ARMA HOTSIK GABEKO GERRAREN JARRAIPENA


2021eko uztailaren 27an
Aurtengo urtarrilean bete da Askapen Nazionaleko Armada Zapatista (EZLN) matxinatzen hasi zeneko zortzigarren urteurrena. 1994ko urtarrilaren 1ean altxatu zen armetan, Mexikoko herri indigenen eskubideak aldarrikatuz. Martxoko hilabete honetan bete da, halaber, Zapatisten Lehenengo Ibilaldiaren edo Bakearen Karabanaren urtemuga. Halaxe da, bai, iaz iritsi ziren azteken hiriburuko Kongresuko tribunaraino, eta orduantxe entzun zen lehenengoz EZLNko komandante indigenen ahotsa. Gasteizen bizi diren bi euskal herritarrek -langile erretiratuak biak, dagoeneko- hilabete eman dute zapatisten matxinatokiaren erdi-erdian, eta sortu zaizkien gogoeten berri eman digute.

Imanol Olabarria Bengoa dugu mintzalagun eta Jesus Fernandez Navesek iritzi artikulua idatzi digu. Biak entzute handiko borrokalariak dira, duela 15 urteko martxoaren 3ko egun historikoaz geroztik. Hilabete pasatu dute Mexikon, zapatisten matxinatokiaren bihotz-bihotzean. Han, La Realidad inguruan, San José del Ríoko komunitatean bizi izan dira, eta harreman handia izan dute zapatisten mugimenduarekin eta mugimendukoekin; hau da, gertutik ezagutu dute orain dela urtebete indigenen eskubideen defentsan azteken hiribururainoko ibilaldia egiteagatik hedabide guztietan aurre-aurrean azaldu zirenen higikundea. Langile hauek ez ziren turista gisa joan Chiapasera. Gasteizen, laneko eta borrokako modu jakin bat hobetsi zuten bere garaian; langile batzordeen, batzorde herrikoagoen eta zuzeneko demokraziaren alde egin zuten beti. Orduko esperientziaren arra barruan, Chiapaseko errealitatea ezagutu nahi zuten, hango lagunena eta zapatisten mugimenduarena, eta, era berean, esperientzia trukatu. Orain, gogoetan aritu ondoren, ARGIA aldizkariarentzat hustu dute barrena, baina aurrez ondoko hau garbi adierazita: «Geure historiak, geure iraganak eta geure ametsek baldintzatzen digute errealitatearen ikuspegia».

Mexikoko bidaiaren aurretik, zer iritzi zenuten zapatismoaz?
IMANOL OLABARRIA. Gasteizen ginela, ohartzen ginen zenbait arriskuren artean zegoela zapatismoa, baina uste genuen Mexikoren barrukoak zirela guztiak. Alde batetik, Estatuaren ildo gogorraren aldekoak zeuden; bestetik, alderdi politikoen multzoa. Tartean, zapatistek irrigarri bihurtutako armada, zeinek, aski arma gutxirekin, Mexikoko hego-ekialdeko hiri garrantzitsuak hartu baitzizkion; Amerikako Estatu Batuek, Iparraldeko auzoak, alegia, polizia huts izatera behartutako armada, bestalde, droga-kontuez, delinkuentziaz, migrazioaz eta barruko gobernatzeko ezintasunaz soilik arduratzera hertsatua; mendekua asetzeko eta behialako pisua eta tokia berreskuratzeko premian dagoen armada. Alderdi politikoetan, berriz, PRI, PAM eta PRD alderdi estatuzale autoritarioak, beti boterean txanda noiz hartuko dabiltzanak. Horiek, jakina, ipurdiak agerian utziko lituzkete zapatisten zuzeneko demokraziaren teoriak eta praktikak; hots, «obedituz agintzeak».

Behin Mexikora helduta, Chiapasen bertan, zer ikusi duzue?
Han, beste arrisku batzuez jabetu gara; zapatismoaren beste etsai batzuez ohartu gara. Laburtuz, hauexek ditu arerio: Mexikoko Konstituzioan bertan ere jasoa dagoen arrazismo soziala, Hego Amerikako gerrilla-mugimendua, ahulgarrietan ahulgarrien gerta dakiokeen ekonomia eta Panamako Puebla Plana (PPP).

