ERAZTUNEN SEKRETUAK


2021eko uztailaren 20an
Izena luzea eta aldrebes xamarra dauka zientzia honek, baina ez da horregatik eraginkortasunik gabeko zientzia. Dendrokronologiari esker zuhaitzen enborraren ebakiduran agertzen diren eraztunak aztertzen dira. Azterketa hauek emaitza anitz dute. Ikerlariak zuhaitzaren adina asmatuko du, edo zuhaitz hori bizi izan denean zein klima egiten zuen jakingo du, besteak beste. Ikerlariek oraindik zutik dauden zuhaitzen eraztunak neurtzen dituzte (enborrean zulo bat eginda), baina baita hil zirenak ere. Esate baterako, baserri bateko egurrezko habea erabil daiteke eraikinaren data jakiteko.

Esan bezala, enborren eraztunen gaineko azterketak ez du zuhaitzen adina zehazteko bakarrik balio. Eraztunek eskaintzen dituzten hazkunde-datuak aspaldiko klima, ekologia edo baita errekak nolakoak ziren jakiteko ere tresna baliogarriak dira. Karbono 14arekin batera, dendrokronologia zientzia askoren datazio tresnarik nagusiena bihurtu da. Horren adibide dira ondoko aplikazioak: dendroarkeologia, dendroklimatologia, dendrogeomorfologia, dendrohidrologia, dendropirokronologia eta dendroekologia.
Sarritan aztarna arkeologikoetan zurezko eraikuntza eta tresnak (aizkoren kirtenak, orraziak...) azaldu dira. Objektu hauetan ere enborren eraztunak topa daitezke, eta, beraz, arkeologia aztarnak datatzerakoan dendrokronologiak berebiziko garrantzia izaten du.
Dendrokronologiaren aitzindari Andrew E. Douglass bera AEBetako indioen kanpamenduen aztarnetan lan egiten zuen arkeologoa zen. Zuhaitzen eraztunak aztarnak datatzeko baliagarriak izan zitezkeela ohartu zenez, Arizonako eskualde hartako arbolik zaharrenetatik laginak atera zituen, eta 1284ra arte atzera egiten zuen kronologia osatu zuen. Baina zurezko aztarna arkeologikoen eraztunek ez ziren kronologia hartan egokitzen, eta, beraz, aztarnok 1284. urtekoak baino zaharragoak zirela ondorioztatu zuen Douglassek. Hau da, zientzialari estatubatuarrak eraztunak osatutako bi kronologia ezberdin zituen (bizirauten zuten zuhaitzenak eta indioen biziguneetako aztarna arkeologikoenak), baina bion artean ez zegoen harreman zuzenik. Douglassek eskuartean puzzle bat zuen, baina fitxa bat falta zuen. Fitxa hori lokatz artean ongi kontserbatutako enbor zati bat izan zen, eta aurkikuntza honi esker herri indioak eraikitako kanpamendua datatu zuen.
Bestalde, jakina denez klimaren eta basoaren arteko harremana oso estua da. Hala, egiten duen eguraldiak zuhaitzaren hazkundean, eta, beraz, eraztunen lodieran ere eragin nabarmena izaten du. Horregatik dendrokronologiak eraikitzen dituen erreferentzia-kurbak edo kronologiak oso baliagarriak dira lurralde batean historian izan diren ziklo eta gora-behera klimatikoak ezagutzeko, eta baita berauen iraupena, garrantzia eta maiztasuna ere.
Dendroklimatologia ere gaurkotasun handiko eztabaida batean epaile izan daiteke. Azken urteetan Lurra sufritzen ari den berokuntza prozesuaren inguruan bi ikuspuntu nagusi daude: batak dio, ziklo klimatiko beroago batean sartzen ari garela, eta halakoak historian zehar epeka errepikatu direla; besteak dioenaren arabera, ordea, tenperaturaren igoera negutegi efektuari dagokio, hots, gizakiaren jarduera industrialak, baso eremuen murrizketak eta Mendebaldeko bizimoduak eragindako kutsaduraren ondorio da.
Azterketa dendrokronologikoek geologiaren esparruan ere interes handia piztu dute, zuhaitzari bere sustraipetan gertatutakoek zuzenki eragiten baitiote. Dendrogeomorfologiari dagokio, adibidez, lubizi batek zuhaitzarengan zernolako ondorioak izan ditzakeen aztertzea. Aldapa batean sustraituta dagoen arbola baten azpiko lurra behera dihoanean, zuhaitzak ere norabide bera hartuko du, baina tente mantentzen saiatuko da. Horretarako enborraren alde batean bestean baino egur gehiago pilatuko du, eraztunaren ohiko zirkulu forma desitxuratuz.
Era berean, enbordun landareak orokorrean lurrikarekiko oso sentiberak dira. Intentsitate handiko lurrikara batek arbolen hazkundea erabat moteldu dezake, eraztunen lodiera erabat murriztuz.
Dendrohidrologiak, izenak berak dioen bezala, enborretako eraztunen bidez erreka eta ibaien gora-beherak aztertzea eta ulertaraztea du helburu. Gizakiak ur-emari handiko ibaietako ibilbide naturala aldatu nahi duenerako baliagarria izan daiteke.
Zuhaitz eta zuhaixken etsai handienetakoak zurez elikatzen diren intsektuak dira. Dendroekologiak frogatu du lodiera txikiko eraztunak sortzen direla intsektuen erasoak irauten duen bitartean. Halaber, inguruko zuhaitzak hiltzerakoan eraztunak loditu egiten dira, konpetentzia gutxitu denez arbolak eguzki-izpi eta lurrazpitik jasotzen dituen bizirauteko gehiago bereganatzen dituelako.

