«Produktu baten irudi izatea da pasarelarako bide onena»

PERFILA
Hugo Boss lehiaketan bigarren izendatu zintuzten, eta ondoren Mister Nafarroa. Zer alde dago bi horien artean?

Hugo Bossena moda mundua da, eta misterretatik ezberdindu egin behar da. Misterren azken helburua izaten da Mister Espainia ateratzea. Baina mister bezala, moda munduan ez duzu leku askorik izaten. «Hugo Boss Mutila» izendatu banindute, berriz, bi aldizkari zain izango nituzkeen, bat Londresen eta bestea Madrilen, eta gainera diru saria ere badago.
Hugo Bosseko imajina eta misterrena arras kontrakoak dira, estetikak ezberdinak dira. Mister lehiaketetan mutil gihartsuak bilatzen dira. Moda munduan, berriz, gero eta mutil argalagoak nahi dituzte. Pisuaren kanonak etengabe aldatzen dira. Misterretan parte hartu nahi zuten askok, pisuz igo dute, eta gero modara sartu nahi izan dutenean kilo izugarri jaitsi behar izan dute. Frustratzeko modukoa ere bada: mutil eder askok ezin izan du modan lan egin, desfileetarako erabiltzen den arropatan sartzen ez delako, bizkar zabalagoak dituztelako.
Nik zortea izan dut. Berez ez naiz oso mutil gihartsua, ezta oso fina ere, eta tarteko estetika horrek bietarako balio izan dit.

Misterrek moda munduan sartzea zaila dute, beraz. Aldiz, badirudi Miss eta Mister lehiaketek modarako promozio izan behar luketela.
Hala behar luke. Baina une honetan gertatzen dena da, horrelako ekitaldiak antolatzen dituen jendeak nahi duten bakarra dela ekitaldi horrek sortzen dituen diru-etekinak lortzea, eta gerorako azpiegiturak ez dira eraikitzen. Azpiegitura hobea behar litzateke mundu horretan zerbait egiteko, baina hori ez dago hain garatua. Azken batean, Misterrena bukatu orduko Missen lehiaketa dator, eta horrek berriz ere komunikabideak eta dirua mugituko ditu. Beraz, bazterrean gelditzen zara.
Modelo batentzat pasarelatarako tranpolinik onena, eta lortzeko zailena, produktu baten irudi bihurtzea da. Esaterako, ni Loewe-ko iragarki baten irudi izango banintz urte osoan, horren ostean errazagoa litzateke jostun batek kontratatzea.

Mister hautatzeko frogak nolakoak izaten dira?
Karnata gisa hartzen gaituzte pixka bat. Naturaltasunak, bat-batekotasunak puntuaketetan garrantzia handia duela esaten dizute, baina gero galtzontzilotan jarri behar izatea da normalena. Desfilatu egin behar izaten da, eta gero epaileekin pixka bat hitz egin, Mister izateko jende asko aurkezten baita hizketan hastean xarma guztia galtzen duena.

Zentzurik badu ahozko froga horrek? Azken batean ez al da fisikoaren lehiaketa?
Berez pixka bat absurdua bada. Egiten diren elkarrizketetan ezin da ezer askorik ikusi. Nik uste, nolabait egiten dutela jende aurrean nola azaltzen zaren eta giza harremanetan zer joera duzun ikusteko. Mitoa apurtzeko egiten dute, miss eta misterrak tuntunak ez garela frogatzeko. Baina frogatu behar horretan, askotan kontrako efektua lortzen dute. Miss lehiaketa batean, behin galdera hau bota zuten: "Zer dakizu Errusiari buruz?". Jakituria luzitzea nahiko zuten epaileek, baina neska gajoak 17 urte zeuzkan, eta zer erantzun ez zekiela gelditu zen.

Gainera sarri zurikeriaz erantzungo dira galderak...
ETBn egin zen mister galan, gure arteko giroaz ere galdetu ziguten, eta jende askok esan zuen izugarrizko giroa genuela, horregatik bakarrik merezi izan zuela aurkezteak. Nik berriz egia esan nien, pentsatu bezala: ni aurkeztu nintzela irabazteak poz handia emango lidakeelako. Lagunak eginez gero hobe, baina ez nintzela espreski horretara joan. Mister eta missen artean halako joera «guay» bat dago, eta ez dakit zergatik, denek halako gezurrak botatzen dituzte.
Egia da batzuen artean oso giro ona dagoela, baina oso kontu txarrak ere badaude, inbidia latzak, eta ez bakarrik nesken artean, baita mutilen artean ere. Mister Espainia lehiaketan 52 mutilek hartu genuen parte. Bakoitza probintzia batekoa zen, eta bakoitzak bere maniak ditu. Gainera sari gizen bat dago jokoan, eta azken egunetan sekulakoak gertatzen dira. Nik kameren aurretik alde egiten nuen, zeren kamerak etorri orduko mutil denek lepotik heltzen zioten elkarri, festa giroan baleude bezala. Eta nik barrutik ikusita zer giro ustela zegoen, oso argi nuen kamerari zer kontatuko nion: "52 mutil horietatik, 25 ez ditut ezagutzen. Beste 27tik 4 oso lagunak egin ditut, eta beste hamar ez ditut nire bizitza osoan berriz topatu nahi!".

Zer irudi eman behar izaten dute neskek eta zein mutilek?
Estetikan kontrastea oso handia da. Missetan 18 urte baino gutxiagokoak aurkezten dira normalean, eta mutilak 18 urtetik gorakoak. Agian gizonetan «gizontasuna» bilatzen delako, eta nesketan berriz arras kontrakoa, «naturaltasuna», «birjintasuna».
Desfilatzeko modua ere, neskentzat zailagoa da, artifizialtasun gehiago bilatzen delako. Oinez marra zuzen baten gainean joango balira bezala da, gehiago landu behar izaten dute guk baino. Mutilok tente joan behar dugu, geure buruaz harro. Hizketan jator agertu behar dugu, irekiak izan, jendeari kasu egin eta hitz zabarrik ez erabili.

Edertasun kanonak nork jartzen ditu?
Edertasun kanonen joera horiek jende gutxi batzuk markatzen dituzte. Agian bi pertsonen burmuinetan egongo da neskek 1,80cm neurtu behar dutela eta 45 kilo pisatu behar dituztela. Eta horrelako neskak gizartean lau bakarrik egongo dira. Hori estereotipo bihurtzen da, eta jende guztiak kanon horiek lortu nahi ditu, horretarako ebaketak egin behar badituzte ere. Azken batean, estetika horretatik dator negozioa: kremak, kosmetika, elikadurarako produktu bereziak... estetika horri esker saltzen dira.
Komunikabideek garrantzia handia dute horretan. Gaur egungo gizartean, modeloen inguruan marketing ugari egiten da. Sarri iragarkiko argazkiak asko apaintzen dira, ordenagailuko «Photoshop» eta antzerako programen bidez. Alegia, modelo horiek denak diren baino ederragoak agertzen direla. Eta horrek oraindik eta estereotipo irrealagoak sortzen ditu, jendearen artean mailaketa handiagoa sortzen du.
Orain 15 urtekoen gorputzak daude modan, eta anbiguotasuna ere modan jarri da. Iragarkiak ikusten badituzu, neskak garçon orrazkerekin ateratzen dira, eta mutil bisaia dute. Mutilek, berriz, nesken bisaia.

Nola lortzen duzue gorputz puska hori izatea?
Misterren munduan, nik uste bi kontzientzia oso ezberdin daudela: niri axola zaidana osasuna da, eta alde horretatik asko zaintzen naiz. Kirola egitea eta osasuntsu jatea gustatzen zait. Baina mundu honetako beste askori axola zaiena itxura fisikoa bakarrik da, eta azkenean, giharrak lortzeko obsesio hori gaixotasun bihurtzen da, eta osasunaren aurka jokatzen dute. Giharrak sendotzeko proteina kimikoak hartzen dituzte, substantzia diuretikoak ere bai, komunera maizago joan eta muskuluak ez lehortzeko, eta gero gainera clembuterol eta halakoak hartzen dituzte. Gorputzarentzat azkenean bonba bat da halako erritmoa.
Mister Espainia lehiaketan, logelan Mister Ourenserekin nengoen. Oso jatorra zen, baina kulturismotik zetorren, eta denetatik hartzen zuen, baita behiei gizentzeko ematen zaiena ere. Eguna pisua altxatzen pasatzen zuen. Osasuntsu egoteko berriz, lan aerobikoak (korrika, bizikleta, igeriketa) eta anaerobikoak egin behar dira. Jende honek aerobikoak utzi, eta anaerobikoak bakarrik egiten ditu, pisua altxatzea, alegia. Asko janez eta pisua altxaz, gorputza masa handi bat bilakatzen dute, baina bihotza ez dute lantzen aerobikoki. Beraz, osasuntsu daudenaren itxura ematen dute, baina barrutik ikusi egin behar.

Obsesio hori ez al da gizartera zabaldu?
Bai. Jendeak gimnasioan sartu eta giharrak egun batetik bestera lortu nahi ditu, eta hori urtetako lana da. Gainera genetikoki ezin denean gihar sendoagorik lortu, gauza kimikoak hartzen dira, neurririk gabe. Ez dut ulertzen, ez diot praktikotasunik ikusten giharrak puzteari. Agian bizitzan dauzkaten beste arazoak horrela estali nahiko dituzte, edo itxurak nolabaiteko ziurtasuna emango die.

Misterrak objektiboki hautatzen dira, edo interesen arabera?
Nik uste Mister Espainia nori emango zioten aurreikusita zegoela. Erkidegoek beti euren gatazkak dauzkate, euren interesak, eta askotan erabaki egiten da urte horretan zein erkidegok irabazi behar duen. 2001 urtekoa Mister Murtziak irabazi zuen, baina mutil hori izatez ez zen Murtziakoa, eta bere bila joan ziren espreski, Murtzia ordezkatzeko Mister Espainia irabazi zezakeen norbait behar zutelako. Interes ekonomiko eta politikoengatik erabakitzen dela, alegia. Mister Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabari, presioa egin zieten elkarrizketa pertsonaletan, "zu euskalduna izanda nolatan zaude hemen?" eta halakoak galdetuz. Ni nafarra izanda, ez nintzen susmagarria eurentzat, eta euskaraz nekien bakarra neroni nintzen!

Modelo batek zer funtzio betetzen ditu gizartean, edo zer aportatzen dio gizarteari?
Estereotipoen kontua, azkenean. Nik, kritiko izanda, ez nuke modelo lanean ari nahi. Egunero ikusten duzu gizarteak zer arazo dituen anorexiarekin, eta itxuraren arabera zer ezberdintasun sortzen diren lanpostua lortzerakoan, eta ez da justua. Baina, azken finean, nik bizitza honetan egin dudana osasuntsu jokatzea izan da, eta kirola egitea. Horrekin posible izan dut modeloen munduan sartzea. Nik ez dut estereotipo bezala ikusten neure burua. Pertsona normaltzat hartzen dut neure burua, baina nire bizimodu eta genetikagatik posible izan dut moda kontuan ibilbide bat egitea. Niretzat okerrena litzateke nire imajina naturaletik at ibili beharra, adibidez, ebakuntzak eginda, edo substantzia kimikoen bidez beste gorputz bat eginda.

n Gustura sentitzen zara irudia jarrita, edo irudiaren esklabo sentitzen zara?
Gustura sentitzen naiz. Saiatzen naiz natural jokatzen. Azken finean, ikusten dut jendeari erakargarritasuna eskaini diezaiokedala, iragarki edo pasarela batean nire zerbait eman dezakedala. Jendeak askotan ez du nire nortasuna ikusten, eta mundu honetan gutxiago. Normala da. Hau bezalako elkarrizketatan saiatzen zara nor zaren azaltzen. Modeloen munduan ere zure inguruan dagoen jendearekin zaren bezala izaten saiatu behar duzu. Jakina, nahiago duzu denekin ongi eramatea, baina tira.

n Nola bizi da mister bat, zein da bere lana?
Estatuko erkidego bakoitzean ezberdina da. Imajinatzen dut Madrilgo mister batek nik baino betebehar gehiago izango dituela. Normalean, inaugurazio eta galetara gonbidatzen gaituzte, pixka bat ederren giro hori eratzeko. Baina hemen Nafarroan ez dago zeregin askorik. Modaz bizitzeko Bartzelona edo Madrilera joan beharko nuke. Ni kirol irakasle lanetik bizi naiz, alegia nik ikasitako lanetik. Azkenean, Mister Espainia izendatua denak lortzen du kontratua eta lana.
Euskal Herrian oso mugatua dago modelo lana. Euskaraz jakinda, ikusten dut ETB izan daitekeela nolabaiteko proiekzioa lortzeko bidea. Telebistara jotzea gure eremutik irtetea da agian, mister izatea moda munduan murgiltzeko apustua delako, baina tankera ona baduzu, telebistan aurkezle lana egin dezakezu. Ni berez ez naiz aktorea, baina frogatzea ez letorke gaizki. Mister izan aurretik, «Goenkale»n bi kapitulu grabatu nituen. Mister izan ondoren, «Hasiberriak» sailean beste bi kapitulu egiteko hautatu ninduten, agian castingean geundenen artean izen handiagoa lortu nuelako mister izanda, mutil galant ofizialaren papera egiteko.

n Modelo ezaguna izateko, Bartzelona edo Madrileko agentziatara joan behar izaten da. Baina ez omen da erraza sarbidea...
Ni orain gutxi Bartzelonara joan nintzen. Argazki batzuk bidali nituen Espainia mailan mutilen modelo agentzia garrantzitsuenera, eta asko gustatu omen zitzaizkien. Baina gero hara joan, eta agentzia-buruak nahi zuena zen nirekin larrutan egitea. Eta berez gizon hori moda munduan oso serioa da! Gustura egon nintzen, ondo zaindu ninduten, afari garesti askoak ordaindu ere bai, baina nire kasa ibili nintzen. Ez zen kontu onik han. Euren jokoan sartu gabe, hona etorri eta tipoari deituta lana eskatu niezaiokeen, baina ez zidan zirrara onik sortu. Agian datorren urtean frogatuko dut, ikusiko dut.
Kontua da, Bartzelonako bidaia harez geroztik, nire Donostiako agentziak ez didala berriz ere hots egin, eta hilabete piloa joan dira ordutik. Agian izango da Bartzelonan nire agentziako neska batekin topatu nintzelako, eta agian neska honek zerbait esango zion Donostiako nire agentziari. Agentziakoak oso posesiboak dira, baina tira, ni ez naiz inorena, eta nik ez diet deituko, ez diedalako zertan azalpenik eman behar. Eurek ez didate azalpen eske deitu ere egin, baina dirudienez betoa jarri didate.

n Agentzien menpe zaudete beraz...
Bai, eta zurrupatzaile asko dago. Lana egin, eta hiru hilabetetan ordaindu behar dizutela esaten da. Baina hiru hilabete pasa, eta ez dira zutaz akordatu ere egiten. Zuk deitu behar izaten diezu telefonoz, eta orduan bai, kasualitatea, astebetera ordaindu egiten dizute. Kanpotik ikusten den luxua eta hori dena agian egongo da, luxuaren inguruan jende liraina ibiltzen delako, baina nik ez dakit eder jende horien artean zeintzuk hartzen duten irabazien zatia, ikusi behar litzateke hori. Nik uste askotan itxurakeria dela gehiago, benetan dutena baino

- Jaio: Iruñean, 1976. urtean.
- Bizi: Barañainen.
- Modeloa.
- Orain sei urte hasi zen Iruñeko castingetara aurkezten, ileapaintzaileen desfileeterako. Hugo Boss lehiaketan (Espainian gizonezko modeloetan garrantzitsuena), 2. postua lortu zuen iaz, eta segidan Mister Nafarroa 2001 izendatu zuten.
- Kirol irakasle: Gorputz Heziketako Magisteritza egin du, eta egun Iruñeko ikastetxeetan saskibaloi eta futbito taldeak zuzentzen ditu. Igeriketa eta kiroldegiko jardueretan begiralea da. Helduei gimnasia eta igeriketa saioak ematen dizkie.

Mister 2001 merituz irabazi behar nuen! Gala ETBk eskaintzen zuen, eta bi egun lehenagotik joan-etorriak egiten genituen Donostiako Miramonera, muntaia antolatzeko. Autoan Corellako mutil batekin joaten nintzen, nirekin ikasi zuen lagun batekin. Gala bezperan, gaueko 1:00ean bukatu genuen entsegua, eta biharamunean 9:00etarako jaiki beharra genuen. Ni autoan kopilotu nentorren, lo seko, eta bera bidez nahastu, eta Iruñeara beharrean Bilborako bidean sartu zen. Iritsi ginen Bilbora, Bilbotik Gasteizera, eta Gasteiztik Iruñearako bidean 40 kilometro falta zirela, gasolina bukatu zitzaion autoari. Bide ertzean gelditu ginen. Azkenean, bultzaka-bultzaka Erreniagako mendatean malda igo, eta autoa loka zegoela jaitsi genuen malda. Nola-hala etxera 5:30etan iritsi ginen. Lagunak 9:00etan esnatu behar zuen. Nik, berriz, hanketako bizarrak kendu behar nituenez, 8:00etan. Goizaldean laguna lo hartu ezinik zebilen, eta nire logelara sartuta argia piztu zuen: "Zer ordu da?". Ni haserre: "Etxean erloju piloa dituzu, eta zergatik esnatu behar nauzu ni?". Gero aitortu zidanez, ni izorratzeagatik egin zuen, berak lorik hartu ezin zuenez, ni ere itxura txarrarekin eta begi zulo ederrekin joatea nahi zuelako!

Doinua: Mutil koxkor bat
Gorputza bada erreminta bat
asmoak betetzeko da,
horrela egin nahi duzunean
jardun zintezke gustura.
Baina zeu ere jausten bazara
izan nahiaren zulora,
modak agintzen badizu nola,
norekin, noiz eta nora,
pentsatu egin behar zenuke;
azkenean, zer da moda?


Azkenak
Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude