Beti ere ezkerraldean itsasoa dugula, Sokoa herritxo arrantzalera iritsiko gara, eta segituan Ziburun sartu, betidanik Donibane Lohizunerekin lehian ibili den Maurice Ravel konpositorearen jaioterrira.
De Gaulle zubia igarota Donibane Lohizunen sartuko gara. Hau kostalde honetako herririk girotuena da, erdi arrantzale erdi turistikoa. Erdialdean Louis XIV. plaza, Republique eta Gambetta kale tipikoetatik eta itsasoari begira hondartzan zehar itsasargitik Santa Barbara naturguneraino ibilera oso atseginak burutu daitezke.
Donibane zeharkatu ostean, 3 kilometrora ezkerrera Erromardie hondartza dugu. N 10 errepidea jarraituz, Donibane Lohizunetik 6 kilometrora Getaria dago, eta ezkerrera egingo dugu herri sakabanatu honen erdigunean sartzeko. Herriko Etxeko enparantza, pilotalekua eta eliza Lapurdiko estilokoak dira, eta euskal txaletekin batera multzo polita osatzen dute.
Hiru hondartza ditu segidan: Cenitz, Harotz Costa eta Parlementia. Lehen bien artean portua dago. Hondartzen gainean, begiratoki batetik eta itsasargitik ikusteko paisaje politak. Saraleginea museoan margo, eskultura eta arkeologia aztarnak ere ikusgai ditugu. Ordutegia: egunero (astearteak ezik) 14:30etatik 18:30etara maiatzetik urrira. Sarrera: 1,52 euro.
N 10 berriz hartuz, 2 kilometrora Bidarteko sarrera dugu ezkerrera. Zuzen eta gorantz nekazal herri honen erdialde txikiraino ailegatuko gara. Herriko plazak lapurtar enparantzen xarma gordetzen du, Herriko Etxe, frontoi, eliza eta hilerriak osotasun oso atsegina eratzen baitute. Plaza bertatik irteten den Rue de la Madaleine jarraituz, St. Madalena kaperara iritsiko gara, labarren gainean. Hemendik, bistak ederrak dira, eta ilunabarrak zoragarriak.
Hondartzak basatiak eta garbiak dira: Parlementia (surferako egokia), Ouhabia (zikinagoa eta erabiliena), Zentrukoa, Erretegia (kala basatia), Pavillon Royal eta Ilbarritz, azken hau ia Miarritzeko lurretan.
DONIBANE LOHIZUNE
Urdazuri ibaiaren bokaleko lurmutur batean kokaturik, Sokoa eta Zibururekin badia bat osatzen duen herri hau lapurtar kostaldeko koloretsu, animatu eta politena da, eta horrenbestez turistikoena ere bai.
Historian atzera joz
Donibane Lohizune Erdi Aroan Santiagoko Bideko erromesen ospitale izan zen, eta hortik garrantzia hartzen joan zen. XV. mendetik aldiz, Ternuako bakailaoarentzako portu garrantzitsu bihurtu zen. Izan ere, lehenbizi balearen edo bakailaoaren arrantzan eta geroago kortsarioen jatorri izateagatik, Donibane Lohizuneren historia beti itsasoarekin lotua egon da.
Itsasoko merkataritza garaian, Haraneder, Xiban eta Hetchepare kortsario ospetsuek kostalde hau "sugegorri habia" bihurtu zuten, Lapurdi gehiena kontrolatzen zuten ingelesen esanetan. Nafarren eta espainiarren erasoak jasan behar zituzten, eta hauek 1558an eragindako sutean Ezkerraenea etxea besterik ez zen salbatu.
XVII. mendean oparotasun garairik onena etorriko da. 1660an gertakizun garrantzitsua ospatu zuten. Louis XIV. ("Eguzki-Erregea" izango zena) eta Maria Teresa de Austria infanta espainiarra ezkondu ziren.
Bestalde, itsasoak ezbeharrak ere ekarri dizkio, bere erasoek hiriaren erdia baino gehiago suntsitu baitzuten. Azkenean, XVIII. mendean egindako lanekin sostengatu ahal izan zituzten eraikinok.
Ikustekoak
Hiriaren bisitaldia hasteko lekurik onena Turismo Bulegoa da, Ziburutik gatozela ezkerrera. Honen alboan arrantza portua dugu, eta atzean Ziburu.
Kale bat harantzago Louis XIV. enparantza animatua dago, erdian kiosko ikusgarria duela. Bertako Mokoenia jauregian ostatu hartu zuen Frantziako errege izango zenak, ezkontze garaian eta hortik datorkio izena plazari. Udan goiz eta arratsaldez bisita daiteke, igande goizetan ezik (helduen sarrera 3,8 euro). Alboan 1635eko Herriko Etxea dugu. Iraultza garaian gillotina-"egoitza" izan zen.
Plazaren eskuinaldean oinezkoentzako Rue Gambetta hasten da, oso girotsua eta dendaz beterik. Oroigarriren bat erosteko leku egokia duzue. Karrikaren erdialdean gutxi gorabehera, Saint Jean Baptiste eliza dugu, erromanikoa eta gotikoa. Barrualdea ederra da, gizonezkoentzako galeriak, organoa, erretaula barrokoa eta egur landuzko sabaia ditu.
Bertan izan zen ezkontza ospetsua, eta ohartzen bazarete, sarrera nagusiaren eskuinaldean ezkontza burutzeko erabili zen atea adreiluz estalita dago. Sakristian erregeak utzitako oroigarriak daude.
Gambettarekiko perpendikularki edo paraleloki beste kale tipiko eta animatu batzuk ere ateratzen dira: Garat, Etchegaray, Rue du Midi... Louis XIV. plazara itzuliz, eskuinaldera adibidez, Rue de la République txikia dugu, eta bertako jatetxeen artean 17.ean lehen aipatutako Ezkerraenea etxea dugu, 1558ko sutean salbatu zen bakarra.
Hemen zera proposatzen dizuegu; plaza zeharkatu eta portua Infantaren kaitik inguratzen hastea. Bertan Haraneder edo Joanoenia Etxea dugu, "Infantaren Etxea", ezkondu aurretik Maria Teresak ostatu hartu zueneko tokia.
Eraikinaren atzealdean, Mazarin kalean, Grevin museoa dugu, Donibaneko hainbat pertsonaia eta gertakari (errege-erreginen ezkontza ere bai noski) aurkezten dizkigun argizari museoa. Zabalik dago apiriletik urrira arte 10:00etatik 12:00ak arte eta 14:00etatik 18:30ak arte (uztail-abuztuan 14:00-20:00). Asteburu eta eskola oporretan 14:00etatik 18:00ak arte. Helduen sarrerak 5,34 euro balio du eta umeenak 2,67 euro.
Kalearen 2.ean Granga Baïta etxea dago, Wellington generalak kuartel nagusia kokatu zueneko etxea. Kalean XVII. eta XVIII. mendeko beste eraikin interesgarri batzuk ere badira.
Kaira itzuliz, handik gutxira itsasargira iritsiko gara, badia osoa eta Sokoako gotorlekua lasai behatzeko toki aproposa. Hemen hondartza luze-ederra hasten da, eta honen atzeko dike bitxia. Ez da oso ohikoa horrelakorik ikustea hondartza batean, baina horrela Donibane Lohizunek itsasoaren erasoak askoz hobeto jasan ditzake. Jar ezazue arreta lehenbiziko etxeetara iristeko dauden aparteko zubi pasabideetan.
Dikearen gaineko ibilbide atseginean hondartzaren erdialdean kasinoraino iritsiko gara. 1928an eraiki zen, arts deco nouveau estilo abangoardista du eta hondartzan trabatutako itsasontziaren itxura dauka. Hondartzaren bukaeraraino jarraituz, Santa Barbara mutur eta naturgune ederreraino iritsiko gara.