Dendropirokronologiak berezko suteek nahiz gizakiak eragindakoek zuhaitzengan dituzten ondorioak ikertzen ditu.


ZIENTZIA HASIBERRIA EUSKAL HERRIAN.

Dendrokronologia Arizonan (AEB) jaio zen Andrew E. Douglass-en eskutik. XX. mendeko 30eko hamarkadan Europara iritsi zen, eta Frantzia, Alemania, Suitza, Ingalaterra eta Irlandan zientzia berria lantzeko laborategi ugari zabaldu zituzten, publikoak nahiz pribatuak. Suitzako unibertsitate bakoitzak tankera honetako laborategi propioa du. Dendrokronologoen lan eskergak K.a. 5.000 urtera arte heltzen diren kurba dendrokronologikoak osatzea ahalbideratu du.
Espainiari dagokionez, Madrilen eta Jakan badira laborategi espezializatuak, eta Asturiasen erromatarren garaiko kronologia txiki bat osatua dute. Galizian ere zenbait ikerketa egin dira, eta Katalunian Bartzelonako Unibertsitateko Ekologia Sailean diharduen Emilia Gutierrez irakasleak dendroekologiari buruzko zenbait lan burutu du.
Euskal Herrian, berriz, zientzialari bakan batzuek baino ez dute dendrokronologiaren inguruan lan egiten. Nahikoa berria eta ezezaguna da oraino, nahiz eta gurean egindako lehenbiziko ikerketa joan den mendeko 90eko hamarkada hasierakoa izan. Nafarroako Alaiz eta Leire mendikateetan egin zen, pagoaren hazkuntzaren eta prezipitazio eta tenperaturen arteko erlazioa zehazteko asmoz. Garai berean Frèderic Guibal-ek bere lana aditzera eman zuen. Gipuzkoako eta Bizkaiko hamazortzi eraikuntzetatik zenbait lagin atera zituen, XV. eta XVI. gizaldietako kronologiak osatzeko. Ez zuen bere helburua lortzerik izan. Iruñean Joseba Lizeaga irakasleak orain dela zazpi urtetik hona haritzen kurba kronologikoa eraikitzen dihardu. Nafarrak aurkitutako eraztunik zaharrena 1420.ekoa da. Aipatzekoa da ere Javier Herrerak Urkiolako pagadietan burututakoaz idatziriko lanak. Hego Euskal Herrian dendrokronologiaz era jarraian arduratzen den elkarte bakarra Gipuzkoako Irunen egoitza duen Arkeolan da.

ARKEOLAN ETA OIASSO ERROMATARRA.

1989.ean gazte talde batek Arkeolan sortu zuen arkeologo profesional bezala lan egiteko asmoz. Hiru urte geroago, Irunen bertan, erromatarren garaiko Oiasso-ko portuko zurezko zenbait oinarri sendo aurkitu zituzten, besteak beste. Datazioa Bordelen egin behar izan zuten. 1998an agertutakoak txikiagoak, urriagoak eta egoera kaxkarrean zeuden bizkarroiek bereak eta bi egina baitzuten. Ikerketen arabera, portuaren bigarren zati hau urkietako zurez egina zegoen.
Arkeolanen, berriz, haritzekin baino ez dute lanik egiten. Susana Prado eta Josue Susperregi dira bertako dendrokronologiako arduradunak, eta Susanaren ustez, kronologia edo erreferentzia-kurba osatzeko zuhaitz espezie bakarrarekin lan egitea komenigarria da. Hala, nahasmenak saihesten dira, eta, gainera, haritzek urtero eraztun bakarra sortzen dute.
Gipuzkoako erreferentzia-kurba osatze lanetan ari dira, baina zailtasun franko topatu dituzte, Irun eta Oñatiko zuhaitzetako laginak hartu ostean, emaitza oso ezberdinak lortu dituztelako. Susana Pradok dioenez, "kurba berdinagoak espero genituen, baina Gipuzkoan bertan mikroklima anitz daude".
Laginak hartu zituzten bi lekuen artean ehun kilometro baino ez dago, baina badirudi Gipuzkoako ibar bakoitzak bere ezaugarri propioak dituela, eta horrek asko zailtzen du herrialde osorako kronologia komun bat eraikitzea. Gainera, kronologia XVI. mendera arte heltzea nahi dute. Lan horretan Hondarribiko eta Zarauzko parrokietan agertu arrasto arkeologikoak lagungarri izango zaizkielakoan daude

Nola aztertzen ditu dendrokronologia zientziak zuhaitz enborrak?
Euskal Herriko basoetako ia zuhaitz guztiek negu oro eraztun berri bat sortzen dute. Landareek neguan hazkuntzan etenaldia izaten dute, eta eraztuna atseden horren seinale da. Baina beste lurralde batzuetan ez da gauza bera gertatzen, uda oso lehorra duten lekuetan, adibidez, enborretan bi eraztun azaltzen direlako, eta oihan tropikaletan bat ere ez, bertako landareen hazkundea etengabea delako.

Era berean, enbor bereko eraztunak ez dira berdinak izaten. Eraztunaren lodierak urtearen gogortasunarekin zerikusi zuzena du. Hala, lehorte handia izan den urteko eraztuna nahikoa mehea izango da, eta bere inguruko arbola guztiak moztu badituzte, ordea, eraztun lodia sortuko du, konpetentzia faltari esker. Dendrokronologian adituek ere jakin badakite arbolak euren eraztun faltsuak sortu eta ikerketetan nahasmenak eragin ditzaketela. Horregatik zientzialariek aztertutako zuhaitzen eraztunen datuak (lodiera, batik bat) ordenagailuan sartzen dituzte. Datu-base horrek erreferentzia kurba bat osatuko du, eta lagin berriek emandako emaitzak kurba horrekin alderatuak izango dira emaitzok zuzen daudenentz jakiteko. Erreferentzia kurba edo kronologia, beraz, basoak historian zehar izandako gora-beheren "artxiboa" litzateke. Dendrokronologoen helburua berau osatzea da.
Dendrokronologian edo "dendro"an (zientzialariek hala deitzen diote) ere bada beste hitz potolo bat: sinkronizazioa. Sinkronizazioa lagin jaso berriak datatzeko asmoz, jasotako eraztunen datu berriok erreferentzia-kurbarekin alderatzea litzateke. Hala, zuhaitz bizia, hila edo zurezko aztarna arkeologikoak eskainitako datuak datatzea posible izango dugu erreferentzia-kurbaren datuekin bat badatoz. Bi arrazoi egon daitezke datuak bat ez etortzeko: alde batetik, enborraren eraztun-sekuentzian eraztun faltsuren bat egotea; bestetik, aztergai den lagina erreferentzia-kurbak eskaintzen dituen datu zaharrenak baino zaharragoa izatea.
Baina lor daiteke harreman zuzenik ez duten datuon arteko sinkronizazioa egitea? Har dezagun bi zati edo lagin ditugula: bata zuhaitz bizi batetik eta bestea hildako batetik. Eta pentsa dezagun bizirik dirauena hildakoa hil baino lehenago jaio zela. Horrek esan nahi du zuhaitz biziaren lehen urteetako eraztunen ezaugarriak edo datuak eta hildako arbolaren azken urteetako eraztunen tasunak berdinak direla. Hala balitz, sinkronia luzeago bat lortuko genuke, bizirauten duen zuhaitzaren jaiotza baino haratago, hildako arbola jaio artekoa, hain zuzen. Irlandan, kasu, Kristo aurreko milagarren urterainoko neurketak egin dituzte


Azkenak
Osakidetzan egiturazko eta egiazko konponbideak eskatu dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian

Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.


Aroztegiari ezetz esan dio jende oldeak Iruñean, eta auzipetuen absoluzioa eskatu du

Milaka eta milaka lagun elkartu dira larunbat bazkalondoan Iruñean, Baztango Aroztegiaren makroproiektuari aurkakotasuna adierazteko eta maiatzean epaituko dituzten zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bideoz grabatu dugu amaiera ekitaldiko hitzartzea [albistearen... [+]


Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Argia Sarien kronika
Galga azkartasunari

Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Eguneraketa berriak daude