GRAFFITIAK: IZENGOITIEN ARTEA


2021eko uztailaren 27an
Trenak, hormak, autobusak, dendak... berdin zaie non margotu, baldin eta beren ezizena txukun-txukun eta dotore-dotore bertan azaltzen bada. Garai batean bandalismotzat jo zen mugimendua lan artistiko bezala onartua da azkenaldian. Idazletzat dute beren burua, beharbada, graffitilarien sinadura nonahi irakur daitekeelako. Euskal Herrian gero eta gazte jende gehiagok hartzen ditu koloretako aerosolak hiriko kale eta txokoei bizi pixka bat emateko.



Gasteiz: Euskal Herriko Graffitien Sehaska.

Arabako hiriburua izan zen aurrena mugimendu honetan murgiltzen. Bertako «Boni-M» graffitilariaren esanetan, «Duda X» izan zen, bai Gasteizen eta bai Euskal Herri osoan ere, bere sinadura edonon margotzen hasi zen estraineko «idazle»etako bat. «Duda X»ek Arte Ederrak ikasi zituen, egungo graffitilari askok bezalaxe, eta bere kabuz sartu zen izengoitien mundu koloretsu honetan. 1989. urtea zen eta Euskal Herrian ez zegoen graffitiak egiteko aerosolik. Hori dela-eta, kotxeak margotzeko pintura erabiltzen hasi ziren Gasteizen. Montana markarekin etorri ziren benetako aerosolak, egun bai Euskal Herrian baita Espainia guztian ere erabiliak. Memento honetan Gasteizen biltzen da graffiti kopuru handiena eta jarraitzaileen esanetan baita landuena ere. Abenduan AMBA (Asociación de Amigos del Museo de Bellas Artes de Araba) elkarteak antolaturik graffitien inguruko hitzaldiak eta ekimenak izan ziren Arabako hiriburuan. Erakustaldietako batean Habanara bidaliko den autobus bat margotu zuten graffitilariek. Gaur egun, margo berrienak eta garaikideenak Santa Lucía auzoan kokatzen dira. Baina «Boni-M» «idazlea»ren iritziz, «Gasteizen toki askotan aurki daitezke graffitiak, Zaramagan ere, adibidez, margo asko daude».
Iruñea da Euskal Herriko bigarren hiriburu indartsuena. Bertan 1994. urte inguruan hasi ziren lehen grafittiak agertzen. «Pin»en arabera, bost bat lagun izan ziren Iruñeko estraineko idazleak. Eta aerosolak Bartzelona eta Alacantera dezentetan joaten zen lagun batek lortzen zizkien. Gaur egun, hiriko alde zaharrean kokatutako denda batean lortzen dituzte pintura potoak. «Guztia San Juan-eko igerilekuetako hormetan egindako erakusketa batekin hasi zen», diosku «Pin»ek. Bertan, hainbat graffitilarik hartu zuen parte, eta horrez geroztik, jendea pixkanaka Euskal Herrian berria zen mugimenduari gehitzen hasi zitzaion. Milagrosa eta Barañain auzoetan biltzen dira Iruñeko graffiti gehientsuenak.
Hormak eta tren bagoiak izengoitiez jostearen mugimenduak 1993. urte inguruan hartu zuen indarra Bilbon. Astrabudua, Lamiako eta Erandio dira gune aukeratuenak paretak apaintzeko. «Alive»n ustez, «ez dago jende asko margotzen» eta estilo ezberdinak jorratzen badira ere, «idazle»en eta hirien tendentzien arteko aldea txikia da.
Oro har, Gipuzkoa eta Iparraldea dira Euskal Herrian graffiti gutxien dituztenak. «Sirs» lasartearra, kasurako, 90eko hamarkada hasieran hasi zen graffitiak egiten. Bartzelonan zuen lagun baten bidez murgildu zen sustraiak Ameriketako Estatu Batuetan dituen mugimendu honetan. «Sirs» eta bere lagunak ere Montana aerosolekin hasi ziren. «Hemen Montana pinturarik ez zegoenez, Bilbora, Iruñeara edota Kataluniara joan beharra geneukan», dio «Sirs»ek. Hori dela-eta, Bartzelonara deitu, kantitate bat eskatu eta gero margoak garaje batean saltzen hasi ziren. Jende dezente gerturatu zitzaienez, duela bost bat urte denda bat irekitzea pentsatu zuen «Sirs»ek. «Old School» Donostiako Salamanka pasealekuan dago eta Montana aerosolak saltzeaz gain, diskoak, bideoak eta arropa ere eros daiteke bertan. Gaur egun, Groseko Manteo eskolako horman ikus daiteke hainbat graffiti.
Hendaian aurkitu dugu «Tëck», Parisekoa izatez eta graffitiak egiten 1987an hasi zen «idazlea». «Tëck»en esanetan, Iparraldean «mugimendu berria da oso», bertako jendea duela hiru bat urte hasi baitzen margotzen. Orain gutxira arte aerosolak lortzea oso zaila zen eta biziki zaleak izanik Bordele, Pau edota Toulousera bidaiatzen zutenek eskuratzen zituzten. Graffitilari horiek izan ziren mugimendua Iparralderat ekarri zutenak. «Hemen margotzea debekatuta dago», dio paristarrak. Horregatik, Euskal Herrian graffiti gutxi egin ditu «Tëck»ek eta, batez ere, koadroan margotu du. Egun Baiona, Miarritze, Angelu eta Donibane Lohitzunen biltzen dira graffiti gehientsuenak. «Tëck»en esanetan, mugimendu berria bada ere, bi edo hiru urte barru margo dezente ikusiko da Iparraldean.

Udalen Jarrera.

Graffitiak ezin dira edonon egin. Dudarik gabe, horixe da gaur egun idazleen arazo eta buruhausterik handiena: non margotuko dut gaur nire izena isunik ordaindu behar izan gabe? Hiriburu bakoitzeko Udalen jarrera, noski, ezberdina da.
Bestalde, egoerarik larriena Iruñeko graffitilariek pairatzen dute. «Pin»en esanetan, mundu honetan murgildu eta bi urteetara lan txikiak egiten hasi ziren. Jendeak eskatuta, adibidez, dendak margotzen zituzten. Garai hartan jabearen baimena nahikoa zen denda bateko horma koloreztatzeko. Gaur egun, aldiz, ugazabaren baimenaz gain, Udalarena ere ezinbestekoa da. «Pin»en arabera, lehen margotzeko ezkutuan ibili beharra zuten.
Orain, ordea, arazoa bestelakoa da, Iruñeko Udalak garbiketa talde bat antolatu baitu graffitiak ezabatzeko. «Udaleko eraikinetan egindako margoak ezabatzea normala deritzot, bestalde, baimenarekin egindako benetako artelanak ere estali dituzte», dio «Pin»ek. DBR taldeko idazlearen iritziz, Iruñeko graffitilariak oso haserre daude: «Jendeak modu artistikoan lan egin nahi du eta egiten ari direna koadro bat hartu eta sutara botatzea bezalaxe da».
Graffitiak egiteko arazoak egon badaude ere, Gasteizko egoera bestelakoa da. «Boni-M» «idazlea»ren ustez, azkenaldian egoera nahiko lasaia da. «Gasteizen beti ahalegindu gara monumentu kulturalak-eta errespetatzen, horregatik hiri kanpoaldeko auzoetan egin izan dira graffiti asko eta asko», dio SG taldeko kideak. «Idazle» gasteiztarraren iritziz, azkenaldian nahiz eta ulertu ez, jendeak beste era batera ikusten ditu graffitiak. Boni-M eta bere kideek, adibidez, Gasteizen laster aurkeztuko den Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan margotuko dute. Egingo dituzten graffitiak, gainera, aurrerantzean ere bertan mantenduko dira.
Herri guztietako udalek ez dute graffitienganako errezelo eta mesfidantza. Ermuan, adibidez, zikin samar dauden eskola eta etxeen hormak graffitiez apaintzea erabaki du Udalak. Hala ere, graffitiak baino muralak egiten dituela dio «Lex»ek. Aerosolez margotzen badu ere, marrazkiaren edukia ez baita izengoitian oinarritzen. Dagoeneko hamabost metroko altuera duten margoak egin dira, baita etxeetako solairuen arteko fatxadak apaindu ere. Egitasmo honekin batera, Udalak eskatuta «Lex»ek 20 eta 50 urte arteko hamar persona trebatu ditu aerosolaren teknikan. Idazlearen iritziz, ikasleetatik bi edo hiruk mundu honetan profesionalki aritzeko aukera izango dute. Ekimen horiez gain, erakusketak ere egin dituzte. Herriko plazan, kasurako, auto bat margotu zuten. Eta Nazioarteko Gurutze Gorriak eskatuta, furgoi bat ere graffitiz apainduko dute Ekuadorrera bidaltzeko.

Bakarka eta Taldeka.

Gasteizko «Boni-M»ren iritziz graffitilariena egozentrismo hutsa da: «Gero eta toki gehiagotan eta besteak baino politago, are hobeto». Hala ere, guztia ez da indibidualismoa eta taldeek garrantzi handia dute. Gasteizen, kasurako, besteak beste, XL eta SG taldeak daude. XL Iruñea eta Gasteizko graffitilariek osatzen dute; SG, berriz, Espainia mailakoa da, Gasteiz, Burgos, Santander eta Madrileko «idazle»ek osatzen baitute. Azken honetako partaidea da «Boni-M» eta bere ustez aipatu taldeak dira gaur egun dauden hoberenetakoak.
XL taldeaz gain, Iruñean beste hainbat aurki daitezke, VCC edota LCK, adibidez. «Pin» DBR taldeko partaidea da. Hip-hop mugimendua jarraitzen du talde honek: batzuek rap musika entzuten dute, beste batzuek graffitiak egiten dituzte... Eta noizean behin jaialdiak ere antolatzen dituzte, graffiti erakustaldiez, rap musikaz eta «break dance» ikuskizunez osatutako jaialdiak, noski. Dena dela, «Pin»en iritziz, hiru diziplinek ez dute zertan batera joan behar: «Graffitiak egin ditzakezu rap musika entzun edota praka zabalak eta bisera jantzi gabe». Bada hormak margotzea denborapasa eta hobby bezala duenik, bestalde, idazle iruindarraren ustez, graffitigintza bizitzeko era bat da: «Mugimendua benetan sentitzen duen jendea dago Iruñean, bere herrietatik irten eta beste hiri batzuetara margotzera joaten den jendea».
Batzuek hip-hop jaialdiak antolatzen dituzte eta beste batzuek web guneak sortzen dituzte. Bilboko H-49 taldearen kasua da hau. «Alive» eta bere kideak duela hiru urte hasi ziren elkarrekin margotzen. «Graffitien argazki dezente lortu genituenean erabaki genuen www.h49.org web gunea sortzea», dio «idazle» bilbotarrak. Bertan, Bilboko graffitiaren egoeraren berri emateaz gain, Espainiako nahiz Europako graffitilarien lanak ere ikus daitezke. Gainera, web orria bisitatzen dutenei beren iritzia emateko aukera eskaintzen diete, baita graffitiekin zerikusia duten beste hainbat web guneren berri eman ere. H-49 taldeaz gain, Bilbon NG eta POK taldeak ere badaude.
Donostia inguruan eta Iparraldean ere graffitilarien taldeak osatzen dira eta Bilbo, Gasteiz eta Iruñean bezalaxe, siglez osatutako izenak dituzte. «Sirs», kasurako, ASK taldeko kidea da. Bestalde, Donostia aldean taldeak sortu eta berehala desagertu egiten direla uste du idazle lasartearrak: «Pasa den udan, adibidez, FTR sortu zen, graffiti piloa egin zituzten eta gero desagertu egin zen». SBR da Donostiako beste talde egonkorretako bat. Lapurdi aldean, berriz, Baionako eta Toulouseko idazleak biltzen dituzten ALS eta 164 taldeak dira esanguratsuenak

Ezagun metroaren bidez
Graffitiaren mugimendua Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen 60ko hamarkada amaiera aldera. Eta guztiok gogoan Bronx, Brooklyn eta Manhattan baditugu ere, Philadelphian, Pennsylvanian eman ziren lehen urratsak. «Cool Earl» eta «Cornbread» dira irakurri ahal izan ziren estraineko izengoitiak. Eta ez dago jakiterik mugimendu honek nola egin zuen jauzi New York hirira. Hala eta guztiz ere, New York da munduko graffitilari guztien erreferentzi puntua. Bertan, metroa izan zen hasieran idazleak ezagun egin eta gero auzo ezberdinetako graffitilarien arteko lehia ahalbideratu zuena


Azkenak
2024-12-31 | Julene Flamarique
24 urteko espetxe-zigorra bete ostean libre da Guillermo Merino durangarra

Merino 2001. urtean atxilotu zuten, eta dispertsioa jasan du, zigorraren zati handi bat Euskal Herritik kanpoko kartzelatan igaro baitzuen baldintza “zailetan”. Orain, askatasuna berreskuratu du.


2024-12-31 | Leire Ibar
Prezioek gora egingo dute urte berriarekin batera

Urte berriaren hasierarekin, hainbat zerbitzu eta produkturen prezioetan igoerak izango dira. Elikagaietan, energia fakturetan, udal-zergetan eta etxebizitza gastuetan garestitze nabariak atzemango dira.


2024-12-31 | ARGIA
Apirilaren 11n egingo da Aberri Egun bateratua, Euskal Herria Baterak deituta

Euskal Herria nazio dela aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute Donostiako Kursaalean. Astebeteko ekitaldi sorta izango da.


2024-12-31 | ARGIA
Gontzal Fontaneda euskaltzale gasteiztarra hil da

Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]


Eraikiz kolektiboa: “Gizonok matxismoaren aurrean ardurak hartzeko unea iritsi da”

Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.


2024-12-31 | ARGIA
Zarautzen terapia kontsulta duen gizon bat atxilotu dute, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita

Getariako etxebizitza batean egin dio eraso, Segurtasun Sailaren arabera. Emakumea astero joaten zen terapia naturaleko kontsultara, eta Ertzaintza ikertzen ari da ea antzeko ekintzen biktima gehiago dauden.


2024-12-31 | Leire Ibar
Kataluniako emakume kazetarien erdiak baino gehiagok jasaten du sexuagatiko diskriminazioa

Media.cat-ek egindako azken ikerketak agerian utzi du emakume kazetariek Katalunian jasaten duten sexu-diskriminazioa. Inkestatutako emakumeen %54,4k sexu-jazarpena jasan dutela eta %55,1ek sexu-generoaren araberako jazarpena izan dutela adierazi dute.


2024-12-31 | Julene Flamarique
Akusazioak hemezortzi urteko espetxe-zigorra eskatu du Mario Lopez Gernikako entrenatzaile ohiarentzat

Sexu erasoak 1998an hasi ziren, biktimak 13 urte zituenean. 2003an kluba utzi bazuen ere, emakumeak iaz salatu zituen sexu erasoak, Mario Lopezek taldeko entrenatzaile gisa jarraitzen zuela. Orain 18 urteko espetxe-zigorra eskatzen du akusazioak, fiskaltzak baino lau urte... [+]


Israelgo espetxerik ankerrenean atxiloturik dago Gazako azken ospitaleko zuzendaria

Hussam Abu Safiya medikua askatzeko eskatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta bere aldeko kanpaina ere abiatu dute sareetan. Abu Safiya medikua ez da edonor; nazioartean erreferente bihurtu da, berak zuzentzen zuen ospitalearen aurka egindako erasoak kontatzen zituelako.


2024-12-31 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Obrak eta obrak, marra horia lausotzeko

Garai aproposa izaten da urteburua iraganeko lorpenak goraipatzeko eta, are gehiago, etorkizuneko asmo-usteak aldarrikatzeko. Eta halatsu da Txinan ere, alafede. Bide batez, ez da harrigarria abenduko azken orduetan, aurreikusitako planari aurrea hartuz, Xinjiangeko Urumqi-Yuli... [+]


Petardo eta bengalak, albo-kalteak dituen tradizioa

Urtezahar gauean petardo, bengala, traka, suziri eta bestelako gailu piroteknikoekin jolasean arituko dira asko eta asko aurten ere, horietako ez gutxi adin txikikoak. Eta errepikatuko dira istripuak, suhiltzaileen esku-hartzeak, eta burrunba gordin sufritzen duten ume, adineko... [+]


2024-12-31 | Usurbilgo Noaua
Beste sute bat izan zen erraustegian

Suhiltzaileek beste sute bat itzali behar izan zuten abenduaren 27an Zubietako erraustegian.


2024-12-31 | Josu Iraeta
Borroka luzearen ametsak, egiazko nahi ditut

Badira, garun distiratsua izanik, "zehaztasun gutxiko" definizioekin, gauza bera, beste era batera esanda, aldatzen eta itxuraldatzen adituak direnak. Berea zen, eta hainbat hamarkadatan errepikatu den proiektu in eternum bat izan da. Hasiera batean hori zen hegemoniko... [+]


2024-12-31 | Sustatu
Max streaming plataforman ere euskarazko edukiak agertzen hasi dira

Nazioarteko ordainpeko streaming plataformetan, Amazon Prime Video eta Netflix izan ziren lehenak euskarazko edukiak eskaintzen, eta orain Max gehitu zaie (2024 arte HBO edo HBO Max izan dena). Pantailak Euskaraz-ek azpidatziak moldatu ditu, eta EITBk bikoizketak eskaini, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude