«Euskaldunok erresonantzia kaxa bat behar dugu»

Atxaga izan zara azken 20 urteotan. Hamaika liburu, sari, hitzaldiren ondoren, zein momentutan zaude?

Aldi baten bukaera sentitzen dut. Cesarrek txoriaren bitartez jakin zuen martxoa bukaeran zerbait gertatuko zitzaiola; nik oraindik argiago ikusten dut liburu hau bukatzean. Ez dakit zer gertatuko zaidan (espero dut Cesarrek bezala ez bukatzea). Idazten ari naizen liburua bukatzean halako puntu bat jarriko dut; eta ez da izango puntu eta aparte bat, atal aldaketa baizik. Tolosan eman nuen lehenengo hitzaldia 19 bat urterekin, oraindik ekonomia ikasten ari nintzela. Pentsa zenbat denbora pasa den. Eta gainera idaztea bakarrik balitz, gaitz erdi, baina hemen idazleok motxila asko eraman ditugu soinean; eta mendi gailurrera bota asko igo ditugu, eta kantinplora asko. Orain arteko martxa ezin dut luzatu.

n Orain arteko ibilbidea nola laburtuko zenuke?
Gaztetan neure burua gogoratzen dut astean lagunekin bizpahiru afari eginez, eta igandetan San Mamesera joanez. Hurrena gogoratzen dut lagunekin afari bat aldian behin, eta San Mameseko partidak irratiz. Eta gero ez dut gogoratzen noiz joan nintzen azkeneko aldiz lagunekin afaltzera, eta ez dakit Athletic nola doan. Denbora gehiago behar dut, beste modu batera bizitzeko gogoa dut.

Zure bizitzako hurrengo atalean, zer da idatzita aurkitu nahi duzuna?
Askotan, jendeak hartzen du jubilazioa 65 urterekin, eta nahiz eta jubilazioa etimologikoki pozarekin lotuta egon (júbilo), jendea aski triste iristen da, nekatuta, erabateko bukaera ematen du. Hurrena datorkidan atala, oso alaia ikusten dut, hainbesteko presiorik gabea. Pentsatzen dut ez dela izango hain publikoa, eta alde horretatik askeagoa izango da; idatzi, lehen adina edo gehiago egingo dut, baina askozaz ere gordeagoa izango da, intimoagoa. Agian satira idaztea probatuko dut, oso dibertigarria izan behar du-eta; poema gehiago idatziko dut, niretzat oso genero ona delako... Orain arte bi lan egin ditut, beste euskal idazle askok bezala, eta hemendik aurrera bakarra egingo dut.

Gizakiok gure garaien antza gehiago omen dugu, gurasoena baino. Nola ikusten duzu egungo garaia?
Gaur fenomenorik erabakiorrena eta garrantzitsuena errepresentazioarena da: zer gertatzen den, hori alfa da. Baina gero, gertatu denari buruz inguruan sortzen den errepresentazioa omega da, oso bestelako zerbait; eta horren metaforarik zuzenena oihana da. Gure garaian, nahiz eta errealitatea bihurria eta zaila izan, errepresentazioa inozentea zen, oso inozentea; garai hari desertuaren itxura hartzen zitzaion. Gaur egun, errepresentazioak toki guztietatik sartzen zaizkigu: bai egunkari, internet, telebista bidez... oihan bat da. Errepresentazioa basatia da, bortitza, gramatika benetan perbersoa du. Gargantua handi bat da, informazio dena irensten duena: oraintxe esan dute bost pertsona hil direla, eta jarraian Lacruz futbolariak esgintze txiki bat egin duela behatzean... Apisonadora bat da, makina zapaltzaile bat, dena berdintzen duena.
Gainera, oihan horretan errepikapena dago izugarri. Errepikapena niretzat beti dago amesgaiztoarekin lotuta; amesgaiztoa normalean, errepikapen sail batetik atera nahi eta ezina izaten da. Errepikapenaren eguneroko adibide bat jarriko dizuet: pentsa autoan zoazela; goizeko 8:05 dira, eta irratia jartzen duzu. Emisora batek dio: "Gaur Afganistanen...", beste emisorak: "Talibanek...", hirugarrenak «Bin Laden...». Denak ari dira errepikapen kate batean, eta badakite zenbat eta aldi gehiagotan errepikatu bere mezua, besteak ez duela aukerarik ere izango bere mezua zabaltzeko. Euskal Herrian hori garbi ikusia dugu, eta argi gelditu da hemengo bertako komunikabideak izatea funtsezkoa dela, eutsi egiten diotelako besteen erasoari.

