ODON ELORZA: "SINTESI BAT ESPERO DUT, BAINA EZ SINTESI DESKAFEINATU BAT"


2021eko uztailaren 19an

Datorren martxoan burutuko du PSE-EEk ezohiko Batzar Nagusia edo Kongresua. Joan den maiatzeko hauteskundeen ostean, Odon Elorzak Konferentzia bat eskatu zuen. Irailean, berriz, alderdiaren egoera ikusita: Kongresu bat. Bere iritziz, herri honen eta euskal sozialismoaren onerako, Kongresu baten beharra nagusitu da azkenik. Alderdiaren egoera aipatuz hasi dugu elkarrizketa:«PSE-EE begi bistako krisi bat bizitzen ari da. Krisi hau, alderdi sozialistak azken urteotan Euskadin eraman duen estrategiaren ondorioa da. Maiatzaren 13ko emaitzek eragin zuten nahigabeak PSE-EEko zuzendaritzarekiko kritika maila areagotu zuen. Nik neronek, kasu, alderdian eztabaida sustatzeko Konferentzia politiko bat proposatu nuen, zuzendaritzak bere hitza eman zuen, baina ez zuen burutzeko benetako borondaterik agertu. Hartaz, zenbait alderdikidek nirekin bat egin zuen. Litekeena da, tarteko beste zirkunstantziak ere egotea, nik neuk ezagutzen ez ditudanak».

Kongresuaren aurretik alderdiko sektoreen arteko sintesi bat eman al daiteke?
Hori da Ramon Jauregi -gidatzen duen gestoraren bidez- saiatzen ari dena. Nik sintesi posible bat izatea espero dut, betiere, sintesi deskafeinatu bat ez den bitartean. Hau da -nire ikuspuntutik betiere-, ezerezaren sintesia egiteko eta ginen bezala gelditzeko, ez du merezi izango krisi egoera hau eman izanak. Ona da sintesi bat bilatzea eta aurkitzea, baina maiatzaren 13ko garaira eraman gintuen jarrera politikotik aldentzeko. PPren itzalera eta bere inertziaren arabera segitzea kaltegarria litzateke guretzat. Edozein estrategia frentista ez arbuiatzea -alde batekoa nahiz bestekoa-, proiektu irekia eta propioa ez izatea, eta oraingo marko politikoarekiko irekia eta malguagoa ez izatea oso kaltegarria litzateke PSE-EErentzat.

Zein da, zentzu horretan, Ramon Jauregiren gestorak plazaratu berri duen agiriari buruzko zure iritzia?
Gestoraren proposamena motza ikusten dut, ausardia falta ote zaion inpresioa daukat. Proposamen honek euskal alderdi sozialistaren gehiengoa integratu nahi duela pentsatu nahi dut, baina PPk -eta bere hedabideek- Zapatero erasotzeko erabil ditzakeen gogoetak eta adierazpenak gehiegi landu gabe. Edonola ere, nik sozialismo euskaltzalearen nire proposamenak defendituko ditut, alderdiaren barne demokraziatik betiere, ideia guztiekiko errespetuan.

Gipuzkoako sozialistek betebehar berezi bat al dute une honetan?
Gipuzkoako sozialismoa oso txertxatua dago herri honen errealitatean. Gipuzkoako sozialistak, autogobernuaren garapenaz kontzienteak izan dira trantsizio garaitik; autogobernua gizarte zuzenago bat eta sozialki kohesionatuago bat eraikitzeko herri honen tresna eta nahia den aldetik. Gipuzkoako sozialistok Euskadi sozialista bat defendatu beharko genuke, eta aldaketa bat eragin. Baina, gauza bera nahi nuke Bizkaiko eta Arabako lagunkideen aldetik, bestela zaila izango dugu gipuzkoarron tesiek aurrera egin dezaten.

Zatiketarik eman al daiteke alderdian?
Ezetz espero! Ez dut oldartze egoera batera iritsiko garenik uste, ezta alderdi barruko elkarbizitza hautsiko denik ere. Baikorra izan nahi dut, eztabaidak aurrera egingo du eta edozein dela erabaki subiranoa, Kongresuan onartu izatea espero dut.

Nicolas Redondo Terreros ez da aurkeztuko idazkari nagusi kargura. Zein da zure balorazioa?
Guztiz errespetatzen dut Nicolas Redondo idazkari nagusi kargurako aurkeztu ez izana baina, behin eta berriro diot: ezin dugu PSE-EEren Kongresura bitarteko prozesua pertsonen arteko bataila gisa bizi. Une honetan, garrantzizkoena ideiak eztabaidatzea da, Kongresuaren ostean euskal gizarteari egin ahal dizkiogun proposamenak ondo birbideratzeko.

Nola gustatuko litzaizuke jokatzea PSOEko Rodriguez Zapatero idazkari nagusiak PSE-EEren krisian?
Gustatuko litzaidake Ferrazeko zuzendaritzak PSE-EEko eztabaidan eta Kongresuan horrenbeste parte ez hartzea. Ez zaizkit gustatzen hedabideetan publikatzen ari diren berriak, hots, zein diren Ferrazeko lehentasunak eta nahikariak, dagoeneko Kongresuaren osteko PSE-EEren jarrera zein izango den azaltzen dutenak. Aitzitik, alderdi sozialistaren zuzendaritzak, maila federal batean, Kongresua askatasunean gauza dadin eta erabakiak askatasunez hartuak izan daitezen ziurtatu behar du; oharrik eman gabe. Hainbat hedabidek Ramon Jauregi eta gestoraren gainean izugarrizko presioa sorrarazi nahi dute. Nik eskatuko nuke ez sartzea, gu isilik gaude-eta. Pascal Maragallek dioen bezala, faborez, ez dadila PSE-EE Madrildik tutelatua izan.

Rodriguez Zapatero maiatzeko 13aren ildo politikoa PSE-EEn mantendu behar delakoan dago.
Azalpen publiko hori, funtsean, Zapaterok hedabidetatik jasaten duen presioa gainetik kentzeko modu bat da. Jarrera hori kea zabaltzea da, hauxe esateko: «Lasai, lerro politiko bera izango dugu». Neronek, Ferrazera deitu izan nuen argibideak eskatzeko eta horrela galdetu nien:«Nor da nor, PSE-EEk lerro politiko bera segituko duen edo aldatuko ote duen esateko? Hori Kongresuak erabakiko du, ezta?».

Bateratuko al dira euskal sozialisten ildo nagusiak?
Alderdi sozialistaren baitan bizpahiru sentsibilitate nagusi elkarganatzen dira. Kongresura bitartean ez da lortuko bat garaitzea, ez litzateke ona izango, horrek jenderen bat etxera joatea ekar lezake-eta. Nire nahiez haratago joanez -PSE-EEren nahietan eta terminoetan pentsatuz- behar dena da birbideratze argi bat, maiatzaren 13ra bitartera egindako politika kontuan hartu eta alderdiaren diskurtso eta herri estrategian aldaketa bat behar da, ez dut esango erabateko aldaketa izan behar denik, baina bai aldaketa argi eta garbia. Honekin konformatuko nintzateke, ez dadin fustraziorik ez hausturarik eman.

Bizkaiko sentsibilitateetatik zer espero duzu? Eusko Legebiltzarreko PSE-EEko Rodolfo Ares bozeramaileak, alderdiak maitzaren 13ko hauteskundeetan baino modu ausartago batez jokatu behar duela esan du?
Zein zentzuan ausartago? Gauza batzuk ez ditut ulertzen. Maiatzaren 13ko kanpaina segitu nuen, orduan hainbat kidek agertu zituzten jarrerak eta gaur agertzen dituztenak ez datoz bat. Eztabaidak gogoeta sakona ekarri behar du, alderdi sozialistak hartu zuen estrategia argitzeko eta maiatzaren 13ra ekarri gintuzten arrazoiak agertzeko. Oso ezberdina da. Kontua ez da legebiltzarkide bat galdu genuela edo PPren eskutik hitz eman ziguten garaipena zergatik ez zen eman. Ez. Hemen beste eztabaida bat dago jokoan.

«Euskal Sozialismo Berria» izeneko talde bat eratu da PSE-EEn berriki. «Bake biderantz arriskuak» hartzeko prest omen dago. Nola ikusten duzu talde hau?
Talde honen dekalogoan dauden hainbat tesirekin bat nator. Dekalogoak baldintza berriak sorrarazi ditzaketen haize freskoa, etika politikoa, itxaropena eta ausardia ekartzen ditu. Berauek -demokrazia duin eta oso batean-, biolentziarekin amaitzen eta inposiziorik gabeko bake justu bat lortzen lagundu lezakete.

Emango al zenidake idazkari posible baten izena?
Ideiarik ez. Ez dut horretaz hitz egin nahi.

Zure gustuko nork izan beharko luke PSE-EEren idazkari berria?
Herria dagoen moduan izanda, alderdiaren sentsibilitate anitzak biltzen dituen pertsona bat, une honetan emakume bat.

Gemma Zabaleta, adibidez?
Ez dut gehiago esango. Galdera honi ez diot erantzun behar. Bestela, pertsonak edo karguak ideien gainean jartzen dira

«Lehendakariak ezin dio oposizioari egotzi aurrekontuetan akordiorik ez egotea»
Ezohiko batzar baten aurrean aurkitzen da PSE-EE. Euskal nazionalismo moderatuarekin harremanak indartu, eta EAJ eta EArekin gobernu akordioak lortzeko aukerak ikusten al dituzu alderdi sozialistan?

Ez ditut aukerak ikusten EAJ eta EArekin gobernu akordioak aurkitzeko, ezta komenigarria denik uste ere. Haatik, komenigarria ikusten dut, egoera ireki batera iristea politika arrazionalago bat egiteko. Herri honetan tentsioak lasaitu behar ditugu, alderdi ezberdinen arteko puntu bateratuak bilatzeko eta instituzioetako gobernagarritasuna normaltasunez gauza dadin. Eta hori, alderdi sozialista Eusko Legebiltzarreko eta Diputazioetako oposizioan egonda edo egon gabe. Kongresu honen xedea ez da ea amarekin edo aitarekin gauden argitzea, hots, PP edo EAJrekin. Hori ez da eztabaida.

Zein da eztabaida?
Euskadiko alderdi sozialista gauza al da proiektu propio bat sortzeko? Ba al dago alderdi sozialistan espazio sozial, integratzaile eta euskaltzaleago bat gauzatzeko proiektu bat? EAJren gobernuaren alternatiba eta instituzioetan alternantzia ekarriko duen alternatiba bat? Horra eztabaidaren gakoak. Eztabaidak PP eta EAJ zabaltzen ari diren bi lubaki sakonen artean espazio politiko bat zabaldu behar du, bere aniztasuna errespetatuko duen herri bati, herri integratzaileago eta kohesionatuagoa bati forma eta molde nola eman dakiokeen argitzeko. Aldi berean, Espainiak eta Europak bere autogobernua errespetatuko dutena herri bezala aritzeko eta ez alderdi terminoetan apustu egiteko gauzatua izan dadin.

Ardanza Agiriaren ildoan hobetsiko zenuke EAJ?
Ardanza Agiria planteatu zenean -1998ko hasieran, Ajuria-Eneko apurketa eman ostean- agiria onargarria zen, eta ez nuen ulertu PSE-EEko zuzendaritzak (Redondo Terreros buru) zergatik ez zuen onartu. Urrats inportantea izango zen hura, eta ez zen eman. Herri anitz eta zatitu honetan sintesia bilatu behar da. Batetik, eskuzabaltasun intelektual nabarmen baten bidez, norberak amore eman behar ditu bere jarreretan, ezin da intransigentea eta inmobilista izan; eta honek denontzat balio du. Bestetik, sintesi horren gakoak demokraziaren printzipioen oinarrietan finkatu behar dira, lehen oinarria pertsonen biziarekiko errespetua izaki. Zaila izanik ere, gune bateratuak bilatu behar ditugu, Elkarri saiatzen ari dena, kasu.

Bi alde aipatu dituzu, bi lubaki: EAJ (Gasteiz) eta PP (Madril). EAJ Lizarra-Garaziko tesietan ikusten duzu?
Ez. Zehaztu aldera. PP maiatzaren 13ko hauteskundeen bigarren itzuli bat bilatzen ari da, eta horretarako, egunez eguneko tentsio politika burutzen du, ikaragarria dena. Era berean, Ibarretxe ez da asmatzen ari beste indar politikoengana hurbiltzerakoan, egitateek erakusten dutenez, ez du beste alderdiekin akordiorik lortzen. Lehendakariak ezin dio oposizioari egotzi aurrekontuetan akordiorik ez egotea, bere erantzukizuna asumitu behar du. EAJk egoera nahasten segitzen du: ‘hordagoka’ batetik, eta ‘biktima’ gisa, bestetik. EAJ Madrilera begira ari da eta PPri izugarri gustatzen zaio joko hori. Finean, bien artean euskal gizartea polarizatzen saiatzen ari dira eta herri hau ez doa aurrera. Hemen bakoitzak bere ardura dauka -guk gurea, jakina, gu ez gara bekatutik salbu- baina, PPk eta EAJk ere kritika politika eskasa erakusten dute, Espainian eta Euskadin gobernatzen ari dira eta beraiena da egoeraren erantzukizun handiena

«Arazo politiko bat dago eta konponbideak estatu itun batetik pasatu behar du»
Gipuzkoako alderdi sozialista aipatzean, Jesus Egigurenen ildo euskaltzaleaz ari garela ulertzen da. Zein ildoan dago Donostiako Odon Elorza alkatea?

Errealitatean ez nago inongo ildoan. Gipuzkoako alderdi sozialistan, emakume eta gizon multzo zabal batek hainbat kointzidentzia dugu. Baina, niri ez zait gustatzen ildoei buruz hitz egitea, ez ildo gipuzkoarraz ez ildo bizkaitarraz. Niri, sentsibilitateaz hitz egitea gustatzen zait, eta zentzu horretan kointzidentzia handia dut Jesus Egigurenekin. Egigurenen agiria, agiri bat da -hainbat lagunekin landua-, eta nik neurea egin dut; badaude ñabardurak bien artean. Oro har, bat gatoz.

Kongresua burutuko dela jakinda, hobeto orain?
Hobeto, PSE-EEn argitasun bat eman behar delako; hobeto, adimenditsuki eta zintzoki jokatzen badugu betiere, Kongresutik aterako den exekutibak giza kolektibo kohesionatu bat izan behar baitu.

Odon Elorza batzordean egon daiteke?
Ez dut horretan batere pentsatu, benetan; ez da nire nahia. Nire pasioa Donostiako Udalean burubelarri aritzea da.

Zer eskaini dezakezu Kongresuari begira?
Bada, prentsa eta aldizkarietako artikulu bidez gauzatzen ari naizen ideiak; ideiak besterik ez. Ez dut eraginik, ez pisurik, ez esperientzia nahikorik alderdian. Euskaltzaletasunean eta federalismoan benetan sinesten duen pertsona bat naiz, terrorismoaren desagerpenak ekarriko lukeen egoerak posibilitatu lezakeen abagunea sortzearen alde lanean ari dena. Artean, Donostia hiri zaila eta gaiztoa gobernatzeko egoera berezia bizi duen alkatea naiz, PP gobernukide izaki. PPrekin diferentziak handiak ditut politika orokorrean, baina, zoritxarrez, egoera politikoa dela-eta, gobernatzeko beste aukerarik izan ez duen alkate bat naiz.

Kongresuan, Euskal Herriko arazoa, arazo politikoa eta estatu arazoa dela argi eta garbi agertuko al da?
Ez da nik nahiko nukeen bezain argi eta garbi agertuko. Nik hemen arazo politiko bat dagoela eta bere konponbideak estatu itun batetik pasatu behar duela mantentzen dut, alde guztien arteko kontsentsutik. Ideia hau argi eta garbi agertzea urrats erraldoia litzateke, fantastikoa, baina une honetan, errealista izan behar dut. Birbideratze batekin pozik nengoke.

Eusko Jaurlaritzan kontsultaren aukera aurreikusten dute. Zu kontsultaren aldekoa al zara? Formulatuko al zenuke kontsulta posible baterako galdera?
Ezta pentsatu ere. Ni galdera egokia bilatzeko egoera egokia bilatzen segitzearen alde nago. Ez da galdera planteatzeko unea. Baldintzak behar ditugu politikaren atzealdean gogoetatzeko, prentsaren bidez hitz egin ordez alderdi artean hitz egin beharko litzateke. Elkarrizketan aurrera egiteko sukaldeko lan asko egin behar dugu. Gero, badaude adituak galdera eta termino egokiena aurkitzeko


Azkenak
Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


2025-02-14 | ARGIA
Adin txikiko beisbol jokalari bati musu emateagatik entrenatzaile bat kondenatu dute

Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]


2025-02-14 | dantzan.eus
Inauteriak 2025 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]


2025-02-14 | Euskal Irratiak
David Gramond
“Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko”

Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]


2025-02-14 | Sustatu
Itzulinguru ikerketa: itzulpen automatiko aurreratuak nola eragiten dio euskarari?

Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, hildako bi agenteren kontura sare sozialetan barre egitea egotzita

"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.


Iruñeko Laba, agur labur bat, irailean indarberrituta itzultzeko

Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]


Osasunbideak erizain lanpostu bat kendu du Erronkariko bailaran

Amparo Viñualesek, Erronkariko alkateak, salatu du Erronkariko, Burgiko, Gardeko eta Bidankozeko kontsultategiek arreta txikitu beharko dutenez prebentzioan eragingo duela.


Ernaik Berriozarren egingo du Gazte Topagunea, apirilaren 17tik 20ra

Berriozarren (Nafarroa) egingo da Gazteon eskutik lelopean, antolakundearen ustez gero eta gazte gehiagok egiten dutelako bat independentziaren aldeko borrokarekin. Topagunea "ekimen soil bat" baino gehiago dela aldarrikatu dute: "Euskal Herriko txoko... [+]


Eguneraketa berriak daude