean, harremanak landuagoak dira nolabait. Garapen Kontseiluarekin harreman sendoa lortu dute eta horren ondorioz burutu zen irakaskuntzari buruzko inkesta BAMen. Inkestaren datuen arabera, haur ttipiak dituzten familien %56k euskarazko irakaskuntza eskatzen du.
Ikas-Bi elkarteko kideen esanetan, oso datu baikorra da hau, alabaina, Seaska, Euskal Haziak eta Ikas-Bi elkarteen arteko elkarlana inoiz baino sendotasun gehiagoz finkatu beharra ikusten dute. Jakinik ere, elkarte honetako sektore batek -Josiane Libier buru duena- ez duela elkarlan hori begi onez ikusten. Baiki, Seaskak garatzen duen irakaskuntza ez du gogoko sektore horrek.
Ikas-Bi elkartearen zuzendaritzak eta Ikas-Bi Gurasoak ordezkatzen dutenek berebizikotzat jotzen dituzte hala Iparraldeko beste elkarteekiko harremanak nola Hegoaldeko eskola publikoekikoak. Halaber, eskola elebidunetan murgiltze-programa bultzatu nahi dute eta laikotasun eta euskalduntasuna uztartu. Haatik, asmo eta desio hauek gauzatzea bidegabekotzat jotzen duen ildo bat agertu da elkartean:«Edonola ere, guk eskola gizartearen sektore guztiekin egin nahi dugu, joera guztietako jendearekin moldatu behar dugu, pentsamolde guztiak kontuan hartu behar dira. Ikas-Bik abertzaleak, frantses ezkerrekoak, eskuinekoak, zentristak nahiz edozein ideologiakoak kontuan hartu behar ditu. Laikotasuna eta euskarazko irakaskuntza doakoa lortzea da gure xedea», adierazi digu Ikas Bi Gurasoen elkarteko lehendakariak.
Ikas-Biko arduradunentzat, gogorrena eta tamalgarriena, afera hau komunikabideetara eta auzitegira eramateko moldea izan da. Finean, beren ustez, eskola publikoan garatzen ari den euskarazko irakaskuntzaren kalterako izan da. Haurrak hezitzeko adinean dauden gurasoak holako tirabirak sumatzen dituztenean euskararen mundutik aldentzen baitira.
3.350 IKASLE ETA 80 IRAKASLE inguru.
Irakaskuntzan diharduen %25ak euskaraz ikasten du Iparraldean, hauetako erdiak eskola publikoan ikasten duelarik: 3.000 Ama Eskola eta Lehen Mailan, eta 350 ikasle inguru Bigarren Mailan. Konparazione, Hendaiako Irandatz ikastetxean 100 ikasle ari dira, Donibane Lohizuneko Ravel ikastetxean -euskaraz ikasten den Kolegioa eta Lizeo bakarrak, uneon- berriz, 150 ikasle.
Duela bost urte 50 irakasle ziren eta egun 80 irakasle dira. Datorren urtean zazpi lanpostu berri -14 irakasle- izanen dira. Lau gela berri-berriak zabalduko dituzte Ortzaitze, Heleta, Ainhoa eta Hendaian. Azken herri honetan, bost eskola publikoetatik lauetan euskaraz erakusten da, ikasleen %50 gela elebidunetan ari da, eta bost urteren buruan %80 euskaraz ikastea igurikatzen dute.
Nolanahi den ere, Iparraldeko eskola publikoetan Hegoaldeko B eredua lantzen da mementoz. Ama Eskolan ez da murgiltze-programa lantzen orainokoan. Ikasgaien erdia frantsesez lantzen da eta beste erdia euskaraz. Alta, bada, gero eta guraso gehiago daude beren haurrak euskara hutsezko irakaskuntzan murgiltzearen alde. Lehen Mailan, berriz, zientzia ikasgaiak euskaraz irakasten dituzte eta gainontzekoak frantsesez. Kolegioan ez da B eredua lantzen, denboraren herena euskaraz egiten dute, aurrerantzean B eredua indartu nahi dute, ordea. Oraingoz, euskara gaiaz gain, historia eta geografia lantzen dute euskaraz. Hurrengo urteetan, matematika edo zientziari buruzko gairen bat landuko dutelakoan daude.
Eskoletatik landa, Nafarroa Behereko Azkarate herriko zentroa da Ikas-Bi elkartearen ekimen garrantzitsuetako bat. Bertan, eskola publikoan ari diren ikasleek kanpoko ekimenak edo klase berdeak deritzanak burutzen dituzte. Aste batez, hiritik kanpo aritzen dira murgiltze-programan. Ikasleak eta irakasleak elkarrekin joaten dira beren klaseak burutzera; oporraldiko aktibitateak bestalde. Argitaletxe baten lana egiten du ere Ikas-Bik. Euskarazko liburuak urri izanik, azken hamabi urteetan matematika, zientzia, geografia eta historiazko hainbat bilduma argitara eman dute. Halaber, «Nanai» aldizkaria egiten dute haurrak euskaraz irakurtzen treba daitezen