«Entzuleei hitza emanda lortzen da gertutasuna»

Irulegiko Irratian formula xelebre askoak asmatu izan dituzu, umorea akuilu hartuta beti. Zein da bilatzen duzun estiloa?

Niri programa satirikoak gustatzen zaizkit. Orain egiten dugunak, "Gezur Flax" deitzen denak, asteko aktualitatea laburtzen du modu satirikoan. Entzuleen artean arrakasta handia izan zuen beste bat "Petzero" saioa zen: jende ezaguna telefonoz harrapatzen genuen, eta zernahi gauza sinestarazten larri pasa arazten genion.
Adibidez, Lizaso bertsotan izan zen behin Hendaian, txapelketako saio batean. Biharamunean guk deitu genion, esanaz bertako arduradunak ginela, eta kartzelako gelan banuela arrain gorri bat arrain ontzi batean, eta hilik aurkitu nuela norbaitek bere puruaren hautsak bertan bota zituelako. Lizasok bera ez zela izan, haserre. Esaten nion, "bidaliko dizut arrain gorrien katalogo bat eta bat aukeratuko duzu?", eta Lizasok, bere ahots larriarekin: "Zer egingo dut bada nik katalogo batekin?". Eta galdetu nionean: "Beste inork ere erre zuen?" Lizasok, salatari: "Arzallusek ere erre zuen!".

Zure irratsaioetako «biktimek» nola hartzen zuten txantxa?
Egin ditugu 80-90 bat txantxa, eta batek debekatu zigun emititzea, beste guztiek ondo hartu zuten. Haserretu bai, asko egin ziren. Batek kasik negarrez bukatu zuen, eta gu ginela jakin zuenean baretu zen.

Entzuleek oso gustuko duten beste saio bat, irrati antzerkia da...
Bai. Astero egiten dugu irrati antzerkia, "Antton eta Maria" pertsonaiekin; gidoia nik idatzia da, eta beste lagun batek eta biok jartzen dugu ahotsa. Oso gertukoak diren istorioak asmatu ditugu, lekuko pertsonaia tipikoekin. Bertako jendeak, istorio horietan ez du bere burua ikusten, baina bere auzoko jendea ikusten du pertsonaia horietan, eta oso identifikatuak sentitu dira.

Irulegiko Irratiak 22.000 entzule ditu, Siadecoren arabera. Zein da arrakastaren sekretua?
Irulegiko Irratia sortu zenean ezberdina zen beste irratiengandik: lehenengo aldiz bertakoek euren eguneroko gaiak, bizi dituztenak entzungo zituzten irratian, gainera euskaraz. Lortu dugu lekuko irratia egitea, baxenafarren gertukoa dena, ez baita Irulegin familia bat ere irratia ezagutzen ez duenik.

Orain Iparralde osora hedatzen dira zuen saio batzuk, Gure Irratia eta Xiberuko Bizarekin elkarlanean. Nola eusten diozue herritarrekiko gertutasun horri?
Iparraldeko beste bi irratiekin egitura txiki hori muntatu dugularik, publiko zabalagoarentzat hasi ginen, Iparralde osoko entzuleriarentzat. Behar bada horiengan pentsatuta egin ditugu gure emankizunak, eta gure inguruko entzuleekiko hurbiltasuna galdu dugu pixka bat. Hori zuzentzeko sortu dugu «Herriz Herri» emankizuna: Nafarroa Behereko herri bakoitzari aste bat eskaintzen diogu, eta aste horretan zehar herri horretako jendea mintzatzen da. Ohartu baikinen gu ginela beti mintzo, eta entzulea gu baino gutxiago entzuten zela. Aurten saiatzen gara entzulea gehiago mintza arazten, entzuleen irratia bilaka dadin berriz.

Badirudi beti euskaldun gutxi dagoela. Baina entzuleen kopurua ikusita, euskaldunak espero baino gehiago dira?
Oharpen ona duzu hori. Baina kopurua handia den arren, adin batetik gorako jendea da euskaraz egiten duena eta entzuten gaituena. Ikerketa guztiek erakusten dute gaztetan euskara guti egiten dela, eta funtsean gero eta gazte gutxiago dela. Hori da azken bi urteotan egiten dugun oharpena: hemendik hamar, hogei urteren bururako, norendako eginen dugu Irulegiko Irratia, ez bada inor euskaraz egiten duenik?

