«LITERATURA FUNTSEAN BIZIO PERTSONALA D A»


2021eko uztailaren 23an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Hedabideetatik urrun bizi den pertsona antzo agertu digu Patziku Perurenak «Trapuan Pupua» liburuaren azala. Azalean leizezulo bat azaltzen da. Begiratua kobazuloaren barrendik kanporantz doa: «Begiratu hori gustatzen zait: barrendik kanporakoa, orain dena axaletik begiratuz bizi bada ere jendea. Koadroaren ezker aldean, gizaki ttiki batzuk ageri dira, eskuineko ezkil hotsaren bila larrituak, erdiko malkorrean amiltzera doazela. Ezkilak, gaur egungo inbasio mediatikoa adieraz lezake».

«Trapuan pupua» izenburuak zer adierazten digu?
Gizakiak berak ematen diola minik handiena bere buruari. Gizakia bera bezain zaharra den gaitz horrek, euskal giro gaiztatu honetara ekarrita ere, berdin balio du. Min guztia kanpotik badator, edo ez dugu zinezko oinazerik edo oinaze faltsua sortzen ari gara. Hori da, batez ere, tituluaren mezua. Nik ttikitatik aditua dut etxean, eta ez Madrilen:«Bi sosen pupua eta lauen trapua».

Minez bizi ote da Patziku Perurena?
Mina behar beharrezkoa da; bizitzeko bizimina behar da. Mina bizia da eta bizitasuna mina. Baina ez inondik ere, inperio demokratiko mainontzi honek saltzen diguna, hori ez da mina. Niri min bizia gustatzen zait, biziari darion mina; gaurko gizarte antsikabe honen dunduri tristeari, ordea, negar zuriaren kiratsa dario alde guztietatik.

Liburu hau erdiminez sortu ote?
Hasieran Txalapartan argitaratzekoa zen. Gari Berasaluzerekin, ustez, bideratua neukan dena. Bien bitartean, «Nafarkaria»n idazten segitzen nuen. Tarte horretan, Eduardo Gil Berak idatzi zidan gutun bat, «Egunkaria»koek idazteko eskatu eta argitaratzen ez zioten artikulu baten berri emanez. Irakurri nuen, eta kasik bat nentorren artikuluarekin. Ez nion inolako grabedaderik harrapatu, ez publikatzeko. Neure artean pentsatu nuen: «Hau ezin diat hola utzi, hau keinu ttiki bat bezala duk». Eta «Nafarkaria»ra bidali nuen bi puskatan. Aurrenekoa atera zidaten, tranpatxo batekin, baina, bigarrenean, «et! et!...» esan nien, eta segituan isiltasuna adoratzera bidali ninduten.

Eta?
Txalapartako Gariri esan nion, «Nafarkaria»tik bota nindutenez gero, falta ziren artikulu pizarrak sartu, eta denak ateratzea zela egokiena. Baiezkoan gelditu ginen. Baina, liburuaren «Apologoa» zela-eta, laster iritsi zitzaidan zentsura kontua Durangotik bueltan, atzera botatzeko agindu eman ziotela «Egunkaria»tik. Hura nire amorrazioa, lehenaz gain. Orduan egin nuen erregu: «Ospa pistolapeko esklabo tarte honetatik!».
Urtebete luzean horrela, eta gero Erein argitaletxean zentsura arazoak berriz ere: huskeria batzuk, baina mingarriak. Garbi esanen dut, txiripa bategatik atera da liburu hau Ereinen, eta Iñaki Aldekoaren botoagatik balitz, oraindik zokoan zegokeen. Gainera, nik uste nuen Iñaki Aldekoa literaturaz gustu puska bazuen editorea zela, eta, batez ere, horretarako zegoela Ereinen, baina, ohartu naiz azkenean diruzain hutsa dela. Putreak baino okerragoa da euskal literaturaren itzalpean dabilen jendaje hau dena, eta zoztorrik ez zaio inporta literatura. Pamiela da nik inoiz sosik eskatu eta kobratu ez dudan etxe bakarra, eta inolako istilurik izan ez dudana, eta beti poztuko naiz horretaz.

