«IRUDIMENIK GABE EZ LEGOKE EZAGUTZARIK»


2021eko uztailaren 28an
Bidaiariak dira Aurelia Arkotxaren "Septentrio" liburuko protagonistak. Bereziki, duela bost-sei mende itsasontzietan sartu eta inork gutxik irudika zitzakeen itsaso urrunetara, Terra Incognitaren bila joatera ausartzen ziren euskal arrantzale, kapitain, pilotu eta kartografoak. Itsasturiak ziren, Baigorrin jaio eta Lapurdiko itsasertzean bizi den idazle honen hitzetan. Eta haien jakinduria, gogoa eta usteak berreskuratu nahi izan ditu, itsaso handian bizia galtzea egokitu bazitzaien ere, gure oroimenean ez ditzagun berriro hil. Bere poemetako batean egiten duen galdera larriari, "Ba ote daki norbaitek/ Ophorportuko puntatik noroestean/ bi arroken kontra/ lehertu den/ fleuitako jendeei zer gertatu zaien?", ukazio jakinarekin ez diezaiogun erantzun.

Nondik datorkizu liburu hau idazteko etorria?
Txiki-txikitatik maite izan ditut abenturazko liburuak. Frantsesez-edo irakurtzen nituen gehienbat, eta ez dakit zer gertatu den ene baitan, baina ukan dut gutizia euskaraz kontatzekoa beti erdaraz irakurri izan dudana. Zeren eta Marko Poloren bidaiak eta Erdi Aroan egindako horrelakoak Europa guztian itzuliak izan dira, eta hizkuntza askotara (Mandabillaren kontaketa gaelikoz ere atzeman daiteke); nik ez dut ulertzen, euskaldunak hain bidaiariak izanik, nola ez diren euskaraz aurkitu ahal izan. Nik biziki maite nituen istorio horiek, ez bakarrik irakurtzea, baita entzutea ere. Eta banuen aitatxi bat, Tiburtzio Arkotxa ene aitatxi Orozkokoa, iragan mendearen hasieran Hego Amerikan abentura asko bizi izan zituena, Argentinan bizi zelarik, eta niri, txiki-txikitandik kontatzen zizkidan hango istorioak. Horrela ohitua izan naiz ni, eta batek ezin dio ihes egin bere patuari, antza denez. Halako batean mundu hori guztia etorri zitzaidan, eta azkenean hartu dut aspaldi-aspalditik zetorren sokaren mutur bat; hartu ditut besteen kontaketak, gehitu ditut nireak, eta kontaketa berri bat sortu dut. Eta beharbada beste bati eskaini diot sokaren beste muturren bat, berak segi ahal izateko...

Zer aurkituko du irakurleak zure kontaketan?
Nire istorioetan atzeman ahal dira, euskaraz, aspalditik ezagutuak diren kontaketak, beste kontaketa askotan sartu direnak, eta beste kontaketa ezberdin asko sortu dituztenak. Adibidez, Plinioren «Historia Naturala»n atzematen diren zango bakarreko gizonak, edo txinaurri erraldoiak... Erdi Aroko bidaiariek sinesten zituzten kontaketa horiek, zeren eta mundua ez zen osoki ezagutzen, eta sinestu ahal zen leku ezezagun batzuetan gizaki fantastiko horiek bizi zirela. Gaur egun ere jarraitzen du joera horrek. Azken batean, zientzi fikzioko filmetan, zer azaltzen da? Beharbada Plinioren kontaketetan edota Mandabillarenetan atzematen ziren gizaki fantastiko horiek, orain beste planetetan atzematen ditugu.

