LITERATURA LABEAN SARTZEKO PREST

  • idazlearen irudimena gure apaletara objektu fisiko moduan iristaraztekoerantzukizuna.Bide honetan, idazlearen jatorrizko testutik abiatu eta inprentaraino iritsi gara oraingoan,irakurlearen eskuetaraino iritsi arte gelditzen den bide gaitza hurrengobaterako utziz.Prozesu hau gertuagotik ezagutzeko hainbatargitaletxera jo dugu, eta batzuk euren sorreraren mende laurdena ospatzen harrapatu ditugu. Lana ez zaie falta, udaberria garai egokia baita liburuakargitaratzeko. Dena den,ez da Durangoko Azoka aurreko giro itogarririk sumatzen.Azken datuek euskarazko liburu produkzioa gora ari dela berresten dute. Guk ordea helduen literatur ekoizpenaz jardun dugu eta, datuak datu, kezkaren bat edo beste ere helarazi digute editoreek.
Zabaltzeneko biltegian gaude, Donostiako Igara auzoan, liburuz betetako kaxa tartean. Elkarren Literatura saileko azken liburua iritsi berri da, eta ale bat eskuetan du Elkarreko editore Xabier Mendiguren Elizegik. Irakurlearen eskuetara iritsi arte ordea, salmenta puntuetara banatu eta aurkezpena eta promozioa egin beharko dira. Eta noski, irakurleak liburua erosi beharko du; lan zaila, mundu osoan eta gurean ere, irakurzaletasun kurba lurrera begira dagoen honetan.

Baina jar gaitezen atzera begira, lehenbiziko tirada almazeneko atetik sartu baino lehen ere, liburuak bere prozesua izan baitu. Gora igo eta Mendigurenen mahaian testu original bat topatu dugu, arkatzez egindako hainbat zirriborrorekin, editorea bere lana egiten hasi denaren seinale.
Originala diogunean, ez gara eskuizkribuez ari. Teknologia berriak euskal idazleengana ere iritsi dira eta egun lan guztiak ordenagailuan idatzita iristen dira argitaletxera, editoreen zorionerako. Ordenagailuak lana erraztu baitie idazle nahiz editoreei; baina ez beti. Susa argitaletxeko Gorka Arresek ordenagailuaren erabilera nagusitzearen ondorio bitxi bat aipatu digu: ordenagailuan nahi adina txikitu daiteke letra tipoa, edo orrialdea nahi adina zabaltzeko aukera ere badago. Ondorioz, hainbat idazlek poesia idazterakoan lerro amaigabeak idazten omen dituzte. «Poema liburuak formato bertikalean egin beharrean, horizontalean argitaratzen hasi beharko dugu», dio Arresek.
Lan batzuk ezustean iristen zaizkio argitaratzaileari. Beste batzutan, editoreak badaki idazleren batek lanen bat duela eskuartean. Eta badira enkarguz iristen direnak ere. Azken hauek ohikoak dira testu liburuetan-eta, baina helduen literaturan ere bada halakorik. Alberdaniako Inazio Mujikak dionez, «enkarguz egindako hainbat lanek izan dute gurean arrakastarik handien». Editoreak funtzionatu dezakeena bilatzen du, edo egile posible bati gai bati buruz idatziko lukeela entzun eta gero eskatzen dio idazteko. Horrela sortu omen ziren Iñigo Lamarkaren «Gay nauzu», Arantxa Iturberen «Ai ama!» edo askoren artean osatutako «Bakarrizketak». Mujikaren ustez «liburu horiek argitaletxe baten biziaren adierazgarri dira. Argitaletxe batek ezin du datorkionaren zain gelditu, nahi duenaren bila atera behar du».

Galbahea.

