Sagardo eta sagardotegi hitzak entzuten ditugunean txotx garaia datorkigu burura gehienoi. Garai honetan Euskal Herriko sagardotegiak jendez betetzen dira sagardo berria dastatu ahal izateko. Toki eta testuinguru zehatz horrekin lotu ohi da gehienetan edari hau. Sagardoak sagardotegiaren lau hormen artean gelditzen den edaria dirudi sarritan.
Euskal Herrian sagardoak izan duen presentzia eta garrantzia ez da gaur ezagutzen dugun modukoa izan, ordea. Gure aurreko euskaldunentzat sagardoa eguneroko edari izan da, otordu guztietan janariari laguntzeko erabiltzen zuten edaria. Zenbait kasutan ordainketa egiteko edota festa egiteko ere erabiltzen zuten.
Gainera, sagardoa Gipuzkoara bakarrik ez zen mugatzen. Euskal Herri osoan egin eta edan izan da sagarrez eginiko edari hau. Hori horrela izan dela frogatzen duten agiri anitz dago artxibategietan eta liburuetan, baita ahozko tradizioaren bidez jasotako kulturan ere. Gogora ekarri besterik ez ditugu, esate baterako, Jose Uria Irastorza tolosarrak sagardoari buruzko liburuetan egindako aipamenak, 1235. urtean Lapurdi eta Nafarroaren arteko borrokan gertatutakoak. Nafarroako Artxiboan, 1239ko agirietan jasota ageri dira borroka latz haiek uzitako ondorioak. Nafarrek lapurtarrei ikaragarrizko hondamendiak eragin zizkieten, antza. Uztaritzeko 25 sagardogile, Senpereko 9, Hazparneko 25, Bardoxeko 3, Larresoroko 13 eta Ezpeletako 5 sagardoa egiteko tresnarik gabe gelditu ziren. Borroka haietan upelak, dolareak eta sagarrondoak moztuta agertu zitzaizkien. Lapurtarren kexuak jasotzen ditu agiri honek.
Noiztik sagardoa Euskal Herrian?
Sagardoa Euskal Herrira nola iritsi zen ez dago batere garbi. Honen inguruan teoria bat baino gehiago daude. Sagar landarea Afrikatik sartu zela irakurri izan dugu. Arabiarrek ekarritakoa dela esaten duenik ere bada. Erromatarrek ere ba omen zekiten sagardoa egiten. Euskaldunok haiengandik ikasi omen dugu.
Kontuak kontu, sagardoaren jatorriaren inguruko idatzizko agiri asko ez daukagu eskuartean, euskal ondarearen eta historiaren berri hitzez gehiago jaso baitugu idatziz baino. Plinio erromatarraren idatzien bidez jakin ahal izan dugu, K. o. 80. urtean jaki oso gozoa egiten zutela euskaldunek, irasagarraren antzeko zerbait, alegia: birrindutako ezkurra, ura, eztia eta sagardoarekin nahastuta. Hortik ondorioztatu daiteke garai hartan jada sagardoa egiten bazekitela.
Hala ere, aurkitu diren lehenengo idatzizko agiriak, sagardoari lotutakoak XI. mendekoak dira. Geroago, XV. mendean Euskal Foruetan sagasti eta sagardoari buruzko legeak eta agiriak asko agertzen dira.
Auzolana, baserrien oinarri.
Ehun edo berrehun urte atzera eginez gero, baserriz jositako bizimodu, testuinguru batean kokatuko genuke sagardoa. Garai hartan sagardoa baserrietan egiten zen. Baserriak eta lurrak ematen zituen lanez gain, sagardoa egitea zen beste zereginetako bat. Etxerako egiten zuten sagardoa. Auzoan beti izaten zen dolarea eta matxaka zituen baserriren bat. Bertan jotzen zuten sagarra inguruko baserri guztietakoek. Hondarribiako Artzu baserrikoa da Gregorio Berrotaran. Berak gogoan du orain dela gutxi arte baserritarren artean egon den auzolanerako ohitura. "Auzokoek idiekin bultzatutako gurdian, garlean ekartzen zituzten sagarrak eta gure etxean jotzen zuten sagarra. Dolarea erabiltzeagatik ez zen ezer kobratzen. Ordainetan, baserriko lanetan, garotan edo belarretan, laguntzen ziguten. Garai hartan auzolanean egiten ziren lanak. Gaur egun, hau aldatu egin da: hitz guztiek prezio bat dute orain".
Urtean behin egiten zuten sagardoa. Auzo guztiak parte hartzen zuen. Lehenbizi sagarra jotzen zuten, pisoiarekin edota matxakan. Ondoren, dolarean ipintzen zituzten sagar puskak. Estutualdi ugari eman behar izaten zitzaizkion sagarrari zuku guztia ateratzeko. Lehenengo estutualditik ateratako muztioa sagardoa egiteko erabiltzen zuten, eta beraz, etxeko upelik hoberenean gordetzen zuten. Gainerako estutualdiak egin aurretik ura botatzen zen dolarera eta hortik ateratzen zen muztioa pitarra egiteko erabiltzen zen. Pitarra zen egunero edateko erabiltzen zuten edaria. Sagardoa egun berezietarako gordetzen zuten. Seme-alaba askoko familiak izaten ziren. Denak mahaian eseri eta txandaka joan behar izaten zuten seme-alabek sagardoa ekartzera, aitak hala aginduta.
Sagardo berria dastatzeko festa.
Sagardoa jotzeko eta estutzeko lan hau bukatutakoan sagardo berria egin zutela adierazteko festa egiten zuten. Herriko plazan edota baserriko atarian biltzen ziren auzokideak. Janaria ekartzen zuten eta muztio berria edaten zuten. Nafarroako Arizkun herrian, esate baterako, sagarra estutzeko erabilitako oholetako bat hartu eta bertan pisoiekin jotzen zuten, txandaka, sagar jotzea errepresentatu nahiz bezala. Honekin batera «Kirikoketa» izeneko kantua kantatzen zuten: "Kirikoketa, kirikoketa/ kirikoketa, koketa, koketa./ Sagarra jo dela,/ sagarra jo dela,/ sagarra jo dela,/ jo dela, jo dela".
Txalapartaren oinarria hemen egon daitekeela uste da. 1920. urterarte mantendu dute ohitura hau Arizkunen. Duela hiru urtetik hona ohitura hau berreskuratu egin dute, "Jo ala jo" izeneko kultur elkarteari esker.
Barrikotea
. Auzokoak bildu ohi ziren elkarrekin otordua egiteko. 100 litroko barrika koxkor bat hartzen zen barrikoterako eta hura hustu arte edaten zuten. "Ardi zaharren bat akatu eta lagunartean afaltzen zen. Bakailaoa tomatearekin, pipermin dexente botata eta sardina zaharrak. Horixe izaten zen menua. Ez zegoen besterik" dio Gregorio Berrotaran hondarribiarrak garai bateko kontuetan murgilduta. Irungo Usategieta baserrian ere egiten zuten sagardoa. Bertakoa da Joxe Tolosa eta berak ere ondo gogoan ditu barrikoteak. "Horixe izaten zen festa. Bakailaoa ona izaten zen, baina gatz asko izaten zuen. Sarritan jan ere ezin zen egin, zapore oso gogorra zeukalako. Janari mota honekin oso ondo sartzen zen sagardo bizia".
Sagardotegiak, ikuskizun handien gune.
Hirigunetik urrun zeuden baserriak, dolarea zutenak, erakargarri bihurtu ziren XIX. mendean. Aisialdirako eta festarako leku bihurtu ziren. Bizikletan, tranbian edota oinez etortzen zen jendea sagardotegira, egunpasa egitera. Sagardotegi zaharrak ezagutu dituzten pertsona nagusiek diotenez, batzuek egun bat baino gehiago ematen zuten sagardotegian. Gehiegi edan zutela eta, sagardotegian bertan lotan gelditutakoak baziren makina bat. Hurrengo egunean euren emazteak joaten omen ziren arropa garbiekin, haien senarrak arropaz alda zitezen.
Jan, edan eta jokoan aritu. Era guztietako jokoak eta apustuak egin ohi ziren garai haietan sagardotegietan. Bolatokia sagardotegi gehienek izaten zuten. Nork bolo gehiago bota, horixe zen boloetan aritzea. Tokan ere saio ugari egindako jendea izan da. Bertsotarako ere leku aproposak bilakatu ziren. Txirrita bertsolari ezagunak bertso ugari kantatu zituen sagardoaren inguruko giro honetan. Euskal Herrian hain sustraituta dagoen apustuak egiteko ohiturak ere izan zuen bere lekua.
Garai honetan ez zen kalkulagailurik, ezta boligraforik ere. Hala ere, sagardotegiko zerbitzariak kontuak ematen iaioak ziren. Upelean klarionarekin markatuz, apuntatuz joatea zen sistemarik praktikoena. Bakoitzak zenbat sagardo baso edan zuen hortxe ikus zitekeen.
Gizonezkoen dastalekua izan zen garai batean sagardotegia. 70eko hamarkadan, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasun aldarrikapenek bultzatuta edo, emakumeak sagardotegietara sartzen hasi ziren lehenengo aldiz