Ezagutzak irudimena murrizten duela esango zenuke? Zenbat eta gizakiak gehiago ezagutu bere irudimena kamutsagoa bilakatzen dela?
Nire ustez ezagutza ez da bukatzen den gauza bat. Ikerlaria naiz, eta biziki maite dut bilatzea, baina atzeman dudalarik zerbait, horrek beste mila galdera sorrarazten dizkit beti! Heriotzak edo ezintasun ikaragarri batek bakarrik amai dezake bilaketa hori. Gainera, niri iruditzen zait irudimenik gabe ez legokeela ezagutzarik. Irudimenari esker lortu dira izan diren aurkikuntza handi guztiak (eta handitasun hori erlatibiza nezake, zeren eta hara heltzeko beste aunitz txikiak izan dira, aunitz pertsona anonimoek eginak). Nik asko pintatu dut baita ere, eta beti mirestu izan dut Leonardo da Vinciren irudimena, partikularki zientziari buruz irudikatzen zituenak, haren makinak-eta! Hark asmatu, eta bostehun urte geroago dira egiaztatu! Baina Berpizkundeko aurkitze egarri horretan koka nezake nik Leonardo da Vinci ere, hau da, hark asmatu zuen mugimendu oso bat zegoelako inguruan. Eta berdin esan daiteke Jules Vernerengatik, ilargira joatea, urpean eskafandrak eta horiek denak erabiltzea eta abar asmatutako autore horrengatik. Oroitzen naiz ene aitatxiren hiztegi zahar batez ere, bere grabatu eta guzti... Hiztegietan asko bidaiatu izan dut nik. Ikusten dituzu irudiak, somatzen duzu zerbait ari dela mugimenduan, gero finkatuko dena... Beraz, galderari erantzunez, ezagutzak ez du irudimena mozten; baina ezagutzera heltzeko irudimena behar da.

Liburutegi asko arakatu al dituzu "Septentrio" idazteko?
Ugari izan dira, bai. Hasi, Baionako liburutegian hasi nintzen, marinelen inguruko datuak biltzen, bereziki Hoyarsabal (XVI. mendeko grafian hala da) eta Detcheverry «Dorre»ren liburuak ikertzen.

Eta zer jaso zenuen idazle horien lanetatik?
Ez dira idazleak, ordea! Biak dira kapitain eta pilotu, eta garai hartako liburu teknikoak idazten zituzten. Oso liburu serioak, zeren beraiek norabide eta xehetasun teknikoak ongi ematen ez bazituzten, ontzia urperatuko zen eta marinelak ere bai! Portu batetik bestera zenbat legoa dauden, arrokak, leku arriskutsuenak eta horiek denak agertzen zituzten, mapak eta guzti. Liburu horiek, bata frantsesez eta bestea euskaraz zeuden. Eta oso teknikoak badira ere, mundu guztiz zabala eskaintzen dute, beste mapekin, beste ikusmolde batzurekin... Hortik aurrera, nire imajinazioa dago, eta nik imajinazio asko daukat. Ja, ja!

Horrekin osatu al duzu "Iohan Mandabillaren bidaia benturosak"?
Mandabillak egiazki idatzi zuen liburuak "Lurraren inguruan eginikako bidaiak" da. Bera ingelesa zen, baina Europa osoan ere badira liburu horren bertsione asko, eta euskaratua ere izan omen zen, baina gaur galdua da. Hala ere, guk altxor handia dugu mugaz alde honetan, "Kapitain Hoyarsabalen biaya benturosak", Detcheverry «Dorre»k 1677an euskaratu zuen liburua. Eta orduan nik, "Iohan Mandabillaren bidaia benturosak" izenburua jarri nion nire egokipenari.

1627n Johannes Etcheberry ziburutarrak idatzitako "Itsassoco biayetaco othoicen araldea" ere aipatzen duzu zure idazlanean…
Outportuetan, bai. Hitz hori ez da nik asmatua, Ternuan erabiltzen dute portu txiki galduei deitzeko. Eta 10. Outportuan, Johannes Etcheberryren poema bat jaso dut. Johannes Etcheberry da gure beste idazle handi bat biziki gutxi ezagutzen duguna. Ziburukoa zen, eta jakintsu handia. "Manual debozionezkoa" idatzi zuen. Lehen zatiari, edizio kritiko bat egin zion Patxi Altunak, baina badago bigarren zati bat, oraindik edizio kritikorik gabe dagoena. Eta bigarren horretan badago atal txiki bat, itsasturiendako otoitzez osatua: 89 otoitz eta 90 bat testu, itsasoan hiltzen ziren arrantzaleei eta gainerako marinelei eskainiak.

