«TRAIZIOA EGIN DIOT MEMORIARI»


2021eko uztailaren 28an
Hitzak soberan erabiltzea ez zaio Iban Zaldua idazleari oso eraginkorra iruditzen, eta berak eraginkorra izan nahi duenez, makina bat narrazio labur argitaratuak ditu dagoeneko. Ipuinlaria dugu Iban Zaldua, beste ezer baino lehen: «Ni ez naiz oso arnas luzeko idazlea», esan ohi du, azalpen gisa-edo. Horrez gain, beti erronka berriren bati erantzuteko gogoz dagoenez, literatura ahalik eta dosi txikienetan destilatzen saiatu da Erein argitaletxearen eskutik plazaratu duen "Traizioak" ipuin bilduman, oso kontzentrazio altuko txupitoak eskainiz, hiperlaburrak gehientsuenak, baina bere laburtasunean irudi poetikoez, topikoekin eginiko jolasez eta literatura fantastikoaren ukituez tantaz tanta gozatzeko aukera ematen dutenak.

Ezin zuri galdetu zergatik idazten dituzun ipuinak. Ez zure "Aitormena" irakurri eta gero, behintzat! Errealitatearen oinarririk ba al du hor agertzen duzunak?
Lehenengo zatiak bakarrik. Egia da une batean nire aitonari ipuin bat erregalatzea pentsatu nuela. Baina aitonari erregalatu nahi nion ipuina honetan bihurtu zen, eta nire aitonak ezin izango zuen irakurri, ez zekielako euskaraz; gainera beranduegi heldu da liburua, nire aitona aurten hil delako. Bestela, "Aitormena", ipuin fantastiko bat da, errealitatean gertatu izan zaizkidan zenbait gauzetan oinarritua.

Hainbeste direnez, ezin ipuin denak hemen banan-banan aipatu. Salbuespenak salbuespen, «Traizioak Iraultzari» deritzan atalean datorren "Droga"z zer edo zer aipa dezakezu?
Ezustearekin eta daukagun inguruarekin nola jolasten dugun agertzeko adibide on bat, nire ustez. Grazia handia egiten dit niri ipuin horrek, baina jende batek kritikatu egin dit bilduman sartu izana: anekdota tonto bat omen, inora eramaten ez duena, fabulaziorik apenas duena… txistea, ipuina baino gehiago. Modu peioratiboan esaten dute hori, baina niri txistea, ondo egina baldin badago, oso literarioa iruditzen zait. Dena den, ez nago ados, niretzat "Droga" ipuin bat da, eta ez txistea. Batez ere absurdoa dela esango nuke.

Horko traizioa ondo agerikoa da, behintzat. Baina, oro har, saldukeriaren ezaugarri garbiak agertzen direla esango zenuke? Zergatik "Traizioak" izenburua?
Izen horrek ipuinak ordenatzeko aukera ematen zidalako. Liburua ataletan banatuta dago, eta izenburua ere atalen arabera ezarrita dago. Beharbada ez dira hainbeste traizio handiak, eguneroko bizitzakoak baizik. Halako elipsi bat egiten dut. «Traizioak Errealismoari» izena ipini diot atal bati, errealismoaren traizioak agertzen dituzten ipuinak bildu ditudalako, nolabait literatura fantastikoarekin erlazioren bat daukatenak. «Traizioak Iraultzari» deritzanean, baliteke traizio argirik ez egotea… Azkenengo ipuinak izango lirateke alde horretatik nolabait tonoa ematen diotenak, "Apirilaren hamalaua", "Justizia" eta "Hamabosgarren gizaldiko izpiritua". Gero, «Traizioak Memoriari» atalean, ipuin horiek idazteko nire oroimenetan oinarritu naizen arren, inolaz ere ez ditudalako errespetatu, niretzat memoria beste fikzio bat baita. Saizarbitoriak esan ohi du, fikzioa idazten duela oso oroimen txarrekoa delako. Bada, ni, nire oroimenetatik abiatu naiz, baina haiek erabat eraldatuz idatzi dut; beraz, traizioa egin diot memoriari.

Eta «Traizioak Aberriari» atalaren zentzua?
Agian oker nago, baina hor, abertzaletasunaren ikuspuntu batetik, edo batzuetatik, bereziki politiko zuzenak iruditzen ez zaizkidan ipuin batzuk daude. Eta horrez gain, nire institutu garaia gogoratuz egina dago atala, Peñaflorida Institutuan nenbilela gertatu zitzaidan zerbait, inolaz ere fikzionatu ez dudana, oso anekdota literaturgarria iruditzen ez zaidalako: halako greba batean parte ez hartzeagatik, garai hartan gure institutuan ezker abertzaleko liderra zenak «traidore» deitu zidan. Bada, halako kontuek bultzatuta osatu nuen atal hori. Eta «Traizioak Literaturari», berriz, literaturaren gainean egindako ipuinez, ipuin metaliterarioez, osatuta dagoelako. Oro har, liburua oso anitza dela esango nuke, eta berdin irakur daitekeela nik jarri dudan ordenean, hasieratik bukaeraraino, edota irakurle bakoitzak erabakitzen duenean: bukaeratik hasiz, erdi pareko ipuin batekin jarraituz, hasierako bateren bat aukeratuz gero…

Ironia al da zure armarik onena?
Batez ere autoironia erabili dudala uste dut. Hortik aurrera ironizatu dezakezu beste gauza batzuetaz ere, baina lehenengo zeure buruari galdu behar diozu errespetua, horrek ematen duelako besteei errespetu pixka bat (ez gehiegi ere, eh!) galtzeko oinarria. Ironia omen da nire narratibaren ardatzetako bat. Ez dut uste bakarra denik. Norbaitek aipatzen zuen absurdorako joera ere hor dago, eta literatura fantastikorako dudana ere bai. Ironia oso erabilgarria iruditzen zait gaur egungo gauzei buruz hitz egiteko. Badaude beste gerturaketa posible batzuk, baina niri oso zaila egiten zait ironia erabili gabe gaur bizi dugun anabasara gerturatzea.

Zure ipuinen beste bereizgarri bat: film bat balira bezala irudikatzen direla istorioak. Nola lortu duzu hori?
Beno, edozelan ere, laburmetraiak izango lirateke nireak… Ez dakit, lehenengo aldia da horrelako zerbait esaten didatena. Nahiko bisuala naizela uste dut, behintzat idazterakoan bisualizatzen saiatzen naiz beti. Irudi batetik jasotzen dut lehenengo bultzada askotan. Gero, batzuetan, abortoan bukatzen da, eta beste batzuetan lehenengo irudi horretatik oso urrun dagoen istorio batean... Hala ere, gaur egungo idazle askori gertatzen zaio hori, nire ustez. Azken batean ikus-entzunezko medioek garrantzi handia izan duten giro batean haziak gara.

Zer nolako irudiak bultzata idatzi zenituen "Esnearena" eta "Kartzelarena" bezalako ipuinak?
Horien abiapuntuan benetako gertakariak daude. Badaude presoekin tutoriak egiten dituzten irakasle batzuk, eta egitasmo horren partaide izan naiz ni urte batzuetan (beste urte batzuetan ez didate parte hartzeko baimenik eman). Arrazoia? Beno, behin niri preso batekin ez zidaten euskaraz egiten utzi; oso esperientzia latza izan zen niretzat, eta saiatu nintzen Herriaren Defendatzailearen aurrean arazoa azaltzen, egunkarietan ere agertu zen zerbait, eta ez dakit horren ondorioz, baina hurrengo hiru urtetan ez nuen kartzeletara joateko baimenik izan. Kartzelakoa, oso mundu arrotza egiten zait niri, gogorra. Ez nago batere ados han daudenen arrazoiekin, baina beraien bizi baldintzak beldurgarriak iruditzen zaizkit. Sentimen hori agertzen saiatu naiz, baina beti da kanpotik egindako gerturaketa bat. Gai latza da, benetan.

Kontzentrazio mota ezberdinak ere ageri dira zure ipuinetan: presoen aldekoak zein ETAk gertarazitako heriotza batzuen aurkakoak...
Hein batean, bizi dugun gatazkan non kokatzen naizen islatzen dute. Eta non ez naizen kokatzen ere bai, noski. Arrazoi askorengatik erabaki nuen une batean gaztelaniatik euskarara pasatzea, baina horien artean zera zegoen, gauza batzuei buruz idazteko gaztelania ez zitzaidala tresna erosoa egiten, batez ere hemengo gatazkarekin harremana duten gauzez idazterakoan. Gaztelera nire ama hizkuntza da, eta erdaraz hasi nintzen horretaz ere idazten, baina emaitzarekin ez nengoen batere konforme. Euskaraz saiatu, eta eroso hasi nintzen sentitzen. Agian ipuin horiek kontrako bidea egingo dute (hori da nire itxaropena), eta gaztelaniara itzuliak izango dira, baina orduan nik ipuinekin dudan adostasun egoeratik aterako dira jada.
Konstante bat da gai hori nire euskarazko hiru liburuetan, bakarra ez den arren -jendeak aipatzen du halako neke bat dagoela, ematen duela euskal literaturan bakarrik gai horretaz hitz egiten dugula-, eta ni saiatzen naiz horretaz bakarrik ez idazten, besteak beste, hori ez delako errealitatearen foko bakarra, baina uste dut horretaz ere idatzi behar dela. Saiatzen naiz ere ez moralizatzen, nireak ez direlako fabulak, eta literatura txarraren zeinua dela iruditzen zaidalako, baina era berean uste dut horietatik garbi atera daitekeela zertan datzan nire noraeza, askorena bezala.

Ospitaleen giroa ere sarritan hartzen duzu gaitzat.
Izan ditut esperientzia batzuk alde horretatik. Osasun zentroena mundutik aparte dagoen beste mundu bat iruditzen zait. Beste arau batzuekin jokatzen da haietan; espazio aseptikoak dira, gutxi humanizatuak, nahiz eta gizakiz beteta egon. Pixka bat kartzelarekin gertatzen zaidana gertatzen zait horiekin, oso arrotzak iruditzen zaizkit.

Nolakoa izango dugu Iban Zalduaren hurrengo liburua?
Gaztelaniaz. Hori da nire beste hizkuntza, ezin diot uko egin, eta oso kontentu nago ipuin bilduma hori plazaratzeko argitaletxe bat aurkitu dudalako: Lengua de Trapo. Madrilgo argitaletxe txikitxo bat da, ilusio asko daukan jendez osatua. Liburuari "La isla de los antropólogos y otros relatos" jarri diot nik izenburua, baina azkenean "La isla de los antropólogos" hutsean geldituko da, ziur aski. Ea zer harrera duen eta kritikak zer esaten duen. Kuriositate handia daukat, baina baita beldurra ere. Liburu oso kuriosoa da, nire euskarazko idazlanak baino joera handiagoa du ipuin fantastikorako. Euskal gaia ez da hainbeste agertzen, eta agertzekotan, bigarren plano batean doa


Azkenak
2025-01-20 | Bertsozale.eus
Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa
Gasteizko Amaia Zentroan elkartu dira larunbatean Arabako Bertso Kuadrilla artekoan parte hartuko duten 14 taldeetako ordezkariak. Kuadrillartekoaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa.

2025-01-20 | Euskal Irratiak
%221ko gainpopulatzea, Baionako presondegian

Alarma jo du, beste urte batez, OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiak. Abenduaren lehenean marka berri bat hautsi zen frantses estatuan, 80.792 pertsona atxiloturekin. Espetxe-administrazioaren aitzinikuspenen arabera, gainera, 86.000 baino gehiago izan litezke 2027an egungo... [+]


‘Goazen lagunok’: sare sozial toxikoetatik fedibertsora trantsizio kolektiboa

Trumpek AEBetako presidentetza hartuko duen eguna baliatuta, Goazen lagunok lelopean, multinazionalen jabetzako sare sozial "toxikoak" utzi eta fedibertsora trantsizio kolektiboa bultzatzeko kanpaina egiten ari dira eragile ugari. “Internet gizatiarrago batean... [+]


Aurtengorako irakurgaiak

Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten da bat, gero eta zerrenda gizenagoa. Zuetako ez gutxik zer irakurtzen dudan galdetu... [+]


2025-01-20 | Iñaki Sanz-Azkue
Hotza maite duen igela

Arboletako hostoak eroriak dira eta basoko lurra estalia dute. Lurraren eta hosto gorrituen artean, alabaina, sortzen da geruza fin bat, arreta gutxi jasotzen duena, baina espezie askoren biziraupenerako garrantzi handia izan dezakeena. Hezetasuna mantentzen du, zomorroak... [+]


2025-01-20 | Jakoba Errekondo
Euskal Herria banana errepublika

Sekula bananarik jan ez duten bi lagun ezagutzen ditut; nerau bat. Bananazalea da, ordea, jendea. Afrika eta Asia aldean sortutako landare generoa da banana (Musa x paradisiaca), baina gaur egun Ameriketan ere asko egiten da. Ekoizlerik handiena India da, eta esportatzaile... [+]


2025-01-20 | Garazi Zabaleta
Aleko
“Nekazaritza birsortzailerako eta proiektu kolektiboetarako test gunea da gurea”

Nekazaritzan trebatzeko eta proiektu propioak abiatu aurretik ekoizpenean eta merkaturatzean norbere burua probatzeko, abian dira gurean nekazaritzako hainbat test gune. Araban, 2023an abiatu zuten Aleko nekazaritzako test gunea, baina, antzeko egitasmo gehienekin alderatuta,... [+]


2025-01-19 | Urtzi Ugalde
Agur, amatxu

Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.

Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]


Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Eguneraketa berriak daude