Ekaina arte luzatu ez balitz, dagoeneko Bake Konferentziaren azken txanpan egongo ginateke. Luzatzeak konferentzia hobeto amaitzeko aukera emango du?
Denboran luzatzearen arrazoia PSE-EEri parte hartzeko aukera handiagoa ematea da eta horrez gain, gizarte bultzada eta babes ekonomiko handiagoa lortze aldetik ere aukerak zabaltzen dira. Lau mobilizazio egingo dira lau hiriburuetan eta, oro har, Bake Konferentziari amaiera indartsu, sendo eta ona emateko aukera zabaldu da. Aste Santutik ekaina arte parte hartze soziala, eztabaida soziala eta alderdien orrialdearen emaitzak -baldin badaude- ezagutzeko aukera izango dugu.
Alderdien orrialde horri dagokionez, une zailak eta blokeo egoerak izan ei dira. Orain arte, ondo gainditu al dira?
Elkarrizketa sakon guztietan bezala, dialektika logiko bat eman da. Hau da, jarrera positiboa egon da eta korapiloak eta eztabaidak ere bai. Moderatzaile taldea eta alderdien artean sortu da elkarlan, komunikazio eta eraikitze harreman bat eta gu pozik gaude alde horren abiadarekin. Ez dakit blokeo egoera esango nukeen, gehiago esango nuke une arinagoak eta geldoagoak. Oraingoz ongi doa eta ikusiko da azken emaitzak zein partaidetza eta sakontasuna duen.
PSOEren nolabaiteko onespen bat lortu duzue, sektore batzuen aldetik behintzat, eta esan liteke mundu sinboliko hori ordezkatuta dagoela Konferentzian. Eta PP?
Hori da oraindik zintzilik dugun esparrua eta erronka. PP da honetan konfiantzarik ez duen bakarra eta prozesuan zehar egin dugun bezala, amaierari begira saiatuko gara PPren parte hartze maila bat lortzen. Herri honetan indar sendo bat prozesu batetik kanpo geldituz gero, akordioak ez dira eraginkorrak eta, bistan da, PP-UPN herri honetako indar sendo bat da. Guk oraindik ez dugu amore eman.
Ez dirudi erraz duzuenik, ezta sinbolikoki ere.
Ezaguna da PPren eredua eta honek dituen mugak. Baina politika ñabarduren erresuma da, eta alderdi guztien artean bake prozesua bultzatzeko abiapuntu bateratua bilatze horretan, bilatuko genuke zerbait PP ere erakartzeko.
Bake Konferentzia hau eta 1995ean egin zenutenaren arteko zer desberdintasun ikusten duzu, oro har esanda?
Oraingo Bake Konferentzia mugatuagoa, zehatzagoa eta bizi dugun garaiarekiko egokiagoa da. Orain ez da letra handiz idatzitako irtenbide hori bilatzen, irtenbiderako printzipio eta bermeen elkar trukatze eta finkatze bat baizik. Bestetik, oraingoan indar politiko gehiagok parte hartzen du eta Nafarroako indarren parte hartze aldetik ere zabalagoa da. 1995ekoak elkarrizketa eta alderdi guztiak foro batean ikustearen islatze grafikoaren indarra izan zuen. Oraingoa, halaber, parte hartze sozial zabal eta sendoaren gainean oinarritu da, eta horrek zilegitasuna eta indarra ematen dio.
Udal hauteskundeei begira, PP eta PSOEko zerrendetan joateko eskaintza egin duzue. PPk gaizki hartu du proposamena eta PSOEk ongi. Eman al dizuete sozialistek erantzun zehatzagorik zerrenden osaketa dela-eta?
Egoera berezi eta larri baten aurrean Elkarrik bere ekarpena egiteko jarrera azaltzen du honekin. Beste egoera berezi eta larri batzuen aurrean ere berdin egin izan dugu. Hau nola gauzatuko den? Ez dakit, oraindik denbora asko falta da eta oraingoz eskaintza besterik ez dugu egin. Honek aurrera eginez gero, agian azterketa sakonagoa eskatuko luke, nola egin, agian beste talde batzuk sartu...
Keinu sinbolikoa mundu baterantz. Dinamika bat sor dezake honek, eta agian behartuko zaituzte giza eskubideak urratzen diren beste eremu batzuetan ere antzerakoak egitera.
Zalantzarik gabe, eta historian zehar egin izan dugu, bai Alternatiba Demokratikoaren ETAren bideo ospetsu harekin eta baita HBren Mahai Nazionala espetxeratu zutenean ere. Aurrerantzean mundu honetan ere halako egoerak sortuko balira, Elkarrik bere jarrera hitzetatik ekintzetara eramango luke.
Gai honekin lotuta dago udal hauteskundeetarako zerrenda bateratuak osatzea. Zer iritzi diozu proposamenari?
Elkarrin oraindik ez dugu horren inguruko hausnarketarik egin. Dena den, aukera politikorako askatasuna eta adierazpen askatasuna oinarrizkoak dira bai demokrazian, bai elkarrizketarako eta baita bake prozesurako ere. Edozein eratan, guk uste dugu irtenbideek denboran sostengarriak izan behar dutela eta ez bat-batekoak. Aztertu beharko litzateke hau sostengarria den ala ez.
Autodeterminazioaz asko hitz egiten da azken boladan. Zuek ere, besteak beste, horretaz jardun duten quebecdarrak ekarri dituzue Euskal Herrira. Autodeterminazioak, azken finean, gizarte batek erabakitzen duela adierazten du. Alderdiak lantzen ari diren orrialde horretan, gai horretara heltzeko kontsentsuak ari al dira zabaltzen?
Hori da erronka, baina kontsentsuak gaur egun seguruenik ez dira edukietan oinarrituko, printzipio eta prozeduretan baizik. Gure ustez, badago eremu komun bat Euskal Herrian, alderdi guztiek har dezaketena abiapuntu gisa, eta jakina, arazo politikoari heldu behar dio; hau da, gizarte anitz batek bere etorkizuna definitzeko unean zein printzipio eta zein prozeduretan oinarritzen den. Hor dago koxka.
Quebecdarrak eta irlandarrak ekarri dituzue Euskal Herrira. Zer ikas dezakegu Quebecetik eta zer Irlandatik?
Quebecetik ikas dezakeguna: bat, proiektu guztiak dira zilegiak; bi, demokraziak, zuzenbideak eta politikak baditu nahiko tresna, soberania, identitate eta hizkuntzaren inguruko gatazkei irtenbide positibo, dinamiko eta eraikitzaileak emateko; eta hiru, sakoneko banaketak dituzten gizarteek negoziazio iraunkorra ohitura gisa barneratu behar dute eta hori gero maila juridiko politikora eraman.
Eta Irlandatik?
Elkarrizketa, politika eta alderdi guztien arteko negoziazioak, sufrimendua alboratzeaz gain, borroka armatuak ematen ez dituen emaitzak eskaintzen ditu. Gatazka armatu batetik bake prozesu bat nola sortu, hori da Irlandaren eredua.
Bi eredu horietan, dena den, autodeterminazio eskubidearen nolabaiteko ezagutza onartu da, nahiz eta honi buruz ere irakurketa desberdinak dauden. Hemen oraindik, onarpen maila horietatik urruti gaudela dirudi.
Ez bere konstituzioan ez legedian, Kanadako Konstituzioak ez du autodeterminazio eskubidea zehazki onartzen. Kanadako Auzitegi Gorenaren ebazpen ospetsuan Konstituzioaren hainbat printzipio sakon aipatzen da eta egoera desblokeatzen laguntzen dute: federalismoa, demokrazia, gehiengoaren borondatea eta gutxiengoekiko begirunea, eta konstituzionalismoaren nagusitasuna. Beraz, Quebecen ez dute autodeterminazio eskubiderik aitortua legedian, baina autodeterminazioa gauzatzeko zenbait tresna dute, besteak beste, herri kontsultak egiteko ahalmena, eta herritarren gehiengoak banaketaren aldeko hautua eginez gero, Kanadak hori ahalbideratzeko negoziazio prozesu bat zabaldu beharko duela dio. Hemen, sarritan autodeterminazioaren ezagutza zehatzaren bila egon gara eta hemen ikusten da printzipio sakonen garapena beste era batzuetan ere egin daitekeela.
Autodeterminazioa dela eta, nahi den bezala garatu daiteke Irlandan eta Quebecen duten ahalmen maila. Dena den, zeharka besterik ez bada ere, kontua da badutela eskubide horrekiko ezagutza bat, eta hemen ezagutza maila horietatik oso urruti gaudela.
Bai, hemen urruti gaude, eta aztertu behar da hurbilpen hori nola egin daitekeen. Hori bakarrik egin daiteke demokrazian sakonduz eta giza eskubide guztiak errespetatuz, bai bizitzarena bai kolektiboena. Hori da erronka, hori juridikoki nola islatzen den eta gero nola gauzatzen den.
Ekaina hor dago, nahiko gertu, eta Elkarrik beti egiten du diskurtso positiboaren alde, baina bizi dugun egoera ikusita ez dirudi baikortasunerako tarte gehiegirik dagoenik. Edo bai?
Elkarriren aldetik baikortasunerako jarrera gure gizartearen ezaugarrietan oinarritzen da: parte hartzea, dinamismoa, mobilizazio ahalmena... Hor nahiko energia dago egoerari buelta emateko. Horrez gain, etorkizuna bera ere idatzi gabe dago, orrialde zuri bat da, eta errealitatea lantzen dugun arabera etorriko dira emaitzak. Horrela jarraitzea ez da jasangarria euskal gizartearentzat.
Aurreko hamarkadaren hasieran ere, Elkarri sortu zenean, egoera jasanezina zela aipatzen zen.
Gero eta jasanezinagoa da eta guk uste dugu bake prozesuaren beharrean gaudela eta hau ezin dela urteetan luzatu.
Bake Konferentziaren hasieratik aipatu izan duzue ekimen honek bake prozesuaren bidean urrats bat izan nahi duela. Emango al da urrats hori gizartea eta alderdi politikoei dagokienez?
Nik uste dut baietz, erronka da ea alderdi guztiekin emango den. Bat kanpoan utzita errazagoa da, baina gure erronka urrats hori alderdi guztiekin egitea da, bai Batasuna bai PP