>
Desobedientziari buruzko gaia mahainguru batean tratatzea laketgarria eta korapilotsua da aldi berean. Laketgarria, oso indibidualista den gizarte honetan, oraindik ere kolektibotasunaren ideia sustagarria izan daitekeen inpresioa hartzen duzulako. Korapilatsua, desobedientziari buruzko definizioak eta jarrerak zehatz-mehatz biltzea zaila delako, bereziki herri honetan. Mahainguruan landu genituen puntu guztietatik, bat gelditu da kanpoan: desobedientzialariari jartzen zaion zigorrari buruzkoa. Gainontzekoan, laburrean, ia dena hemen dago.
Desobedientzia zibilak Euskal herrian erreferente oso hurbila du denboran: intsumisioaren fenomenoa. Zein da intsumisioari buruzko zuen balorazioa?
XABIER ETXEBERRIA. Orokorrean, intsumisioa -eta zehazkiago KEM-MOC taldeak protagonizaturikoa- biziki positiboa izan da. Nik neronek, desobedientzia zibilari jarriko nizkiokeen baldintzak bete egin dituzte intsumisoek, bai etikaren ikusmoldetik nahiz efikazia sozial eta politikoaren ikuspuntutik. Intsumisioaren ezaugarriak honela barnebilduko nituzke: intsumisioa, desobedientzia gisa, giza eskubideak eta kontzientzia askatasunari lotu zaizkio. Kontzientzia hau estrategia militarrek adierazten duten aurkakoa izaki. Desobedientzia hau motibazio sozial garbi baten bidez garatu da, eta hori ezaugarri zinez garrantzitsua da, desobedientzia publikoa baita. Azkenik, beste ezaugarri oso garbia eta garrantzitsua erakutsi du: biolentziarik gabeko desobedientzia izatea.
NEKANE SAN MIGUEL. Bat nator Xabierrek esandakoarekin, hau da, berak azaldu duen moduan, intsumisioa giza-eskubideen aldeko eta giza eskubideak errespetatzen dituen desobedientzia zibila izan da, bortxarik erabili gabe, eta hau bai dela ezinbesteko bereizgarri bat, eta baldintza horrekin testimonio hutsa ez da izan, sufrimendua soilik ez du ekarri: lorpen bat du, despenalizazioa. Ez dut uste intsumisioaren fenomenorik gabe horretara iritsiko ginenik, edo agian beranduago kenduko zuten Espainiako Gobernuak eta Armadak derrigorrezko soldadutza. Dena den, desobedientzia egoera guztietarako baliagarria izan daitekeen definizio bat ematea zaila ikusten dut, definizio bat ematerakoan baldintza asko sortzen direlako eta egoera bakoitzak bereak dituelako. Hori bai, Xabierrek aipatu dituen gutxieneko baldintza horiek behar dira beti.
MIKEL ZULUAGA. Ados nago, eta gehituko nuke, intsumisioaren ekimenak herri honetako historiaren aro politenetako bat bete duela. Gainera, intsumisio terminoa Espainiako zerbitzu militarrari intsumisioarekin lotua dago. Intsumisioa barne- barnetik lotu zaio desobedientzia zibilari, intsumisoek beren askatasun eta eskubideen alde arriskuan jarri zuten beren burua, oso garrantzitsua niretzat. Alabaina, intsumisoen estrategia ez da bere bururaino iritsi. Hau da, armadak ez dira desagertu. Europako Batasunako (EB) estatuek armada berrantolatu du ejertzito profesionalak eratuz. Estatuen espiritu militarrak bizirik dirau.
RAFAel SAINZ DE ROZAS. Intsumisoek Kontzientzia Eragozpenari buruzko Legea ez onartzea erabaki genuenean, hasi zen intsumisioaren ideia garatzen. Ez genion soilik zerbitzu militarrari edo miliari uko egin, desmilitarizatzearen aldeko dinamika sozialak sortzea gura izan genuen. Intsumisioaren arrakasta edo porrota parametro horren arabera neurtu behar da, hau da, une hartan gure burua inplikatu eta arriskuan jarri genuenon ikuspuntutik. Beste gauza bat da, gizartearen aldetik mezu hori nola jaso izan den. Areago, zein modutan popularizatu, banalizatu edota bulgarizatu den mezua. Ekimen batek arrakasta lortzen duen unetik baliatua eta erabilia izaten da beste helburuetarako, beste diskurtso batzuen bidez zabaltzen da edo beste diskurtso ezberdinek erabiltzen dute bere mezua.
Intsumisioak gizarteari bakezko baloreak dituen mezu bat helaraztea lortu du, baina horrek ez du esan gura milia bertan behera uztea zuela helburu bakarra, ezta bakarrik ejertzitoak kentzea ere, baizik eta sistema demokratiko batean dauden disfuntzioak gainditzeko desobedientziaren ideia kontzientzia sozialean sartzea. Hau da, ideia horrek gizartearen nahiz herriaren erreibindikazioak bideratzeko balio duela, eta giza eskubide guztiak errespetatuz, balio duela ere demokraziaren kontzeptuan sakontzeko.
Nire iritziz, ez da egia, lehen intsumisoak, gehienak behintzat, bakarrik miliaren aurka zeudela. Orduan, intsumisoak elitistatzat eta buru argietsiak bezala joak izan ginen eta Objekzio Legea onartu behar genuela esan zitzaigun. Intsumisioaren birtualtasunak, ordea, askatasun guneak irekitzea posiblea zela erakutsi ahal izan zuen eta lan dinamika koherente baten medio, errebelatzea posiblea zela ikusarazi zion jendeari.
Desobedientziak ba al du berezko filosofiarik?
X. ETXEBERRIA. Desobedientzia, kategoria edo kategoriaren esanahi bat hartzen ari da filosofia politikoaren esparruaren baitan; nolabait ulertzeko. Desobedientzia, historikoki batez ere, denbora luzez, jokabide pertsonala izan da. Hau da, antzinatik desobedientzia motak izan dira, baina, betiere logika pertsonaletik garatuak. Desobedientziaren logika politikoa izatea, teoria bat eratu eta logika horren gainean oinarrizko funtsa bat eratu nahi izatea oso berria da.
Historia berrian, Gandiren teoria erreferente bat da. Gaur egun, filosofia moduko bat ari da sortzen desobedientzia zibilaren inguruan, baina ez da filosofia bateratu bat; gauza normala, bestalde. Gainera, bere konstituzio filosofikoan, zuzenena litzateke bere barne aniztasunak onartzea.
Desobedientzia kategoria politika gisa planteatzen denean, kategoria politiko moral gisa planteatzen ari gara. Neroni, perspektiba horretatik ikusita partaide sentitzen naiz. Desobedientzia horrek, nire gustuko, kontzeptu politiko bezala karga moral bat eraman behar du, eta karga morala duen kontzeptu politikoa den aldetik, filosofia horrek moralitate osagaiak ditu, biolentzia eza osagai funtsezkoa izaki.
N. SAN MIGUEL. Definizioa eta filosofia lotuta daude. Desobedientziak -Xabierrek esan bezala- badauka filosofia bat, aspaldidanik egiten ari dena, mendetan izan da desobedientzia, bortxaren aurkako desobedientzia. Nire ustez -modu ausart batez esanda-, desobedientzia praktikatzen duen pertsonak berau zapaltzen duen beste eragile bat ‘behar’ du parean. Desobedientzialariaren bidean bere aurka ari den norbait dago, bere duintasuna agerrarazten duena. Eta norbait boteretsu horren aurrean, desobedientzialariak -pertsona edo talde bezala-, bere duintasuna mantenduz, hauxe ekarri behar du: ez du erabili behar, bere aurka erabiltzea nahi ez duena. Jarrera hau, bortxa ezarekin lotuta dago erabat. Bestela, desobedientziaren filosofiak, esparru politikoan sartzen den heinean, desobedientziaren araua hautsiko luke. Bere duintasuna onartua izan dadin, berezko filosofia behar du desobedientzia zibilak.
M. Zuluaga. Desobedientziaren definizioa edo bere filosofia tradizioaren eta dogmen artean kokatu beharko litzateke, nik uste. Hau da, bere aurrekariak kontuan harturik, desobedientziaren filosofia -eta dogma nolabait- praktikatu dutenak aipatu behar dira. Dogma horiek desobedientziaren definizioa baldintzatzen baitute. Aurrekarien ekarpenak eta herri mugimenduarenak bilduz joan behar dugu espazio bat sortzeko eta desobedientzia definitzen joateko. Gaur egun ez dago erakunde bat, ez teorizatzaile aitzindari bat. Anartean, egungo desobedientzia historian gauzatutako teorietan funtsatzen da, eta bakoitzak bere nahi eta interesen arabera egokitzen du.
Zeregin eta zentzu honetan, errealitatea aldakorra dela kontuan hartu behar dugu. Egungo testuinguruan, estatuek praktikatzen duten nagusitasuna dago, baina, uneon estatuak multinazionalen menpe daude. Hortaz, adibide gisa betiere, nola definitu dezakegu globalizazioaren aurkako taldeek planteatzen duten desobedientzia zibila? Bada, ziur aski, Gandik definitzen zuen modu oso bestelakoan. Izan ere, Gandiren garaian, gehiengoa mugitzen zen eta kalean antolatua zegoen, uneon, gehiengoa hirian bizi izanda ere, munduak hedabideetatik eta Internetetik garatzen ditu bere harremanak. Desobedientzia zibila, hortaz, espazioaren arabera aldatzen edota egokitzen doa.
Orain arte, desobedientzia praktikatu dutenek berezko ezaugarriak lortu dituzte: zibila eta ez biolentoa. Biolentoa, militarrarekiko oposizioan bezala ulertua. Desobedientzia inposizio eta injustizia baten aurkako ekimen baketsua da, baina modu indibidual edo kolektiboan nola garatu behar den birdefinitu beharra dago. Beraz, konplikatua da. Solaskideekin bat nator, baina etengabe birdefinitu beharra dagoela azpimarratu nahi dut.
R. S. DE ROZAS. Herritarrek bizitza publikoan parte hartuz ekar ditzaketen onurak aipatzetik abiatu behar dugu. Beste gauza bat da desobedientzia zibilak bete behar dituen baldintzak delakoa, kasu honetan, desobedientzia definitzea berau baloratzea da-eta. Desobedientzia zibila definitzerakoan eskatu ohi ditugun baldintzak ez dira sarritan ematen historikoki gauzatu diren kanpainen ildotik, baizik eta desobedientzia zibila juridikoki justifikatu beharretik. Ezin dugu ahaztu teorizatze modu hau oso modernoa dela, desobedientzia zibilaren beraren historian eman den definizioarekin alderatzen badugu. Hau da, desobedientzia zibila definitzeko Antigonarengandik abiatzen bagara, ez zaigu halako baldintzarik agertzen, ezta Thoreauk berak idatzitakoan ere, bere izkribuetan «desobedientzia zibilaz» mintzo bazen ere. Aipatu ditugun baldintza hauek XX. mendearen erdialdean hasi ziren formulatzen, AEBetan izan zen gatazkaren karietara hain justu, beltzen aldeko eskubideen kanpainetan, Martin Luther King buru zelarik.
Desobedientzia zibilaren baldintzen -edo betebeharren- exijitze honek kutsu liberaleko definizio akademiko bati erantzuten dio, iparramerikar kutsukoa. Hau da, nahiz legea urratzen ari den, baldintza batzuk betetzen dituen bitartean, legeak ez duela gogorregia izan behar, dio nolabait. Horregatik, ‘benetako’ -hau da, zilegitzat jotzen dugun- desobedientzia zibilak baldintza hauek bete ditzala nahi izatea tautologia moduko batean erortzea da. Desobedientzia, funtsean, partehartze demokratikoan sakontzeko tresna egokia den bitartean justifikatzen da, bestela zirkulu zoro batean sartzen gara eta horrek ez garamatza inora. Hala ere, jakina, exijitzen zaizkion betebehar hauek ikustea eta zergatik exijitzen zaizkion ezagutzea garrantzizkoa da.
Mikelek aipatu dituen dogmetan erreparatuz, desobedientzia zibilak (filosofia politiko gisa harturik, nolabait), munduan nahiz hemen -Euskal Herrian ematen diren desobedientziaren aldeko kanpaina bereziak izaki-, injustiziaren salaketa planteatzen du. Nire ustez, injustiziaren aurka -justizia boteretsua den kasuan, behinik behin- erantzuna ez da bortxazkoa edo ez bortxazkoa izaten, normalena izaten da deus ez egitea. Komeni da ere horretaz jabetzea. Beraz, opresio handiko egoerak izanda ere, desobedientzia zibilak erakusten digu zapaldua ez dela zirkunstantzietara moldatzen. Ordea, zapalduak erreakzionatu behar du (Nekane San Migueli zuzenduz dio hau Sain de Rozasek)-, bestearen duintasuna bortxatu gabe, jakina, beste hori pertsona delako.
N. SAN MIGUEL. Barkatu, agian, gaizki interpretatu duzu nik esana. Duintasunari buruz hitz egitean desobedientzialariaren ikuspuntutik hitz egin dut, ez bere parean dagoen ikuspuntutik. Gainera, desobedientzian funtsezkoena -desobedientzia beraren praktikaren bidez- desobedientzialariak bere duintasuna -propioa nahiz kolektiboa- bermatzea eta baieztatzea da. Ados nago zurekin, injustiziaren aurreko erreakzioa deus ez egitea izan dela, esaten duzunean. Hori duintasunaren ukoa izan daiteke.
R. S. DE ROZAS. Ongi da zehazpena, beraz, bestearekiko duintasunaren errespetua gehituko nuke. Desobedientziaren lehen ekarpena biolentzia desakreditatzea da, baina, betiere gatazka biziagotuz. Bigarrena, opresioa jasaten dutenen kontzientzia hartzen laguntzea. Eta hirugarrena, modu praktiko eta koherente batez, desobedientziaren aldarrikapena bermatua izan dadila. Hau da, desobedientzialariak ez du eskatzen sistematik ateratzeko errespetua, baizik sistemaren barruan izanik, berau aldatzeko ekimenak errespetatuak izan daitezen, osatu nahi duen komunitatearen oinarrizko justizia arauak aldarrikatzea utz diezaioten, alegia.
Desobedientziari «zibila» adjektiboa gehitzea ezinbestekoa da, beraz.
N. san miguel. Bai. Lehenik, «militar» adjektiboarekiko oposizioan. Bigarrenik -Rafak esan bezala- hiritarren ekimena den aldetik, eta hirugarrenik, berean duen inplikaziorengatik.
X. etxeberria. Zibila adjektiboa desobedientziaren molde baten konnotazioa da. Hau da, desobedientzia era anitzetara garatu daiteke. Nik, konbentzionalki eta desobedientzia hitzaren logikaren berarengatik, desobedientzia zibila terminoa aldarrikatuko nuke.
R. S. DE ROZAS. Ados nago Nekane eta Xabierren ideiarekin. Hiritarra zaren aldetik, praktikatzen duzun desobedientzia horrela izatea funtsezkoa da. Une honetan, desobedientzia zibilaren etikak zerikusi gehiago dauka norberaren ardurarekin norberaren konbikzioarekin baino. Hau da, desobedientzialaria ez da pertsona aratz edo puru bezala agertzen, hitz egiteko pertsona irekia bezala baizik. Horri, hiritarraren eta boterearen arteko egoera elkarrizketatua sortzeari deritzo, zeinean, bere boterea hiritar gisara exijitzen duen. Boterearen bitartez funtsean, baita hiritarren obedientzia dela medio ere mantentzen den egoera injustu hori apurtu egin behar du desobedientzialariak.
M. Zuluaga. Alabaina, arazoa desobedientzia oso zehatza onartzen denean dator. Ados naiz desobedientziari «zibila» adjektiboa ipintzearekin, baina, berriz diot, teoria eta dogmak oso hertsiak bihurtzen direnean adjektibo ugari eransten zaionean, jendea, hiritarra, marko horretatik ateratzen ahalegintzen da. Izan ere, desobedientzia zibilak aurrekari eta zigilu batzuk ditu eta marko horretatik ateratzen denak zibila izateari uzten dio.
Adibidez, sistema irauli nahi denean, estatuak bere opresioa modu ‘apaindu’ batez garatzen du, eta zailagoa da injustizia azalaraztea. Testuinguru horretan, desobedientzia zibila Gandiren garaiko terminoetan garatzea, kasu, zailagoa da. Orduan, batzuk «herri» desobedientzia planteatzen dute. Desobedientziak «herri» adjektiboa hartzen duenean, «dogmatizatze» horietatik ihes egiten du. Baina, zer da «herri» desobedientzia eta zer da desobedientzia «zibila»?
Ildo honetan segituz, sailkatu ote daiteke desobedientzia zibila? Euskal Herriaren kasuan, desobedientzia zibila subiranozalea deituz, esate baterako. Edo subirano hitza bera beste adjektibo bat da.
X. ETXEBERRIA. Nik neuk sailkatuko nuke. Hainbat desobedientzia modu dago. Hemen gaudenok «zibila» deitu dugun honetan ikusten dugu gure burua, ontzat jotzen ditugu bere konnotazio gehienak, bakar batzuetan ezberdintasunak ditugu, nolabait. Nik konnotazio moralei ematen diet garrantzia handiena, nahiz -Rafak esan bezala- bere interpretazioak gurpil-zoro batera eraman gaitzakeela jakin. Haatik, hainbat desobedientzia mota dago eta hauen artean desobedientzia zibila, eta berau, lortu nahi duen helburuarengatik zehaztu daiteke.
Ulertu aldera, desobedientzia zibil subiranoaz ari bagara, esan dezagun, desobedientzia zibil oro subiranoak direla. Izan ere, desobedientzia zibilak berau praktikatzen duen desobedientzialariaren subiranotasuna xedatzen du. Ikuspuntu horretatik, desobedientzia orori atxiki dakioke subiranoaren konnotazioa. Geratzen dena, hemen, Euskal Herrian, konnotazio hori ulertzen badugu herri honen subiranotasuna lortu nahi duen ekimen bezala, hartara, desobedientzia zibila subirano zalea, helburu espezifiko baten bila ari den desobedientzia zibil gisara sailkatuko nuke. Desobedientzia mota hau, beste une eta lekune batean, adibidez, ejertzitoen deuseztapenerako aplika liteke eta bere mugapena eta kokapena bere helburuak berak xedatua legoke.
N. san miguel. Ados. Adjektiboei dagokienean ez dut besterik gehitu behar denik uste. Hau da, gauza bat da metodoa eta beste bat helburua, une bakoitzeko helburuen arabera, zein bide edota arau urratzen den. Beti ez dira arau berberak erabiltzen eta ez da beharrezko arau berdinak ere erabiltzea. Intsumisoaren adibidea aipatu dugu, soldadutzara ez joatea kode penalean zigortua zegoen, eta helburua zen berau despenalizatzea. Orain, adibidez, helburua subiranotasuna bada, berau betiere norberaren duintasunari lotuta dago. Hasteko eta behin, ikusi beharko litzateke zer helburu dagoen une bakoitzean, eta helburu hori lortzeko jendea zer arau urratzeko prest dagoen. Euskal Herria, bere zabalean ulerturik, gizarte eta lurralde anitza da, eta subiranotasuna aipatzean helburu bat formulatzen da.
r. s. de rozas. Subiranoa adjektiboarekin helburuak eta bitartekoak sartzen dira. Euskal Herriaren kasuan, subirano hitza aipatzen da, bertan dagoen gatazka nagusia dela-eta, baina Euskal Herrian gatazka asko dago. Europan, desobedientzia zibilaren ekimen aberasgarriak garatzen ari dira: asiloen kasuei lotuak, Alemanian nahiz Andaluzian, kasu. Hori ere eman daiteke hemen. Nik ez nuke Euskal Herrian dagoen desobedientziaren ideia bertako gatazkaren markoaren barnean mugatuko. Arriskugarria litzateke desobedientzia zibila gatazkari lotzea. Egia da, desobedientzia zibila ere hor dago, baina desobedientziaren parte bat besterik ez da.
Nire gusturako, arlo honetan, desobedientzia zibileko kanpaina baten ekarpenaren garrantzia are handiagoa izango da, subiranotasunaren berezko ideian eragiten duen heinean, hau da, subiranotasuna gizarteari boterea ematearen ideiarekin lotzen bada. Aldiz, subiranotasunaren aldarrikapena euskal estatu independentea eratzeko eskubidera murrizten bada, desobedientzia zibil subiranozalea, nire ustez, desobedientzia zibilaren ideiatik aldentzen hasiko litzateke. Subiranotasuna bada gizarteari indarra ematea, ez estatuaren mugak non jarriko ditugun erabakitzeko, baizik gizartearen nahia bermatzeko, autodeterminatzeko, orduan, diskurtsoarekin koherentzia bat izango litzateke, eta koherentzia moral indartsu gisako bat garatu liteke egoera irauli eta aldarazteko.
M. zuluaga. Desobedientzia zibil subiranozalea. Zergatik ez? Rafa, zuk planteatzen duzuna kontuan harturik, desobedientzia zibil antimilitarista planteatu dezakezu, edo alderantziz, ejertzitoen aldeko desobedientzia zibila. Egon, badago-eta. Desobedientzia zibila helburu bat lortzeko metodo eta bitartekoa da, kontua da desobedientzia zibilaren inguruan ahalik eta giza-kolektibo zabalena biltzea.
Ez dezagun pentsa desobedientzia zibila gara daitekeela ezeren aurka joan gabe. Boterea herriaren gainean bermatzen da, giza-kontzientzien gainean, boterea ez da ezer abstraktua, baditu bere egiturak. Desobedientzia boterearen aurka doa, eta horregatik ere, gizartearen parte baten aurka, boterea bermatzen edo sostengatzen duen gizartearen aurka.
Orduan, niretzat, «subiranoa» beste adjektibo bat da. Bakearen aldeko lege baten alde desobeditu dezakezu, eta baliteke, gehiengoa alde ez izatea, baina kontzientzia sortzen ari zara. Gizartearen gehiengoa ez duzula zure alde kontziente zara, jakina. Hemen ez gaude Gandiren garaian. Hemen aniztasun gehiago dago. Intsumisioaren adibidea hor dago. Gehiengoak txorotzat jo izan ditu intsumisoak, ejertzitoak deuseztatzea ezinezkoa zela zioen. Beraz, gizarteak ontzat jo ez arren, desobedientzia zibilak injustizia eta boterearen aurka jotzen du.
Desobedientzia zibilak ba al du lekurik edo garatu al daiteke mendebaldeko demokrazian, orain arte aipatu dituzuen terminoetan?
X. ETXEBERRIA. Hain justu, desobedientziaz inon hitz egiten bada, erregimen demokratikoetan hitz egiten da. Honetxek -demokratikoa izendatua izateko- gizartea nahiko demokratikoa dela suposatzen du aldez aurretik, eta aldi berean, demokratikoki ez dela guztiz pozik eta asea. Alegia, sistema honek gizartea aldarazteko beste dinamika batzuen premia duela erakusten du, eta desobedientzia zibilak leku izan dezakeela.
Beraz, begi bistako lekua dauka, batez ere, aktibitate demokratikoa eta errealitate demokratikoaren artean distantzia bat dagoelako. Jakina, hortik beretik joko konplikatu batean sartzen da, gehiengoen eta gutxiengoen arteko jokoan. Hau da, erregimen demokratikoan erabakiak gehiengo baten izenean hartzen dira, gutxiengoek gehiengoa izateko iristeko mekanismoak dituzten bitartean. Testuinguru horretan, erregimen demokratikoa onartzen den unetik, desobedientzia zibila jokoan sartzen da.
Guk, kasurako, desobedientziaren mekanismoa landu dezakegu, hiritarren partehartzea baimentzen duena, baita legeen aldaketa ere. Beraz, zenbait kasutan, hainbat eskubide ukatuak izaten dira gehiengoak horrela erabaki duelako, eta ukatuak izan arren desobeditu daiteke. Beste kasuetan ordea, teorikoki, gutxiengoek mekanismoen edota bitartekoen aukera izan beharko lukete gehiengoa izaten amaitzeko, baina, sisteman garatzen den partehartze publikoak zenbaitetan ezinezkoa egiten du hori horrela garatzea. Haatik, nik desobedientzia zibila ontzat jotzen dut.
N. san miguel. Guztiz ados. Bestalde, gauza bat da demokrazia formala eta beste gauza bat da berau nola garatzen den. Espainiako Konstituzioaren Lehenengo tituluan oinarrizko eskubideak aldarrikatzen dira, baina legeztatzerakoan, oinarrizko eskubideetariko batzuk galdu egiten dira batzuetan. Alabaina, sistemari aurre egin dakioke, besteak beste, sistema mantenduz eta bere barrutik gauza batzuk hobetuz. Desobedientzia zibila bi eratara erabil daiteke: barrua hobetzeko eta bere kanpotik arrazoiak eta arazoak planteatzeko.
R. s. de rozas. Ez beti. Demokrazian tresna bezala lekurik baduen esatean, gauza berberaz hitz egiten ari al gara? Badaude ulertzeko era ezberdinak. Badago desobedientziaren ildo bat, liberal kontserbadorea, aipatu ditugun baldintzak betetzen dituena, eta honela dioena: «Sistemak oinarrian ondo funtzionatzen du, baina badu hainbat disfuntzio». Horrelako kasuetan -borondate errealaren eta legeak azaltzen duenaren artean-, mekanismo batzuk beharrezkoak lirateke jendeak legea bete ez dezan, eta berau zigortu izan gabe. Hori justiziaren ideian oinarritua da. Baina zer da justizia? Zergatik obeditu behar dira legeak?
Honek ez du ikusteko handirik izan desobedientzia zibila praktikatu dutenekin (ekologistak, bakezaleak, feministak). Hauen desobedientzia Jürgen Habermas eta Hannah Arendt-en teoriei lotuago dago. Hauen ustez, mendebaldeko demokraziak ez du islatzen herritargoak esan dezakeena, herritarrak bezero bihurtzen ari baitira, herritar izateari utzi diote publiko izateko. Sistema demokratikoa desobedientzialari horien aurka jazartzen den modua froga-harria da. Orduan, konstituzioaren ideia, prozesu, egitate eta balore gisa ulertu behar da, bere boterearen informazioa zabaldu behar duena ekintza guztietara.
Horregatik berarengatik, sistema judizialak legearen urratze baten aurka erreakzionatzen duen unetik beretik, hori guztia kontuan hartu behar du. Hau da, zein balore mota penalizatzen ari den kontuan hartu behar du demokrazia hobetzeko, kalitate hobeago bat lortzeko. Ideia hauek lotzen dira mugimendu berrien ideien aldarrikapenekin, mobilizazio berrien moldeekin, eta lehen aipatu dugun arrazoiengatik ez dute irteerarik. Neurri batean ados nago Mikelekin, hauxe dioenean: nork du boterea? Nork hartzen ditu erabakiak?
m. zuluaga. Badaude injustizia objektiboak, tortura, kasu. Eta badaude beste batzuk, subjektiboak. Adididez, hedabideek alarma soziala sortzen dute, eta ondorioz, injustizia bat sortzen dute. Nola konbatitzen duzu injustizia hori? Desobedientzia zibilaren bitartez, adibidez: egunkari hori ez erosten, irrati edo telebista hari muzin eginez... Une honetan, desobedientzia zibila etorkinen inguruan garatzen ari da. Injustizia horiek oso objektiboak dira. Benetakoak dira. Baita globalizazioaren ildoan datozenak ere. Baina, nola batu indarrak injustizia horien aurka? Ez dira lege baten arazoa soilik. Nola garatu desobedientzia zibila horren aurka?
Adibidez, desobedientzia bezala ez bada kontsideratu ere, euskaltzaleena desobedientzia izan da. Ez da kontzienteki horrela planteatu, baina herri honetan euskaltzaleek joan den mendearen erdialdetik desobedientzia zibila garatu dute. Gauza bera Hegoafrikan nahiz Chiapasen. Lider konkretu eta etiketarik gabe, ordea. Desobedientzia zibila mendebaldeko demokrazian garatzen da bereziki, ados, baina Chiapasen ere garatzen da.
n. san miguel. Mexikon ere demokrazia formala dago.
m. zuluaga. Bai, baina, apika, han bertan ez da horrela ikusia.
X. ETXEBERRIA. Nik sistema demokratikoak aipatu ditut, diktatorialak direnen kontrajarrian. Hauetan, desobedientzia ekimena, zenbaitetan, biolentziaz baliatu da. Hori arrunta da. Horregatik, erregimen demokratikoetan garatu den desobedientzia zibila da gehien aipatzen dena. Zuk, Mikel, injustizia subjektiboak aipatu dituzu. Inportatea da injustizia hauek giza eskubideen esparruan sar ditzagun, horrela izenda ditzagun. Tortura injustizia oso begi-bistakoa da, baina, uneon, horrenbeste jende gosez hiltzen ari izatea, injustizia oso garbia da ere bai. Ordea, gehiago kostatzen zaigu injustiziaren erantzule zuzena aurkitzea gosez hiltzen ari diren kasuan torturaren kasuan baino, alabaina, badago justiziaren urratze masibo bat. Nire ustez, globalizazioaren mugimenduan zeharka ari diren desobedientziak giza eskubideen urratze handi eta masiboen aurka ari dira, arlo ekonomikoan nahiz kulturalean.
M. zuluaga. Ohar bat: mendebaldeko demokraziak botoan bermatzen dira, baina, gaur gaurkoz, sistema hauetan multinazionalek estatuek berek baino botere gehiago daukate, estatuek eta bere ejertzitoek berek baino gehiago esplotatzen dute. Beraz, nola jokatzen dugu kasu honetan? Sistema horretan nire botoak ez du baliorik.
N. san Miguel. Kontuz! Kategoriak nahasten ari gara. Torturaren kasua planteatu duzu. Torturaren gaia ez da desobedientzia zibilarekin lotzen ahal. Tortura disfuntzio sozial ikaragarria da, ezein estatuak ez du tortura onartzen, Zigor Kodean torturatzaileak zigortuta daude. Beste kontu bat da praktikan eman daitezken arazoak, adibidez, Israelen tortura onartua dago, kasu batzuetan behintzat. Nire ustez, hori ez da gaia orain, baizik legeak babesten dituen hainbat egoera, zuk injustuak jotzen dituzunak, eta zuri inposatzen dizkizutenak. Hau da, zu obligatzen zaituen lege bat egotea. Kategoriak nahastu ditzakegu eta hori arriskugarria da. Multinazionalak aipatu dituzu. Nik Chomskyk eginiko botereen sailkatze hori egokitzat jotzen dut, baina desobedientzia zibilaren bidetik ateratzen ari gara. Hau da, inposatzen zaigun lege ez zuzen horren aurka joatea da desobedientzia. Globalizazioaren gaian nahasten bagara, gal gaitezke. Desobedientzia zibilak badu (edo behar du) formulazio orokor bat, eta gero, objektibo oso konkretuen arabera, badu (edo behar du) manifestatzeko oso modu zehatza. Hau da, ez zuzentzat jotzen dugun arauaren funtzioan eta bere urratzea ekarriko digun ondorioen funtzioan.
R. s. DE rozas. Ados. Desobedientzia zibilean aritzeko, nahitaezkoa da arau-hauste bat egitea. Hau ulertzea funtsezkoa da. Egia da, beti injustizia batengana zuzentzen dela, baina zaila da inposatzen ez dizuten injustizia bati desobeditzea, goseak edota torturak errepresentatzen duten injustiziari uko egitea, kasu. «Munduan gosea dagoelako nik ez dut ejertzitoarentzako zergarik ordaintzen» esateak, ostera, horrek bai, badu zentzurik gastu militarra eta pobreziaren arteko lotura azalarazten duzun heinean. Desobedientzialariak legea ikuspuntu moral batetik urratu behar du, komunitatearen justizia printzipioetatik desobedituz.
X. Etxeberria. Desobedientzia zibila zuzenak eta zeharkakoak azaltzen dira hartara.
N. san miguel. Zeharkakoa edo ez zuzena oso kuestionatuta dago, hala ere. Zuek ni baino jantzita zaudete horri buruz.
X. Etxeberria. Areago, batzutan, ejertzitoari desobedientzia zibila zeharkako desobedientzia bezala kontsideratu da.
Bestalde, legea justua izan daiteke baina bere prozeduran huts egin. Desobedientzia zibilak sistemaren hobekuntza ekarri behar du edo sistemaren haustura?
R. s. de rozas. Puntu honetan bi ideien arteko tentsio iraunkorra izaten da. Batetik, gizarte bat ezin da eraiki araudirik gabe, elkarbizitza sustatzen duena. Hori logikoa da. Bestetik, ordea, obedientzia, berez, ez da bertute bat. Obeditzen duenak agintzen duena mantentzen du. Zirskuntantzia honek eragiten duenaz kontziente bagara, aldaketa eragiteko egoeran izango gara. Desobedientzia zibilaren ildotik, tentsio horretan, sistemaren aurka bere osotasunean ez joatearen ideia ontzat hartzen da, aldaketa partziala eragitera joaten da.
Komunitatearen oinarrizko printzipioen errespetuaz eta oinarri esentzialez ari gara. Ni iritzi honetakoa naiz. Hau da, botere banaketa bat eman behar da, demokraziaren printzipio bat, ez gara ari herriari (balizko bere ezjakintasuna dela-eta) ikusten ez duena ikusarazi nahian, egoera magnifikatu nahian, Leninen ideia iraultzaileek eta abangoardistek egiten duten bezala. Alderantziz, desobedientzia zibila horren aurka doa. Areago, ez du gehiengoaren arauak ordezkatu gura, aldiz, lege aplikazio hotzaz eta errepresio hipotetikoaz baliatuz, eskandalu bat probokatu gura du. Ez du sistema irauli gura boterea hartzeraino, errealitatearen aldaketa ekarriko duen eztabaida sozial bat gauzatu gura du.
N. SAn miguel. Desobedientzia zibilaren ideia edo kontzeptua horixe da, ados nago. Beste gauza bat da, sistema autoritarioari oposizio erabatekoa egiten dioenean. Desobedientzia zibilaren formulazioa generikoa arriskutsua iruditzen zait, arrisku honek gainera bere kontzeptua diluitu egiten du. Desobedientzia zibilaren kontzeptuarekin koherente eta egokiago da bizikidetzari buruz egiten diren formulazio zehatzak, indarrean dagoen arauari buruzkoak.
Konstituzioari dagokionean, berriz, hauxe zehaztu nahi nuke: gutxieneko eskubide batzuk jasotzen dituen araudia eta giza eskubideen formulazio orokorra jasotzen dituen arren, sarritan arau horien aplikazioa iturrien arabera burutzen den ala ez aztertu behar da.
X. Etxeberria. Desobedientzialariak bizikidetza moduko bat bilatzen du, adierazpen demokratikoa sendoa izan dadin. Zentzu honetan helburua ez da gehiengoaren legea ezartzea, gehiengoaren funtzionamendua hobeto arautzea baizik. Azken finean, desobedientziaren bidez, gehiengoaren kontzientzia esnaraztea bilatzen da.
M. zuluaga. Ondo deritzot, baina niri gustatuko litzaidake injustizia berrien aurrean zein desobedientzia mota garatu behar den azaltzea. Neoliberalismoak duen formulazio berriari zein eran aurre egingo dion. Injustiziak aldatuz doaz, eta ez dira esklusiboki, arau objektibo eta definitu baten bidez garatzen, arautu gabeko injustizia molde berrien bidez baizik. Ez dut, berriz ere, multinazionalen gaian sartu nahi, baina gosearen injustizia iraultzeko ere balio behar du desobedientzia zibilak. Nola egingo dugun? Hori besterik da. Garrantzitsuena keinu eta jokamolde berriak aurkitzea da. Intsumisoek orain zailago dute ejertzitoaren aurka joatea, elementuak falta dituztelako. Ejertzitoek hor segitzen dute, ordea. Intsumisioak berriz, keinu eta jokamolde eskas ditu orain.
N. saN miguel. Berriz ere, desobedientziaren parteetan sartzen ari gara.
X. ETXEBERRIA. Nik ere, hori uste dut. Arazo hauen aplikazioan hainbat elementu desobedientzia zibilaren tradiziotik hartzen ari zara. Modu horretara, desobedientzialariak ez du soilik legea desobeditzen legearen termino juridiko zehatzean, politikak ere desobeditzen ditu. Nazioarteko politika ekonomiko konkretuak, esaterako. Baina ezin ditugu politikak desobeditu legeak desobeditzen diren bezala. Politikak desobeditzeko zeharkako desobedientzia zibila garatu behar da. Hainbat lege desobeditu dezakezu hainbat politikaren aurka zaudela ohartarazteko. Une honetan, oso zentzu zabal eta malgu batez, jokamolde hori desobedientzia zibila dei daiteke.
Injustizia konkretu batzuk gauzatzen ari direla sumatzen dut nik -ez hainbeste legearen errebelazio hertsian, baizik politiken aplikazioan-, orduan dinamika hauek handituz joango direla ere hautematen dut. Horrek, agian, guk desobedientzia zibila bezala ulertzen dugunaren garapena ekarriko du.
N. san miguel. Ordea, azkenean, botere horren manifestazioak estatuaren mekanismo hertsien arabera eta modu oso zehatz batez egiten dira. Orduan, zeharka edo zuzenki arauaren aurka jotzen amaitzen da.
X. etxeberria. Baina, adibidez, milia desobeditzen denean, kuartel konkretu baten aurrean, kasu, intsumisoak leku batean manifestatzea debekatu ez dezaten lortu nahi du. Orduan, arau bat ari da desobeditzen beste baten aurka protestatzeko. Zeharkako desobedientzia hori praktikatu da honezkero, intsumisioan edo mugimendu bakezalean. Ideala litzateke hau esatea: nahiz zeharkako modu batez ari garen, desobedientzia zibila da jokamolde egokiena hainbat politika ekonomiko eta kulturalen aurka manifestatzeko eta gure objektiboa lortzeko.
N. san miguel. Baina, finean, ekimena edo ekintza antzekoa da.
X. etxeberria. Ekimena antzekoa da, baina asmoa eta perspektiba ezberdinak dira.
R. s. de rozAs. Zeharkako desobedientzia zibilaren ideiak inplikatzen duena konplexua da. Utzikin nuklearrak garraiatzen dituzten konboiak geldiarazteko trenbidea mozten duten alemanek edota frantsesek trenbideko araudia desobeditzen duten arren, ez dute trenbidearen aurka ezer, ekintza egiten dute arazo nuklearra kuestionatzeko. Hala ere, begi bistakoa da, politika nuklearra bideragarria dela soilik, trenbidearen araudia erabiliz gero. Beraz, kasu horretan desobedientzia zeharkakoa edo zuzena ote da? Ideia batetik abiatu behar dugu, eta da: bidegabeki egiten den hainbat gauzen aurka egin behar da, baita bidegabekeria horri eusten dioten egitura sasi-neutralen aurka ere.
X. ETXEBERRIA. Trenbidea gauza askotarako erabili behar dugu, ordea. Baina, ados nago zurekin. Horregatik da hain konplikatua. Zeharkako desobedientzia zibilak elementu konplexu asko biltzen du.
R. S. de rozas. Martin Luther Kingek zioenez, desobedientzia zibilak manifestatzeko eskubidea arautzen zuten xedapenen aurka jotzen zuen, baina, ez zuen, berez, ezer araudi horren aurka. Hala ere, botereak araudi hori erabiltzen du gu manifestatu gaitezen oztopatzeko. Alegia, araudi hori urratzen dut eta kartzelara naramate. Orduan, botereak herritarren geldotasuna lortzeko araudi hori erabiltzen duen neurrian -boterea bizi dadin ezinbesteko geldotasuna eta distantzia-, zein neurrian da desobedientzia zeharkakoa edo zuzena? Egia da, ordea, estatuen politikari aurre egiten diogun neurrian desobedientzia gero eta ekimen zeharkakoagoa bihurtzen dela.
M. zuluaga. Hortxe dago koska. Ez doa zuzen lege baten aurka, politika moldeen aurka baizik. Badakit, jakin, nik planteatzen dudan elementu asko ez zaiola egokitzen desobedientzia zibilaren definizio zehatz bati, baina bai bere filosofiari, eta hori da inportanteena nire ustez, edozein mugimendu sozial edo politiko batentzat.
N. san miguel. Nik, zuk Mikel formulatzen duzun eran, ez dut ulertzen edo antzematen manifestazio modu konkretu hori.
M. zuluaga. Ados. Arazoa da berau bilatzea. Intsumisoek ejertzitoaren aurka jotzen dutenean zein modutan jo behar dute ejertzitoaren aurka? Nola sarrarazten duzu komunitate batean ejertzitoaren aurka jotzeko keinu edo modu egokia. Zaila dela aurkitzen? Horixe dela zaila. Baina nik aurkituko banu, esaterako, gosetearen aurka egiteko keinu bat, modu bat, adibidez, saltoki handietan ez erosteko modua, bultzatuko nuke desobedientzia zibil hori.
N. san miguel. Agian ez dizut ulertzen, gaia konplexua baita. Haatik, kontuan hartu behar dena da, ea desobedientzia zibilak beti balio ote duen kolektibo edo pertsona batek duen asmoaren funtzioan. Mikel, zuk planteatutako moduan, zenbait kasutan, asmo horien arabera, ez du balio, desobedientziaren filosofia eta muina mantendu nahi bada, noski.
R. s. de rozas. Sartzen gara herri mobilizazioaren esparruan, eta gaia absolutu gisan tratatzeko arriskuan eror gaitezke. Parte batez ari gara.
M. zuluaga. Ados, baina orduan ez dezagun aipatu desobedientzia zibilaren ekimena soilik legearen aurka balitz bezala.
X. Etxeberria. Jakina, kasu horretan beste zerbait izango delako, baina ez da desobedientzia zibila izango.
M. Zuluaga. Zergatik ez?
R. S. de rozas. Injustiziaren aurkako kanpaina bat izango delako, desobedientzia zibilaren ideia parte bat biltzen duena, beste parte bat da herri mobilizazioa biltzen duena.
N. san miguel. Hori da. Desobedientzia zibilak baditu bere atalak.
M. Zuluaga. Zuentzat, adibidez, desobedientzia zibila litzateke Euskadin hainbat hedabideen aurka joatea?
X. Etxeberria. Hori boikota da. Desobeditzen duzu, baina ez da desobedientzia bere zentzu hertsian.
M. Zuluaga. Orduan, esan dezagun, egunez egun badagoela legeen izenean garatzen diren gero eta injustizia gehiago. Eta, orduan, boikota, dogma bihurtu gabe, desobedientzia zibil bezala jo daiteke.
N. san miguel. Niretzat beste gauza bat da.
M. Zuluaga. Zergatik? Ez doalako arau edo lege baten aurka?
N. san miguel. Jakina. Ni ezin naiz balorazioetan sartu. Ez noa esatera hau guztia hau positiboa den ala ez, nire lana legea bete eta betearaztea den aldetik, eguneroko lanean, desobedientzialariaren «beste aldean» nago. Horregatik, formulazio teorikoak egin, eta ikusi eta irakurtzen dudanetik aztertu besterik ezin ditut egin, eta hala, desobedientzia zibila zuk esaten duzun moduan, ez da perzeptzio bat baino.
M. Zuluaga. Eta zer da hori?
N. san miguel. Tira, desobedientzialariak une konkretu batean arau bat urra dezake, baina zenbait egoeratan arau bat ezin da ere urratu, araurik ez dagoelako. Hau da, prentsaren aurkako boikota egiten duzu, baina ez duzu araurik ez legerik urratzen. Eta joera edo boikot hori zabaltzea lortzen baduzu ere, ez duzu araurik urratzen.
M. Zuluaga. Ni desobedientzia bien alde nago, araua urratzen duenean eta urratzen ez duenean ere.
Amaitu aldera, zein da Euskal Herrian estatuaren aurka garatzen ari den desobedientzia zibilari buruz duzuen iritzia. Une batez, ETAren su-eten garaian, hainbat pertsonaren kriminalizazioa ekarri zuena, esaterako.
R. S. de rozas. Garatu zen errepresioa bidegabekeria bat iruditu zait, estatuak delitutzat jo zituen ekimenak ez ziren batere kaltegarriak. Gainera, uste dut jende hori bakearen ideiarekin konprometitutako jendea dela. Desobedientzia zibil horrek ez du soilik planteatu subiranotasunaren ideia eraikuntza nazionalaren ikuspuntutik, baizik eta eraikuntza sozial baten ikuspuntutik. Hau da, autodeterminazio eta gizarte-autonomiaren oinarritik. Interesgarria iruditzen zait.
X. ETXEBERRIA. Hor ENAren ideia dago, eta berean bi planteamendu izan dira. Horietako bat ez da desobedientzia erabatekoa: «Nire lehen agiria ENA izatea da, ahal dudan guztietan erabili nahi dut, baina ez diot besteari uko egiten», dioena. Besteak NAN deuseztatzea dakar: «Ez naiz agiri horrekin identifikatzen eta ENA nahi dut» dio. Kasu hau desobedientzia zibila da, legea urratzen da, Espainiako Estatuak jaulkitzen duen agiria baita. Beraz, bi kasuak, desobedientzia ez dena (gaizki deitutakoa) eta desobedientzia dena, bereiztuko nituzke. Desobedientzia hori euskal desobedientzia subiranoa da.
M. zuluaga. Desobedientzialarien artean denetarik dago, batzuk ez dute NAN erabiltzen, beste batzuk bai. ENA erabiltzen dutenen artean desobedientzia izango da edo ez, erabiltzen den arabera. Adibidez, Guardia Zibilaren kontrol batean ENA erakusten baduzu, nolabaiteko desobedientzia praktikatzen ari zara.
R. S. de rozas. Hor ez dago desobedientziarik, desobedientzia NAN erakusten ez duen kasuan dago.
M. zuluaga. Baina, kasu horretan, erakusten du beldur dagoelako. Edonola ere, gai honen inguruan epaiketak eman dira. ENA izateko formula ezberdinak daude. ENA erabiltzen ahal da garai bateko «Euskal pasaportea» bezala, modu sinboliko batez, ahal den instituzio guztietan. Badaiteke desobedientzia zibilaren hasiera bat izatea. Desobedientzia zibila ez da bat-batean eta trumilka hasten, jarraibide batzuetatik hasten da garatzen. Beti daude ekimena zabaltzen doazen aitzindariak.
N. san miguel. Karneten kasuan, legea-haustea ez da ENA eramatea, baizik eta -legeak exijitzen duenarengatik- zuk zeure burua identifikatzea, eta horretarako zure identitatea agirian utziko duen edozein dokumentuk du balioa. Hori esaten zen hainbeste hauts harrotu zituen epaian, eta epai hori Auzitegi Konstituzionalak ematen duen dotrinaren araberakoa zen. Identifikazio obligazio hori dela eta (Corcuera legearekin indarrean sartu zen moduan) ez bazara identifikatzen, poliziaren ustetan, komisaldegira eramana izan zaitzake, eta askatasunaren murrizketa hori, bera ere, zigorra da. Hori zerekin lotzen da? ENAren auziarekin ala identifikatzeko beharrarekin?
Desobedientzia zibila mota hori izaera politikoa hartzen ari da Euskal Herrian, desobedientzia zibila subiranoa dei daiteke. Egokiak al dira bere planteamenduak?
R. S. de rozas. Ezagutzen dudanagatik, desobedientzia horrek bi erronka ditu gainditzeko. Lehena, bere helburua ondo definitzea. Hau da, subiranotasunaren alde armen bidez ari diren batzuen ildoan erortzen bada, mimetismo hutsez, horien ildoan aritzea, akats handia litzateke. Hau da, desobedientzia zibilak jendearen boterea indartu behar du, baita helburuen definizioa ere, horretarako, desobedientzia zibila subirano zaleak dinamika propio batetik landu behar du desobedientzia zibilaren ideia. Eta hori autodeterminatzeko eskubideari lotua dago, jakina. Hau da, ez du balio eskubide hau errekonozitua izan dadin aldarrikatzea, berau praktikan jartzen duen herriaren iritzia kontuan hartu barik. Hau da, subjektuaren borondatetik at, modu independente batez, aldarrikatzen ahal da bere exekuzioa? Nire ustez, hortik jo beharko luke, gaiak gizartea aberasten duen aldetik betiere. Atzerritarren arazoa, feministena edo gutxiengo kolektiboen kasuak autodeterminazioaren ideiari lotzen dira. Hortik bide egingo balu aberatsa litzateke.
M. zuluaga. Desobedientzia zibil horrek ez du aurkitu bere formula, horiek guztiak bere egiteko.
N. san miguel. Nik ezagutzen dudan apurrarengatik, desobedientzia zibil batzuk ezin daitezke halakotzat jo. Jende asko dago desobedientziaren talismanarekin, baina ez da desobedientzia zibila. Hemen, munduko beste desobedientzien konnotazioak dituzten mugimenduak garatzen hasi dira mimetismo oso batez, baina borroka armatu lazgarriak kutsatu eta txikitu egin ditu, bere esentzian, bere politikan, bere kontzepzioan eta bere gizarte barneratze lanetan. Alegia, hainbat formulazio okerrek desobedientzia zibila pozoitzen dute eta bere kontzepzioak ez du deus ikusterik hemen egin den formulazioarekin.
M. zuluaga. Niretzat, desobedientzia zibilaren formulazio guztiak ez badira betetzen, espazioak zabaldu beharko dira. Hemen azaldu dugun espiritua zabaltzen eta errotzen bada, filosofia garatzen bada, positiboa izango da.
N. san miguel. Ni ez naiz baloratzen ari. Nik hauxe esan nahi dut: azken urteotan, ezker abertzalean deskubrimendu handia balitz bezala aurkeztu den desobedientzia zibila, ez da desobedientzia zibila. Beste zerbait da.
M. zuluaga. Ados. Logika militarra logika zibilaren gainean dagoen bitartean orain arteko postulatuak aldatzea zaila da. Aldaketa hori eman behar da. Ez da erraza, jakina.
X. ETXEBERRIA. Baina beharrezko da aldatzea. Ezker abertzalean hainbat tentazio bizi-bizirik dago. Adibidez: «Konpatibilizatu ditzagun desobedientzia armatua eta desobedientzia zibila, horrela desobedientzia zibilaren aukerak bertan behera uzten ditugu». Desobedientzia zibilak ekimen armatuaren alternatiba izan behar du.
R. S. de rozas. Hori da ezker abertzalearen erronka. Intsumisioaren lehen garaian ere, ezker abertzaleak «Intsumisioa ez da bidea» planteatu zuen, herri armada baten alde zegoelako. Haatik, birplanteamendu ideologiko bat egin zuen modu zintzo batez, ideia horiek abandonatu zituen eta intsumisioaren ideia aintzakotzat hartu zuen. Egia ere da, ez duela guztiz bere egin intsumisioaren ideia, hots, ez dela ETA kuestionatzera iritsi. ENAM delakoaren erronka, desobedientzia zibilaren ideia bere egiten duen unetik, ETAren zeregina kuestionatzea da. ETA Euskal Herriaren militarizaziorako elementua baita. Hori dogma asko haustea da ENAMen barruan, baina hori da desobedientzia zibilaren egiteko bat. Eta, zentzu horretan, Garzonek kartzelaratu zituen pertsonei nire atxikimendua luzatzen diet, jende horrek, ideia eta ildo horretatik, desobedientzia zibila garatu nahi duelako, benetako desobedientzialariak dira. Bere kriminalizatze saioa Espainiako justiziaren ekimen lotsagarrienetako bat izan da.