Emazteen lurraldeaz, Ilunpeko erreinuaz, Lurreko paradisuaz… mintzo zara zure kontaketan.
Horiek denak dira egiazki mapetan agertzen ziren gauzak, nik egin diedan aldaketa gutxi batzurekin. Ni emaztea naiz, eta jakina, emazteekiko erreferentziei egon naiz adi. Eta nahiz testu gehienetan horrelakorik ez den agertzen, nik aurkitu ditudan testuetan emazteak errebelatzen dira.

Duela bost-sei mende egiten ziren mapak eta beren egileen erreferentziak ere jaso dituzu "Septentrio"n…
Izan ere, lehen zatia fikzionala da, baina ondoren agertzen den guztia errealitatean oinarritua dago. Sebastian Münster, Peter Apian, Theodoro de Bry eta abar, egiazkoak dira, bere garaiko kartograforik handienak. Askotan irudimenaz baliatzen ziren haiek egiteko, eta munstroak, baleak, sirenak eta beste azaltzen dira beren mapetan.

Mapa horietan oinarritu al zara Mandabillaren bidaia agertzeko?
Beno, nire bidaia fisikoa ere hor da. Eta agertzen ditudanean bakailaoaren eta balearen arrantza egiten ziren tokien izenak, denak egiazkoak dira. Izan ere, errealitatea edozein fikzio bezain erakargarria da. Biziki hunkitu nintzen artxiboetan, aurkitu nituenean ene herriko jende xehearen izen horiek, erregearen izenean kontrolatzera heldu zen jaun handi batek idatziak, erregearendako, jakin zezan zenbat ziren. Kontrolatzeko, zeren eta arrantzaleak eta marinelak bortxaz hartzen baitzituzten askotan, erregearen ontzietara eramateko Luis XIV. garaian. Izenok 1689 eta 1690eko artxiboetatik hartu ditut, omendu nahi nituelako. Beti pertsonaia handiak edo mila aldiz aipatu diren kapitainak omentzen dira. Hemen ez, hemen dira inoiz aipatu ez diren kapitainak, inoiz aipatu ez diren pilotuak, inoiz aipatu ez diren marinel xeheak. Baina bizi izan dira, eta hori nahi nuen nik azpimarratu. Memoriak ezabatzen duenaren aurka ezin dut ezer egin ahal, eta badakit borroka etsipenezkoa dela, baina hala ere borrokatzen dut! Gerretan bezala. 1914ko gerran bereziki, hemengo hainbeste jende xehe hila izan da (nire familian ditut halakoak). Gero, 45ekoan ere bai. Eta hemengo herrietan, agertzen dira hildako gaixo horien zerrendak, haurrak aunitzetan! Zuek, Hegoaldekoek, okerrago izan duzue oraindik, uste batitut Francoren alde hil zirenen zerrendak bazenituztela, baina bere aurka hildako gaixoenak ez. Bada, lan honekin, gure herriko jende xehe hori guztia omendu nahi izan dut. Oceanus Magnus-en asko hil direlako, baina memoriaren itsaso handian bigarren aldiz hil dira, euskaldunok gure historiaren zati handi bat ahantzi dugulako.

Horregatik "Septentrio", zure liburuaren izenburua?
Halaxe da. "Itsasturi zaharren itsaso/ gehiago ez den/ itsaso/ oroitzan ere ez". Izan ere, euskaldunon artean, goraipatu da lurra: nortasuna eta beste lurrarekin lotu dira. Itsasoaren mundua, berriz...


