«Tamalez, bizitzari lotutako jakinduria galtzen ari da»

  • TVE1eko «Saber y ganar» lehiaketan irabazten jakin duena da Jose Luis. Baina telenobela luze bateko pertsonaia ere izan zitekeen, Fronte Sandinistarekin bizitako kapitulu guztiak kontatu behar balitu gure «Gaspar komandante»ak. Nikaraguan bere urrezko mingainarengatik nabarmendu zen, eta hizkuntzarekiko maitasunak eraman zuen Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikako sailburu izatera lehenik, eta gaur irakaskuntzara.
Gaztetan «Frente Sandinista de Liberación Nacional»en sartu zinen. Nor zen «Gaspar komandante» hura?

Literalki hala nintzen, komandantea, baina garai hartan 2.000 komandante baginen: buruzagi asko eta indio gutxi! Garai latzak ziren niretzat. Hemen oso sartua nengoen kristau komunitatean eta krisialdi pertsonal eta erlijiosoa jasan nuen, eta alde egitea erabaki. Beti gustuko izan nituen Hego Amerikako kontuak, gainera garai hartan argi ikusten zen zeintzuk ziren "zintzoak" eta zeintzuk "gaiztoak", eta pentsatu nuen han bazegoela nire bizitza berriro hasteko aukera bat.
Nik 23 urte nituen, baina haientzat agure bat nintzen, bertakoak 15-16 urterekin sartzen baitziren. Horregatik izendatu ninduten "sarjentu nagusi" batailoi batean. Beste leku askotan egiten ez den bezala, han buruzagiak aurrean jartzen ziren, eta berehala hil. Ni enfrentamendu batean zauritu ninduten, eta justu orduantxe bukatu zen gerra! Alegia, 3-4 aste baino ez nintzela aritu gerran. Tira, gerra ofizialki bukatu zen, baina azken bajak hilabete batzuk geroago izan genituen. Horrez gain, guk lanak genituen errefuxiatuekin. 100.000 ziren Costa Rican. Gosetea latza zen, eta kontrabandoa ere egin genuen, txanponak eskuratu eta jendea elikatu ahal izateko.

Balak lortzeko abenturatxoren bat izan omen zenuen…
Balarik gabe gelditu ginen batean, dolarrak eta bidaia txekeak bilduta Costa Ricara joan behar izan genuen erostera, han merkatu librea zegoelako.
Bala haiek ere bukatu genituenean, ordea, txanponik gabe geunden, eta armak nonbaitetik lortu behar. Eden Pastorak berarekin joateko eskatu zidan, aferatxo bat bazuela-eta. Ailegatu ginen noizbait «Tipitapa»ko kartzelara. Bertan motina izan zuten. Preso somozistek matxinada egin zuten kartzelan, zituzten baldintza kaxkarren aurka, baina geuk ere baldintza berdintsuak bizi genituen. Agian beste leku batzuetan egiten dena da motinaren lekura armada bidali eta sekulako sarraskia egin, eta horren aitzakian preso gehienak hil. Baina Eden hau burutik jota zegoen, eta gainera erromantikoa zenez, erran zidan: "Goazen armarik gabe preso somozistekin eztabaidatzera". Eta nik ez dakit nola irten ginen bizirik. Nahiko bortitza izan zen negoziaketa. Gainera hango bilerak kristorenak ziren. Eztabaidatzen hasita mila buelta ematen zizkioten arazoari. Egun osoa emanda, azkenean ohartu ziren euren motinak ez zuela etorkizun handirik, eta hobe zutela guri armak ematea inor modu txarrean etorri aurretik. Nik Edeni berehala esan nion halako saltsetan sartu baino nahiago nuela fronteko gerra! Kamioi bat eskuratu nuen, armak garraiatzen jarduteko.

Kamioiarekin hasi, eta 30 neska ederren artean bukatu...
Bai horixe! Bi astetara aireportura eraman ninduten. Orduan oso modan zeuden hegazkin bahiketak, eta somozista asko zebiltzan aireportuan, Nikaraguatik alde egin nahian. Erran zidaten segurtasun lanak egiteko jendea behar zutela, eta kuartel nagusira joateko. 30 neskarik ederrenak aukeratu behar nituen, aireportuko super-agente bihurtzeko! Formakuntza antolatu eta klaseetan denetarik lantzen genuen super-agente bihurtzeko bi astetan: protokoloa, ingelesa, frantsesa, matematika... Izugarrizko gosetea bizi genuen, eta espainolek jatetxeak zituztenez, bapo engainatzen genituen. Espainolak berehala hasten ziren "a zer neska puskak" esanaz, eta nik azkar jartzen nien zepoa: "nahi baduzue gonbidatu lasai afaltzera". Han azaltzen ginen 40 lagun afaltzera, eta gero hor konpon, bakoitzak egin zezala nahi zuena. Baina oso mambo gutxi zegoen, gure ordutegia oso gogorra baitzen. Goizeko 6:00etan hasten ginen klase eta praktiketan.

Zer ikasi zenuen Nikaraguan?
Ikasi nuena da, bizitza edo iraultza baten kapitulu guztiak irakurri behar direla, ezin dela saltoka ibili. Jada klasikoek esan zuten bezala, iraultza lurralde aurreratuetan egin behar da eta ez atzeratuetan. Nikaraguako kasuan behintzat, iraultza izan zen boteretik zu kendu eta ni jarri, ez zen asmatu iraultza pertsonaletan eta baloreetan. Zaila da. Neronek ikusi nuen prozesua, zer den gaztetxoa izatea eta bat-batean boterea eskuratzea (botere ekonomikoa, ospearena…) eta mozkortzeko modukoa da! Edo oso nortasun sendoa duzu, edo bestela akabo. Orain Fronte Sandinistan jarraitzen duten buruzagi batzuk ez dira oso iraultzaileak; hori giza kondizioa da, besterik ez.
Bestalde AEBek oso gaizki jokatu zuten. Blokeoa egiten hasi ziren, portuetan minak jartzen, kontra-elikatzen… Nikaragua ekonomikoki oso aberatsa da, baina ezin zuen hainbeste frontetan borroka egin.
Pertsonalki oso egoera latza izan zen ni bezalako atzerritar batentzat bertan parte hartzea. Jende gehienarentzat atzerritar izatea susmagarria zen, "zu ez zara gure hizkuntzakoa" zuten buruan.

Hango esperientzia bizita, nola interpretatzen duzu Euskal Herrian gertatzen dena?
Agian iraultzaile izatetik erreformista izatera pasa naiz. Nik uste pauso guztiak eman behar direla iraultza bat egin edo edozein aldaketa lortzeko, eta gehienetan ez dago bidezidorrik. Gure kasuan, hemen oso gustuko ditugu hitzak, eta agian denbora asko galtzen dugu hitzei esanahi zehatza jartzen, eta edukia begi-bistatik galtzen dugu. Gehiago lor daiteke, baina nik uste arrisku bizian gaudela kohesioa galtzeko. Hori Euskal Herrian, eta Nafarroaren kasuari begiratzen badiogu, pentsa: Euskal Herri mailan gu mutur bat gara. Nafar gehienok erabiltzen dugu Nafarroa hitza, eta tamalez erreferente mitiko bihurtu gara, baina gero, eguneroko bizitzan Nafarroaren egoera edo aferaz gutxitan hitz egiten dugu, eta bai jendea eta baita erakundeak ere bakoitza bere bidetik doa. Gainera hemen beste mundu batean gaude. Euskal Herri bat ez da existitzen, behintzat Nafarroan bospasei Euskal Herri existitzen dira, eta ez dira berdinak. Horregatik niretzat independentziarena 47. arazoa da. Nafarroan gure oinarrizko arazoa da hil ala bizi, eta ez zer nolako formetan, haustura sozial bat izateko arrisku handia baitugu. Batzuentzat Belgikako eredua oso ona da, niretzat berriz oso kaltegarria Nafarroari aplikatuz gero. Belgika bereizitako komunitateez osatua dago, eta gero iazko istripuak bezalakoak gertatzen dira: tren batek izugarrizko sarraskia egin zuela, geltoki bateko gizona flamenkoa zelako eta bestea frantses hiztuna. Elkar ez ulertze hori saihestu egin behar da, Nafarroan behintzat.

Nafarroako Gobernuan Hizkuntza Politikako Zerbitzu buru izatera iritsi zinenean, ideia eta proiektu asko zenituen…
Geuk sortu genuen zuzendaritza hori, eta ni ez nintzen zerotik abiatu, zero azpitik baizik. Oinarri falta izugarria genuen. Garbi genuen hizkuntza politika ezin zela gobernutik bakarrik egin, beraz, lehendabiziko helburu estrategikoa izan zen lurraldeetan eta mankomunitateetan euskara zerbitzuak sortaraztea. Eskualdeko komunikabideekin berdin, batez ere prentsa eta irratiaren kasuan. Baziren beste oztopo batzuk gainditzeko zeudenak: euskalgintzaren munduan konbentzitu egin behar genituen gu ez ginela inoren satorrak (kasu honetan PSNren satorrak). Jendea harritu egiten baitzen: "Orain gobernua euskararen aldeko zerbait egiten hasiko dela? Zergatik ote?". Susmo txarrak zeuden, eta nik ulertzen nituen.

Euskalgintzak bakarrik ez zituen susmo txarrak izango…
Ez horixe. Aurrez aurre genituen batetik «Diario de Navarra» eta bestetik PSNko gobernua. Gobernuan gehienek ez zuten ondo ikusten guk egiten genuena, eta eskerrak gure kontseilaria Leongoa zela, horrela ez baitzegoen kutsatuta. Gizona azkarra zen eta logika erabiliz gauza asko egin genituen, baina kanpotik etorritako batek ere ulertzen eta defendatzen zituenak: funtzionarioen birziklapena egitea, esaterako. Ez genuen hizkuntza planik zehaztu ere, biharko oinarria prestatzea baino ez zen gure ardura. Tamalez ez zaio jarraipenik eman.

Hizkuntza eta politika lotuta doaz, edo hala behar luke?
Gure kasuan, euskararen kalterako izan da eta izango da. Garbi gelditu behar da zer den kultura eta zer esparru politikoa. Nik uste gizarte mailan hala funtzionatzen duela. Portzentaiak ikusten baditugu, D ereduan dauden umeen gurasoak denak ez dira nazionalistak eta abertzaleak. Baina euskara eta politika nahasten baditugu, gureak egin du. Justu hori da UPNk egiten duena. Konturatu da zer-nolako indarra duen euskarak hizkuntza eta kultura mailan, eta Nafarroako leloa jarraitzen dute: "Zenbat eta okerrago, orduan eta hobe", ea soka hausten den eta etekinak eurentzat diren.

Euskararen aldeko erakunde eta taldeak kasik pertsonak baino gehiago dira. Aniztasunaren seinale da, edo gerra bakoitzak bere aldetik egiten du?
Biak dira, aniztasunaren seinale eta ezin batuarena. Metaforatxo bat egitekotan, gu indioak gara AEBetan. Batzuek tutxiak, besteak komantxeak… izugarrizko iskanbilak ditugu gure artean, eta bitartean badator John Wayne eta terrenoa jaten digu. Egoera hori ezinbesteko baldintza dela dirudi gure gizartean, eta horrekin moldatu behar. Nik uste euskalgintzaren munduan hasi garela espezializatzen. Orain artean, edozein arazoren aurrean komunikatu bat kaleratzen zen, atzean 50 sinadura zeramatzana, eta hor biltzen ziren politikariak, sindikatuak, elkarte gastronomikoak, eskaleak… baina jada esparru espezializatuetan sartu gara, eta arazo bakoitzean partehartze zuzena dutenek sinatzen dute. Baina oraindik ez dugu indioen sindromea gainditu.

Nola ikusten duzu Nafarroaren etorkizuna?
Baliteke dugun egoera baino beltzagoa etortzea, baina adibideak inoiz ez ditut aipatzen, batez ere UPNkoek ideiak hartuko dizkidaten beldurrez. Orain arte pentsatu dute (eta tamalez baita lehengo gobernuak ere) Nafarroa kortijoa dela, eta horrek dakarrena da korrupzioa eta herriarengandik urruntzea. Baina hasi dira epaitegietan lehendabiziko zaplastekoak jasotzen, Europatik ere jaso dituzte eta are gehiago jasoko dituzte. Gizartean ikusten dute kopuru handi batek haien euskara politikaren kontra jotzen duela. Eta bizitzak berak izugarrizko eragina du: UPNko gobernuarekin iazkoa izan zen urterik beltzena, eta hala ere gaztelerazko irakasleentzat 110 plaza atera zituzten, eta euskarazkoentzat, berriz, 150, errealitateak berak behartuta. UPNkoek jabetu behar dute ezin diotela oztoporik jarri errealitateari eta ea bidea aldatzen duten. Politikoek mirariak egiten dituzte, eta jakina da armairuan jaka pilo ederra dutela...
Urtebete barru hauteskundeak ditugu Nafarroan, eta ea zer saltsa sortzen den PSNren barruan. Niretzat PSN beti izan da ardatz nagusia hemengo politikan. Orain halako lozorroan, krisialdian, edo nerabezaroan egonda, ea behingoz eskuratzen duten heldutasuna, eta ea berriro osatzen duten gobernu hirukoitza, edo laukoitza, edo auskalo zenbat izkinetakoa. Alternatiba bat eskaini behar diote UPNri, aisa egon baita boterean zer oposizio zuen ikusita.

Nafarroa eta EAEren arteko harremana nola ikusten duzu?
Politika mailan, hori eskuratzea da nire 110. arazoa. Nafarroan daukagun gobernuarekin, elkarkidetzan amesteak ez du merezi. Sinatu zen hitzarmena iraupen gutxikoa izan zen. Agian ez da beharrezkoa hainbeste argazki eta komunikatu atera eta jatetxeetan biltzea, agian xumeago egin behar dira gauzak. Eguneroko gauzetan asko egin daiteke.

Telebistako "Saber y Ganar" lehiaketan 56 saio irabazi dituzu. Eskolan jakintza entziklopediko hori gero eta gutxiago lantzen da…
Suposatzen da jendeak gero eta gehiago egiten duela bere espezialitatea, baina azkenean ez dira ezertan espezialistak, eta analfabeto funtzionalak dira erabat. Azken finean, jakinduriak lotura izan behar du: lotura bai ezagupenen artean, eta baita zure bizitzarekiko ere. Zabaltzetako herritarrek agian gutxitan irakurtzen dute eta ez dakite saio filosofikoa egiten, baina badute halako armonia bat naturarekin, gizakien artean, pozik bizi dira… eta hori nabaritzen da hizketan hastean erakusten duten bizitza jakindurian. Jakinduria hori tamalez galtzen ari da. Esparru guztietan esaten da adituak izan behar dutela, baina azkenean gauza bakarra dakite egiten. Oinarri zabala baduzu, berriz, lanerako kontu zehatzak berehala ikas daitezke. Gure hezkuntza sisteman hutsune nabarmena dago. Ikasleek hamaika gai dituzte, eta oinarrizkoak bakarrik behar lituzkete izan. Gainera urte batetik bestera teknologia tresna guztiak aldatzen direnez, oinarri sendoa da beharko dena egoera berrietara moldatzen jakiteko. Orain enpresetan goi mailako karguetarako letretako jendea hartzen omen dute. Jende horrek nahiz eta ordura arte enpresako gaia ez menperatu, buruan duten antolamenduagatik erraztasuna dute denbora gutxian lan horretara egokitzeko.

Teknologia berriekin, eskolan zer leku eman behar zaio memoriaren lanketari?
Badira 20-30 urte memoriak bere prestigioa galdu zuela. Niretzat ez du zentzu handirik gauzak buruz jakiteak, hobe da buruan dituzun ezagupenekin loturak egiten jakitea, eta ordenagailu edo artxibategietan informazioa bilatzen jakitea. Baina nik uste beharrezkoa dela bai memorian, bai adimenean, eta baita emozio eta sentimenduetan ere heziketa on bat izatea. Horri guztiari erantzun ezinean dabil eskola, are gutxiago daukagun gaitegi zerrenda luzearekin. Azkenean zeure buruari galdetzen diozu: "Ikasgelan eman beharreko honek laguntzen du pertsona izaten?" eta gehienetan erantzuna da ezetz. Beste era batera antolatu behar litzateke hezkuntza, ez lan munduari begira, pertsonari begira baizik. Hori da heziketa, pertsona heldu egitea. Egun, ia urte osoa ematen dugu selektibitateari begira, eta hori niretzat denbora galtzea da, baina behartuta sentitzen zara.

Zein da eskolan hizkuntzen egoera?
Orain arte erdaldunei euskara klasea ematen aritu naiz, eta hori foro apatxea zen. Arlo akademikoa bakarrik lantzen duzu, baina gero jendeak ez du aukerarik ikasgelatik kanpo euskal giroa topatzeko, edo beti militantziarekin topatzen dira bestela. Orain berriz, Leitza bezalako herri batean egotea zoragarria da hizkuntza aldetik, hemen euskara bizia delako. Euskal hezkuntza sistemak ere ez dio erantzuten tokian tokiko egoerari: ez da berdin gaztelera ematea Leitzan edo Burlata batean, eta euskararekin alderantziz. Baina hala ere curriculum berbera daukagu eta gaitegia berdina da, eta ezinezkoa da, pedagogia aldetik eta hizkuntza maila aldetik, baldintza berdinetan funtzionatzea. Leitzan, esaterako, gaztelerak gai bezala atzerritar hizkuntza bat gehiago bezalaxe izan behar du. Alegia, euskaraz ikasi behar dituzte ezagupen gehienak, eta gaztelera menperatu behar dute harremanetarako. Orduan, nik zertarako irakatsi behar diet gaztelerazko esaldiak aztertzen? Sobera da literatura gozatzea eta ulermena eta adierazpena lantzea, batez ere ahozkoa. Ez dakit zergatik tematzen garen hainbeste idazten, gero bizitzan %98an ahozko hizkeran komunikatzen bagara. Horixe da landu behar dena, bestela gero jendeak ez daki publikoan espresatzen, eta konplexuz betea egoten da.

Euskara ere, lurralde erdaldunetan ez al da akademikoki lantzen?
Bai, klasean egiten denak nahiko artifiziala dirudi, izatez nahiko artifiziala delako. Masa kritiko bat eskuratu arte, hor euskara hizkuntza bitxi bat da eta akademikoki bakarrik lantzen duzu. Zorte ona baduzu, agian etxean ere hitz egingo dute, eta baduzu ETB1, eta Euskadi Gaztea. Alegia, urratsak ezin direla eskolan bakarrik planteatu, gizarte dena batera doa. Gaur Burlatan euskaldunak direnen artean, agian gehienek euskaraz zailtasunez hitz egiten jarraituko dute, baina ziur aski euren seme-alabak hobeto moldatuko dira, eta jada izango dute etxeko giro bat. Hizkuntza baten normalkuntza lortzeko agian mende bat behar da eta guk 20 urtean egin nahi dugu dena eta atzerapausoak ematen ari garela kritikatzen dugu askotan. Baina lasaitasun gehiagorekin hartu behar genuke, hau maratoia da-eta

- Jaio: Carcarren (Nafarroa), 1954. urtean.
- Bizi: Zabaltzetan eta Burlatan.
- Filologia Hispánican lizentziatua, egun Leitzako institutuan dabil irakasle.
- FSLNko (Frente Sandinista de Liberación Nacional) komandante izan zen 1979-81 urte bitartean.
- Nafarroako Gobernuan Hizkuntza Politikako Zerbitzu buru izan zen 1989tik 93ra bitartean.
- Euskara Kultur Elkargoko lehendakaria da.
- TVEko «Saber y Ganar» lehiaketan 56 saio irabazi ditu.

Doinua: Aita izena
Gu indioak ez ote garen
zure iritziak dio,
zeu izan zara iritsi zaren
leku denetan indio.
Mundua zer den ikusi eta
nor lagun, nor arerio,
jakintza eta esperientzien
bateratzea medio,
bizitza bati bere zentzua
norberak ematen dio.

«1987an, gerra bukatu bezain pronto egoera nahaste-borraste hutsa zen. Somozista piloa zeuden enbaxadatan, eta gauetan tirokatzera irteten ziren. Oheak hutsik, herritar denak lurrean lokartzen ziren, badaezpada. Vietnamgo lehendakaria, Juan Bandom, hegazkinez etortzekoa zen, eta guk aireportuko ziurtasuna bermatu behar genuen. Antolatzea ez zen erraza, bereizten zaila baitzen zein zen gure aldekoa. Elkar bereizteko postako zigilu bana jarri genuen bularrean! Hegazkina berandutu, eta gauez zen iristekoa (segurtasun neurrientzat are okerrago). Lurreratze pistetan beti egoten da zirkulu bat, hegazkina bertan gelditzeko. Kontsigna horixe izan zen: zirkulu horretan sartzen dena, edonor dela ere, eraikinen gainetik tirokatuko dugu. Iritsi zen hegazkina, zirkulu barruan gelditu ere bai, baina ez zuten atea zabaltzen. Ez genekien zer arraio gertatzen zen. Halakoren batean ohartu nintzen ez zegoela jaisteko eskailerarik! Korrika bizian eskailera bila joan, eta azkenik ekarri genuen bat, baina baxuegia, agure bat jaisteko batere egokia ez zena. Estuasun hartan, ni larri, goiko guardiei esan nien abisatzeko besteei zirkulura sartuko nintzela eskailerarekin, eta ez tirorik egiteko behintzat. Ez nintzen batere fidatzen. Nola edo hala jarri nuen eskailera, igo nintzen hegazkinera, eta atea zabaldu zuten. Vietnamgo lehendakariari neronek eman nion eskua, protokolo tipikoarekin: «Ohore handia da niretzat Nikaraguako lur berrira berori etorri izana…». Bizia galtzeko beldur galanta pasa nuen!


Azkenak
Ertzain bat atxilotu dute homizidio saiakera egotzita, lan orduetatik kanpo hiru pertsonari tiro egiteagatik

Ertzaintzak ertzain bat atxilotu du, hiru pertsona hiltzen saiatzea egotzita. Agentea lan orduetatik kanpo zegoen, eta deklaratu zuen bere buruaren defentsan egin ziela tiro furgonetan zihoazen ustezko hiru lapurri. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gezurra da deklaratu duena.


Sardiniak ezetz esan dio kolonizazio energetikoari

Haize-erroten eta eguzki-plaken ezarpen zabalarekin kezkatuta, populazioa "espekulazio energetiko" gisa kalifikatzen duen joera bati aurre egiten ari da.


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


2024-08-08 | Sustatu
Twitterren alternatiben analisia: Bluesky, Mastodon eta Threads

Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic... [+]


Israel Donostiako Klasikotik kanporatzeko eskatu du Gernika-Palestina herri ekimenak

Larunbatean zeharkatuko ditu hiriko kaleak Donostiako Klasikoak, eta Gernika-Palestina herri ekimenak Israelek bertan duen presentzia salatu du, prentsaurreko batean. Adierazi dutenez, “genozidioa eteten ez duten bitartean” klasikoak ez luke Israel-Premier Tech... [+]


Egiazko arrazoia Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko

Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko helburua ez da erresistentzia ahultzea. Benetako asmoa da inteligentzian eta arlo militarrean bere nagusitasunaren irudia berrezartzea Israelgo iritzi publikoaren aurrean .


Puigdemontek esan du osteguneko inbestidura saioan izango dela

2017tik Bruselan dago Kataluniako presidente ohia, baina itzultzea erabaki du Generalitateko hurrengo presidentearen inbestidura eztabaidarako. “Normaltasun demokratikoko baldintzak ez” izatea salatu du, eta aipatu du itzultzeak suposatzen duen atxiloketa arriskua.


Donostian jarrera eta eraso arrazistak ugaritzen ari direla salatu eta borrokatzera deitu dute

Udaletxe aurrean eginiko prentsaurreko jendetsuan, Donostian gertatzen ari diren jarrera arrazista, klasista eta faxistekin kezka adierazi dute hiriko eragile sozial eta politiko ugarik. Irakurketa bateratua eskaini dute 37 eragilek, besteren artean, Ernai, GKS, Bilgune... [+]


Venezuelako oposizioak dei egin die poliziei eta militarrei gobernuaren kontra egitera

“Herriaren eta beren familien alde” jartzeko eskatu diete Edmundo Gonzálezek eta María Corina Machadok adierazpen bateratu baten bitartez. Maduroren gobernuak erantzun egin die, eta erabaki dute dokumentuaren sinatzaile biei “ikerketa penala... [+]


Israelgo armagile nagusiaren fabrika batera sartu eta gerrarako materiala suntsitu dute Erresuma Batuan

Palestine Action taldeak dio bere ekintzaileek astelehen goizean (abuztuak 6) Elbit-ek Bristolen duen fabrika "inbaditu" dutela. Ikerketa eta fabrikazio zentroa oso zainduta dago, eta espetxeko furgoneta bat erabili dute kanpoko perimetroa txikitzeko.


2024-08-07 | Euskal Irratiak
Oihana Goiriena
“Haserre gara, Polonia airos atera baita Pabloren kontrako salaketa frogatu gabe”

Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da.


Talde ultraeskuindar baten errekurtsoak geldituta du Donostiako Loiolako Kuartelen salerosketa

Loiolako kuartelen afera ez dago bere onenean. Espainiako Defentsa Ministerioak eta Donostiako Udalak akordioa “aldi baterako” etetea erabaki zuten joan den astean, hilaren 18a baino lehenago ezin izango zutelako gauzatu, eta hori delako, hain zuzen, salerosketa... [+]


Eguneraketa berriak daude