DESILUSIOAK JOTAKO EUSKALDUNAK

  • XX. mendean euskaldun askok Argentinarako bidea hartu zuen bizimodu hobe baten bila, baita aurkitu ere. Gaur, euskal jatorriko komunitatea herrialde horretako zabalenetakoa da; 5.000.000 euskal-argentinar daudela esaten da. Duela bizpahiru belaunaldi izan zen diasporarik indartsuena eta oraindik loturak estuak dira bi herrien artean. Orain Euskal Herritik eskasiaz ihesi joan zirenen biloba edo seme-alabetako batzuk itzultzea erabaki dute. Hutsetik hastea ez da erraza, baina itsasoaz bestaldeko desesperantza baino hobea dela pentsatu dute batzuk. Haiengana hurbildu gara Argentinako egoeraz, euren esperientziaz eta zalantzaz betetako etorkizunaz hitz egitera. Batzuk hilabete eskas etorri ziren, beste batzuk 20 urtetik gora daramate Euskal Herrian. Badira oporretan etorri eta euren herrian egoera nahasi eta iluna zain dutenak ere. Gauza batzuetan ados daude, bestetan iritzi desberdinekoak dira. Baina guztiak bat datoz krisia aspalditik datorrela eta irtenbideak ere luze joko duela esatean. Baita Euskal Herriak harrera ona egin diela azaltzean ere. Datozen tokitik etorrita, ez da zaila.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Nrork ez du gurean senitartekoren bat, urruna bada ere, Argentinan? Bertan bizi diren euskal jatorriko argentinarrek, Euskal Herriko biztanleak bikoizten dituzte. Horregatik, azken asteetan Argentinatik datozkigun berri ilunak interes bereziz jarraitu ditugu hemen. «Corralito»a, «cacerolazo»ak, harrapaketak, debaluazioa... horren guztiaren atzean dagoen errealitatea azaltzeko, berau ederki ezagutzen duten jatorri euskalduneko hainbat argentinarrengana jo dugu. Inguruan topatu ditugu denak, Bermeon, batzuk, Hernanin besteak, Tolosan, Gorraitzen... Aspaldi etorri ziren batzuk, geratzeko asmotan etorri dira beste batzuk duela aste gutxi eta badira lerro hauek argitaratzerako berriro Argentinan izango direnak ere. Guztien artean herri nekatu baten irudi ezkorra margotu digute.


Mar de Plata-tik Bermeora.

Bermeoko alde zaharrean alokatuta duten pisuan topatu ditugu Rodolfo Jaca Madariaga eta Valeria Ominetti. Eskola eguna da baina Maite eta Argi, euren bost eta bi urteko alabak ere etxean topatu ditugu, bronkitisak jota. Duela 9 hilabete alde egin zuten euren jaioterritik, Mar de Plata-tik, Argentinako kostaldeko 600.000 biztanleko hiritik. Ez dituzte zuzenean azken asteotako iskanbilak bizi izan, baina garbi dute egoera ez dela gauetik egunera sortutakoa.
«Hona etorri baino lehenxeago Mar de Platako ‘villa miseria’tara joan ginen» diosku Valeriak. Brasilen fabela deitzen zaionari esaten diote Argentinan «villa miseria». Azken urteotan Argentinako hiri handi guztietan izugarri ugaldu dira. Hirigunera bizibidearen bila sartzen dira, zaborretan bilatzera edo lapurretara. 40ko hamarkadan Argentina nekazaritzaz bizi zen nagusiki. Orduan hasi zen hirirako exodoa. Baina garapen industriala ez zen behar bezalakoa izan eta ordutik hona, nekazaritzari uko egindakoak hiriaren ateetan pilatzen joan dira, inolako aukerarik gabe. «Bertan ikusi genuena ez da sinestekoa: txapazko, kartoizko txabolak, 15 pertsona 10 metro koadrotan bizitzen, ez dute hezkuntzarik, ez osasun zerbitzurik, 14 urterekin arma bat eskuan dutela ibiltzen dira... Hiri berean bizi zara baina errealitate hori ez da zurea, ez duzu bertara iritsi arte ikusten».
«Baina orain jendea konturatzen hasi da egoera horretan ezin daitekeela inor ondo bizi», erantzuten du Rodolfok. «Zuk nahi ez baduzu ere konfrontazio egoera batean zaude. Zuk 500 milioi dolar dituzu; bada, alferrik dauzkazu, ezin duzu kalera lasai irten, lapurtu edo beste edozer egingo baitizute zure Mercedesarekin pasatzen ikusten zaituztenean».
Eta «villa miseria»tako biztanleek ederki dakite gainera Mercedes hori ordaintzeko dirua ez duela jabeak garbi lortu. Argentinan korrupzioa «villa miseria»k bezainbeste edo gehiago hedatu baita, estatutik hasita. Argentinako funtzionari kopurua ikaragarria da. Rodolfok horrela azaldu digu fenomeno hori: «Edozein kargu politikok nahi adina lagun edo senideri eskaintzen dio postu bat administrazioan, euren soldataren zati baten truke normalean. Hauek, era berean euren ezagunak sartzen dituzte funtzionari gisa eta horrela piramide egitura izugarria sortzen da. Egunen batean, esaterako, Kongresuko langile guztiak bertan egotea nahi bazenu, ez lirateke inolaz ere sartuko, ezta bata bestearen gainera igota ere, eta Kongresuko bobedak altuak dira, gero!». Urte askoan estatuak bere diru sarrerak baino kopuru handiagoak xahutu ditu horrela. Diferentzia hori kanpotik ordaindu diote urtetan. Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) ederki daki Argentinarentzat ezinezkoa dela kanpo zor izugarria ordaintzea. Zergatik jarraitzen du, ordea, dirua eskaintzen? Garbi du Rodolfo Jacak: «Batzuei dirua ematen jarraitzea interesatzen zaie, baina hori da Argentinari egin dakiokeen mesederik kaxkarrena. Edozein diru sarrera berdin-berdin irentsiko du. Dirua bukatzen denean hasi beharko dute benetan lanean argentinarrek».
Baina egungo egoeraren errua ez da estatuarena, politikoena. Ez soilik eurena, behintzat. «Errua argentinar guztiona da eta erantzukizun gabezia izugarria dugu. Bereziak garela uste dugu, unibertsoaren zentrua, eta mundu guztiak gu lagundu behar gaituela, NDF zeozer abstraktua dela, dirua etengabe eman behar digun iturria». Soluzioak, teorian erraza dirudi: 100 ekoiztu eta 150 gastatzea bada arazoa, bada, 100dik behera gastatzea. Rodolforen esanetan, ordea, «argentinarrek ez dute hori ikusi nahi. Magian, parasikologian eta horrelako gauzetan asko sinesten dute eta irtenbidea zerutik etorriko zaien zain daude».
Baina ez ziren arrazoi ekonomikoak izan familia hau Argentina utzi eta Euskal Herrira etortzera bultzatu zutenak. Bazekiten hemen zailtasunak izango zituztela. Han, Mar de Platan, Rodolfok informatika denda bat zuen. Hemen bederatzi hilabete daramatza lan bila eta oraindik ez du ezer lortu. Rodolforen gurasoek beti izan zuten gogoan Euskal Herrira itzultzea eta bera ere askotan etorria zen oporretan Bermeora. Dirua aurrezten denbora asko pasa zuten, baina beti gertatzen zen zerbait (1972ko Rodrigazoa, 80ko krisia...) ahalegina alferrikako bihurtzen zuena. Baina azkenean segurtasun faltak eman zien azken bultzada. Rodolfok pistola bat zuen, 9 mm-ko bat. Etxetik metro gutxira, zaborra ateratzera, irteten zenean ere gerrian eramaten zuen. Baina Valeriaren egoera ere ez zen batere segurua, bi alaba txikiekin bakarrik kalean, haurren bahiketak gero eta ugariagoak ziren kale haietan... «Errebolber bat erosiko dizut, 38 bat» esan zion Rodolfok. «Orduantxe esan nion Rodolfori etortzeko garaia zela, eta etorri egin ginen. Horrela ezin da bizi». Euskal Herrian geratzeko asmoa dute, ez dute Argentinara itzultzeko gogorik, «oraingoz ezta oporretan ere. Nolabaiteko expulsio sentipena dugu, hangoak ez bagina bezala».
Argentinako arazoei ez diete epe laburrean irtenbiderik ikusten, «ez baita alderdi batekin edo bestearekin, edo neurri politiko jakin batzuekin konponduko den arazoa. Argentinarrek euren burua ispilu aurrean jarri beharko lukete, erantzukizunak onartu eta euren izaera, mentalitatea, goitik behera aldatu».

Hernanin oporretan.

Necochea 80.000 biztanleko Argentinako hiri txikia da. Bertako egoera sozialak ez du zer ikusirik Buenos Aires erraldoiarekin, baina duela gutxi, hiriaren kanpoaldean lehen txabolak agertzen hasi dira. Intendente peronista du udalerriak. Baina gure solaskide gazteei hori ez zaie gehiegi axola. Maite Bilbaok 23 urte ditu eta Biologia ikasten ari da. Bere anaia Josebak 18 ditu eta ez daki zer ikasi nahi duen. 16 urteko Juantxi Ortek ere zalantzak agertzen ditu etorkizunaz galdetzean. Azken honen lehengusu Aitor Ibargurenek 24 urte ditu, Turismo ikasketak amaituak dauzka eta Kanariar Irletan bizi eta lan egiten du egun. Duela pare bat urteko Euskal Astean ezagututako lagun batzuen bitartez opor batzuk pasa dituzte Hernani eta inguruetan.
Esan bezala, ez ditu gehiegi kezkatzen euren jaioterrian, Necochean, peronistek edo erradikalek agintzen duten. «Ez batzuk ez besteek ez dute ezer eraikitzen eta korrupzioan parean dabiltza». Argentinan iraganean hain indartsua izan den klase ertaina desagertzen ari dela diote eta Maitek eta Josebak euren osabaren adibidea jarri digute: 25 urtetan kirol denda batean inolako arazorik gabe lan egin ondoren, kalean geratu da. Euskal Herrira etortzekotan da.
Argentinaren etorkizuna ilun ikusten dute: «Oraingo iskanbila guztia hemendik pare bat hilabetera isiltzen bada ere, egoerak berdin jarraituko du, argentinarrak konformista hutsak direlako» dio Maitek. «Orain leherketa hau egon baldin bada zuzenean klase ertainari eragin diolako da. Ez dakit noraino ote den benetakoa jendearen batasun hori».
Aitorrek dio ikasketak amaituta lana bilatzea ia ezinezkoa dela gazteentzat. Berak Argentinatik kanpo bilatu du lana. Maitek han ikasketak amaitu eta masterren bat-edo egitera etorri nahiko luke Euskal Herrira.
Argentinako gazteriak ez omen du gauzak aldatzeko ahaleginik egiten; nazkatuta omen dago bertako egoerarekin. «Badakizu non topatuko duzun gaur egungo Argentinako gazteria?» dio Aitor Ibargurenek, «Espainia eta Italiako enbaxaden ate pareko ilaratan. Baina jarrera hori ulertu behar da, bizi ere egin behar dugu».

14 urte eta gero.

Carlosek bere izen osoa ez argitaratzeko eskatu digu; bere iritzia emateko ez du, ordea, arazorik izan. Ingeniari hau Tolosan bizi da duela 14 urte Argentinatik etorri zenetik. Argentinako arazoak aspalditik datozela eta azken gertakizunak «sumendiaren kraterra» besterik ez direla dio. Duela 14 urte egungo arazo beretsuengatik erabaki zuen Argentina uztea: «Gure etorkizuna eta gure seme-alabena han garatzea oso zaila izango zela ikusi genuen». Bere senitartekoak Cordoban bizi dira, herri txiki batean. Duela gutxi izan da han oporretan eta Buenos Aires bezalako hiri handietan bizi dena eta herri txikietako giroa oso desberdinak direla dio eta herrietakoak gutxiago sufritzen ari direla krisia. Hori bai, oro har ilusio falta eta nekea topatu ditu Argentinan, baina berrikuntza batekin: «Lehen errua beti beste alderdiari egozten zitzaion; orain desilusioa orokorra da».
Krisiari irtenbide bat ematekotan garbi du zer egin behar den: «Bakoitzak gogor egin behar du lan, joan den mendean joan ziren euskaldunek bezala» eta hala ere, galdera batzuk erantzuteke daudela dio. Bata, sistema demokratiko bati eutsita, nola alda daiteke interes pertsonalak interes orokorren gainetik jartzen dituen gizarte politiko korrupto bat? Bestea, nola egiten da bankuei ez daukazuna itzultzeko?

buenos airestik iruñerrira.

Miren Aranoak bere Gorraitzeko etxean hartu gaitu. Argentinarra da bera, baina 23 urte daramatza hemen. Bere lehengusu Iñaki, ordea, iazko Urte Zaharretan iritsi zen, duela hilabete eta gutxi. Mirenek Iñaki ez dela etorriko dio, Aoizen zerbait egin behar zuela eta haren emaztea, Claudia, eta Cecilia arrebarekin hitz egiteko aukera izango dugula. Iritsi dira Claudia eta Cecilia, eta haiekin batera berri ona: Iñakik ezin izan du etorri Aoizko fabrika batean lana topatu duelako. Gaur zuen bere lehen eguna. Ceciliak hilabete batzuk gehiago daramatza hemen eta bere senar Gonzalo, Argentinan ere sukaldari gisa aritzen zena, Europa jatetxean ari da lanean etorri zenetik.
Claudia Rodriguez eta Iñaki Antolin bete-betean harrapatu zituen «corralito» famatuak. Hona etortzeko etxea, altzairuak, autoa... dena saldu zuten, baina orain ezin dute euren dirurik erabili.
Hiru emakumeek etengabe aipatu digute korrupzioa, politikoengandik hasi eta gizarte guztian zabaltzen dena. Zinemarako edo antzerkirako sarrera soil batzuk lortzeko ere «eskupekoa» eman behar omen zaio leihatilaren beste aldean dagoenari.
Baina hauentzat ere segurtasun arazoek eragin handia izan dute euren erabakian. Erabaki gogorra, beste herri batean hutsetik hasi behar duenarentzat. «Nik idealista izaten jarraitzen dut» dio Claudiak, «bakoitzak bere lurraren alde borrokatu behar duela uste dut. Argentinaren alde ekarpenen bat egitea gustatuko litzaidake, baina seme-alabak ditut eta haien alde borrokatu behar dut».
Claudiari berari pistola bat jarri zioten buruan bere seme-alaben aurrean, Ceciliari behin auto barruan sartu zitzaizkion lapurrak... «Hemen topatu dugun lasaitasunak, haurrak jolasean korrika eta aske ibili ahal izatea, horrek ez du preziorik».
Eurak ere bat datoz, arazoa, klase politikoan ez ezik, gizarte osoan dagoela esatean. Garbi dute, «cacerolazo»a bezalako manifestaldien arrazoia zein den: klase ertainaren patriketan eskua sartu izana. Eta hala ere, Claudiak bera benetan hunkitu zela onartzen du. Ziur aski Diktadura Militarraren garaiko beldurraren ondoren argentinarrak kalera irten ziren lehen aldia izan zelako. Eta Argentinako politikoen zein gizartearen errua aipatu dituzte orain artean, baina nazioarteko interesek ere eragina dutela uste du Ceciliak. Argentinari horrenbeste diru ez zaiola, besterik gabe eman behar dio.

Orain artean osatu dugun Argentinako irudi ilun honetan argi izpi txiki bat ere ba omen da Cecilia eta Claudiaren ustez: solidaritatea zabaltzen ari da, behar dutenei laguntzeko elkarte eta erakundeak (gobernuz kanpokoak, noski) ugaltzen ari dira. Etorkizuneko bidea argitzeko nahikoa ote. Baikor izateko arrazoi gutxi eman digute gure solaskideek, baita ondorio garbi bat ere: «Argentinak denbora asko eta heldutasun handia beharko du egoera hau aldatuko bada»

Argentina, bigarren Euskal Herria
Duela ehun urte, Argentina Euskal Herri txiki bat ere bazen (Italia txiki bat eta beste zenbait herrialde europarren «klon» ere bazen moduan). Foruak galdu berriak zituzten euskaldun askoren ihesbide, miseriari ihes egiteko soluzio, ametsetako herrira diru pixka batekin itzultzeko amesleku, iniziatiba berriak entsaiatzeko leku libre, eraikitzen ari zen herri demokratiko berria... Pello Mari Otañoren bertsoek marrazten digute gaur sinestezinezkoa eta gure gurasoei aldiz oso gertukoa zitzaien esperientzia hura.

Gipuzkoako Zizurkilen sortua, hemen bertsolari gisa fama handia egina, Argentinara jo behar izan zuen bizimodua ateratzera. Bi aldiz itzuli zen. Hirugarren aldiz joaterakoan, Pasaiako portuan zituen despedidan Txirrita, Gaztelu-Gorriya eta Urnietako Arregi, bertsotan. Baina hezurrak Ameriketako Panpan utzi zituen.
Antonio Zavalak argitaratutako bertsoetan antzematen da zein harreman zegoen Argentinako eta etxean geratutako bertsolarien artean. Baina inork gutxik imajinatuko luke XXI. mendean ere Euskal Herri hiru-buru honetan ia ezinezkoa den ekintza handi bat, opera bat euskaraz, 1900ean estreinatu ahal izan zela Buenos Airesen. «Artzai-Mutilla»ren hitzak Pello Mari Otañok idatzi zituen, eta musika Felix Ortiz y San Pelayo azpeitiarrak. Zabalaren «Pello Mari Otaño eta bere ingurua» liburuak bildu ditu Buenos Airesko prentsak «Artzai-Mutilla»z idatzitakoak: «La Nación», «La Prensa», «El País», «El Correo» («... y hacemos votos para que cuanto antes se anuncie nuevamente la audición de la primera ópera vasca»), «El Diario», «La Tribuna», «El Tiempo», «El Diario del Comercio» («Estreno de la ópera vascongada del maestro Félix Ortiz y San Pelayo congregó una concurrencia extraordinaria en el teatro Victoria»), «Caras y Caretas», «Ilustración Sudamericana», «La Mujer» («El libreto original del señor Otaño, modesto herrero en Pehuajó, que con su espíritu de poeta ha llevado a la escena un idilio tan sencillo como encantador, que encaja verdaderamente en las patriarcales costumbres de la tierra vasca...»
Herri minez bizi ziren Argentinaraino iritsitako euskaldunok, espero zuten aurrerabiderik ez zuten aurkituko askok, beste zenbait sos batzuk eginda itzuli zen sorterrira (Hernanin bezala beste zenbait herritan diren Buenos Aires auzoetako jendeek badakite horren berri), eta denentzako ere urte eta egoera latzak bizi zituen Euskal Herritik alde egiteko ihesbide ere bazen.
Ezagunak dira Otañok «Ameriketako Panpetatik» izenburupean idatzitako bertsoak. Haietan, txabola aurrean duen ombú arbolari mintzo zaio, jaiotetxe atariko intxaur handia eta inguruko gaztainadia biziarazten dizkiola maitekiro kantatuz. Eta Otañori ezagutzen zaizkion azken bertsoak Argentinaren independentzia ospatuz idatzitakoak ditu: «Euskaldunak Arjentinan, dierri onen lokabetasunaren lenengo eunki-mugan». Argentina aurrera ateratzen hainbeste lan egin zuten euskaldunak eta egunen batean Foruak kendu ondorengo kalamidadeak bukatzea espero zuten hemengo anai-arrebak elkarrekin ariko zirela uste zuen, beste hainbeste herritarrek bezala. Baina itsasoa erditik, elkarren arteko distantzia handiegia zen

Oscar Alvarez Gila: EHUko Amerikaren Historiako irakaslea.
Oscar Alvarez Gila: EHUko Amerikaren Historiako irakaslea.

Argentina aberatseko ametsa bukatu da. Hausnarketa hau edonon entzun da, Argentinako gizarte leherketen estreinako berriak heldu zirenetik. Eta kaleko jendeak, oraindik emigrazioen garaietako oihartzunak gogoratzen dituenak, harriduraz hartu du. "Hain herri aberatsa izanik_". Orduko euskaldunentzat, Argentina eta oparotasuna sinonimoak ziren. Eta gaur, komunikabideek krisiaren nondik norakoak argitzen dizkiguten bitartean, aiton-amonen ixtorio zaharrak berreskuratu ditugu: panpa amaigabeetako zelai zabalak; estantzietan hamar milaka kontatzen ziren abere taldeak; eta, nola ez, diruz josita itzulitako amerikanoak. Nonbait paradisu bat bazen, euskaldunentzat -beste milaka europarrentzat bezala- Ameriketan egon behar zuen.
"Nola dira posible, beraz, oraingo pobrezia eta gosea?_ hain herri aberatsa izanik_". Egia da. Zaila zaigu, bai, Argentinaren bat-bateko erorketa honen arrazoiak ulertzen (eta baita ulertarazten ere). Faktore asko eta desberdinak elkartu baitira, egoera honetara ailegatzeraino.
Epe luzera, Argentinan XIX. mendean eratu zen nazio proiektuari begiratu behar diogu. Modernitatearen izenean lurrak indiarrei kendu zizkieten, herri industrializatuentzat lehengaiak ekoizteko. Lan indarra Europatik ekarri zen, gehienbat euskaldunak, espainiarrak eta italiarrak. Oligarkiak esportazio-ekonomia ezarri zuen, bere interesekin bat zetorrelako; ondorioz, Argentinak industrializazioari uko egin zion. Hasieran sistema ondo ibili zen; baina 1929ko krisiak eta gerra osteko protekzionismoak ateak itxi zizkieten produktu argentinarrei. Oligarkiak ez zuen egoerari aurre egiteko gai izaten jakin (ezta nahi ere): merkaturik gabe, Argentinako ekonomiak oreka galdu zuen. Orain arte.
Ezegonkortasun politikoak ere ez zuen askorik lagundu. Klase politikoa populismo eta diktaduraren artean ibili da XX. mendean zehar. Azken kolpe militarrak, Malvinetako desastrea eta desagertuekin batera, herentzi astunago bat utzi zuen: kanpo-zor izugarria, gehienbat gastu militarretan erabilita. Demokrazia berreskuratu eta gero, zorra kendu ezean, handituz joan zen, 80. hamarkadaren bukaeran lehertu arte: hiperinflazioa. Hilabetero %1000 inflazioekin, dolarizazioaren errezeta saiatu zen, pesoa dolarrari lotuz. Prezioak gelditu eta ekonomiak konfiantza berreskuratu zuen. Baina sendagai guztiak arriskutsuak dira, ez badira neurriz eta epe laburrez hartzen. Dolarizazioa, beldurrez edo, ez zen ezabatu komeni zenean: 1996tik aurrera, esportazioak garestitzean ia desagertu ziren; inportazioek, aldiz, barneko industria akabatu zuten. Ondorioz langabezia etorri zen, Argentinan inoiz ezagutu ez den bezalakoa, babes sozialik ezarekin.
Azkenengo faktorea ustelkeria da. Politikariek gorenera igo badute ere, gizartearen eskala guztietara hedatu den gaitza da. Klientelismoak burokrazia erraldoia sortu du, ñoqui-z beteta -soldata kobratzera baino ez direnak etortzen-. Mendebaldeko presio fiskalik txikienetako batekin, Estatuak ez du diru nahikorik lortzen, eta funtzionariek coimak eskatzearekin borobiltzen dituzte beren sarrerak. Alabaina, txarrena azken bi urteotan etorri zen, Estatua zuzenean argentinarren dirua lapurtzen hasi zenean: hasieran aseguru sozialak, gero jubilazio-fondoak; eta De la Rua-k, azkenean, bankuetako aurrezkiak.
Baina honek guztiak ez dio kaleko jendeari bere harridura kenduko. Oso iragan gertu batean, erkide asko Argentinara etorkizun bila joan ziren, eta baita aurkitu ere. Denborak ez digu oraino memoria hau kendu. "Hain herri aberatsak bere onera itzuli behar du noiz edo noiz". Aurreko krisialdietan, argentinarrak ere nahi horri atxikitzen zitzaizkion: "une txarrak bukatuko dira, igoko gara berriro". Oraingo honetan, aldiz, ez; corralitoarekin diruaz gain, ondasun garrantzitsuago bat galdu baitute argentinarrek: esperantza.
Eta non du etorkizuna, bere hiritarrek ere sinisten ez duten nazio batek?
Ez, ametsa ez da oraindik amaitu_ amesgaizto latza bilakatu baita.


Azkenak
2025-03-20 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


2025-03-20 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


2025-03-20 | Iñaki Inorrez
Euskaraldia ez! Euskal Oldarraldia bai!

Badakizuenok badakizue, beste gauza asko bezala, euskararen aldeko borrokan ere politikoek, eragile batzuek eta hedabideek beraien antzezlana saldu nahi digutela, benetakoa balitz bezala.

Lehen urtean pozik jaso nuen, "Euskaraldi" hau. Zer edo zer zen, ezer ez zegoela... [+]


Euskararen zapalkuntza sistematikoa

Euskarak, mendez mende, zapalkuntza sistematikoa jasan du, eta oraindik ere borrokan dabil egunerokoan bere leku duina aldarrikatzeko. Hizkuntza baten desagerpena ez da inoiz berez gertatzen; planifikazio politiko eta sozialak eragiten du zuzenean. Euskaldunoi ukatu egin izan... [+]


2025-03-20 | Sustatu
‘Eta erasotzailea ni banaiz?’ ziberjazarpena ikuspegi berri batetik

Puntueusek eta Cyberzaintzak elkarlanean ikusentzunezko baliabide pedagogiko bat sortu dute gazteentzat eta haiekin lan egiten duten profesionalentzat: irakasle, guraso eta hezitzaileentzat. Ikusentzunezko honen bidez, ziberjazarpena ezohiko ikuspegi batetik... [+]


BSHko lantokiko sarbidea itxi dute langileek euren etorkizuna negoziatu nahi dutela aldarrikatzeko

Kamioiak ez sartu ez atera. Horrela eman dute goiza BSHko Eskirozko lantokian. Parez-pare langileak aurkitu dituzte protestan. Hilkutxa batekin, elkarretaratze formatuan lehenbizi eta Foruzaingoak esku hartu behar zuela jakin dutenean eserialdia egin dute erresistentzia pasiboa... [+]


Ekologismoaren kontrako oldarraldia AEBetan: Greenpeace 660 milioi euro ordaintzera zigortua

Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten erantzukizuna bere gain hartu du.


2025-03-20 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirikek manifestazioa deitu du larunbaterako ‘Euskal Herria ez dago salgai!’ lelopean

Sareak nabarmendu du Euskal Herri osoko eragileak daudela bertan eta deialdiak 140tik gora atxikimendu jaso dituela: "Horrek islatzen du zein den gaur egungo errealitatearen urgentzia, lurraren defentsaren beharra eta auziarekiko dagoen konpromezua".


2025-03-20 | ARGIA
Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduko zinegotziek dimititu egin dute, Solariaren proiektuarekin “eskuak lotuta” dituztelako

Koalizio abertzaleko hiru ordezkariek ohar baten bidez euren "frustrazioa" adierazi dute proiektu fotovoltaikoa ezin gelditzeagatik: "Egoera horren aurrean, ez gara legegintzaldia amaitzeko indarrez sentitzen". Proiektu honi ez! plataformak salatu du EH Bilduren... [+]


2025-03-20 | El Salto
Kataluniako erreferendumean gomazko balak jaurti zituzten lau poliziari ez diote amnistia emango, eta auzipetu egingo dituzte

Lau agenteak lesio-delituengatik ikertzen ari dira eta horrek galarazten du 2024ko amnistia aplikatzea. Polizia horietako batek, ustez, gomazko bala batekin begi bat zartatu zion Roger Español kataluniarrari.


2025-03-20 | Euskal Irratiak
Arrazismoaren kontrako giza-katea egingo dute Baionan larunbatean

Arrazismoaren aurkako nazioarteko eguna kari, larunbat honetan 16 alderdi, kolektibo eta elkartek deia luzatu dute, Baionako Marengo eta Pannecau zubien artean giza kate bat osatzeko. Aniztasuna, elkartasuna eta giza eskubideen errespetua aldarrikatzera deitu dute,... [+]


2025-03-20 | Gedar
“Ertzainek aita jipoitu zuten nire alboan, 65 urte ditu eta elbarria da”

Ertzaintzak martxoaren 13an Bilbon zauritutako bi pertsonaren testigantza jaso ditugu. Athleticen partidaren ostean larriki zauritu zituzten aita-semeak, borra-kolpeka, eta atxilo eraman zuten haietako bat. Furgonetatik ikusi zuen ertzainek nola egin zuten tiro jendearen kontra,... [+]


Israelen genozidioa salatzeko protesta andana antolatu dute

Palestinarekin Elkartasuna plataformak osteguna, ostiral eta larunbatean eginen ditu protestak, Israel genozida. Palestinar erresistentzia aurrera! lelopean. Gernika-Palestina-k ere manifestazio nazionala antolatu du larunbaterako Donostian. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak... [+]


Eguneraketa berriak daude