Errepresentazioaren oihan horretatik nola babestu?
Gero eta garrantzitsuagoa ikusten dut bildumazaleen espiritua. Bildumazaleak egiten duena da: "Niretzat milaka eta milaka botila ttiki biltzea inportantea da; mundua ordenatzen dut botila ttikiekin". Alegia, munduak jartzen digun ordenamenduaren aurrean, bildumazaleak bere ordenamendua jartzen du, eta aldi berean bizimodu bat ere bada (halako azoketara joan eta botila ttikiak bilatuko ditu); beretzat babesa da, eta denoi esaten zaigunean, "Garrantzitsua da honetaz pentsatzea", bildumazaleak esango du: "Beno, bai, baina ez ahaztu botila ttikiak...". Eguneroko bizitzan denek egiten dugu hori, neurri batean. Baina bildumazaleak mania gehiagorekin egiten du, obsesio batekin. Eta gaur egun, nik uste bildumazalearen mania punttu hori beharrezkoa dela oihaneko zaratatik babesteko.
Nire bilduma etxe honetatik bertatik hasten da; nire estudioa ere bilduma dut, bertan inork sartzen badu liburu edo argazki bat, niretzat balio berezirik ez duena, berehala ateratzen dut gelatik eta goiko pisura igotzen dut, huraxe da-eta halako liburuentzat tokia. Liburuak berak ere badira nire bilduma, liburuekin babesten naiz.

Gaur politikan gertatzen dena nola ulertzen duzu?
Sekulako aldea dago jendea ondo edo jendea gaizki bizi den gizarteen artean. Eta politikak zeharo zentzu ezberdina du Norvegian, edo Ghanan, edo Euskal Herrian. Nire irudipena da, jendea ondo bizi den gizarteetan, (eta begira zer esango dizudan), erreformismoa dela bide progresista bakarra. Euskal Herrian, iraultza planteatuko balitz, mugimenduarekin gehiago galduko litzateke irabazi baino. Oraindik iraultza kontzeptuari eusten diotenak oso baikorrak direla pentsatzen dut, eta oraindik pertsonaz duten eredua Rousseaurena da: jendea oso ona da, langilea beti prest dago... hori dena ez dute horrelaxe esaten, baina euren diskurtsoaren azpian dagoen paradigma da. Eta uste dut bizitzak zoritxarrez erakusten duela, hobe dela Maquiavelo eta hauen paradigma kontuan hartzea: jendea berez ez da ona, eta gizarteak ez du joera idealista zoragarririk.

Politikan, idealei baino gehiago begiratu behar zaio gizarteari, beraz?
Beste gauza batzuk egin daitezke ametsaren bidez, edo bakardadean... baina politika ez. Graham Greene-en liburu bat irakurri berri dut, "Factor humano", eta bere ikuspegiarekin bat nator. Politikan, errealitatea non dagoen jakin behar da lehendabizi, zeren eta idealista bati gizartearen lema emanez gero, sekulako txikizioak egin ditzake. Niri, gainera, errealismoa eta zehaztasuna, ederrak iruditzen zaizkit. Edertasuna da zerbait bere zehaztasunean ikustea.
Euskal Herrian bertan egon da halako iraultza bat egiteko gogoa, eta frankismoan indarra izan zuen taldea, ETA, egun ikusten da gizarteak nolako indarrez ukatzen duen (ez dakit eurak konturatzen diren). Zentzu horretan, nik nahiago dut federalismoaren ildoa ildo independentista baino, zentzuzkoagoa iruditzen zait. Zarauzko malekoian paseatzen dudanean, oso seguru nago hori dela dagoen aukerarik zentzuzkoena. Zer jende ibiltzen den ikusita, federalismoa lortzea ere jada asko iruditzen zait!

