«JORRATUTAKO ESPARRUETAN AUTODIDAKTA IZAN NAIZ, TAMALEZ»


2021eko uztailaren 27an
Ramon Barea aktore bilbotarra praka bete lan dabil urteotan. Esparru guztietan dabil gainera hain aktibo, zineman Alex de la Iglesiaren "800 balas" filman aktore bezala aritzeaz gain, uda aldean zuzendari bezala bigarren filma errodatzen hasteko esperantzarekin baitabil. Aktore, autore eta zuzendari honek bestalde, ez du antzerkia alde batera uzteko gogorik. "Sobre los perjuicios del tabaco" monologoarekin Donostiako Txema Zubia saria irabazi berri du eta "El hombre que confundió a su mujer con un sombrero"rekin berriz, Ercilla saria. Udatik aurrera Txalok orain dela hogei urte Karraka konpainiak egindako "Hoy, última función" eta "Palabrarismos" antzezlanak berreskuratuko ditu eta horietan ere zuzendari moduan arituko da.

Antzerkiaren nazioarteko eguna orain gutxi izan denez, antzerkiaz hitz egitera behartuak gaude: krisi iraunkorraz, Euskal Herrian bizi duen egoeraz...
Antzerkiak bizi duen egoerarekin optimista naiz. Jendea antzerkia ikustera bueltatzen ari da, telebistak eskaintzen dituen gauzetaz ihesi akaso. Telebista ikustea oso erosoa bada ere, jendeak beste ikuskizun batzuen beharra ere badu eta horien artean, jakina, antzerkia dago. Pesimistagoa naiz ordea, antzerkia egiteko euskal aktore eta konpainiek bizi dituzten baldintzekin. Laguntza gutxi jasotzen dira antzerkia egiteko, sentsazioa baitut ez dela nahi haina baloratzen antzerkiak duen balore kulturala. Euskal Herrian kultur ekintza desberdinen ondoan "anaia txikia" bezala hartua da.

Zer egin daiteke hori hobetzeko?
Nik uste asko lagunduko lukeela Euskal Herrian zentro dramatiko nazional bat egiteak. Bestetik, hezkuntza mailan ekimen pribatutik ateratako eskolak egon badauden arren, antzerki eskola ofizial baten beharra ikusten dut. Garai batean Antzerti egon zen, baina politikoen utzikeriagatik desagertu zen. Pena da antzerkia egonkortzen lagunduko luketen iniziatibarik ez egotea, gero hauek eztabaidatuak izateko bada ere. Gaur egun antzerkiaren inguruan mugitzen den ekonomia txikia da Euskal Herrian eta hau aldatu beharreko zerbait litzateke.

Bai, baina era berean aktore eta produkzio ugari daude?
Egia da, bai. Gainera gaur egun euskal produkzio batzuk komertzialki Estatuko beste konpainia batzuetako produkzioekin lehiatzen ari dira. Hor ditugu, "El florido pensil", "Manolito gafotas", "La Ratonera" edota "Muerte accidental de un anarquista", besteak beste. Gauzak ondo egiten direnean, publiko bat egon badagoela frogatzen dute antzezlan hauek guztiek.

Antzerkira joaten den publikoa berezia al da? Aldatu al da?
Publikoaren inguruan, antzerki ikuskizunen prezioak asko arduratzen naute. Ez da normala gazte batek ikuskizun batengatik 20 eurotik gora ordaindu behar izatea. Normala da egoera horretan gazteek zinema nahiago izatea. Gainera zinean antzerkian baino hobeto entzuten da, efektu bereziak daude eta azken finean gazteei erakargarriagoa egiten zaiela kontuan hartuz...

Horren guztiaren aurrean norbaitek izango du errua, ezta?
Atentzioa deitzen dit udal antzerkiek diru publiko bat jasoz, leihatilan diru sarrerak izanez eta akaso beste errekurtso batzuk edukiz, nola jartzen dituzten sarrerak hain garesti. Ez dakit ez ote garen guztion artean "munstro" batzuk elikatzen ari. Arriaga antzokia adibidez, antzerkia egiteko leku bat baino monumentu bezala ikusten dut, gertu dagoen San Nikolas elizaren parekoa. Kostu txikiagoak dituzten salak ireki beharko lirateke agian antzerkirako. Euskal Herrian badaude ondo funtzionatzen duten antzokiak, hala ere. Hemen Bizkaian, Barakaldo, Basauri edota Santurtzikoak, adibidez.

