Hegoalderantz azken megalitoen bidean

  • Euskal Herrian megalitismoa beti azaldu da mendiari lotutako fenomeno gisa. Arabako lautada, Kuartango eta Arabako Errioxako adibideak ezezik, euskal megalito abantzu guztiak mendialdean agertzen dira. Nafarroan mendia=megalitoa bikotea mantentzen bada ere, bada legea gainditzen duen salbuespena, aste honetan bisitatuko dugun Nafarroa Erdialdeko megalitotegia, hain zuzen ere.

2007ko otsailaren 21ean

Hirurogeiko hamarkadan Artaxoako bi trikuharriak aurkitu zirenean, ikerketako uhartzea zabaldu zen bi norabidetan: alde batetik aipatu monumentuak menditik landa kokatzen ziren eta bestetik, euren arkitektura sarbidedun trikuharriena zen, harrizko ate zulatua eta guzti, mendialdeko trikuharri sinpletatik urrunduz.

30 urte geroago beste trikuharri berri bat aurkitu zen Nafarroako Erdialdean, Ziraukin, hain zuzen ere. Aitzibitako trikuharriaren ondoren beste trikuharri batzuk aurkitu dira Zirauki eta Mañeruko lurraldetan azken urte hauetan, garrantzitsuena Txarrakadiakoa izanik.
Handik amini bat urrun, Vianan, Longareko megalito bitxiak (hipogeoa) eta gure txangoan bisitatuko ez dugun Bardeetako Tres Monteseko trikuharriak osatzen dute orain arte Nafarroako Erdialdean eta Hegoaldean ezagutzen diren megalito bakanen zerrenda.
ZULODUN HARLAUZAKO TRIKUHARRIAK
Seinalizatutako txango labur bezain erraz honetan egitura eta kontserbazio beretsuko bi trikuharri ikusiko ditugu, Farangortea edo Ferrangortea bezala ezagutzen den inguruan.
Artaxoa herrian hasiko dugu gure txangoa, hemen kokatzen baitira orain dela hamabi urtera arte Nafarroako erdialde eta hegoaldean ezagutzen ziren trikuharri bakarrak. Haietara hurrantzeko aski izango dugu Artaxoatik Carrascal mendatera doan errepidea hartu eta Jerusalengo Ama Birjinaren komentu eta hilerriaren parean ezkerretara jotzea pista batean sartzeko. Pista honetatik eta seinaleak jarraituz, "Portillo de Eneriz" trikuharriraino kotxez iristeko parada izanen dugu. Aparkaleku ondoan, megalitismoari buruz informa gaitezke... gazteleraz jakinez gero, panoak gaztelera hutsez baitaude.
Jerusalengo Ama Birjinaren erlijiosoek 1960an aurkitu zuten "Portillo de Eneriz" izeneko trikuharriak Artaxoa eta Añorbe herrien arteko muga egiten du, hargatik A letra ikus daiteke buruko harlauzan zizelkaturik.
Hilobia harri eta lurrezko tumulu bikainaren erdian mantentzen da, bederatzi harlauzek ganbara lauki zuzena, ia poligonala osatuz. Beste sei harlauzek sarbidea osatzen dute. Hilobiaren bi elementu hauen artean, orain erditik bi eginda dagoen zeharka jarritako harlauza bat dago, obalatu antzeko zulogune batekin. Trikuharria eraiki zen garaian pieza hau harlauza zulatu bat izango zen, ganbararen atea hain zuzen ere, bertatik hildakoak hilobian sartzeko. Aise imajina dezakegu zuloa ixteko egurrezko atea edo harrizko pieza dotorea, (auskalo zein etxe, jauregi edo komentutan bukatuko zuen) izango zela, harriaren zuloan zehazki ahokatzen zena.
Trikuharri honetatik hurbil eta mendebalderantz, muino txiki bat begizta dezakegu. Bertan, aparkalekuko panoek diotenez, Farangorteako Neolito Aroko herrixka kokatuta zegoen. Beraz, baliteke herrixka eta trikuharriak garaikideak izatea, baina mementoz ikerketa sakonik ez da egin hau egiaztatzeko. Herrixka bordaz eta etxolaz osaturik egongo bide zen eta bertan harrizko tresnak aurkitu dira.
Oraingoan oinez, Portillo de Enerizetik eta berriro seinaleak jarraituz, eskuineko muinoa hegoaldetik zeharkatzen duen pista garbi batetik, hegoekialderantz abiatuko gara La Mina de Farangortea izeneko trikuharria kausitzeko asmoz.
La Minak eite handia dauka Portillo de Enerizekin erkatuz gero, ia monumentu bikiez hitz egin genezakeen. Kasu honetan, hamar harlauzek osatzen dute ganbara laukizuzena eta beste seik sarbidea. Aurrekoan bezala, hilobiaren bi elementu hauen artean harlauza zulatu bat dago, honen erdia baino pixka bat gehiago kontserbatzen delarik.
Ate gisa zulatutako harlauzaren fenomenoa megalitoetan Iberiar penintsula, Mediterraneoan, Frantzian eta Kaukason ere ikus daiteke, baina Euskal Herrian Artaxoako trikuharrietan eta Vianako hipogeoan soilik agertzen da, Ebro ibaitik biziki hurbil dauden lurralde lau hauetan. Bai estruktura eta bai kokapenak Euskal Herriko gainontzeko trikuharriekin alboratuz gero ezberdintasun nabarmena markatzen dute. Beraz, hitz egin daiteke bi komunitate ezberdinetaz, mendialdeko artzain komunitatea eta hegoaldeko lautadetakoa, Ebro ibaiaren bidez Mediterraneo aldetik zetozen korronteek eragindako nekazal komunitatea, alegia.

ZIRAUKIKO KASKEZUR TREPANATUA
Artaxoatik Ziraukirako bidea hartuko dugu azken hamarkadan aurkitutako bi trikuharri eder bisitatzeko asmoz, Aitzibita eta Txarrakadia. Hala ere Artaxoakoetan ez bezala, seinaleen faltak zailtzen du bi trikuharri hauen bisita.
Gares aldetik gatozela eta Zirauki herria pasa ondoren, errepidetik eskuinera sortzen den pista hartuko dugu. Pista hau Santiago bidearen zatia da, hain zuzen ere. Errepidearen paretik jarraituz eta zubi zaharra igarota, ehun metro aurreratu ondoren desbideratuko gara eskuinera sortzen den pista batetik. Berehala beste desbideraketa bat eskuinera hartuko dugu, pista jaisten hasten den tokiraino. Kotxea utzita, iparmendebaldean kokatuta dauden haitzetarantz igoko gara ahal dugun moduan, bide zehatzik ez baitago. Aitzibitako trikuharriaren harri mardulak berehala topatuko ditugu haitzen azpian.
Aldapan kokatzen den trikuharri bitxi honetan arkeologoek 100 ehorzketen hondarrak aurkitu zituzten. Baina aipatu beharreko aurkikuntza 71. kaskezurra izeneko pieza da. Ebakuntza baten bidez egindako zuloa erakusten duen kaskezurra da, hots, kaskezur trepanatua. Harrigarriena hezurraren erregenerazioa da, ebakuntzaren ondoren eriak bizitzen jarraitu zuen seinale, herren edo itsu gelditu arren.
Aitzibitako trikuharritik, behin kotxea berriro hartuta, Lizarrako bidean topatuko dugun gasolindegian buelta emango dugu. Zirauki aldera begira jarrita, gasolindegiaren bestaldetik Eskintza mendira iristen den pista hartuko dugu. Ur kanala igaro ondoren igoera hasiko dugu zigi-zaga eta ezkerralderantzko bigarren bueltan kotxea aparkatzeko unea iritsiko da. Aparkaleku inprobisatu honen ondoan dagoen atakatik hesia gaindituko dugu eta iparmendebalderantz igotzen hasiko gara, ahal dugun moduan, bidea ez baita zehatza. Hala ere, berehala bidezidor batek pistatik begiztatzen genuen lepora hurranduko gaitu. Lepo honetatik iparralderantz eta metro gutxira Txarrakadiako trikuharri dotorea topatuko dugu.
Alimaleko harlauzaz osaturik, azken urte hauetan indusketa prozesuan dago. Indusketa hauei esker argitu da estruktura aldetik sarbidedun trikuharria dela, Arabako Errioxakoen antzekoa. Baina aurkikuntzarik garrantzitsuena hezur kopuru handia izan da. Hauen kontserbazio onarengatik, ADN frogak egitea posible izango da, jasoko diren datuak aurrerantzean ikerketa handiagoetan erabili ahal izango direlarik, esaterako, bertan lurperatu zirenak zein etniakoak izan ziren jakiteko
Longarreko hipogeoa Vianan
Gure irteera borobiltzeko Viana aldera jo dezakegu, Longar izeneko monumentu bitxia bisitatzeko asmoz.