Politikoek ondo ezagutzen dute gizartean gertatzen dena? Deskonexiorik badago?
Askotan gurutzatu izan naiz politikoekin, eta irudipena da beste galaxia batean bizi direla, oso isolatuta, batez ere kaleko berrietaz. Deskonexio horren arrazoietako bat, agian, lehen esandakoagatik izango da: politikoek agintzen dutela, baina errepresentazioen jabeekin batera. Behin, gogoratzen naiz oso ondo, nirekin ikasia zen ezagun batekin (politikoa bera), mendian topo egin nuela. Eta hizketan hasi ginen. Halako batean, kazetari bat agertu zen; baina kazetari hura zen, eman dezagun, «Diario 16» bezalako egunkari batekoa, alegia ez zela «El Pais»eko zuzendaria. Politikoa, ni han bertan utzi, eta korrika joan zen kazetariari kasu egitera! Zera pentsatu nuen: "Jakina, auskalo zer eragin, zer beldur, zer menpekotasun izango duan hik horiekin!".

Federalismoa aipatu duzu...
Nik uste, Euskal Herriak etorkizunean halako zentraltasun bat lortuko duela, hiri batek izaten duen bezalakoxea: hiria ez da estatua, baina badu bere autonomia indartsua. Hiria da gune sendo bat, inguru guztia erakartzen duena, inguru guztiari zentzua ematen diona. Eta etorkizunean Euskal Herriak halako hiritartasun bat hartuko duela antzematen da. Ikusi besterik ez dago 2040. urterako eginak dauden aurreikuspenak. Errepide sare eta industrial gune horiek denak dira hiritartzearen aztarnak. Hor igartzen da halako sistema bat, dena artikulatua dago, dena ondo komunikatua, eta horixe da azken finean hiria.
Hori horrela, orain arteko terminologia horrek denak (independentzia, federalismoa...), adierazten ditu subiranotasunaren gradu ezberdinak, alegia, ahalmen politikoa noraino eduki gure eskutan. Ondo da. Baina etorkizunean euskaldunok egin beharko duguna da, borrokatu, borroka egin daitekeen toki bakarrean: kulturan. Besterik ez dago. Euskal kulturak indarra eduki behar du euskal hiri horretan.

Euskal kulturak zenbaterainoko indarra izango du euskal hiri horretan?
Nik behin esan nuen: "Hiri makro horretan auzo bat izango bagina, ez legoke batere gaizki". Hori esan, eta zenbait jende berehala hasi zen: "Horretarako? Auzo bat bakarrik izateko?". Eta pentsatu nuen, «benetan, ze inozentzia! Ze umea!». Marrazki bat egin dezakegu, nahi genukeen Euskal Herria koloreztatzeko, baina etorkizunaz ari garenean serio, hankak lurrean jarri behar dira. 2050. urtean, euskal kulturak lortzen badu auzo bat izatea hiri horretan, benetan, arrakasta izango da, eta ahalegin bat, munduaren historian oso gutxitan eman dena. Gainera auzoa gutxi balitz bezala. Kontuz. New Yorken italiarrak ere auzo bat dira, eta gero italiarrek Robert de Niro sortzen dute, eta Donostian ematen diote glamourra... Guk ere indarra baldin badugu eta gauzak egiten baditugu, ez gara ezereza izango.
Auzoa baino gehiago izango garela imaginatzea fantasia hutsa da. Fantasia hori itsusia da, zehazgabea, tontoa. Ez al duk ikusten? Ez al duk entzuten? Jendearekin ez al haiz egoten edo zer? Nik erabakia hartu behar izan nuen Bilbon ez erdarazko hitzaldirik gehiago ematekoa; bestela ezinezkoa baitirudi Bilbon euskaraz zerbait egiteak, beti bada aitzakiaren bat (hitzaldira kanpotarrak etorri direla...). Egoera hori da; ghetto batean gaudela. Eta indarra eskuetatik galtzen ari gara.

Ghetto horretatik nola irten?
Nire jarrera da, bai Jaurlaritzari, eta bai euskal gizarteari, esatea: "Barkatu, gu, euskara erabiltzen dugunok, gutxiengo bat gara, nola gutxiengo bat diren afrikarrak. Beraz, guk estatuaren babesa behar dugu». Eta niretzat babesa mila gauza dira: ezinezkoa da ni aireportu batera joatea, eta hango euskarazko txartel guztiak gaizki egotea! Ezinezkoa da, EITBk euskara departamentalizatu eta probintzializatzea, eta euskarazko kontu guztiak Donostian egotea, eta ezer ere ez Bilboko EITBn! Sinpatiko eta antipatikoak hor konpon daitezela, gutxiengo bezala guk derrigorrezko babesa behar dugu.

Sinpatiko eta antipatikoen karikatura egizu...
Euskaldunekin antipatikoak direnak, euren txokoan bizi dira; eta euskalduntasunaren kontra hitz egiten dutenean, arrazoia dutela ematen du. Belarrietatik kea ateratzen zaie horiei, alienatuta daudelako: errealitatearen zati baten zati baten zatia ezagutzen dutelako, ezer ere ez dakitelako! Euskal Herriaz duten ideia erabat anakronikoa da, eta antipatikoak eurak pertsona anakronikoak dira, Kristo aurreko jendea.
Sinpatikoak, berriz, oso jatorrak dira; beti esaten digute "euskara eutsi egin behar da, animo, ni oso abertzalea naiz...". Baina gero eurek erabiltzen al dute euskara? Ez badute erabiltzen, bada oso majoak izango dira, eta ez dit inportik horiekin afaltzea, baina ez dira nire taldekoak! Ez dira beltzak, ni bezala. Eta badakit beltzak asko maite dituztela; bai, baina ez bazara beltza… zuri taberna honetara pasatzen utziko dizute eta niri ez. Eta ezin zara jarri besteon tokian, ezinezkoa da, zuk ez duzu beltzen arazorik sufrituko. Orduan utziezu beltzei hitz egiten zer behar dituzten jakiteko. Horregatik besteren hitz onak baino, nahiago dut ni gutxiengo bezala ezarri eta nik eskatzea nire eskubideak. Hemen denek esaten digute gure taldekoak direla, baina gero ez du inork baloirik pasatzen!