Gaitzetsia sentitzen zara orduan?
Ez, ez, lasai. Ni ez naiz auzora negar kontari abiatuko. Horixe da neure urguilu tonto bakarra: «euskañol txulotuok» baino euskaldun zintzoagotzat daukadala nire burua. Liburuan zehar, tarteka, eta azkeneko «Apologoa»n bereziki, azaltzen da erresumin hori. Gordeko banu, txoil aberastu eta miserabletuko bainintzake ni ere.

Hitzaurrea Mikel Olanok egin dizu.
Bai, Mikel donostiarra da, filologoa; eta ni filologoen aurkaria. Ni herri hizkera bizitik natorrena, eta Mikel paper politetik. Elkarrekiko espak ageri dira hor, donostiar baten estilora disimulatuak. Nik konprenitzen dut, baina Mikelek ez nau sekula konprenituko ni. Goizuetatik Donostia ikusten baita; Donostiatik Goizueta ez. Hori da zinezko euskaldunon bentajatako bat. Den dena ere ez dugu kontra, ez pentsa!

Voltaire, Bitoriano Gandiaga eta Joseba Sarrionandiaren aipuak paratu dituzu liburuaren sarreran.
Aipuak, artikulu bakoitzaren sarreran ere sartu ditut franko, irakurle motelentzako ziztagarri gisan edo. Liburuarekin hasi eta argitaratu arterainoko bide luzean leitu ditudan gustuko idazle batzuren pasarteak dira. Badira, Montaigne, Herodoto, Horazio, Hölderlin, Nietzsche, Baroja, Orixe, Andima eta beste askoren aipuak ere, tarteka. Beste asko Gil Berarenak eta Sarrirenak dira. Tunel luze honetan, inork ez bezalako kategoria erakutsi baitit Sarrik. Hori eta gehiago ere zor nion.

Nola atzeman duzu «Lagun Izoztua» bere lehen eleberria?
Betiko Sarri dago liburu horretan. «Izuen gordelekuetan barrena» hasi eta geroko bere poesigintza guzian nabarmentzen diren arantzak ageri dira tarteka. Maitemin ezin haragitua: hori da Sarri, eta hori da nonahiko eta betiko poeta. Nobela edo narrazio, berdin dio, barren-barrengo poeta ateratzen zaio beti Sarriri. Honetan ere baditu pasarte zoragarriak, asko; nola esaten du bada...: «Flotean dagoen guztiak antinaturala dirudi. Kortxoak, egurrak, botila hutsak, naturalki dena hondora jausten baita». Zer metaforaren ederra, euskal demokrazia ustel honetan flotean dabilen edozeinentzako. Edo psikologoen antzutasuna salatzen dueneko hura:«Izen bat eman nahi diozu, izen hutsarekin gaitza sendatuko duzulakoan». Edo mapei buruzkoa, edo beste mila pasarte zoragarri.

Behinola, Benardo Atxaga, literaturaren monarkikotzat jo zuten, literaturarekin duen konpromisoa kritikatuz. Berak, berriz, literaturaren esparruan betiere, Sarri aristokratagotzat jotzen zuen.
Alfer alferrik da elkarren teman ibiltzea, interes politiko-komertzialen gainetik gustu kontua dago, izaera kontua. Literatura funtsean bizio pertsonala da. Eta Atxaga eta Sarri, izaeraz eta esperientziaz guztiz desberdinak dira. Niretzako Sarriren bizimina, askoz nobleagoa da, finagoa. Atxagak askoz artifizio gehiago du, eta hori nabaritu egiten da. Koldo Izagirrek ere Sarrik baino askoz artifizio gehiago du, eta konpromiso sozial nabarian, inor izatekotan, Izagirre dabil, Aitzolen dizipulu gisan edo.

Bertsolariekin ere zorrotz segitzen duzu. Andoni Egañarekin eta, funtzionarioak direla-eta...
Andoni Egañaren posea bertsolaritzan, Bernardo Atxagarena literaturan bezalatsu ikusten dut. Zinez harritu egin nintzen «funtzionario kontu» hura, zeinek eta Egañak gaizki hartzea. Horrek erakusten du ederki, gure artean zentzu kritikoa zenbat moteldu den. Galdera oso sinplea da:«Zein bertsolari ari da gaurko merkatuan, bere grinez libreki bertsotan?». Inor ez. Denak aurretik antolatua dagoen sare ofizial baten zerbitzuan ari dira. Gizonaren bihotza ez zen merkatuan saltzeko egin: edo zaintzen duzu edo publikoari saltzen diozu. Ez dago beste biderik.

