Txirritaren auzo berean jaiotakoa zara, eta bertsolarien etxean, gainera. Famili osoa aritu al da bertsotan?Etxean denak aritzen ginen, anai guziak. Aitona ere, Joxe Migel Otxotorena, bertsolaria genuen, eta bere anaia itsua ere bai. Pedro Maria Otaño, Amerikatik bueltan, Hernaniko Karabel tabernara etortzen zen, eta gure aitona ere berarekin han aritzen zen bertsotan. Bertsoekin ez naiz gogoratzen baina despedidako batekin bai: "haurrak eta emaztia/Erreran dauzkat zai/beste egun batian/kantako degu lasai" esanda joan zen Pedro Maria Otaño.
Otañok gure aitonari eta Txirritari liburuak eman zizkion, berak idatzi zituenak Amerikan zelarik. Eta irakurtzen inork jakin ez! Gure amak zekien irakurtzen, monjetan pixka bat ikasten ibilia baitzen. Epele auzoko etxearen aurrean zuten arbola bat; ikaragarria zen arbola hura, harrigarritako bat! Hara bildu denak, eta gure ama defuntuari, neska koxkorra bera, hari kantarazten zizkioten Otañoren liburuko bertsoak.
Txirritak ere bere liburuan gure aitona aipatzen du, lehenengo plaza harekin egin zuen: "Joxe Migel ta Erramun hilak / ni ta Juan Mari biziak" esaten du bertsoak.
Lehen plaza gazterik egin zenuen. Baina mutil kozkorretan bota omen zenion Txirritari bertsoren bat...
Lehenengo plaza San Antoniotan egin nuen, Hernaniko Ereñotzu auzoan bertan, 17 urterekin. Jose Oiartzabal izeneko beste lagun batek eta biok, Txirrita eta Saibururekin kantatu genuen.
Baina lehendik Txirritari bertsoa bota nion, bai. Hiru Bidieta esaten dioten tabernan bertsotan aritzen zen Txirrita, eta han ari zen orduan Prantzesa esaten zioten batekin, oso ona zen Prantzesa bertsolari hura.
14 urte izango nituen, eta lehengusua eta biak eskaileretatik gora igo, eta, han ari ginen "bota bihar ziou», ta «bota bihar ziou". Eskaileretatik bota nion bertsoa eta alde korrika! "Nongoa zen ume hura?" galdetu omen zuen Txirritak. Handik berehalaxe hasi nintzen Txirritarekin, gure aitonaren laguna baitzen.
Zer moduz konpontzen zinen Txirritarekin?
Oso ondo. Diferentzi ederreko gizonak! Ni orduan 50 kilo ez nintzen izango, eta hura, berriz, ehun eta berrogeita gehiago! 159 kilo pisatzen zituen hil zenean. Buru galantarekin. Hori kalabaza! Baina, betea zeukan! Hura zelebrea zen. Hizketarako-eta pizkorra, e! Harek burutik failo gutxi zuen.
Gaztetan egun osoan bertsoa ibiltzen omen zenuen buruan.
Orduan hizketan baino bertsotan gustorago aritzen nintzen. Aisa etortzen bertsoa eta, neronek bai saio ikaragarriak, neure buruarekin! Bat bota, eta neronek botatakoari neronek erantzun; eta denboretan gainera, ordubete eta gehiago!
Anaia defuntuarekin ere bai. Aitak mendian janariak egitera, ebakitzera bidali eta, sega bizkarrean hartuta joanda, sagarraren ipurdian jartzen ginen. Aitak esaten zigun "joango nauk hemendik ordu erdi batera-edo, karroarekin bila!". Gu sagarraren azpian, bi anaiak bertsotan. Gero larri, janariak egiteko!
Tabernak omen ziren orduko plaza ugarienak.
Taberna guztietan orduan bertsotan egiten zen, Jesus, Maria eta Jose! Sagardotegietan ere bai, gauetan. Orduan txotxera sartzen zen, ez orain bezala! Oraingoak garesti daude, orduan merke izaten zen. Ni ezagutua nago Hernanin, 5 xentimotan, xox batean bi baso haundi sagardo ematen zena. Dirurik ez zen izaten, baina, ez orain adina behar ere! Gaur diru asko behar da, bizimodu alua darabilkigu. Hau ez da ona, honek gauza txarra ekarriko du! Sekulako diru pila hartzen duzu patrikan, baina, bat ere ez du balio!
Hernaniko Portu auzoan, Shangai tabernan egiten omen zenituzten bertso bilerak...
Jesus! Makina bat saio eginak gara hor! Elizara baino horra txintxoago joaten ginen. Uztapide, Zepai, Txapel... ere etorri izan ziren. On horiek bakarrik ez, orduan baserrietan bertsolari koskor asko zen, tabernan bilduta bertsotan egiten zuena.
Nolakoak ziren orduko bertso ibilerak?
Gaur bezala ez zegoen beste herrietara joateko konbinaziorik. Txirrita eta Olegario zena, oinez joan omen ziren behin Hernanitik Ezkurrara, kantatzera. Goizuetan bazkaldu, alpargata berriak erosi, eta gauerako Ezkurrara, afaltzera. Saioa eginda etxeraino nola etorriko ziren, ba! Bidaltzean etorri behar!
Gehiegi aritzen ginen gu. Uztapidek esan zidan: "Tontoak galantak izandu gaituk, motel. 30 duro kobratu beharrean 100 duro kobratu bagenitu, berdin berdin herriarentzako eta guretzako mesede ederra!». Ez etortzen burura orduan, ordea! Zugarramurdin behin 40 duro kobratu genituen, urruti zegoela-eta. Bizikletan joaten ginen haraino.
Balkoitik kantatzen genuen. Behin Mitxelena eta biak hitzik egiten ez genuela geratu eta etxera etorri ginen. 7 egunetan 9 herritan izandu ginen. Beste bi herritarako enkargua hartuak geunden. Baina, gastatu zen eztarria eta, bestela ere txarra-eta, orduan bat ere ez! Hitzik ezin egin! Hartu bizikleta Arizkunen iluntzean, eta benga, bizikletan triki-traka. Goizeko ordu bietan-edo Irunera ailegatu ginen. Artean tabernak irekiak zeuden. Sartu tabernan, zerbeza puska bat edan, diru kontuak egin eta etxera. Uztapideri kontatu genion batean, esan zigun: "Ni hamabi egunean hamabost herritan izandu nauk. Etxera joan ninduan hanka tartean isatsa sartuta joaten den zakurra baino umilago!"
Osasunarentzat ere gogorra da bertsolarien bizimodua. "Gaur gutxi edango diat bada!" esaten da, baina, nahi ez duzula ere, inguruko denak jan eta edanean ari direnez, halaxe bukatzen duzu beti.
Orduan bertsotan zurikeri gutxi ibiltzen zenuten.
Zirenak eta ez zirenak elkarri esaten! Kultura falta! Oraingoek ere esaten dizkitek, eh! Gaiak nola jartzen diren-eta, nola suertatzen den! Zer esaten genuen ez genekiela esaten genizkion elkarri. Ez mina egiteagatik, baina, esan egin behar zerbait-eta!
Emakume bertsolaririk ba al zen zuen garaian?
Baziren, bai. Aitonak-eta Oiartzungo festetan afaria egin zuten behin. Erreka omen zegoen etxetik iturria baino askoz bertago. Hango etxeko andre zaharrak esan omen zion: «Joxe Migel, baldekada bat ur ekarriko al zenuke?» «Ekarriko ez dut bada!». Joan da korrika, eta baldea errekan sartu, eta amuarrainak eta dena ekarri zizkion. Esan omen zion hango andreak: "Joxe Migel, iturritik ekarri al duzu?" eta "Nondik ekarriko nuen bada!", aitonak. "Koño, gure iturrian amuarrainak jaio al dira?"
Eta etxe hartan ba omen zen Oiartzungo neska bat, bertsotan oso ondo egiten zuena.
Mikrofonorik gabe, ahots sendoa beharko zen garai haietan bertsolari izateko...
Ni larri ibiltzen nintzen bozarekin. Urrutira joaten zen nire boza, baina mehea nuen. Leku itxian oso ondo kantatzen nuen. Uztapide zenak behin esan zidan: "Lazkao Txikik artea du, baina hire garaian ibili behar izan bazuen, ez zian asko kantatuko!". Bozgoragailuak salbatu zuen hura!
Xalbador ere ezagutu omen zenuen. Nolakoa zen?
Niretzat izanu den bertsolaririk onena. Hark berak uste zuena baino gehiago zekien! Bertsozale amorratu batek esan zidan: "Xalbador sortzailea da, beste inori bururatzen ez zaiona kantatzen du". Ez apaizari eta ez kristori ez zitzaion bururatzen hark botatzen zituen arrazoiak!
Behin Egileorri bota zion bertso bat, ederra. Egileorrek hala kantatu omen zuen: "Nik nahi nukena hemen jendia/gelditutzia kontentu/ondo esanak ondo entzun ta/gaizki esanak barkatu (tankera horretan zen)/frantzesek juan behar dute ta/hobeto degu bukatu". Eta Xalbadorrek erantzun: "Beira Egilegor utzi nahi zaitut/adbertentzian jarrita/euskalduna zan nik nuen ama/euskalduna nuen aita/bien artian sortu zuten hau/ere euskalduna baita/hemendik ez da joango frantzesik/handik ez da etorri ta". Hori bertsoa dek! Mamia! Uztapidek esaten zian: "Guk bertsoak kantatzenditugu, baina horrek zukua ateratzen ziok!".
Beste batean, justu-justu zutik egoten zekien haur batekin, ama bat mendira joan zen gaztainak biltzera. Halako zabalune batean utzi zuen, harri koskor batzuk-eta emanda, eta ama gaztainak biltzen jarri zen. Ondoan erreka txiki bat, erroila adinakoa ere ez, txorkatiletarainoko ura izango zuen! Hartarako adina balio umeak, bestetarako ez baina, eta jarri zutik eta tarraka-tarraka erroil horretaraino joan zen, eta muturka erori eta ito egin zen. Inguruko herri guztietakoa jendea bildu zen han, eta apaiza etorri zenean gurutzearekin, Xalbadorrek bota omen zian: "Errezatutzen hasi gaitezen/begiak jarrita gora/Jainko maitea izan zazu zuk/haur txiki hoien ardura/hemen ito dan aingerutxo hau/eraman zazu zerura/eta agortu mendien negar/dan erreka hontako ura". Poeta huan-eta! Denak harrituta, apaiza ere seko harrituta utzi omen zuen.
Oraingo bertsolaritza jarraitzen duzu?
Bai, denak ezagutzen ditut, eta Irazu asko gustatzen zait, aspaldidanik.
Orain bertsoak idazten aritzen omen zara.
Bi liburu argitaratuak ditut, eta beste liburu bat ateratzeko adina ere badut idatzia. Nik buruan beti bertsoa ibiltzen dut bueltaka. Bertsoari diodan maitasunagatik. Eskopeta, ehizeko txakurra eta bertsoa. Hiru horiek nire-nireak ditut