Editoreak testua irakurtzea du lehen lana, «behar izanez gero behin baino gehiagotan» Ereineko Iñaki Aldekoaren esanetan. Gorka Arresek ,aldiz, Susara iristen diren liburuak hiruzpalau lagunek irakurtzen dituztela dio. Irakurri ondorengo juzkuaren arabera testua argitaratzea edo atzera botatzea erabakitzen da. Eta gehienetan erantzuna ezezkoa izaten da. Editoreek ez digute datu zehatzik eman, baina iaz Xabier Mendigurenek Elkarrera iritsitako lan guztien zerrenda egin zuen. 50 orijinal izan ziren guztiak eta argitaratu, aldiz, 10 bat liburu argitaratzen ditu Elkarrek urtean helduen literaturan. Horrek ez du esan nahi urtero proportzioa bera denik. Baina garbi dago gutxiengo bat publikatzen dela. «Askok idazten du, baina gutxi dira idazle», dio Gorka Arresek. Askori ez dutela irakurtzen, ez dutela egungo literatura jarraitzen somatzen omen zaie eta «idazle izan nahi duenak kontzientzia izan behar du bere garaikideek zer idazten duten».
Solaskide izan ditugun editoreak bat datoz lan bat argitaratzeko irizpide nagusia kalitatea dela esatean. Baina, esaterako, testu batek hizkuntza aldetik kalitatea izan dezake eta argumentua garatzeko orduan huts egin edo, alderantziz, egile batek kontatzen jakin bai, baina hizkuntza ez du menderatzen. Mendigurenen ustez, «bigarrena salba daiteke zuzenketa sakon baten ondoren, baina lehenengo kasua zailagoa da».
Beti hitz egiten da gure merkatu txikiaz, baina interes komertzialek ez al dute eraginik euskarazko literatur ekoizpenean? Ona izanik ere, liburua batere salduko ez dela pentsatuz gero, argitaratzen al da? Eta ona izan gabe erantzun komertzial bikaina aurreikusten bada? Mendigurenek dio normalean biak publikatzen direla. Hots, kalitatezko liburuak argitaratzeko ahalegina egiten da nahiz eta agian dirua galduko dela aurreikusi. Eta batzuetan ezusteko atseginak hartzen omen dira gainera. Xabier Mendigurenek Unai Elorriagaren «SPrako tranbia» jaso zuenean asko gustatu zitzaion, baina arraro xamarra zenez, ez zela batere salduko pentsatu zuen. Eta azkenean salmentetan nahiko ondo ibili da liburu hori. Alderantziz, kalitatez hain onak ez diren liburu komertzialak ere argitaratzeko erabakia hartu ohi dela onartu du, baina, noski, ez digu adibiderik eman.
Alberdaniako Inazio Mujikak esan digunez, «gerta daiteke lan bat kalitatez publikagarria izatea, baina argitaletxearen ildotik kanpo geratzea eta, beraz, ez argitaratzea». Horiek, dena den, gutxiengoa direla dio.
Generoak ere badu zerikusirik lan bat publikatu edo ez erabakitzerakoan. Iñaki Aldekoaren hitzetan, «Nobela da gehien irakurtzen dena, baina ez dabil askorik bueltaka». Eta hala ere batzuk atzera bota behar omen dituzte, penarekin baina. Poesia aldiz askoz ugariago iristen omen da argitaletxeetara; saldu, ordea, batere ez. «Poesia liburu on bat iritsi bazaizu ezin duzu argitaratu gabe utzi» dio Aldekoak «nahiz eta badakizun ez direla 80 ale salduko». Susa da azken urteetan poesia modu sistematikoan argitaratu duen bakarra. Hiria argitaletxeak orain poesia asko publikatzen du baita ere, eta Elkarrek aurki aurkeztuko du bere poesia bilduma berria. «Hori ona da guretzat» dio Susako Gorka Arresek. Izan ere, poesia asko iristen zaie Susara, baina ezin dituzte urtean bizpahiru poesia liburu baino gehiago publikatu. Ez dira errentagarriak eta poesia argitaratu ahal izateko ezinbestekoa da narratiba argitaratu eta horrela argitaletxearen produkzioa jasangarri egitea.
Ezezkoa jasota ere, egileak ez du esku hutsik alde egiten argitaletxetik. Editorearen aholkua behintzat izango du. Arresek dio, hasieratik liburua ona ez dela ikusita ere amaieraraino irakurtzen dutela eta bertan topatutako gauza onak azpimarratu eta idazle gazteak jarrai dezakeen bidea aholkatzen dutela. «Liburua ez publikatzeko erabakia hartuta ere, poemarik ederrenak zeintzuk diren esaten zaio, edo nobela horretan pertsonaiak ondo landu dituela baina elkarrizketetan gehiago saiatu beharko lukeela...». Xabier Mendiguren ere iritzi berekoa da: «Atzean egile gazte bat dago eta agian ipuin batzuk politak atera zaizkio, saiatzen ari da eta aholkuak eman behar zaizkio hobera egin dezan».

