Urbasa mendia eta mirari naturalak
Gasteizerako norabidean laster Olazti ondotik pasako gara, berehala ezkerrera Lizarrara doan errepidea hartzeko. Errepide bihurgunetsu honetan gora, ikustaldiak gero eta ederragoak dira, eta 7. kilometrorako jada Urbasako paisajea bete-betean izango dugu ikusgai: arrokak, zelaiak eta zuhaitzak.
Beti zuzen jarraituz, edozein unetan paseo bat burutu dezakegu, errepidea erreferentziatzat hartuz galtzea zaila delako, eta edozein leku horretarako egokia delako, (ingurua zoragarria da).
Abiatu eta laster sekulako zelai handia zeharkatuko dugu eta ibilbidearen 58,5 kilometroan Urbasa mendate laua harrapatuko dugu.
Berehala aparkaleku bat ikusiko dugu ezkerrera, Urederraren zirku izugarritik oinez minutu gutxi batzuetara dagoena. Aparkatzen baduzue ez zarete damutuko, ikuskizuna primerakoa baita. Beste kilometro batera begiratoki polita ikusiko duzue, aparkatzeko leku handirik ez duena, eta bi kilometro ondoren (ibilbide osoan 61,5. kilometroan eta errepidearen 19,5. kilometroan), eskumara jotzen duen bihurgune handian ere aparkatzea gomendatzen dizuegu. Bihurguneko langaren ostean, Urederraren iturburu zoragarriraino daraman bidezidorra hasten da. Bertatik abiatuz, azkenean agertuko zaizuen urjauzi paradisiakoek txundituta utziko zaituzte.
Ikuskizun honekin dagoeneko aseturik geratu ez bazarete, errepidea zuzen segituz Zudaire (XIII-XVII. mendeko San Andres eliza) zeharkatu, hurrengo datorren Barindanon ezkerrera hartu, eta Bakedano herria ere zeharkatu ostean, parkinean kotxea utzi.
Bertatik, Urederra Euskal Herriko ibairik ederrenetakoaren ur garbi eta berde-urdinskek sortutako uharka eta urjauzi zoragarriekin gozatzera abiatu zaitezkete, inoiz ahaztuko ez duzuen paradisuan barneratuz.
Entzia mendilerroa eta Agurainaldea
Zudaireraino itzuli eta bere ostean datorren bidegurutzean (etorreran jaramonik egin ez diogu egin bidegurutze honi) ezkerrerantz joko dugu, Eulate-Kontrasta norabidean (76,5 km. daramatzagu). Laster San Martin igaroko dugu, aurrekoekin batera Ameskoabarren udalerria osatzen duten herrietako bat.
Handik gutxira Eulate herria pasatuko dugu, ezkerraldean batez ere laborantza lurrak eta eskuinaldean Entzia mendilerro ikusgarria agertzen zaizkigula. Kilometro gutxiren buruan aldiz, Aranaratxe eta Larraona datozkigu, aurrekoak bezala abeltzaintza eta basogintzaz arduratzen diren nekazari herrixkak. Azken honetatik gertu jada Araban sartuko gara.
Araban bisitatuko dugun lehen herria errepidean bi aldiz ezkerrera egin ostean pare bat kilometrora iritsiko garen Kontrasta da (91. km.), antzina Araba eta Nafarroa arteko bidegurutze garrantzitsua. Ondorioz, herria harresiz inguratu zen (gaur egun etxeek aprobetxatutako hormak dira) eta bere Jasokundeko Andra Mari eliza handiosoak gotorleku itxura hartu zuen. Herriko ertz batean Elizmendiko ermita dago, hilarri erromatar interesgarriarekin.
Errepidera itzuliz, Opakua-Agurain norabidean jarraituko dugu, paisaje arrokatsu eta menditsuak tarteka galdu izan duen ikusgarritasuna agertzen digularik berriz ere. Mendatera iritsi arte beti zuzen segituko dugu.
Azkenik, ibilbidearen 101. kilometroan Opakua mendatearen gainean bertan gaudela, jaisten hasten den lekuan eskuinera bide bat ateratzen dela ikusiko dugu. Bide horretxek eramango gaitu Legaireraino, baina erne ibili, nahiz eta asfaltatua eta oso zabala izan, bidezulo ikaragarriak dituelako. Opakuatik bi kilometrora lehenbiziko aparkalekua ikusiko dugu ezkerrera, baina zuzen segituz, lau kilometro beranduago arbolez inguratutako paraje ederrera iritsiko gara.
Beste kilometro erdira Legaireko zelaietara daraman bidexka hasten da, gure ezkerrera (zuzen segituz gero bidea moztu egiten da). Landa hauen inguruan eta Mirutegiko balkoi natural izugarriraino sekulako ibilbidea egin ahal izango duzue, edo besterik gabe, atseden ederra hartu, zelai zabal eta atsegin hauek horretarako aproposak dira-eta.
URBASA-ENTZIA MENDIZERRA
Zunbeltz failak banatzen dituen bi mendizerra hauek 1.000 metro inguruko altuera duen karedun goi lautada osatzen dute, batetik Nafarroa menditsu eta erdialdekoa banatzen dituzten Urbasa eta Andia, eta bestetik Araban barneratzen den Entzia alegia. 200 kilometro koadrotan zehar barreiatzen dira baso, zelai eta erreka zoragarriak.
Historiaurretik artzain kultura ezagutu duen inguru basati hauen (Urbasa izen egokia da oso) "biztanle"ei dagokienez, batez ere lasai asko bizi diren ardi latxak eta pottokak ikusiko ditugu, eta horiez gain sai zuri, basurde, basakatu, katagorri eta abarrek ere bertan dute beren etxea.
Pilatos-en Balkoia
Natur mirari ikaragarri hau behatzeko egin beharreko bakarra zera da, Urbasako goi lautadaren erdian dauden aparkalekuetan kotxea utzi) eta berau eta errepidea atzean utziz bost minutu ibiltzea.
Denbora horretan Urederra ibaia sortzen den anfiteatro moduko zirko ikaragarriaren erlaitz edo hegalera iritsiko gara. Hortik aurrera, berau inguratzen paregabeko ibilera nahi dugun arte luza dezakegu, ez baikara inolaz ere aspertuko.
Urederra Urbasa Menditik
Urederra (izena jada nahikoa adierazgarria da) ibaiak, batez ere bere iturburua eta lehenbiziko kilometroak, agian Euskal Herriko txokorik maitagarriena osatzen du. Izan ere, bere zirkoaren harresietatik irteten den erreka jaio eta berehala sortzen hasten den urjauzi ikusgarri eta uharka ugariek beste inon gozatuko ez duzuen ikuskizun bakarra sortzen dute.
Urbasatik jaisten ari garen bihurgune handiaren hesiaren atzean hasten den bidezidorra hartu eta zuzenean iturburura eramango gaitu. Egin beharreko bakarra paretaren kontrako bide erraza jarraitzea da. Bidea ez da Bakedanotik bezain ikusgarria, baina parean agertuko zaigun urjauziak txundituta utziko zaituzte. Argazki kamera eraman.
Urederra Bakedanotik
Hau aurrekoa baino ibilbide apur bat gogorragoa da, baina ikusteko dagoena kontuan hartuta, neke apur hori berehala ahaztuko zaizue. Herritxoaren osteko aparkalekutik, bidexka batetik jaisten hasiko gara, sigi-sagean, errekaren ezkerralderaino iritsi arte.
Hortik aurrera, egin beharreko gauza bakarra uraren sorlekurantz abiatzea da, batzuetan uraren albotik eta beste batzuetan metro batzuk urrundu ostean berriz ere itzuliz, lur eremuak leku bakoitzean eskaintzen dituen bideak (eta begiratokiak) aprobetxatuz. Bitartean, aurrean duzuen ur urdin-berdexka ezin garbiago hori benetakoa ote den pentsatuko duzue, bata bestearen atzean igaroko dituzuen uharka miragarriak aluzinazioak ote diren, edota urjauzi eta urlasterrak ametsetako kontuak ote diren.
Pagadi mixto honetan zehar ahozabalik aurreratzen duzuen bitartean, azkenean besteetatik nabarmentzen den urjauzi are ikusgarriago bateraino iritsiko zarete, lehen ikusi ditugunak baino altuagoa eta bertikalagoa baita.
Bere gainetik ibaiaren beste aldera igaro eta eskailera batzuetatik Urederraren iturbururaino eramango gaituen bidezidor eta zubitxoraino hurbilduko gara.
Legaireko zelaiak
Urbasako Arabako jarraipen gisa, zelai hauek probintzia honetako eremu oso atsegina osatzen dute. Opakuatik gertu dagoen aparkalekutik, landa eder hauek iparrerantz zeharkatuz Legaire errekatxora iritsiko gara, pagadi, trikuharri eta bordak barreiatzen diren inguru lasai eta zoragarrian.
Hemen, sartaldeko malkarrerantz joz (bista politak), Atau mendatea harrapatuko dugu eta hemendik, hegaletik gertu jarraituz, gurutze altu batek seinalizatzen digun Mirutegi gaina, amildegiaren gainean bertan. Balkoi pribilegiatu honetatik dugun ikuspegia izugarria da, besterik gabe. Ibilbidea nahikoa laua da eta presarik gabe arratsalde batean egiten da.