Iparraldean zaharrek euskaraz badakite, gazteek ez. Zer da belaunaldien arteko soka hori eteten duena?
Euskararen kontzientzia dutenen indarra aski inportantea bada ere, axolarik ez dutenen indarra agitzez handiagoa da. Badira ideologiaz euskara irakasten ez dutenak, baina hori gutxiengo bat da hala ere. Gehiengoak du axolarik eza, ez du atxikimendurik. Eta estatus kontua ere bada: euskara gurasoekin, jende zaharrarekin, baserri mundukoarekin lotzen dute, eta uste dute frantsesez eginda gehiago direla, norbait bilakatzen direla frantsesez eginez.

Gazteak Irulegiko Irratira erakartzeko zein estrategia darabilkizue?
Azken aldi honetan, gazteak ekartzen ditugu kolaboratzaile gisa. Eta saiatzen bertako ikastetxeekin saioak muntatzen. Arratsetako programazioa gazteei pixka bat gehiago eskaintzen diegu. Eta guk irratian ditugun gazteen bidez beste batzuk inplikatzen saiatzen gara, gure Elkartean sarraraziz (Irratiaren Sostengurako Elkartean, animazioak, bestak, antolatzen dituena).

Zuk euskara galdu egin zenuen, eta gaztetan berreskuratu. Zerk erakarri zintuen euskarara?
Haurretatik galdu nuen euskara, eskolan sartu nintzelarik, eta urteekin galtzen hasi nintzen. Beti ulertzen nuen euskara, baina ez nekien erranaldi zuzenik egiten. 16-17 urtera arte-edo osoki frantsesa nintzen, eta euskal kulturatik arras guti nekien. Eta gaztetan Xabier Leteren kantu batzuk entzunez ("Izotz ondoko eguzki" eta horrelako kantuak), sortu zitzaidan euskara ikasteko grina. Lagun batek ezagutarazi zizkidan orduan moda modakoak ziren kantariak, eta hor mirari bat gertatu zen, Hegoaldearen errebelazio bat bezala izan zen niretzat: euskal kulturaz eta Hegoaldeko berriez biziki interesatzen hasi nintzen, eta euskara berreskuratu behar nuen kontzientzia piztu zitzaidan. Neure kasa hasi nintzen euskara lantzen, liburuak irakurriz.

Xabier Lete entzunda euskaldundu zinen beraz. Gaur gazteak musika bidez erakarri nahi badira irratira, nahiko lan entzule helduen gustuak ere betetzen...
Belaunaldi arazo bat izan dugu etorri diren gazteekin, musika mailan. Gazte horiek ez ziren hainbeste konturatzen zein entzuleria mota genuen, haiek pentsatzen zuten beren adineko jendearentzat ari zirela irratian; baina goizeko orenetan, 10:00etan-eta, beren adinekoak ez dira entzuten ari, eskolan edo lanean izaten baitira. Beraz, entzule askorengandik ukan ditugu oihartzun txar asko, musika animazioagatik. Baina orain argitu da arazoa eta zaharren oso gustuko musika jartzen dute gazteek, eta kexuak isildu dira.

Zer da Irulegiko Irratiak euskarari ekarri diona Nafarroa Beherean?
Bere "ofizialtasuna". Gurasoen belaunaldiei-eta, beti buruan sarrarazi diete euskara mintzaira minorizatua dela, baliorik gabea; baina irratitik egun guztiz euskara entzuteak, ofizialtasun bat eman dio. Erakutsi nahi izan dugu bizi eta komunikatzen ahal dela euskaraz, eta gainera balio ekonomikoa ere baduela euskarak. Komertzio mailan, gero eta harreman gehiago izanen da hegoaldearekin, eta beraz euskara gero eta lanpostu gehiagotan eskatuko zaiela argi uzten diegu entzuleei. Eta hori guk geuk ikusi dugu irratiko iragarki eta abisuetan, turismoko lanetan esaterako, edo komertzioan, euskaraz jakitea gero eta gehiago eskatzen den baldintza baita.

Datuen arabera, zuen programazioan %10 egiten duzue frantsesez. Zein irizpide duzue frantsesa erabiltzeko?
Ez dugu aldez aurretik finkatua %10 egin behar denik frantsesez. Beti entsaiatzen gara lehentasuna euskarari ematen. Baina hemengo politiko batzuk edo herritarrek izan ditzakete gauza interesgarriak esateko, eta guk ez ditugu isilaraziko euskara egiten ez dutelako. Ez dugu itzulpenik egiten, bera zuzenean entzunez mezua beti fidelago izango baita, beste batek itzulita baino. Hori da Baionako irratiarekiko dugun ezberdintasuna, haiek frantsesik ez dute nahi. Horregatik, Euskal Irratiak saioa elkarrekin egiten dugunean, guk ere itzulpena egiten dugu, frantsesez mintzo denaren gainetik euskarazko testua sartuta. Hemengo jende batek ez du ulertzen itzulpenaren atzean dagoen filosofia: "Zendako itzultzen duzue euskarara, guk frantsesa konprenitzen dugu-eta! Zozo batzuentzat hartzen gaituzte ala?".

"Le Journal" kazeta berria da, baina frantsesez idaztea ez da gauza berria. Zer iritzi duzu?
Pentsatzen dut euren xedea dela kazeta ofizialetik kanpo, denek irakurtzen duten «Sud Ouest» kazetaz kanpo beste informazio bat, beste ikusmolde batzuk ematea, euskaldunagoak direnak.
Baina horren egiteko konprenitzen dut frantsesez egin dezaten, zeren euskaraz eginez gero ez baitu inork irakurtzen. Nik estrategia hori arrunt ulertzen dut. Aski da ikustea, «Euskaldunon Egunkaria»k arrunt harpidedun guti eta irakurle guti dituela Iparraldean.

Eta zergatik izan ditzake «Egunkaria»k hain irakurle gutxi Iparraldean?
Alde batetik bada euskalkien problema: adin batetik goiti ez dute euskara batua ulertzen, nahiz orain Euskal Telebistaren eraginez pixkanaka ari den hedatzen. Ohitura kontua ere bada: hain dira ohituak «Sud Ouest» irakurtzera, eta euskaraz irakurtzen den bakarra «Herria» astekaria da. Gainera «Euskaldunon Egunkaria»k gehienik Hegoaldeko kontuak aipatzen ditu, eta hemengo jendea urrun da gauza horietatik. Gu entsaiatzen gara Hegoaldeko informazioa ahalik eta gehien ematen, modu pedagogikoan, esaterako mintzo garelarik Udalbiltzaz, zer den azaltzeko, baina oso guti ulertzen dute gehien gehienek.

Euskal Irratien Topaketa antolatu zuen Irulegik. Zein helbururekin?
Helburua harreman gehiago ukaitea zen Hegoaldeko irratiekin. Gure betiko xedeetarik bat ere izan da, hemengo jendearen burutik muga geografiko hori kenaraztea, eta pentsaraztea "Espainian direnak" (eurek esaten duten bezala) ere euskaldunak direla.
Azken topaketetan erabaki dena produkzio zentro baten sortzea da, Azpeitian jar litekeena: irrati bakoitzak bidal ditzake bere programak, eta gero bakoitzak besteengandik nahi duena har lezake. Baina hori sortu bitartean, gu dagoeneko beste irratiekin lanean ari gara: egunero badugu irratsaio bat, Hegoaldeko irratiekin eskaintzen duguna. Astelehenetan Bilbo Hiria irratia, asteartetan Hala Bedi (Gasteizkoa), asteazkenetan Euskalerria Irratia (Iruñekoa), ostegunetan Loiola Irratia, eta ostiraletan Irati Irratia (Aezkoatik), eta Xorroxinekin ere baditugu konexio batzuk.

Hegoalde eta Iparraldeko irratien sarea osatzen bada, euskalkiak albora utzi beharko dira?
Egun Hegoaldeko programak sartzen dira gure irratian, eta beraz Hegoaldeko euskalkiak ere bai, eta gure entzuleak ulertzen eta onartzen ditu beste euskalkiak. Beraz, Hegoaldekoek berdin egin behar lukete, eta gure euskara jarri behar lukete euren irratietan, guk indar egiten dugun bezala zuena ulertzeko eta hitz egiteko. Hori denborarekin sartzen da, eta ez da arazoa.
Xiberoko Bozarekin saioak hasi genituenean, jendeak ez zuen kasik ezer ulertzen: "Zer duzu hori? Zuberoarrek dena ‘ü’ esaten dute" eta halakoak entzuten genituen, eta orain badira urteak ez dena horrelako oharpenik egiten, sartua da, eta jendeak arazorik gabe ulertzen du zuberera.

Beraz, euskara batura jo gabe, komunikabideetan euskalkiekin ari daitekeela uste duzu?
Bai, uste dut komunikabideetan ere egin daitekeela euskalkian, eta jendeak behar duela belarria osatu. Eta hain naiz atxikia gure euskalkiari, batuak erran nahi badu gure euskalkiaren galtzea, ez dudala baturik nahi.

Hegoaldeko zer programa interesatzen dira hemen?
Adin batetik goitiko jendeak, politika kontuak ez ditu gustuko, uste dut nekeak dituztela politika kontuak segitzeko, ulertzen ez dutelako. Hemengoek Euskal Telebistan segitzen dutena ez dira albisteak, eta futbola ere guti interesatzen da. Pilota besterik ez dugu entzuten. Gehiegi da gainera, kalte egiten dio hemengo jendeari. Lehenago pilotako erreferentzia bertako jendea baitzen, eta orain bertako pilotazaleek ez dute hemengorik aipatzen; beti Goñi, Titin eta horiek famatzen dituzte.

Antzerkian, Iparraldekoen estereotipoaz trufatzen zara. Hegoaldekook, zein estereotipo dugu Iparraldeko jendeaz?
Hegoaldekoentzat anai ttikiak gara. Orokorki gutaz axola guti. Iparraldeaz ezagutzen duten bakarra da BAB2, erosketa handietarako, eta Zuberoa, exotismorako.

Eta Iparraldekoek, zein estereotipo dute hegoaldeko jendeaz?
Hegoaldea Espainia da, eta terrorismoa dagoen lekua. Salerosketak interesanteak dira, Ricard eta Moscatela prezio apalagoetan direlako; alde interesgarri hori badu Hegoaldeak. Hortik aurrera Espainia eta terrorismoa da dena, eta ez dute zer pasatzen den ulertzen… A bai! Eta pilotariak ere badaude, eskerrak horiei. Pilotak batzen gaitu.

Iparraldean tradizio handia dago antzerkirako. Nola sartu zinen mundu horretan?
Baionako inauteri batzuetan, lagun artean txorakeriak egiten ari nintzela, pailazoen pare, Daniel Landartek ikusi ninduen. Momentu hartan jendea bilatzen ari zen bere antzezlan baterako, eta eskatu zidan nik parte hartzeko. Une hartan banuen gogo izugarria antzerkian aritzeko. Jendea antzerkia egiten ikusita sekulako inbidia ematen zidan, baina pentsatzen nuen ez nintzela sekula gai izango, gainera nire euskara maila oso apala zelako (euskara berreskuratzen ari bainintzen). Daniel Landartek proposatu zidanean gogo biziz hartu nuen.

Antzezlan eskasia zela-eta hasi zinen zu gidoiak idazten. Nola dago egoera gaur?
Beti entzuten da ez dela antzerki idazlerik Iparraldean, eta egoera larria dela; baina denboran atzera eginda, duela 30 urte ere zenbat ziren? Lartzabal bat, Landart, hegoaldetik Monzon, eta gehiago gutxi. Izan dira kinka larriagoak. Antzerkiaren krisia izan zen 80ko hamarkadan, bi talde baino ez ginelako ari: Bordaxuri eta gu, Xirrixti Mirrixti. Eta behartu ginen antzerki zaharren hartzera, ez baitzen berrikuntzarik. Baina geroztik antzezlan asko sortu dira, egun Iparraldean lauzpabost idazle bagara, eta taldeak ere ugaritu dira. Gainera ikastoletan ere badira antzerki tailerrak, eta Antton Lukuk urte guztiz lizeoko ikasleekin antzerki bat ateratzen du.

Zertan bereizten dira antzerkiak bizi duen egoera Iparraldean eta Hegoaldean?
Hegoaldekoa guti ezagutzen dut. Badakit, Iparraldearekin alderatuta, Hegoaldean talde amateur guti direla, eta guti horiek guti ibiltzen direla, profesionalek dutelako merkatu guzia hartua. Iparraldean alderantziz gertatzen da, badira zenbait orain profesionalizatu egin direnak, baina euskarazko talde profesionalik ez da, eta amateurrak indar handiagoa du oraino.

Goenkalen parte hartzeko ere deitu zizuten ETBtik. Nola erreakzionatu zenuen?
Ez nuen ulertzen zergatik jo zuten nigana, eta gainera Leonorren senarraren papera egiteko! Nik galdetu nien: "Leonor emakume ederra da, badakizu ni nola egina naizen?" (Ez al ninduten konfundituko Brad Pitt edo Leonardo Di Capriorekin…). Eta eurek hala ere baietz. Zuzenean ez zidaten esan, baina ni konturatu egin nintzen hain zuzen Leonorren senarra ttiki eta itsusia izan zedin nahi zutela.
Esana zidaten, produktoreek aktore txar bat aurkitzen dutenean, berehala istorioan hil egiten dutela pertsonaia hori. Ni ere laster hil nintzen; baina nire kasuan ez zen txarra nintzelako, istorioan hala gertatu behar zuelako baizik, gidoiak eskatuta: nire heriotza autobus baten istripuan gertatu zen, eta bigarren mailakoa izan banintz, automobila nahikoa izango zen ni hiltzeko; baina autobus bat jarri zidaten niretzat bakarrik!

Zer moduzko esperientzia izan zen?
Oso interesgarria, batetik esperientzia berri bat zelako, eta bestetik telebista barruko mekanika hori ezagutu nuelako. Baina nire burua ez nuen horretarako gai ikusten. Zaila zen niretzat, eta beti beldur izugarria nuen besteri denbora galarazteko. Testuak nahiko berant eskuratzen nituen, eta gainera Hegoaldeko euskaran eginak; nik azken momentuan testua nire euskalkira itzuli behar izaten nuen, eta gero zuzenketak sartu. Grabatzen hasita beti beldurra izaten nuen testua ahaztu egingo zitzaidala, ez nuela ongi menperatuko.
Eta gero istorioarekin hasi nintzen sufritzen, esan zidatenean Leonor bortxatze itxurak egin behar nituela! Leonor eta ni jarri ohean, eta inguruan 30 teknikari! "Ai ama, zer egiten dut nik hemen!" besterik ez nuen buruan. Mundu horretan azkenean ez nuen nire burua hain ongi sentitzen, telebistako fauna horretan

- Jaio: 1957an, Baigorrin.
- Irulegiko Irratiko esatari, antzezle eta gidoigilea.
- Laborantza eta mekanika tresneriako enpresa batean saltzaile lanetan aritu izan zen.
- Irratia: Baionako Adur irratian jardun zuen 1981etik 84era, Iparraldeko lehen irrati librea zena. 1984az geroztik, Irulegi Irratiko esataria da.
- Antzerkia: 1984an hasi zen Xirrixti Mirrixti taldean, eta taldearen azken hiru antzezlanak berak idatziak dira: «India beltzak» (1995), «Beherearta» (1997), eta «Lamindegiko laminak» (2001); azken bi antzezlanok Donostia Saria jaso dute.

Ene biziko urterik ilunenak, lehen aldiz Baigorritik joan nintzenekoak dira, Baionan ikasketak egitera. Sekulako urradura izan zen niretzat. Baionako ikastetxe batean nintzen aste guztian, arrunt nire mundukoak ez ziren gazteekin. Herriko lagunak utzi, eta han aurkitu nintzen Miarritzeko surflariekin, igande arratsetan dantzatokietara neskatara joaten zirenekin... nire bizimodua ez zuten guztiekin. Gainera irakasleak apezak ziren, lehengo modako apezak, diziplina gogorrekoak…
Eta urte ederrenak oraingoak ditut: gustuko dudan lan bat egiten dut, gustuko dudan antzerkian nabil, badut familia, bi haur, eta beti bizi nahi izan dudan Baigorrin badut etxe bat… Arrunt gustura bizi naiz.

Doinua: Hara nun diran
Euskalduntasun aurkituaren
eragiteko gogoa
hitz bihurtu da eta hitz horrek
betetzen dizu ahoa.
Indarrez eta umorez geroz
eta osatuagoa,
euskaltzaleon gogoetako
uhinetan barna doa.
Aitor Mendiluze


Azkenak
Ertzain bat atxilotu dute homizidio saiakera egotzita, lan orduetatik kanpo hiru pertsonari tiro egiteagatik

Ertzaintzak ertzain bat atxilotu du, hiru pertsona hiltzen saiatzea egotzita. Agentea lan orduetatik kanpo zegoen, eta deklaratu zuen bere buruaren defentsan egin ziela tiro furgonetan zihoazen ustezko hiru lapurri. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gezurra da deklaratu duena.


Sardiniak ezetz esan dio kolonizazio energetikoari

Haize-erroten eta eguzki-plaken ezarpen zabalarekin kezkatuta, populazioa "espekulazio energetiko" gisa kalifikatzen duen joera bati aurre egiten ari da.


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


2024-08-08 | Sustatu
Twitterren alternatiben analisia: Bluesky, Mastodon eta Threads

Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic... [+]


Israel Donostiako Klasikotik kanporatzeko eskatu du Gernika-Palestina herri ekimenak

Larunbatean zeharkatuko ditu hiriko kaleak Donostiako Klasikoak, eta Gernika-Palestina herri ekimenak Israelek bertan duen presentzia salatu du, prentsaurreko batean. Adierazi dutenez, “genozidioa eteten ez duten bitartean” klasikoak ez luke Israel-Premier Tech... [+]


Egiazko arrazoia Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko

Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko helburua ez da erresistentzia ahultzea. Benetako asmoa da inteligentzian eta arlo militarrean bere nagusitasunaren irudia berrezartzea Israelgo iritzi publikoaren aurrean .


Puigdemontek esan du osteguneko inbestidura saioan izango dela

2017tik Bruselan dago Kataluniako presidente ohia, baina itzultzea erabaki du Generalitateko hurrengo presidentearen inbestidura eztabaidarako. “Normaltasun demokratikoko baldintzak ez” izatea salatu du, eta aipatu du itzultzeak suposatzen duen atxiloketa arriskua.


Donostian jarrera eta eraso arrazistak ugaritzen ari direla salatu eta borrokatzera deitu dute

Udaletxe aurrean eginiko prentsaurreko jendetsuan, Donostian gertatzen ari diren jarrera arrazista, klasista eta faxistekin kezka adierazi dute hiriko eragile sozial eta politiko ugarik. Irakurketa bateratua eskaini dute 37 eragilek, besteren artean, Ernai, GKS, Bilgune... [+]


Venezuelako oposizioak dei egin die poliziei eta militarrei gobernuaren kontra egitera

“Herriaren eta beren familien alde” jartzeko eskatu diete Edmundo Gonzálezek eta María Corina Machadok adierazpen bateratu baten bitartez. Maduroren gobernuak erantzun egin die, eta erabaki dute dokumentuaren sinatzaile biei “ikerketa penala... [+]


Israelgo armagile nagusiaren fabrika batera sartu eta gerrarako materiala suntsitu dute Erresuma Batuan

Palestine Action taldeak dio bere ekintzaileek astelehen goizean (abuztuak 6) Elbit-ek Bristolen duen fabrika "inbaditu" dutela. Ikerketa eta fabrikazio zentroa oso zainduta dago, eta espetxeko furgoneta bat erabili dute kanpoko perimetroa txikitzeko.


2024-08-07 | Euskal Irratiak
Oihana Goiriena
“Haserre gara, Polonia airos atera baita Pabloren kontrako salaketa frogatu gabe”

Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da.


Talde ultraeskuindar baten errekurtsoak geldituta du Donostiako Loiolako Kuartelen salerosketa

Loiolako kuartelen afera ez dago bere onenean. Espainiako Defentsa Ministerioak eta Donostiako Udalak akordioa “aldi baterako” etetea erabaki zuten joan den astean, hilaren 18a baino lehenago ezin izango zutelako gauzatu, eta hori delako, hain zuzen, salerosketa... [+]


Eguneraketa berriak daude