Kulturan egin beharko dela borroka diozu. Zein da gaurko egoeraren diagnosi orokorra...
Korronte oso interesgarriak sortzen ari dira, eta esango nuke unibertso bat osatu dela hor (literaturan, musikan...). Alde batetik, guk ezagutu genuen egoeraren aurrean izugarria dela iruditzen zait. Hala ere, egoera orokorra dagoen bezala egonda (hemengo instituzioak, erakunde komertzialak…), azkenean kultur korronte hori, sortzez nahiko indartsua zena, ubide txarretan sartzen da. Zirrikituetatik ura galtzen doan korrontea da, eta azkenean tanta batzuk baino ez dira iristen. Halakoa da egoera, non emaitza asko lortu diren, obra asko egitea lortu den, baina gero obra hori dena oihan honetan galdu egiten da, bazterretan galtzen uzten delako.
Adibide bat jartzeko: hitzaldi bat eman nuen Martin Ugalderen omenaldian, deserriari buruz. Noski, komunikabide antipatikoek, ez zuten aipatu ere egiten. Hitzaldira sartzen ari nintzela, informatiboetakoak etorri zitzaizkidan; nik hitzaldia zeri buruzkoa zen azaldu, eta esaten didate: "Beno, orain esazu gauza bera baina erdaraz". Baina zergatik? Euskal idazle bati buruz hitz egitera dator beste euskal idazle bat, eta hor ere ghettoan sartu nahi gaituzte, ezkutatu egiten dute idazle euskaldunak garenik! Martin Ugalderi buruz erdaraz ematen badute informazioa, non dago hor euskara? Ez dago inon! Azpitituluak jarri beharko lituzkete. Nik ezetza eman niolako sortutako biolentzia giroa benetan da barkaezina. Hori da Amerikan, telebistak beltz bat elkarrizketatu eta ondoren esatea: "Beno, orain pinta zaitez zuriz eta esan gauza bera". Komunikabide sinpatiko horiek ez dira beltzak, gu bezala. Horregatik esaten dut euskaldunok patetikoak garela, gu garelako benetan egoera sufritzen dugunak. Hori dena gutxi balitz, biharamunean, prentsa probintzialek, sinpatikoak omen direnek, erdaraz ematen dute hitzaldiaren berri, eta nire hitzetan jartzen dituzte aipamen literalak omen direnak, komila artean, erdaraz, hain justu nik hitzaldia euskaraz eman dudanean!

Zer egin, kultur korronteak zirrikituetan ez indarrik galtzeko?
Egoera honetatik ateratzeko, euskaldunok, gutxiengoa izanda, behar duguna erresonantzia kaxa bat da: guri entzun egin behar zaigu. Eta horretarako, minimoa protokolo batzuk antolatzea da. Esaterako, norbaitek hitzaldia euskaraz eman behar duenean, politikoki inkorrektoa behar luke izan, gaizki ikusia, hizlariari erdaraz hitz egiteko eskatzea.
Gutxiengoa izanda, gure logika ezarri behar dugu, zeren eta bestela beste logikek jango gaituzte. Hiru motatako erresonantzia kaxak daude: komertzialak, ideologikoak eta komunitatearena, hizkuntzarena. Euskaldunok politikaren bitartez, gizarteko gogoetaren bitartez, eta lana benetan eginez, ez badugu gure logika ezartzen, esaterako, euskal musikari buruz, azkenean hemengo denda guztiak angloxasoniar mega-enpresek bidali duten musikaz beteta egongo dira, logika komertziala gailendu egin zaigulako.

"Multikulturalismoa" hitzak zer esaten dizu?
«Mestizaia» eta «multikulturalismoa» terminoak, normalean, halako egoera "de facto" boteretsu baten sendotzeko erabiltzen dira; "nik boterea dut, ni gehiengoa naiz, eta gainera ezin dut sufritu kritika, beraz nire poetika izan behar dut". Horretarako daude mila poeta, mila idazle zutabeak egiten dituztenak. Poetikaren arlo horretan, errepresentazioaren alde horretan, kontzeptu batzuk sortzen dira, espreski, botere harreman bat ezartzen duzula disimulatzeko balio dutenak. "Ni multikulturalista naiz» esaten dizutenean, eta zuk euskaraz hitz egiten baldin badiozu, besteak erdaraz baino ez du jakingo. Gainera gutxiengoa bazara, zuri botako dizute zabor ideologiko guztia, euskaldunak karlistak direla esango dizute, eta bitartean, errepresentazio kazetari boteretsu horien familia gehienak ultrakarlistak izan dira; eta esango dizute mundura itxiak gaudela, hain justu bi hizkuntza dakizkigun euskaldunok gara itxiak, eta bakarra dakien Cuencako hori dago zabalik mundura!
Kontzeptu horiek makilajea dira. Horren aurrean nahiago dut doktrina klasikoa: ez dut erreserban bizi nahi, nik nire botere pusketa nahi dut, nire bizimodua egiteko modua, eta gero gerokoak

