Mendebaldeko mugetan barna


2007ko otsailaren 21ean
Kontxa herriak Karrantza bailarako erdigune administratiboaren funtzioa betetzen du. Haraino iristeko bi edo hiru aukera dauzkagu: lehendabiziko biak, Bilbotik Artzentales aldera abiatuko dira, bata Güeñes eta bestea Muskiz zeharkatuz; La Escritako gaina iragan ondoren Kontxara iritsiko gara, mila bihurgune iragan ondoren. Bide traketsa saihesteko hirugarren aukera hautatuko dugu, hots, Kantabriako autobidetik jarraitu Laredoraino eta Colindres herrian atera ondoren, Burgoserako bide berritua hartu. Limpias, Ampuero eta Rasines iragan ondoren Barcenan desbideratuko gara Karrantza aldera. El Mazo eta Ranero arteko haitzpitarte harrigarria igaro ondoren, Anbasaguaserako bidean bertako kobazuloetara daramaten seinaleak ikusiko ditugu. Agian geroago bisita mereziko dute. Gure helburua, Ambasaguas pasa eta Kontxa herritik Lanestosarako bide aldapatsua izango da, Ubal gainera eramango gaituena.

UBAL GAINEKO TUMULUAK. 645 metroekin, larrez inguratuta agertzen zaigun Ubal gainak irudi lasaia eta orekatua islatzen du. Urrunean eta aldi berean hurbil azaltzen zaizkigun El Moro eta El Mazoko haitzek aipatu oreka apurtzen dute, paisaia edertasun bortitzaz betez.

Inguru paregabe honetan Neolito Aroko lau oroitarri ikus daitezke gaur egun, sekulakoak ez izan arren. Batak, Ubal gainetik 100 metrotara hegoalderantz eta ur biltegi baten ondoan dagoen tumuluak zulogune zabala erakusten du erdigunean, aspaldiko espoliazioaren lekuko.
Lepoaren beste aldean, El Mazo izeneko mendi aldera doan pistak beste hiru tumuluetara hurranduko gaitu. Lehenengo biak, pistaren ezkerraldean ikusiko dugun borda baten ondoko zelaietan kokatzen dira. Bi trikuharri izanik ere, indusketari esker El Fuerte izenekoa da ganbarako harlauzak erakusten dituen bakarra. Bestea, El Mazo, harrizko estruktura agerian apenas uzten duen lurrezko muino bat besterik ez da. Kasu bera pixka bat aurrerago eta pistaren eskuinaldean aurkituko dugun La Calera izeneko trikuharriarena. Garai batean azaltzen ziren ganbarako bi harlauzak desagertu dira eta oroitgarria lurrezko tumulura murriztuta gelditu da.
TRIKUHARRI BERREGINAK. Zonalde honetako monumenturik aipagarrienak Ubal gainetik hasita hegoalderanzko norabidean luzatzen diren muinoetan daude. Orain kotxearekin hurbildu ahalko gara gehienetara edo, nahi izanez gero, zailtasun gabeko txangoa egin dezakegu goiz pasa moduan.
Kontxatik Ubal gainerako bideak zeharkatzen duen Villanueva de la Presa herritik mendebalderantz doan pista hartuko dugu. Pistatik ezkerrera jarraituz Los Acebos ingurura iritsiko gara eta Balnera aldera 500 metro jaitsi ondoren, kotxea aparkatuko dugu borda baten sarreran, Fuentellanoko trikuharria bisitatzeko xedez.
Aipatu bordatik 200 metro inguru iparralderantz, zelaiaren ertzean, hainbat aldaketa pairatu duen trikuharria dago. Egun hesiak inguratuta eta seinale itzelak nabarmen iragarrita agertzen zaigu, ganbara xumea era bitxiz berreraiki dutelarik. 300 metro inguru hego-ekialderantz tumulu txiki bat badago.
Berriro kotxea hartuta, zeharkatutako azken 500 metroak berriro egingo ditugu Los Acebosera itzuliz. Hemendik 100 metro jaitsiko gara eta bidegurutzean eskuineko bidea hartuko dugu, Aldeacuevara eramango gaituena hain zuzen ere. Aldeacuevatik La Calera del Pradora doan bideak Arreturas lepoa iragaiten du. Lepora iritsi baino 50 metro lehenago, ezkerretik sortzen den pistak zonalde honetako gainontzeko megalitoen bisita samurtuko digu.
Serrantxako patarra sigi-saga igo ondoren, pistak 720 metroko altuera irabazten du, lautzen delarik halaber. 10 metro gorago eta ezkerrean agertzen den muino leunean Bernaltako trikuharria eta tumulua ikus ditzakegu, ikusmira ederra menperatuz Kantabriako mendien aldera. Bernaltatik 300 metro iparralderantz eta pistatik ezkerraldera, La Boherizako trikuharri industua dago, egun tumulu baten plantan agertzen zaigularik.
Bernalta mendia mendebaldetik zeharkatuko dugu lepo zabal baten behealdera iritsiz. Lepo horretan Cotobasero II izeneko trikuharria topatuko dugu, bere tumulo itzelean indusketaren aztarnak nabaritzen direlarik. Fleitean egongo direnak iparraldean begiztatzen den Cotobasero mendira igo daitezke eta Bernia 4. trikuharria ikusteaz gain, inguruko bailaretan ikusmira paregabeaz goza dezakezue.
Berriro pistan, Cotobasero ere zeharkatuko dugu mendebaldetik eta La Cabañako trikuharriak kokatzen diren lepora iritsi baino 500 metro lehenago, kotxea utzi beharko dugu, pista ibilgaitza bilakatzen baita. Kilometro erdia oinez eginda, La Cabaña ingurura iritsiko gara, bertan bi trikuharri eta tumulu bat daude. Indusketen ondoren hoberen mantendu duten trikuharria, tumulua erditik moztuta ganbara agerian erakusten duena da. Tamalez lepoari izena ematen dion txabola hondatuak ingurua zakarki itsusten du. La Cabañako trikuharriekin Euskal Herrian mendebaldeen kokatzen diren megalitoen bisita amaitutzat emango dugu
Informazio Praktikoa
Karrantzako bailarak, Bizkaiko udalerririk handienak, hainbat erakarpen turistiko eskaintzen dio bisitariari. Bilbo hiri erraldoitik hain hurbil egon arren, zeharo nekazal kutsua mantendu da Euskal Herriko mendebaldeko mugatzat har daitekeen eremu honetan.
Inguru karstiko zoragarrian mundu osoan ospetsuak diren kobazulo eta leizeak ezagutzen dira:
- Pozalaguako kobazuloko estalaktita eszentrikoen (perpendikularki jausi ordez zuhaitz adarren antzera zabaltzen direnak) kontzentrazioak mundu osoan bakarra bilakatzen dute.
- La Torca del Carlista izenekoan Europako lur azpiko gelarik handiena dago.
- Venta Laperran, azkenik, historiaurreko grabatuak ikus daitezke.
Bizkaia Parke Ekologikoa ere Karrantzan kokatzen da, El Carpin izeneko etxaldean hain zuzen. 20 hektareako ingurune natural eder honetan Europako faunaren espezie nagusiak ikus ditzakegu: hartzak, otsoak, oreinak, hegaztiak, saiak...
Bukatzeko, bailarako herrixketan eta auzoetan ondare arkitektoniko aberatsa aurki dezakegu: dorretxeak, elizak, baselizak eta eskualde honetako berezitasuna den Enkartazioetako baserri kubikoa, teilatua lau isurietara daukana, XVII. mendeko dorretxetan jatorria duelarik.
Jateko:
- La Concha "Casas Garras" jatetxea. Kontxa auzoa. Tel.: 946806280
- Charo jatetxea. Las Torcachas auzoa. Tel.: 946806177
- El Cartero sagardotegia. Molinar auzoa. Tel.: 946806674
Lo Egiteko:
- Molinarreko Bainuetxea. Molinar auzoa. Tel.: 946806002
- Boyano nekazaletxea. Sosocaño 38. Tel.: 946806486
- Fuenternilla nekazaletxea. Matienzo auzoa. Tel.: 946806350
- La Casa de la Pradera nekazaletxea. San Esteban auzoa. Tel.: 946106966
- Manzaneda nekazaletxea. Manzaneda de Sierra 3.Tel.: 946806317


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude