«ETA JARDUNEAN ZELA ERE EGIN DITUGU AKORDIOAK EAJ-REKIN»


2021eko uztailaren 12an
Aurrekontuen auzia oso korapilotsua izan da. Pozik al zaudete Eusko Legebiltzarrean aurrekontuak direla eta egindako jokaldiaz?

Halakoetan gauza bat izaten da norberak jokaldiaz egindako diseinua eta beste bat gero nola bukatzen den. Gure kasuan nahiko ondo joan da. Guk aurrekontuen eztabaida baldintzatzea nahi genuen eta, neurri batean behintzat, lortu dugu.

Bitxia da, ezker abertzaleak azken hogei urteetan arbuiatu izan duen joko eremutik etorri zaio giltza ospetsua Batasunari, hau da Eusko Legebiltzarretik.
Hauteskundeen ostean autokritika bat egin genuen eta esan genuen instituzio batzuk ez direla Euskal Herriak behar dituenak, baina egon hor daudela eta, azken finean, guk Euskal Herriaren interesen alde erabili behar genituela. Ez dugu Eusko Legebiltzarra mespretxatzen, baina guretzat ez da nahikoa.

Blokeoaren zurrunbiloa pasatu da. Behin hori pasatuta, zer da logikoagoa, oposizioaren zuzenketak banan bana bozkatzea -Nafarroan egiten den bezala-, ala guztiak blokean?
Instituzio bakoitzak bere araudia du. Nafarroako Parlamentuan, zuzenketak banan bana bozkatu ohi dira. Udaletan ere, batzuetan osoko zuzenketa denak batera bozkatzen dira eta beste batzuetan ez. Gasteizko Parlamentuan, ordea, araudia finkatu zenetik emendakin desberdinak bereizten dira. Lehenbizi ikusten da ia taldeak ados dauden Gobernuak aurkeztutako aurrekontuekin eta gero egon daitezke beste bozketa batzuk. Atutxak, hala komeni zelako, araudiaren interpretazio berri bati heldu zion. Logikoena zer den? Gobernu batek gehiengoa lortzea aurrekontuak aurrera ateratzeko, hori berari dagokion lana da eta; bestela, aurrekontuak aurkezteko ekimena oposizioaren eskuetan ere egon beharko litzateke, eta hori ez da horrela.

Blokeo garaian, zuen jarrera eta zenbait eduki azaldu zenuten, baina aldi berean egun bizi den egoeran jakitun izango zineten hura onartzearen zailtasunaz.
Guk gainditu nahi genuen erabiltzen ari den eztabaida faltsua: "Batasunarekin egingo genuke akordioa, baina ezin dugu egin borroka armatua hor dagoelako". Batetik, Batasunak behin eta berriro aldarrikatu du bide demokratikoekiko konpromisoa, eta bestetik, gai horretaz eztabaidatu behar bada, bada goazen eztabaidatzera, bakoitzak azalduko du bere jarrera eta gero ikusiko da hortik zein sintesi atera dezakegun. Baina hiruko Gobernuak hori aitzakiatzat erabiltzen du. Guretzat benetako eztabaida da, ea guztiok ba ote dugun burujabetzaren aldeko ekinean bide berri bat jorratzeko. Edo bestela esanda, EAJren hizkera erabiliz: posible ote da egungo instituzioetatik urratsak ematea Euskal Herriaren hitza errespeta dadin? Gu baiezkoan gaude.

Blokeo egoerak aztertzerakoan, bakoitzak nahi duen garrantzia eman diezaioke borroka armatuari, baina horren arazo latza aitzakia huts gisa hartzea sinplea ere izan daiteke.
Nik ez diot garrantzirik kendu nahi borroka armatuaren arazoari, esan nahi dut egungo markotik haratago joan nahi ez delako erabiltzen dela aitzakia gisa. Borondatea egonez gero, beste egoera batzuk ere eman daitezkeela erakutsi da beste momentu batzuetan. Guk EAJrekin hainbat akordio sinatu dugu, lehenbizi HBren izenean eta gero EHrenean, eta garai horietan borroka armatua hor zegoen. Borroka armatua gainditu daiteke, baldin eta beste bide batzuk jorratzeko borondatea badago, hor dago erronka eta eztabaida.

Bitxikeria gisa, harriduraz hartu al zenuten Ibarretxe lehendakariak abenduan alderdiak deitu zituenean, zuek ere hartzea?
Ibarretxek sekulako akats pertsonala dauka: ez da oso pertsona malgua, unearen arabera maniobratzeko gai dena, gidoi bat dauka eta horri heltzen dio nahitaez, eta horrek arazoak sortzen dizkio. Bere gidoian, batean hiruko gobernua zegoen eta bestean blokeoaren taldea, gu barne. Jakina, guk hasieratik apurtu genuen irudi hori, gure helburua ez baitzen aurrekontuetan EAJri egurra ematea, gure proiektua irudikatzea baizik. Joseba Alvarezek gure proposamena eman zionean, hasieran gidoiari eutsi zion hamar bat egunez. Asteazken batean, goizeko 8:30etan gure bulegoan Ibarretxeren nota bat jaso genuen gurekin biltzeari uko eginez; eguerdian berriz, Ibarretxe eta Hiruko Gobernuaren deiak jaso genituen bilera eskaria eginez. Hurrengo egunean Ibarretxerekin goizean eta Hirukoarekin eguerdian bildu ginen, guk egindako proposamenari oraindik erantzun formala eman gabe zuten eta. Bilera honen ondoren bildu ginen Ibarretxerekin. Beraz, guk uste dugu hor egon zela desblokeoa, gurekin hitz egitera behartuta ziren eta hori jantzi zuten PP eta PSOErekin ere beste bilera bana eginez.

Legebiltzarreko batzordean korapiloa berriz errepikatu zen gero, eta zuekin biltzeari buruzko zalaparta ere bai. Zer balorazio egiten duzu gertatutakoaz?
Batzordera joan arte, EAJk ez du botoen beharrik izan, besteen zuzenketak aztertzen zirelako, baina lege proiektu bat izatean bozkatu beharra zegoen eta hor errealitatearekin egin dute topo: ez dute gehiengorik eta hala ere norbaitekin adostu gabe atera nahi zuten aurrera lege proiektua. PPk eta PSOEk ezezkoaren jarreran jarraitu zuten, eta gu gurean, hau da, aurrekontuak bai baina eraikuntza nazionala eta sozialaren norabidean. Emendakinak aztertzen hasi, eta Jaurlaritzak planto egin zuen. Beraz, datorren asteazkenera arte guk gurean jarraituko dugu, akordioetara heltzeko prest.

Laster batean Autogobernuaren Batzordea ere bilduko da. Zer jarrera eramango duzue hara?
Autogobernuaren osoko bilkuran, goizeko hizketaldian Ibarretxek hasiera batean zazpi printzipioren inguruan egituratu zuen bere diskurtsoa, baina arratsaldean, PSOEren botoa irabaztearren-edo, printzipio haiek alboratu zituen eta orain bakarrik Estatutuaren potentzialitatea geratzen da aztergai. Beraz, EAJren borondatea batzorde honetan ez da beste marko baterantz abiatzeko beste bide batzuen aztertzea; ongi, egin dezatela nahi dutena, baina hori ez da gure bidea. Guk autogobernuaren batzarrera autodeterminazio eskubidea eta lurraldetasunaren aldarrikapenak eramango ditugu.

Autodeterminazio eskubidea Euskal Herriari dagokio, baina posible al litzateke honen gauzatzea EAEn soilik edota Foru Erkidegoan ematea?
Gu ez gaude ados horrekin, baina hori planteatzea zilegi da.

Ez zaudete ados, baina EAErako aipatzen den herri kontsulta ospetsu hori egingo balitz, aurka egingo zenukete, jarrera neutroa mantendu, alde agertu...
Gatazka bideratu nahi badugu Euskal Herri osorako bideratu behar dugu. Beraz, zerbait galdetzekotan Euskal Herri osoan galdetu beharko litzateke. Entitate administratiboak -EAE kasu- ezin dira subjektu izan, subjektua Euskal Herria da. Gero ikusiko da herri hori nola antolatzen den. Irlandan ere bi erabakigune zehaztu dira, baina Irlanda osoak partehartzen du horretan.

Baina Eusko Jaurlaritzatik ezingo litzateke Euskal Herri osorako deialdi edo galderarik egin.
Lehenengoa litzateke adostea ea Euskal Herria subjektu politikoa den eta ea autodeterminazio eskubidea Euskal Herri osoari dagokion. Hala balitz, eta EAJk bakarrik jokatu nahi badu EAEren markoan, guk ez, guk Euskal Herri osoan jokatu nahi dugu. Beraz, heldu ahal izango ginateke akordioetara EAEn eta bestean ikusiko da nola lortzen den. Hara, adosten badugu beste euskaldun batzuek ere halako kontsulta batean parte hartu behar dutela nahiz eta hauek EAEtik kanpo bizi, hitz egin dezagun horri buruz. Nola ukatuko diegu guk beste euskaldun batzuei partehartzea? Hori gertatzekotan, estatuek egingo lukete, baina abertzaleok inolaz ere ez.

Kupo osoa ez ordaintzea proposatu duzue Eusko Legebiltzarrean. Errealista al da une honetan hori egitea?
Guk ez dugu esaten kupo osoa, kupo likido osoa baizik, hau da, Estatuak bere esku dituen zenbait eskumen direla eta, hiru lurralde hauetako herritarrek ordaintzen dugun diru kopurua, nagusiki armada, polizia eta errege etxea finantzatzeko erabiltzen da. Jakina, gu ez gaude defentsa, polizia eta halakoak ordaintzearen alde; Hobetuz dela eta, Estatuak ez ditu egindako hitzarmenak errespetatzen eta ez zaigu itzultzen EAEko herritarrek zergen bidez kontzeptu horregatik ordaintzen duguna, horra hor Hobetuzekin gertatzen ari dena.

Baina Kontzertuaren onarpenak berak hasieratik behartzen zaitu halako partidak ordaintzera.
Gure ustez bestelako harreman ekonomikoak behar dira. Gu burujabetza fiskalaren alde gaude, baina hori independentziaren eszenatokia izango litzateke... Beraz, egungo eremuan, eskumen banaketa bat dagoenez, izan dadila akordioa bakoitzak dituen eskumenen ordainketan, eskumenek finantzaketa behar dute eta. Dena den, badira justifikaziorik ez duten eskumenak, eta horiek dira kupo likidokoak, aipatu berri duguna. Hobetuzena, adibidez, izugarria da: beraiek ez dute formazio iraunkorraren eskumena transferitu nahi eta horregatik ordaintzen ditugun zergak, gero ez dizkigute zerbitzu horrekin bueltatzen! Estatuak Kontzertuaren aldebitako espiritua apurtzen badu, guk ere berdina egin beharko genuke.

Ibarretxek kupoaren zati bat ez ordaintzea erabaki du. Berrikuntzarik ikusten al duzu jarrera horretan?
Sarritan badirudi gauzak berez gertatzen direla, baina ezker abertzalearen posizioak badu zerikusirik honetan ere. Hasieran Jaurlaritzakoek esaten zuten ez zegoela diru arazorik, Europako ordezkaritza kontuak bakarrik zirela oztopo. EAJk oinarrizko akatsa egin du Kontzertuaren iraupen mugagabearekin, uneren batean harreman fiskalak aldatu nahi badira, logikarik ez duelako harreman horiei izaera mugagabea ematea. Hori aldiro berraztertu behar da, bestela zuk uko egiten diozu zure burujabetzari. Azkenean, 40.000 milioi pezeta horiek ez onartzeko erabakia ere, ezker abertzaleak egindako presiotik dator.

Sindikatu abertzaleek erantzun egin behar dela esan dute, EAk Gamazada ekarri du gogora... Zuen ustez ere kalera atera behar da?
Hemen beti berdina gertatzen da: Euskal Herria erasotzen dutenean, ahal bada ezkutatzen da, eta hori lortu ezean EAJk protagonismoa nahi izaten du. Erasoa askoz zabalagoa da: Unibertsitate Legea, lan harremanetarako esparrua, eremu judiziala -Garzon- eta errepresioa... Ibarretxek hartu duen erabakiaren defentsan kalera ateratzea iruzur egitea da, eraso handi bat eremu murritz batean kokatzea, eta hori akatsa da.

Bakoitzak bere arrazoietatik esaten du kalera ateratzearena, LABen arrazoiak ez dira ELA edo EArenak izango. Edozein modutan, autogobernuaren defentsan kalera ateratzeko beharrik ikusten duzue une honetan?
EAJk masa fronte bat nahi badu beraiek antolatu beharko dute, ezker abertzaleak ez dio egingo masa frontearen mesedea. Argi dugu, ez garela kalera aterako Ibarretxek hartutako erabaki baten defentsan. Estatuaren eraso orokorren aurrean zerbait planteatuz gero, orduan bai, guk ere parte hartuko genuke, eta hori egin daiteke bakoitzak bere printzipioei eutsiz

HERNANIKO GASTEIZTARRA
HERNANIKO GASTEIZTARRA

1965ean jaio zen Hernanin. Geografia eta Historiako ikasketak egitera joan zen Gasteizera eta han bizi da azken 18 urteotan. Ibilbide politiko zaildua du ezker abertzalean: HASI, HB, EH eta Batasuna. 91n hasi zen HBko Mahai Nazionalean eta 97an espetxeratua izan zen Mahaiaren auzia medio. Batasunaren koordinatzailea da Araban eta legebiltzarkidea Gasteizen.


Azkenak
Herrialde Katalanetako herririk turistikoenak, eskuin muturraren bozen biltoki

Kataluniako azken hauteskundeetako eta Europako hauteskundeetako emaitzetatik abiatuta, presio turistiko handiena bizi duten Herrialde Katalanetako herrietan eskuin muturraren botoak nola egin duen gora aztertuko dugu.


Lastozko txapelak, gurpildun aulki bat eta hiru ibilgailu
Puigdemontek nola egin zien iskin poliziei?

Carles Puigdemonten ihesaldiaren bertsio bat kontatu du La Vanguardiako kazetari Mayka Navarrok, "iturri ofizialetatik lortua". Lastozko txapelak, gurpildun aulki bat eta hiru ibilgailu erabili zituzten mossoak nahasteko. Puigdemontek “gaur edo bihar” hitz... [+]


2024-08-09 | Euskal Irratiak
Baionako Euskal Museoak ehun urte bete ditu aurten

Mende batean, Baionako Euskal Museoak izan duen bilakaeraz erakusketa berezia sortu dute. Argazki, tindu edo objektuak ikusgai dira. 1924an William Boissel Bordaleko militarrak bultzatu zuen museoaren sorrera, "euskal herri tradizionalaren" ondarea babesteko... [+]


Sustantziarik gabea

Egia esan, pena ematen dit kritika honi izenburu hau ipintzea. Bizeten Carmen oso opera ederra da, sentimendu unibertsalak jorratzen dituena, hala nola pasioa, jeloskortasuna, maitatuaren posesioa, independentzia... Eta hori guztia musika-lan bikaina oinarri hartuta. Baina... [+]


Gasteizko jaietan izandako bi bortxaketak salatu dituzte

Bi bortxaketa eta beste sei erasoren salaketa zuzenak jaso ditu Gasteizko Mugimendu Feministak. Elkarretaratzea egin du erasoak salatzeko txosna gunean, ostegunean. Gasteizko Udalak elkarretaratzea ostiralean 11:00etan egin du. Erasoen harira ez dute inor atzeman, momentuz.


Euskal Herriko ikurrak kendu dituzte Atarrabiako pilotalekuan, Nafarroakoa izan ezik

Martxoaren 5ean zabaldutako auto batek armarria “kentzea edo ezabatzea” agindu zuen, “jarrera politiko baten aldeko posizionamendua” dela eta “neutraltasun politikoaren aurka” egiten duelako. UPNk jarri zuen salaketa, eta Atarrabiako alkate... [+]


Lodifobia eta patologizazioa Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean

Bizkaiko e28 koordinadorak salatu du kide trans lodi batek eraso lodifoboa pairatu duela Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean.


2024-08-09 | ARGIA
Uda honetan irakurtzea merezi duten sei liburu

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei irakurgai proposamen.


2024-08-09 | Axier Lopez
UPNk eta PSNk ez dute lortu Raimundo el Canastero zentsuratzea Tafallan

UPNk mozioa aurkeztu du Tafallako udalbatzan gobernu taldeari eskatzeko bertan behera utz dezala Raimundo el Canastero musika taldearekin zuen kontratua jaietan kontzertu bat egiteko. Lizarrako jaietan izandako polemikaren ondoren etorri da zentsura eskaera. PSN batu zaio... [+]


2024-08-09 | Axier Lopez
Beste milioi bat euro eman die Jaurlaritzak erdarazko hedabideei

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak nagusiki gaztelania darabilten hedabideetan "euskarazko albisteak areagotzeagatik" diru-laguntzak banatu ditu beste urte batez. Ia milioi bat euro banatu dute Noticias, Gara eta Vocento hedabide taldeen artean, artikulu batzuk... [+]


Ertzain bat atxilotu dute homizidio saiakera egotzita, lan orduetatik kanpo hiru pertsonari tiro egiteagatik

Ertzaintzak ertzain bat atxilotu du, hiru pertsona hiltzen saiatzea egotzita. Agentea lan orduetatik kanpo zegoen, eta deklaratu zuen bere buruaren defentsan egin ziela tiro furgonetan zihoazen ustezko hiru lapurri. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gezurra da deklaratu duena.


Sardiniak ezetz esan dio kolonizazio energetikoari

Haize-erroten eta eguzki-plaken ezarpen zabalarekin kezkatuta, populazioa "espekulazio energetiko" gisa kalifikatzen duen joera bati aurre egiten ari da.


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


2024-08-08 | Sustatu
Twitterren alternatiben analisia: Bluesky, Mastodon eta Threads

Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic... [+]


Eguneraketa berriak daude