BIZITZAREN PASARTEA
Nire bizitzan une berezia izan zen, Anbereseko liburu azokan «Obabakoak» aurkeztu nuenean, flandriera itzuli zutela-eta. Hitzaldia ematen ari nintzela (frantsesez uste dut), bi mutil oso erne zeuden. Bukatu zenean, hurbildu eta zera esan ziguten: "Nik ez nekien euskaraz idazten zenik ere". Eta eurak euskaraz ari ziren, azentua pixka bat arraroa zuten. Ni harrituta: "Baina nola ez dakizuela? Nongoak zarete bada?". Eta eurek: "Gu Anberes bertakoak gara, baina ama zen Oiartzungoa; guri beti euskaraz egin zigun, baina gu oso gutxitan joan gara Euskal Herrira, eta ez dugu ezagutzen hango berririk". Elkarren artean bertako hizkuntzan egiten zuten, baina gurekin euskaraz ari ziren, Oiartzungo hizkeran gainera!

CURRICULUMA
- Jaio: Asteasun, 1951. urtean.
- Ikasketak: Zientzia Ekonomikoetan lizentziatua. 1981-84 bitartean Filosofia ikasketak egin zituen Bartzelonako Unibertsitatean.
- Argitaratutako lan batzuk: Bere lanak 26 hizkuntzatara itzuli dira.
+Narratiba: «Obabakoak» (Erein, 1988): Literaturako Sari Nazionala, Kritikaren Saria, Euskadi Saria eta Pariseko Millepages Saria lortu ditu. «Behi euskaldun baten memoriak» (Pamiela, 1991). «Gizona bere bakardadean» (Pamiela, 1993): Kritika Saria irabazi zuen eta Literaturako Sari Nazionaleko finalista izan zen. «Zeru horiek» (Erein, 1995). «Sara izeneko gizona» (Pamiela, 1996).
+Poesia: «Etiopia» (Pott 1978; Erein, 1983). «Henry Bengoa, Inventarium» (Elkar, 1988).
+Artikuluak argitaratu ditu hainbat egunkaritan: «El Pais»; «El Mundo»; «El Correo»; «Garziarena»; «Euskaldunon Egunkaria»; «El Paseante»; "El Europeo"; "Revista de Occidente"; "La Sibila"; "La Modificación"; "Autrement" (Frantzia); "Les inrockuptibles" (Frantzia); "Quai Voltaire" (Frantzia); "Linea d'ombra" (Italia); "Main de singe" (Frantzia); "Die Horen" (Alemania); "Vuelta" (Mexiko); "Svetovej Literatury" (Eslovakia); "Guggenheim Magazine" (EEBB), besteren artean.
+Haur literatura: Besteren artean, "Ramuntxo detektibea" (Elkar, 1979); "Jimmy Potxolo" (Erein, 1984); "Asto bat hipodromoan" (Erein, 1984); "Flannery eta bere astokiloak" (Elkar, 1991); «Bambulo" (Erein, 1998).

BERE HITZETAN

«Ez dut tokirik Madrilen. Orain bi urte Principe de Asturias sarirako izendatu ninduen Espainiako Parlamentuko lehendakari Federico Trillok. Eta abortatu egin nuen. Beti sekulako ikara izan diot mundu ofizialari. Nire liburuari nahi duzuen saria eman. Nahi baduzue 5 miloi ale erosi. Baina ni pakean utzi».
Pagouarte, 64. orria

t

«Arabiarrek dioten bezala, hizkuntza da xaboiaren kontrako bakarra; zenbat eta gehiago erabili orduan eta gehiago aberasten dena».
Euskaldunon Egunkaria, 2001-02-21
«Arestik eman zidan aholkua hauxe izan zen: ‘idazle izan nahi baduzu, ez izan purista. Ez dago erdibiderik: edo purista zara edo idazle’».
Euskaldunon Egunkaria, 1999-10-19
«Aspaldi honetan kanpoan ez dut elkarrizketarik eman bi edo hiru egun aurrez prestatu gabe. Frantzian edo EEBBetan euskaldunoi buruz zerbait aterako bada eta nire hori bada, asko zaindu behar dut».
ARGIA, 1992-01-12
«Aurrera egiteko modu bakarra bizitza honetan da ez dakizuna egiten ahalegintzea. Abenturetan sartzea, arriskua hartzea, arriskurik gabe ez baitago sormenik.»
Euskaldunon Egunkaria, 2000-11-19

BERTSOA

Doinua: Espainian behera
Orain arte zeundenak
Olinpo bapoan
martxari ezin eutsi
denbora askoan
bizitza obra baten
hurrengo aktoan
autentikotasuna
lortzen delakoan
ospetsuak ospea
gainditzerakoan

Aitor Mendiluze

ARGAZKI ZAHARRA
Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorika,
1988an, Ingalaterran.


Azkenak
Lore Lujanbio
“Zaintza lanak ez dira jarduera zehatz bat; produkzio-erlazio patriarkalek ekoizten dituzte”

Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]


2024-12-26 | Leire Ibar
Nafarroak garraio publikoaren %50eko deskontuak ekainera arte mantenduko ditu

Garraio publikoaren %50eko deskontuak sei hilabetez luzatuko ditu Nafarroako Gobernuak, 2025eko ekainaren 30era arte. Espainiako Gobernuak garraio-txartelaren kostuaren %30 hartuko du bere gain, eta Nafarroako Gobernuak %20. Aurreko urtearekin alderatuta, 2024ean garraio... [+]


‘Prentsa' bereizgarria zeraman autoa jomugatzat hartu eta beste bost kazetari hil ditu Israelek Gazan

Gutxienez 201 dira 2023ko urriaz geroztik Israelek Gazan hildako kazetariak. Abenduaren 26 honetan hildako azken bostak Al-Quds telebista katean zebiltzan lanean.


2024-12-26 | Leire Ibar
10.500 migratzaile baino gehiago hil dira aurten Espainiako Estatuko kostaldeetara iristeko ahaleginean

2024ean batez beste eguneko 30 migratzaile baino gehiago zendu dira Espainiako Estatuko kostaldeetara iristeko ekinean. 10.457 heriotza errejistratu ditu Caminando Fronteras erakundeak eta "arrastorik utzi gabe" desagertu diren beste 131 ontzi zenbatu ditu. Kopuru hau... [+]


Larunbatean ospatuko dute Hatortxu Rock, Atarrabiako azkena

Antolatzaileek iragarri dutenez, ohiko jaialdia eginen dute abenduaren 28an eta 2025eko uztailean lau eguneko jaialdi berezi baten bidez agurtuko dute behin betiko jendea, "erreminta berriei bide emateko". Orotara, hamazazpi taldek eskainiko dute kontzertua larunbatean.


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Laborari palestinarrek jasaten dituzten indarkerien lekuko izan dira Via Campesinako ordezkariak

Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi nahi izan diote, "Gazan egiten ari diren genozidioaren erdian eta... [+]


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Lesakan izango da 2025eko Bertso Eguna

Urtarrilaren 25ean ospatuko dute bertsozaleek urteroko hitzordua. Honakoa Bortzirietako Bertso Eskolak eta Bertsozale Elkarteak antolatuko dute elkarlanean. Goizeko 10:00etan ibilbide bat eginez hasiko da, arratsaldean XXI mende 25 (H)ilbeltz izenburua jarri dioten bertso... [+]


Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eguneraketa berriak daude