URTE BERRIKO ZENBAKIAK DANTZAN


2007ko otsailaren 21ean
Munduko eta Europako ekonomiak Estatu Batuetan izandako irailaren 11ko erasoaren ondoren sortu den zalantzazko egoeraren ondorioak jasan beharko badituzte ere, Euskal Herriko ekonomiak 2002. urtean gora egiten jarraituko du, aurreko urteetan baino indar gutxiagorekin izan arren, %2-3. Nolanahi ere hainbat aditu ezkorragoak dira, esaterako Zubizarreta Consultingeko Antton Perez Calleja, eta horien iritziz hazkundea %2tik gorakoa ez da izango. Erreportaje honetan jasotako datuak EAEkoak eta Nafarroakoak dira, Ipar Euskal Herriko daturik ez baitugu. Bi esparru horietako ekonomia Espainiakoa, Frantziakoa eta Europakoa baino gehiago haziko da.

Ikuspegi orokor batetik, AEBen aurkako irailaren 11ko erasoa baino lehenago hasia zegoen ekonomia krisialdia 1982tik izandako larriena da. AEBak, Zubizarretaren esanetan, hiru hiruhileko baino gutxiago iraungo ez duen atzeraldi batean sartu dira. Ekonomiako aurreikuspen guztiak beherantz berregokitu dira. Krisialdi hori larriagoa edo luzeagoa ez gertatzeko guztiz erabakigarriak izango dira ekonomiaren oinarri sendoak (inflazioa, defizit publikoa...) batez ere AEBetan eta Europan, interes tasen jaitsiera, petrolioa merkatzea eta zerga arloko pizgarriak.


EAE-KO ETA NAFARROAKO EKONOMIAK

. EAEko eta Nafarroako gobernuetako erakunde ofizialek diotenez 2002. urterako aurreikusten den hazkundea %3 ingurukoa izango da. Espainiako Gobernuak, aldiz, lehendik zituen aurreikuspenak %3 ingurukoak baziren ere, orain %2,4ra jaitsi ditu. Nolanahi ere, beste iturri batzuk ez daude ados datu horiekin. Horrela, BBVAren Azterketa Zerbitzuak dioenez, Espainiako Estatuaren BPG %1,7 haziko da eta %2,5eko inflazioa izango du, eta Frantziako Estatuan, berriz, BPG %1,6 haziko da eta inflazioa %1,2koa izango da.

Antton Perez Calleja ekonomiako adituak %2tik gora egingo ez duen hazkundea eta %2,5eko inflazioa iragarri ditu. Izan diren gertakarien ondoriozko zuhurtasun jarreraren eraginez kontsumo pribatua pixkanaka gutxitzen joango dela iruditzen zaio aditu honi. Inbertsioak, batez ere ekipo ondasunetan, nabarmen jaitsiko dira enpresa arloko aurreikuspenak erori egin direlako eta gaitasun produktibo soberakinak agertu direlako. Atzerriko sektoreak arazoa arindu baino gehiago larriagotu egingo du. Zentzu horretan, Callejak dioenez, Europako ekonomia datorren 2002ko urtean %1 inguru haziko dela kontuan izanik, ezin da inolako itxaropenik izan barne eskaeraren hutsunea esportazioek beteko dutenik.
Arrazoi horiek Espainiako ekonomiarentzat baliagarriak baldin badira, are baliagarriagoak gertatzen dira euskal ekonomiarentzat, zeren, Zubizarretaren arabera, gure nazioartekotasun maila handiagoagatik eta industriaren pisu handiagoagatik, gure ekonomiak Espainiako Estatuak baino beherakada handiagoa jasan beharko baitu. Eta hori ez zaio harrigarria iruditzen, garai onetan gu besteak baino gehiago hazi baikara (%5etik gora 1999-2000n). Edozein modutara ere, Hego Euskal Herrirako ez da %2tik beherako hazkunderik aurreikusten, eta erakunde ofizialek %3rainokoa aurreikusten dute. Hala ere, aditu guztiak bat datoz zentzu batean, hau da, krisialdi honen aurrean 1993koan baino hobeto prestaturik gaudela. Garai hartan langabezia %25era iritsi zen. Callejak dioenez, gaur egungo euskal enpresek finantza sendotasunean, lehiakortasunean, tamainan, atzerrian duten presentzian eta, zer esanik ez, errentagarritasunean ez dute inolako zerikusirik duela bederatzi urteko enpresekin. Eta, gainera, oinarri makroekonomikoek ere, defizit publikoari edo interes tasari dagokienez, berak dioenez, ez dute garai hartakoen antzik. Euskal aztertzaile honen ustetan, gune ilun bakarra prezioen eta soldaten jokaera izango da, eta horrek eragotziko du okupazio orokorrari eutsi ahal izatea.
Aurrekoa bezalako krisialdia ez izan arren, datorrenari aurre egin beharra dago, eta, Callejaren ustetan, horretarako ezagutzen den estrategia bakarra 1993aren ondoren enpresen indarberritzea ahalbidetu zuen hura da: austeritatea, zorduntzeko neurrizko beldurra, langile kualifikatuen geroz eta erabilera zabalduagoa, kalitatearen aldeko grina, azpikontratazio sistematikoa, ikerketarako joera neurtua eta geroz eta nazioarteratze handiagoa.
Callejak berak, beste hainbat aztertzaile baino ezkorragoa izanik ere, aitortzen du funtsezko estrategiei eutsiz jarraitu behar dela. Dioenez, krisialdiek funtsezko oinarrietara itzultzea eragiten dute beti, baina ezin da ahaztu hau ez dela 93ko krisialdia. Batetik, ez da hura bezain gogorra izango hazkundeari dagokionez eta, bestetik, ez gaitu hura bezain ustekabean eta erreserba gutxirekin harrapatzen. Horrek esan nahi du funtsezko estrategiak ezin direla alde batera utzi epe motzeko eragozpenengatik. Dioenez, estrategia berraztertzeko garaia da, garbiketa egin eta arintzeko, baina, krisialdi eta guzti ere, funtsezkoa denari eusten jarraitu beharra dago: nazioarteratzea, aniztasunean aritzea, bat-egiteak eta abar.



OCDE: ATZERALDIAREN MAMUA.

Atzeraldiaren mamua dabil lurralde industrializatuenen ingurumarian. Hala esan daiteke, behintzat, Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak osatutako azken txostenak (azarokoak) dioena ikusita.

OCDE osatzen duten 29 lurraldeetako ekonomiak 2001eko bigarren seihilekoan hazkunde negatiboa izan zuen, lehen aldikoz azken hogei urteotan. AEBen aurkako irailaren 11ko erasoaren ondoriozko atzerapen hori %0,3koa izan zen, eta, nahiz eta hedapen ahul batekin izan, hasi berria dugun 2002. urtearen lehen erdian zuzenduko da, baldin eta enpresaburu eta kontsumitzaileen konfiantza hondatzen duen gertakari berririk ez badago. Honela dio, behintzat, OCDEk ezagutzera eman duen seihileko txostenean.
AEBen aurkako erasoaren ondorioz OCDEk aurreikuspenen murrizte sakona egin behar izan du. Horrela erakundea osatzen duten lurraldeek %1eko hazkunde kaskarra izango dutela iragarri du, joan den ekitaldiari nahiz datorrenari dagokienez, eta lehendik eginak zituen aurreikuspenen arabera, hurrenez hurren, %1,7koa eta %2,7koa ziren hazkunde portzentaiak.
Gainera, azpimarratzekoa da ekonomi aurreikuspenen txosten hori egin dutenek esan dutenez, beren aurreikuspenak hipotesi baikorretan oinarriturik egin dituztela, hau da, inbertsioa eta kontsumoa gerarazten dituen gaur egungo zalantzazko egoera epe motzean desagertuko dela pentsatuz. OCDEko adituen ustetan, datozen hilabeteetan "bilakaera negatiboa" ere gerta daiteke: kontsumitzaileen eta enpresaburuen konfiantza ahultzea, hirugarren lurralde batzuetako inportazioak murriztea, petrolioaren prezioa igotzea edo truke tasaren aurreikusi ezinezko gorabeherak. Gertakari horietakoren bat edo batzuk gauzatuz gero, OCDEren txostenak dioenaren arabera, "are larriagoa izango litzateke ekonomiaren ahultasuna eta oso zalantzan jarriko luke epe laburrean indarberritze sendo bat lortzeko aukera".
Ondoko taulan OCDEk 2002-2003 urteetarako aurreikusten duen bilakaera ageri da. AEBen, Japoniaren, Eurogunearen eta Europako Batasunaren bilakaera nabarmendu nahi ditugu. AEBei dagokionez 2001eko bigarren seihilekoan, dagoeneko, atzeraldian bete-betean sarturik zegoen, BPG %0,7 doi-doi haziko da 2002. urtean eta, indarberritu eta gero, %3,8 igoko da 2003an. Europako Batasuna %1,7 hazi da 2001ean, %1,5 haziko da 2002. urtean eta hazkunde hori %2,9raino igoko da 2003an.
Espainiako Estatuari dagokionez, berriz, BPG %2,7 hazi zen joan den urtean, eta %2 aurreikusten da 2002rako, OCDEren ustez. Aldiz, Espainiako Gobernuak %3 jotzen du joan den urtekoan, eta %2,9 datorren urterako.