Editorea lagun.

Behin lan bat publikatuko dela erabakita, ez da bere horretan argitaratzen, noski. Batzuk aldaketa gutxirekin ateratzen dira kalera eta beste batzuek lan gehiago ematen dute. Hemen ere aditorea aholkulari bihurtzen da.
«Editorea berez idazlearen laguntzailea da. Liburua taxukera ederrez publikatu eta ondo promozionatzeaz gain, horixe da bere lehen zeregina» dio Gorka Arresek. Iñaki Aldekoaren esanetan, «idazleak ez du bere lanarekiko distantziarik, ez du segurtasunik. Azkenean editorea irakurle kualifikatua da». Modu horretan lehenik proposamen orokorrak egiten zaizkio autoreari: titulua traketsa dela eta aldatu beharko litzatekeela, polizia nobela horrek erritmo motela duela eta 60 orri sobran dituela, azkenean bi pertsonaia abandonatu dituela eta horiek landu edo besterik gabe kentzea komeni dela... Inazio Mujikak esan digunez, aholkularitza lan hau «ez da idazle berriekin soilik egiten, idazle kontsakratuekin ere egiten da. Beti ere proposamenak egiten dira eta azkenean egileak berak erabakiko du». Oro har idazleak uste baino hobeto onartzen omen ditu kritika hauek. Editorearen lana eskertzen duela, alegia.
Zuzenketa edo moldaketa orokor hau eginda, prozesua mekanikoagoa bihurtzen da nolabait. Zuzenketa sintaktiko eta ortografikoaren txanda da. Batzuetan editorea bera da zuzentzailea (Xabier Mendiguren eta Inazio Mujikaren kasuan, esaterako). Beste argitaletxe batzuek, Susak adibidez, zuzentzaile bat dute (Mikel Elortza, kasu honetan) eta beste batzuek kanpora bidaltzen dute lan hori: Ereineko testen zuzenketa Rosetta zerbitzuak egiten du.
Gure idazleek Euskaltzaindiaren azken arauak zein neurritan ezagutu eta betetzen dituzten galdetzean, editoreak ez dira kexu. Ulertzen dute akats batzuek egitea, arauak nola aldatzen diren ikusita, zaila baita gainean egotea. Hizkuntzaren beraren egoera dela-eta, euskarazko original batek erdarazkoak baino zuzenketa gehiago behar izaten du eta idazleek hori onartu behar dute. Alberdaniako editoreak dioenez, «zentzu horretan egileek umiltasunez jokatzen dute orain, lehenago bazen baten bat hori onartzen ez zuena».
Eta bazen arauak gehiegi errespetatzen ez zituen bat: Joseba Sarrionandia. «Baina hari ezin genion errietarik egin», dio Mendigurenek. Eta «Lagun izoztua» azken nobelan Euskaltzaindiaren arauak errespetatu ditu. Gainera, idazle batek hitz bat propio modu batera idatzi nahi badu edo araua ez duela bete nahi tematzen bada, beti uzten zaio salbuespen txikietarako eskubidea. Mendigurenen ustez, «idazleari beti utzi behar zaio intsumisiorako tartetxo bat».
Arauak ez betetzean baino, arazoa arauak zorrotzegi betetzean ez ote dagoen diote editore batzuek. «Askotan hiperkorrekzioa da nagusi eta irudimena da falta dena» dio Aldekoak, «zuzen idaztea sakralizatu egin dugu eta literatura hori baino gehiago da». Gorka Arrese iritzi beretsukoa da: «Narratiban kazetal hizkuntz eredua ari da nagusitzen eta kazetaritza xuxentasunean garatu da. Idazle batzuek estilo literarioa kazetal estiloarekin nahasten dute. Azkenean estilo lierarioz idazten dutenak hobeak dira, baina gutxiago irakurtzen dira, gutxi saltzen dute. Arazo baten aurrean gaude».


Irudi kontuak.

Behin mamia orraztuta azalari dagokio txanda, hots, testua maketatu eta azala bera diseinatzeko ordua iritsi da.
Argitaletxe bakoitzeko sail edo bilduma bakoitzak normalean finkatuak izan ohi ditu maketazio kontuak: zein letra mota erabili, zein tamainakoa, zenbateko margenak utzi...
Eta azaleko elementu finko batzuk ere izaten dira. Elkarrek, esaterako, iaz aldatu zuen bere literatura saileko diseinua, «Egun denak ez dira berdin» eta «Korapiloak» liburuekin. Lehenago ere izan zituen aldaketak, baina ez iazkoa bezain nabarmena. Lehenago irudiak beti zeuden kaxatan edo marra tartetan sartuta. Borja Goitiaren diseinu berrian, aldiz, irudiak azal osoa hartzen du.
Alberdaniak Antton Olariagaren jatorrizko diseinua mantendu du bere 9 urteko ibilbidean. Olariagak berak jarraitzen du azal guztiak diseinatzen. «Diseinua gara dezakezu, baina ezin duzu jatorrizkotik asko aldendu», Mujikaren ustez. Olariagak lehen diseinu hura egin zuenean eroslea liburudendara hurbildu eta Alberdaniako liburuak erraz identifikatzea zen helburua. Bere bidea egin du diseinu horrek eta aldaketaren bat egin beharko luketela pentsatzen hasi dira, baina beti ere jatorrizko irudiari lotuta.
Susako azalak, aldiz, askeagoak dira. Egilearen izena eta obraren tituluan letra tipoa mantentzen da, baina testu hori nonahi koka daiteke eta azal guztia hartzen duen irudia beti da ezberdina. Argitaletxeak ez du diseinatzailerik eta lan hori subkontratatu egiten da: Garbiñe Ubeda, Iker trebiño, Borja Estankona... izan ohi dira Susako azalen egileak.
Ereineko liburuen azaletan elementu finko batzuk errespetatzen dira beti, «baina egileak irudi jakin bat proposatuz gero bere iritzia ere kontuan har daiteke» Aldekoaren hitzetan. Dena den, oro har, egileak ez du azal eta irudi kontuetan parte hartzen. Diseinatzailearen esku uzten da lan hori, beti ere editorearekin elkarrizketan liburuaren inguruko ideiak landuta.
Azala eginda eta testua maketatuta, oraindik beste irakurketa bat egin ohi da lana inprentara bidali aurretik. Euskarazko testuek lantxo gehigarri bat dute gainera, erabat aspergarria: lerro amaiera guztiak ondo begiratu behar dira -tz-, -tx-,-ts- duten hiztetan mozketa ondo dagoen ikusteko.
Batzuetan idazleak berak egin nahi izaten du azken irakurketa bat. Gorka Arreseren hitzetan, «idazle kapritxosoa baino gauza hoberik, maketatu ondoren parrafo berean bi aldiz ‘etorri’ idatzi duelako azken orduko aldaketa egin nahi duena baino hoberik ez dago. Hori da benetako idazle engaiatua, eta ez politikoki engaiatua dagoena. Zoritxarrez idazle mota hau desagertzeko arriskuan dago».


Zenbat bota?

Liburua labean sartu aurretik beste erabaki bat ere hartu behar du editoreak: zenbat ale bota behar dira? Horretarako salmentak aurreikusi behar dira eta hori ez da erraza. Ohikoena lehen tirada 1.000 edo 1.500 aleren bueltan egitea da. Liburua ondo saldu daitekeela pentsatuz gero, tirada luza daiteke edo, bestela, berrargitalpenen aukera ere beti hor dago. Salmenta gutxi espero denean, aldiz, ezin da behetik jo, 1.000 aletik beherako argitalpena garestia litzatekeelako eta, bestalde, Eusko Jaurlaritzak 1.000ko tirada gutxienekoa eskatzen duelako liburua diruz laguntzeko.

