"BERBEREAK HARRITUTA DAUDE MARATOILARI ATERA NAIZELAKO"

  • Marokon denbora gelditu egiten omen delako, hemen ikasi zuen korrika bizitzen nomadak. Bere-berea du umorea Zianik. Beti bezala heldu dio gaurko maratoiari, berotu artean pixkanaka hasi eta ondoren kontakizunen erritmoari eutsiz. Baina beti pentsatzen du hotz, gorputzak engainatu egiten du eta.«Berbereak harrituta daude maratoilari atera naizelako»Urte asko daramatzazu Orion. Nola iritsi zineten Euskal Herrira, Kamel Ziani, zu, eta zure familia osoa?
Bi urterekin etorri nintzen. Nire aita Alemanian egona zen, lan bila. Gero Hernanin hasi zen lanean eta bertan bizi izan zen. Ondoren Orion jarri zen eta ni hona etorri nintzen. Hemen hazi naiz, eta lagun denak hemengoak ditut.

Berberea zara zu. Berberea hizkuntza zer moduz dago osasunez?
Berbereak nomadak omen ginen, eta Marokoko lau lekutan kokatu ziren. Gu Rif ingurukoak gara, eta han denek berberea hitz egiten dute. Hemengo kasua bezalakoa da, berberea euskara da eta hizkuntza arabiarra gaztelera zein frantsesa. Guztiz hizkuntza ezberdinak dira arabiera eta berberea, ez dugu zertan elkar ulertu. Lehen ez ziguten berberea hitz egiten uzten, orain gutxi arte telebista berberea moztu egin ziguten. Kalean hizketan sumatzen bagintuzten egurtu egiten gintuzten. Orain ezin dugu Casablanca eta horrelako hirietara joan, oso gaizki hartzen gaituztelako. Lan onetarako, berriz, edo polizia eta botere postuetarako beti kanpoko jendea ekartzen ziguten, botereari eusteko. Orain berdintsu jarraitzen du, aduanan guardiei esaten badiezu ez dakizula arabieraz hizketan, sutu egiten dira "ikasi beharra daukazu!". Baina... kasurik ere ez. Nik ez dakit arabieraz, etxean beti hizkuntza bakarrean hitz egin baitugu, baita Orion ere.
Lehen independentzia eskatzen genuen, gurea beste hizkuntza eta kultura bat delako. Baina azkenean ez zen lortu, eta jende asko hil zuen poliziak kalean.

Berbereen kulturak eta euskal kulturek zerikusirik badute?
Gauza askotan oso antzekoak dira. Han ere irrintziak egiten dituzte ezkontzetan eta festetan, eta panderoa ere jotzen da. Ezkontza gauetan dantzan pasatzen dute gau osoa, kantuan. Janaria ere antzekoa da, hemen bezala haragi asko jaten da, ia otorduro. Mendi aldeko etxeak, berriz, hemengo baserri itxurakoak dira. Baina han dena da buztinazkoa.

Nolakoa da berbere gizartearen eta Europaren arteko harremana?
Berbereek goserik ez dute pasatzen, denetik dute han: oiloak, behiak, baratzeak... Baina bertako jendea aspaldian goibel dago. Denak honantz, Europara datozela ikusten du, txalupetan gainera. Eta jendea kezkatuta dago. Sakeleko telefonoak ere iritsi dira hara, eta bateriekin dabilen telebista ere bai. Telebistaz ikusi omen ninduen lagun batek korrika egiten.

Hemengoaren antzeko ahozko tradizioa al duzue?
Ipuin asko kontatzen dira, gogoan dut amak txikitan asko kontatzen zizkidala. Gauean afalostean esertzen dira eta gau-beila oso luzeak egiten dituzte, berriketan. Hemen, berriz, etxera etorri, sofan eseri eta telebista kateak aldatzeko tramankulua elkarri kenduz aritzen gara. Tabernetan ere berdin, lasai-lasai sartu eta han ez dago denboraren zentzurik, egon egiten dira. Ez dago hemengo presarik. Hango herrixketan denbora geratu egiten da.

Ramadana zer moduz betetzen du kirolariak?
Ramadana hilabete bateko kontua da, orain gutxi bukatu da. Eguzkia ateratzen denetik ezkutatu arte barau egiten dugu. Txiroekin elkartasuna adierazteko modu bat da, jende askok ez du zer janik, eta ramadanean hainbesteko diru bat ematen dio familia bakoitzak egunero beharra duenen bati. Nik hori korrika egitearekin uztartu beharra dut. Lasterketa egin eta gero jan egiten dut, baina gero berriro eusten diot barauari. Gogor entrenatzen dudanetan, ez dut goizez korrika egiten, gero egun osoan zutik iraun behar baitut. Arratsaldeko 14:00etan edo 15:00etan entrenatzen dut, segituan sekulako gosearekin etxera joan eta tripa betetzeko!

