Teloiaz bestaldeko mundua

Ostegun gaua. Gaur ere kontzertua Bilboko Kafe Antzokian. 6. urteurrena joan den larunbatean, hilak 15, bete berri duen aretoa jendez gainezka dago.


Biharamun goiza. Kafe Antzokiaren itxura aldatu egin da ordu gutxitan: ikasle batzuk kafea hartzen, musika lasaia... Zaila da imaginatzen aretoaren atzean dagoen mugimendua. Horretan laguntzeko, hala ere, gurekin ditugu Koldo Aldasoro eta Joxe Anjel Irigarai Zenbat Gara elkarteko kideak. Lehenik, orain mahaiz beteta dagoen eszenatokia zeharkatu eta kamerinoetara joan gara haiekin. Bertan jotzen duten taldeek (Euskal Herriko guztiek eta nazioarteko askok) hormetan euren egonaldia oroitarazteko ohitura dute eta pintadaz beteta dago gelatxoa. Eszenatokiaren azpian ere izan gara. Bertan dago edari eta jakien almazena eta material teknikoa (8.000 watioko indarrak ere lekua behar baitu). Sukaldeko usainak erakarrita, bertara ere hurbildu gara. Jo eta su ari dira lanean, ordu gutxi barru, bazkal orduan, jangela bihurturiko antzokia bete egingo baita. Eskailerak igo eta anfiteatroan izan gara. Panel batzuekin itxita dago orain, modu horretan bertan bestelako ekitaldiak egin baitaitezke. Beste batzuetan, ekitaldi jendetsuetan, panelak jaso egiten dira eta beste barra bat zabaltzen da, behean dauden hiru barrekin batera.


Kafe Antzokiari tripak ikusi dizkiogu beraz. Baina Kafe Antzokia Zenbat Gara elkartearen zati bat baino ez da, San Vicente kaleko eraikinaren zazpi solairuetatik hiru besterik hartzen ez dituena. Igogailuari laugarren solairura eraman gaitzan eskatu diogu, beraz. Harrera bulegoan egon gara lehenik eta ondoren, korridore luzearen alde banatan, ikastaroak, euskaltegiko gelak eta tailerrak ikusi ahal izan ditugu. Orotara 1.400 ikasle inguru ditu Gabriel Aresti euskaltegiak. Gramatika hutsean geratu gabe ordea, Zenbat Garako kideek euskaraz bizitzeko aukerari ematen diote garrantzia. Horregatik, euskaltegiko ikasleek tailer mordoa dute aukeran euskara praktikatzeko: interneta, konboa, serigrafia, bertsolaritza, elikadura eta osasuna, sexologia, dantza, zinema, enologia, jostungintza... orotara 27 aukera. Internet gela ere laugarren solairu honetan dago, eta baita orain ikusten ez dugun telebista estudio baten hastapenak ere. Izan ere, Zenbat Garakoek telebista bat martxan jartzeko asmoa dute, eta dagoeneko instalazio teknikoa horretarako prestatua dago.


Korridorearen beste aldean, aldiz, sauna, frontoia, aldagelak eta gimnasioa daude. Bertan yoga, mantenimendu gimnasia, aerobica, antzerki eta dantza tailerrak egiten dira, besteak beste. Baita masajea ere, eta hor topatu dugu, Zenbat Garako masajista kamila aurrean, bizkarrik gogortuena ere askatzeko prest. Guk, ordea, hiru solairu ditugu oraindik zain.


Bosgarren solairuan administrazio eta kudeaketa bulegoak daude, baita Zenbat Gararen publizitate gunea ere. Bertan egiten dira Zenbat Gararen zerbitzu eta ekitaldien berri ematen duten esku orri eta afitxak, bertan diseinatzen da web orria, baita Gara argitaletxeko produktuak ere. Seigarrenean, berriz, didaktika gela, «Zenbat Gara» aldizkariaren gunea eta argazki eta serigrafia gelak daude. Azken solairuan Bilbo Hiria irratiaren estudioak daude, Bilbo eta inguruetan dagoenak FMko 96.0an entzun dezakeen irratiarenak. Guztira 100 bat lagunek egiten dute lan Zenbat Gara elkartean, horietatik 20k Kafe Antzokian.
 

Bizitza helburu, euskaraz noski.


1994ko udaberrian sortu zen Zenbat Gara elkartea Gabriel Aresti euskaltegiaren baitan. Euskararen irakaskuntzan mugak gainditu behar zirela ikusi zuen. Joxe Anjel Irigarairen esanetan, «euskara helburu izatetik, sabai zatetik, zola izatera pasa behar zen, sabaia bizitza baita». Hori esatea oso erraza omen da, gauzatzea, ordea, gaitzagoa. «Bizitza da gure egitasmoen helburu, baina beste modu batez, egungo sistemaren arauetatik at. Horretarako aldarrikatzen duzun aldaketa eguneroko bizitzan txertatu behar duzu. Orduan, amesten duzun mundu hori eguneroko mundu bilakatzen da». Elkarren arteko harreman sendoak, elkartasun kontzientzia, laguntasuna behar direla diote, eta hala ere oztoporik ez zaie falta izan.


Errezeloak ere sortu izan direla aitortu digute, baina «une honetan onartuak garela iruditzen zait» dio Koldo Aldasorok, «azkenean gune honetara denetik etortzea lortu dugu».

Irigarairen hitzetan, «alderdikeriak-eta baztertzen saiatu gara, bide integratzailea urratzen eta hori nabari egiten da gerora: erreferentzia izatea lortu da».

Autogestioaren bidea hautatu zuen hasieratik elkarteak, eta horretarako bertan lanean jarduteko askatasuna eman bai, baina erantzukizuna ere eskatzen da. Hasieratik kooperatiba bat osatzea zen asmoa. Irratia edo euskaltegia bera kooperatiba dira dagoeneko. Eta denborarekin hasierako helburu hori lortzea espero dute. «Lan zaila da, baina motibagarria» Aldasororen ustez, ez baitute kanpoan dagoen eredua errepikatu nahi.

Bidean ikasitakoa.


Sei-zazpi urte hauetan asko ikasi omen dute. Idealistegiak omen ziren hasieran. Eta oraindik ere badira, baina errealismo gehiagorekin. Horrela azaldu digu Joxe Anjel Irigaraik: «Hasieran dena egiteko gai zarela pentsatzen duzu. Gero ezetz ikusten duzu. Orduan, indarrak eta aukerak ondo neurtu eta trinkotu eta egitasmoak askoz eskuragarriago bihurtzen dira».


Sortu zenetik hona, jauzi kuantitatiboez gain, kualitatiboak ere eman ditu elkarteak. Euskaltegiko ikasleek gero eta aukera gehiago dute euskara egunerokotasunean erabiltzeko. Kafe Antzokian, kontzertu eta ekitaldi kopuruak gora egiteaz gain, antolamenduan eta koordinaketan ere hobera egin dela diote bertako kideek, baita publizitate eta hedapen kontuetan ere.


Ez zuten kontzertu areto konbentzional bat egin nahi. Ez zaie hori interesatzen. «Interesatzen zaiguna sormenaren ildotik gauza berriak sortzea da, geuretzat eta besteentzat, geure arteko elkartasunean eta baita herrien arteko elkartasunean ere». Gauza berriak egiteko gaitasun puntu horretara heldu dira.


Hor da esaterako Bilbo Hiria Irratia. Hasieran ordu pare bat emititzen zituen irrati honek egunero 14 orduko programazioa du zuzenean. Orain artean publizitaterik gabe egin du bere bidea Bilbo Hiriak, eta orain hasiko da euskal munduko publizitateren bat egiten. Aipatu ideien ildotik eta herri mugimenduekin batera, kolaboratzaile mordoa lortu du irrati honek eta Bilbo inguruan bere presentzia izatea lortu du dagoeneko.


Haurren esparruan ere lan handia egiten du Zenbat Gara elkarteak, Koldo Celestinok azaldu digun moduan. Iganderoko «Olgetan» izeneko ekitaldiak, musika eskola, «Pipitaki» irratsaioa Bilbo Hirian... Aurten bigarrenez Eskolen arteko Antzerki Topaketak antolatuko dituzte eta berriro ere haur eta gurasoentzat oporraldiak egingo dituzte Auritzberriko (Nafarroa) Urrobi kanpinean.


3-7 urte bitarteko haurrekin egin dute orain artean lan. 7-12 bitartekoekin jarduteko asmoa ere badute. Baina urte berriarekin 12tik gorako adin konfliktiboari ekingo diote eta otsailean Gazteguneari zabalduko dizkiote ateak. Haurrekin bezala gaztetxoei ere zerbitzu irekia eta bizia eskaini nahi diete, eta horretarako Kafe Antzokia baino espazio zabalagoa behar dute.


Kafe Antzokiaren eraikina handia da eta, hala ere, «txikia geratzen ari zaigu» dio Irigaraik. «Gauza asko egiteko gai garela erakutsi dugu eta Bilbon dagokigun, merezi dugun espazioa behar dugu, kiroletarako, jaietarako...».


Zenbat Garakoek, hala ere, ez dute euren jarduna Bilbora mugatzen. Aipatu bezala Urrobiko kanpinean egonaldiak antolatzen dituzte, Bakaikun ere (Nafarroa) etxe bat badute eta aurki irekiko ditu bere ateak Ondarroko Kafe Antzoki berriak.


Bizitzako hainbat esparru eta, beraz, mundu txiki bat biltzen du Zenbat Gara elkarteak bere baitan. Baina nola finantzatzen da hau guztia? Zein oinarri ekonomiko du mundu txiki horrek?


Dirulaguntzei esker sortu, hazi eta bizi direnik ezin esan, Koldo Aldasorok dioen bezala, jasotzen diren dirulaguntzak «sinboliko»ak baitira.


Euskaltegiak, bai, dagozkion dirulaguntzak jasotzen ditu. Irratiak aldiz, batere ez. Ezta Kafe Antzokiak ere. «Gure kultur programazioa» dio Joxe Anjel Irigaraik, «edozein antzoki publikok duena baino handiagoa da eta hala ere ez dugu laguntzarik jasotzen».


Orduan, nondik jasotzen da dirua? Kontzertuetatik? «Ez, kontzertuak ez dira diru iturri; alderantziz, gehienetan dirua galtzen dugu. Gainera musikarekin dirua ateratzea ez da gure helburua».


Zenbat Gara elkartearen diru iturria, lagun eta laguntxoen ordain sariez gain, Kafe Antzokiko barra da, bertan kontsumitzen dena, asteburuetan bereziki. Horrela Bilbon euskaraz bizitzeko sortua denak jendearen egarriari esker ere lortzen du sostengu ekonomikoa. «Kultura egiteko bi modu daude» diosku Irigaraik, «bata, subentzioari lotutakoa, menpekotasuna eta ertsitasuna ekartzen dituena. Bestea, ludikotasunari lotutakoa, gero gauza berriak egin ahal izateko. Gure egitasmoak aurrera eramateko hori da dugun bidea».
Koldo Aldasorok Zenbat Garan ahaztu ezin den elementu bat du hizpide: «Gure ekimen guztietan Zenbat Garako lagun eta laguntxoen partaidetzak garrantzi handia du, euskaraz bizizeko aukerak denon artean indartuz eta zabalduz joateko». Lagun eta laguntxoak, hurrenez hurren, 1.500 eta 600 dira egun, eta urteko 5.000 pezetaren trukean eskaintza eta abantaila ugari dituzte.


Eta bide eraginkorra dela dirudi, orrialde hauetan aipatu ditugun zerbitzu eta egitasmo guztiei erreparatzen badiegu. Eta baita aipatu ez ditugunei erreparatzen badiegu ere: Algara konpartsa eta bere 350 kideak, Urbeltzen Dantza Ganbara, nazioarteko elkarteekiko harremanak, mendi irteerak... Bizitzaren esparru guztiak euskaraz nahi zituztelako, bizitza bezain zabala baita Zenbat Gararen eskaintza



Azkenak
Ertzain bat atxilotu dute homizidio saiakera egotzita, lan orduetatik kanpo hiru pertsonari tiro egiteagatik

Ertzaintzak ertzain bat atxilotu du, hiru pertsona hiltzen saiatzea egotzita. Agentea lan orduetatik kanpo zegoen, eta deklaratu zuen bere buruaren defentsan egin ziela tiro furgonetan zihoazen ustezko hiru lapurri. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gezurra da deklaratu duena.


Sardiniak ezetz esan dio kolonizazio energetikoari

Haize-erroten eta eguzki-plaken ezarpen zabalarekin kezkatuta, populazioa "espekulazio energetiko" gisa kalifikatzen duen joera bati aurre egiten ari da.


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


2024-08-08 | Sustatu
Twitterren alternatiben analisia: Bluesky, Mastodon eta Threads

Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic... [+]


Israel Donostiako Klasikotik kanporatzeko eskatu du Gernika-Palestina herri ekimenak

Larunbatean zeharkatuko ditu hiriko kaleak Donostiako Klasikoak, eta Gernika-Palestina herri ekimenak Israelek bertan duen presentzia salatu du, prentsaurreko batean. Adierazi dutenez, “genozidioa eteten ez duten bitartean” klasikoak ez luke Israel-Premier Tech... [+]


Egiazko arrazoia Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko

Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko helburua ez da erresistentzia ahultzea. Benetako asmoa da inteligentzian eta arlo militarrean bere nagusitasunaren irudia berrezartzea Israelgo iritzi publikoaren aurrean .


Puigdemontek esan du osteguneko inbestidura saioan izango dela

2017tik Bruselan dago Kataluniako presidente ohia, baina itzultzea erabaki du Generalitateko hurrengo presidentearen inbestidura eztabaidarako. “Normaltasun demokratikoko baldintzak ez” izatea salatu du, eta aipatu du itzultzeak suposatzen duen atxiloketa arriskua.


Donostian jarrera eta eraso arrazistak ugaritzen ari direla salatu eta borrokatzera deitu dute

Udaletxe aurrean eginiko prentsaurreko jendetsuan, Donostian gertatzen ari diren jarrera arrazista, klasista eta faxistekin kezka adierazi dute hiriko eragile sozial eta politiko ugarik. Irakurketa bateratua eskaini dute 37 eragilek, besteren artean, Ernai, GKS, Bilgune... [+]


Venezuelako oposizioak dei egin die poliziei eta militarrei gobernuaren kontra egitera

“Herriaren eta beren familien alde” jartzeko eskatu diete Edmundo Gonzálezek eta María Corina Machadok adierazpen bateratu baten bitartez. Maduroren gobernuak erantzun egin die, eta erabaki dute dokumentuaren sinatzaile biei “ikerketa penala... [+]


Israelgo armagile nagusiaren fabrika batera sartu eta gerrarako materiala suntsitu dute Erresuma Batuan

Palestine Action taldeak dio bere ekintzaileek astelehen goizean (abuztuak 6) Elbit-ek Bristolen duen fabrika "inbaditu" dutela. Ikerketa eta fabrikazio zentroa oso zainduta dago, eta espetxeko furgoneta bat erabili dute kanpoko perimetroa txikitzeko.


2024-08-07 | Euskal Irratiak
Oihana Goiriena
“Haserre gara, Polonia airos atera baita Pabloren kontrako salaketa frogatu gabe”

Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da.


Talde ultraeskuindar baten errekurtsoak geldituta du Donostiako Loiolako Kuartelen salerosketa

Loiolako kuartelen afera ez dago bere onenean. Espainiako Defentsa Ministerioak eta Donostiako Udalak akordioa “aldi baterako” etetea erabaki zuten joan den astean, hilaren 18a baino lehenago ezin izango zutelako gauzatu, eta hori delako, hain zuzen, salerosketa... [+]


Eguneraketa berriak daude