Vianatik 9 kilometrotara, Alto de los Bojesen kokaturik, 20 minutu beharko ditugu haraino iristeko. Seinaleak jarraituz eta Araserako bidea hartuta, 4,150. kilometroan desbideratuko gara ezkerretara igotzen den pistatik. Mahats eta almendrondoen artetik, Valverdeko haran estu aldera jaitsiko gara eta 4 kilometro aitzinatu ondoren, Vianako ur hartze zaharreraino iritsiko gara. Gaztelera hutsez informatu nahi digun panoaren alboan kotxea utzirik, oinez ekingo diogu monumentu aldera igotzen den patarrari. Kilometro bat ibili ondoren hilobiraino iritsiko gara.
Gaur egun, 1994.ean egindako zaharberritzeari esker, bitxikeri arkeologikoa bilakatzen duten bere ezaugarri arkitektonikoak miretsi ditzakegu. Buztin hutsean zulatutako lurrazpiko ganbara luze bat da, lehorrean jarritako harriz eginda. Barnean sartzeko harlauzez osatutako sarbidea igaro ondoren, Artaxoako trikuharrien sarrera oroitarazten duen 50 zm. inguruko obalatu antzeko zulogunea duen harria zeharkatu behar da. Ganbara estaltzen duten bi harlauzek 7 tonako pisua dute guztira eta sabaiari begira ikus daitekeenez, biek elkar ahokatzen zuten ezin hobeki.
Ezaugarri hauek guztiek monumentu bitxia eta bakarra bilakatzen dute, ez soilik Euskal Herrian, Longarrekoa, Kantabriako erlaitz osoko hipogeo bakarra baita

Informazio Praktikoa
Nafarroa Erdialdeko trikuharrien bisita egun osoko txango bezala gomendatzen dizugu, edozein urtarotan egin daitekeena. Goiz partean Artaxoatik hasita eta eguerdi bitartean Ziraukiko aldea bisitatuz, arratsaldea geldituko zaigu Vianako hipogeoa ikusi ahal izateko.
Artaxoako harresiak ederretsi ondoren, Gareserako bidean eta Mendigorrira iritsi baino lehenago, Andelos hiri erromatarra daukagu, Garestik hurbil dagoen Obanos herriaren inguruan Eunateko Andra Mari eliza, Nafarroaren erromanikoaren harribitxia, ahaztu gabe.
Garesetik Lizarra bitarteko ibilbidea Donejakue Bideak markatuta izango da eta behin Ziraukira iritsi ondoren, mereziko du bere kale estu eta aldapatsuen artetik galtzea. Zirauki inguruan Nafarroan hobekien kontserbatzen den erromatar galtzadaren 3,5 kilometroko zatia kokatzen da, Igusteko galtzada hain zuzen ere. Herriaren irteeran ikusten diren zubi eta galtzada "erromatarrak", aldiz, Erdi Aroan aldatu zituzten.
Aholku praktikoa: Ziraukira joanez gero, ez ahaztu bonbilak eramatea, herriaren sarreran dagoen San Cristobal sotoan Nafarroako ardoaz hornitzeko.

JATORDUAN:
ARTAXOA
Casa Arriaran. 948 364542
Asador el Cerco. 948 364074

ZIRAUKI
La Torre. 948 342089
VIANA
Bodegon Borgia. 948 645781
Casa Armendariz. 948 645078
Pitu. 948 645927

LO EGITEKO:
ARTAXOA
Hostal Asador El Cerco (logelak) 948 364074
VIANA
Casa Armendariz (Pentsioa) 948 446345

Azkenak
Euskara: makila guztien zahagia

Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]


2025-04-02 | Mara Altuna Díaz
Arberoa ikastolaren suteak elkartasuna piztu du Ibarran

Nafarroa Behereako Arberoa ikastola erre zen pasa den urrian. Administraziotik laguntzarik jaso ez duten arren, herritarrek berehala erantzun dute. Astelehenean, hain zuzen, elkartasuna eta berotasuna jaso dute Gipuzkoako Ibarran. Elkartasunak eraikitako sarea da gakoa.


