Urtea amaitu aitzin, ikusmina sortu duen Berriozarko Marea taldea hirugarren diskoa, «Besos de perro», grabatzen hasiko da. Baina ez dute Gor-ekin argitaratuko, multinazional baten magalera itzuli baitira, Iruñeko etxearekin haustea erabaki ondoren. Azaroaren 12an sinatu zuten kontratua (bi diskorako) Madrilgo Drorekin. Kutxi Romero da Mareako abeslari eta letragile, bozeramaile ere gehienetan, taldeburu nahi bada -hori esaten utziko baligu- hain da handia Mareari ematen dion pertsonalitatea. Baina idazlea ere bada, olerkigilea, eta bi poema liburu eman ditu argitara, «Ruidografias» eta «El sumidero».
Musika eta olerkigintza ditu bere jardunaren ardatz erraz makurtzen ez den 26 urteko gazte kaletar honek, eta hala uztartzen dira elkarrizketa honetan bi alderdi horiek.
Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?
Txiki txikitatik hasi nintzen. Umetatik irakurle amorratua izan naiz, anitz gustatzen zitzaidan irakurtzea. Eta nire ustez, irakurtzeko zaletasuna idaztekoari gehitzen zaio beti. Ongi idazteko anitz eta ongi irakurri duzula suposatzen da. Batak bestera eramaten zaitu.
Nola hasi zinen taldean abesten?
Musikarena zirkunstantziala izan zen. Toki eta egun jakin batean nengoelako gertatu zen. Inoiz ez nuen kantatzeko helburua izan. Gazte talde bat zegoen auzoan eta nik abestiak egiten nizkien. Halako batean, abeslaririk gabe gelditu ziren eta abestiak zekizkien bakarra ni nintzen, alegia, kantuak idatzi zituena. Orduan esan zidaten ea abestu nahi nuen beste kantari bat bilatzen zuten bitartean. Hurrengo egunean abesten hasi eta bertan gelditu nintzen.
1998an, Nafarroako Gobernuak antolatu Kantautore lehiaketa irabazi zenuen. Nola izan zen?
Topaketak eta kontu instituzional horiek guztiak Gobernuak aurpegia zuritzeko banatu nahi dituen aurrekontuen apurrak dira. Platera ogiaz garbitzea bezala dira. Gainera, gauza horietara aurkezten denak madarikatua bukatzen du. Nafarroako Pop-rock lehiaketa irabazi duen inork ez du burua altxatzerik izan. Ni izan naiz araua konfirmatu duen salbuespena. Gehienbat inoiz ez nuelako serioegi hartu. Oso ongi zetorkidan diru hori Marea taldera bideratzeko. Baina, jende orori gomendatzen diot ez dadila halako ergelkerietara aurkeztu. Pena ematen zidan zerbait lortzeko bidea zela pentsatuta aurkezten zen jendeak.
Zure lehen olerki liburua, "Ruidografías", orduan idatzi zenuen baita ere.
Lehen liburua 98an idatzi nuen eta abenduaren 99an plazaratu. Idatzi askoren bilduma bat izan zen. Ni beti idazten ari naiz eta paper mordoa dut. Orduan, nire emazteak esan zidan: "Aizu Kutxi, zergatik ez duzu honen guztiaren bilduma bat egiten eta liburutxo bat ateratzen?". Ordenagailu bat erosi eta maketazioa egin ahal izan genuen. Bera arduratu zen aukeraketa polit bat egiten eta liburutxoa ateratzen. Fanzine moduko bat zen, txukuna nire ustez. Edizio txikia egin nuen, 500 ale, eta agortu zen. Orain Interneten dago, Mareako webgunean, eta azala eta guzti jaisten ahal da doan.
Eta bi urteren buruan bigarrena…
Bigarrena aurtengo uztailean kaleratu nuen. "Ruidografías" atera nuenetik idatzi nituen poemen aukeraketa bat da. Autoedizioa izan zen baita ere. Liburu bat norberak argitaratzea erokeria da. Hori aberatsek egiten dute soilik. Eta ni pobrea izanagatik ere egiten dut, uste dudalako kantari bezala izan dezakedan estatus txiki horretatik, jendeak poesia irakur dezan lor dezakedala. Eta hala bada, ongi etorria izan dadila, liburu bat edo hiru salduta ere. Horrek ez ninduen gehiegi kezkatzen.
Eta argitaletxe batek deituko balizu?
Dei batzuk jaso ditut. Nik uste dut poesia argitaratzen duena jende erromantikoa behar duela izan, ez dut uste poesia argitaratzen dirua eginen dutenik. Norbait prest balego, ongi iritziko nioke. Baina noraino egin dezake argitaletxe batek poesia liburu batek publizitatea izatea edota saldua izatea? Nik egin ahal dudana egiten ahal dute haiek gutxi gorabehera. Horregatik, nik egitea nahiago. Ez dut erosotasun horretan sartu nahi, zeinaren bitartez diskoak eta liburuak argitaratzen dizkizueten eta zuk artista-plantak egiten dituzun. Ez dut nire burua ez naizenatzat hartu nahi.
Norbaitek poeta zarela esaten badizu, deseroso sentitzen zara?
Nik ez dut nire burua poetatzat hartzen. Deitzen ahal didate noski, azken finean poesia egiten baitut, baina poeta hitzak anitz gauza iradokitzen dit, are gehiago gure gara hauetan. Poeta? Gosez hiltzen dira eta egun poeta edonori esaten zaio. Adibidez, literatura-tailerretan biltzen diren unibertsitarioak, zeinak beraientzako bakarrik idazten duten, inork kasurik egiten ez dielako. Oro har, unibertsitario sabel "hazkatzaileak" dira. Amak pentsioa ordaintzen die eta poeta handiak dira, jenio eta idazle handiak, oro denetan handi. Nik ez dut uste ezertan handi naizenik. Horregatik ez zait gustatzen eztabaida horretan sartzea, ea poeta edo Rozioko Ama Birjina naizenentz. Aurten jende gehiago ezagutzeko aukera izan dut, eta nire teoria berretsi dut. Denetarik dago, noski, baina ergel mundua handia da.
"El sumidero". Izenburu deigarria da.
Liburuak barruan soberan nituen kontu guztiak irentsi behar bazituen, hustubide baten antzekoa izan zitekeela pentsatu nuen, hustubideak dena irensten baitu.
Hortaz, esaten ahal dugu liburuak baduela ukitu existentzialista bat?
Noski. Liburuaren testuinguruaren barruan dago dena. Nire abestiekin ere hala gertatzen da, guztiek dute ukitu existentzialista bat. Ez ordea profetikoa, apaiz edo katekistarena. Barruko gauza da. Laba bezalakoa, jende orok atera behar du kanpora, inor ez dago hutsik. Eta hutsik bazaude ez duzu idazten.
Anitzetan esaten da idazleek barrenekoak hustu egiten dituztela. Zuk lotsarik sentitzen duzu?
Beti diot idazten duena barrendik biluzten dela, eta biluziak, edozein motatakoak izanda ere, interesanteak dira beti.
Kaleko hizkera darabilzu maiz zure olerkietan.
Bai, egun osoa ematen dut kalean. Inoiz ez zaizkit gustatu bizitza leihotik ikusten duten horiek. Autore handiek oro har, besaulkitik idazten dute. Ez da zerutik idatzi behar, behetik baizik. Askoz ere hobe ikusten dira gauzak behetik.
Badago ezberdintasunik olerki baten eta abesti baten letra idaztearen artean?
Poemak idaztea askoz ere errazagoa da, irekiagoa. Abesti batean baldintzatzaile anitz dago, musika, errima, letra eta kantua bat etortzea; bi minututan istorio bat egin behar duzu... Urtean 200-300 poema idatzi ditzaket; abestiak aldiz, 14-15.
Rock and rolla egiten duzue, baina Mareako diskoetan beti ageri dira Andaluziako sustraiak. Zergatik?
Ni naiz nire familiako lehen ondorengo nafarra. Nire familiakoak Andaluziako etorkinak dira. 70eko hamarkadan heldu ziren Euskal Herrira ogi bila, gosea pasatzen baitzuten. Ni hemen jaio nintzen lehena izan nintzen. Nik txikitatik musika mota hori guztia edan dut, flamenkoa, cante jondoa, «El Cabrero»... Gero, institutuan-eta hasi nintzenean, Barricada, Rosendo, Extremo ezagutu nituen. Ez da ezer aldez aurretik pentsatutakoa izan, inkontzienteki ateratzen da. Ez dugu flamenkoa egiten, baina Espainiako usaina du. Konturatu gabe, betidanik entzun izan dituzun espresioak ateratzen zaizkizu. Jende asko dago Andaluziakoak garela uste duena.
Multinazional batean hasi zineten, Gor diskoetxera pasatu ondoren, eta berriz multinazional batekin aterako duzue hirugarren diskoa.
Multinazional batekin badakizu nora zoazen. Badakigu putaseme batzuk direla, eta sartu zinen bezala joaten zara. Ilusio gutxirekin sartu ginen eta gutxiagoarekin atera. Bagenekien zer gerta zitekeen eta ez zen desengainurik egon. Gorrengana jo genuen besterik bilatu gabe lana aurrez aurre egiteko, kontu erromantiko bat bilatuz. Baina ez da hala gertatu. Produktu bat gehiago izan gara. Bitarteko gutxiago dituztela dakigu, baina hortik gu zazpi-zortzi hilabetez ahaztu izatera badago alderik. Beste edozein izanen balitz haserretuko ginateke, baina Marinok bere egunean lagundu zigun eta hortxe amaitu da historia. Desengainaturik gaude. Orduan berdin zaizu arre edo so. Eta dantzan egin behar duzunez, "guaparekin" dantzatzen duzu.
Nolakoa izanen da prestatzen ari zareten disko berria?
Maketak-eta egiten ibili gara. Abesti mordoa egin eta gero, hamaika aukeratu ditugu jada, 10 kantu eta «El Cabrero» kantaore andaluziarraren abesti baten bertsioa. "Besos de perro" izenburua jarriko diogu. Lan handia egin dugu. Hau galdetzen digutenean, disko berriak trilogia osatuko duela diogu. Modu batean, gauza bera izanen da. "Revolcón" baino askoz ere moldatuagoa egonen da. Politagoa izanen da. Kanpo elementuren bat sartuko dugu, aurretik egin ez dugun gauza, adibidez, biolin batzuk edo Hammond organoren bat. Oinarria aldiz berdina da, amodiozko kantuak, kalekoak