«EUSKAL HERRIARI JADANIK EZIN ZAIO AUTODETERMINAZIOA UKATU»


2021eko uztailaren 19an
Jose Mari Etxaniz 44 urteko bergararrak 21 urte eta lau hilabete pasatu ditu Espainiako espetxeetan. 1980ko otsailaren 19an espetxeratu zuten eta 2001eko ekainaren 17an atera zen Salamancako Topas espetxetik. Carabanchel, Soria, Puerto I, Alcala-Meco, Herrera, Cordoba, Sevilla, Puerto II eta Topasen egon da, azken espetxe honetan 10 urte eta erdiz. Koldo de Marcos Donostiako Altzakoa da, 43 urte ditu eta 20 urte eta 9 hilabete egin ditu espetxean.1981eko urtarrilaren 12an atxilotu zuten eta askatu 2001eko urriaren 12an. Carabanchel, Soria, Puerto I, Herrera, Alcala-Meco, Sevilla II eta Murtziako espetxeetan egon izan da, azken honetan 10 urtez. Batek bost hilabete daramatza kalean eta besteak sei aste.

Orokorrean esanda, bi fase behintzat bereizi daitezke zuen espetxealdian: sakabanaketarena eta aurrekoa.
KOLDO DE MARCOS. Lehen momentuan kolektiboa sakabanatu zuten eta horrek egoera berri bat sortzen zuen gugan. Ez da berdina lagunekin elkarrekin egon ala ez, eta gainera espetxe berean egon eta sakabanatuak egotea.
JOSE MARI ETXANIZ. Lan zientifikoa egin zuten gurekin. Adibidez, ni norbaiten oso laguna banintzen, beraiek hori apurtzera jotzen zuten. Beraz, batzutan norbaitekin intimitatea bazenuen harengana hurbildu ere ez, ez zitezen konturatu eta banatu.
K. M. Gero, jakina, hor zegoen familia eta kanpoko lagunentzako suposatzen zuena, denak batera joan autobusean ala bakoitza bere aldetik... Horrez gain, sakabanaketa garai hartako giro politikoan kokatu behar da: Aljerreko negoziazioen porrotaren ondoren etorri zen indarrez, EAJ Aljerreko prozesutik kanpo geratu zen eta beraiek ere PSOErekin batera gogor bultzatu zuten sakabanaketa. Hortik aurrera eratu ziren lehenbizi Madrileko mahaia eta geroxeago Ajuria Enekoa. EAJk sakabanaketarekin amaitu nahi duela saltzen du behin eta berriz, baina argi eta garbi esan behar da hasieratik bultzatu zuela sakabanaketa eta gaur egun ere ez duela berarekin amaitzeko inongo asmorik. Senideei urtean zazpi milioi pezeta (280.000 libera) ematen dizkietela atera da, esan gabe horietatik sei gero kale agerpenetan jarritako isunekin kentzen zaizkiela.
J.M.E. Garai hartan asko inplikatu ziren. Preso damutu batzuk ere beraien kabineteetan sartu eta lan zikina egin zuten, guri buruzko informazioa emanez. Azken finean, sakabanaketarekin, presoarekiko inpunitate maila eta segurtasun eza asko handitzen dute.
K.M. Lehen kolektiboa apurtzearen helburua zuen, baina gaur egun ez, badakite horretan galdu dutela eta orduan sakabanaketa txantajea eta zigorra dela. Espetxe batean 200 lagunek indar handia dute edozein bortxakeriaren aurrean. Herreran 11 hilabeteko borroka eraman genuen aurrera eta ez gintuzten menperatu.

Zer egin zenuten?
K.M. Herreran, 80ko hamarkadan, gure nortasunarekin amaitzea bilatzen zuten. Hamar hilabeteko txapeoa (ziegan itxialdia) egin genuen erregimen hari buelta emateko. Bere garaian barnera begira bai, baina kanpora begira izan zen arrakasta ez genuen behar bezala baloratu. Halaber, peemeen (ETA p-m) damuketa prozesua ematen ari zen eta orain Jaurlaritzan dagoen Joseba Azkarraga eta beste batzuk hori bultzatzen. Bitartean, gu txapatuta, zigortuta, jipoituta, militarizatuak, Guardia Zibila barruan...
J.M.E. Ni sei bat hilabete egon nintzen bisitara atera gabe eta kartzelako lagunak ikusi gabe. Oso baldintza gogorrak ziren. Dutxa, adibidez, biluzten zinen lekutik hiru metrora zegoen, baina tartean beste ate bat pasatu behar zen, eta han berriro toalla kendu behar, beraiek ondo zekitenean biluzik zinela; agian, gainera, bost-sei txakur biltzen ziren eta flexioak egin behar zenituen, eta egin ezean ez zinen ateratzen ez bisitara ez inora. Batzuetan, kanpotik indarrak jaso arren, zeureak behar dituzu eta guztiok ez gara berdinak psikologikoki; batzuk apurtu egiten dira, eta haiek pertsonak apurtzera jotzen zuten. Espetxean, norberak akatsen bat edo ahuldaderen bat edukiz gero, hori baliatzen dute min egiteko eta, beraz, ezkutatzen saiatu behar duzu, eta hori egin dezakezu hilabetean, baina 10 urtetan egin behar baduzu?
K.M. Barruan egiten diren borrokak politikoak dira, bai, baina batzuetan arrazoi oso oinarrizkoengatik egiten dira, gure duintasuna dago jokoan, mila gauza dira eta ezer egin ezean, espetxetik atera ondoren txotxongiloak ginateke.
J.M.E. Gu Puerto IIn gela txiki batzutan egon ginen, argi aldetik oso eskasak aurrean pareta bat zegoelako. Goizean goizetik zaindaria zetorrenean jaiki eta argia pizten ez bazenuen, egun osoa argirik gabe uzten zintuzten. Urtebete ezin irakurriz egon ginen; tranparen batzuk ere asmatzen dituzu -kandelaren bat...- baina legalki ezin duzu irakurri. Mitxel Sarasketa ate batzuk harantzako zegoen eta sei hilabete elkar ikusi gabe egon ginen, nahiz eta leihotik egun osoan hitz egiten genuen. Aurrez aurreko harreman normalak ahaztu egiten zaizkizu, pertsonari begiratzea... Egoera horietatik edo indartuta edo apurtuta ateratzen zara.

Pertsonalki zeintzuk izan dituzue urte horietatik guztietatik garairik gogorrenak?
K.M. Gogorrena lagunak barruan uztea da. Borroka aldetik, Herrerakoa. Hor gure indarrarekin jabetu ginen. Sakabanaketaren garaian unerik gogorrena Sevilla IIkoa: isolamenduan, lagunik ikusi gabe, kartzeleroen inpunitatea eta bortxakeria etengabe...
J.M.E. Niretzat Kirruli hil zen unea izugarria izan zen. Nik garai hartan ez nuen bizi kalera ateratzearena-eta, baina berak bai, eta gauero egoten ginen hitz egiten. Gau hartan ez, ordea, eta goizean etorri zen kartzeleroa eta , "Etxaniz emango al diozu masaje bat honi?" (ni orduan masajeak eta ematen ibili nintzen). Joan nintzenean hilda zegoen. Hasi ginen masaje kardiakoak ematen, baina ez zen ezer egiterik. Hotz-hotz zegoen, hilda. Kolpea ikaragarria izan zen.
K.M. Une onak ere asko daude, lagunekin egotean, neska-lagunarekin, familiarekin... Eta batzuetan gure jai txikiak eta handiak ere antolatu izan ditugu.
(Nola, galdetzen diet, eta biak barrez hasten dira, hori 'secreto de sumario' dela eta 'sagardotegi' klandestinoen kontuak eta halakoak ezin direla esan).
J.M.E. Ama hil zitzaidanean ere hiru egun beranduago esan zidaten Puerto IIn, 1993an. Orduan bertan planto egin nuen eta etxekoekin hitz egin artean ni handik ez nintzela mugituko esan nien. Jipoitu ninduten hamar-hamabi txakurren artean eta zigor zeldetara. Ez zidaten telefonoz deitzen uzten, haien esanetan aste horretan tokatzen zitzaidan deia egina nuelako, araudiak argi esaten duenean halako kasuetan etxera dei dezakezula.
K.M. Niri ere aita barruan hil zitzaidan, Herreran negoela. Etxera eraman ninduten, baina ia ez zidaten utzi etxekoekin egoten.

Jose Mari, ia bost hilabete egin dituzu kalean, eta zuk Koldo ia hilabete. Zer gelditzen zaizue espetxe garaiaz?
J.M.E. Askotan gogoratzen zara espetxearekin, baina aldi berean iruditzen zaizu ez zarela asko gogoratzen. Duela gutxi Urederrara joan nintzen eta han etzanda nengoela, izugarri gustura, segundu batean espetxealdi osoa burutik pasatu izan balitzait bezala gertatu zitzaidan. Ez dakit nola esan, azaldu ezina da.
K.M. Ni lagunekin izugarri gogoratzen naiz, baina kartzelaz ez; kanpora atera nintzenean zeharo deskonektatu nuen. Hala ere, batzuetan etortzen dira burura hango egoerak, duela gutxi sagardetegi batean, adibidez. Edo behin joan nintzen pizinara eta gero saunara eta han lasai-lasai nengoela Murtziako preso batekin oroitzen nintzen, halakoez behin baino gehiagotan hitz egiten genuelako...

21 urte espetxean eta bat-batean atea zabaldu eta kalean zaudete, espetxeko harresien ondoan oraindik.
K.M. Niri bat-batean iritsi zitzaidan berria: "Hi, aske uzteko agindua emana dagoela". Barruan eta kanpoan aurreritzi asko daude kalera ateratzeari buruz, badirudi orgasmo mistiko bat izan behar duela, eta ez da. Espetxetik atera eta taxian nindoala, iruditu zitzaidan betidanik nenbilela autoan. Errepidean neska-lagunarekin eta familiarekin elkartzea izugarri hunkigarria izan zen. Gero herrira iristea, ama, arreba, iloba... izugarria.
J.M.E. Nik bezperatik jakin nuen libre geratuko nintzela. Espetxetik atera baino segundu bat lehenago lasai nengoen, espetxetik atera eta han neukan zain jendea eta orduan bai, zeharo hunkitua eta beste mundu batean. (Espetxe atariko ongi-etorriko argazkiak erakusten dizkigu eta oraindik ere malkoren batek ihes egiten dio uneaz gororatuta). Bai, argazki hau ikustean oraindik hunkitu egiten naiz. Herriratu nintzenean hasieran esaten zuten lama bat ematen nuela (barreak). Mitxel Sarasketak ere zera esaten zidan, "hi, ni bezala, lasaiegi hago". Herrian ez dut lasai izateko astirik izan, zenbait arazo direla eta hankak lurrean berehala jarri behar izan ditut-eta. Orain denbora piska bat hartu nahi dut lurreratzea jarraitzeko. Gaur egun ere emozioak-eta azal gainean dauzkat sarritan. Dena den, hainbeste urte preso egon izanak desberdin egiten gaitu... Ni konturatzen naiz herrian 'zoro' guztiak nigana datozela (barre artean dio hau) eta nik kasu egiten diet eta besteek baztertu.
K.M. Izan ere (honek ere barre artean) ohitura badugu, munduko zoro guztiekin topatu gara eta! Sakabanaketarekin jende berezi askorekin egin dugu topo eta jende askoren kontuak entzun ditugu; agian horrek jendea entzuteko ahalmena ere garatzen du.

Koldo, lehen kaleratzearen mitoa aipatu duzu, baina 21 urte ondoren kalearen kontrastea izugarri handia izan behar da...
K.M. Zentzu fisikoan horrenbeste ez, espetxealdian, argazkien bidez, egunkariak, bisitak, eta pixkanaka zure munduaren inguruan gertatzen diren eboluzioei arreta jartzen diezulako, eta pixkanaka bazoaz dena prozesatzen. Gasolinaren usaina, hori bai, hori alde guztietan hartzen dut, sekulako kiratsa; mendikoa, aldiz, garbi-garbia.
J.M.E. Gauza batzuek harritzen zaituzte, nahiz eta badakizun hor daudela, tarjetarekin ordaintzeak eta halakoak. Baina horietara berehala egiten zara. Hasieran, hala ere, badira zalantza batzuk, autobusean sartu eta "hau nola ordaindu beharko da, txartelarekin, diruarekin...". Gizartearen abiadura ere izugarria da, hori bai, behin hartuta ingurukoak atzean uzten nituen. Lehenbiziko hogei egunetan-edo hiru ordu egiten nuen lo, eta soberan.
K.M. Niri laugarren egunean Bilboko Metroan ibiltzea egokitu zitzaidan eta bakarrik gainera. Hasieran banituen zalantza batzuk, baina gero primeran. Dena den, aldaketak ere ikusten dira, bizimailak gora egin du nabarmen, indibidualismoaren joera, kontsumismoa errotu egin da, lehen kale giro handiagoa zegoen...
J.M.E. Hasieran, edozein lagunen etxera joan eta bizimailarekin harrituta geratzen nintzen.

Barruan zaudela burua askotan joaten al da kanpora?
K.M. Barruan zaudenean burua barruan izatea komeni da, bestela espetxeko bizitza eramangaitza bihurtzen da.
J.M.E. Nik bezperaz jakin izan nuen aterako nintzela, ordura arte burua barruan. Bai, astebete lehenago liburu batzuk atera nituen osta-osta, baina bestela gauzak atera ere ez.

Eta aurrerago lana egin behar. Nola bizi duzue gai hori?
J.M.E. Bakoitzak bere modura. Niri, ingurukoengatik, lan batean hastea egokitu zait, baina agian nigatik ez nintzen oraindik hasiko. Hara, norberaren buruan sartzen denean zerbait egin behar dela... hemen bizimodua abiadura handian doa. Horrez gain, konturatzen zara gauza askotan atzera gelditu zarela: nire kasuan gidatzeko karneta, teknologia berriak... Oso gizarte lehiakorrera ateratzen zara, egokitu egin behar duzu eta egotea bera ere ikastea da. Batzuek lurreratzeko denbora behar dute eta beste batzuei lanak oreka ematen die.
K.M. Ni oraindik ez naiz halakoetan pentsatzen hasi. Barruan prestatzen zara pixka bat, baina barruan egiten duzuna ez duzu egiten kanpoan gero horretan arituko zarelako, norbere burua jantziz denbora pasatzeko baizik. Lana, dena den, pentsatzen dut hasieran behintzat familia eta lagunen bidez topatuko dela, gu ezin gara sartu orain bat-batean oposizio batean.

ETAko preso izan zarete. Kanpoan, onerako ala txarrerako, nozitu izan al duzue hori?
K.M. Nire inguruan, izatekotan onerako. Baina gure ildo politikotik aparteko jendeak ere begirune handiz hartu nau, eta batzuetan maitasunez ere bai. Badakit gizartean sektore zabal bat gure aurka aurrez aurre dagoela, baina nik orain arte ez dut ezer somatu.
J.M.E. Ni berdintsu, gainera jende asko ez duzu identifikatzen zein sektorekoa den. PSOEkoak ere etorri izan zaizkit, "begira, ez dut berdin pentsatzen, baina pozten naiz" eta halakoekin. Herri txikietan markatuta zaude, etxekoek ia beti dakite nondik nora ibili naizen.

Egoera politiko bat zegoen zuek espetxean sartu zintuztetenean eta gaur egun beste bat dago. Nola topatu duzue egoera politikoa?
K.M. 21 urte ez dira alferrik pasatzen, argi dago, baina gatazkak berean dirau: gaur epaile bat hil dute, tortura, sakabanaketa... Borroka honek, dena den, aurrerapauso handiak eman ditu eta irtenbidea bere koordenadetan kokatua dago: Euskal Herriari jadanik ezin zaio autodeterminazio eskubidea ukatu.
J.M.E. Hala da, bai. Batzuetan atzera goazela dirudi, baina erre behar diren faseak dira, etsaiak ez duelako zirrikiturik utzi nahi eta denetik saiatzen ari delako.

Zergatik diozu atzera joatearen irudipenarena?
J.M.E. Garai batean "Estatutuarekin Nafarroa Euskadi", Estatutuarekin hau eta bestea esaten zen, baina ikusi da AABko azken atxiloketekin-eta, oraindik ere iritzi kontuengatik jendea erortzen ari dela. Horrez gain, presioa handia da halakoak errepika daitezen. Horregatik diot, batzuetan badirudi ez goazela aurrera, baina azkenean erre beharreko faseak dira. Gu indartsu ez garen neurrian ez digute utziko pausoak aurreratzen.
K.M. Azpimarratu behar da aterabideak ere badirela, eta hori izan zen Lizarra-Garaziko garaia. Erakundea ere beti egon da prest irtenbide bat eskaintzeko.

Lizarra-Garazi aipatu duzu. Nola bizi izan zenuten su-eten garai hura?
K.M. Itxaropenarekin, baina espetxean onera joatea oso erraza da, horregatik egon behar duzu prestatuta txarrenerako ere bai. Gerora argi ikusi genuen ez zegoela borondaterik, hasieratik gobernu espainiarrean eta gero EAJn. Hala ere, garai hark gatazka beste maila batean jartzeko balio zuela uste dut.
J.M.E. Nik berdintsu ikusten dut. ETA geratuz gero, beste aukera batzuk bazirela esan da leku zenbaitzutatik, baina aukera egon denean, beste aukera horien alde zenbat indar egin den ere ikusi da. Aukera bat zegoen eta momentuz galdu egin da.
K.M. Ez digute ezer oparituko eta aurrera begira ere zerbait lortzeko borroka egin beharko dugu. Bortxakeriaren inguruan hizkuntza bikoitza dago: atzo eta gaurko atentatuak terroristak eta direla, baina gero sostengatu egiten da egunero Afganistanen bonba tona ugari botatzea, adibidez; hor da tortura, erakunde desberdinetan atxiloketa kolektiboak...

Abokatuen bidez, ETAk presoen kolektiboa kontrolatzen duela sarri esaten da. Zuek zer pentsatzen duzue halakoak entzutean?
K.M. Hor kriminalizazioa besterik ez dago. ETAk kontrolatzen ditu presoak, «Gara», Zabaltzen, AEK... ETA jaungoikoa dela dirudi!
J.M.E. Hori sakabanaketarekin lotua da, presoari babesa kentzearekin, abokatua, Senideak... Jakina da ez dela horrela.
K.M. Presoak ere ETAko militanteak dira, eta militante gisa beren borroka antolatuko dute eta beren erantzukizun politikoa berenganatu, hortik esatea manipulatuta daudela.... Horretan sinetsi nahi duenak bakarrik sinetsiko du hori.
J.M.E. Francoren garaian ere, abokaturik ez zegoenean, presoak antolatzen ziren. Ez duzu inoren beharrik espetxean borroka antolatzeko.

Zer iruditzen zaizue ezker abertzalean azken hilabeteetan eman den sakabanaketa?
J.M.E. Ezker abertzalean beti egon da banaketa hori, orain 20 urte ere bai. Eztabaida horiek eta arazo horiek beti egon izan dira ezker abertzalean, eztabaida eta konpromisoa medio, guk horri irtenbide bat eman behar diogu, eta horretan gaude. Ezin da bizikleta bultzatzen ari zaren irudia saldu, egiazki eusten ari zarenean. Halako jolasak ere ikusten dira. Batzuek posibilismo faltsura jolasten dute eta gizartean ilusio faltsuak sortu.
K.M. Nire ustez erakunde nazional bat ezinbestekoa da gaur egun, alabaina onartu behar da ikuspegi desberdinak daudela, baina argi ibili beharra dago sasi-irtenbideekin, adibidez Aralar eta halakoekin. Prozesu bat egongo bada, lurralde osoa hartu beharko du. EAE bere aldetik joatea onartezina da, horrek gatazka luzatzea besterik ez du ekarriko.

Esaten ari zarete ETAk eta ezker abertzaleak orain arte dena ondo egin dutela eta gainerakoek txarto?
J.M.E. Batzuetan agian ez dugu jakin gure mezua ondo helarazten. Komunikazio akatsak egon dira eta beharbada eztabaidara denok beste izpiritu batekin joan behar genuen.
K.M. Gauza asko egongo da eztabaidagai ezker abertzalean, baina sakonean gatazka bideratzeko borondatea behar da eta ETAk hori jarri izan du. EAJk ez du izan ausardiarik eta agian borondaterik ere ez, zeresanik ez Espainia eta Frantziako gobernuei buruz. Horrez gain, argi ikusten da komunikabideen indarra nola handitu den; beren eragin soziala ikaragarria da


Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Eguneraketa berriak daude