Okupazioaren kontrako epaiketa azkarrak indarrean sartuko dira ostegunetik aurrera

Azaroaren 19an Justiziaren Eraginkortasunari buruzko Legea eta Prozedura Kirminalaren Legea aldatu zituen Espainiako Kongresuak, beste lege sorta batzuk onartzearekin batera. Horrek epaiketa azkarrak egitea, pisu turistikoen erregulazioa aldatzea edo kaleratze zehatz batzuen... [+]


2025-04-02 | Hala Bedi
Haizea eta Mikelsa (Euskal Udalekuak):
“Adin baten ematen du gauza guaiak ezin direla euskaraz egin”

Hemen da "uda bete abentura bizitzeko aukera." Zabalik dago aurtengo Euskal Udalekuetan izena emateko epea. 6 urtetatik 17 urtera arteko haur eta gazteentzako hamaika txanda antolatu dituzte Bernedo, Abaigar eta Goñi herrietan.


Bridgestonek 335 langile kaleratu nahi ditu Basauriko plantatik

Japoniako multinazionalak egin nahi duen erregulazio txostenak plantako langileen herenari baino gehiagori eragingo die. Enpresa batzordeko kide Luis Escalonak adierazi du "langileen aurkako eraso bat" dela, eta lanuzteak egingo dituztela iragarri du.


2025-04-01 | Axier Lopez
Eskuindar nahiz progre, 10 urtez mozalarekin

Duela hamar urteko martxoaren 31an Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten denok Mozal Legea gisa ezagutzen dugun araudia. Espainiako Estatuan ez ezik, nazioartean parekorik gabeko aurkakotasuna eragin zuen lege makurra. Hamarkada pasa da eta jaio zenean bezain... [+]


Badago lotura Euskal Yaren eta AHTren artean Nafarroan

Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]


Apirilak 6, justizia euskararentzat

Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]


Espainiako polizia bat bi urtez infiltratu zen Lleidako mugimendu politiko eta sozialetan

Directa hedabideak ikertu eta argitaratu du poliziaren infiltrazioa. 2019ko irailean hurbildu zen lehen aldiz Lleidako Ateneu Cooperatiu taldera, Joan Llobet García izenpean, eta 2021eko azaroan utzi zuen militantzia, Bartzelonan lana aurkitu zuela eta amonaren... [+]


Migratzaileen kontrako makro-operazioa: 135 pertsona atxiki ditu Poliziak Irun-Hendaia artean

350 poliziako "Force Frontière" dispositiboa baliatu dute Gipuzkoako eta Lapurdiko mugetan migratzaileen kontra egiteko martxoaren 26 eta 27an. Aurrez "terrorismo islamistaren" aurka egiteko aitzakiaz erabiltzen zituzten dispositiboak, orain "migrazio... [+]


Asteazkenean ere kanpaldia egingo dute irakasleek Lakuan, Jaurlaritzak ez baitu negoziatuko “mobilizazioak amaitu arte”

ARGIAri jakinarazi diotenez, 40-50 irakasle inguruk Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren pareko belardian igaro dute gaua. Dozena bat kide identifikatu ditu gauerdian Udaltzaingoak.

Gaurko greba deialdiak %75eko jarraipena izan du sindikatu deitzaileen arabera... [+]


EAEko espetxeetako kultur emanaldiei Jaurlaritzak ezarri nahi dien “zentsura”-ren aurkako manifestua sinatu dute 51 kulturgilek

'Espetxeak libre' manifestuan adierazi dute Eusko Jaurlaritzak "ataka txarrean" jarri dituela kulturgileak, espetxeetara kultur emanaldiak egitera sartu nahi dutenei dokumentu bat sinatzea eskatzen baitie, eta salatu dute ezin dutela sartu ez sinatuz gero. Kultur... [+]


Laborantza lur sail bati buruzko eztabaida piztu da berriz Arbonan

Kriztian Borda hautetsi ohia eta Lurzaindia elkarteko kideak sare sozialetan zabaldu duen bideo baten harira piztu da ika-mika. Arbonan laborantza lurrak "arriskuan" daudela salatu du Bordak, eta jakinarazi du Arbonako Herriko Etxeak bere kirol zelaia Baionako promotore... [+]


Eguneraketa berriak daude