Zergatik atera zenuen espainiar nazionalitatea?
Korrika hasi nintzen, gauzak ongi atera zitzaizkidan eta komeni zitzaidan espainiar nazionalitatea. Munduko txapelketetara-eta ezin duzu joan nazionalitaterik gabe.

Atleta izateagatik errazago eman al zizuten espainiar nazionalitatea?
Bai, atleta izateagatik lehenago eman didate nazionalitatea. Kirolaria ez bazara… nazka-nazka egin arte egon behar duzu nazionalitatearen zain! 2-3 urte luzatzen da kontua, eta nik berriz 6 hilabetetan lortu nuen.

Nola hasi zinen atletismoan?
Pixka bat anekdotikoa izan zen. Ebanista nintzen eta tailu ikastaro batzuk egiten ari nintzen. Garai hartan judoan aritzen nintzen, eta pisua jaisteko korrika egiten nuen pixka bat, eta Getariako lasterketan parte hartu nuen. Helburu handirik gabe atera ginen lagunok, koadrila giroan... eta irabazi egin nuen! Lagun batek frogak egitera eraman ninduen Lasartera. Ongi nenbilela ikusi zuten, eta entrenatzen hasi nintzen. Egunero joaten nintzen entrenatzera Lasartera, autostopean!

Erabakia hartzea zaila izango zen...
Lasterka egiten hasi nintzenean zurgintzan ari nintzen lanean, Zarautzen. Londresko maratoian oso gustura geratu nintzen lortutako emaitzarekin, 2:14ko denbora egin nuen, eta ezin nuen horrela jarraitu, 8 orduz lanean aritu eta gero entrenatzen. Orduan erabaki nuen honetan saiatzea.

Zure anaiak eta arrebak ere korrika egiten dute. Familiako tradizioa da, kulturala?
Ez, berbereak oso alferrak dira. Hemengo kulturaren antza du jate-kontuetan, tertulian aritzea asko gustatzen zaie, han ez da kirolaririk ateratzen. Berbereen artean, inor ez. Ni maratoilari atera naiz, eta oso arraroa egiten zaie. Boxeolariren bat atera izan da, baina Frantzian bizi denen bat. Nire aita ere aritu zen boxeoan, Hernanin, baina denbora gutxian.

Antonio Martinez izan zenuen lehen maisu. Zer eman zizun?
18 urterekin hasi nintzen, eta hori berandu da. Pista eta krosa egin nahi nituen, baina ia zuzenean maratoian hasi beharra izan nuen. Nire arazo nagusia zen ez nuela korrikarako oinarririk. Eta hori oso garrantzitsua da. Espainian baziren beste batzuk nire kasuan, eta atzera geratu dira oinarririk ez zutelako. Antonio Martinezek horixe eman dit.

Diego Garciarengandik, berriz, zer ikasi duzu?
Batez ere pazientzia eduki behar dela irakatsi zidan. Nik hasieran gauza denak azkar egin nahi nituen. Entrenamendutan Santi Perez entrenatzaileak esaten bazidan egin 500 metro 3 minututan, ni 2:50 minututan egiten saiatzen nintzen, azkarrago, eta Diegok irakatsi zidan ez presarik izaten. Hark esaten zidan lasai hartzeko gauzak, iritsi behar badu, iritsiko dela nire eguna.

Fisikoki zer ondorio dakartza maratoilari izateak?
Giharrek asko sufritzen dute. Maratoi bat egin eta gaizki atera bazaizu, dena duzu minberatuta, ezin eskailerarik jaitsi… ongi atera bazaizu, berriz, hurrengo egunean ordu bete korrika egitera atera zintezke, ez duzu batere minik sentitzen. Sinestezina da animoak zer eragin duen.

