Iragan urteko otsailean, Donostiako Kursaalean buruturiko batzar nazionalaren ondoren batu ziren Hegoaldeko eta Iparraldeko Senideak eta Gureak euskal preso politikoen elkarteak. Joan den azaroan, berriz, Gasteizen buruturiko azken batzar nazionalean, erakunde nazional berriari Etxerat izena jarri zioten. Etxerat, erakunde berria izanagatik, espiritu berdinarekin berrantolatutako erakundea da. Euskal preso politikoek eta euren senitartekoek egoera berdintsua bizi dute: espetxeetako bizi baldintza gogorrak eta legearen aurkako sakabanaketa. ETAk su-etena bertan behera utzi zuenez geroztik, oso egoera sozio-politiko zaila bizi arren, senitartekoek presoak Euskal Herriratzearen nahia eta beharra berretsi dute azkeneko urte honetan.
Orain urte bat inguru, Senideak eta Gureak elkarteak batu zirenean, urte berriari begira «jarrera defentsibotik proposamenak egitera» pasa nahi zenutela adierazi zenuten. Azken urte honetan eman ahal izan duzue jarrera aldaketa hori?
Bai. Neurri batean eman ahal izan da aldaketa hori. Hala ere, esan beharra dago ez dugula guztiz ofentsiboki lan egin ahal izan. Beharbada, egoera konkretu batzuetan lan ofentsiboa egiteko beldur izan garelako -egoera oso larria delako-, baina atzera pausorik ere ez dugu egin. Oro har, gure nahia proposamenak egitera pasatzea izan da. Hau da, ibilbide bat urratu nahi dugu, non gizarte honetako erakunde sozial, politiko eta sindikal guztiekin joan behar dugun, gustatu edo ez gustatu.
Egoera soziopolitikoaren gordina ezagututa, zuen egitekoa ez da erraza inola ere.
Ez da erraza, ez. Jendeak, hainbat sektore sozial, politiko eta sindikalekin elkarrizketatzen garenean, zein gaizki pasa behar dugun, galdetzen digu. Guk baietz esaten diegu. Egoera zaila eta gordina dela, baina elkarrizketak beharrezkoak direla ere esaten diegu. Guk, ate asko jo dugu eta aurrerantzean ere asko joko dugu, inongo salbuespenik gabe. Sektore guztiengana jotzen segitzen dugu, gehienek ateak irekitzen dizkigute eta gutxi batzuek itxi egiten dizkigute. Hori da jarrera ofentsiboan aritzea edo proposamenak egitea. Ildo horretan, azkeneko hilabete hauetan, hainbat erakunde politiko, sindikal eta sozialekin bildu garenean -Ibaeta izeneko bilgunean bildu gara orain bi hilabete berriz ere; duela bi urte luze parte hartu zuten sektore berekin- ikusi dugu jendea prest dagoela «Presoak Euskal Herrira» lemaren alde lan egiteko. Guk lema hori teorikoa izatetik praktikoa izatera eraman nahi dugu preso politikoen eskubideak errespetatuak izan daitezen.
Gasteizko azken batzar nazionalean, «gizartearekin pixka bat apurtuta dagoen komunikazioa berreskuratzea» helburua aipatu zenuten. Zein da epe laburrean hori gauzatzeko zuen egitasmoa?
Hasteko, herri eta auzoetan berkokatu eta ekimen berriak bultzatu nahi ditugu. Garai batean sortu zen ilusioa, beharra eta gogoa berpiztea izango da gure lana. Testigantza batean oinarriturik, ahalik eta jende gehiena antolatu nahi dugu, hasierako asmo bakar eta natural batez antolatu ere: zigorren hiru laurdena bete duten presoen behin-behineko askatasuna gauzatzea, preso gaixoak kaleratzea, eta oro har, presoak Euskal Herrira ekartzea. Epe labur batean hori da gure xedea, eta horretarako kudeatze eta bultzatze lana burutu behar dugu, sakrifizio lan askorekin, kontziente izaki, guk egin ezean inork ez duela preso diren herritarren eskubideak bermatzeko urratsik emango.
Ibaeta plataforma eta ETAren su-eten garaia aipatu duzu. Garai hartako «Euskal Presoak Euskal Herrira» aldarrikapenak indarra galdu du gizartean.
Bai. Hala ere, gure ikuspuntutik, herritarrek oro har, sentimendu hori oso barneratuta daukate eta batzuek lanean segitzen dute; pauso praktikoak ematen dituzte, alegia. Egia da, aitortu beharra dago, zenbait erakunde politiko, sozial eta sindikal inportante eta esanguratsu hoztu egin da presoen gaiarekin, batzuek, hainbat kasutan, zenbait helburu politiko nahastu dute giza eskubideen aferarekin.
Guri, haatik, ulergaitza egiten zaigu garai batean -Ibaetako plataforma osatu zen garaian eta ETAren su-etenaren aurretik ere- sektore batzuek presoen eskubideak hain sutsu eta hain irmoki defendatu izana, eta ETAren su-etena apurtu zenean hori ahaztea. Egun egoera horretan bizi gara, preso eta senitartekoen eskubideen alorrean atzera pauso nabarmenak eman dira. Guk galdetzen duguna da ea presoen eskubideak ez ote diren berdin bortxatzen beti. Edo orduan bai eta orain ez? Zergatik?
Presoen egoerak, artean, okerrera egin du.
Egoera ez da aldatu, ez da ezer lortu, presoen egoerak okerrera egin du. Egunetik egunera, zigorraren hiru laurdena bete duten preso kopurua edota behin-behineko askatasunean beharko luketen presoen zerrenda handitu da. Sakabanaketaren mapa zabaldu da, presoak lehen baino urrutiago daude. Instituzioetan (EAEko Legebiltzarrean, kasu) hartu zen hainbat erabaki bertan behera geratu da; egoera eskandalagarria da.
Joseba Azkarraga justizia sailburuak Madrileko gobernuaren jarrera kritikatu du orain gutxi.
Joseba Azkarragak guk aldarrikatzen ditugun eskubide horiek aipatu ditu, baina bere jarrera anekdotikoa da, Eguberri garaian eginikoa. Senitartekoak bere hitzak entzutean haserretu egin dira, Eguberri garaiko usaina hartu diote. Alegia, denak oso onak gara garai honetan, gure kontzientzia lasaitzeko beharra dago-eta. Adierazpen horiek egitea ondo dago, baina hitz berberak behin eta berriro errepikatzeagatik ez dira presoen eskubideak bermatzen, ondorio praktikorik gabe hitzek sentsazio triste bat sorrarazten dute. Eusko Legebiltzarreko alderdi politiko gehienek axolagabekeria erakutsi dute euskal gizarteak presoak Euskal Herriratzeko duen nahiaren aurrean. Sinesgarritasuna irabazteko modu bakarra hitzak gauzatzen hastea litzateke. Hitzak betetzen hasi beharko lukete, hau da, euskal instituzioek presoen eskubideak betetzeko pausoak ematean modu duinago batez agertu beharko lukete. Estrategia politiko zehatz batean ari dira eta ez lukete gaur egun agertzen duten jarrera mantendu behar. Garai batean mugitzen ziren (interesatzen zitzaielako, agian) eta gaur, ETAren dinamika dela-eta, komeni zaie gelditzea. Guk hori ez dugu ulertzen.
ETAk daraman dinamika ez duzue baloratzen?
Guretzako ETA errealitate bat da. Errealitate hori baloratzeak Etxerat osatzen dugun senitartekoen artean eztabaida bat zabaltzea suposatuko luke, eta Etxerat-en iritzi eta ideologia anitzeko pertsonak biltzen gara. Batzuk borroka armatuaren alde izango dira, agian, beste batzuk oso kontra daude. Gu ez gara errealitate hori aztertzen hasiko. Gu elkartzen gaituen arrazoi bakarra gure senitartekoen eta gure eskubideen bermea lortzea da. Errealitate gogorra da, eta berau desblokeatu beharra dago, noski. Gu gara errealitate hori gehien sufritzen dugunok, eta arazoa bide on batetik bideratu nahi dugu. Bizi dugun errealitate gogor hau gainditu ahal izateko, arazoa justizian oinarrituriko elkarrizketa bidez konpon dadila nahi dugu.
Artean, ETAk praktikatzen duen biolentzia da gehien islatzen dena.
Baina biolentzia oso zabala da, eta modu askotara emana, eta eragin oso ezberdinak ditu. Egia da, biolentzia mota bakarra jartzen da gailurrean, ETAren biolentzia, eta berau da -hedabideak tarteko- eguneroko bizitzan gehien ageri dena. Baina, bada beste biolentzia bat ere, Estatuarena, balizko zuzenbidezko estatu batean eraikia. Espainia eta Frantziako estatuek nazioarteko giza eskubideen itunak sinatu bai, baina ez dituzte bermatzen. Hemen, nonbait, alde bakar batek sufritzen du bakarrik. Presoak eta euren senitartekoek jasotzen dugun egoera latza ezkutatzen da, ordea.
Hori holatsu izan da beti.
Bai. Eta gainera, guk, nolabait ere, gatazkaren barnean gauza natural bat bezala asumitu genuen, eta gaizki egin dugu. Ekintza armatu bat dagoenean, beti gogoratzen digute ekintza sufritu dutenen egoera. Alde batekoek sufritzen duten egoera gogoratzeko joera bat dago, gailurrean jartzeko, eta besteok sufritzen duguna ahazteko. Eta hori injustizia ikaragarri bat da, non gauzak konpondu beharrean zulo handiago batean sartzen ari diren, eta hainbat hedabidek oso kontziente egiten du hori.
Eguberrietan 18.000 gutun zabaldu dituzue gizartean sentsibilizazio eta laguntza eske. Batzuek mehatxu gisa hartzen omen dute.
Jendea engainatu nahian ote gabiltzan sentsazioa dago, nonbait. Informatzen dugunean, mehatxatzen ari garela diote batzuek. Hau da, gure kostuak eta beharrak agertzean, mehatxu bezala hartzen dituzte batzuek. Zergatik? Informazio hori jasotzea erosoa ez delako, eta eroso ez dena mehatxu bezala interpretatzen dute, erakunde armatu baten dinamikan. Batzuek garai bateko filosofiara eraman nahi dute arazoa, hainbat mugimendu sozial, politiko eta sindikalek indartu du jarrera hori, eta presoen aldeko jarrera positiboa erakunde armatu baten estrategiarekin lotu egiten dute nolabait. Hori ez da zuzena.
Presoak berebiziko eragiletzat jo izan dituzue gatazkaren ebazpenean. Nola ikusten duzue aukera hori?
Lehen aipatu dugun lan ofentsibo horretan, proposamenak egite horretan, gizarteak ideiak garbi izatea lortu nahi dugu. Hau da, gatazka ebatzi ahal izateko ahalik eta modu gardenean aritzea. Egoera desitxuratzeko joera dago, presoen izaera perbertitzeko joera zabaltzen ari da. Gure lehenbiziko asmoa presoen izaera politikoa onartzea da, eta hortik hasiko da konponbidea urratzen eta ebazpenak gauzatzen. Hau da, oinarri horretan hasita, formak eta moduak aurkitu behar ditugu aurrera egiteko. Hemen gatazka politiko bat dago, presoen izaera politikoa ezagutzea funtsezkoa da guretzat. Hori gizartean aski hedatua dago, instituzioek eta hainbat erakundek ez dute aski borrokatzen oinarri horretatik, ez dute ideia hori argi eta garbi agertzen.
Irlandan emaniko prozesua begi onez ikusi duzue.
Irlandako prozesua interesgarria iruditzen zaigu. Presoen izaera politikoa eta beren parte hartzea jaso baita prozesuan. Euskal presoak Euskal Herriaren alde dena emateko prest dauden gizon eta emakumeak dira. Giza kolektibo hau oso txertatua dago gure gizartean, Euskal Herrira ekartzea eskatzen dugu eta beren kolektibotasun horretatik beren ekarpenak egin ditzaten. Irlandan horrela hasi zen prozesua urratzen, eta horrek ekarri zuen presoek ere beren irtenbidean parte hartzea. Hemen ere gauza bera behar da. Artean, presoen gaia eta prozesua luzerako jotzen duzue.
Guk errealista izan nahi dugu. Prozesua luzea izango dela diogu arazoa gordina delako. Bien bitartean, jende asko egoera zailean dago, eta gai honekiko topagune bat antolatu nahi dugu. Topagune honen bidez, garai batean hainbat sektore politikok euskal presoen alde sortu zuen lema eta kultura eraman nahi dugu gizartera. Azken urteotan inkomunikazio kultura bat sortu da eta berau apurtu behar dugu. Euskal Herriko eragile sozialek ados jarri behar dugu lehenbizi, gaur egun ez dagoen jarrera bateratu bat lortzeko
Artean, guk prozesu hori luzea ikusten dugu, eta bitartean, beren eskubideak bermatu beharra dago. Presoak eta beren senitartekoak bizirik nahi ditugu, familien egoera ekonomikoa gero eta latzagoa da, milaka milioi gastatu dituzte urtetan zehar. 10, 15 eta 20 urte daramatzaten familiek zenbat gastatu duten ikusi baino ez dago, zenbat auto istripu eta ezbehar sortu zaizkien...