Kasu batzuetan apustu bereziak egiten dira. Sarrionandiaren «Lagun izoztua»ren kasuan, Elkarrek 8.000 tirada egitea erabaki zuen. Eta aurreikuspenak motz geratu ziren gainera; berehala 5.000 ale inguruko berrargitalpena egin behar izan zuten. Jon Arretxeren liburuekin 4.000-5.000ko tiradak egin ohi dituzte.
Ereinekoek ezusteko ederra hartu zuten, esaterako, Lurdes Oñederraren «Eta emakumeari sugeak esan zion» lanaren 2.000 aleko edizioa agortu eta berriro inprentara jo behar izan zutenean.

Baina ezustekorik bada gure literaturan, Joxan Sagastizabalen «Kutsidazu bidea, Ixabel»en arrakasta da. «Gure begi klinikoaren erakusgarri izan zen hura» dio Alberdaniako Inazio Mujikak, «lan horretan gure irudia zabaltzeko modua ikuis nuen. Ordura arte liburu exijenteak, goi mailakoak argitaratu genituen eta gauza informalagoetara zabaltzeko aukera ematen zigun liburu horrek. 1.000ko tirada izan zuen hasieran eta egileari esan nion beharbada urte betean-edo lehen tirada agortuko zela. 50.000 ale saldu dira eta oraindik saltzen ari den liburua da».


Bide onetik?

Editoreei argitaletxeen arteko harremanei buruz galdetuta «kortesiazko hitzak», «kordialtasuna» bezalako erantzunak jaso ditugu. Gorka Arreseren ustez, «konpetentzia sanoa dago gure artean, diru gutxi dagoelako jokoan». Baina arazo bat ere ikusten du: «Ez gara batzen». haren ustez editoreak ez daude ondo egituratuta. Editoreen Elkartea orotarik argitaratzen duten argitaletxeen elkartea da. Baina editore bakoitzak arazo espezifikoak dituenez, «Literatur Editoreen Elkartea» premiazkoa ikusten du Susako editoreak. «Editoreek autokritikoak izaten eta arazoak konpontzen hasi behar dugu».
Argitaletxe berrien premia ere ikusten du Arresek. Garai batean idazlea eta editorea oso loturik zeuden. Aresti, Saizarbitoria... editoreak ere izan ziren. Xabier Mendiguren Elizegi eta Inazio Mujikaren adibideak ere hor dira. Badirudi, ordea, idazle gazteak oro har ediziotik urrun daudela. «Testua idatzi, ondorengo prozesu guztia editorearen esku utzi eta eta egile eskubideak kobratzeaz arduratzen dira soilik» Arreseren ustez. «Belaunaldi berriek pentsatu beharko lukete gure egiturek ez dutela haientzat balio, argitaletxe hobe bat egin dezaketela. Gutxi hitz egiten da horretaz, baina editore eta argitaletxe berrien faltan gaude eta ahalegin gutxi nabaritzen da». Norbaitek galde dezake: tokirik ba al dago argitaletxe berri batentzat? «Lekua bultzaka egiten da» da Arreseren erantzuna. Eta hauxe bere kezka: «Gure literatura zahartzea egitura berrien faltan».
Liburuak inprentan utzi ditugu, baina handik irtetean hainbat arazo eta kezka izango dituzte zain: liburudenda txikiak ixten ari dira, superfizie handiek gero eta indar gehiago dute, euskarazko liburuak ez dira ikusten, irakurzaletasuna bera doa... Liburu baten prozesuaren barruan, istoriorik xamurrena kontatzea egokitu zaigu oraingoan. Hurrengo batean inprentaren goxotasuna utzi eta euskarazko literatur liburuak kale gorrian ikusi beharko ditugu

25 urte zabaltzen...
Iaz Zabaltzen banatzaileak eta Bilintx liburu dendak 25 urte bete zituzten. Elkar argitaletxeak, aldiz, 30 urte beteko ditu aurten Iparraldean bere ibilbidea hasi zuenetik. Hegoaldean 1977an sortu zen, duela mende laurden, beraz. Lehen urtean 8 liburu kaleratu ziren zigilu berriarekin. 2000. urtean berriz 104 titulu eman ziren argitara. Guztira 4.719ra iristen da 25 urteko emaitza horietatik 2.263 lehen argitalpenak, eta gainerakoak berrargitalpenak.