Zer dela-eta jar dezake arrazismoak zapatismoa arriskuan?
Antzinatikoa da indiarrenganako mesprezua, Mexikoko Konstituzioaren letran jasoa dago gutxiespen hori eta oraindik ere badu indarra zurien nahiz mestizoen artean. Indigenek pisu handia dute EZLNn eta beraz, zapatismoa moteltzeko moduko arrisku berria, hedatua eta lausoa da arrazismo kulturala. Horrez gainera, oso kontuan hartzekoa da langileen mugimenduak zapatisten auzian erakusten duen interes eza edo onarpen eza.

Nola egiten dio aurre zapatismoak arrazismo instituzional horri?
Zapatismoak herri indigenen duintasuna hartzen du ahotan, eta indigenen identitatea ezagutzea exijitzen du. Ez dute eskatzen, demokrazia formalaren idealaren arabera, «har gaitzazue beste herritarren berdin», ezta har gaitzazue beste herritarren ezberdin ere, baizik eta, herritar bezala hartzeko eskatzen du, ezberdintasunak ere barne direla. «Ezberdintasunak» ez dira onartu behar herritar hitsen eta trukerakoen osagarri edo kolore moduan. Berdintasuna bezain axolakoa da duintasuna, eta kontua ez da herritar oso izateko nork berea zokoratzea, parentesi artean jartzea edo elementu folkloriko bihurtzea, ezta bozkatzeko garaian poltsikoan gordetzea ere.

Nolatan da zapatismoaren beste galgarri bat Hego Amerikako gerrillen mugimendua?
Ezuste handia hartu zuten, hala Mexikoko Gobernuak, nola Hego Amerikako gerrillek oro har, EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatista bezala agertu zenean. Mexikok, Espainiako errepublikano atzerriratuak hartu zituenetik, besteak beste, bazeukan halako izen bat, estatu edo herrialde ireki, progresista eta solidario moduan. Horrenbestez, Hego Amerikako ezkerrak uste zuen Amerika osoan zela bidezkoa iraultza, Mexikon izan ezik. EZLN jardunean hasteak Mexiko auzo solidariotzat eta babeslekutzat zeukaten gerrillak amorratu zituen, batik bat. Guatemalako gerrilla da adibide. Talde horrek Chiapas baliatzen zuen euskarri, gordeleku eta pasabide gisa.

Eta, gainerako gerrilletan, zer sortu zuen zapatisten jardunak?
Beste arrazoi batzuk tarteko, harridura, errezeloa, ezin ulertua eta kontrako jarrera sortu zituen gainerako gerrilletan, orokorrean. Ondoko adierazpen hau da horren erakusgarri: «...hamabi egunez borrokatu ziren, eta ordu batzuez okupatu zituzten udalerri bakar batzuk Mexikoko mugaldean. Gu 30 urtez aritu ginen borrokan, nazioko lurraldearen zati handiak kontrolatu genituen eta nahi genuen tokian egin genuen min. Gure ekintzak, ordea, inork ez ditu aintzat hartzen. Haienek, berriz, jakin-mina piztu dute».
Zapatismoa ez dabil botere bila.


EZLN da Berlingo Harresia botaz geroztik sortu den gerrilla-mugimendu bakarra. Zerk ezaugarritzen du?
Egia da. Beraz, komunismoaren osteko lehen gerrilla ere bada. Hasieran, EZLN bat etorri zen Hego Amerikako gerrillen teoria marxista leninistekin, eta miretsi egiten zituen Nikaraguako nahiz El Salvadorko esperientziak. 1994a eta gero, alde batera utzi zituen abangoardia-masak, buruzagiak-gauzatzaileak... bezalako teoriak eta baztertu egin zituen bai boterea lortzeko estrategia, bai proletarioen diktadura. Orduan, gerrillako abangoardia ohia indigenak matxinaden dinamikara biltzen hasi zen. Txiro, bakarrik, baina aske, aurreko mugimenduen mimetismotik eta sukurtsalismotik libratuta, bide berriak urratzen hasi zen mugimendua. Gaur egun, nire ustez, mugimendu zapatista ez da gerrilla ohien agerpena edo jarraipena; ez bata, ez bestea. Aitzitik, haiek porrotetik eta beren hasierako proiektua oker ateratzetik jaioa dela iruditzen zait, eta hori guztia denboraren joanak egiaztatzen du.

Gaur egungo zapatismoak nahi al du botereren bat?
Boterea alde batera utzita, transformazioaren alde ari da lanean egungo mugimendu zapatista. Kontuak horrela, bada non edo han sailkatu nahian dabilenik, baina inor ez da iritsi definitzera: «zoroak» dira zenbaitentzat; beste batzuentzat, berriz, «inozoak», «idealistak», «erreformista armatuak», «poeta gerrillariak», eta abar. Marcosek justizia modu konplexuagoan ikusteko eskatzen digu, era horretara, banaketa nahiz ezberdintasunen (duintasunaren) aitortzea barne izan ditzan. Era berean, kultura politikoa berriz aztertzeko esaten digu: boterearen piramidea behekoz gora jartzeko, zaborretik askatzeko; norabidez aldatzeko, helmuga finkorik izan ez arren; baliabideak inprobisatzeko... Abentura izugarria da, benetan. Errotiko aldaketa defendatzen dute, bai teorian, bai praktikan, baina horretarako metodoak arian-arian asmatu behar dira. Horrexek ernegatzen eta nahasten ditu abangoardiak eta dogmatikoak.

PANAMAKO PUEBLA PLANA.

Lehen esan duzunez, ekonomia da zapatismoaren arazo larriena.
Zapatistek, ezkerreko gehienek bezalatsu, besteen makurrekin eta porrotekin hazi behar izan dute; beren kasuan, 80ko hamarkadan Chiapaseko garapenaren erantzule barrukoek nahiz kanpokoek utzitako ondarearekin. Legezko eta kontrabandoko inportazioak zirela kausa, abere-hazkuntzako krisia gertatu zen, eta baserritar indigenen ekonomia erasan zuen. Berebat, abeltzain handiei basoa ustiatzeko ezarri zieten debekuak ere kaltetu zuen indigenen ekonomia, sasia garbitzeari eta lurra erretzeari utzi behar izan baitzioten, eta bide horretatik lortzen zuten lehen lurra hobetzea eta etxeko egurra egitea. Bestalde ez zen berritu Kafearen gaineko Nazioarteko Hitzarmena (1989), eta produktu horrek ziurtatzen zien soldata denboraldiko milaka langileri eta hamaikatxo baserritarri. Ez berritzearen ondorioz, %50 beheratu zen kafearen prezioa 89tik 92 arte. Baserritar indigenentzako zartada edo jipoi handiena, hala ere, 1992an Konstituzioaren 27. artikulua aldatzetik etorri zen, ziur aski. Erreforma horrek itxi zizkien laborantzako lur-sail gehiago izateko ateak.

Zapatismoak bazuen ekonomiako planik?
Zapatismoak, matxinaldien garaia zetorrela eta, gerrako ekonomia ezarri zuen, bizi-iraunekoa, dagoeneko hainbat urte egin dituena. Denbora igaro da, eta salaketak ezin du estali ekonomiako plan baten beharra, zeina noraezekoa eta presazkoa baita ekimen politikoari eusteko. Egin ezean, litekeena da zapatisten baseek, egonlekuak utzita, Panamako Puebla Planaren arabera Mexikoko hego-ekialdean izango diren errotetara alde egitea. Mexikoko Bankuaren datuetan ageri denez, populazioaren %60 txiroa da Mexikon eta %40 guztiz behartsua, eta gogoan izan behar dugu Chiapas dela Mexikoko lurralde behartsuenetakoa.

Zer jasotzen da plan horretan?
Megaproiektu bat da. Neurri batean, Erdialdeko Amerika osoari erasaten dio; bete-betean, berriz, Chiapasi, Mexikon. Estatu Batuek Panamako Kanala utzia dutenez gero, punta-puntako balio geoestrategikoa dauka Chiapasek PPPren barruan. PPPan ageri denez, Atlantikoa eta Pazifikoa komunikatzeko kanala egin nahi dute, Coatzacoalcos eta Salina Cruz portuak konektatuz. Proiektuaren neurriak ikusita eta Estatu Batuak geografikoki hurbil daudela jakinik, Pazifikora irteteko bide errazena izango litzateke nazio horrentzat. Beraz, AEBri interesatzen zaio gehien proiektua, eta plana ezarrarazteko modua badu, jakina. Planaren abal-emaile dira, dagoeneko, AEB, FMI, Munduko Bankua eta Garapeneko Banku Interamerikanoa.

Zer interes ekonomiko daukate AEBek plan horretan?
Izugarria. 1973ko Ekialdeko Gerraren ostean, LPEE erakundeak petrolio-enbargoa ezarri zien Estatu Batuei, Israeli laguntzeagatik. Orduan, Mexikora begira jarri zen AEB, petrolio-kontuetan. CIAk aztertu zituen Chiapaseko hidrokarburoen eta gas naturalaren erreserbak: ugariak zirela eta geografikoki hurbilen zeuzkatenak zirela frogatu zuen. Handik aurrera, Mexikoko liderren «lagun» egiten hasi zen AEB, gasa eta petrokimika kontrolatzeko. Prozesua geroago burutu zen, 1994an, NAFTAren gaineko akordioa izenpetu zutenean (AEBren interesen mendeko Mexikoren integrazioa). Orduan utzi zizkien Mexikok AEBei, Lacandona oihanaren inguruan, bere ekonomiako sektore estrategiko batzuk; hala nola, petrolioarena, gasarena elektrizitatearena eta biodibertsitatearena, eta orduan bihurtu zen lehengaien, nekazaritzako eta abeltzaintzako produktu fabrikatu gabeen eta esku-langile merkeen hornitzaile.

Zer ondorio izan ditzake plan horrek zapatisten mugimenduan?
Arras larriak. Lacandona oihanak erreserba potentzial handiak dauzka berez. Tehuantepec istmotik gertu dagoenez, gero eta interes geopolitiko handiagoa dauka Chiapaseko espazio guztiak. Eta, hain zuzen, espazio horretantxe jarduten du mugimendu zapatistak ere. NAFTAko akordioek zuhurtasunez jokatzera behartzen zituzten AEBetako eta Mexikoko gobernuak, eta, horregatik, mugimendu zapatista suntsitzeko neurriko plana diseinatu zuten, drogaren kontrako borroka mozorro hartuta. 1994ko lehen hamar egunen ondoren, bi norabidetan jardun zuten: batetik, zapatistak inguratu eta xaxatu egin zituen armada militarrak; bestetik, gatazkaren irtenbidea negoziatzen aritu ziren (San Andrés de Larraizarreko elkarrizketak). Orduz geroztik, gerra lehengo kontua dela dio Gobernuak, eta bake duinaren eta iraunekoaren bidetik doazela. Gerra edo bakea izan, ordea, baliabideak bakarrik dira ezberdin; zapatismoa suntsitzeko nahiak gogor dirau. Propagandak, errealitatea ezkutatzeak, hondamen ekonomiko sozialak, kontrol militarrak... erakusten dute arma-hotsik gabeko gerraren jarraipena

Obedituz agintzea
Lacandona oihanean lur hartu genuenean, itxaropen-izpi bat genuen gidari; txikia eta urruna, dena dela, eroriz erori ibilitakoak baikara azken garapena iritsi ezinik. Mugimendu Zapatista gertu samarretik ezagutu ondoren, 1994an azaldu zenean zeinen sustrai sakonak zituen jabetzeak harritu gintuen gehien: ordurako, 10 urte emanak zituzten zapatistek oihanean, lan isilean eta betiere mugimendu indigenekin harremanetan. Ez ziren hutsetik jaio. Neoliberalismoa eta globalizazioa indarrean ditugun honetan, harritzekoa gertatzen da hain egoera kritikoetako lan isil eta gogor hori.

Tribu indigenen mende askotako historiarekin uztartzen den mugimendua da zapatismoa, eta funtsean ikusten da tribuek liluratu zutela mugimendua, kultura indigenen jakintza eta filosofia tarteko, eta ia ez zela gertatu mugimenduak tribuak kausara biltzea. Kontuak horrela, tribuen zerbitzura jarri zen mugimendu zapatista, eta gizarte zibilari esana aditzen hasi zen: «obedituz agindu», Marcos komandanteordeak dioen bezala. Ez zeukan burua estalita, 1984ko abuztuan Lacandonara heldu zenean. Buru hutsik zebilen, halaber, obedituz agintzeko sortu zen Marcos komandanteordea jaio zen egunean, indigenek mentalitate urbanoko klase ertaineko mestizo iraultzaileak garaitu zituzten egunean.
Indigenen kulturak antolamenduan, planteamenduan, operatzeko moduan eta helburuetan determinatu zuen gerrilla. Buru-berokia azaldu zenerako, mutatuta zeuden, hala Marcos, nola hasierako gerrillari-nukleoa. Buru militarrak honela laburtzen du ibilbide politikoa eta ideologikoa: «EZLNk hiru etapa bizi izan ditu: lehenengoan, EZLNren sorburu izango zen indarra garatu zen; bigarrenean, EZLN gorpuztua gerrarako prestatu zen 10 urtez; hirugarrenean, aldi ezagunenean, 1994ko urtarrilaren 1az geroztiko EZLN aritu da eta ari da lanean».
Hurrena, komunitate indigenen zerbitzura aritzeko estrategiak zapatisten mugimenduan eragindako aldaketak harritu gintuen. EZLNren sorburuko erakunde politiko militarra ere Hego Amerikako beste gerrilla guztien ikusmoldekoa zen; armen bidez hartu behar zen boterea, armada garaituta; erregimenaren sustengatzaile izan behar zuten gerrillek, eta, proletarioen diktadura ezartzen lagundu behar zuten. Alabaina, 11 egun eskasen buruan, EZLN talde armatua izatetik mugimendu antimilitarista izatera igaro zen: ezetz esan zion gerrari, ezetz indarkeriari, ezetz botereari, ezetz estatuaren kontrako borroka armatuari, ezetz probokazioari, ezetz atxilotzeari...
Armak behin betiko utzita, antimilitarismoaz teorizatzen hasi zen Marcos, eta behin eta berriz esaten zuen EZLNk ez zuela terrorismoa praktikatzen eta EZLNk ez zuela egundo atentaturik egiten. Horrela, talde armatu betirakoen ikusmoldea suntsitzen saiatzen da, zeren uste baitu boterera armen bidez heltzen denak ez duela inoiz gobernatu behar, armak eta indarra baliatuz agintzera arriskatzen delako. Gerraren kontra ere jarduten du. Irizten dio etsiak bakarrik eramaten duela gerrara, eta behin eta berriz errepikatzen du gero soldadu beharrik izan ez dadin direla orain soldadu, baina berez soldaduek ez dutela tokirik. Zapatisten iritziz, aterabide bakarra ez da borroka armatua, eta, horrenbestez, gainditu beharreko etapatzat jotzen dute. Ez dute boterea nahi, ezta alderdi politiko bihurtu ere. Beren iritziz, mugimendu errebeldea da zapatistena, behetik gorako aldaketa sozialak eskatzen dituena; ez da, bada, gauzak goitik behera aldatu nahi dituen talde iraultzaile peto-petoa.
Azkenik, mugimendu zapatistak politikaz eta demokraziaz duen ikusmolde berriak harritu gintuen. Arbuiatu egiten dute partidu-politika, baita demokrazia errepresentatiboa ere, eta, hortaz, alderdi politiko bihurtzea ere bai. Demokrazian sakontzea proposatzen dute eta beste antolamendu sozial eta politiko bat erdiesteko formak sortzea. Talde indigenak komunitateetan bizi dira eta komunitatean lan egiten dute. Komunan bizi dira, eta biltzarretan erabakitzen dituzte auziak. Bada, funtzionamenduko eredu horixe proposatzen dute naziorako eta mundurako, eta modu horrixe esaten diote obedituz agintzea.
Beren iritziz, alderdi politikoek zatitu eta hautsi egiten dute komunitatea, eta elkarrekin bat etortzea galarazten dute, zeren partiduak beti lagun bila bakarrik ibiltzen baitira. Alderdi bakoitzak bere alderdirako nahi du jendea, eta, okerrenean, beste alderdiren baterako. Jende gehien duen alderdiak irabazten du, baina zatitu eta hautsi egiten dute komunitatea. Horregatik, zatiketarik eta konfrontaziorik eragingo ez duen erakundea behar da, ez boterearen bila, baizik eta antolamendu berri horren bila ibiliko dena. Musika hori gozo sartzen zaigu belarrietara. Garai bateko komunen eta batzordeen mugimenduak ekartzen dizkigu gogora, eta beste kultura batera, politika egiteko beste modu batera, eramaten gaitu. Mundu berria da, baina horrelaxe jokatzen dute indigenek.
Ez dakigu funtzionatuko duen. Badakigu, jakin, haiei funtzionatzen diela eta gure demokrazia ez dabilela. Nola osatu alderdia ez den indar politikoa? Azken batean, «Gizarte Zibila» esaten diogun horixe da, baina ez dakigu zer den zehatz-mehatz. Zapatismoaren arabera, baserritar indigenen komunitateen matxinatzea da. Bukaera zoriontsua? Zapatistak harro daude altxatu izanaz. Herri indigenek antolamendu politiko, sozial eta ekonomiko propioa daukate. Oso harreman estuan bizi dira oraindik ere lurrarekin, komunitatearekin, beren sustraiekin, beren historiarekin. «Itxaropen-izpia ateratzen da Lacandona oihanaren barrutik inoiz alde egiten ez duen lainoaren artetik». Pobreen eta herri indigena guztien ibilbidea da


Azkenak
2024-10-04 | ARGIA
Hego Euskal Herriko umeen %8,3ak ikusmena zaintzeko zailtasunak ditu

EAEko haurren %6,4ak eta Nafarroakoen %10,2ak ikusmen pobrezia du. Visión y Vida elkarte espaniarrak egin du estatuko azterketa. Txostenaren arabera, ikusteko arazoak dituzten haurren eragozpen larriena da ez duela minik egiten, eta familiek, baliabide ekonomikorik ez... [+]


Gazako genozidioak urtebete: gertaera nagusiak

Urtea bete da Hamasen urriaren 7ko erasoak gertatu zirenetik. Ordutik, Israelek Gaza suntsitu du eta guda inguruko herrialdeetara zabaltzen ari da pixkana. Urtebete honetako gertaera nagusiei errepasoa emango diegu kronologia honetan.


2024-10-04 | ARGIA
Guardia Zibila omenduta, biktima batzuk berriz biktimizatzen direla salatu du Memoria Osoak

Memoria osoa ekimenak salatu du biolentziaren biktima izan direnen arteko desberdintasunak bultzatzen ari direla hainbat instituzio, eta norabide hori zuzentzeko deia egin du. Ekimenak estatuen biolentziaren hamabost biktima elkarte biltzen ditu. Urriaren 12an Guardia Zibilak... [+]


2024-10-04 | Gedar
Gasteizko udaltzainek ere taser pistolak izango dituzte

Bi T10 pistola elektriko erosiko ditu udalak, baina beste sei erostea eskatu dute poliziek. Arma zurien erabileraren ustezko gorakada hartu dute aitzakiatzat, erabilera justifikatzeko. Gero eta udaltzaingo gehiagotan ari dira taser pistolak eskuratzen; Ertzaintzaren BIZKOR... [+]


Bizitza luzea Entzia Bonelli arrano gazteari

Arabako Mendiak Aske elkarteak zorionak eta eskerrak eman nahi dizkio Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zerbitzuari, Bonelli arranoa gure lurraldean berriro sartzeko Aquila a-Life proiektuarekin lortutako arrakasta dela eta.
Guztiz kontziente gara proiektu honek... [+]


2024-10-04 | Irutxuloko Hitza
Donostiako Udalak gaikako bilketa betetzen ez duela salatu du Eguzkik

Donostiako Udalak iragan osteguneko udalbatzarrean iragarri zuen moduan, zaborren tasa % 26,5 igoko du, 2025eko urtarriletik aurrera, Hondakinen 7/2022 Legeak horretara behartzen duela argudiatuta. Eguzkik, ordea, salatu du legea kostuei begira aplikatzen duela soilik, eta... [+]


Garbitzaile batek gurpil-aulkian ekin behar izan dio lanari Iruñeko Mendigoiti ikastetxean

Maria Elena Escudero 56 urteko emakumea azkenean Mendigoiti ikastetxeko bere garbitzaile lanera itzuli behar izan da ostegun honetan, Iruñeko Mendillorri auzoan. Asteazkenean ez joateko esan zioten Zaintzen enpresakoek eta ostegunean berriro baietz, aurkezteko lantokian.


Haurrekin alzheimerraz mintzatzeko gakoak

Alzheimerraren inguruan haurrekin naturaltasunez hitz egitea du helburu ‘Arrain bat bezala’ antzezlanak. “Zenbat eta lehenago landu orduan eta gutxiago estigmatizatzen da”, nabarmendu du Ana Maestrojuán zuzendariak.


Wikipediaren hizkuntza gutxituen biltzar batean bizitakoak

Lanopor egun batzuk izan nituen joan den astean. Oporrak ziren, baina ordu batzuk dedikatzen dizkiodan afizio bati emanak izan ziren, biltzar batean inbertituak: hotelean lo eta hotel bereko areto batean jardunaldiak goiz eta arratsaldez. Ordu gutxi batzuk geratzen ziren hiria... [+]


Lapurdi zeharkatzekoa duen AHT proiektuaren aurka mobilizatzeko deia luzatu dute

Lapurdi zeharkatuko lukeen AHT egitasmoa aitzina doala salatu du ingurumenaren alde dabiltzan elkarteen artean osaturiko CADE kolektiboak. Urriaren 12 eta 13rako jarri du hitzordua, Gironda eskualdean Lurraren Altxamenduak sareak antolaturiko protestari sostengua erakutsiz.


Uri Tzafon mugimendua: Jainkoaren izenean, Libano kolonizatzera

Uri Tzafon 2023ko martxoan sortu zen, ehunka batzuk kide dira, baina milaka jarraitzaile ditu jada eta tinko jarraitzen du bere ideia nagusia saltzen: Libanoko Litani ibaitik hegoalderako lurraldea Galilearen iparraldea da, beraz, "koloniza dezagun".


2024-10-03 | Leire Ibar
UGTk Euskotreneko hizkuntza eskakizunen aurka jarritako eskaera atzera bota du EAEko Justizia Auzitegiak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du UGT sindikatuak Euskotreneko egonkortze prozesuko euskara eskakizunen aurka egindako eskaera. UGT sindikatuak horren aurka eskaria egin zuen eta epaileak azpimarratu du eskakizunak UGTk berak sinatutako lan-hitzarmenean onetsita... [+]


Nafarroako Gobernuak etxebizitza publikoen eskariaren %3 baino ez du asetzen

Alfaro kontseilariak “aurreko hamarkadetako politika espekulatiboak” kritikatu ditu eta kolaborazio publiko-pribatuaren aldeko apustua egin du Foru Legebiltzarrean. Helburu gisa jarri du Europa erdialde eta iparraldeko datuetara heltzea. Etxebizitzaren esparruan lan... [+]


Eguneraketa berriak daude