MERKATARITZA GANBEREN AURREIKUSPENA.

EAEko merkataritza ganberek eta Confebaskeko patronalak urte honetarako %2,4ko hazkunde ekonomikoa iragarri dute; beste zenbait erakunderen iragarpenekin alderatuz altuagoa da portzentaia hau. 2001eko hazkunde ekonomikoa %2,8an kokatuko da. EAEko merkataritza ganberek eta patronalak diotenez, urteko lehen hiruhilekoa mementoko geldialdiaren eraginpean egongo da, baina urteko bigarren hiruhilekoan dute halako berreskuratze txiki bat egongo den itxaropena. Gauzak horrela, uste dute hemengo hazkundea Espainiako ekonomiarena baino altuagoa (%2a baino zerbait altuagoa), Frantziakoarena baino altuagoa ( %2a baino zerbait altuagoa) eta Europako (%1,4a) batazbestekoa baino altuagoa izango dela.

Testuinguru horretan, nahiz eta euskal ekonomiak lana sortzen jarraituko duen, iazko erritmoa jaitsi egingo da 10.000 lanpostu berri iragarriz eta urte amaierako langabezia %7,9an kokatuz. Euskal Herriko hazkunde ekonomikoa barne eskarian oinarrituko da, atzerriko sektorea munduko ekonomiaren ahultasunak mugatuko baitu

Krisialdiaren zioak, ondorioak eta iraupena
Munduko ekonomia krisialdian murgilduta dagoen une honetan, bai agintariak, baita ere jakitunak, beraien iritziak, neurriak eta hausnarketak egiten ari zaizkigu. Krisiari aurre egiteko neurri gisa, hor dago interes-tasen beherakada AEBn eta EBn. Neurri hau aspaldi hasi zen hartzen, hain zuzen, ekonomia hozten hasi bezain agudo; hau da, irailaren 11 baino lehenago hartu zen neurri hau, ea inbertsioak eta kontsumoak gora egiten duten.

Bestetalde, oro har, Barne Produktu Gordinaren hazkunde tasek behera egin dute herrialde askotan; kasu batzuetan, AEBn, adibidez, hiruhilabeteko batean negatiboa izatera heldu da. Baina krisiaren definizio ofiziala betetzen ez denez, ez omen da beraz ekonomia, oraindik, krisian; izan ere, definizio horren arabera, ekonomia krisian dago, gutxienez, bi hiruhilabetekotan, jarraian, hazkunde negatiboa ematen denean. Beste jakitun batzuen arabera, -AEBko National Bureau of Economic Research- badaude beste adierazgarriak krisian gaudela ziurtatzeko eta aipatu definizioa ez da zehatza ezta nahikoa ere. Adibidez, oso esanguratsua da ekoizpen industrialaren hazkunde tasak izan duen beherakada, langabezi tasak gora egin duen bitartean.
EBn ere antzeko adierazgarriak ditugu eta Japoniak, hainbat aldiz hemengo agintariek eredu ekonomiko egokiena bezala jarri diguten lurraldeak, burua ezin altxa aspaldidanik dabilkigu. Espainiako estatuko eta Hego Euskal Herriko adierazgarriak ere ez dira hobeagoak, nahiz EBkoak baino zertxobait hobexeagoak izan.
Oro har, bi alderdi azpimarratu nahi nituzke. Lehena, teoria ekonomikoa ez dela behar bezala landu, teoria batek aurreikuspenak egiteko ez badu balio, teoria horren oinarriak ez daudela oso ondo finkatuak esango bainuke; ondorioz, urtean zehar bi edo hiru aldiz ekonomiaren aurreikuspenak doitu behar izaten dituzte arduradun politikoek. Bigarrena, irailaren 11 baino hilabete batzuk aurretik hasiak ziren krisialdiaren ezaugarriak azaltzen, nahiz NYeko ekintza horren ondoren egoera larriagotu den; ondorioz, enpresek lanpostu murrizketak areagotu egin dituzte. Beraz, honelako ekintzek jende xehearengan uste baino eragin negatiboagoa dute.
Noiz arte iraungo du depresio egoera honek? Esaten denez, hamaikaren bat hilabete iraungo omen du eta 2002ko otsaila-apirila inguruan hobekuntzak nabarmenduko omen dira. Begi-bistakoa denez, azken urte hauetako inbertsio erraldoien ondorioz ekoizpen ahalmena areagotu egin da, eta orain, inbertsio apalagoen bidez, ahalmen hori murrizten den bitartean, ekonomia ez da hasiko suspertzen

Aurten 12 milioi langabe EBn
Atzeraldia ez bada ere, guztiz nabarmena da EBk moteltze eta zalantza egoera bizi duela; oso hazkunde aurreikuspen murritzak egin dizkiote nazioarteko erakunde guztiek. Horrek guztiak ondorio larria izango du gizartean: enplegu sorkuntzaren kalte nabarmena. Lehen aldiz 1997az geroztik, aurten langabeen kopuruak gora egingo du EBn, eta 12 milioiko langabe kopurura iritsiko da, joan den urtean baino milioi erdi bat gehiago.

Eurogunean, langabeen kopurua joan den urteko %8,3tik %8,6ra igoko da, lanpostu berriak sortzeko erritmoa nabarmen kalteturik gertatu delako. Eta, gainera, batez ere Europako lokomotorari ari zaio eragiten, Alemaniari, eta horixe da ezaugarririk esanguratsuena eta larriena. Iaz bere lanpostu sorkuntzaren balantzea hutsean geratu zen, eta aurten %0,3ko atzerapena aurreikusten da, eta Austrian ere gauza bera gertatuko da. Enplegu sorkuntzarako egoera txar horrek Espainian ere bere eragina izango du, eta, neurri apalago batean, Hego Euskal Herrian ere bai, besteak beste, bere hazkundea ere handiagoa izango delako. Eraikuntza eta zerbitzuak izan dira azken urteetan sektorerik dinamikoenak langabeziari aurre egiteko garaian, eta une honetan moteltze nabarmena ari dira sumatzen horien jardueran.
2002ko udazkena eta 2003ko lehen hilabeteen artekoa da, Europako Batzordearen ustez, joera hori alderantzikatu eta hobetzen hasteko garaia. 2002. urtean langabezia tasak behera egingo du berriro: Espainiako Estatuan %12ra eta Eurogunean %8,2ra


Azkenak
Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


2025-02-14 | ARGIA
Adin txikiko beisbol jokalari bati musu emateagatik entrenatzaile bat kondenatu dute

Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]


2025-02-14 | dantzan.eus
Inauteriak 2025 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]


2025-02-14 | Euskal Irratiak
David Gramond
“Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko”

Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]


2025-02-14 | Sustatu
Itzulinguru ikerketa: itzulpen automatiko aurreratuak nola eragiten dio euskarari?

Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, hildako bi agenteren kontura sare sozialetan barre egitea egotzita

"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.


Iruñeko Laba, agur labur bat, irailean indarberrituta itzultzeko

Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]


Osasunbideak erizain lanpostu bat kendu du Erronkariko bailaran

Amparo Viñualesek, Erronkariko alkateak, salatu du Erronkariko, Burgiko, Gardeko eta Bidankozeko kontsultategiek arreta txikitu beharko dutenez prebentzioan eragingo duela.


Ernaik Berriozarren egingo du Gazte Topagunea, apirilaren 17tik 20ra

Berriozarren (Nafarroa) egingo da Gazteon eskutik lelopean, antolakundearen ustez gero eta gazte gehiagok egiten dutelako bat independentziaren aldeko borrokarekin. Topagunea "ekimen soil bat" baino gehiago dela aldarrikatu dute: "Euskal Herriko txoko... [+]


Eguneraketa berriak daude