SUKALDEKO OLIO LITROTIK BIODIESEL LITRORA


2021eko uztailaren 19an
Birziklapenaren aro berria beirak estreinatu ondoren, papera, kartoia, plastikoa, pilak eta denok ezagutzen ditugun hainbat eta hainbat produktu, birziklapenaren munduan parte hartzen hasi ziren. Azkenaldian elementu berri bat gehitu behar izan diogu zerrenda luze honi: sukaldeetan erabiltzen den olio zikina, alegia.

Etxe gehienetan, guztietan ez esateagatik, goian aipatutako produktuen birziklapena egiten dugu bakoitzak bere txokoa duelarik. Denek dakite zer, zerekin, non eta nola gorde behar den birziklapen prozesua arrakastatsua izan dadin. Halaber, egunetik egunera produktu gehiago batuz doaz birziklapenaren unibertso horretara, jendearen ohiturak aldatuz joan direlarik. Sukaldetako olioaren birziklatzea ohitura bihurtzen joan dadin, olio zikina nola eta non jasoko den aztertuko dugu ondorengo lerroetan.

Jatetxe eta tabernetan bilketa berezia.

Euskal Herriko hainbat eta hainbat herri nahiz hiritan etxeko olio zikina biltzen hasi dira eta bilketa honen arduraduna Donostiako Ecogras enpresa da. Etxeko olio-bilketa gauza berria bada ere, sukaldeko olio zaharraren bilketa ez da atzoko kontua. Ecogras enpresako arduraduna den Xabier Murok esan digunez, «jatetxe, taberna eta antzekoetako sukaldetan pilatutako olio zaharraren bilketa aspaldidanik egiten da».
Garai batean jatetxeetan olioa saltzen zuten eta askotan jatetxetako nagusiek olio zikin mordoa pilatzen zela esaten zuten. Ez zekiten zer egin horrenbeste oliorekin. Soberako olioa arazo bat zen eurentzat. Egoera ikusita, jatetxe, taberna, catering enpresa, eskolako jangela, hotel, ospitale eta antzekoetan sukaldeko olioa biltzen hasi ziren orain zortzi bat urte eta honela Ecogras enpresa sortu zen. «Poliki-poliki bilketa zerbitzu hau eskaintzen hasi ginen Euskal Herrian. Donostiatik hasi ginen hilero 5.000 bat litro olio jasotzen eta gutxinaka-gutxinaka bilketa areagotuz joan da». Gaur egun Euskal Herrian 6.000 gunetan egiten dute bilketa ostalaritza, catering enpresa, ospitaleak eta antzekoak kontuan hartuta. Ostalaritzan urtero bi milioi eta erdi litro biltzen dituzte Euskal Herrian.
Sukaldeko olio honen bilketa bi enpresek egiten dute. Bizkaian Urtuellan dagoen Garmesa enpresak ematen du zerbitzua (ostalaritzan soilik) eta Ecogras berriz Gipuzkoa, Nafarroa eta Arabaz arduratzen da. Iparraldeari dagokionez Baionaraino heltzen da Ecograsen zerbitzua. Enpresa, ospitale eta jatetxeetan, bilketa egiterakoan beharren arabera moldatzen dira. Batzuk telefonoz deitzen dute bidoia beteta dutenean, baina gehienetan ibilbide bat jarraitzen dute. Irun eta Hondarribian adibidez hamabost egunez behin agertzen dira, Gasteizera astean bitan doaz.


Olio zaharrarekin zer egin?

Olioaren kontsumo osoaren %70a etxeetan egiten da. Gainontzeko olioa ostalaritza, ospitale eta abarretara zuzentzen da. Datu hau kontuan hartuta, etxetako olioa ere biltzea bururatu zitzaion Ecogras enpresari. Hamaika azterketa egin ondoren, duela urtebete bilketa berri hori martxan jarri zuten, Eskoriatza herria lehena izan zelarik.
«Ostalaritzan urte batean bi milioi eta erdi litro jasotzen badira, eta kopuru hau kontsumitzen den olioaren %30a bakarrik dela jakinik, pentsa zenbat litro olio isurtzen den etxeetatik!» ohartarazi digu du Xabierrek.
Ideia bururatu zitzaienetik gauzatu zen arte denbora dezente igaro zen. Etxeko olioa biltzea arazo handia da. Ezin da etxez etxe pasa olioa biltzen, etxeena ostalaritzarena baino eremu askoz ere dibertsifikatuagoa delako. Horrez gain, bilketa-sistema hau martxan jartzeko, aldez aurretik, dena kontrolpean izan behar zuten. «Ezin duzu kalean edukiontzi bat besterik gabe ipini. Norbaitek kotxeko olio zaharra botatzen badu zer? Gu ezin gara horren erantzule egin. Pentsa, gaur egun oraindik ere beira, plastiko eta paper-edukiontzietan jendeak mota guztietako hondakinak botatzen ditu. Horiek azken finean material solidoak dira eta banandu daitezke. Baina olioaren kasuan zer? Hondakin askoz ere zikinagoa eta arriskutsuagoa da olioa eta kontrol bat eskatzen du» esan digu Murok.
Abantailak, desabantailak eta zeuden aukerak aztertu ondoren Ecograsek bilketa-sistema berria martxan jarri zuen. Furgoneta bat eramaten dute herri bakoitzera eta jendeak eramaten dituen erabilitako olio-ontziak banan-bana jasotzen dituzte. Modu honetara bilketa kontrolatzen dute. Jendearen partaidetza eta bildutako olio kopurua dezente areagotu da bilketa-sistema hasi zutenetik. Xabierrek azpimarratu duenez «oso garrantzitsua da jendeak olio bilketa zer den jakitea eta ezagutzea eta zerbitzuaren berri izatea». Publizitate gehien egin den lekuetan eta herri txikietan, emaitza hobea jaso omen dute. Honek badu bere zergatia: herri txikietan kanpaina egitea errazagoa da eta bilketa egiteko gune bakarra ezartzen da. Honek ez du esan nahi herri handietan erantzun txarra jaso dutenik.
Bildutako olio kopuruari dagokionez, batezbestekoa pertsona eta hilabete bakoitzeko litro bat da. Baina Xabierrek esan digunez olioaren kontsumoan ikerketa eta datu zehatzagoak daude. «Euskal Herrian hilabete eta pertsona bakoitzeko litro eta erdi olio erosten da, baina guk ezin dugu jakin kopuru horretatik zenbat olio erabiltzen den edo zenbat harraskatik behera doan». Adituek kalkuluak egiteko orduan datu bat aipatzen dute: erosten den oliotik % 60 erabili eta kontsumitu egiten da eta % 40 erabili ondoren harraskatik botatzen da.
Datu hauek esku artean izanik Xabierrek argi dauka sukaldeko olioaren birziklatzearen zergatia eta adibide batekin azaldu digu: «Demagun abenduaren 31n Urumea ibaira joaten garela eta bertan, urte osoan bildu ditugun bi milioi eta erdi litro olio horiek botatzen ditugula. Gutako inor aditua ez izan arren, olio litro horiek ibaira botako ditugula pentsatzea nahikoa da hori ona ez dela jakiteko. Olio horrek geruza batzuk eragiten ditu ibaiaren oxigenazioa eragotziz. Are errazagoa da hoditeritan gertatzen dena azaltzea. Olioa harraskatik behera botatzean solidifikatu egiten da eta hozten denean hoditeria butxitu eta itxi egiten da».

Etxeko olioa nondik biltzen hasi?

Eskoriatzako udalarekin harremanetan jarri ondoren bilketa-zerbitzua prestatu zuten eta urte honetan zehar, ia Gipuzkoa osora heltzea lortu dute. Azpeitia, Azkoitia, Beasain, Ordizia, Lazkao, Irun, Errenteria, Pasaia, Urnieta, Usurbil, Lasarte eta Donostian bilketa-zerbitzua dute. Herri gehienetan bilketa hilean behin izaten da baina beti ere, bilketa-sistema herriaren beharretara egokituko da. Errenterian adibidez astero egiten dute bilketa. Otsailetik aurrera Tolosa, Villabona eta Andoainek ere bilketa-zerbitzua dute eta apirilean besteak beste, Arrasate, Sakana, Zumarraga, Ormaiztegi eta Legazpin hasi dira. Zarautz eta kostaldeko hainbat herritan hasteko asmotan dira. Gipuzkoako herri guztiak zerbitzu sarearen barruan ez dauden arren, mankomunitateak kontuan hartuta, ia denak beteta daude.
Bilketa sarea batez ere Gipuzkoan hedatu da, bilketa egiten duen enpresa bertakoa delako eta ondorioz Gipuzkoa izan da abiapuntua. Arabari dagokionez, Agurainen hasiko dira eta Bizkaian Berrizen. Nafarroan, Leitza, Bera, Lesaka, Irurtzun, Igantzi eta Ororbian bilketa-zerbitzua badute.

Bilketa zerbitzua martxan jartzeko urratsak.

Udal edo mankomunitate batek olio bilketa egiteko erabakia hartzen duenean biztanleek zerbitzu horren berri izan dezaten kanpaina bat antolatzen dute. Bilketa egiteko leku, egun eta ordutegi bat finkatuko dute. Honela, zehaztutako egun horretan edonork eraman ahal izango du etxeko olioa Ecograsek izango duen furgonetara eta glizerinazko xaboi-pastilla bat jasoko dute opari gisa.
Gauza berri guztiekin gertatzen den legez, olioaren birziklapenean ere jendeak hamaika zalantza izaten du. Zalantza nabarmenenak zein olio mota birziklatu behar den eta nola gorde behar den izanen dira. Olio begetala biltzen dute, hau da, jatekoa, janarietan erabiltzen dena, ez industriala. Berdin zaio hainbat aldiz erabilia izan bada, gero olio horrek garbiketa prozesua izango duelako. Olioaren birziklapenerako kanpainetan beste ohar bat aurkitu dugu: «Ez da jasoko autoetako olio zaharrik».
Sukaldeko olioa beirazko, plastikozko, metalezko edo tetrabrik erako edozein ontzitan gorde daiteke bilketa eguna heldu bitartean. Zartagi edo frijigailutik ontzira pasatzea da kontua.

Olioa bildu ondoren.

Olioaren birziklatze prozesu hau ez da olioa jasotzearekin bukatzen. Zer gertatzen da ostalaritzan, ospitaletan eta etxeetan bildu den olio horrekin? Proiektu berri bati esker sukaldeko olioarekin biodiesela deitzen den autoentzako erregaia egiteko asmoa dago. Erregai horren isurketek, gasolioarenak baino kalte gutxiago eragiten dute eta gainera biodegradagarria da.
Olio guztia jaso ondoren garbiketa prozesua dator. Donostiako Martutene auzoan dagoen enpresan zikinkeria kendu eta jarraian Ecograsek olioa Mungiara eramaten du. Bertan olioa gordeta egongo da ekaina bitartean, izan ere ekainean hasiko dira biodiesela egiten.
Hasieran sukaldean erabilitako olioa animalientzako jana egiteko saltzen zen Europan, baina 1999an dioxinak eta behi eroen gaitza atera zirenean debekatu egin zen. Garai hartan etxeko olioa oraindik biltzen ez zen arren, olio piloa biltzen zen ostalaritzan, ospitaletan... eta erabaki egin behar zen zer egin horrenbeste oliorekin. Honela, olioarekin biodiesela egitearen proiektua jaio zen. Proiektua aurrera eraman ahal izateko hainbat enpresa elkartu zen (Ecogras eta Garmesa barne) eta Bionor deituriko enpresa sortu zuten. Araban dagoen enpresa honetan olioa biodiesela bihurtuko da ekainetik aurrera. Bitartean Mungian gordeta dago olioa. Azkenean, Xabierrek dioen bezala «legezko irtenbidea aurkitzea lortu dugu». Azken orduko datuen arabera, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) ere programan parte hartuko du.
Orain arte ostalaritzan olio bilketa doan zen baina agian hemendik gutxira kuota txiki bat kobratzen hasiko dira. Animalientzako jana egiteko olioa erabiltzea debekatu zenean arazoak izan zituzten. Bionorren proiektua bururatu eta martxan jarri arte aurrerapen batzuk jaso dituzte, baina ez da nahikoa. Etxeko bilketari dagokionez udaletxeek ordaindu egiten dute.

Olio litro bat = biodiesel litro bat.

Orain arte bildutako sukaldeko olioarekin biodiesela egingo da ekainetik aurrera. Transformazioa egiteaz Araban kokatua dagoen Bionor enpresa arduratuko da. Enpresa horretako kontseilaria den Angel Jauregik esan digunez, litro bat oliotik gutxi gorabehera litro bat biodiesel lortuko da. Euskal Herrian horrelako proiektu bat martxan jartzen da lehenengo aldiz, baina Europan hainbat herrialdetan aspalditik egiten da. 1994tik besteak beste Alemanian, Italian, Austrian, Frantzian eta Belgikan egiten da.
Biodiesela gasoleoaren ordezkoa izango da. Erregai berri honek ekarriko dituen abantailen artean Angelek kutsadurarena azpimarratu du. «Biodieselak gasoleoak baino gutxiago kutsatuko du azufrerik ez duelako eta anhidrido karboniko gutxiago duelako».
Erregai berri honek bi aukera ematen ditu, gasoleoarekin nahastuta edo nahastu gabe erabil baitaiteke. Angelek argitu digunez ezin da esan bata bestea baino hobea denik. Ingurumenerako argi dago biodiesela bakarrik erabiltzea hobe dela, baina motorren zati batzuetan hobeto da gasoleoarekin nahastea. Alemanian eta Austrian adibidez biodiesela bakarrik erabiltzen da eta Frantzian aldiz ez.
Prezioari dagokionez bi erregaien prezioa berbera izango da. Izan ere Angelen ustez «jendeak ingurumenaren alde apustu egiten du, baina beti ere beste aukera baino garestiagoa ez bada». Angelentzat garrantzitsuena administrazioak horrelako industriak eta proiektuak laguntzea eta bultzatzea da, kasu honetan olioa elika-katetik ateratzeko. «Mota honetako erabilera industrialak bilatu behar dira gizartean inongo eragin txarrik ez izateko»


Azkenak
Lanbide Heziketako praktikak arazo-iturri izaten ari dira

Sistema duala abian da ikasturte honetan Hego Euskal Herriko Lanbide Heziketan, eta eredugarri saldu duten arren, arazotsua izaten ari da hainbat zentrotan: ikasle guztiek derrigorrezko praktikak egin ditzaten enpresak bilatzen “gorriak pasatzen ari dira” irakasleak,... [+]


Justizia feminista garatzeko beharra aldarrikatu du Emakumeen Mundu Martxak

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak egin ditu asteburuan Atarrabian. Sistema judiziala jarri dute ezbaian, justizia eta autodefentsa feministaren balioak aztertu dituzte.


2025-01-28 | UEU
Itsaso Bakedano Moreno
“Denok gara sexu-hezkuntzako erreferenteak”

"Sexu-hezkuntzaikasgeletatik haratago" ikastaroa emango du UEUrekin online Itsaso Bakedano Moreno (Baldorba, 1992) sexologoak. INCISEXeko Sexu-hezkuntza eta -aholkularitza masterra du, Biko Arloak-eko Training sexologia klinikoko formakuntza du eta Lanbide Heziketako... [+]


Bilboko Axel Hotelaren irregulartasunak salatu eta itxiera eskatu du EHGAMek

EHGAMek Axel hotelaren irregulartasunei jarritako helegitearen inguruko isiltasun administratiboaren ondoren, hotelaren itxiera eskatzen du eta hainbat eragileekin batera prentsaurrekoa eman dute.


Bretoierak hiztunen erdia galdu du sei urtean, azken ikerketaren arabera

Bretainian, bretoiera oso ondo edo nahiko ondo hitz egiten duten herritarrak %2,7 dira, 2018an baino hiru puntu gutxiago. 107.000 dira gaur egun. Hiztunak gazteagoak dira. Galo hiztunen kopuruak ere behera egin du, baina ez bretoierak bezainbesteko abiadan.