Lehen urteetan Elkar, Zabaltzen zein Bilintxek Donostiako alde zaharrean izan zuten egoitza. 1982an Zabaltzeneko Igara auzoan hartu zuen egoitza berria eta banatzailea eta Bilintx juridikoki uztartzeko Euskal Kulturgintza S.A. sortu zen. 80ko hamarkadan zehar diskogintzari ekiten zaio eta liburudendak ugaldu egiten dira etengabe: Iruñean Xalbador, Bergaran Etxepare Bilintx, Donostian Ramos, Irunen eta Tolosan Bilintx... 90eko hamarkada Bilboko Urretxindorra dendarekin eta Ttarttalo argitaletxearen erosketarekin abiatu zen. 92an Zabaltzenek egoitza berria hartu zuen Donostiako Igaran bertan. Eta hara joan ziren Elkar argitaletxea eta grabaketa estudio berria ere.
Hamarkada horren erdialdera Donostiako Bilintx aurrena megadenda bihurtu zen, Bilboko Urretxindorra ondoren eta Iruñeko Xalem eta Xalbador geroago, 1996an. Tolosako Bilintx, Gasteizko Arriaga, Baionako Mattin... ere megadenda dira egun.
1996an Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa sortu zen «euskararen eta euskal kulturaren sorkuntza, sustapena eta garapena modu eraginkorrean bultzatzeko». Hiru urte beranduago enpresa guztietako ondasunak esku pribatuetatik Fundaziora aldatu ziren

...eta ereiten
Erein argitaletxeak ere mende laurdena bete berri du iazko urte amaieran. 25 urte joan dira jada Julen Lizundia, Edorta Kortadi, Jexux Mari Mujika, Axentzio Ondartzabal, Xabier Lete, Anjel Lertxundi eta Jose Manuel Castells euskal literatura argitaratzeko beharra ikusita lanean hasi zirenetik. Duela hilabete batzuk egin ziren zilarrezko ezteien ospakizunak, baina urteurren honek emaitzak emango ditu gerora ere.
Izan ere, argitaletxe honek Erein-Euskadiko Kutxa Narratiba Saria sortu du bere 25. urteurrenean. Honekin batera Donostia-Opera Prima saria ere eskainiko da, 35 urtez beherakoentzat edo sekula narratiba libururik argitaratu gabekoentzat. Sari hauek datorren urtean emango dira lehenbizikoz eta bertara testuren bat aurkeztu nahi duenak urte hau amaitu baino lehen bukatu beharko ditu lanak.
25 urtetan Ereinek euskal literaturaren fondo sendo bat osatzea lortu du eta, Iñaki Aldekoa, bertako editorearen hitzetan, «gure literatur sailak sari bat merezi zuela pentsatu genuen».
Zer aldatu da 25 urte hauetan? «Urteen poderioz egiturak finkatzen joan dira, profesionalizatu egin gara» dio Aldekoak. Gaur egun euskal argitaletxeetan soldatak kobratzen dira eta horregatik dio ezin dela militantziaz hitz egiten jarraitu, «ondo egin beharreko lanaz» baizik, eta horrek eskakizun maila igo egiten du.
«Badakigu jarduera honetan ezin dela sekulako negoziorik egin baina enpresa bihurtu dira argitaletxe eta banatzaileak, enpresa gisara egituratu dira». Normalizazioa, finean. Eta hala ere Aldekoak normalizazio horretan huts egiten duen zerbait dagoela ikusten du: «Finkatu den egitura hori guztia sostengatu behar duen irakurlea non da? Non dago merkatua?». Hortxe ikusten du Ereineko editoreak arriskurik handiena.
«Duela 25 urte nola geunden gogoratu eta begira egun zer lortu dugun» eta antzekoak esateko joera baztertu eta gauzak ez direla duela 25 urte uste zuten bezain ondo joan onartzen du: «Gure asmoak ez dira bete. Sareak osatuz, egiturak finkatuz gizartea geureganatuko genuela uste genuen, eta ez da halakorik gertatu»


Azkenak
Ertzain bat atxilotu dute homizidio saiakera egotzita, lan orduetatik kanpo hiru pertsonari tiro egiteagatik

Ertzaintzak ertzain bat atxilotu du, hiru pertsona hiltzen saiatzea egotzita. Agentea lan orduetatik kanpo zegoen, eta deklaratu zuen bere buruaren defentsan egin ziela tiro furgonetan zihoazen ustezko hiru lapurri. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gezurra da deklaratu duena.


Sardiniak ezetz esan dio kolonizazio energetikoari

Haize-erroten eta eguzki-plaken ezarpen zabalarekin kezkatuta, populazioa "espekulazio energetiko" gisa kalifikatzen duen joera bati aurre egiten ari da.


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


2024-08-08 | Sustatu
Twitterren alternatiben analisia: Bluesky, Mastodon eta Threads

Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic... [+]


Israel Donostiako Klasikotik kanporatzeko eskatu du Gernika-Palestina herri ekimenak

Larunbatean zeharkatuko ditu hiriko kaleak Donostiako Klasikoak, eta Gernika-Palestina herri ekimenak Israelek bertan duen presentzia salatu du, prentsaurreko batean. Adierazi dutenez, “genozidioa eteten ez duten bitartean” klasikoak ez luke Israel-Premier Tech... [+]


Egiazko arrazoia Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko

Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko helburua ez da erresistentzia ahultzea. Benetako asmoa da inteligentzian eta arlo militarrean bere nagusitasunaren irudia berrezartzea Israelgo iritzi publikoaren aurrean .


Puigdemontek esan du osteguneko inbestidura saioan izango dela

2017tik Bruselan dago Kataluniako presidente ohia, baina itzultzea erabaki du Generalitateko hurrengo presidentearen inbestidura eztabaidarako. “Normaltasun demokratikoko baldintzak ez” izatea salatu du, eta aipatu du itzultzeak suposatzen duen atxiloketa arriskua.


Donostian jarrera eta eraso arrazistak ugaritzen ari direla salatu eta borrokatzera deitu dute

Udaletxe aurrean eginiko prentsaurreko jendetsuan, Donostian gertatzen ari diren jarrera arrazista, klasista eta faxistekin kezka adierazi dute hiriko eragile sozial eta politiko ugarik. Irakurketa bateratua eskaini dute 37 eragilek, besteren artean, Ernai, GKS, Bilgune... [+]


Venezuelako oposizioak dei egin die poliziei eta militarrei gobernuaren kontra egitera

“Herriaren eta beren familien alde” jartzeko eskatu diete Edmundo Gonzálezek eta María Corina Machadok adierazpen bateratu baten bitartez. Maduroren gobernuak erantzun egin die, eta erabaki dute dokumentuaren sinatzaile biei “ikerketa penala... [+]


Israelgo armagile nagusiaren fabrika batera sartu eta gerrarako materiala suntsitu dute Erresuma Batuan

Palestine Action taldeak dio bere ekintzaileek astelehen goizean (abuztuak 6) Elbit-ek Bristolen duen fabrika "inbaditu" dutela. Ikerketa eta fabrikazio zentroa oso zainduta dago, eta espetxeko furgoneta bat erabili dute kanpoko perimetroa txikitzeko.


2024-08-07 | Euskal Irratiak
Oihana Goiriena
“Haserre gara, Polonia airos atera baita Pabloren kontrako salaketa frogatu gabe”

Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da.


Talde ultraeskuindar baten errekurtsoak geldituta du Donostiako Loiolako Kuartelen salerosketa

Loiolako kuartelen afera ez dago bere onenean. Espainiako Defentsa Ministerioak eta Donostiako Udalak akordioa “aldi baterako” etetea erabaki zuten joan den astean, hilaren 18a baino lehenago ezin izango zutelako gauzatu, eta hori delako, hain zuzen, salerosketa... [+]


Eguneraketa berriak daude