Azkenak
2024-09-13 | ARGIA
Tematzearen emaitza: errepide seinaleak euskaraz

Herritarrak eskatzen du seinaleak euskaraz jartzeko. Gobernuak erantzuten dio legeak ez duela horretara behartzen. Behatokiak erantzuten dio, legeak ez badu derrigortzen ere, euskaraz jartzeko debekurik ez duela. Gobernuak bereari eusten dio. Alabaina, herritarrak tematzen dira... [+]


2024-09-13 | Euskal Irratiak
Baionako zitadelako eraikuntza proiektuak arrangura piztu ditu ekologistengan

Baionako zitadelan proiektu berriak ditu armadak. Eraikin berriak egin nahi ditu eta horretarako oihanaren zati bat deseginen dute eta ura atxikitzeko bi gune ere sortu nahi dituzte.


Aysenur Ezgi Eygi-ri zuzenean egin zioten tiro burura Israelgo soldaduek, autopsiaren arabera

Turkiar-estatubatuar aktibista irailaren 6an hil zuten Beiti herrian, Nablus hiriaren ondoan, Zisjornadian, Palestinako Lurralde Okupatuetan. Orain forentseen azterketek iradokitzen dutenez, Israelgo soldatuek zuzenean egin zioten tiro aktibistari.


Iturbide, Jiménez eta Azkona estatuaren biktima gisa aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.


Madrilgo Rolando kafetegiko hamahiru hildako haiek ETAm-ren eta ETApm-ren zatiketaren erdian

Ostiral honetan betetzen dira 50 urte ETAk, 1974ko irailaren 13an, Madrilgo Rolando Kafetegian bonba bat lehertarazi eta hamahiru pertsona hil zituela. Ofizialki 2018an onartu zuen erakundeak ETAren egiletza, bere burua desagertze bidean jarri zuenean.


2024-09-13 | Gedar
Bi lizarratar epaitu dituzte, Voxen salaketa baten harira

Faxisten aurka protesta egiteagatik auzipetu zituzten Lizarrako bi kideak. Asteazkenean, epaiketaren egunean, Lizarraldeko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea egin zuen epaitegi aurrean. Voxeko faxistak jarrera probokatzailearekin agertu ziren bertara, eta Guardia Zibilak... [+]


2024-09-13 | Ahotsa.info
Urriaren 12an Tafallan eginen du manifestazioa Ernaik “españolismo eta faxismoaren aurka”

“Españolismoaren eta faxismoaren normalizazioan” Hispanitatearen egunak jokatzen duen papera salatzeko urriaren 12an Tafallan mobilizatuko da Ernai. “Gu, Nafarroako etorkizuna gara, haiek, aldiz, iragana. Faxismoak herri honetan lekurik ez duela argi... [+]


Ezkabako iheslari Segundo Hernandez identifikatu dute Eguesibarreko Eliako hobian

Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.


Donostiako bi familia etxegabetze arriskuan daudela salatu du Kaleratzeak Stop plataformak

Zaurgarritasun ekonomikoaren baldintzak betetzen dituzten arren, Santander bankuak ordainketak epe batez etetea ukatu die bi familiei.


Garaileak esaten duenean amaitzen al da gerra bat?

Badakigu gerra bat noiz hasten den, baina ez noiz amaituko den. Hainbatetan entzun dugu esaldi hori, eta topikoa dirudi, baina arrazoirik ez zaio falta, gaur egun munduan barrena bizirik segitzen duten gatazka ugariei erreparatuz gero. Gauza bera esan liteke 1936ko uztailaren... [+]


87 milioi urteko amonite fosil bat aurkitu dute Langraiz Okan

60 bat zentimetroko diametroa duen amonite bat aurkitu du mendizale talde batek Arabako herriaren inguruetan. "Aurkikuntza handia" dela azpimarratu du Arabako Foru Aldundiko Kirol eta Kultura diputatu Ana del Valek.


Eguneraketa berriak daude