ESKOLA ARROTZEKO ATARIAN

  • Testuak: Onintza Irureta
Fatima Elidrisi izeneko neskatxa bat egin dute ezagun hedabideek duela gutxi. Neskaren aita marokoarrak Madrileko bere eskolara buruan zapia jarrita joatea nahi zuen eta eskolako zuzendaritzak ezetz erantzun zion. Segituan Euskal Herriko eskoletan horrelakorik gertatzen ote zen galdetu zuten hedabideek eta eskolan musulmanak zituzten gehienek Madrileko notizia harriduraz bizi izan zutela aitortu zuten.

Euskal Herrian ere haur etorkinak ditugula gogorarazi zitzaigun berriro Madrildik etorritako berri honekin. Berriro diot, lehenagotik haur etorkinak lerro publikoan eta asko A ereduan matrikulatuta daudenaren kezka agerian utzi baitzen. Euskal Autonomia Erkidegoan 2000-2001 ikasturtean 2.954 haur etorkin ziren eskoletan eta Nafarroan 1.842. Lau urte lehenago Nafarroan 399 ikasle etorkin zeuden eskolaratuta eta EAEn 1.600. Haur hauen %75 inguru sare publikoan aritzen dira eta %25 inguru itunpekoetan. Sare publikoko eskolek bere egonezina azaldu dute.
Haur etorkinak eskola publikoetan kontzentratzen ari dira eta ghettoak sortzeko arriskua gero eta handiagoa da. Haur etorkinak integratzeko prozesuak aparteko gastuak eskatzen ditu eta administrazioen aldetik (ez Nafarroan ezta EAEn ere) ez dago aparteko plangintzarik haur hauentzat. Eskola kontzertatuek eta pribatuek ikasle hauek beraien eskoletan hartzeko arazorik ez dutela erantzun dute, baina mila arrazoi medio (ekonomikoak nagusiki) gurasoek ez dituzte haurrak matrikulatzen.

Hego Euskal Herrian ikasten ari diren haur etorkinak ez dira asko. Iturriaren arabera datuak aldatu egiten dira eta ez da batere erraza zifra erreala izatea, baina milaka gutxi dira. Kopuruak gora egiten jarraituko du urtez urte, baina batzuen ustez arazoa larria izatera ez da inoiz iritsiko, Euskal Herrian ez baititugu Londres edo Paris bezalako gune populatuak. Beste batzuen iritziz haur hauek eskola publikoetan jarraitzen duten bitartean integratzeko ardura batzuen gain soilik eroriko da eta ez da gizartearen arazo bihurtuko. Iritziak dira honakoak, usteak, izan ere, haur etorkinen integrazio kontuez esperientzia handirik ez dago. Eskolan atzerritik etorritako gurasoen haurrak dituztenek, atzerriko haur adoptatu kozkortuak dituztenek eta bikote mixtoen haurrak dituztenek aurrez aurre egin dute topo gaiarekin. Haur bakan batzuen kargu egin direnek integrazioak dakartzan oztopo guztiei aurre eginez baliabide ekonomikoak, ikasleak, irakasleak eta gurasoak inplikatu dituzte. Etorkinak bitxikeria ez diren eskoletan gutxieneko plangintzak abian jarri behar izan dituzte.


NORI ESKATU LAGUNTZA.

Atzerritik datorren haurrak askotan beste hizkuntza bat hitz egiten du, gurasoek beraien kultura eta ohiturak erakutsi dizkiete haurrei eta ingurunea zeharo desberdina egiten zaie. Haur hauen integrazioa ez da arazo bihurtzen eskola bakarrean haur kopuru jakin bat biltzen denean soilik. Honetan esperientzia dutenek garbi dute heltzen den haur bakoitzak eskola "hankaz gora" jartzen duela. Eskolak ez daude horretarako prestatuta, baliabide ekonomikoak urriak dira, itzultzaileak hilabete batzuetarako soilik eskaintzen ditu administrazioak eta ezjakitasuna da nagusi. "Arazo berria"k desagertzera baino gehietzera egingo duenez haur etorkinak eskolan integratzeko prozesuei buruz tradizio handia duten herrialdeetara begira jarriak dira.