2025-01-27 | Julene Flamarique
Autoeskolaz kanpo gidatzen ikasten aukera planteatzen ari da Espainiako Gobernua, autoeskolak aurka daudela

Eredu berriak ikasleek milaka euro aurreztea ekar lezake. Autoeskoletako irakasleek plana kritikatu eta errepideetan sor daitekeen arriskua mahaigaineratu dute. Neurri berriak “milaka irakasleren enplegua arriskuan jartzen duela” ohartarazi dute.


2025-01-27 | Leire Ibar
Langile klasearen batasuna eskatu du GKS-ek faxismoaren eta gerraren aurka

Milaka gazte bildu dura Gazte Koordinadora Solizalistak (GKS) urtarrilaren 25ean Bilbon eta Iruñean antolatu dituen mobilizazioetan, "Euskal Herrian agenda belizista eta faxismoa normalizatu ez daitezen". Jendetza bildu da bi hiriburuetan gerra inperialistaren... [+]


Zarauzko EAJko zinegotzi ohi baten txaleta eraitsi egin behar dela ebatzi dute, legez kanpo eraiki zelako

Epaitegietan hamar urte bete ditu auziak, eta azkenean EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du beste epaitegi txikiagoek ikusten ez zutena: ez zela baserri zaharra "eraberritu", baizik eta askoz ere eraikin handiagoa altxatu zela eta behar zuen lekutik urrunago. Legez kanpo... [+]


Bengoetxeak errektore kargua hartu du eta EHUren finantzazioak segitzen du izaten eztabaidagai

Aparteko iragarpenik egin gabe, "askatasun akademikoaren eta izpiritu kritikoaren" aldeko aldarria egin du Joxerra Bengoetxeak EHUko errektore karguaren zina egin duenean, Ajuria Enean: "Ebidentzia zientifikoak ukatzen dituztenen aurkako euste-horma izango da... [+]


2025-01-27 | Leire Ibar
Dozenaka milaka palestinar Gaza iparralde suntsitura itzultzen ari dira

Su-etenaren akordioarekin barnean, Israelgo armadak Netzarim korridorea ireki du. Ia urtebeteko erbestealdiaren ondoren, milaka palestinar euren etxeetara abiatu dira bidaia emozional sakonean. Trumpek gazatarrak Egiptora eta Jordaniara desplazatzea proposatu du, eremua erabat... [+]


2025-01-27 | ARGIA
Migrazio politikak salatu eta auzipetuak kargugabetzea eskatu dute epaiketaren atarian

2.000 lagun inguru bildu dira urtarrilaren 26an, Irunetik Hendaiarako martxan, Europaren migrazio politika “hiltzaileak” salatzeko. Korrika igaro zenean hainbat migratzaileri muga igarotzen laguntzeagatik auzipetutako ekintzaileei babesa eman diete. Ekintzaileak... [+]


2025-01-27 | Ahotsa.info
EH Baterak Aberri Egunean erabakitzeko eskubidea modu bateratuan aldarrikatzera deitu du

Euskal Herria Baterak apirilaren 11an Donostiako Kursaalen egingo den ekitaldiaren berri eman du. Ekitaldia Aberri Eguna ospatu baino egun batzuk lehenago eginen da. Agerraldian Mireia Epelde, Xabier Euzkitze eta Carlos Etchepare bozeramaileek hartu dute parte, eta Manex Fuchs... [+]


2025-01-27 | Aritz Arrieta
Euskaldun harrera herria?

Egiari zor, ez dakit zergatik ari naizen hau idazten. Gaur egungo giro liskartsuan ez dira modu honetako iritziak ondo hartzen. Beharbada, ARGIAk ez du hau argitaratuko, ez baitator bat orain arte argitaratu dituzten iritziekin (baina, azkenean argitaratzea erabaki badute,... [+]


Ez ditzala diruaren hotsak bonben burrunbak isildu

Urtarrilaren 15ean Zedarriak izeneko lobby tekno-enpresarialak bere 6. txostena aurkeztu zuen, Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua izenekoa. Finantzen mundutik ateratako aditu gorbatadunez osatutako Think Tank neoliberal horrek... [+]


Eguneraketa berriak daude