Sekulako egurra jaso omen zenuen Kanadako maratoian...
Oso gogorra zen eta beranduegi heldu ginen Kanadara. Herrialde berri batera joandakoan, aklimatatu beharra daukazu, eta ordu aldaketak ere erasaten du. Goizeko ordu bietan esnatu eta lo hartu ezinik egon zintezke 5:00 edo 6:00ak arte. Lau edo bostgarren egunetik aurrera hasten da zure gorputza erritmo berrira ohitzen. Bostgarren egunean zen maratoia, eta hori zen egunik txarrena, gorputza egoera berrira egokitzen hasia delako, baina oraindik ohitu gabe. 30 gradu zeudela egin genuen korrika, hezetasun handia zegoen, eta altitude handia. Lehen kilometrotik jada gaizki sentitu nintzen. 3-4 kilometro falta zirela hobeto sentitu nintzen, baina bukatu eta gelditutakoan, dena etorri zitzaidan, zorabioa, goragalea, arnasa hartu ezina… Izotza jarri zidaten bularrean, eta sekulako haserrea harrapatu nuen, izotzak eta denak pikutara bidaliz. 30 gradu egiten zituen, eta hotzez dardarka ari nintzen! Deshidratazioaren gorabeherak ziren, eta manta pilo ederra bota zidaten gainera.

Zertan pentsatzen duzu maratoian korrika zoazen bitartean?
Hotz izan behar da burua. Hamabost edo hogeigarren kilometroan gorputzak engainatu egiten zaitu. Oso ongi zaudela iruditzen zaizu, euforiko, erasoa jotzeko gogoa ematen du… Eta ordura arte fresko sentitu arren, hogeita hamargarren kilometroan bat-batean beheraldiak ematen du, blokeatu egiten zara, atzetik mazoarekin eman balizute bezala. Hogeita hamargarren kilometroan jada ez da erritmo aldaketarik egin behar, ahalik eta energia gutxien gastatzen ahalegindu behar da… Gorputzak dena eman du, eta orduan sartu behar da likido gehien.

Maratoilari bakartiaren mitoa noraino da egia?
Orain arte Diego Garciarekin entrenatzen nuen, baina orain ez dago inor. Bakarrik entrenatzen dut, baina ohitu egiten zara, eta maratoiren batean bakarrik geratzen bazara, animoari nola eutsi ikasia duzu. Niri gustatzen zait maratoietan ere bakarrik joatea. Gogoan dut Amsterdamgo maratoian seigarren kilometroan geratu egin beharra izan nuela, sabeleko arazoengatik. Taldeak ihes egin zidan, baina ez nuen sekula erretiratzea pentsatu. Minutu bateko aldea ateratzen zidan, baina berriro abian jarri eta harrapatu nituen 26. kilometroan.

Ezberdin korrika egiten du kultura bakoitzak?
Egia da, nik ere beti jartzen dut arreta horretan. Herri bereko jende gehienak du korrika egiteko modu bera, keniarrek, marokoarrek… Estilo berezia du bakoitzak.

Zuen hankek hitz egingo balute...
Belaunetatik gaizki ibiltzen naiz eta oin zola bereziak ditut. Ni nire oin zolarik gabe… maniatiko xamarra naiz gainera horretan. Oinak, berriz, txikituta ditut. Udan ez ditut txankletak janzten, jendeak oinak ez ikusteagatik. Oin azpiak limatuta ditut, lixa pasatuta bezala. Azazkal batzuk ezin ditut moztu ere egin, haragitan sartu zaizkit-eta.
Gogoratzen dut Anoetan 10.000 metroko lasterketa batean zenbat sufritu nuen babekin. Egun hartan lasterketa irabazi nuen, gainera. Korrika hasi nintzen, baina zapatilek baba urratu egiten zidaten, eta haserre erantzi egin nituen. 5.000 metro egin nituen oinutsik, 5 minutu, pistan. Hankak odoletan bukatu nuen. Sekulako babatzarra nuen, medikuak azal osoa altxa behar izan zidan eta inguruko jendeak ezin zuen begiratu ere egin. «Hasiberrikeria» latza izan zen nirea: galtzerdirik gabe korrika egin nuen, eta zapatila berriekin gainera. A zer errieta egin zidan entrenatzaileak!
Hiru hilabete pasatzen ditugu maratoia prestatzen, eta hara iritsi eta hanketako edozer txorakeriarekin, urratu bat edo edozer baduzu, pikutara joaten da egindako lana. Hain zaude ahul eta argala!
Keniar askok korrika egiten du oinutsik. Agian horrela entrenatzen ohituta daudelako… Gogoan dut Marokon ere umeak oinutsik korrika ikusten nituela, lur gorritan. Hemen, 20.000 pezetako zapatilak erosten ditugu, azken aurrerapen denak dituena, eta hango umearen zapatilek ez dituzte 800 pezeta balioko, baina nola urratuko ditu dituen bakar horiexek korrika? A zer zalaparta aitak harrapatzen badu! Eta azkenean oina egin egiten zaie. Oin azpia gogor-gogorra izaten dute.

Hogei mila pezetako zapatilak aipatu dituzu... Zer dira, hegalariak?
Batez ere amortiguazio oso ona izaten dute. Pentsa, maratoilari batek zenbat inpaktu jasotzen dituen urte bakarrean! Belauna bakarrik ez, bizkarrezur osoa astintzen du pauso bakoitzak. Urtean 10 pare zapatila gastatzen ditugu. Astea 180 kilometro entrenatzen hasten dugu eta 230 kilometro eginaz bukatu. Milaka kilometro egiten ditugu 3 hilabetean, eta derrigorrezkoa da oinetako onak ibiltzea.

Mendizalea omen zara. Korrika bezain azkar ibiltzen al zara?
Korrika egingo ez banu, astebururo joango nintzateke mendira. Oso gogokoa dut. Baina zaila egiten zait mendizaleen pausoari jarraitzea, ez nago mendian ibiltzen ohituta. Ezin diot euren erritmoari eutsi, aldapa bat igo orduko atseden hartu beharra daukat. Oso ezberdina da korrika egin eta mendian ibiltzea.

Arrauna probatu duzu?
Banku mugikorra probatu nuen, eta oreka galduta uretara erori nintzen. Korrika entrenatzen ari nintzela ikusten ninduen Jose Luis Korta patroiak, eta beti esaten zidan: "Zu arraunerako, utziozu korrika egiteari! Daukazun bizkar zabal horrekin!". Egia esan, maratoilariak normalean askoz estuagoak dira, baina nik judoa eta pisu altxaketa asko egin izan dudanez, bizkarrez ere indartsu xamarra naiz, besteen ondoan. Benito Lertxundi, berriz, futbolean aritzen zen hondartzan gurekin, gu txikiak ginela.

Zein helburu duzu hemendik aurrera?
Otsailean Japonian dut maratoia, eta Europako txapelketan ere egon nahi nuke. Ondoren, Parisko munduko txapelketan parte hartu nahi dut. New Yorkeko maratoia korritzeak ere beti egin izan dit ilusioa. Parte hartze hutsagatik bakarrik, festa handi bat baita, baina beste helbururik gabe, oso gogorra baita marka egiteko

CURRICULUMA
- Jaio: Alhucemas-en (Maroko), 1972. urtean.
- Maratoilaria.
- Neurriak: Altuera: 1,79 m. Pisua: 64 kg.
- Egin dituen maratoiak: Londres, 1997 (2:14:22); Amsterdam, 1997 (2:10:18); Rotterdam, 1998 (2:12:09); Donostia, 1998 (2:15:21); Seul, 2000 (2:12:29); Amsterdam, 2000 (2:10:52); Rotterdam, 2001 (2:10:36).
- Bere markarik onenak:
+Pistan: 5.000 metro 13 minutu, 57 segundu eta 20 zentesimetan.
Eta 10.000 metro 28 minutu, 48 segundu eta 93 zentesimetan.
+Maratoi erdia: 1:03:58.
+Maratoia: 2:10:18.
- Garaipenak: Amsterdamgo maratoian (1997), bigarren postua. Donostiako maratoian (1998), hirugarrena. Bartzelonako maratoi erdian, irabazle. Valentziako maratoi erdian, hirugarren. Bilboko maratoi erdian, irabazle. Euskadiko txapeldun izan da junior, promesa eta maila nagusian.

BERTSOA
Doinua: Mutil koxkor bat
Maratoiaren gogortasuna
oinetan duzu probatu,
bizitza ere mundu arteko
karrera zaizu gertatu.
Zoaz bidean, eta zaleon
txaloak saritzat hartu,
norberak jartzen du erritmoa
eta helmuga hautatu,
Diegok ziona, lasai ibili
baina inoiz ez geratu.
Aitor Mendiluze

BIZITZAREN PASARTEA
Munduko Txapelketan «hasiberrikeria» bat gertatu zait. Bazkalostean hotel aurrean autobusa hartu genuen estadiora joateko. Eskua poltsara eraman, eta "kasuen! oin zolak!". Ongi begiratzen hasi, eta "ez dut hartu oin zolarik!" larritu nintzen. Entrenatzaileari kontatu nion nire arazoa, eta hark autobusa geratu (ordurako auskalo zenbat kilometro egin genituen) eta hara zer esan zidan: "Beno, zu jaitsi. Gu estadiora goaz, eta zuk segi hotelera oin zola bila." Baina nola joango nintzen hotelera oinez? Ez nekien eta non nengoen ere! Autobusa geratu, ateak zabaldu, eta ez nekien hotelerantz abiatu edo ez… Eta zer izango, eta, zapatilak soinean neramatzan, oin zola eta guzti!


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude