Marte, Jupiterren seme eta gerraren jainkoa; bere arreba Minerva, anaiak bezala gerra gogoko zuena, nekazariak eta artisauak ere babesten zituena; Helios eguzkiaren jainkoa; Isis Egiptotik etorritako jainkosa sentibera, familiaren babeslea. Zer egiten zuen laukote honek duela 2.000 urte Txingudiko badian, testuek ez badute garai eta toki hartan gatazka belikorik jasotzen? Bertako familiek, artisauek edo nekazariek babesik behar al zuten? Heliosen izpiek inolako eraginik izan al zuten gure kostalde euritsuan? Auskalo. Gauza da duela hamazazpi urteko San Martzial egun batez, lerro hauen gainean ipini ditugun erromatar garaiko brontzezko irudiok aurkitu zituztela Irunen.
Eta ez hori bakarrik. Egungo Irungo kaleen azpian erromatar hiri oso bat aurkitu eta industu dute azken urteetan Arkeolan elkarteko arkeologoek: Oiasso, baskoien kostaldeko herri bakarraren gainean erromatarrek eraikitako hiria.
Hirigunea egungo Irungo alde zaharrean zegoen kokatua, baina elementu ugari topatu da inguruetan ere: Higerren, Asturiagan, kaia topatu dute, Hondarribiko alde zaharrean aztarnak agertu dira, Hendaian bezalaxe; Arditurrin edo Aiako Harrien inguruan meategi ustiaketaren aztarnak daude...
Ez gara garaiko bidaiari galdu bati eroritako txanpon pareaz ari. Kaiaren egurrezko egiturak, adreiluak, teilak, orraziak, orratzak, amuak, zeramikazko piezak, zapata zatiak, termen arrastoak, fruta haziak, arrantza sareetarako pesak, beirazko objektuak, soka zatiak, lepokoak, eraztunak, sarrailak... denetik agertu da Oiasso zaharreko lurretan. Baita erraz desegin ohi diren material organikoak ere; egurra, haziak edo larrua ederki mantendu dira Txingudiko lokatzetan. Eta horrek guztiak Oiassoko bizitza nolakoa zen asmatzen laguntzen du. Arrantzan egiten zutela zalantzarik ez dago, eta euren dietan frutak garrantzi handia izango zuen seguruenik. Zorriekin arazoak izango zituztela pentsa daiteke erabiltzen zituzten orrazi estuei begiratuta, eta estetikari ere ez zioten uko egingo, forma desberdinetako zapatak, ilerako orratzak, lepokoak eta beste baitzituzten.
Horiek guztiak ezagutu ditugu Mertxe Urteaga Arkeolaneko zuzendariaren eskutik. Arkeolaneko egoitzaren ateak zabaldu zizkigun, baita almazeneko hozkailuetakoak ere. Eta hozkailuen barrura begiratuta, Irungo aurkikuntzen garrantziaz ez zaio zalantzarik geratuko inori. Ez baitira bi, hiru edo hamar pieza, ehunka hazi daude bildurik poltsa handietan, makina bat tupper-ware larruzko zolez beteta, inguruan kaxak eta kaxak bestelako materialak gordetzen... guztia Oiasso zaharrean aurkitua.
Ez da hau ordea, Euskal Herriko isuri atlantikoan egindako aurkikuntza bakarra. Balmasedatik hasi eta erromatarrek Lapurdum izenez bataiatu zuten Baionaraino asko dira erromatarren aztarnak gorde dituztenak: Forua, Bermeo, Amorebieta, Orduña, Lekeitio, Deba, Zestoa, Eskoriatza, Zarautz, Ataun, Idiazabal, Tolosa... Donostian bertan, gutxi badira ere, arrasto batzuk azaldu dira. Baina Getariako kasua edo, hobe esanda, bi Getarien kasua bereziki argigarria da. Lapurdiko Getarian arraina gatzatzeko erromatarrek erabilitako tokiaren arrastoak daude eta «asmatu nola esaten zitzaien erromatarren garaian latinez arrain kontserba tokiei?» diosku Mertxe Urteagak. «Cetaria». Duela gutxi Gipuzkoako Getarian ere garai horretako aurkikuntza garrantzitsuak egin dira. «Zalantzarik balego, Joakin Gorrotxategi, EHUko katedradunak etimologia hori onartu du berriki».
Araban, Nafarroan eta Iparraldean ere (Kanboko termak, Donibane Garaziko kanpamendu militarra...) erromatarrak modu finkoan egon zirela onartu bada, hainbeste aztarna izanik, zergatik ukatu da hori Bizkaia eta Gipuzkoan? Zergatik izan behar zuten salbuespen? Mertxe Urteagaren esanetan, «erromatarren eraginaren adierazpenak desberdinak izan direlako isuri atlantikoan, isuri mediterraneoarekin alderatuta». Eraikinak egiteko, kostaldean egur gehiago erabili da, harria ordezkatuz. Mediterraneoan nekazaritza landu zen, garia eta olibondoak bereziki, eta hiri handiak sortu ziren. Kostaldeak garia landatzeko oso baldintza kaskarrak eskaintzen ditu eta hiri handiak osatzeko aukera gutxi. Horregatik, basoa edo abeltzaintza izan ziren ekonomikoki ustiatuak. Eta meatzgintza bereziki, zilarretan oparoak baitziren kostako lurrak. «Kostaldea aztertzeko Mediterraneoko parametro berdinak erabiltzen badituzu, ezinbestez emaitzak deformatu egiten dira».
Zorionez aztarnak agerian geratzearekin batera, aurreko ustea baztertuz joan da. Urteagaren hitzetan, «aztarnak topatzean, hari bat sortu zaigu, eta hari horri tiraka, orain arte ilun mantendu den txanponaren aldea ezagutu ahal izan dugu». Eta ingurumen baldintzei eskerrak eman dizkie, lohi artean, ohiko aztarnategietan mantendu ez diren material organikoak gordetzeagatik.
Zergatik eta zertara?
Baina zergatik etorri ziren hona erromatarrak? Egokiena galdera beste era batera egitea litzateke: zergatik ez ziren, bada, etorriko? «Iberiar Penintsula osoa, Galia osoa, Akitania barne, menperatu ondoren, nola pentsa genezake Euskal Herria isolatuta geratu zitekeela?». Bertan zilarra zegoela esan dugu eta hasiera batean, K.o. lehen mendean, horren bila etorriko ziren seguruenik, bertako ondasunak hartu eta beste nonbait saltzera. Garai horretan erromatarren eragina ikusten hasten da.
Baina elementurik garbienak K.o. 80 urte ingurutik aurrera agertuko dira, Vespasianoren garaian bereziki. Vespasianok penintsula osoan Ius Latinus delakoa zabaldu zuen. Modu horretan hirietan kargu munizipalak zituztenek erromatar hiritartasuna eta horri zegozkion eskubideak jaso zituzten. Gure kostan ere orduan eman ziren hiriak osatzeko baldintzak eta azpiegiturek ere garapen handia izan zuten, kostaldeko merkataritza aurrera eraman ahal izateko loturak, arrain kontserbaren industria, Nafarroatik zetorren olioa eta Iparraldeko ardoa trukatzeko merkatalguneak...
Erromatarrak etsaien aurka gogor joan ziren beti. Baina euren interesa ekonomikoa zen, eta gainerako herriek euren agindu eta asmoei oztoporik jartzen ez zizkioten bitartean jarrera irekia agertu zuten. Ez dirudi erromatarrek hemen erresistentzia handirik topatu zutenik. Testuek, esaterako, kantabroen aurka aritu zirela esaten zuten, baina hemengo aipamenik ez da inon ageri. Horregatik bertakoen eta erromatarren arteko harremanak onak zirela pentsa daiteke. Horregatik eta, »Erromako inperioa desegin ondoren ere, hemengo nortasun kulturala eta hizkuntza mantendu egin zirelako».
Honenbestez, froga nahikoa bildu dugu erromatarrak euskal kostaldean ere finkatu zirela onartzeko. Hala ere, aztarna berriak ateratzen ari dira oraindik. Azken aztarna esanguratsuaren bila Iruna joan behar dugu berriro, duela hilabete gutxi batzuk Bidasoa ibaiaren alde biak lotzen zituen zubi erromatarraren arrastoak topatu baitzituzten Arkeolango kideek. Mertxe Urteagaren ustez, «Egun Irunek komunikabide sarean duen funtzioa ikusita, 2.000 urte atzera egin eta sare berean koka genezake». Estrabonek dio Tarracotik zetorren kaltzadak Oiasson zuela amaiera eta, hain ongi ezagutzen ez bada ere, kostaldeko kaltzada ere bertan bukatuko zen. Beste aldetik, gaur Hendaia denetik Frantziako Tolosa alderako kaltzada abiatzen zen, Mediterraneo aldera zihoana, gero Rodanotik gora jotzeko. Hendaiatik bertatik iparraldera, Baiona pasa eta Bordele aldera edo Dax eta Agen aldera beste bide bat abiatzen zen. Aurkitu berri den Irungo zubiak komunikabide horiek guztiak lotzen zituen. «Azkenean, naturak berak eman dio garrantzia puntu honi. Pirinioek bi pasabide natural dituzte ertzeetan eta horietako bat da Irun». Bestea Figueres da eta han Muga izeneko erreka bat omen dago. Figueres eta Higer hitzen arteko antzekotasuna ere ez al da susmagarria?
Azken urteetan susmo baino gehiago bilakatu dena erromatarrak euskal kostaldean finkatu zirela da. Dirudienez, arazo handiegirik gabe gainera. Beharbada erakargarriagoa da garai hartako Euskal Herria Asterix eta Obelixez beteta zegoela pentsatzea. Baina erromatarren aurka borrokatzea, kaltetarako izan zen gehienetan eta, hemen ez bezala, Galian hizkuntza latinoa hitz egiten dute ordutik