Antzerkia egiten hasi zinenetik gauzak asko aldatu direnaren sentsazioa daukazu?
Ni Frankismo garaian hasi nintzen antzerkia egiten. Hogeita hiru urterekin aktore izatea erabaki nuen, nire ofizinista lana utziz. Ordutik mundu honetaz bizi izan naiz, eta egia esan, ordutik gauzak dezente aldatu dira. Antzerkia, nire aktore lehen garaietan militantea zen batez ere, kantua edota beste manifestazio esparru gehienak bezala. Nagusiki jorratzen ziren gaiak, eta hauek jorratzeko era ere, politikoak zirela esan daiteke. Gaur antzerkia egiten dugunok akaso hain kritikoak izateari utzi diogu, baina hau gizarte eremu guztietara zabaldu den zerbait da. Orduan gure ikuskizunak ikustera etortzen zirenetako askoren ardura nagusia gaur egun bazkaltzeko leku aproposak bilatzean edota hurrengo bidaia nora egingo duten pentsatzean datza. Beharbada antzerkia egiten dugunok zentzu batean ere berdina egin dugu, baina gure orduko ikusleek ere memoria soziala galdu dute.

Antzerkiak kritiko izateari utzi dio?
Ez nuke hainbeste esango. Gizartea aldatu egin da eta antzerkia ere bai. Gaur egun estilo proposamen arriskutsuagoak egiten dira, era guztietako gaiak jorratzen dira, estilo nahasketa ausartagoak daude, eta abar. Garai hartan egiten zen antzerkia garaiko egoerari oso lotua zegoen, gaur berriz intenporalitatea, garai desberdinak edota klasikoen berreskuratzera jotzen den bitartean. Bestetik, garai hartako antzerkiak zuen eztabaida foro eta berehalakotasuna telebistak hartu ez duen errezeloa daukat. Lehen "psicokiller" batetaz hitz egin genezakeen, gaur berriz "psicokiller" berak hitz egiten du telebistan.

Telebistaz ari zarela, deigarria da zure curriculuma begiratuta antzerkia edota zinemarekin konparatuz, telebista gutxi egin duzula ikustea.
Ez zaizkit telebistan egiten diren gauza gehientsuenak gustatzen, baina horregatik ez naiz "anti-telebista" bezala definitzen. Ez badut telebista gehiago egin zinema eta antzerkia egitea nahiago dudalako izan da. Telesailetan lan egiteko eskatu didatenean, konpromiso luze baterako, ezetz esan dut beti. Baiezko batek nire bizitza aldatzea suposatuko luke. Hots, Madrilen denbora luze batez bizi behar izatea.

Bestalde, aktore, autore eta zuzendaria zara. Zu zeu zer kontsideratzen zara batez ere?
Aktore. Ni aktore bezala hasi nintzen eta aktore bezala jarraitzen dut nahiz eta batzuetan autore edota zuzendari ere banaizen. Hauek nolabait nire karreran bidean topatzen joan naizen aktibitateak izan dira. Nik aktore izan nahi nuela argi nuen, zuzendari edota autore izateko aukerak, nik aurrez gehiegi planteatu gabe, geldo-geldo azaltzen joan izan diren bitartean. Karrera luzea izan da, kontuan hartu berrogei urtetik gora hasi nintzela, adibidez, zinea zuzentzen.

Zinema eta antzerkia zuzentzeko erak desberdina izan behar du. Biak egindakoa zarenez, zer iritzi duzu?
Nire ustez zinema zuzentzerako orduan, beste zuzendari batzuen ondoan, aktore izateak abantaila ematen dit. Honek asko lagundu dakidake aktore bati barrutik zerbait atera behar duela eskatu behar diodanean, esaterako. Zuzendari batzuk horrelakoetan batzuetan hankamotz geratzen direla iruditzen zait. Bisualki ideiak argi ikusten dituzte, baina gero aktoreak zuzentzeko zailtasunak izaten dituzte askok. Aktoreak zuzentzeko, gehienetan, beste zuzendari baten lana izaten da erreferentzi bakarra, aktorearen baliabideak kontuan hartu gabe, eta hau nabaria da azken emaitzetan. Zentzu horretan beste zuzendari batzuk baino indartsuago sentitzen naiz. Garrantzia ematen diot aktoreari, baita lan txikienak dituzten aktoreen lanari ere.

Zineman egin zenuen luzemetraia, "Pecata Minuta", aurrez zuk zeuk idatzi eta zuzenduriko antzezlan baten egokipena izan zen. Ez da oso arrunta antzerki autore batek bere antzezlana zuzendu eta gero, hau zinemarako berak egokitu eta zuzentzea.
Akaso ez. Hau, dena den, oso modu naturalean gertatu zen baita ere. "Pecata Minuta"n hasieran bakarrizketa bat izan behar zuen. Baina gero, enkargu bat medio, asko maite ditudan lau aktore protagonistetan pentsatuz idatzi nuen obra. Antzezlanak ondo funtzionatu zuen. Nik laburmetraia bat egin nahi nuen antzezlanaren ideiarekin, baina Txepe Lara zinema produktoreak antzezlana ikusi eta ideia horrekin luzemetraia bat egokiagoa zela ikustarazi zidan.

Euskal aktore asko ikusi ahal izan genituen filmean.
Aktore asko dituzten filmak ditut gustuko. Hurrengo filma horrelakoa izango da. Zentzu horretan Loreta de Stasio italiarra euskal antzerkiaren inguruan egiten ari den doktoretza tesiaren inguruan nirekin teoria bat dauka. Berlanga edota italiar neoerrealismoa asko ikusi dudala eta horien eragina nabaria dagoela nire lanetan. Egia izan daiteke. Hauek planteatzen duten komedia eta tragikotasunaren arteko nahasketa, behintzat, gogokoa dut.

Zure lan gehienetan beti dago presente komedia, baina baita erreibindikazio puntu bat.
Bai. Azken finean hau eguneroko bizitzatik gertuago dagoela uste dut. Genero puruak ez dira errealak. Hots, bizitza ez da tragedia bakarrik edota komedia bakarrik. Batetik bestera pasatzen gara bizitzan eta zineman ere horrela izatea gustatzen zait.

Zure bigarren filma maiatzean hastekoa zinen, baina...
Diru arazoak. Oraintxe koprodukzio bide berriak bilatzen ari gara. Canal+ interesatua zegoen baina, beste hamar proiektutan bezala, atzera bota dira azkenean eta orain... finantzaketa bilatzen ari gara. Bada interesa agertu duen produktorerik eta gauzak zehaztea falta da.

Zein da filmaren gaia?
Espainiako probintziako hiri batean gertatzen da 1959an. Gizarte hartan gezurra zen nagusi, gezur soziala, eta hau filmaren protagonista den umeak ez du ulertzen. Gezurraren inguruko alegia da.

Kontuan harturik Euskal Aktoreen Batasunak egindako castingean zuzendari lanak egin dituzula, film horretarako aktore bat baino gehiago casting horretatik aterea izango zen. Nola ikusi dituzu zure lankideak?
200 aktoretik gora ikusi nituen. Eta denetarik dagoen arren, positiboenarekin gelditzen naiz: gazte aktore on asko. Formazio handiarekin eta jada bere gauzak egiten hasiak direnak. Aktore belaunaldi oparoa datorkigu, prestakuntza maila altuarekin. Gure garaian nolabait profesioa asmatu egin beharra izan genuen, autodidaktak ginen. Egia esan jorratu ditudan esparru guztietan izan naiz autodidakta, tamalez. Izan ere nahiz eta akatsak eginez ikasten joatea ona dela esaten den, nik aukeran nahiago izanen nuke irakasle on batzuk izatea. Gazte hauek izaten ari diren irakasle on horietakoren bat. Castingean bestalde, bazeuden antzerki profesionalerako berriz errekuperatu beharko liratekeen 50 urtetik gorako antzezle batzuk ere.

Euskaraz ez dakien aktore euskaldun batek zioen bere generazioko aktore euskaldunen ondoan desabantailan zegoela. ETBn lanik ez egiteaz eta konpainia elebidunek beste aktore batzuk nahiago izateaz ari zen. Euskaraz ez dakien aktorea izanik, zer iritzi duzu?
Izan daiteke. Nik ez dut zailtasunik izan, eta izan badut nire kulpagatik izan da, zeren Atxaga, bere anaia edota Sarrionandia bezalako maisuak izanda, ez baitut euskaraz ikasi. Beti ibili izan naiz giro euskaldun batean. Bizitzako une jakin batean argi ikusi nuen ezin nituela euskaraz eskaintzen zizkidaten lan batzuk hartu; hauek gaizki egingo nituelako eta beste batzuentzat paper egokiagoak zirelako. Aktore baten lana bere barrutik atera behar da.

Elkarrizketa bukatu eta Almeriara zoaz Alex de la Iglesiaren "800 balas" westernaren errodajean jarraitzera. Telebistan ikusi ahal izan ditugun irudiengatik, ondo pasatzen ari zaretela dirudi.
Alex inoiz baino hobeto pasatzen ari denaren inpresioa ematen du. Dena den, nahiz eta giro ona dagoen, ez pentsa errodaje erraza izaten ari denik. Zaldi gainean ordu asko pasatzen ditugu eta eszena arriskutsuak ere badaude.

Izan al daiteke hau inoiz egin duzun lanik arraroena?
Ez pentsa. Behin, antzerkiko gure lehen garai haietan, geriatriko batera joan behar izan genuen antzezlan bat egitera. Gaixoen aurrean egindako errepresentazio hura ikustekoa zen. Ez dut uste ohean eta gorputza tutuz beterik zuten ikusle haiek gauza askotaz ohartzen zirenik


Azkenak
2024-08-14 | ARGIA
Israelek preso palestinarrak erabiltzen ditu tunelak eta eraikinak miatzeko

"Gure bizitzak haienak baino garrantzitsuagoak dira", esan dio Israelgo armadako soldadu batek Israelgo komunikabide bati.


2024-08-14 | Kanaldude
EuskarAbentura: gazteen paregabeko espedizioa

Joan den uztailean, hilabete batez, 127 gaztek 400 kilometroko espedizioa oinez egin dute Euskal Herrian gaindi. Abenturazale haiek Jzioquitarrak deitzen dira eta 30 egunez, 27 herri bisitatu eta hainbat euskal eragile ezagutu dituzte. Aurten, EuskarAbenturako helburuak aise... [+]


Ostalaritza patronalak Gipuzkoako txosnei TicketBai ezartzea eskatu dio Aldundiari

EAEko hiru hiriburuetan udako jaiak ospatzearekin batera, etorri dira, berriz ere, ostalaritzako patronalaren kexuak jai herrikoien aurka. Gipuzkoako Ostalaritzaren elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio Arabakoaren bidea jarraitzeko, eta txosnei eta kale saltzaileei... [+]


Palestinaren alde mobilizatuko dira Bilboko Aste Nagusian

Palestinarekin Elkartasuna ekimenak antolatu du Aste Nagusian Israel borrokatu lelopean. Bilboko Aste Nagusiaren bezperan, ostiralean, 19:00etan, egingo dute mobilizazioa.


Pablo Gonzalez espioitzagatik ikertzen jarraituko du Poloniak

Poloniako Fiskaltza Nazionaleko bozeramaileak adierazi du euskal kazetaria oraindik formalki akusatu ez badute ere, “legearen arabera auzi-ihesean akusatua” izan daitekeela. Gonzalez preso trukean sartzeko erabakia Washingtonetik etorri zen, baina Poloniako zerbitzu... [+]


Juan Luis Goenaga artista zendu da, 74 urterekin

Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.


Ibilbide dekolonialak (I)
Donostia: non gogoa, han ezpata


2024-08-14 | Mikel Aramendi
Israel, Iran eta bi elefanteak

Hamasen erasoaren ezohiko muntak, eta Israelgo gerra-kabineteak hari emandako erantzunaren desmasiak zerikusi zuzena dute ondorio geopolitikoen sakonerarekin. Ekialde Ertainean eta nazioarteko aliantzetan aldaketak eragin ditu genozidioak: Israelek zer irabazi eta galdu du?... [+]


Musk amen-omenka, trumpismoa besarkatzen

Munduko bigarren gizonik aberatsena, Elon Musk, gezurrak eta mezu sektarioak hedatzen, propaganda egiten ari zaio Donald Trumpi, inkestek gero eta gehiagotan diotenean Kamala Harris izango dela AEBetako hurrengo presidentea.


Grezian piztutako suteek hildako bat eta 50.000 pertsona ebakuatu baino gehiago eragin dituzte

Gutxienez 10.000 hektarea kiskali dira Atenasetik gertu, eta dozenaka etxe eta enpresa kiskali dira, EFEk jaso duenez. Greziako Gobernuak suteei aurre egiteko laguntza eskatu dio Europar Batasunari.


Hamar gizon atxilotu dituzte asteburuan, emakumeen aurkako indarkeria egotzita

Zortzi pertsona atxilotu dituzte Nafarroan, beste biak, berriz, Gasteizen. Horrez gain, Algortako Portu Zaharreko jaietan gertatutako sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea egin dute, astelehenean.


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


Paquita Bretos Andueza zendu da, mendizale aitzindari eta antifrankista

96 urterekin eman du azken hatsa. Nafarroa Garaian zein Euskal Herri osoan, mendizaletasunaren aitzindarietako bat izan zen, Angel Oloron senarrarekin batera.


2024-08-13 | Euskal Irratiak
Aitor Elexpuru: “Larhunen ez dugu gehiago eraiki dadin nahi, baizik dagoena hobe kudeatua izatea”

Abuztu hasierarekin batera, bero, idorte eta su arriskuak altuak dira mendiguneetan. Arriskuen murrizteko nahian, 2021tik, Lapurdi eta Nafarroako mendigunea osatzen duten hiriek zonbait protokolo eta konbentziotan elkartu dira, mugaz gaindi. Horien artean, “Gure... [+]


Eguneraketa berriak daude