«Nietzsche gugana ezinean» artikuluan Joxe Azurmendiri kritika zorrotzak egiten dizkiozu. Bakarrik Gil Bera salbatzen al da?
Zarpail samar bai, baina, nahi duenak ulertzeko moduan. Ez dut deus Joxeren kontra. Gehienak okerragoak dira gure artean. Baina, euskal apaiz laikotu iraultzaileok badute halako zera bat. Esate bateko, askoz meritu handiagoa du niretzako, Orixek jesuiten barrengo hierarkiaren aurka erakutsi zuen tinkotasunak. Eta nork edertu du Miranderen mina, Gil Berak egin duen indar biziarekin? Gure artean inork ezin izan du sortu «La Ahijada» ikaragarri hori. Itsua behar du, hori ez ikusteko, edo miserablea ez ikusiarena egiteko. Eta hor ari da Txomin Peillen bera, argazkia dela, traizioa dela, isildu gabe. Ez genuke nahasi behar ordea, gorputz desegin batekiko erruki zikinetik bizi dena, eta haren arima bizia erakutsi nahian galtzen dena



«Lurra da niretzat lehenbiziko liburua, beti hankapean zabalik dugun liburua»
Goizuetarra zara izatez. Nerabezaroaz geroztik, berriz, Leitzan bizi zara. «Trapuan pupua» liburuan petxero eta hidalgo kontuak aipatzen dituzu bi herriak nahastuz. Petxero ote dugu Patziku?
Leitza kalea da, hiriaren sinbologia du niretzat. Goizuetak berriz, basoaren sinbologia, eta ni erabat basoaren aldekoa naiz, Leitzan ere, kalean baino gehiago basoan bizitua. Nire bihotza basokoa dela uste dut, han gozatzen baita beste inon ez bezala. Leitza hidalgo konplexu izugarria duen zuri-herria da, bere tamainatsuko gehienak bezala; hagitz entretenituak izaten dira Iruñea eta Donostia aldetik «leitzarrismoa» egitera etortzen diren burges ttikion ibilerak eta espak, eta horien arrimora biltzen direnen artekoak. Goizuetari beste inozentzia bat nabari zaio oraindik: larrejende sinesgaitz horren bizitasun sano eta argia, baina, zorigaitzez, han ere asko ari da galtzen.

Lurrari buruzko aipamen asko ageri da liburuan.
Lurrarekiko harremana ez dut egundo galdu. Lurra da nire lehenbiziko liburua, beti hankapean daukagun libururik zaharrena eta zintzoena. Orain oso modan dago «ciudadano del mundo» izate hori, baina herrixka batean jaio izateak bihotzari halako erro sakon batzuk ematen dizkio, eta erro horiek galtzen dituenak, esan liteke abereak baino beherago bukatzen duela azkenean.

Uraren soinua aditzen ere segitzen duzu?
Uraren eta haizearen sinfonia dira nik inoiz entzun ditudan sinfoniarik guztizkoenak, horiek ez dizkizu inork plagiatuko. Zorionez, Leitzan ni bizi naizen etxea joaz pasatzen da Gorriztaran erreka, eta negu minean ezin dut leihorik ireki, baina hotzik handienak pasatzean, leihoa irekita, uraren sinfonia adituz hartzen nau loak.

Zer berri da «harripilatan ezkutatzen zeneko apo tipi» hartaz?
Oraindik ere, edozeinekin hizketan hasi eta ohartzen naiz, burutik bihotzera dabilzkidan ideiak mingainean galdu egiten zaizkidala. Frustrazio horregatik hasi nintzen idazten. Neure burua engainatu nuen orduan, hitza letra bihurtuz neure sentiera arrotz hura adieraztera iritsiko nintzelakoan, baina, ezina gero eta nabariago sumatzen dut. Literatura horixe da: minaren esan ezina, ezin esanaren mina, Orixek hain ederki esan bezala


Azkenak
Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


Eguneraketa berriak daude