Estatu Batuetan eta Ingalaterran esaterako, esperientzia handia dute etorkin haurrak eskolaratzeko abian jarri beharreko ereduetan. Teoria mailan eredu bat baino gehiago landu dira eta baita aplikatu ere. Herrialde hauetan eredu bat ala bestea jartzen dute abian haurrak eskolan martxa egokia eraman dezan bide egokiena aukeratu dutelakoan. Urte askotako esperientzia duten herrialde hauek ere ez dute beti asmatzen. Ez da gauza bera atzerriko haurra hirian ala herri txikian bizitzea, eskolatik eskolara ere aldea dago, irakasle denak ez dira berdinak, gurasoak ere mota guztietakoak daude, eta zer esan haurrari buruz, ez daude bi ikasle berdin. Teoriak, plangintzak, tradizioak, esperientziak... denak balio du, baina Ingalaterran eta Estatu Batuetan, orain ere, haur etorkinen eskolaratzeak lan neketsua eta gogorra izaten jarraitzen du.

Lehen ere esan dugu Euskal Herrian milaka gutxi batzuk direla ikasle etorkinak, baina gizartea kezkatzen hasia da. Dena den, badirudi oraindik lozorroan gaudela milaka horiek gutxi iruditzen zaizkigulako edo agian herri eta eskola guztietara ohiartzuna heldu ez delako. "Hik Hasi" euskal heziketarako aldizkariko kideek 2001eko udako topaketetarako gai hau prestatu zuten. Ikastaro honetan partehartzaile ugari espero zuten eta azkenean bertan behera geratu zen ikastaroa oso jende gutxik eman zuelako izena.
D ereduko eskola publikoak biltzen dituen Sortzen-Ikasbatuazek berriz, Nafarroako haur etorkinak bere eskoletara erakartzea erabaki du eta horretarako kanpaina abian jarri berri dute.


ETORKINAK NAFARRAK DIRA.

Hala esan du behinik behin Sortzen-Ikasbatuazek Nafarroako haurren matrikulazio garaian abian jarri duten kanpainan. Kanpaina honetan hainbat ikastola, Oinarriak eta Euskara Kultur Elkargoak ere parte hartu du. Esaldi horrek zera esan nahi du: etorkinen haurrak nafar "borobilak" izango badira Nafarroako bi hizkuntzak jakin beharko dituztela, euskara eta gaztelera. Kanpaina abian jarri aurretik Nafarroako 25 eskolekin jarri ziren harremanetan proposamena luzatu eta bertako irakasle zein gurasoen iritzia jaso asmoz. Eskola hauek haur etorkinak eskolaratzeko plan hau onartu ahala (orain ari dira atxikimenduak lortzen eta bide onetik doa) etorkin komunitateei luzatuko zaie eskolen zerrenda. Informazio hutsa eskaintzeaz gain kontzientziazio kanpaina egiten ari dira. Etorkin komunitateetara hurbilduko dira eta D ereduko eskola publikoetan ikastearen onurak azalduko zaizkie.

Dagoeneko guraso hegoamerikarrentzat zuzendutako eskuorriak argitaratu dituzte. Seme-alabek hiru hizkuntza (euskara, gaztelera eta ingelesa) ikasiko dituztela nabarmentzen zaie eta esate baterako, beren haurrek euskara jakinez gero Euskal Herrian lana aurkitzeko aukera handiagoa izango dutela adierazten zaie. Kanpainaz arduratu den Ernesto Del sekin aritu gara berriketan gai honi buruz eta arabieraz idatzitako eskuorriaren zirriborroa erakutsi digu.
Ez da kasualitatea hegoamerikarrentzako eskuorria kalean izatea eta arabierazkoa kaleratzear. Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako "La población inmigrante extracomunitaria en Navarra 2000" izeneko txostena erabili dute Sortzen-Ikasbatuazekoek batez ere Iruñea eta Iruñerriko etorkinen ezaugarriak ezagutzeko, eta datuek hala diote: Nafarroan 7.952 latinoamerikar bizi dira, horietatik 5.014 Iruñea eta Iruñerrian. 3.809 magrebiar bizi dira Nafarroan eta Iruñea eta Iruñerrian 764. Nafarroako etorkinen erdia baino gehiago Iruñean eta Iruñerrian bizi da. Sortzen-Ikasbatuazen aldetik garbi dago bertako haurrak zein atzerritik datozenak D ereduan heztea dela egokiena. Ondorio honetara iristeko estatistikak dira gidari. Iruñea eta Iruñerriko haur gehienek kalean eta etxean gaztelera erabiltzen dute. Euskara bigarren hizkuntza da. Gaztelera ia nahigabe ikasten dutela esan daiteke. Beraz, D ereduak bermatzen du haur hauek euskara ikastea. Zer gertatzen da ordea ikasleak atzerrikoak direnean? Iruñea eta Iruñerriko etorkin gehienak hegoamerikarrak dira eta beraz, gaztelera badakite. Bertako haurrekin zein haur etorkinekin panorama bera dute: ama hizkuntza gaztelera dute. Ezaugarri hauek kontuan hartuta Sortzen-Ikasbatuazek egokiena haurrak zuzenean D ereduan heztea dela irizten dio.

Etorkina eredu hori egokiena denaz konbentzitzea ez da hain erraza ordea. Euskal Herrian bizi, euskara ikasi eta lau bat urtera Madrilera alde egiten badu familiak? Zertarako behar zuen euskara haur horrek? Galdera hauei erantzun nahian Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako lana hartu dute oinarritzat. Datuok diotenez etorkinen % 80ak Nafarroan segi nahi du bizitzen eta %65ak betirako geratzea erabaki du. Atzerritar hauen erdiak baino gehiagok seme-alabak ditu jaioterrian eta % 78ak familia ekarri du jada ala ekarriko du. Beren helburua integrazioa lehenbailehen lortzea da. Baina, haurrek irakaskuntza sisteman sartuta seme-alabek ama hizkuntza eta kultura galtzeko beldurra dute.
Hizkuntza kontuan hartuta integratzeko oztopoez aritu gara orain arte, baina haur etorkinak kultura eta ohitura anitz dute. Ernesto Del...sek aitortu digunez administrazioaren aldetik oraindik ez dago ezer planifikatua. Ingeles goiztiarra aplikatuko dute orain eta horri esker tutoreek asti gehiago izango dute etorkinekin aritzeko. Del...sek garbi dauka ordea ez dagoela ez materialik ez irakasle prestaturik horretarako.
Bitartean Iruñea eta Iruñerriko eskola publikoetako D ereduko eskolak ahal duten moduan antolatzen dira. Etorkinari harrera egokia egiten saiatzen dira, haur hauentzako egun bereziak direnetan (Ramadana adibidez) ikasgelan esaten dute eta orain adibidez, jangeletan bazkariak zerbitzatzen dituen enpresarekin musulmanentzako menu bereziak egitea adostu dute. Ez diete kultura eta ohiturak bazterrean uzteko eskatuko inolaz ere, "guk geurea defendatzen dugun moduan beraiek berea mantendu nahi dute".
Etorkinak integratzea ez da erraza eta inork ez du horrelako lanik bere gain hartu nahi.

Del...sen ustez administrazioak ez du kezka berezirik erakutsi etorkin haurrenganako. Eskola publikoetan sartzen ziren haurrak A ereduan. Orain D ereduaren aldeko kanpaina hasi du Sortzen-Ikasbatuazek eta Del...sek dioen moduan, "horrek ez dio batere graziarik egiten UPNri. D eredua saihesteko, horretarako bai, nahi dituzte etorkinak". UPNko buruzagi batek zera esan omen zuen Irurtzuneko kasua zela-eta: "D eredua nahi zuten ezta? Tori inmigrazioa!". Dena den, A eredua indartu nahi dutenek ez daukate erraza, horretarako etorkinak A ereduan lerratzeko kanpaina egin beharko baitute eta eskola publiko hauek jada ia etorkin guztiak hartzen dituzte, ghettoak sortzeko arriskuarekin.
Del...sek bota digu azken hitza: "Kontua da gaiari heldu behar zaiola jada esku artean daukagulako"


"IRAKASLEEK LAGUNTZA GUTXI, BORONDATE HANDIA ETA EGUNEAN EGUNEKOA NOAEDO HALA EGIN BEHARRA DUTE. GOGORRA DA"
María José Eguskiza irakaslea da eta duela urte batzuk eskola batean irakasle lanetan ari zela A ereduan haur etorkinek ingelesa ikasteko zailtasunak zituztela ohartu zen. Ahoz ederki moldatzen ziren, baina ahozko diskurtso akademikoa egiterakoan eta idazterako orduan ez. Hizkuntzaren alorrean aritzen zenez (ingelesa erakusten du) bigarren edo hirugarren hizkuntzak erakusteko metodoei buruz zerbait gehiago jakitea ez legokeela gaizki pentsatu zuten eskolan. Eusko Jaurlaritzari luzatu zioten proposamena eta urtebeterako Ingalaterrara joateko aukera izan zuen. Aurrez Eguskiza sei urtez bizi izan zen Ingalaterran eta Espainiako Enbaxadako Hezkuntza Sailean aholkulari lanetan aritu zen gaztelera irakasteko materialak eta ikastaroak sortzen.

Urtebeterako Ingalaterrara joan zinen. Irakasleok hizkuntzaren arazoa zela-eta kezkatzen hasiak zineten.
Etorkinak eskolatzen hasi ziren neurrian arazoaz arduratzen hasi ginen. Hemen etorkinei gaztelera erakusteko materialik prestatuta ez zegoenez nik Ingalaterran prestatu nuen materiala erabiltzen hasi zen hainbat eskola. Garbi esan nien atzerritarrei gaztelera erakusteko zela material hura eta ez haur etorkinentzat egokitutako materiala.

Oso orokorrean bada ere, bigarren hizkuntza ikasteko bi eredu aipatzen dituzu zuk prestatutako materialean. Zeintzuk dira?
Lehenengo eredua Australian erabiltzen dute batik bat, eta zehazki Victoria inguruan. Hauek haur etorkinak ikasi behar duen hizkuntza erabakitzeko arazorik ez dute, ingelesa erakutsi behar zaie. Horretarako eskolan gela bereziak dituzte. Helburu nagusia hizkuntza ikastea da eta beraz, ez daude beraien adineko haurrekin ikasgelan baizik eta ingelesa beraien moduan dakitenekin.
Bigarren eredua Ingalaterran erabiltzen da asko. Helburu nagusia haur etorkina bere adinekoekin eskolaratzea da. Hizkuntzarekin arazoak ditu, baina gazteagokoekin edo zaharragokoekin ikasten jarriz gero berari dagozkion mailako ikasgaiak ez ditu barneratzen. Gelan ez da ohikoena itzultzailearen laguntza izatea, irakasleak berak arreta berezia jartzen du ikasleak erritmo egokia har dezan.

Euskal Herrian zein eredu jarraitzen da?
Nik ezagutzen ditudan eskoletan bi ereduen arteko nahasketa egiten da. Egunero ordu batzuk ohiko ikasgelatik at egiten dituzte, hizkuntza lantzen. Hemen Ingalaterran ez bezala bigarren hizkuntza hori zein izango den aukeratu behar da, gaztelera ala euskara. Ohiko ikasgelan daudenean berriz, irakasleak hartzen du pisu handiena. Laguntza gutxi izaten du, borondate handia eta egunean egunekoa nola edo hala egin beharra. Gogorra da.

Zure txostenetan 50 hizkuntza biltzen diren eskola bat aipatzen duzu. Ingalaterran haur etorkinen kopuru handiak dituzte eta gainera duela urte dezentetik. Integrazio prozesua antolatuta dute, zailtasunak gainditu dituzte?
Baliabide ekonomikoak badituzte noski, baina inoiz ez dira nahikoa, ezta Ingalaterran ere. Esate baterako, Katalunian gai honen inguruan asko aurreratu dute. Material dezente dute prestatuta, haurra etortzen denean nolako harrera egin eta horrelako kontuekin. Paperak prestatzea ez da hain zaila, baina ikasgela beste kontu bat da. Euskal Herrian orain hasi gara kezkatzen eta ia ez dago ezer. Irakasleak ez daude prestatuta eta materialik ere ez dago.

Integraziorako oztopo nagusitzat hartzen da hizkuntza, baina etorkinak ez dira horregatik bakarrik guregandik desberdin. Ingalaterran bezala, urteetako esperientziak zer erakusten du?
Ingalaterran gizarte kulturanitzean bizi direla barneratuta dute (azaletik bada ere, gero, sakonean beste kontu bat da). Mikel Azurmendik edo Mugicak esandakoak entzunda gutxienez dimisioa eskatuko lukete. Hori gizartean, orokorrean eta eskolan horrelako planteamenduak egitea ere ezinezkoa da. Eskoletako hormetan hizkuntza ugaritako mezuak irakur daitezke nahiz eta hizkuntza horretako haur bat bera ere ez egon eskolan. Hemen urruti gaude egoera horretatik. Beltzekiko aurreiritziak ere barruraino sartuta ditugu eta horiek burutik kentzea oso zaila da. Informazioa, hitzaldiak, jardunaldiak... behar dira gure pentsakera moldatzeko.

Eskola publikoetan eta A ereduan pilatzen omen dira haur etorkinak.
Bai. Neurri handi batean arrazoi horregatik ez gara hasi kezkatzen gai honen inguruan. Eskola batzuetan biltzen dira guztiak eta eskola hauek dute arazoa. Hori ez da zilegi. Gainera, kontzentrazio maila hauek horrela iraun dezakete haur etorkinen kopurua ez delako izugarria. Baina, integrazio arazo hauei heltzeko garaia orain da. Etorkinak oraindik oso gutxi dira eta beraz, orain askoz errazagoa da irtenbide benetan integratzailea bilatzea


Azkenak
Sail Ofiziala. 8.eguna
Sinets nazazu


Elon Muskek bilatzen ditu Trumpen botoak AEBetako estatu giltzarrietan

Munduko gizon aberatsenetakoa den Elon Muskek bultzatzen du America Pac ekimen politikorako batzordea, The Guardian-ek jakinarazi duen arabera. Bere zeregina da AEBetako hainbat estatu giltzarritan Donald Trump-entzat botoak biltzea.


700 hildakotik gora Libanon eta Israelen lurreko erasoa gero eta gertuago

Israelek jarraitzen du Libanoko hegoaldeari eta Beiruteko hainbat auzori airez eraso egiten eta, nazioarteko eragileen deiak gero eta handiagoak badira ere, oraingoz ez da su-etenerako aukerarik ikusten.


2024-09-27 | Gedar
Palestinako Agintaritzak erresistentziaren kontra betetzen duen lana salatu dute berriz milizianoek

Palestinako Agintaritzaren segurtasun-indarrek rol aktiboa dute erresistentziako kideen kontra: jazarpena, lapurretak, boikotak eta abar aipatu dituzte, beste behin ere.


Anglosaxoi hitza arrazista da?

Nottinghameko Unibertsitateak Anglosaxoiei eta Vikingoei buruzko Ikasketak masterrari izena aldatu dio: Ingalaterrako Goi Erdi Aroko Ikasketak. Cambridgeko Unibertsitateko Anglo-Saxon England Journal aldizkariari ere izen aldatu zioten lehenago: Early Medieval England Journal... [+]


Victoria Woodhull, lehen hautagaia

New York, 1970eko apirilaren 2a. New York Herald egunkariak Victoria Woodhull (1838-1927) ekintzaile eta brokerraren eskutitz bat argitaratu zuen, 1872ko AEBetako presidente hauteskundeetarako hautagaitzaren berri emanez. Inoizko hautagai gazteena zen; 34 urte izango zituen... [+]


2024-09-27 | Ahotsa.info
Urtarrilaren 11n izanen da presoen etxeratzeko ohiko hitzordu nazionala Bilbon

Datorren urtarrilaren 11n Bilbon Sare Herritarrak deitutako mobilizazioaren leloa “Behin betiko konponbidea” izanen da, eta urtero bezala milaka lagunen babesa espero du Sarek.


2024-09-27 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia 7.eguna
Bikaintasun esplikagaitza, berriz


Zaintza eta euskara: “Korapilo handia” askatzeko tresnak bilatzen

Euskalgintzaren Kontseiluak Zaintza eta euskara. Sareak eraikitzen jardunaldiak egin ditu irailaren 26an, Donostian. Idurre Eskisabelek, Kontseiluaren idazkari nagusiak, lehen hitzaldian adierazi du “urgentziazkoa” dela gaiari heltzea. Jardunaldien helburua ez da... [+]


Antena 3 telebistak Donostiari buruz egindako erreportaje “arrazista eta sinplista” salatu dute

Antena3 telebista kate espainiarreko Espejo Público saioak erreportaje sentsazionalista bat eman zuen asteazkenean, Donostiako ustezko segurtasun faltaren inguruan eta fokua gazte magrebtarretan jarriz. Erreportajea publikoki salatu du Kaleko Afari Solidarioak (KAS)... [+]


2024-09-27 | Euskal Irratiak
Amaia Fontang
“Hau da etorkinen geroa gobernu berriarekin: kontrola, kanporaketak eta kriminalizazioa”

"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]


Eguneraketa berriak daude